157. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

634E/2025 EBAZPENA, uztailaren 3koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen inpaktuaren txostena egiten duena N-121 A errepidea, 52+670 KPtik 68+440 KPra bitarte (5. tartea), 2+1 motako bide bihurtzeko trazadura-proiekturako. Sustatzailea Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia da (Azterlan eta Proiektuen Zerbitzua).

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura hasteko, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak, organo substantibo eta sustatzaile gisa, txosten honen goiburuan aipatutako proiektua aurkeztu zuen, 2024ko uztailaren 29an, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Deskribatutako proiektuaren ezaugarriak direla-eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 7. taldeko (azpiegitura-proiektuak) i) apartatuan (saihesbideak eta errepide arruntak eraikitzea, I. eranskinean sartuta ez daudenak) sartzen da. Beraz, han ezarritakoaren arabera, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

Proiektatutako jarduketa N-121 A errepidea, 52+670 KPtik (Arrigazteluko tunelaren iparraldeko ahoa) 68+440 KPra bitarte (Gipuzkoako probintziarekiko muga), 2+1 motako bide bihurtzean datza. N-121 A errepidea Iruñetik Behobiara doa, eta errepide hori 2+1 motako bide bihurtzeko bost proiektuko multzoaren bosgarren tartea da.

Proiektua Sunbilla, Igantzi, Lesaka, Etxalar eta Bera udalerrietatik eta 87. eta 91. fazerietatik igarotzen da. Proiektuaren helburua da bide-segurtasuna eta gidatzea hobetzea, kontrako erreian sartzea eta ezkerretara biratzea saihesteko; izan ere, errepide horretan egunean batez beste 11.621 ibilgailu ibiltzen dira, eta horietatik % 30 inguru ibilgailu astunak dira (egunez; gauean % 50era iristen dira).

Obra N-121 A errepidea eraldatzean datza, horretarako, ahal den neurrian, egun dagoen plataforma aprobetxatzearen bidez. Plataforma horretan, gutxi gorabehera erregularrak diren tarteetan, noranzko bakoitzean, errei bakarreko tarteak eta aurreratzeak egiten diren bi errei dituzten tarteak daude. Noranzko desberdineko erreien artean, bide-zati gehienetan, faunak zeharkatzeko moduko hesiak daude erdibitzailean.

Aurrekari gisa jakinarazten da 2020ko urtarrilaren 27an N-121 A errepidea 52+670 eta 68+440 KPen artean 2+1 motako bide bihurtzeko trazadura-proiektuaren ingurumen inpaktuei buruzko txostena egin zela. Orain aurkeztu den proposamen berriak nabarmen aldatzen du 2020ko bertsioa. Bestalde, ingurumen inpaktuei buruzko txostena egin zenetik, ekainaren 13ko 445/2023 Errege Dekretua onetsi zen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I., II. eta III. eranskinak aldatzen dituena; hala, proiektua arau horren II. eranskinean sartzen da, eta, beraz, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

5. zatiaren azken bertsioko trazadura-proiektuak bi errei izanen ditu hegoalderantz (MI), 4.944 metroan, eta iparralderantz (HM), 5.520 metroan; hau da, aire zabaleko ibilbide osoaren % 34 eta % 36, hurrenez hurren. Era berean, hautatutako alternatiban, trazadura proiektuak aldaketa nabarmena aurreikusten du 2020ko proiektuarekin alderatuta. Zehazki, proposatzen da NA-1210 iparralderantz eta N-121 A hegoalderantz erabiltzea NA-4400rekiko (Etxalarko lotunea) lotunearen (59+650 KP) eta 62+100 KPren arteko zatian, eta bideak bikoiztea noranzko bakoitzean eta Bidasoa ibaiaren ertz bakoitzean.

Proiektuak zortzi espazio aurreikusten ditu obrako eremu osagarrietarako, gehienak aldi baterako okupaziokoak. 15.798 m²-ko azalera hartuko dute.

Lurren balantzeari dagokionez, lur erauzketako materialaren bolumena 883.479 m³ izanen dela kalkulatzen da, eta horri Argaitz harrobia saneatzeko 48.000 m³ gehitu behar zaizkio, bai eta betelaneko 76.895 m³-ko bolumena ere.

Soberakin asko egonen denez, bost biltegiratze-eremu aurreikusi dira: Sunbilla (harrobi abandonatua) 54+000 M.I. KPan, Etxalar A eta Etxalar B 58+940 M.D. KPan, Lesaka 59+980 M.I. KPan eta Bera 65+700 M.I. KPan; guztira 686.680 m³ betegarri utziko dira. Gainerako materiala hondakinen kudeatzaile baimenduari bidaliko zaio (237.705 m³).

Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren izapidea.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera jaso eta aurkeztutako ingurumen dokumentua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehaztutako edukiarekin bat datorrela egiaztatu ondoren, 21/2013 Legearen 46. artikuluarekin bat etorriz, 2023ko abenduaren 5ean kontsulta egin zitzaien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei.

Sunbilla, Igantzi, Lesaka, Etxalar eta Berako udalei eta Nafarroako Gobernuko unitateei egin zitzaien kontsulta; hots, honako hauei: Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala, Ondare Arkitektonikoaren Atala, Hondakinen Atala, Arrantza Kudeaketarako Atala, Basoak Kudeatzeko Atala, Ehiza Kudeaketaren Atala, Paisaiaren eta Landa Lurzoruaren Atala eta Azpiegituren Ingurumen Kudeaketarako Atala (Azterlan eta Proiektuen Zerbitzua), Kantaurialdeko Konfederazio Hidrografikoa, Ekologistak Martxan Iruñea, Gurelur-Natura Ingurunea Babesteko Nafarroako Funtsa, Lurra-Lurra Babesteko Elkartea, Nafarroako Ehiza Federazioa, ADECANA Nafarroako Ehiztarien Elkartea, Nafarroako Arrantza Federazioa, Bidasoko Zerbitzu Zentroa, Sustrai Erakuntza Fundazioa eta "Eléctrica Navasturen" SL zentral hidroelektrikoari.

Erantzunak jasotzeko epea akituta, honako hauen txostenak jaso dira: Nabasturengo zentral hidroelektrikoa, Hondakinen Atala (bi txosten), Kutsaduraren Aurkako Prebentzio Atala, Basoak Kudeatzeko Atala, Paisaiaren eta Landa Lurzoruaren Atala, Arrantza Kudeaketarako Atala, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren Azterlan eta Proiektuen Zerbitzua (bi txosten), eta Lesaka eta Berako Udalak. Azken horrek, gainera, María Teresa Kortaren alegazio bat helarazi du. Aipatutako txostenetako ingurumen-alderdiak kontuan hartu dira espedientearen azterketa teknikoa egiteko, eta horien edukiaren laburpena jaso da ingurumen inpaktuaren txosten honen I. eranskinean.

Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen duenez, ingurumen organoak ebazpen arrazoitu batez erabakiko du proiektuak ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta ala ingurumen inpaktuaren txostena behar duen, ingurumen inpaktuaren txostenean ezartzen denarekin bat etorriz.

Trazadura proiektuaren ingurumen dokumentuak hiru alternatiba aztertzen ditu, "0" alternatiba barne. Azkenean 2. alternatiba aukeratu da. Hori erabakitzeko, honako irizpide hauek hartu dira kontuan: lurzoruaren okupazioa, baliabide naturalen kontsumoa, hondakinen ekoizpena, atmosferara egindako emisioak eta isurketak. Alternatiba horrek egokiago konpontzen ditu bide-segurtasunari, bidearen funtzionamenduari eta Nabasturengo zentral hidroelektrikoko ubidea birjartzeko lanei lotutako arazoak.

Ingurumen dokumentuak ingurune fisikoaren, sozialaren eta kulturalaren osagai nagusiak aztertzen ditu, eta inpaktua sortuko duten proiektuko ekintza nagusiak deskribatzen ditu. Proiektuaren inpaktu nagusien artean, honako hauek dira esanguratsuenak: topografia eta paisaia aldatzea, lur soberakinen bolumena, metakinen eremuak sortzea, landarediari egindako kalteak, faunaren hesi efektua eta zarata. Ondorioztatu da 2. alternatiba, obrak akitu ondoren, herritarrentzat onuragarria izanen dela, eta sortutako inpaktu globala, inpaktuak prebenitzeko eta zuzentzeko neurriak aplikatuta, "bateragarritzat" kalifikatu da.

Proiektuak Sunbilla, Igantzi, Lesaka, Etxalar eta Bera udalerriei eta 87. eta 91. fazeriei eraginen die. 16,07 km inguruko luzera izanen du eta dauden bideak (N-121 A eta NA-1210) ahalik eta gehien erabiliko dira. Dena den, okupatutako azalera nabarmen handituko da plataforma zabaltzeagatik, instalazio osagarriengatik eta lurra uzteko eremuak erabiltzeagatik.

Eremua basokoa da nagusiki, baina herri nagusien inguruan (Bera, Lesaka eta Etxalar) larreak zuhaitzekin nahasten dira eta interes handiko mosaikoa sortzen dute, faunarentzako habitaten aniztasunagatik. N-121 A errepidea egoteak eta trafiko asko izateak naturaltasuna kentzen dio eremuari, eta zatikatu egiten du. Bide horrek Bidasoa ibaiaren bailararen hondoa zeharkatzen du. Ibai-ibilgu eta lehen mailako igarobide ekologiko hori, ibaiertzekin batera, ES00018 "Bidasoa ibaia" KBEan sartzen da proiektu osoari dagokionez.

