Iragarkia
157. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 7a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
633E/2025 EBAZPENA, uztailaren 3koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, N-121-A errepidea 22+500 eta 35+300 KPen artean ("Arraizko Benten saihesbidea") 2+1 bide bihurtzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiten duena. Sustatzailea Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuko Azterlan eta Proiektuen Zerbitzua da.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura hasteko, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuko Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak, organo sustatzaile eta substantibo gisa, N-121-A errepidea 22+500 eta 35+300 KPen artean ("Arraizko Benten saihesbidea") 2+1 bide bihurtzeko proiektua igorri dio Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari.
Deskribatutako proiektuaren ezaugarriak direla-eta, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 7. taldeko i) apartatuan sartzen da jarduera. Beraz, han ezarritakoaren arabera, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.
1. Ingurumen-eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura izapidetzea.
2024ko apirilean, Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskatu zuen, proiektu honetarako: N-121-A errepidea 22+500 eta 35+300 KPen artean ("Arraizko Benten saihesbidea") 2+1 bide bihurtzeko proiektua.
Aurkeztutako dokumentazioaren barruan, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehaztutako edukiarekin bat datorren ingurumen-dokumentua dago, bai eta bidearen oinplanoak eta lur-deposituen planoak ere. Ondoren, Ingurumen Ebaluazioko Atalak eskatuta, azterlanaren xede den tartearen luzetarako eta zeharkako profilak gehitu dira.
2023ko maiatzaren 21ean, 21/2013 Legearen 46. artikuluarekin bat etorrita, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, eta ez zuen horri buruzko erantzunik jaso.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen duenez, ingurumen organoak ebazpen arrazoitu batez erabakiko du proiektuak ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta ala ingurumen eraginaren txostena behar duen, txosten honetan ezartzen denarekin bat etorriz.
Azterlanean honako hauek sartzen dira: alternatiben analisia, eragina izan dezaketen ingurumen-faktoreen deskribapena, proiektua gauzatzeak horien gainean dituen ondorioen ebaluazioa, barnean hartuta sinergia- eta metatze-ondorioak eta istripu larrien edo hondamendien arriskuarekiko kalteberatasunaren ondoriozkoak, neurri babesleak eta zuzentzaileak, eta ingurumena zaintzeko plana. Azterlanaren arabera, proiektua gauzatzea bideragarria da ingurumenaren aldetik.
Aurrekariak.
2019-2020 urteetan, N-121A errepidea 22+500 eta 40+900 KPen artean 2+1 bide bihurtzeko proiektua izapidetu zen ingurumen-administrazio honetan, bide-segurtasuna eta gidaritza hobetzeko. Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuarekin bat, ingurumen-ukipenetarako baimena behar duen proiektuak ingurumen-ukipenen aldeko txostena du, 2020ko ekainaren 16koa, zenbait baldintzarekin.
Txosten horrek zaratak eragindako inpaktua eta faunaren gaineko zatiketa-efektua nabarmentzen zituen, neurri zuzentzaileak hartzeko kontuan hartu beharreko inpaktu garrantzitsu gisa. Horrez gain, Arraizko Bentetako saihesbidea eraikitzeko beharra aipatu zuen. Saihesbide hori da bide bakarra errepidearen inpaktua arintzeko, bai pertsonak harrapatzeko eta ibilgailuen arteko istripuak izateko arriskuagatik, bai etxebizitzen gaineko zirkulazioak sortutako zaratagatik, zeina ezin baita konpondu neurri zuzentzaileak aplikatuta.
2. Proiektuaren deskribapena.
Iruña-Behobia N-121A errepidea 22+500 eta 35+300 KPen artean 2+1 tipologia bihurtzeko jarduketak garatzen ditu proiektuak. Helburua bide-segurtasuna eta gidaritza hobetzea da, kontrako erreia inbaditzea eta ezkerrera biratzea saihestuz. Bide berria 22+500 eta 26+750 KP artean hesituko da. Proiektuak ondoko jarduketa hauek jaso ditu.
1.–22+500 eta 26+470 KPen artean trazadura-saihesbide bat eraikitzea, Arraizko Bentetako herriguneko zeharbidea kentzeko.
Saihesbidean planteatzen dira: 2+1 motako errepidea, norabide bakoitzean tarte erregular samarrekin; errei bat duten tarteak; eta aurreratzeak egiteko bi errei dituzten tarteak. Hiru trazadura-hautabideren irizpide anitzeko azterketa egin da, eta helburu funtzionalak, ingurumenekoak, lurraldekoak eta ekonomikoak haztatu ondoren, zentroko alternatiba hautatu da, beste bien aldean helburu funtzional eta ekonomikoetan duen abantailagatik. Hau da saihesbidean erabilitako sekzio-eredua:

Arraizko Bentekiko lotunea pisudun diamante tipologiarekin diseinatu da, NA-4230 errepidearen gainean bi biribilgunetara konektatutako 4 adarrez osatua, bi azpiegitura horien arteko mugimendu guztiak ahalbidetuz.
