2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
LIZARRA
Deialdia, eskolazainaren lanpostu bat lekualdatze-lehiaketaren bidez betetzeko
Lizarrako Udalaren Gobernu Batzarrak, 2025eko uztailaren 18an egindako bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:
Kontuan hartuta eskolazainaren lanpostua bete behar dela, Udalaren plantilla organikoan 4.15 kodearekin identifikatuta dagoena eta 2024rako lan publikoaren-eskaintzan sartuta dagoena, 2025eko abuztuaren 11n beteko baita gehienez hiru urteko epea administrazio-araubideko kontrataziotik, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88.1.b) artikuluak ezarritako mugapenaren ondorioz. Eta bat etorriz aipatutako Legegintzako Foru Dekretuaren 33.1 artikuluan eta Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 3. artikuluan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin, bete beharrez Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.h artikuluak esleitutako eskumenak, eta uztailaren 3ko 381/2023 Ebazpenaren bidez (2024ko 153. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 24koa) batzorde honi emandako eskuordetza, honako hau,
ERABAKITZEN DA:
Lehenbizikoa.–Honako deialdi honen oinarriak onestea: deialdia, bete dadin eskolazainaren lanpostu bat lekualdatze-lehiaketaren bidez, Lizarrako Udalaren zerbitzukoa (plantillako 4.15 plaza).
Bigarrena.–Agintzea deialdiaren oinarriak eta haren eranskinak argitara daitezela Nafarroako Aldizkari Ofizialean, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Hirugarrena.–Ebazpen honen berri ematea Udaleko Osoko Bilkurari, kide anitzeko organo horrek egiten duen hurrengo ohiko bilkuran.
ARAU OROKORRAK
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da 2024ko plantilla organikoan 4.15 zenbakiarekin eta "ikastetxe publikoko eskolazaina" izenarekin identifikatutako eskolazainaren lanpostu hutsa betetzea, lekualdatze-lehiaketaren bidez.
1.2. Lekualdatze-lehiaketa arau hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duena, eta 215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duena.
1.3. Deialdi honen bidez izendatutako izangaiak eskolazain lanak eginen ditu, eta Lizarrako Udaleko funtzionarioentzat ezartzen diren eginkizunak bete eta horien eskubide eta betebeharrak izanen dituzte.
1.4. Lanpostuak euskararen B2 derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna du, D mailakoa da eta horri dagozkion ordainsariak izanen ditu, eta 2024ko plantilla organikoan zehazten diren osagarriak gehituko zaizkio.
1.5. Eginkizunak.
Bete beharreko eginkizunak deialdian sartutako lanpostuaren mailarako eta kategoriarako egokiak izanen dira, eta, zehazki, eta "numerus clausus" izanik gabe, honako hauek izanen dira:
–Eskolazainari dagozkion egitekoak beteko ditu, ikastetxean jarduna dagoen orduetan eta eskolaz kanpoko jarduerak egiten direnean.
–Ikastetxe publikoko altzari, makina, instalazio eta lokalak zaintzea.
–Ikastetxearen kanpoko ateak eta, halaber, geletakoak eta instalazioetakoak irekitzea eta ixtea, garaiz ireki eta itxi ere, bertan egin beharreko jarduerak egiteko.
–Ate nagusian atezaintzako zerbitzuaren arreta orokorra ematea, eskolazaintzako lokalean egotea sarrera-irteerak kontrolatzeko eta ikastetxera doazenei arreta emateko; berandu etortzen diren ikasleak eta hainbat arrazoirengatik ikastetxera joaten den kanpoko jendea hartzea, haien eskaerak jasotzea, eskaera horiei erantzuteko ardura dutenei abisatzea eta informazioa ematea ordutegi orokorraz eta ikastetxearen funtzionamenduari buruzko gainerako kontu guztiez.
–Ikastetxea itxita edukitzeaz arduratzea, zuzendaritzaren arauei jarraikiz, ikasleak ez daitezen kanpora joan behar ez denean, eta sartu beharreko pertsonak sar daitezen.
–Eskolako telefonoguneaz eta faxaz arduratzea, eta baita erosgai eta paketeak kontrolatzea, jasotzea eta entregatzea ere.
–Iturgintza, elektrizitate, zurgintzako lantxoak egitea, altzariak paratzea, pintura, lorezaintzako mantentze lanak, etab.
–Argiak kontrolatu eta itzaltzea, leihoak ixtea, etab.
–Kasu berezietan, eraikinaren kanpo aldea txukuntzea.
–Eraikineko altzariak eta aretoak garbitzea, edozein arrazoirengatik zikindu eta gero, berehala garbitzea premiazkoa bada.
–Fotokopiak eta koadernatze txikiak egitea, erakunde eta enpresetara joatea, etab.
–Ikasleen oporraldian, beste zeregin batzuk eginen ditu, ikasturtean ezin egin direnak.