Aukeratutako 2. alternatibak, ingurumen dokumentuaren arabera, KBEaren 0,319 ha hartzen ditu, hau da, azalera osoaren % 0,08. Ukitutako habitatak ibai-sistemari dagozkionak izanen dira: 91E0* 81E013 Hyperico androsaemi-Alnetum glutinosae, 91E0* 81E000a Salix alba sahasti kantauriar eta subkantauriarrak, 3260 Sakonera txikiko ur meso-oligotrofoen komunitateak ohantze harritsuetan eta 3270 Ibai-sedimentuen urteroko kolonizatzaile diren komunitate nitrofiloak. Habitat bakoitzari begira ukitutako azaleren kuantifikazioa eraikuntza proiektua idatzi ondoren zehaztu beharko da.

Gainera, proiektuaren eremuan flora mehatxatuaren espezie bat identifikatu da: Carex cespitosa. "Galzorian" katalogatuta dago (254/2019 Foru Dekretua, urriaren 16koa, babes bereziko araubidean dauden basa-espezieen Nafarroako zerrenda ezartzen duena).

KBE horretako funtsezko elementuen artean, eta itsasoarekiko lotura zuzena duela eta itsasotik hurbil dagoela kontuan hartuta, hiru arrain espezie anadromo daude: izokin arrunta (Salmo salar), kolaka (Alosa alosa) eta itsas lanproia (Petromyzon marinus). Ibai-ibilgu horri lotutako eta KBEko funtsezko elementu diren beste fauna espezie batzuk honako hauek dira: burtaina (Cottus aturi), igaraba arrunta (Lutra lutra), bisoi europarra (Mustela lutreola), Pirinioetako desmana (Galemys pyrenaicus), saguzarrak eta sorgin-orratz oxygastra (Oxygastra curtisii). Espezie horiek, Babes Bereziko Araubidean dauden Basa-espezieen Zerrenda eta Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoa garatzen dituen otsailaren 4ko 139/2011 Errege Dekretuaren arabera, "kalteberatzat" katalogatu dira, eta, burtainaren, Pirinioetako desmanaren eta bisoiaren kasuan, "galzorian".

Proiektuak zuzenean eraginen dio KBEari obrak egiteko fasean, batez ere zeharkako drainatze-obrak egiteagatik edo handitzeagatik; izan ere, hustubideak Bidasoa ibaiaren ertzetan daude. Halaber, tarte batzuetan, errepidearen plataforma handitzeko obrek ibaiertzei zuzenean okupatzeagatik eragiten diete, hala nola Sunbilla Iparralde-Iparralde lotunean, ezkerreko ertzeko azelerazio-adarrean (57+500 KP), Bera hegoaldeko erdilotunean edo M.I. 67+200 eta 68+300 arteko bidegorrian.

Obrek irauten duten bitartean, egin beharreko lur mugimenduen tamaina eta ur-ibilguekiko hurbiltasuna kontuan hartuta, lur isuriak, obra isurketak eta sedimentuen ekarpenak gertatzeko arriskua dago. Horrek uhertasuna sortuko luke uretan eta arrain faunari eraginen lioke, bai eta ornogabeei ere, errunaldietarako kalitate handiko urak behar baitituzte.

Bestalde, eta faunaren gaineko eraginari dagokionez ere, zaratak eragozpenak eraginen ditu makina astunak erabiltzeagatik (gaur egun errepideagatik dagoen asaldura handituko da). Zuhaitz zaharrak kentzeak, gainera, zuhaitz-ale horiek habiak egiteko erabiltzen dituzten abifauna eta kiroptero espezieei eragin diezaieke.

Ustiapen fasean, inpaktuak, kontuan hartuta Bidasoa ibaiaren inguruan ibilgailuen zirkulazio oso handia dagoela, bereziki garraio astunena, lehendik daudenak izanen dira, baina etorkizunean espero daitekeen trafiko-hazkundearen proportzioan areagotuko dira (harrapatze gehiago, argi-kutsadura handitzea, atmosferara egindako emisioak eta zaratak handitzea, istripuzko isurketak izateko arriskua, etab.).

Lurraldearen zatiketak eragindako inpaktuari dagokionez, adierazi behar da bide horrek, gaur egun duen itxura kontuan hartuta –lur-erauzketa handiak eta segidako hormak daude–, faunaren mugimenduendako iragazkortasun txikia duela. Horrez gain, trafiko asko dago, baita gauez ere, eta bidea hobetzean areagotuko da. Horrek espezie katalogatu batzuk –hala nola igaraba arrunta eta bisoi europarra– mehatxatzen ditu, harrapatzeko arriskua baitute. Gainera, proiektuak NA-1210 errepidearen zati bat hartuko du, egungo errepidea bikoizteagatik. Errepide horrek, N-121A errepidearekin batera, ibaia mugatuko du bi ertzetan, gutxienez kilometro bateko tartean (59+700 eta 60+700 KPen artean).

Hala ere, zehaztu behar da errepide horren hobekuntzak, 2000. urteko lehen hamarkadan, tunelen eta biaduktuen segida bat sortzea ekarri zuela, eta nabarmen deszatikatu zuela. Ingurumen administrazio honetan faunaren harrapatzeei buruz dauden datuen arabera, N-121 A errepidearen 5. zatiak istripu gutxi ditu. Hala ere, gutxienez orkatz batekin izandako istripu bat erregistratu denez, egin beharreko eraikuntza proiektuak errepidearen iragazkortasuna puntu oso lokalizatuetan hobetuko duten neurriak sartu behar ditu bere diseinuan, eta txosten honetako baldintzak bete.

Ingurumen dokumentuak "moderatutzat" jotzen du faunaren gaineko inpaktua, eta 9.8 apartatuan (Fauna babestea), berriz, errepide berriaren konektagarritasuna hobetzeko irtenbideak ematen ditu: Bidasora isurtzen duten 11 drainatze-obra egokitzea pasabide lehorrak instalatuz; azpiko pasabideak diseinatzea funtzio anitzeko pasabide gisa erabiltzeko; fauna talde guztientzako hesi zentral iragazkorra instalatzea; ertzetako landareen tratamenduak, kutxatilak egokitzea, etab. Ez da aurreikusten perimetro-hesirik jartzea, eta pasabide kanadar bat birjartzea baino ez da proposatzen 1.1.8 ardatzean (M.D. bidea).

Beste eragin oso esanguratsu bat lurraren topografia aldatzea izanen da, galtzada handitzeagatik eta ubideak birjartzeagatik. Proiektuko ekintza horiek lur-erauzketak handitzea eta berriak sortzea ekarriko dute, eta, ondorioz, landare estalkia galduko da ukitutako magaletan sastrakak kentzeagatik. Gehienbat baso-masez estalitako azalerak dira, eta haritzak (Quercus robur), lizarrak (Fraxinus excelsior) eta astigarrak (Acer campestre eta A. pseudoplatanus) dauden baso mistoak dira.

Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen 23. artikuluak (otsailaren 17ko 59/1992 FD) interes orokorreko azpiegituren eraikuntzak ukitutako baso azalera konpentsatzeko betebeharra ezartzen du. Horregatik, txosten honen baldintzetan basogintza araudiaren eskakizun hori betetzeko jarraibide bat jaso da.

Ingurumen dokumentuak, 9.13 kapituluan, berriz landareztatzearen bidez ingurumena integratzeko neurriak jasotzen ditu: lurra prestatzea, landare-lurra zabaltzea, hidroereiteak, landaketak eta ereiteak, eta paisaia-tratamenduak biribilgune eta lotunetan.

Lurrazaleko eta lurpeko hidrologiaren gaineko inpaktuari dagokionez, eta kontsulten izapidean Arrantza Kudeaketarako Atalak bidalitako txostenaren arabera, proiektuaren xede den zatiak 40 ibai-ibilgu zeharkatzen ditu, eta ia 2,2 km ubide birjarriko dira (350 m, 993 m eta 848 m Igantzi, Nabasturen 1 eta Nabasturen 2 ubideetan, hurrenez hurren).

Kartografia aztertuta, atal honek kalkulatu du lanek Bidasoa ibaiaren aldeko ezpondetan 3.043 metro ukituko dituztela, batez ere betelanetan. Luzera horren % 63 inguru (1.900 m gutxi gorabehera) Bidasoa Ibaia KBEaren barruan dago, eta, beraz, ezinbestekotzat jotzen da neurri gehiago hartzea solidoak ibilgura arrastatzea saihesteko, higadurak saihesteko eta espezie exotiko inbaditzaileak agertzea prebenitzeko.

Ingurumen dokumentuak horrekin lotutako neurriak jasotzen ditu, baina neurri horiek Arrantza Kudeaketarako Atalak proposatutakoekin osatu beharko dira (ingurumen inpaktuaren txosten honetan jaso dira).