Txostenaren xede den zatiaren hasieran, N-121A errepidearen egungo trazadura uzten denetik (23. KP, gutxi gorabehera), hariztiaren hasieran faunaren gaineko pasabidea proiektatzen den tokiraino (23+500 KP, gutxi gorabehera) planteatutako lur-erauzketa nabarmentzen da. Horren ondoren, lubeta-zati bat dago, Legartza errekarekiko bidegurutzea igaro arte (23+900 kp, gutxi gorabehera). Eremu horretan, saihesbideak harizti-masa zatitzen du, baina efektu hori partzialki konpentsatzen da 23+260 KPan proposatutako goiko pasabidearekin, beheko drainatze eta kanalizazioekin, eta kaltetutako baso-azalera leheneratzearekin eta/edo basoberritzearekin. Ondoren, Ultzama ibaiaren eta NA-4230 errepidearen arteko bidegurutzearen inguruan egin beharreko lur-mugimenduak nabarmentzen dira, eta, azkenik, lubaki-trazadura, lur-erauzketa eta guzti, Arraizko Benten parean eta N-121A errepidearen egungo trazaduran sartu arte (26+100 KP inguru).
2.–Belateko lotunea aldatzea 26+470 eta 26+750 KPen artean.
Plataforma pixka bat handitzea eta Belateko tunelera iristen diren adarren azken zatia aldatzea aurreikusten da. Gainera, beharrezkotzat jotzen da N-1210 errepidearekiko atxikipenean dagoen korapiloaren geometria aldatzea; izan ere, gaur egungo diamante motari eusten dio, baina adarren luzera handitzen du eta biraketa-erradioak hobetzen ditu, zeharkako sekzioa zabaltzen du eta abiadura aldatzeko errailak eta falkak gehitzen ditu.
3.–Almandozko lotunea aldatzea 34+460 eta 35+350 KPen artean.
Almandozko tunela bikoizteak loturaren zeharkako sekzioa birmoldatzera behartzen du, egungo diamante motari ere eusten baitio, adarren eta enbor nagusiaren arteko lotura-puntua garatutako geometria berrira egokituz, lur-erauzketa eta lubeta bolumen handirik gabe.
4.–Bizikleta-bidea.
Txirrindularientzako arriskugarritasuna dela-eta, eta horiek ibilgailuen zirkulazioan eragiten duten distortsioa dela eta, N-121A errepidean proiektatutako aldaketaren ondoren, debekatuta egonen da bizikleten zirkulazioa NA-1210 errepidetik edo aldaera desberdinetatik, Arraizko Bentetako saihesbidea barne, ibilbide alternatiboa duten tarte guztietan.
Horrela, azterlanaren aurreko zatian, txirrindularien joan-etorria Lantz herrirantz bideratzen da NA-2523 errepidearen bidez, eta txostenaren xede den zatian 5,0 metroko zabalerako bide bat proiektatzen da, NA-2523 errepidetik egungo NA-121A errepidearen zatiraino jarraituko duena. Tarte hori ez da erabiltzen, eta txirrindularien zirkulazioa ahalbidetzeko egokituko da, Arraizko Bentetako egungo zeharbidearen akaberara arte. Puntu horretan bide/tarte berri bat proiektatuko da bizikletaz ibiltzeko, Belateko eta NA-1210 errepidearekiko lotunera artekoa.
Proiektuko lur-balantzea ikusita, Arraizko Bentetako saihesbidea egiteko eta Belateko lotunea aldatzeko lanetan, hondeatutako material-soberakin handia sortuko da (401.674 m³ lur-erauzketan induskatzeko, eta 59.908 m³ landare-lurra eta 169.187 m³ lubeta-lurra). Beraz, honako lur-biltegi hauek proiektatu dira:
1.–Ultzamako 8. poligonoko 54. lurzatia, eta zati bat Lanzko 5. poligonoko 256. lurzatian; 120.000 m³ edukiera eta 5,0 m-ko batez besteko altuera ditu.
2.–Lanzko 5. poligonoko 191G eta 191J lurzatiak, 272.165,98 m³ edukiera eta 5,0 m-ko batez besteko altuera dutenak.
3.–Ultzamako 9. poligonoko 40 eta 69 lurzatiak, Arraizko Bentetako saihesbidean proiektatutako loturaren eskuinaldean kokatuak, batez beste 4,5 m-ko altuera izanen duen lur-izpi/-kabailoi bat osatuz, 31.837 m³ lur beharko dituena.
Almandozko lotunea birmoldatzeko soberako lurren bolumena 10.053 m³ izanen dela aurreikusten da. Horretarako, Baztango 2. poligonoko 315, 317, 318, 319 eta 537 lurzatietan lur-biltegi bat egitea aurreikusten da.
Bestalde, aldi baterako okupazio-eremu batzuk hautatu dira kontratistaren instalazio zentraletarako, beharrezko aldi baterako metaketetarako, obra-lekuetarako instalazio osagarrietarako, etab. Eremu horiek honako lurzati hauetan egonen lirateke: Lanzko 5. poligonoko 197G, Lanzko 5. poligonoko 197D, Ultzamako 8. poligonoko 31A, Ultzamako 8. poligonoko 40A, Ultzamako 8. poligonoko 49A, Ultzamako 8. poligonoko 51,34, 35, 36A, 37A, Ultzamako 8. poligonoko 37A, Ultzamako 9. poligonoko 70A eta Ultzamako 9. poligonoko 348A, B eta D eta 96.
3. Espedientearen azterketa teknikoa eta proiektuaren eragin nagusien tratamendua.
Proiektuak N-121A errepideko 22+500-26+750 eta 34+460-35+350 KPen arteko esku-hartzea dakar. Gaingiroki, errepide horren trazadura aldatzea planteatzen da 22+500 eta 26+470 KPen artean, Arraizko Bentetatik igarotzean, egungo trenbidea 200-300 metro inguru mendebalderantz mugituz, Arraizko Bentetako herrigunetik urrunduz; eta, bestalde, Belateko eta Almandozko tunelak bikoizteak N-121A errepidearen eta tunel horien arteko lotuneak birmoldatzera behartzen du.
