1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
1288/2025 EBAZPENA, ekainaren 25ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, "Mikrokontakizunak eta Adimen Artifiziala" Sarien III. ediziorako deialdia onesten da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak antolatua.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedraren Jarraipenerako Batzorde Mistoak "Mikrokontakizunak eta Adimen Artifiziala" Sarien III. edizioan –Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak antolatua– 3 mikrokontakizun hoberenei saria ematea onetsi zuen 2025eko maiatzaren 8an egindako bileran.
Ikusirik Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedraren akta.
Ikusirik Unibertsitateko Zerbitzu Juridikoak egin duen txostena.
Ikusirik Kontabilitate Atalak egindako kreditu-erreserbaren ziurtagiria eta zerga-tratamenduari buruzko txostena.
Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta haren funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an emandako 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz –ebazpen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak 2025eko otsailaren 25ean emandako 351/2025 Ebazpenaren bidez aldatu zen–.
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Konputazioaren zientzien eta adimen artifizialaren arloko "Mikrokontakizunak eta Adimen Artifiziala" Sarien III. edizioaren deialdia onestea –Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak antolatua–, ebazpen honen eranskinean agertzen diren oinarriekin bat etorriz.
Bigarrena.–Deialdi honek sortzen duen gastua baimentzea, gehienez 800,00 eurokoa.
Sorturiko gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2025eko ekitaldirako duen Gastuen Aurrekontuetako partida honen kargura ordainduko da:
30.30.00.9783.0380.480.25 (Espediente zk. 2025/0001186) Katedren Sariak.
Hirugarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrari, Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, Kontabilitate Atalari, Ikerketa Zerbitzuari eta Kontu-hartzailetzari.
Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki ohol elektronikoan argitara dadila agintzea.
Halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedraren web orriaren bidez zabaltzen ahalko da ebazpen hau.
Bosgarrena.–Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta haren aurka zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako maila horretako epaitegiei zuzendua, bi hilabeteko epean, betiere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
2025eko ekainaren 25ean.– Ikerketako Errektoreordea, Martín Larraza Quintana.
I. ERANSKINA.–OINARRIAK
KONPUTAZIOAREN ZIENTZIEN ETA ADIMEN ARTIFIZIALAREN ARLOKO "MIKROKONTAKIZUNAK ETA ADIMEN ARTIFIZIALA" SARIEN III. EDIZIOA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN KONPUTAZIOAREN ZIENTZIEN ETA ADIMEN ARTIFIZIALAREN TRACASA KATEDRAK DEITUA
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedraren Jarraipenerako Batzorde Mistoak 2025ean egiteko jardueren programazioan diru kopuru bat esleitu zuen Adimen Artifizialaren Asteko jardueren proposamenean konputazioaren zientziekin eta adimen artifizialarekin lotura duten mikrokontakizun hoberenak saritzeko.
Horrenbestez, "Mikrokontakizunak eta Adimen Artifiziala" Sarien III. ediziorako deia egiten du Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak.
Lehenbizikoa.–Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da prozedura arautzea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak antolatutako "Mikrokontakizunak eta Adimen Artifiziala" Sarien III. edizioko 3 mikrokontakizun hoberenei saria emateko, betiere publizitate, objektibotasun eta lehiakortasun printzipioen arabera.
Bigarrena.–Finantzaketa.
Deialdi honek 800 euroko aurrekontua du guztira. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2025eko gastuen aurrekontuko 30.30.00.9783.0380.480.25 Katedren sariak izeneko partidaren kargura ordainduko dira.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak jarriko du diru kopuru hori.
Hirugarrena.–Sarien modalitatea eta kategoriak.
Sarien deialdian modalitate bakarra izanen da, hiru kategoriatan banatua:
1. Lehenbiziko saria: 400 euro.
2. Bigarren saria: 250 euro.
3. Publikoaren saria: 150 euro.
Saria eman gabe uzteko aukera ere badago.
Laugarrena.–Parte hartzen dutenek bete beharrekoak.
Parte-hartzaile guztiak adinez nagusiak izan behar dira parte hartzeko eskabideak entregatzeko azkeneko eguna baino lehen. Parte-hartzea indibiduala izanen da. Mikrokontakizun bat bakarra aurkezten ahalko du parte-hartzaile bakoitzak.
Bosgarrena.–Eskabideen aurkezpena.
Lehiaketaren antolatzaileek gai bat bakarra proposatuko dute lan guztientzat. Edizio honetan, hau da gaia: "Nafarroa, kontrasteen lurraldea".
Kontakizunak gaztelaniaz idatzia egon behar du, eta izenburu bat eduki behar du. Idazleak izengoiti bat erabili behar du. Gehienez ere 150 hitz izanen ditu mikrokontakizunak, izenburua kontatu gabe.
Aurkezten diren lanak originalak eta argitaratu gabeak izan behar dira. Kasu honetan, zilegi da idazlana adimen artifizial sortzaileko baliabideren batean inspiratua egotea osorik edo partez. Mikrokontakizunaren egiletza edo originaltasuna dela kausa hirugarrenen batek erreklamazioren bat aurkezten badu, parte-hartzailea izanen da erantzule.