Lur mugimenduei dagokienez, proiektuaren egungo fasean (informazio-azterlana) eta, atariko zenbatespen gisa, lurren balantzeari buruzko gutxi gorabeherako datu hauek aurkezten dira: betelanen bolumena: 76.895 m³, materialen soberakinak: 883.479 m³.

Mailegu materiala obraren beraren edo legeztatutako harrobi baten soberakinetatik etorriko da, eta hondeatutako material naturalen soberakinak uzteko, obren trazaduran zehar banatutako bost eremu proposatzen dira: "Sunbilla" 54+000 KPan (Sunbillako 2. poligonoko 102. eta 103. partzelak), 183.403 m3-ko edukierarekin; "Etxalar A eta B" 58+940 KPan, ardatz nagusitik oso urrun, NA-1210 errepideko 41+000 KParen eskuinaldean (Etxalarko 24. poligonoko 1. partzela), 58.691 m³-ko eta 44.687 m³-ko edukierekin, hurrenez hurren; "Lesaka", 59+980 KPan (Lesakako 3. poligonoko 388. eta 538. partzelak), 68.106 m³-ko edukierarekin, eta "Bera" 65+700 MI KPan, 331.793 m³-ko edukierarekin. Beraz, zaborretarako guztizko bolumena 686.680 m³-koa da; gainerakoa baimendutako zabortegi batera eramatea proposatzen da.

Ingurumen dokumentuak, eremu horiek ustiatu ondoren, jatorrizko erabilerara (belardiak) itzultzea proposatzen du, Sunbillako eta Berako deposituak izan ezik, horietan landaketak egitea proposatzen baita hidroerein ondoren.

Hondakinen Atalak jakinarazi du eraikuntza proiektuak justifikatu beharko duela proposatutako eremuen betelanetan hondakinen arloan indarrean dagoen lege-araudia betetzen dela (Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legea), bai eta txosten honen baldintzetan jaso diren gaiari buruzko gainerako alderdiak ere.

Kontuan izan behar da aukeratutako eremuak bazkatzeko eta uztarako belardien lurzatiak direla, Sunbillako depositua izan ezik, harrobi abandonatu batean baitago. Kasu horretan, betelana meatzaritzako zulo bat leheneratzeko balorizazio eragiketatzat har daiteke, Hondakinen Atalak emandako txostenaren arabera.

Instalazio osagarrietarako eremuak, guztira zortzi, Bidasoa ibaitik behar bezain urrun daude, ibai horretan eta KBEan zuzeneko edo zeharkako inpakturik ez eragiteko, istripurik ezean. Hurbilen dauden eta kontu handiz ibiltzea eskatuko duten eremuak honako hauek izanen dira: 54+000 M.I. KP, Arrigazteluko tunela egiteko obren lur-zabortegi zahar batean, 62+000 M.I. KP eta 66+260 M.I. KP.

Zarata handitzeak eraginen duen inpaktua 2. eranskinean (azterketa akustikoa) aztertu da. Bertan, kalitate akustikoaren helburuak gainditzen dituzten 10 tarte identifikatu dira, Zaratari buruzko 37/2003 Legea garatzen duen 1367/2007 Errege Dekretuaren II. eranskineko A taulako balioen arabera. Ingurumen dokumentuaren arabera, inpaktu hori "moderatua" da, eta pantaila metalikoak eta landareztatu daitezkeenak aurreikusten ditu, 53+850 M.I, 57+800 M.I. eta 62+700 M.D. KPei dagozkien tarteetan izan ezik, alternatiba tekniko eta ekonomikoki bideragarririk ez dagoelako.

Inpaktu horri dagokionez, Bera eta Lesakako udalek beren eta bizilagunen alegazioak helarazi zituzten. Alegazio horietan, gaur egun dagoeneko Zalain eta Alkaiaga auzoetan jasaten duten zarata handitzearekin kezkatuta daudela adierazi zuten.

Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak, azpiegitura horren zarataren arloari begira eskumena duen organoa den aldetik, honako hau jakinarazi zuen:

–Jarduketa horren ingurumen ebaluazioko prozeduraren barruan, sor ditzakeen ingurumen inpaktu nagusiak identifikatu eta baloratu dira, eta neurri babesle eta zuzentzaile egokienak definitu dira.

–Inpaktu akustikoari dagokionez, aurreikusitako jarduketa lehendik dagoen errepide baten hobekuntza funtzionalean datza, eta, beraz, gaur egun dagoeneko zaratak eragindako kutsadura dago. Horregatik, azterketa bat egin da jakiteko zer puntutan gainditzen diren eremu urbanizatuetarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak, aintzat hartutako etorkizuneko urtearen (2041) eta errepiderako aurreikusitako etorkizuneko diseinuaren arabera. Helburu horiek Zaratari buruzko 37/2003 Legea garatzen duen 1367/2007 Errege Dekretuaren II. eranskineko A taulan jasota daude. Azterketa egiteko erabilitako metodologia Europako Batzordeak garatutako metodologia da: 1513/2005 Errege Dekretuan jasotako CNOSSOS-EU metodoa.

–Aurreikusitako urtean kalitate akustikoaren helburuak gainditzen direla egiaztatzen den eremuetarako, teknikoki bideragarritzat jotzen den lekuan eta 37/2003 Legearen hamargarren xedapen gehigarriak jasotzen duen bezala, kasuaren arabera dimentsionatutako pantaila akustikoak jartzea planteatuko da proiektuan.

Gizarte- eta kultura-ondareari eta memoria historikoari dagokienez, ingurumen dokumentuak honako elementu hauek identifikatu ditu obren inguruan: bi kisulabe, Zumeldia errekaren ondoan, ardatz nagusiaren 60+230 KParen parean, 3. sektorean, eskuineko galtzadan, eta hobiak egon daitezkeen eremuak: Latsa zubia, Batzarlekuko hobia (Etxalar) eta Argaizko Harrobia (N-121 errepidearen eskuinaldean kokatua, Berako sarreran; LM-2019-0014 erregistro zenbakia). Azken horri dagokionez, kontuan hartu beharko da Berako Udalak ezarritako jarraibidea (txosten honen baldintzetan jaso da). Memoria historikoko beste leku batzuk aipatzearren: San Migel zubiko hobia, Goientako hobia, Tunel Ttikiko hobia eta Berako hilerria.

Basoak Kudeatzeko Atalak kontsulta izapidean bidalitako txostenak ohartarazten du Bidasoko erromatar galtzada eta GR11 bidea ukitu daitezkeela. Bidasoko bide berdearen gaineko eraginari dagokionez, proposamen berriak (2. alternatiba) ez du eraginen egungo errepideak sortzen duena baino inpaktu handiagorik, okupazio txikiak izan ezik.

Azkenik, adierazi behar da aurrez aurreko eta alboko talkak saihesteko eta lotuneak, sarbideak eta abar oro har hobetzeko hartutako neurriek eragin sozial positiboa izanen dutela, gidatzeko baldintzak hobetuko direlako eta istripuak gertatzeko arriskua murriztuko delako, bai errepidea noizbehinka erabiltzen dutenen kasuan, bai bidearen inguruko herritarren kasuan (ohiko erabiltzaileak).

Aurkeztutako dokumentazioa aztertuta eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen eragina aztertuta, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak ebatzi du ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektua bat datorrela aukeratutako alternatibarekin (2. alternatiba), ingurumen dokumentuaren aldagai anitzeko azterketan ingurumenaren aldetik hoberen baloratu dena delako. Gainera, proiektua ES2200014 Bidasoa KBEtik gertu garatu behar bada ere, obrek ez diote nabarmen eraginen, betiere ingurumen dokumentuan proposatutako ingurumen inpaktuak prebenitzeko eta lehengoratzeko neurriak aplikatzen badira, ingurumen inpaktuaren txosten honetan jasotakoez gain.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta legeek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 10/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua),

EBAZTEN DUT:

1. N-121 A errepidea 52+670 KPtik 68+440 KPra bitarte (5. tartea) 2+1 motako bide bihurtzeko trazadura proiektuak, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak (Azterlan eta Proiektuen Zerbitzua) sustatua, ez du eragin nabarmenik sortuko ingurumenean, betiere txosten honetan ezarritakoa betetzen bada, eta bat dator aukeratutako alternatibarekin (2. alternatiba).

2. Aurrekoa gorabehera, proiektua baimentzeko aurkeztutako ingurumen dokumentuan jasotako neurriak jaso beharko dira, eta baldintza hauek bete:

1.–Neurri orokorrak:

–Proiektuaren inpaktu orokorra konpentsatzeko gomendio eta neurri egoki gisa, Nabasturengo zentral hidroelektrikoa bertan behera uztea proposatzen da, eta deribazio kanalak kentzea. Horrek lur-mugimenduak eta -erauzketak minimizatuko lituzke, lur soberakinak murriztuko lituzke eta baso azalera kentzea saihestuko luke. Gainera, kanalak lur soberakinekin betetzea zabortegien bolumena murrizteko aukera emanen luke. Bestalde, zentral horrek Bidasoa ibaian duen presa txikia kentzeak nabarmen hobetuko luke ibilgu horren iragazkortasuna.

–Ingurumen inpaktuaren txosten honetan jasotako neurri eta jarduketa guztiak jasotzen dituen eta Bidasoa ibaia KBEaren eta haren habitaten gaineko eragina zehatz-mehatz kuantifikatzen duen eraikuntza proiektua Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzura bidali beharko da, behin betiko onetsi aurretik onar dezan.