Proiektuak, gainera, N-121A errepidearen egungo trazadura bizikletentzako ibilbide bihurtzea ere barne hartzen du, Arraizko Bentetako zeharbidearen akaberaraino (26+100 KP, gutxi gorabehera). Puntu horretan, proiektatutako saihesbide berria txertatuko da, eta bizikletentzako ibilbideak modu independentean jarraituko du bide batetik, Belateko lotunarekin eta NA-1210 errepidearekin lotu arte.
Proiektua eraikitzeko fasean, erliebea nabarmen aldatuko da, eta lubakiak eta dagozkien lur-erauzketak irekiko dira, bai eta lubetak ere. Indusketa-material esanguratsuaren soberakina sortzen da, eta material hori lubeten eraketarekin konpentsatu nahi da, bai eta aurreko puntuan aipatutako lur-biltegietan ere.
Hondakinen Atalak jakinarazi du eraikuntza-proiektuak justifikatu egin beharko duela hondakinen arloan indarrean dagoen lege-araudia (7/2022 Legea, apirilaren 8koa, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa) betetzen dela proposatutako espazioak betetzeko eragiketetan, bai eta gaiari buruzko beste alderdi batzuk ere, txosten honetako baldintzetan jaso direnak.
Bestalde, erliebea aldatzeak lur-mugimendu handiak eragiten ditu, eta, ondorioz, higadura-prozesuak gerta daitezke. Gerta daitezkeen higadura-arrisku horiek murrizteko (bereziki larriak izan daitezke gertakari euritsu handiak gertatzen direnean), obrak egiten diren bitartean, sustatzaileak proposatu du zereal-lastozko balak instalatzea puntu estrategikoetan. Balek hesi gisa jarduten dute, eta urak eramandako lurrak atxikitzen dituzte. Halaber, eremu jakin batzuetan urak biltzeko eta dekantazio-putzuak egiteko perimetro-sistema bat izatea proposatu du, solidoak drainatze naturaleko sarera eramateko. Hala, neurri horiek aplikatuta eta ukitutako lurrak leheneratuta, uste da proiektuak ez diola eragin nabarmenik izanen ingurune hidrikoari, solidoak jariatze-uretatik ibilgu naturaletara eramateagatik.
Landarediari dagokionez, saihesbidearen trazadurak, lurzatien mugak adierazten dituzten zuhaitz- eta zuhaixka-heskaiez inguratutako larre erdinaturalei eragiteaz gain, Legartzako hariztia zeharkatzen du, izen bereko errekastoaren ondoan dagoena, bai eta Arraizko Bentetako herrigunearen mendebaldean dagoen hariztia ere. Bi kasuetan, haritzarekin batera (Quercus robur) pagoa, astigarra, urkia, muztioa, otsalizarra eta abar daude. Bestalde, saihesbideak aipatutako Legartza erreka eta Ultzama ibaia ere zeharkatzen ditu. Haltzadia nagusi den galeria-basoa dute lotuta; lizar eta hurritz ugari ere dago baso horretan, eta baita Populus tremula, Betula alba, Ulmus glabra, Acer pseudoplatanus, Prunus padus, Pyrus pyraster eta abar landareak ere. Azkenik, Almandozko lotunearen inguruan, lizarrak nagusi diren landaketei eragiten zaie.
Espainiako Baso Maparen informazioan oinarrituta (1:50.000), aurkeztutako ingurumen-dokumentuak 3,6895 hektarea aurreikusten ditu, saihesbideak eragin dezakeen baso-azalera; 1,2250 hektarea, Belateko lotuneko jarduketak eragindako azalera (bidegorria barne), eta, batez ere, egungo errepidea babesteko 5 metroko eremuko zuhaixka-landaredia; eta 56 m², Almandozko lotuneko jarduketak ezabatu beharreko landaredi-azalera.
Aurkeztutako ingurumen-dokumentuan adierazten den bezala, obren ondorioz landare-estalkia galdu den eremuetan, landare-estalkia leheneratu eta/edo berreskuratuko da.
Faunari dagokionez, habitata murrizteaz gain, obrak egiteak inguruneko espezieen portaera alda dezake, eta, are gehiago, obrek irauten duten bitartean, eremua bertan behera uztea ere eragin dezake.
Ingurunean zentzu zabalean katalogatuta dauden espezie nagusiei dagokienez, ez da eragin esanguratsurik espero. Pizidoei dagokienez, Departamentu honetan ez dago jasota proiektuak zuzenean eragiten dien eremuetan egoteari buruzko daturik. Zehazki, okil gibelnabarrari dagokionez, kaltetutako pagadiak bazterrekoak dira, eta larreen eta belardien mugan daude. Hainbat haritz-espeziez osatutako masa misto batean okil ertaina egon daitekeenez, goiko faunaren pasabidea dagoen lekuan obrak egin aurretik prospekzio bat eginen da eta, nolanahi ere, otsailaren 15etik ekainaren 15era bitartean ez da zuhaitzik moztuko.
Bisoi europarrari dagokionez, sustatzaileak ezartzen du, hark erabil ditzakeen pasabideetan, sastrakak kenduko direla apirilaren 1a baino lehen, eta, ondoren, aldizka, abuztu hondarrera arte, landaredia belar-egoeran mantentzeko, espezieei pasatzen uzteko eta, aldi berean, ez ditzaten ohatzeak egin eta kumeak hazi obrako eremuetan.