–Lanpostuari dagozkion gainerako eginkizun guztiak, eta bereziki lantokiko zuzendaritzak agintzen dizkionak, betiere lanpostuaren mailaren eta kategoriaren barnean baldin badaude.
2. oinarria.–Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.
2.1. Indarrean den araudian xedatutakoaren arabera, lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta esleitutako lanpostuaz jabetzeko orduan:
a) Lizarrako Udaleko langile finkoa izatea.
b) D maila edo taldekoa izatea.
c) Euskarazko B2 titulua edo baliokideren bat edukitzea.
Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du inolaz ere ekarriko parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa aldatzea.
Lanpostu erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian dauden funtzionarioek zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen baldintzak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan eta lanpostua behin betiko esleituko zaie.
2.2. Aurreko baldintzak deialdiaren hirugarren oinarrian ezarritako epean eta moduan frogatu beharko dira. Baldintza horiek eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete behar direla ulertuko da. Bigarren oinarri honen 1. apartatuan aipatutako baldintzak, gainera, hautapen prozedurak irauten duen bitartean ere bete beharko dira. Hautapen prozedura izendapenarekin bukatuko dela ulertuko da.
3. oinarria.–Eskabideak eta haiek aurkezteko epea.
3.1. Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak nahitaez aurkeztu beharko dira modu telematikoan. Horretarako, Lizarrako Udalaren atariko egoitza elektronikoan berariaz diseinatutako izapidea baliatu beharko da (deialdi honen II. eranskinean dago).
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluko 2. apartatuan xedatutakoarekin bat:
"Nolanahi ere, administrazio-prozedura baten edozein izapidetarako, administrazio publikoekin harremana bitarteko elektronikoen bidez izatera behartuak egonen dira honako subjektu hauek, gutxienez:
e) Administrazio publikoetako langileak, enplegatu publiko izateagatik haiekin egiten dituzten izapide eta jarduketetarako, administrazio bakoitzak erregelamendu bidez zehaztu bezala".
Halaber, 2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 26ko 19/2024 Foru Legearen 27. artikuluan (Nafarroako Administrazio Publikoek deitutako hautapen prozesuei buruzko xedapenak), hau ematen da aditzera: "Nafarroako administrazio publikoei ahalmena ematen zaie Administrazioan sartzeko edo bertako lanpostuak betetzeko hautapen-prozesuen deialdietako eskabideak eta gainerako dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkez daitezela eskatzeko".
3.2. Eskabideak aurkezteko epea hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.3. Eskabidearekin batera, lehiaketan parte hartu ahal izateko eskatzen diren betekizunak edo baldintzak betetzen dituztela frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek, bai eta baloratuko diren merezimenduak frogatzen dituztenak ere.
3.4. Dokumentuak eman eta izapidetzeagatiko tasak arautzen dituen 4. ordenantza fiskalean xedatutakoaren arabera, azterketa eskubideei dagokien tasaren hamar euroak ordaindu izanaren frogagiria.(https://www.estella-lizarra.com/wp-content/uploads/2021/01/04-EXPEDICION-DOCUMENTOS.pdf).
Tasa autolikidazio bidez ordainduko da bankuko txartelaren bidez egoitza elektronikoan bertan, eskabidea aurkezteko izapidean. Egiaztagiria automatikoki sortuko da eta eskabideari erantsiko zaio.
Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da, eta ezin izanen da izapidea zuzendu.
4. oinarria–Izangaien onarpena.
4.1. Onartzeko baldintza gisa ezartzen da bigarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzea, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, eta eskabideak epe barnean aurkeztea, eskatutako gainerako dokumentazioarekin batera.
4.2. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, alkateak onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta deialdiaren web-fitxan argitaratuko da. Baztertutako inor ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta aginduko da argitara dadila deialdiaren web-fitxan.
4.3. Interesdunek egoki jotzen dituzten erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko zerrendaren aurka, eta, akatsik izan bada, haiek zuzentzen ahalko dituzte, argitaratu eta biharamunetik hasita bost egun balioduneko epearen barruan.
4.4. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Lizarrako Udaleko alkateak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpen bat emanen du. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Lizarrako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da.
4.5. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta horiek ebatzi ondoren, Lizarrako Udaleko alkateak onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta deialdiaren web fitxan argitaratuko da.
5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
–Epaimahaiburua: Marta Ruiz de Alda Parla, Lizarrako Udaleko alkatea.
- Ordezkoa: Udalbatzako kide bat, hark eskuordetza ematen diona.
–Epaimahaikidea: Lizarrako Udaleko giza baliabideetako teknikaria.
- Ordezkoa: Lizarrako Udaleko langile bat, hura ordezkatzen duena.
–Epaimahaikide-idazkaria: Lizarrako Udaleko idazkaria.
- Ordezkoa: Lizarrako Udaleko langile bat, hura ordezkatzen eta behar den titulazioa duena.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Lizarrako Udalari hala jakinarazi, baldin suertatzen badira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak.
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, horren berri emanen da izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera.