–Proiektua interes orokorreko azpiegituratzat jotzen bada, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko 13/1990 Foru Legearen 23. artikuluaren arabera, sustatzaileak okupatutakoa baino txikiagoa ez den azalera hartzen duen basoberritze edo baso-leheneratze proiektu bat aurkeztu beharko dio Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari. Baso administrazioak aztertu eginen du interes publikoko azpiegiturak eraikitzeko proiektuek hondatu edo urez hartuko luketen baso azalera, eta aginduzko txosten loteslea emanen du horiekin batera aurkezten zaizkion basoberritzeko edo basoa lehengoratzeko proiektuen egokitasunari buruz.

–Paisaiaren gaineko eraginei dagokienez, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Paisaiaren eta Landa Lurzoruaren Atalaren aldeko txostena lortu beharko da. Txosten hori proiektuaren hirigintza izapidean integratzen ahalko da, beharrezkoa izanez gero.

2.–Sistema hidrologikoa babestea.

–Ezinbestekoa da obrek ukitutako eremuan Bidasoa ibaiko eta ibai horretara isurtzen diren erreketako uren uhertasuna saihestea, batez ere salmonidoek erruten dutenean, azaroaren erdialdetik ekainaren erdialdera arte. Eraikuntza proiektuak ibai-ibilgu horietatik hurbil dauden obra eremuetan (zeharkako drainatze-obra (ZDO) berriak edo egungoen luzapena, Etxalarko 5. poligonoko 2. partzelako 2. obra eremu osagarria, N-121 A zaharraren ezkerreko ertzeko gainzabalera, etab.) behar bezala dimentsionatutako dekantazio putzuak, parapetoak eta/edo euste-egiturak aurreikusiko ditu, obrak egitean sor daitezkeen higadura prozesuak saihesteko.

–Ibilguaren inguruan egin beharreko lur mugimenduak euri garaitik kanpo eginen dira, solidoak ibaira herrestan joan ez daitezen.

–Lanak ibai-ibilguetatik gertu egiten badira, ibaiertzetik eginen dira, ibilgua ukitu gabe. Makina astunek urez estalitako ibilgutik lan egin behar badute:

  • Ura hodi edo ur hesiekin desbideratu beharko da, urak uhertzea eta/edo kutsatzea saihesteko. Horrez gain, arrain fauna erretiratuko da.
  • Arrain fauna erretiratu eta berehala eginen da; bestela, ez litzateke eraginkorra izanen.

–Obrak egiteko egindako aldi baterako eraikinen batek eragina badauka ur laster batean, eraitsi eginen da.

–Errekastoen eta lurretako berezko isurketen ur garbiak bideratuko dira obra eremuetan ez sartzeko eta esekidurako solidoak atxikitzeko ezartzen diren sistemetako ur emaria ez handitzeko.

3.–Fauna eta flora babesteko, deszatikatzeko eta basa-faunaren harrapaketak gutxitzeko neurriak:

–Obrak hasi aurretik, arlo horretan eskumena duten teknikariek sastrakak kendu beharreko azaleren azterketa xehatua egin beharko dute, katalogatutako flora edo faunarik ez dagoela egiaztatzeko, eta, zehazki, txosten honen azalpen zatian aipatutako espezieak. Espezie horietakoren bat aurkituz gero, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, dagozkion babes neurriak har ditzan.

–Obra behar bezala balizatuko da, bereziki Bidasoa ibaiaren ertzetako ibaiertzeko landare formazioak (Bidasoa ibaia KBEa) eta urak ibaian isurtzen dituzten errekak ukitzen diren eremuak, obraren azalera osagarriak barne, eta ahalik eta gehien murriztuko da makinen okupazioa eta mugimendua.

–Zuhaitzak moztu behar badira, mozteko administrazio baimena izapidetu beharko da Basoen eta Ehizaren Zerbitzuan. Zuhaitz-mozketak eta landaretza-erauzteak atsedenaldi begetatiboetan egin behar dira.

–Lanak egiteko kalearen ertzetako trazaduran zeharreko inausketak eta soiltzeak eskuz errematatu beharko dira. Adarretan egiten diren ebaketak garbi eginen dira, ez da adarrik hautsiko ez urratuko, eta zuhaitz nahiz zuhaixken azalak ere ez dira urratuko. Zuhaitz handienak eta aparteko zuhaitzak arloko teknikari espezialista batek markatuko ditu eta bakoitzari babesa emanen zaio.

–Lanek ahalik eta gehien errespetatu beharko dute ibaiertzeko landaredia, oxygastra sorgin-orratza ez kaltetzeko. Saihestu eginen da uraren ondoko lehen lerroko platano (Platanus spp.) eta haltz (Alnus glutinosa) aleak botatzea, ibilguan sustraiak badituzte. Eragin puntualik egin behar izanez gero, lurra jatorrizko egoerara lehengoratu beharko da obrak bukatu ondotik.

–Obrek ukitutako ibaien eta erreken ertzetan, bisoi europarra (Mustela lutreola) eta igaraba (Lutra lutra) egon daitezkeenez, obrak irailaren 1etik martxoaren 30era bitartean eginen dira, espezie hori ugaltzeko aldi kritikotik kanpo. Salbuespen gisa, eta faunan eskumena duen teknikariak prestatutako justifikazio txostena aurkeztu ondoren, lanak egiten ahalko dira inguruan belar sastrakak garbitzen badira apirilaren 1a baino lehen. Lanak ez badira sastrakak kendu eta berehala hasten, tratatutako eremuak landare estalkirik gabe mantendu beharko dira obrak hasi arte. Belar sastrakak ez badira garbitu apirilaren 1a baino lehen, espezie babestuetan eskumena duen unitatearen berariazko baimena beharko da. Kasu horretan, belar sastrakak eskuz garbitzea bakarrik izanen da bideragarria. Landare estalkia kendu eta 48 ordura hasten ahalko dira lanak.

–Bestalde, ur ibilgua ukitzen duten lanak ekainaren 1etik azaroaren 15era bitartean eginen dira, salmonidoen ugaltze aldia ez oztopatzeko.

–Faunaren pasabideei dagokienez:

  • Eraikuntza proiektuak lurreko faunaren mugimenduak errazteko, neurri orokor gisa gomendatzen da 1.800 edo 2.000 diametroko drainatze-hodien ordez 2x2 markoak jartzea.
  • Drainatze-obretan, bai lehendik daudenetan bai berrietan, arrain faunaren iragazkortasuna errazteko, ur-jauziak sortzen dituzten egiturak ezartzea saihestuko da. Horretarako, egitura aurrefabrikatu berriak, gutxienez, ohearen jatorrizko kotarekiko 0,5 m lurperatuko dira. Markoaren egituraren barruan (berria edo lehendik dagoena), luzera osoan zehar, aldizka harri handiak (Ø > 0,7 m) jarriko dira, behealdean ainguratuta. Horrela, uraren abiadura murriztuko da eta fauna errazago pasatuko da. Drainatzeen ohea (berriak edo lehendik daudenak) ahalik eta naturalena izan dadin saiatuko da, eta ahal dela ohe bereko materiala erabiliko da. Pasabidearen barruan ohe natural bat edukitzea bideragarria ez bada, tamaina desberdineko harriak jarriko dira, hondoan ainguratuta eta/edo ezarrita.
  • Pasabide lehorretan zeharkako konektagarritasuna bermatzeko, pasabidearen goiko aldea eta ohea arrapala baten bidez lotuko dira pasabidearen luzera osoan, 2H:1V eta 1H:1V arteko maldekin. Horrela, fauna pasabidean zehar igarotzen ahalko da plataformara, eta ez soilik kanpoko sarbideetatik. Azken horiek ahalik eta zabalenak izan beharko dute, eta inoiz ez 45 gradutik gorakoak. Arrapala igotzeko eremua zimurtsua izanen da, faunari igotzen/jaisten laguntzeko. Horretarako, harriak jarriko dira azaleraren > % 70ean.
  • Hurrengo ZDOetako akatsak zuzenduko dira eta/edo arrain fauna eta/edo lurrekoa mugitzeko egokituko dira (loturak ibaiertzarekin, goratzea urpean gelditzea saihesteko, etab.). Zehazki, honako hauek egokitu edo hobetu beharko dira:
    • Iruribieta erreka ZDO, 53+521. Iragazkorra izan behar du arrainentzat eta lurreko faunarentzat. 4 x 4,65eko ganga da; 25 metroko luzapena irteeran eta 12 metrokoa sarreran. Kasu honetan, eta ingurumen dokumentuak jasotzen duen bezala, Itagra Ct eta GEAk 2021ean idatzitako "Iruribieta errekaren azpiko pasabidea, N-121-A errepideko 53+500 KPn, Sunbillan (Nafarroa )" proposamenean jasotako irtenbideetako bat hartuko da kontuan. Egitura horren helburua da pasabide zatiaren erabateko iluntasuna saihestea. Horretarako, argi-zuloak eta ohearen argiztapen naturala ahalbidetzen duen ispilu sistema bat instalatuko dira, edo barnealdean foku artifizialak jarriko dira, eguneko orduetan argi naturalaren baldintzak simulatzeko.
    • ZDO 54+608, 3x2 markoa. 14 m-ko luzapena sarreran. Arrainentzat eta gainerako faunarentzat iragazkorra izan behar du. (Larrakaitz erreka).
    • ZDO 55+070, 1,2ko ganga. 3,5 x 2,5 marko batekin ordezkatzea. Arrainentzat eta gainerako faunarentzat iragazkorra izan behar du (Muga erreka).
    • ZDO 55+328, hodia; kasu honetan, 2 x 2 markoarekin ordeztea gomendatzen da (aldizkako erreka izengabea).
    • ZDO 60+230, C.D. Alcant. 2,4 x 1,5. 8 x 2,5 marko batekin ordezkatzea. Arrainentzat eta gainerako faunarentzat iragazkorra izan behar du (Zumeldi erreka).
    • ZDO 61+800, 6 x 4ko ganga. Luzapena: 7 m irteeran eta 10 m sarreran. Arrainentzat eta gainerako faunarentzat iragazkorra izan behar du (Apategi erreka).
    • ZDO 66+464 5 x 4,2 markoa, kutxetaren atzeraemangune brokala. Arrainentzat eta gainerako faunarentzat iragazkorra izan behar du (Sarralla erreka).
  • Gainera, Tximista errekaren 59+630 KPko eta 59+660 KPko pasabideak faunarendako pasabide gisa ebaluatu eta, hala badagokio, egokituko dira.