Bestalde, saihesbideak, zati batzuetan lubaki moduan diseinatuta, bere luzera osoan hesituta, balio ekologiko handiko ekotono-eremu batean kokatuta, are gehiago "Belate" eta "Ultzama eta Basaburuko hariztiak" KBEen artean duen kokapena kontuan hartuta, eta lotura ekologikorako bokazio argiarekin, erliebe leuna eta landazabal atlantikoko paisaia kontuan hartuta, bidearen bi aldeen artean fauna erraz igarotzea ahalbidetzen baitu, inpaktua eragiten du, lurraldearen konektibitatea eta zatikatzea oso garrantzitsua delako.
Legartzako hariztian faunaren gaineko pasabide bat, Legartza errekaren gaineko eta Ultzama ibaiaren gaineko biaduktu bana, Arraizko Bentetako iparraldean dagoen hariztian faunarentzako azpiko pasabide bat eta trazaduran zehar dauden beste pasabide batzuk eraikitzeak nabarmen murrizten dute N-121A errepideari lotutako zatikatze-efektua eta konexio-galera. Zehazki, izapidetzen ari den proiektuak honako egitura hauek ditu errepidea iragazkortzeko:
–23+260 KP: 30 m-ko zabalera eta 60 m-ko luzera duen faunaren gaineko pasabide espezifikoa, Legartzako hariztian.
–23+800 KP: 15 m-ko luzera eta 8,4 m-ko altuera duen biaduktua, Legartza errekastoaren gainean.
–24+700 KP: 85 m-ko luzera eta 14 m-ko altuera duen biaduktua, Ultzama ibaiaren gainean.
–24+875 KP: Azpiko pasabidea, sekzio angeluzuzeneko hormigoizko egituraren bidez, 12 m-ko zabalera eta 5 m-ko gutxieneko altuera duena, NA-4230 errepidearekiko bidegurutzean. Pasabideak 10 metroko zabalera izanen luke guztira zolatutako errepidean, eta metro bateko inguruko zabalera errepidearen bi aldeetan.
–25+275 KP: Azpiko pasabidea, sekzio angeluzuzeneko hormigoizko egituraren bidez, 6,2 metro inguruko zabalera eta 5 metroko gutxieneko altuera duena, bide bati jarraipena emateko. Pasabideak 5 metroko zabalera izanen luke guztira, zoladurarik gabe, eta 0,60 metroko zabalerako arekak alde bietan.
–26+140 KP: 15 m-ko zabalera eta 3,5 m-ko altuera libreko faunaren azpiko pasabide espezifikoa, Arraizko Benten iparraldean, hariztia Ultzama ibaiarekin lotzeko eremu batean. Pasabideak 1,5 metroko zabalerako areka trapezoidala izanen luke, jariatze-urak drainatzeko. Iparraldeko ahoan sartzeko planteatutako konfigurazioa ikusita, ez da ziurtzat jotzen faunarentzako pasabide gisa duen funtzionaltasuna, eta, beraz, ahoaren zabalera handitu beharko da.
Ingurumen Ministerioaren faunaren pasabideak eta perimetro-hesiak diseinatzeko preskripzio teknikoak kontuan hartuta (2006, 2015ean eguneratua), baldintza horiek betetzen direla jotzen da; izan ere, gutxieneko dentsitate hau ezartzen du: kilometro bakoitzeko fauna-pasabide bat baso-habitatetako eremuetan eta konektibitate ekologikoa kontserbatzeko intereseko beste habitat-mota batzuetan, eta 3 km-tik behin pasabide bat eremu humanizatuetan.
Era berean, sustatzaileak beste neurri batzuk proposatu ditu, hala nola pasabide lehorrak instalatzea, fauna faunaren pasabideetara eramanen duten landaketak egitea, hesian zehar ihes-egiturak jartzea, parrillaren azpian arrapalak dituzten pasabide kanadarrak jartzea bertan eror daitezkeen animaliek ihes egin dezaten, kutxatiletan saretak jartzea barruan mikrofauna erortzea saihesteko, etab.
Intereseko naturaguneei dagokienez, Belateko lotunearen azken zatia eta Almandozko lotunea "Belate" KBEaren barruan sartzen dira, eta Arraizko Bentetako saihesbideak "Ultzamako eta Basaburuko hariztiak" paisaia babestuari eragiten dio, eta izen bereko KBEtik gertu dago. Beraz, ingurumen-dokumentuak, 92/43/EEE Zuzentarauaren 6.3 artikuluan ezarritakoa betez, aztertzen du proiektuak izan dezakeen eragina (aipatutako ZECSen kudeaketatik kanpokoa), bai eta paisaia babestua ere, eta ondorioztatzen du, KBE horien kontserbazio-helburuak kontuan hartuta, proiektuak ez duela ondorio kaltegarri nabarmenik sortzen, eta ez diola eragiten aipatutako Natura 2000 Sarearen eta paisaia babestuaren osotasunari, sustatzaileak proposatutako neurriekin.
Hala ere, "Ultzamako eta Basaburuko hariztiak" KBEaren gaineko inpaktu handienak funtzionamendu-fasean hauteman dira, ibilgailuen zirkulazioak eragindako harrapatze-arriskuagatik. Nolanahi ere, inpaktu horiek guztiak neurrizkotzat jotzen dira.
Kontuan hartuta proiektuak eragindako afekzioak, funtsezko elementuak eta espazio bakoitzaren kontserbazio-helburuak, bai eta sustatzaileak planteatutako neurriak ere, horien artean azpiegitura iragazkortzeko proiektatutako fauna-pasabideak eta txosten honetako baldintzetan ezarritakoak nabarmentzen direla, Zerbitzu honek uste du proiektuak ez duela ondorio kaltegarri nabarmenik eraginen aipatutako espazioetan.
