1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
84/2025 FORU AGINDUA, uztailaren 2koa, lurzatiak berrantolatzearen bidezko esku-hartzea onesten duena Bidaurreta aldeko nekazaritza azpiegituretan, eta proiektuaren onura publikoa eta premiazko exekuzioa deklaratzen duena.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urtarrilaren 18ko 29E/2022 Foru Aginduaren bidez, onetsi zen jarduketak hastea Bidaurreta aldeko nekazaritza azpiegituretan (2022ko 29. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 9koa).
Foru agindu horren bitartez Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 6. artikulua bete da, bertan zehazten baita azpiegituren arloko jarduerak abiarazterakoan lurzati berrantolamendua oinarrizko osagai izanen dela eta berrantolamendu hori koordinatuko dela, hala epeei nola alderdi juridikoei dagokienez, ingurumenaren tramitazioarekin, baita bide eta saneamendu sareen eraikuntza lanekin ere, eta haien helburu nagusia ingurumenaren, agronomiaren, ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik bideragarriak diren ustiategiak eratzea izanik.
Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 29ko 1411E/2024 Ebazpenaren bidez, ingurumen-inpaktuaren aldeko txostena eman zen Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak sustatutako Bidaurreta aldeko lurzatiak berrantolatzeko proiektuaren gainean.
Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 12. artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuari dagokiola nekazaritzako azpiegituretako jarduketak onestea, eta hori foru dekretu baten bidez eginen duela, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak proposatuta. Foru dekretua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.
Horiek horrela, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2025eko uztailaren 2an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
1. Onespena.
Onesten da esku-hartze bat egitea Bidaurreta aldeko nekazaritza azpiegituretan. Hain zuzen, esku-hartzea eginen da lurzatiak berrantolatzearen bidez, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeak ezartzen duenari jarraikiz.
2. Erabili beharreko prozedura.
Eremu honetako lurzatiak berrantolatzeko, prozedura arrunta erabiliko da, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen I. tituluaren IV. kapituluan jasota dagoena.
3. Onura publikoaren eta presaz egin beharraren deklarazioa.
Bidaurreta aldeko nekazaritzako azpiegituretan lurzati berrantolamenduaren bidez egin nahi den esku-hartzearen onura publikoa eta presako exekuzioa deklaratzen dira, ondasunak eta eskubideak desjabetzeko, aldi baterako okupaziorako eta okupazio iraunkorrerako, eta bidezko diren zortasunak sortzeko, aldi baterakoak nahiz iraunkorrak.
4. Proiektuaren deskribapena.
Lurzatiak berrantolatzeko egin beharreko lanei dagokionez, proiektu bat idatziko da Bidaurreta aldeko bide eta hustubideen sarea eraikitzeko, oinarrien eta erabakiaren ondoren.
Lurzatiak berrantolatzeko eremu osoa Bidaurretako udal-mugartean dago, eta Jaitz udalerrian ere parte bat du, non barneratzen den «A-2 bidearen» trazaduraren zati txiki bat. Lurzatiak berrantolatzeko, jardungo da gutxi gorabehera 500 ha dituen azalera batean. Lurzatiak berrantolatzeko proiektuaren helburua landa jabetza antolatzea da, egungo partzelazio edo lurzatiketa indizea murriztuta, nekazaritzaren, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegitik bideragarriagoak diren ustiategiak sortzeko asmoz. Lurzatien kopurua murriztuko da: 1347tik 449ra, eta lurzatien batez besteko tamaina hazi eginen da: 0,37 ha-tik 1.12 ha-ra.
Nekazaritza azpiegiturak behar bezala garatu ahal izateko, beharrezkoa da bideak eta hustubideak eraikitzea eta egokitzea.
Bideak:
Proiektuko sarean 16 bide berri eginen dira, 4, 4,5 eta 5 metroko errodadura zabalerarekin (gehieneko okupazioa 9, 9,50 eta 10 metrokoa izanen da, hurrenez hurren), eta hainbat bide egokituko dira, 4 metro zabalekoak. Aurreikusitako sare osoak 14.576 metroko luzera du; horietatik 12.432 metro berriak dira, eta 2.144 metro egokitu beharreko bideak.
Drainatzeak eta hustubideen sarea.
–Zeharkako drainatzea:
Gaur egun, zeharkako drainatzea bakarrik dago bideen eta errekasto nagusien arteko bidegurutzeetan; horretarako, pontoiak eta tutuak daude, zenbait diametrotakoak. Obra gehienek ez dute nahikoa sekziorik eta ez daude egoera onean. Hortaz, bota eginen dira, eta ordezkatu (obra berria).