–Ukitutako Igantziko Nabasturen 1 eta Nabasturen 2 ubideen kasuan, honako hau hartu beharko da kontuan:

  • Ubideak hustu aurretik, arrain fauna kendu behar da, langile espezializatuek arrantza elektrikoko teknika erabiliz.
  • Basa-fauna, azienda, etxeko animaliak eta pertsonak ubidera eror ez daitezen beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dira. Horretarako, gomendagarriena ubideen goiko aldea estaltzea da.
  • Aire zabalean birjartzen badira, nahi gabe erori diren animaliendako irteera-arrapalak jarri beharko dira neurri zuzentzaile gisa.

–Oxygastra sorgin-orratza ez kaltetzeko, saihestu eginen da uraren ondoko lehen lerroko platano (Platanus spp.) eta haltz (Alnus glutinosa) aleak kentzea, ibilguan sustraiak badituzte.

–Gainera, urari lotutako espezieak babesteko, obren hondakinak toki estankoetan gordeko dira; horrela, obren hondakinak ez dira helduko ur lasterretara.

–Farolak paratuko badira, saguzarrak N-121 A errepidera joan ez daitezen, merkurio lanparen ordez sodio lanparak paratu behar lirateke, animalia horiek ez erakartzeko. Ez da erabili behar argi laranjarik ez gorririk, saguzarrentzat oso erakargarriak dira eta. Ahal dela, argia bidetik kanpo hedatzea eragotzi behar da.

–Zuhaitz zaharrak ipurditik moztu aurretik, kiropteroetan espezialista den teknikari batek ale bakoitza gainbegiratuko du, animalia talde horretako alerik ez dagoela berresteko. Jarduketa hori eraikinak, zubiak eta abar eraitsi aurretik ere eginen da, bereziki zaharrak badira, aurri egoeran badaude edo gutxi erabiltzen badira. Kiropterorik egonez gero, abisua emanen zaio berehala Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, behar diren babes neurriak ezar ditzan.

–Proiektua eginen den aldean animalia espezie batzuen migrazio-bideak daudenez gero, obrak egitean linea elektrikoak berriz paratu behar badira, abifauna babesteko neurriak ezartzen dituen 1432/2008 Errege Dekretuan xedatzen diren baldintzak bete beharko dira.

–Ugaztun handientzako perimetro-hesiak jarriko dira funtzio anitzeko azpiko pasabideen muturretan eta animalien pasabide gisa funtzionatzen duten eta txosten honetan adierazi diren ZDOetan (Iruribieta erreka ZDO 53+521, 54+608 ZDO (Larrakaitz erreka), 55+070 ZDO (Muga erreka), etab.). Errepidearen bi ertzetan hesiak jartzea gomendatzen da, 10 m eta 30 m arteko luzerarekin animaliendako pasabide gisa funtziona dezaketen egituren ahokaduretan, hegalen edo estribuen alde banatan.

–Inguruko hesiak honelakoak izan behar dira: sare zinegetikoz egindako hesia, 2,20 m-ko garaierakoa (oreinak daudelako), beheko igarobideetako muturrak barne (estribuetan ongi atxikita gelditu behar da), eta oinarrian 60 cm-ko beste hesi bat (zuloak 2 cm x 2 cm-koak), lurpean gutxienez 20 cm sartua, animalien igarobideez eta inguru-hesiez Ingurumeneko Ministerioak 2007an emandako preskripzio teknikoekin bat etorriz. Gainera, dauden itxituren hesiak eta ateak konpontzeko, aldatzeko eta mantentzeko betebeharra ezartzen da, akatsak dauden puntuetan.

–Inguruko itxiturek errepidera sartzeko bideak mozten badituzte, dagozkien igarobide kanadarrak paratu beharko dira; igarobide horiek ongi artatu beharko dira (hondoan sortzen diren landareak kontrolpean eduki beharko dira). Igarobide kanadarrean eror daitezkeen anfibioek eta beste animalia txiki batzuek ihes egiteko arrapala bat jarri beharko da parrillaren azpiko kutxan, Garraio Azpiegiturek eragindako Habitaten Zatiketari buruzko Lantaldean integratutako Batzorde Teknikoaren esparruan idatzitako animaliendako pasabideak eta perimetro-hesiak diseinatzeko baldintza teknikoen arabera.

4.–Obraren ingurumen integrazioa.

–Obrak bukatuta, ukitutako eremu guztiak leheneratuko dira, landare lurra zabalduz eta orraztuz, inguruko lurren fisiografiarekin ongi egokitzen den arte.

–Komenigarria da eraikuntza proiektuan adieraztea bioingeniaritzako teknikak erabili behar direla, eta tokian tokiko materialak hormigoiaren ordez: horma berdeak, geosareak, gunitatu ekologikoa, edo obrak natura-ingurunean ongi txertatzeko aukera ematen duen beste zeinahi teknika.

–Proposatutako landaketak osatzeko, 2,5 m-tik gorako basoko zuhaitz-landareak landatuko dira lubetetan eta fauna funtzio anitzeko pasabideetara, tunelen buruetara eta ZDO egokituetara eraman nahi den tarteetan. Espezieak ingurumen dokumentuan adierazitakoak izanen dira, baina haritz kandugabearen (Quercus petraea) ordez haritz kanduduna (Quercus robur) erabiliko da, eta ihar frantsesa (Acer monspessulanum) gehitzen ahalko da.

–Erriberak leheneratzeari dagokionez, makinak pasatzean ukitutako lurrak destrinkotzeko lanak egin beharko dira. Azalera horiek bertako espezieekin landareztatu beharko dira. Zehazki:

  • Lehenengo lerroan, ibilguen ondoan, sahats ilunak (Salix atrocinerea) eta zume gorriak (Salix purpurea subsp. Lambertiana, ahal dela inguruan bertan bildutako aldaxketan) jarriko dira, baina Bidasoa ibaian haltza (Alnus glutinosa) ere landatzen ahalko da oxygastrari laguntzeko. Ondoren, ibaiertzeko zuhaitz espezieak landatuko dira, batez ere haltzak.
  • Halaber, bigarren lerroan, beste espezie batzuk landa daitezke: lizarrak (Fraxinus excelsior), ezkiak (Tilia platyphyllos), astigarrak (Acer pseudoplatanus, A. campestre), intxaurrondoak (Juglans regia), gereziondoak (Prunus avium) edo otsagereziondoa (Prunus padus).
  • Bigarren lerro horretan, zuhaitzekin zuhaixka espezieak nahasten ahalko dira, hala nola intsusa beltza (Sambucus nigra), hurritza (Corylus avellana), zuhandor arrunta (Cornus sanguinea), arbustu arrunta (Ligustrum vulgare), etab.

–Zuhaitzak babestu behar dira abereek eta ungulatuek kimuak jan ez ditzaten. Nolanahi ere, ahal dela, ez da landatuko fruitu ugari ematen duen landarerik.

–Landarea mintegi baimenduetatik etorriko da, eta egiaztatu beharko da jatorrizko eskualdea eta jarduketa eremua berberak direla, bai eta ugalketarako baso material kategoria duela ere.

–Landaketa azaro-abenduan edo otsail-martxoan egin beharko da, izozteen garaitik kanpo, eta landatutakoa ureztatu beharko da.

–Landaketetan ez da produktu fitosanitariorik erabiltzen ahalko.

–Asfaltatutako hondar-aldeak lehengoratuko dira: zoladura erauzi eta landare-lurrez estali, eta landaretza berria ezarri (ereiteak, hidroereiteak eta landatzeak, behar izanez gero).

–Landareztatze lanak akitu eta gutxienez hiru urteko berme- eta mantentze-aldia izanen dute.

5.–Zarata.

–Eraikuntza proiektuak kalitate akustikoaren helburuak beteko ditu, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak xedatzen duenarekin bat etorriz.