Zarata-mailen inpaktuari dagokionez, eta Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean eta hura garatzen duen gainerako legerian ezarritako kalitate akustikoko helburuen arloan indarrean dagoen legeriak finkatutako mailak kontuan hartuta, proiektuak hobekuntza handia dakar Arraizko Bentetarako.
Bestalde, aurkeztutako ingurumen-dokumentuan ezarritako kasuen eta kalkuluen arabera, 2046. urterako, zaratak eragindako kutsadura bi puntutan bakarrik sor liteke:
1.–Cepsako gasolina-zerbitzugunea, 22+620 KParen eskuinaldean dagoena: "Garraio-azpiegituren sistema orokorren edo horiek eskatzen dituzten bestelako ekipamendu publikoen eraginpean dauden" eremu akustikotzat jotzen bada, ez da kutsadura akustikorik izanen.
2.–Bizitegi-erabilerarako lurzorua gordetzea 34+900 KParen eskuinaldean: sustatzaileak neurri zuzentzaile gisa proposatu du BBTM11A errodadura-geruzaren ordez PA16 jartzea, trazadura berriaren 34+590 eta 35+300 KPen artean.
Azkenik, proiektuak onura publikoko zenbait mendiri eragiten die; beraz, ingurumen-dokumentuak, Nafarroako Baso Ondarea Babesteko eta Garatzeko 13/1990 Foru Legea betez, eragindako baso-azaleraren konpentsazioa planteatzen du, azalera hori baino txikiagoa ez den beste bat leheneratuz edo basoberrituz; zehazki, trazaduran zehar bi aldeetan hautatutako zenbait eremutan, azpiegituraren naturalizazioa eta integrazioa hobetzen lagunduko luketenak.
4. Proposamena.
Beraz, aurkeztutako dokumentazioa, eta proiektua gauzatu, ustiatu eta desmuntatzearen ondoriozko ingurumen-eragina aztertuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak txostena eman du, eta adierazi ezen, kontsulten emaitza kontuan hartuta eta ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horri buruz jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, ez dela egokia haren ingurumen-ebaluazio arruntaren tramitazioa hastea, eta aurreikusten dela proiektuaren ingurumen-eragina bateragarria izatea ingurune hartako naturaren balioekin, betiere proiektuak betetzen baditu ingurumen-eraginaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaerarekin batera aurkeztutako ingurumen-dokumentuan eta memorian proposatzen diren neurriak, eta, horiez gain, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan jasotzen diren zehaztapenak, ondoren zehaztu eta proiektuaren baimen substantiboan jasoko direnak.
Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura egoki bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua;
EBAZTEN DUT:
1. N-121-A errepidea 22+500 eta 35+300 KPen artean ("Arraizko Benten saihesbidea") 2+1 bide bihurtzeko proiektuak, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuaren Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak sustatuak, ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritakoaren arabera, eta, beraz, ez da 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusitako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntik egin behar.
2. Aurrekoa gorabehera, baimenak aurkeztutako ingurumen-dokumentuan jasotako neurriak jaso beharko ditu, eta honako baldintza hauek bete beharko ditu:
Neurri orokorrak:
–Ingurumen-inpaktuaren txosten honetan jasotako neurri eta jarduketa guztiak biltzen dituen eraikuntza-proiektua Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzura bidali beharko da, behin betiko onartu aurretik.
–Proiektua interes orokorreko azpiegituratzat jotzen bada, Nafarroako Baso Ondarea Babesteko eta Garatzeko 13/1990 Foru Legearen 23. artikuluaren arabera, sustatzaileak basoberritzeko edo basoak leheneratzeko proiektu bat aurkeztu beharko dio Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari, okupatutakoa baino azalera txikiagokoa ez dena. Oihan administrazioak aztertu eginen du interes publikoko azpiegiturak eraikitzeko proiektuek hondatu luketen oihan azalera, eta aginduzko txosten loteslea emanen du horiekin batera aurkezten zaizkion basoberritzeko edo basoa leheneratzeko proiektuen egokitasunari buruz.
–Paisaiaren gaineko eraginei dagokienez, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Paisaia eta Landa Lurzoruaren Atalaren aldeko txostena lortu beharko da. Txosten hori proiektuaren hirigintza-izapidetzean sartu ahal izanen da, beharrezkoa izanez gero.
Basafaunaren desfragmentaziorako eta harrapaketak murrizteko neurriak:
–Faunarentzako berariazko gaineko pasabideak, 23+260 KPan proiektatutakoak, 2 m-ko altuerako pantaila opakuak izan beharko ditu alboetan, ahal dela egur tratatuzkoak, bidearen alboko itxiturarekiko jarraitutasun osoz. Taulak gutxienez 0,50 m-ko lur-geruza izanen du gainean, eta ongi drainatuta egon beharko du. Era berean, eraikuntza-proiektuak barne hartuko du faunaren gaineko pasabideetarako ingurumena leheneratzeko eta landareztatzeko proiektu espezifiko bat, Ingurumen Ebaluazio Atalaren oniritzia izan beharko duena. Ingurumena leheneratzeko/landareztatzeko proiektuaren diseinuan, kontuan hartu beharko da oso garrantzitsua dela landareztatzeak eta landatzeak basafauna faunaren pasabidera bideratzea eta pantaila-efektua erraztea, trafikoak sortutako eragozpenak murrizteko. Era berean, erabili beharreko landare-espezieei dagokienez, zuhaitz-geruzan hosto iraunkorreko espezie autoktono batzuk hauta daitezke, funtzio horiek urte osoan errazteko. Zuhaixkak garatu arte eta fauna-espezie askori ematen dieten estalduragatik, zuhaixka-geruza funtsezkoa da egitura horietan.