–Luzetarako drainatzea:
Lurreko arekek osatzen dute luzetarako drainatzea. Triangelu-forma dute, eta 0,50 m-ko sakonera (zoruko geruza zenbatu gabe). Bideekiko paraleloak dira, eta galtzadako eta alboko ezpondako jariatze-ura bilduko dute. Areken gaineko pasabideek, oro har, 0,40 m-ko diametroa izanen dute, eta hustubidea bidearekiko paraleloa denean dagokion obra eginen da (areka handia).
–Hustubideen sarea:
Proiektatutako hustubideen sareak 2013 m-ko luzera du.
HUSTUBIDEA | LUZERA | TRAZADURA BERRIA | TRAZADURA ZAHARRA | OINARRIA | GARAIERA | OKUPAZIOA | BERMAK |
a | 1.055 | 65 | 990 | 0,8-1,00 | 1,75/2,00 | 5,5/6 m | 617 |
a-1 | 88 | 88 | | 0,80 | 1,75 | 5,5 m | 88 |
b | 351 | | 351 | 0,60 | 1,5 | 4,5 m | Ez |
C | 354 | 105 | 249 | 0,80 | 1,75 | 5,5 m | Ez |
d | 165 | | 165 | 0,60 | 1,5 | 4,5 m | 165 |
Guztira | 2.013 | 258 | 1.755 | | | | 870 |
5. Ingurumen arloko alderdiak.
Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 29ko 1411E/2024 Ebazpenaren bidez, ingurumen-inpaktuaren aldeko txostena eman zen Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak sustatutako Bidaurreta aldeko lurzatiak berrantolatzeko proiektuaren gainean.
Ingurumen ebaluazio sinplifikatua hasteko asmoz, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak «Bidaurreta aldeko lurzatiak berrantolatzeko oinarrizko proiektuaren» ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera aurkeztu du Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuan, oinarrizko proiektuarekin eta ingurumen agiriarekin batera.
Deskribatutako proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinean sartzen da proiektua. Beraz, arau horren II. tituluko II. kapituluko 2. atalean araututako ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.
Aurkeztutako ingurumen agiria bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin. Aurkeztu dira, orobat, aztertutako aukera nagusiak, eragin nabarmena izan dezaketen ingurumen-faktoreen deskribapena, proiektuaren ekintzek faktore horietan dituzten ondorioen balorazioa, eta ingurumenaren gaineko eragin negatibo nabarmen oro prebenitu, zuzendu eta konpentsatu ahal izatea dakarten prebentzioko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak. Bai eta ingurumen jarraipeneko programa bat ere.
Bidaurretako lurzatiak berrantolatzeko oinarrizko proiektuak ez du ondorio kaltegarri nabarmenik eragiten ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzetan. Dena den, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak oso-osorik bete beharko ditu proiektuaren ingurumen agirian jasotako neurriak eta ingurumena zaintzeko programa. Gainera, proiektuak honako baldintza hauek ere bete behar ditu:
Ezinbestean kontserbatu eta babestu beharreko balio naturalak:
–Ingurumen agiriaren 7. planoan «balio handiko» eta «balio ertaineko» elementu gisa kartografiatutako «elementu ekologiko eta kultural garrantzitsuak» ezinbestean kontserbatu eta babestu beharreko balio natural gisa hartuko dira lurzatien berrantolamendurako oinarrietan, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 17. artikuluko b) letran ezarritakoaren ondorioetarako.
–7. planoan «balio handiko elementu» gisa kartografiatutakoak oso-osorik errespetatu eta kontserbatu beharko dira. Behar bezala justifikatutako arrazoiengatik balio horiek aldatu behar izanez gero, galdutakoen antzeko ezaugarriak eta zerbitzu ekologikoak leheneratzeko moduan konpentsatu behar da aldaketa.
–7. planoan «balio ertaineko elementu» gisa kartografiatutakoak errespetatu eta kontserbatu beharko dira.
–7. planoan «balio txikiko elementu» gisa kartografiatutakoak, bai eta kartografiatu gabeko berezko landaretzak ere –ordezkapen finka berri baten mugen barruan sartzen ahal diren horiek, hain zuzen–, berriz lantzen ahalko dira, baldin eta gutxieneko azalera-entitate bat osatzen badute eta ez badute izaera linealik, ezpondak eta zerrendak kasu.