6.–Maileguak, lurren deposituak, instalazio osagarrien eremuak eta hondakinen kudeaketa.

–Mailegu materiala hurbil dagoen merkataritza instalazio baimendu batekoa izanen da, ingurumen dokumentuan xedatutakoari jarraiki.

–Hondakinen Atalari justifikatu beharko zaio proiektuari buruzko 2025eko maiatzaren 8ko txostena betetzen dela honako honi dagokionez:

  • Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 3. artikuluak ezartzen duenez, legea ez zaie aplikatuko, besteak beste, lurzoru kutsatutzat jotzeko irizpideak eta estandarrak gainditzen ez dituzten induskatutako lurzoruei eta eraikuntza jardueretan induskatutako beste material natural batzuei, baldin eta ziur badakigu material horiek eraikuntza lanetarako erabiliko direla, haien egoera naturalean erauziak izan ziren tokian edo obran.
  • Legeak hondakinak balorizatzeko eta ezabatzeko eragiketak aurreikusten ditu.
  • Alde batetik, R0508 eragiketa planteatzen da –Material inorganikoen balorizazioa betelan eragiketetan (backfilling)–, hau da, hondakin arriskugabe egokiekin betelanak egitea, meatze zuloak berroneratzeko, eraikuntzarako, atontze-lanetarako, eta pasaia lehengoratzeko eta pasaia ingeniaritzako lanak egiteko. Kasu horretan, balorizazio eragiketa horren baldintzak betetzen direla justifikatu beharko da.
  • Bestalde, hondakinak kudeatzeko R1001 eragiketak egitea planteatzen da (Hondakinen balorizazioa, nekazaritzako lurzoruetan eta lorezaintzan). Kasu horretan, balorizazio eragiketa horren baldintzak betetzen direla justifikatu beharko da.
  • Azkenik, D0501 eragiketa planteatzen da, hau da, hondakin geldoak zabortegietan uztea. Kasu horretan, 646/2020 Errege Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira (646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena), bai eta Nafarroako Hondakinen 2020-2027 Planaren xedapenak ere zabortegien kokalekuari dagokionez.

Obrak akiturikoan, ingurunea garbi geratu behar da, hondakinik eta obra hondarrik gabe.

–Espresuki debekatuta dago ibai ibilgura ezer isurtzea edo jariatzea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak, erretxinak, pinturak, bernizak, morteroak eta hormigoia. Substantzia fresko horiek uretara iristeak berehala akabatzen du arrain fauna.

–Obra hondakin guztiak hondakinen kudeatzaile baimendu baten eskura jarri beharko dira, araudian bertan ezarritako moduan.

7.–Ondare historikoa, memoria historikoa eta baliabide turistikoak babesteko neurriak.

–Obrak hasi aurretik, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuaren aldeko txostena eduki beharko da.

–Eraikuntza proiektuak kontuan hartu beharko du txosten honetan adierazitako memoria historikoko lekuetan sastrakak kentzeko eta lurrak mugitzeko lanak eteteko aukera. Berako Udalak bere txostenean adierazten duen bezala, Argaitz harrobiaren ondoko memoria historikoaren gunerako sarbidea mantendu behar da (erregistro zenbakia: LM-2019-0014).

–Eraikuntza proiektuak kontuan hartu beharko du GR11 GR Trekking Bidasoa bidea berriz paratzea (1. etapa GR 11 - GR 11.3).

8.–Ingurumen jarraipena:

–Obra hondarreko dokumentu bat entregatu beharko da, ingurumen inpaktuaren txosten honetan adierazitako eraginak prebenitzeko eta zuzentzeko neurrien ezarpenari buruzko informazioa jasoko duena.

–Eraikuntza proiektuak ingurumen jarraipeneko plan bat izanen du, aurrekontua behar bezala eginda. Plan horretan, bideak faunarentzat duen iragazkortasuna laguntzen edo arriskuan jartzen duten errepideko elementuen egoera, funtzionaltasuna eta eraginkortasuna aztertuko dira (animaliendako pasabideak, erdiko hesia, perimetro-itxitura, ihes sistemak, igarobide kanadarrak, etab.). Jarraipen planak, eraikuntza proiektuak bezalaxe, Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren adostasuna lortu beharko du, eta gutxienez bost urteko iraupena izanen du. Halaber, egokitutako egituretan eta/edo faunaren pasabideetan kamara-tranpa bidezko laginketak eta aztarnen berrikuspena jasoko ditu, urteko zikloan garrantzi biologiko handiena duten garaietan, hala nola araldian eta sakabanaketan. Gutxienez hiru hilabeteko laginketa aldia izan beharko du garai horietako bakoitzerako, zeinak batez ere udaberrian eta udazkenean gertatzen baitira, hurrenez hurren. Gainera, egituren ur mailak erregistratuko dira haien eraginkortasuna eta bidearen iragazkortasuna zehazteko eta aulki lehorren eta arrapalen altuera eraginkortasunez zuzentzeko, eta, behar izanez gero, funtzionaltasuna ziurtatzeko.

–Ingurumena zaintzeko planaren emaitzen berri jakin ondoren, ezusteko eraginik egonez gero, batez ere errepidearen iragazkortasunean eta animaliak harrapatzeko arriskuan, horiek murrizteko neurri osagarriak ezarri beharko dira.

3. Baimen honek ez du sustatzailea salbuesten indarreko legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik (bereziki, Kantaurialdeko Konfederazio Hidrografikoarenak).

4. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuari, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Sunbilla, Igantzi, Lesaka, Etxalar eta Berako udalei eta Basozaintzari (Bidasoko barrutia) helaraztea, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko uztailaren 3an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–UKITURIKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOENTZAT ETA INTERESDUNENTZAT IREKITAKO KONTSULTA IZAPIDEAREN EMAITZA

Sunbilla, Igantzi, Lesaka, Etxalar eta Berako udalei eta Nafarroako Gobernuko unitateei egin zitzaien kontsulta; hots, honako hauei: Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala, Ondare Arkitektonikoaren Atala, Hondakinen Atala, Arrantza Kudeaketarako Atala, Basoak Kudeatzeko Atala, Ehiza Kudeaketaren Atala, Paisaiaren eta Landa Lurzoruaren Atala, Kantaurialdeko Konfederazio Hidrografikoa, Ekologistak Martxan Iruñea, Gurelur-Natura Ingurunea Babesteko Nafarroako Funtsa, Lurra-Lurra Babesteko Elkartea, Nafarroako Ehiza Federazioa, ADECANA Nafarroako Ehiztarien Elkartea, Nafarroako Arrantza Federazioa, Bidasoko Zerbitzu Zentroa, Sustrai Erakuntza Fundazioa eta Eléctrica Navasturen SL zentral hidroelektrikoari.

Erantzun hauek jaso dira:

Lesakako Udalak María Amaya Marichalar Goyaren alegazioa helarazi zuen, Alkaiaga auzorako sarbidean (NA-121A errepidetik, Iruñerako norabidean, Alkaiagako tunelaren ondoren) inpaktu akustikoa handitzeari buruzkoa. Puntu horretan, bidea bi erreira zabalduko da, eta, gainera, egun errepidearen ondoan dagoen landare pantaila ezabatuko da. Alegazioak zera eskatzen du: egungo landare pantaila ez kentzea edo ez murriztea, dagoen zuloa ez handiagotzea etxebizitzek zaratarekiko duten esposizioa ez handitzeko, eta soinu-hesia jartzea.

Berako Udalak 2024ko irailaren 3ko txostena bidali zuen, eta udal teknikariaren eta María Teresa Korta partikularraren 2024ko abuztuaren 20ko txostena erantsi zuen.

Udalak txostenean adierazi zuenez, Argaitz harrobiaren ondoko memoria historikoaren gunerako sarbidea mantendu behar da.

Zalain auzorako pantaila akustikoari dagokionez (65+035 KPtik 65+218 KPra arte doa), jakinarazi zen 2021ean jada eskatu zela hesia 64+900 KPan hastea, eta zubiaren 65+000 KPko zatia barne hartzea. Txostenaren arabera, fatxadetako egungo maila akustikoa 65-70 dB-koa da, eta, proposatutako babes neurriak hartu ondoren, 55-60 dB-koa izanen dela kalkulatzen da. Nahiz eta legezko mugatik behera gelditu, udal horrek berriz eskatu du behar den pantaila-luzera ezartzeko; izan ere, 64+900 KPan, bide nagusiko trafikoa aldapan dagoen eskuineko ertzeko azelerazio-erreiarekin elkartzen da, zeina batez ere gasolina hartu duten kamioiek erabiltzen duten. Klaxona erabiltzea debekatzea ere eskatu dute.

Ziurtzat jotzen dute tarte horretan dagoen landare pantaila mantenduko dela eta 65+218 KPraino zabalduko dela, nahiz eta 65+300 KPraino marraztu, horra ailegatu behar baita benetan.

Udal teknikariaren txostenak jasotzen duenez, lur-erauzketak irekitzeko lehergaiak erabiltzen badira, ingurumena zaintzeko programan (IZP) prozedura horien kontrolerako eta jarraipenerako protokoloa txertatu behar da. Beharrezkotzat jotzen dute aire uhinek eta bibrazioek eragindako eragozpenak eta kalteak prebenitzeko eta kontrolatzeko neurriak hartzea, errepidearen inguruan eraikin asko daudela kontuan hartuta.