–Arau orokor gisa, lehendik dauden eta proiektatuta dauden egitura guztietan, baldin eta faunarentzako azpiko pasabide gisa funtziona badezakete eta noizean behin urpean gera daitezkeela aurreikusten bada, 50 cm-ko zabalera minimoko pasabide lehorrak eta bide-zoru zimurtsua instalatuko dira. Pasabide lehor horiek emari handieneko aldietan ere lehor mantentzeko moduan dimentsionatu beharko dira. Pasabide lehorretan zeharkako konektibitatea ziurtatzeko, pasabidearen goiko aldearen eta ohantzearen arteko trantsizioa arrapala baten bidez eginen da pasabidearen luzera osoan, 2H: 1V eta 1H: 1V arteko maldekin. Horrela, fauna pasabidearen barruan sartu ahal izanen da plataformara, eta ez kanpoko sarbideetatik bakarrik. Arrapalaren malda zimurtsua izanen da, faunari igotzen/jaisten laguntzeko. Horretarako, gainazalaren > % 70ean sartutako harriak jarriko dira.
–Halaber, faunaren pasabideetan dauden akatsak zuzenduko dira (ibaiertzarekiko loturak, urpean gera ez daitezen goratzea, etab.). Gainera, pasabideen sarrerak inguruko espezieekin birlandatu behar dira, eta bidearen perimetro-itxitura jarri behar da, fauna pasabideen sarbideetara bideratzeko.
–Aurreko paragrafoan adierazitakoaren arabera, zehazki, 26+140 KPan proiektatutako faunaren azpiko pasabide espezifikoak faunaren pasabide lehor bat izan behar du. Era berean, iparraldeko ahotik sartzeko planteatutako konfigurazioa ikusita, eta faunarentzako pasabide gisa duen funtzionaltasuna hobetzeko, nabarmen handitu beharko da aho horren zabalera.
–Biaduktuen kasuan, eraikuntza-fasean ibaiertzeko landarediari eta ibai-ohantzeari ahalik eta kalte gutxien eraginen zaie, ibai-ibilguaren habitatak eta ertzak kontserbatzeko egitura gehiegi dimentsionatuz, eta lurraren morfologiari eutsiz, egonkortzeko egitura artifizialak erabiliz ahalik eta gutxien.
Eraikuntza-fasean landaredia aldatzea ezinbestekoa denean, habitatak leheneratu behar dira, lurraren jatorrizko morfologia berrezarriz eta ukitutako habitataren berezko espezie autoktonoekin azalera landareztatuz.
–Bestalde, ez dira behar baino zuhaitz gehiago moztuko, arreta bereziz faunaren pasabideetako bokaletan, itzalari eusteko eta faunak erabiltzeko duen errezeloa saihesteko. Aurkeztutako dokumentazioan adierazten den bezala, fauna pasabideetara eramanen duten landaketak eginen dira.
–Era berean, aurkeztutako dokumentazioan ezartzen den bezala, ugaztun handientzako perimetro-hesiak jarriko dira Arraizko Bentetako saihesbidearen tarte osoan, Ingurumen Ministerioaren fauna-pasabideak eta perimetro-hesiak diseinatzeko preskripzio teknikoak beteko dituena (2006, 2015ean eguneratua), eta fauna proiektatutako pasabideetara eta jada badaudenetara eramanen dute. Hesiarekin batera, langa kanadarrak jarriko dira, urlehortarrentzako eta beste animalia txiki batzuentzako ihes-arrapalak dituztenak, baita ihes-egiturak ere norabide bakoitzean, 45º-tik beherako malda dutenak, 500 metrotik behin.
Faunaren hilkortasuna eta harekin talka egitearen ondoriozko istripuak murrizteko, behar bezala mantendu beharko dira bidearen perimetro-itxitura eta aipatutako egiturak, arreta berezia jarriz trenbiderako sarbideetan, landa kanadarretan eta itxituraren eta ihes-arrapalen arteko loturetan.
–Areka eta zintarri berriak 45º baino malda txikiagoa duten arrapaletan jarriko dira. Baldintza hori betetzen ez duten areketako malda zuzenduko da, urlehortarrentzat gaindiezinak baitira.
–ZDOren bat ordeztu behar bada, hodi zilindrikoen ordez hormigoizko marko karratuak gaindimentsionatzea gomendatzen da.
–Farolak jarri behar badira, sodiozko lanparak jartzea komeni da, merkuriozko lanparen ordez. Ez erabili inoiz argi laranjarik edo gorririk. Ahal dela, argia bidetik kanpo hedatzea eragotzi behar da.
Landaretza babesteko neurriak:
–Landaretza naturala kentzeko, behar-beharrezkoa dena baino ez da erabiliko. Zuhaiztien gaineko eragina minimizatu eginen da, eta obrak egiteko kendu behar diren oinak bakarrik moztuko dira. Era berean, ahal den guztietan, sarbideak laborantza-soroetatik edo dauden bideetatik eginen dira, landaredi naturalari eragin gabe. 20 cm-tik gorako diametroa duten zuhaitzak ebakitzen badira (lurretik 1,30 m-ra), Basoak Kudeatzeko Atalaren baimena lortu beharko da. Kasu horretan, sustatzailea zuhaitzak moztuko diren mendien titularrekin koordinatuko da, moztutako zuhaitzak aprobetxa ditzaten, nahi badute.