–7. planoan «balio ertaineko elementu» gisa katalogatutako eremuak, baldin eta lurzatien berrantolamendurako oinarrietan labore moten lehenbiziko 7 moten artean sailkatuta badaude, berriz lantzen ahalko dira, baina horretarako gutxienezko azalera-entitate bat osatu beharko dute.
Prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak.
–Lanak bisoi europarraren (Mustela lutreola) banaketa eremuaren barruan daude; galzoriko espezie hori Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan sartuta dago. Beraz, ezein jarduketak ez dio espezie horri kalterik eragin behar. Bisoien ugalketa garaian, hau da apirilaren 1etik abuztuaren 31ra bitarte, saihestu egin behar dira, oro har, espezieari eragiten ahal dioten jarduketak.
Ingurumenaren jarraipena egiteko neurriak.
–Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programa gauzatuko du, ingurumen agiriaren V. kapituluan ezarritakoari jarraikiz.
Ingurumenaren arloko balioei buruzko informazioa ematea titularrei.
–Lurzatiak berrantolatzeko erabakian, ezinbestean kontserbatu eta babestu beharreko balio naturalak karakterizatu eta kartografiatuko dira, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 17. artikuluko b) letran xedatutakoari jarraikiz. Ingurumen balioa duten elementu horiek errespetatzeko betebeharraren berri eman beharko die jabeei sustatzaileak.
6. Esku-hartzearen lurralde-eremua mugatzea.
Berrantolatu beharreko eremua Bidaurretako udal-mugartean dago, eta 500 ha inguru ditu. Honako muga hauek ditu:
–Iparraldean: Etxarriko udal-mugartea.
–Hegoaldean: Argiñarizko biztanle-entitate bakuna (Girgillao).
–Ekialdean: Beraskoaingo udal-mugartea, Arraizako kontzeju-mugartea (Zabaltza) eta Etxarriko udal-mugartea.
–Mendebaldean: Izurtzuko kontzeju-mugartea (Gesalatz) eta Jaizko udal-mugartea.
Lurzatiak berrantolatzeko proiektuaren perimetroaren barnean 1347 lurzati daude, batez besteko azalera 0,37 ha-koa izanik.
Eremu honetako lurzatiak berrantolatzeko planaren arabera, hauek dira hasierako parametroak:
–Berrantolatu beharreko azalera: 500 ha.
–Jabeen kopurua: 181.
–Batez besteko azalera jabe bakoitzeko: 2,76 ha.
7. Ustiatzeko oinarrizko azalera zehaztea.
Bidaurreta aldeko lehorreko ustiapen eremu oinarrizkoen goiko eta beheko mugak 100 eta 40 hektarea izanen dira, hurrenez hurren.
8. Laborantzako gutxieneko unitateak.
Laborantzako gutxieneko unitateen balioak 40 hektareakoak izanen dira lehorreko lurretarako.
9. Lurren balioa kalkulatzeko aplikatu beharreko moduluak.
Lurren Funtsaren esleipendunek ordaindu beharreko prezioa finkatzean lurren balioa ezartzeko, nekazaritza sozietateak eratzean ekarritako lursailak baloratzeko, bai eta ustiatzeko oinarrizko azalerak eratzeko eta nekazaritza ustiategiak elkartzeko dirulaguntzak kalkulatzeko ere, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearekin bat etorriz, lurzatiak berrantolatzeko oinarrietan lehenengo mailakotzat sailkatutako lurrei aplikatu beharreko modulua, eremu honetarako, izanen da ekainaren 17ko 39/2015 Foru Dekretuan adierazten den lehenengo mailako lurren balioa (foru dekretu horrek azaroaren 26ko 334/2001 Foru Dekretua aldatzen du, Nafarroako Foru Komunitatean dauden zenbait ondasun higiezin baloratzeko prozedura onetsi zuena, balorazioa egiteko merkatuan duten batez besteko prezioa egiaztatzeko metodoa erabiliz, oinordetza eta dohaintzen gaineko zergaren eta ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren kudeaketan aplikatzeko). Bigarren mailatik aurrera sailkatutako lurrei aplikatu beharreko moduluak lortzeko, berriz, lehen mailako modulua biderkatuko da lurzatiak berrantolatzeari buruzko arauetan zehazten diren kasuan kasuko konpentsazio koefizienteekin.
10. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
11. Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sortuko ditu ondorioak.
12. Adieraztea foru dekretu honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka errekurtso hauetariko bat jartzen ahal dela:
–Berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, foru dekretua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
13. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari heleraztea foru dekretu hau.
Iruñean, 2025eko uztailaren 2an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués. –Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.
Iragarkiaren kodea: F2509384