Gainera, 1. alternatibaren ordez 2. alternatiba aukeratzeko justifikazioa hobea izatea gomendatzen du. Alternatiba horrek NA-1210 errepidearen tarte bat erabiltzen du 100 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua duten lursailetan, eta Bidasoa ibaia bi errepideren artean mugatzen du, hesi efektua areagotuz, ibaiertzei eraginez eta habitatak zatituz, 1. alternatibaren ordez. Inpaktu horiek kontuan hartu behar dira, eta ez soilik trafikoaren segurtasunari eta arintasunari begirako onurak.

María Teresa Kortak Zalain auzoko bizilagunen izenean aurkeztutako alegazioa jaso da Berako Udalaren bidez. Idazki horretan, N-121A errepideko trafikoaren ondorioz aspalditik jasan behar duten zarataren inpaktua aipatzen da.

Kalitate akustikoko helburuei eta erreferentzia mailei buruzko argibideak eskatu dituzte. Gai berari dagokionez, adierazi dute neurketak 7 metroan egin behar zirela (2. solairuko etxebizitzen altuera), eta ez 4 metroan; hortaz, ez dituzte fidagarritzat jotzen zarata azterketarekin batera aurkeztutako zarataren mapak.

Kalkuluak egiteko benetako neurketen daturik eta neurketak egin diren tarteen aipamenik ez dagoela salatu dute. Era berean, ez dira zehaztu egunean pasatzen diren ibilgailuak, ezta ibilgailu astunen ehunekoa ere.

Egungo eta etorkizuneko egoeraren konparazioari dagokionez, ez dute fidagarritzat jotzen, 2041eko etorkizuneko trafikoa zehazteke baitago, azterlanak adierazten duen 2 dB-ko zarata-igoera; igoera horrek, bestalde, ez ditu eguna eta gaua bereizten.

Neurri zuzentzaileak dituzten ukitutako eremuen azterketa xeheari dagokionez, alegazioak eskatzen du, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean oinarrituta, lege horrek ezartzen dituen mugak ezagututa eta ezarritako balioak edo helburuak lortzen ez badira, pantaila bat jartzea 64+850 KPtik 65+300 KPraino, 65+000 KPko zubiaren zatia barne hartuta.

Landareztatu daitezkeen pantailei dagokienez, proiektuaren arabera, landaketak egiteko lekurik ez badago txapa zulatuzko pantailak erabiliko dira, eta, beraz, auzoko bizilagunekin harremanetan jartzeko eskatu dute, irtenbiderik onena bilatzeko. Gainera, araua eguneratu dela ohartarazi dute eta eskatu dute, ahal den neurrian, egungo landare pantaila mantentzeko, mantentze-lan egokiak eginez, nahiz eta eremu horretan linea elektriko bat egoteak mugak dakartzala jakin.

Eremu horretarako proiektatu den pantailari dagokionez, aurreikusi direnak baino pantaila altuagoak eta lodiagoak dituzten simulazio berriak eskatu dituzte. Halaber, panelak instalatu aurretik eta ondoren neurketak egiteko eskatu dute, legezko helburuak zenbateraino betetzen diren egiaztatzeko.

Etxebizitza batzuetako (ez guztietan) zarataren mapetan bat ez datozen zarata-intzidentzien datuak bildu direla adierazi dute. Era berean, ez da ezer aipatzen behe-maiztasuneko osagaiei buruz, ezta bibrazioei buruz ere. Azterketa osoa eskatzen da.

Ondorio gisa, adierazi dute simulazioa datu nahikorik gabe egin dela, eta azaldu dute neurri zuzentzaileak aplikatu ondoren egungo 65-70 dB mailatik 55-60dB mailara igaroko dela; beraz, emaitza anbiziotsuagoak eskatu dituzte, gizakien eta animalien osasunerako etorkizunean eska daitezkeen aurreikuspenak kontuan hartuta. Inguruko beste bide batzuen (gasolindegia eta industrialdea) inpaktu erantsia ere aipatu dute, bai eta hura murrizteko 64+850 KParen parean biribilgune bat eraikitzeko aukera ere, trafikoa auzotik urruntzeko. Arazoa konpontzeko baliabide ekonomikoak eta borondatea eskatu dituzte, baita N-121A errepidean eta inguruko bideetan trafikoa murriztea ere.

Nabasturengo zentral hidroelektrikoak txostena igorri zuen 2024ko abuztuaren 14an, eta adierazi zuen proiektuak zentral hidroelektrikoaren ubideari eraginen diola aire zabaleko tarte osoan (bi azpitarte), NA-4400 errepidearekiko loturatik (Etxalarko lotura) harguneraino. Ubidea gaur egungo NA-1210 errepidearekiko gutxi gorabehera paraleloan doa, zeina etorkizuneko N-121 A-ren eskuineko galtzada izanen baita.

Txostenean, kanala birjartzeko obren alternatiben azterketarik ez dagoela salatu dute, eta kanal hori birjartzeak ingurumenean eraginen dituen inpaktuak identifikatu dituzte:

Landarediaren gaineko eraginaren kuantifikaziorik eza aipatu dute, eta ubidearen eremuko eta haren inguruko landarediaren kartografia eskatu dute, hobekien kontserbatuta dauden eremuak nabarmenduta eta jarduketak ukituko dituen zuhaitzak adierazita. Gainera, deribazio kanalen eremuan egon daitezkeen flora espezie nagusien eta katalogatutako floraren (Carex cespitosa, Carex strigosa, Carpinus betulus, Cystopteris diaphana, Vandenboschia speciosa) xehetasun gehiagoren aurretiazko azterketa eskatu dute.

Faunari dagokionez, landa-inbentario bat egiteko eskatu dute, garai egokian, ubidearen inguruan ikusi diren espezieak eta ubidearen presentziak gehien kaltetu ditzakeenak identifikatzeko, bereziki fauna katalogatua (igaraba, bisoia eta Pirinioetako desmana). Prebentzio eta zuzenketa neurriak ezartzeko beharra adierazi dute.

Beste apartatu batean, Nabasturengo ubidearen deribazioak Bidasoa ibaia KBEko funtsezko elementuetan izan ditzakeen inpaktuak aipatu dituzte, eta, zehazki, Nabasturengo ubideko jarduketek kaltetu ditzaketen funtsezko elementuak: flora mehatxatua, bisoi europarra eta igaraba, Pirinioetako desmana eta Oxygastra curtisii sorgin-orratza. Habitaten kartografia xehatua eskatu dute.

Paisaiaren azterketa bat egiteko eskatu dute, Nafarroa Atlantikoko 2. LAPeko (Bortziriak) paisaia dokumentuak kontuan hartuta. Paisaiaren balorazioan honako hauek sartuko dira: ikusgarritasuna, paisaia unitateak, dinamika eta prozesuak, paisaiaren ebaluazioa, paisaiaren elementuak, kalitate helburuak eta paisaiaren zonifikazioa.

Gainera, txostenak aipatzen du balorazio orokorra egiten dela ingurumen inpaktuaren ebaluazioari eta faunaren gaineko prebentzio eta zuzenketa neurrien proposamenari dagokienez, eta, zehazkiago, kanalaren eremuan faunaren gaineko inpaktuak saihesteko neurriei dagokienez. Ubidearen gaineko jarduketak ingurumena lehengoratzeko neurri espezifikoak jaso beharko ditu, inpaktuak arintzeko eta zuzentzeko. Neurri horiek xehe-xeheak izan beharko dira.

Azkenik, ingurumena zaintzeko plan espezifiko bat eskatu dute, Nabasturengo ubidearen eremurako neurri zehatzak ezarriko dituena ingurumen inpaktuak kontrolatzeko, batez ere landarediaren eta habitaten, faunaren (bereziki katalogatutakoa eta handiena) eta paisaiaren gainekoak.

Hondakinen Atalak, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean oinarrituta, proiektuko hondeaketa-soberakinen eragiketek bete behar dituzten baldintzak ezarri ditu, azken destinoaren arabera. Uste dute ezen, proiektuan induskatutako lurzoruak zabortegi izeneko kokalekuetara bidaltzea planteatu denez, ez direla erauziko diren lekuan eta egoera naturalean erabiliko eraikuntzarako, eta, beraz, apirilaren 8ko 7/2022 Legea aplikatu behar zaie.

Gainera, adierazi dute ez dela zehaztu zabortegi deiturikoa balorizazio eragiketa gisa planteatzen den edo induskatutako material naturalak eta eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak ezabatzeko eragiketa gisa planteatzen den.

Era berean, betelanen kasuan (meatze zuloen backfillinga eraikuntzarako, atontze-lanetarako eta pasaia lehengoratzeko eta pasaia ingeniaritzako lanak egiteko), mota horretako balorizazio eragiketak egiteko baldintzak betetzen direla justifikatu behar dela ohartarazi dute. Gauza bera gertatzen da hondakinak kudeatzeko R1001 eragiketen kasuan (hondakinen balorizazioa, nekazaritzako lurzoruetan eta lorezaintzan) edo R1002 eragiketen kasuan (hondakinen balorizazioa, lurzoru degradatuak lehengoratzeko).