–Proiektuak landaretza naturalari eragiten dion tarteetan, eta zuhaitzei edo zuhaixkei behar ez den afekziorik ez eragiteko, eragindako zerrenda zuinkatu eginen da, eta horrek zehaztuko du obrarako zein makineriak behin-behineko bideetan zirkulatzeko gehieneko okupazio-azalera. Lur-metaketetarako azalera ere sartzen da.
–Hondeatzeko makinak sartu aurretik, lanerako eremuaren bazterretan, sasiak eskuz kenduko dira, trazadura osoan. Adarretan egiten diren ebaketak garbi eginen dira, ez da adarrik hautsiko ez urratuko, eta zuhaitz nahiz zuhaixken azalak ere ez dira urratuko. Zuhaitz handienak eta aparteko zuhaitzak markatuko dira eta bakoitzari babesa emanen zaio.
–Landareak moztu eta sastrakak garbitzeko lanak geldialdi begetatiboetan egiteko planifikatuko dira, alboko landareei eragindako kalteak txikiagotzeko eta ertz-efektua murrizteko. Zuhaiztia moztu behar izanez gero, aldez aurretik administrazio-baimena eskatuko da, Nafarroako Oihan-ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen arabera. Era berean, lege honen arabera, eta onura publikoko mendien gaineko eraginari dagokionez, Basoen eta Ehizaren Kudeaketa Zerbitzuak xedatzen duenari jarraituko zaio.
Sistema hidrologikoa babestea:
–Ur-ibilgu naturaletako urak uherrak izan ez daitezen, eta mugakideko eremuetan putzurik sor ez dadin, eraikuntza lanak egin bitartean obran dagoen trazaduratik libre dabiltzan urak bideratuko dira Beharrezkoa bada, jalkin finen dekantazio putzuak eginen dira, isurkin urak drainatze naturaleko sistemetara isuri baino lehen. Halaber, aurkeztutako ingurumen-dokumentazioan ezartzen den bezala, lanak egiten diren bitartean zereal-lastozko balak jarriko dira gune estrategikoetan, eta horiek hesi gisa jardunen dute urak eramandako lurrak atxikiz eta higadura-prozesuak murriztuz.
Obraren ingurumen integrazioa:
–Obrak akitu ondoren, kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira, aldi baterako pilaketa-eremuak, instalazio osagarrien eremuak eta abar barne, eta ahal den tokian itzuliko da aldez aurreko erabilera. Eraikuntza lanak eta zaharberritze lanak behar bezala programatuko dira, azken horiek pixkanaka eta obra zibilaren akabera baino lehen egin daitezen. Leheneratzeko/basoberritzeko proposamena zehaztuko da, eraikuntza proiektuarekin batera aurkeztu beharko den ingurumena leheneratzeko proiektu baten bidez.
–Aurkeztutako ingurumen-dokumentuan jasotako jarraibideez gain, ingurumena babesteko eta zuzentzeko neurriei buruzko kapituluan, honako hauek ere jasoko dira:
- Hidroereiterako belar eta zuhaixka espezieen hazien nahasketa aurkeztutako ingurumen-dokumentazioan proposatutakoaren araberakoa izanen da.
- Aurkeztutako ingurumen-dokumentuan ezartzen den bezala, eta bertan zehazten diren espezieekin, 3 metrotik gorako altuera duten lubetetarako proposatutako landaketak osatuko dira, proiektatutako perimetro-hesien kanpoaldean landatuta, eta fauna pasabide seguruagoetara eraman nahi den tarteetan. Zuhaitzak babestu behar dira abereek eta ungulatuek kimuak jan ez ditzaten. Gainera, zuhaitzekin batera honako espezie hauetako zuhaixkak ere landatzen ahalko dira: Ulex europaeus, Cytisus scoparius, Lonicera xylosteum eta Lonicera etrusca. Nolanahi ere, ahal dela, ez da landatuko fruitu ugari ematen duen landarerik.
- Ereiteak eta landaketak gutxienez 2 urteko berme-aldian mantendu beharko dira.
–Komenigarria da bioingeniaritzako teknikak erabiltzea, eta tokian tokiko materialak hormigoiaren ordez: horma berdeak, geosareak, gunitatu ekologikoa, eta obrak natura-ingurunean ongi txertatzeko aukera ematen duen beste zeinahi teknika.
–Asfaltatutako hondar-aldeak leheneratuko dira: zoladura erauzi eta landare-lurrez estali, eta landaretza berria ezarri (ereiteak, hidroereiteak eta landatzeak, behar izanez gero).
–Lurrezko lur-metaketak leheneratuko dira, topografia leuna lortzeko, ertzik gabea, eremu mugakideekin akordio fisiografiko ona duena, eta haien erabilera itzuliko zaie, lurraren drainatze naturala errespetatuz eta lur-depositu guztien egonkortasuna bermatuz. Eraikuntza-proiektuak argi eta garbi zehaztu beharko ditu hautatutako lurzatiek eskuratzen dituzten topografia berriak, eta jatorrizko erabilera belardietara itzultzeko neurriak zehaztuko dira.
Zarata:
–Eraikuntza proiektuak kalitate akustikoaren helburuak bete beharko ditu, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera. Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak 34+900 KPan proposatutako bide-zoru fonoxurgatzailearen eraginkortasuna kontrolatu beharko du.