5.3. Epaimahaia lehiaketa hasi aurretik eratu beharko da, eta bere eraketak eta ondorengo jarduketek balio izateko, kideen gehiengo osoa beharko da elkartu.
Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jaso dezake proba guztietan edo haietako batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.
6. oinarria.–Merezimenduen kalifikazioa.
6.1. Lekualdatze-lehiaketa honetako merezimenduen balorazioa kalifikazio-epaimahaiak eginen du, 40 puntuko eskala baten barruan, baremo honen arabera:
A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 40 puntu gehienez.
Alegatu eta frogatutako merezimenduak deialdi honen I. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak, eta gehienez ere 40 puntu izanen dira.
6.2. Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean zerrendatuta, alegatuta eta frogatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio-epaimahaiak noiznahi dokumentazio gehiago eskatzen ahal du, behin betiko balorazioa egin baino lehen, uste badu merezimenduren bat ez dagoela behar bezala frogatua. Salbuespen bakarra Lizarrako Udalean egindako zerbitzuak dira.
6.3. Epaimahaiak inola ere ezin izanen du kontuan hartu aurkeztu ez den eta agiri batez frogatu ez den merezimendurik, eta ezin izanen du eman, apartatu bakoitzeko, adierazitako gehieneko puntuazioa baino puntu gehiago.
6.4. Merezimenduen kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du izangaien zerrenda Lizarrako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, eta izangai bakoitzak lortutako puntuak zehaztuko ditu. Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun balioduneko epean, Lizarrako Udalaren egoitza elektronikoan, "instantzia orokorra" izapidea erabiliz.
6.5. Erreklamazioak aurkezteko epea igarota eta epaimahaiak haiek ebatzita, Lizarrako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da berriz ere izangaien zerrenda, merezimenduen kalifikazio fasean lortutako behin betiko puntuazioekin.
7. oinarria.–Izangaien zerrenda ordenatua eta lanpostuaren esleipena.
7.1. Kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak puntuazioaren arabera ordenatutako izangaien zerrenda argitaratuko du Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan.
Lehiakideek guztira lortzen dituzten puntuazioetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdinketak segitzen badu, ebatziko da kalifikazio-epaimahaiak horretarako berariaz eginen duen zozketa bakar baten bidez.
7.2. Zerrenda horri jarraituz, alkatetzari igorriko zaio puntuazio altuena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena, bai eta azken bilkuraren akta ere. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Alkateak hartuko du, hala badagokio, hasiera batean deitutako plazak gehitzearen erabakia, jarraikiz 215/1985 Foru Dekretuaren 26. artikuluan ezarritakoari.
8. oinarria.–Lanpostuak betetzea.
8.1. Izangaiak izendapenari buruzko ebazpena jakinarazi eta ondoko hamar egun naturaleko epearen barruan bete beharko du lanpostua.
8.2. Behar bezala frogaturiko ezinbesteko egoeretan izan ezik, epe horretan lanpostuaz jabetzen ez bada, eskubide guztiak galduko ditu esleitu zaion lanpostuan aritzeko. Kasu horietan, deialdiaren aurreko oinarrian aipatzen den zerrendan hurrengo dagoen izangaiak beteko du lanpostua.
9. oinarria.–Datuen babesa.
Izangaiei honako hauek komunikatzen zaizkie, jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):
–Lizarrako Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
–Datuen tratamenduaren helburua da deialdiko lanpostu hutsa betetzea, langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
–Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:
- Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua. Tratamendua beharrezkoa da, betetzeko tratamenduaren arduradunari dagokion lege betebehar bat.
- Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.b) artikulua. Tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz aplikatzeko kontratuaren aurreko neurriak.
–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatzeko eta ezabatzeko jarraibideak).
–Legez ezarritako kasuetan komunikatuko dira datuak, eta deialdian xedatutakoaren arabera argitaratuko dira.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan, egoitza elektronikoaren bidez, edo datuak babesteko ordezkariaren helbidera joz (dpd@estella-lizarra.com).
–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.
10. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka nahiz honen oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:
–Berraztertzeko errekurtsoa, zuzenduko zaiona egintza eman duen organoari, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenduko zaiona Nafarroako administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
–Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenduko zaiona Nafarroako Administrazio Auzitegiari, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi ondotik.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka aurkez daiteke gora jotzeko errekurtsoa, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
I. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA
A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak (40 puntu gehienez).
1. Edozein administrazio publikotan deialdiko lanpostuan egindako zerbitzuak: 3 puntu urte bakoitzeko.
2. Edozein administrazio publikotan deialdiaren maila bereko beste lanpostu batean egindako zerbitzuak: 1 puntu urte bakoitzeko.
II. ERANSKINA.–ESKABIDEA
https://sedeelectronica.estella-lizarra.com/carpetaciudadana/tramite.aspx?idtramite=10272
Lizarran, 2025eko uztailaren 18an.–Alkatea, Marta Ruiz de Alda Parla.
Iragarkiaren kodea: L2509945