Azkenik, adierazi dute sustatzaileak D0501 eragiketa bat planteatzen badu (hondakin geldoak zabortegietan uztea), proiektuak 646/2020 Errege Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dituela (646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena), bai eta Nafarroako Hondakinen 2020-2027 Planaren xedapenak ere zabortegien kokalekuari dagokionez.

2025eko maiatzaren 8ko bigarren txosten batean, atal horrek hasierako txostenean azaldutakoa berretsi zuen. Dokumentu horien baldintzak ingurumen inpaktuaren txosten honetan jaso dira.

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak aldatuko den errepidearen zaratari buruzko informazioa eman du. Lehenik eta behin, adierazi du azpiegituren bide-ardatz handietan ingurumen zarata ebaluatzeko eta kudeatzeko organo eskuduna ez denez, txostenaren ondorioak orientabidetzat bakarrik jo behar direla, eta eskumenen edo egituren betearazpenaren gaiak Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari formulatu behar zaizkiola.

Jakinarazi dute, halaber, alegazioen gogoetak 2002/49/EE Zuzentarauaren aplikazioaren laugarren fasean lortutako emaitzetan oinarrituta ebaluatu beharko direla, eta erreferentzia gisa hartuta kutsadura akustikoaren arloan ezarritako araudia, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea eta hura garatzeko araudia.

Atal hori bat dator "landareztatu daitezkeen pantailak" instalatzeko aukerarekin, eta ez eragin mugatua duten landare pantaila hutsak jartzearekin; izan ere, pantaila horiek ondorio ukigarriak eta neurgarriak dituzte soinu-immisioa arintzeari dagokionez, eta bi aldeetatik landareztatu daitezke paisaia arrazoi hutsengatik.

Soinu-immisioa kalkulatzeko erabilitako oinarrizko balioei dagokienez, jakinarazi dute Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak emandakoak izan beharko dutela, 2002/49/EE Zuzentarauaren laugarren aplikazio faseari lotutako bide-ardatz handien Zarataren gaineko Mapa Estrategikoetan oinarrituta, bai eta bidearen trafikoan kalkulatzen den igoera eta soinu-emisioari dagokionez duen eragina ere.

Egokitzat jotzen da immisioaren modelizazioa egiteko behar bezala egiaztatutako tresna informatikoak eta prozedurak erabiltzea neurketak egitearen ordez. Modelizazio horiek 4 metroko garaieran eginen dira, oro har onartutako altuera eta abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuaren IV. eranskinean (Zarataren kartografia estrategikoari buruzko gutxieneko betekizunak) adierazitakoa. Errege Dekretu horrek Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen du, ingurumen zarataren ebaluazioari eta kudeaketari dagokienez.

Azkenik, hartutako neurrien egokitasuna egiaztatzea gomendatu dute, kalte handiena jasanen duten fatxadetako benetako eragina aztertzeko neurketak eginez.

Basoak Kudeatzeko Atalak, bere txostenean, zeharkako drainatze-obra batzuk aldatzeak –ingurumen inpaktuaren txosten honetan kontuan hartu dira– Bidasoa KBEari sortutako eraginak identifikatu ditu.

Gainera, lurren zabortegiak ustiatzeak eraginen dituen kalteak adierazi dituzte, eta proiektuak ukitutako ur-ibilgu artifizialak (ubideak) identifikatu dituzte: Igantziko ubidea eta Nabasturen 1 ubidea birjartzea.

Atal horrek ondorioztatu du, bere eskumenak kontuan hartuta, ez dagoela eragozpenik eskaeran jasotako jarduketak baimentzeko, betiere adierazi dituzten inpaktuetarako ezarri dutena betetzen bada (ZDOen iragazkortasuna hobetzea, zabortegietan inpaktuak minimizatzea eta horiek leheneratzea eta behar bezala birjartzea, ingurumenaren ikuspegitik, Igantzi eta Nabasturengo ubideak), bai eta bestelako neurriak betetzen badira ere (erromatarren galtzada babestea, inpaktuak konpentsatzea inguruko beste lekuren batean birpopulatzearen bidez, eta flora exotikoa kontrolatzea, bereziki zabortegiak lehengoratzean eta ezpondak landareztatzeko lanetan, baldin eta bertako espezieak erabiltzen badira). Ibaiertzeko landaredia berreskuratzeari dagokionez, Alnus glutinosa espeziea erabiliko da.

Arrantza Kudeaketarako Atalak proiektuaren eta ingurumen dokumentuaren laburpen bat aurkeztu du, obra fasean zein ustiapen fasean ukituko diren inguruneko osagai bakoitzaren gaineko ingurumen inpaktuak adierazita.

Ibai-ingurunearen gaineko eraginak baloratu dituzte, eta obrek etenen dituzten hainbat ibai-ibilguren 40 puntu identifikatu dituzte, bai eta ia 2,2 km ubide birjarri beharko direla ere.

Ingurumen inbentarioaren gabezien berri eman dute, ez baitira kontuan hartu katalogatutako espezieak (hala nola Oxygastra curtisii) edo saguzarrak, baita proposatutako inpaktu-neurri zuzentzaile batzuen zehaztapen faltaren berri ere. Arrain faunaren iragazkortasun arazoak aztertu dituzte, eta arrain faunarentzako pasabideak instalatzeko bideragarriak diren drainatze-obrak aztertzeko eta irtenbide teknikoa zehazteko eskatu dute.

Ibai-ingurunearen gaineko balizko inpaktuak identifikatu ondoren, obrak egitean nahiz obrak akitu ondoren aplikatu beharreko hainbat jarraibide proposatu dituzte, hautemandako inpaktuak minimizatzeko, leheneratzeko edo konpentsatzeko. Ezarritako baldintza guztiak ingurumen inpaktuaren txosten honetako baldintzetan sartu dira.

Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak (Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia)

bi txosten egin ditu. 2025eko martxoaren 13ko txostenak obrako hondeatze-material naturalen kudeaketa jorratzen du, eta Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legea aplikatuz balorizatzea planteatzen du, honako eragiketa hauen bidez:

–1. R0508 eragiketa, material inorganikoen balorizazioa betelan eragiketetan (backfillinga, Sunbillako 2. poligonoko 102. eta 103. lurzatietan dagoen harrobi zaharra lehengoratzearen bidez).

–2. R1001 eragiketa, hondakinen balorizazioa nekazaritzako lurzoruetan eta lorezaintzan: Eragiketa hori honako eremu hauetarako planteatzen da: Etxalarko 24. poligonoko 1. lurzatiko A eta E azpilurzatiak; Lesakako 3. poligonoko 388. lurzatia (A eta B azpilurzatiak) eta 538. lurzatia (A azpilurzatia); Berako 1. poligonoko 65. lurzatia (E azpilurzatia), 56. lurzatia (A eta B azpilurzatiak), 2. lurzatia (A azpilurzatia) eta 3. lurzatia (A, B, C, D, E eta F azpilurzatiak).

–3. D0501 eragiketa, hondakin geldoak zabortegietan uztea gainerako bolumenerako.

"Zaratari" buruzko 2025eko martxoaren 20ko txostenak adierazten duenez, aintzat hartutako etorkizuneko urtearen (2041) eta errepiderako aurreikusitako etorkizuneko diseinuaren arabera, gainditu egiten dira lehendik dauden eremu urbanizatuetarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak, Zaratari buruzko 37/2003 Legea garatzen duen 1367/2007 Errege Dekretuaren II. eranskineko A taulan jasotakoak. Erabilitako metodologia Europako Batzordeak garatutakoa da: 1513/2005 Errege Dekretuan jasotako CNOSSOS-EU metodoa. Puntu horietan, jakinarazi dute proiektuak, teknikoki bideragarritzat jotzen den lekuetan eta 37/2003 Legearen hamargarren xedapen gehigarriak jasotzen duen bezala, kasuaren arabera dimentsionatutako pantaila akustikoak jartzea planteatuko duela.

Paisaiaren eta Landa Lurzoruaren Atalak 2025eko apirilaren 11n jakinarazi zuen lurralde eta hirigintza antolamenduaren arloan kontuan hartu behar dela Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak ezarritako esparrua.

Adierazi dute azpiegitura, funtsean, lurzoru urbanizaezinean garatuko dela, eta lehen balorazioa eginda badirudiela proposamena bateragarria dela lurralde garapeneko ereduarekin eta aplikatu beharreko Lurralde Antolamenduko Planaren xedapenekin (LAP-2 "Nafarroa Atlantikoa").

Bestelako lurralde inpaktu edo/eta inpaktu sektorialei dagokienez, gogorarazi dute, obrak egin aurretik, beharrezkoak diren kontsulta guztiak egin behar direla, eta, hala badagokio, gaiaren arabera dagokien baimenak eman behar dituztela administrazio publikoetako edo erakundeetako organoek. Azkenik, trazadurak ukitutako herritarren arriskuei dagokienez, adierazi dute behar diren neurriak hartu behar direla oinezkoen eta bizikleten segurtasuna konpontzeko, ibilgailuek animaliekin talka ez egiteko eta errepidearekin konektatutako jarduera guztietarako sarbidea bermatzeko.

Iragarkiaren kodea: F2509502