Hondakinak:
–Proiektuak adierazten duen bezala, baimendutako hondakin-kudeatzaile batek erretiratuko ditu proiektu berriarekin erabiliko ez den errepideko tarteko zoru-hondarrak, drainatze-obrak, seinaleztapena eta bestelako elementuak, bai eta obren ondoriozko beste edozein hondakin ere. Obrak akiturikoan, ingurua garbi geratuko da obrako zeinahi hondakin edo hondarrez.
–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Hondakinen Atalaren aurrean justifikatu beharko da 2025eko maiatzaren 9ko txostena betetzen dela, honako proiektu honi dagokionez:
- Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak 3. artikuluan, aplikazio-eremuari buruzkoan, ezartzen du legea ez zaiela aplikatuko, besteak beste, lurzoru kutsatu deklaratzeko irizpideak eta estandarrak gainditzen ez dituzten induskatutako lurzoruei eta eraikuntza-jarduerek irauten duten bitartean induskatutako bestelako material naturalei, baldin eta ziur badaude material horiek egoera naturalean eraikitzeko erabiliko direla erauzitako lekuan edo obran.
- Proiektuak planteatzen du induskatutako lurzoruak zabortegi izeneko kokaleku batzuetara bidaltzea ingurumen-dokumentazioan; beraz, ez dira erabiliko egoera naturalean eraikitzeko, erauziko diren lekuan, eta, ondorioz, apirilaren 8ko 7/2022 Legea aplikatuko zaio.
- R1001 hondakinak kudeatzeko eta nekazaritzako lurzoruetan eta lorezaintzan hondakinak balorizatzeko eragiketak egitea planteatzen da. Balorizazio-eragiketa horietarako baldintzak betetzen direla justifikatu beharko da.
– Behin obrak akiturik, ingurunea garbi geratuko da obrako zeinahi hondakin edo hondarrez.
–Espresuki debekatuta dago ibilgura isurtzea edo ihes egitea, bereziki gai kutsatzaileak maneiatzean, hala nola gasolioa, olioak, erretxinak, pinturak, bernizak, morteroak edo hormigoia. Substantzia fresko horiek uretara iristeak berehala akabatzen du arrain fauna.
–Obra hondakin guztiak hondakinen kudeatzaile baimendu baten eskura jarri beharko dira, araudian bertan ezarritako moduan.
Ingurumen jarraipena:
–Obraren azken dokumentu bat entregatu beharko da, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan adierazitako eraginak prebenitzeko eta zuzentzeko neurrien inplementazioari buruzko informazioa bilduko duena.
–Eraikuntza-proiektuak Ingurumen Jarraipenerako Plan bat izanen du, aurrekontuan behar bezala jasota. Plan horretan, errepideetako elementuen egoera, funtzionaltasuna eta eraginkortasuna aztertuko dira, baldin eta faunarentzako bidearen iragazkortasuna arriskuan jartzen badute (faunaren pasabideak, erdiko hesia, perimetroko itxitura, ihesbideak, langa kanadarrak, etab.). Jarraipen-planak Ingurumen Ebaluazio Atalaren adostasuna lortu beharko du, eraikuntza-proiektuarekin batera, eta gutxienez 5 urteko iraupena izanen du. Horrez gain, egitura egokituetan eta/edo faunaren pasaguneetan kamara-tranpekin egindako laginketak eta zantzuen berrikuspena barne hartuko ditu, fauna basatiaren lekualdatzeei dagokienez garrantzi biologiko handiena duten urteko zikloaren garaietan, hala nola araldian eta sakabanatzean. Gutxienez 3 hilabeteko laginketa-aldia izan beharko du garai horietako bakoitzerako, batez ere udaberriarekin eta udazkenarekin bat datozenak, hurrenez hurren. Gainera, egituretako ur-mailak erregistratuko dira, horien eraginkortasuna eta bidearen iragazkortasuna zehazteko, eta aulkitxo lehorren eta haien arrapalen altuera eraginkortasunez zuzendu ahal izateko, eta, behar izanez gero, haien funtzionaltasuna ziurtatzeko.
–Sustatzaileak erregistro bat sortuko du harrapatutako animalietatik lortzen den informazioarekin. Informazioa, gutxienez, Foruzaingoak basafaunarekin izandako istripuen erregistroetatik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak harrapatutako faunari buruz emandako informaziotik eta Lurralde Kohesiorako Departamentuko errepide-zaintzaileek erregistratutako harrapatutako animalien datuetatik etorri beharko litzateke.
–Era berean, obrak hasi aurretik, Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari (seguimiento.ambiental@navarra.es) jakinarazi beharko zaio, espedientearen kodea aipatuz.
Ingurumena zaintzeko planaren emaitzen berri jakin ondoren, ezusteko eraginik egonez gero, batez ere errepidearen iragazkortasunean eta animaliak harrapatzeko arriskuan, horiek murrizteko neurri osagarriak ezarri beharko dira.
–Sustatzaileak egoeraren baten berri eman behar badio Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (obren hasiera, etab.), mezu elektroniko bat bidali beharko du Iruñeko (gmapamplona@navarra.es, 608062649 telefonoa) eta Bidasoko (gmabidasoa@navarra.es, 608-245812 telefonoa) demarkazioetara.
3. Txosten honek ez du sustatzailea salbuesten indarreko legediaren arabera beharrezkoak diren beste txosten edo baimen batzuk eskuratzetik.
4. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen-txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jartzen ahal direnak, hala badagokio.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuko Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuari, Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari (Iruñeko eta Bidasoko Koordinazio Unitateak) helaraztea, dagozkion ondorioetarako.
Iruñean, 2025eko uztailaren 3an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2509504
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