Sarietan parte hartu nahi dutenek eskabide inprimaki normalizatu bat bete behar dute. Eskabide inprimaki horretan, parte-hartzaileek bere datuak idatzi behar dituzte (izen-deiturak, helbidea, harremanetarako telefonoa eta helbide elektronikoa), bai eta kontakizunean erabili duten izengoitia eta haren izenburua ere; Unibertsitatearen egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dute inprimakia. Gainera, mikrokontakizuna erantsi beharko diote eskabide inprimakiari, betiere PDF formatuan.
Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak lan guztien anonimotasuna zainduko dela bermatuko du, epaimahaikideek hautaketa egin eta saridunak zein izanen diren erabaki ahal izateko, lanak nork egin dituen jakin gabe.
Lanak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2025eko urriaren 5ean bukatuko da.
Sarietara aurkezteak deialdiaren oinarriak onartzea dakar berekin.
Seigarrena.–Epaimahaia.
Honako hauek osatuko dute lehiaketako epaimahaia:
–María Milagros Ganuza Hernández, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Informazio eta Komunikazio Zerbitzuko Komunikazio Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duen pertsona.
–María Aránzazu Jurío Munárriz, Unibertsitateko irakasle titularra eta Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedraren Jarraipen Batzorde Mistoko kidea, edo hark eskuordetzen duen pertsona.
–Carmen Remírez Barragán, Diario de Navarra egunkariko kazetaria eta Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultateko irakasle elkartua, edo hark eskuordetzen duen pertsona.
Zazpigarrena.–Lehiaketa.
Epaimahaiak 10 kontakizun hautatuko ditu gehienez ere, hurrengo puntuan zehaztutako irizpideen arabera, eta jendaurrean jarriko dira 2025eko urriaren 16an, Adimen Artifizialaren Astea dela-eta jendeak irakur ditzan prestatutako areto batean. Finalisten izenak Adimen Artifizialaren Astearen webgunean argitaratuko dira 2025eko urriaren 14a baino lehen.
2025eko urriaren 16an idazlanak jendaurrean jartzen direnean, bertaratutakoei boto-paper bana emanen zaie gustukoen duten artelanaren aldeko botoa eman dezaten. Erakustaldia bukatzean, Adimen Artifizialaren Asteko antolatzaileek zaindutako kutxa batean sartu beharko dute botoa bertaratutakoek.
Botoa emateko denbora-tartearen ondoren, epaimahaikideek bilera pribatu batean erabakiko dute lehenbiziko eta bigarren sariak zer artelani eman, eta irizpide hauek hartuko dituzte kontuan aurkeztutako lanak baloratzeko:
–Istorioaren originaltasuna eta sentsibilitatea, hizkuntza-baliabideen erabilera eta bukaera iradokitzaile bat sortu izana.
–Nolako abilezia erakutsi duen kontakizuna adimen artifizialari eta proposatutako gaiari lotutako alderdi zientifiko-teknologikoekin lotzeko.
Azkenik, bertaratutakoek emandako botoak zenbatuko dituzte epaimahaikideek, eta boto gehien dituen lanarentzat izanen da publikoaren saria. Berdinketa gertatuz gero, zozketa bidez erabakiko da sari horren irabazlea. Publikoaren saria jasotzea bateragarria izanen da epaimahaiaren saria jasotzearekin (lehenbizikoa edo bigarrena).
Zortzigarrena.–Sari-banaketa.
2025eko urriaren 16an bertan, lanak jendaurrean jartzeko ekitaldia bukatu ondoren, epaimahaiak gogoeta eginen du, eta publikoaren botoak zenbatuko dira. Gero, jakitera emanen da zer lanek irabazi duten saria. Saridunak berak joan behar dira sariak banatzeko ekitaldira, edo, ezinezkoa bada, haien ordezkariak. Lehiakide saridun bat edo bere ordezkaria sariak banatzeko ekitaldira agertzen ez bada, saria eman gabe utzi dela aldarrikatuko da besterik gabe.
Epaimahaiak Unibertsitateko Ikerketako errektoreordeari igorriko dio sariak emateko proposamena, eta, hark dagokion ebazpena eman ondoren, Unibertsitateko iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da. Ebazpen horretan, saria zer lani eman zaien bakarrik jasoko da, eta gainerako lanei saririk eman ez zaiela ulertuko da. Saria eman gabe utz daiteke epaimahaiaren iritziaren arabera.
Ikerketako errektoreordearen behin betiko esleipen-ebazpenaren aurka zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko auzien epaitegietan bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Bederatzigarrena.–Saridunen betebeharrak.
Saridunek nahi bezala erabiliko dute jasotako diru kopurua, eta ordainketa ekitaldi publiko batean eginen da, lehiaketa bukatutakoan.
Deialdi honetako sariak lan etekintzat jotzen dira, eta PFEZaren Erregelamenduaren 71. artikuluko taula eta jarraibideak hartuko dira kontuan atxikipenaren ehunekoa erabakitzeko. Saridunek lan etekin gisa deklaratu beharko dituzte, eta lan harremanik ez badago, ondare gehikuntzatzat hartuko dira.
Deialdiaren oinarriak bete ezean, edo datuak ezkutatu, aldatu edo haietan iruzur egiten bada, zilegi izanen da saria kentzea. Hala gertatzen denean, dirua itzuli beharko du interesdunak.
Hamargarrena.–Eskubideen lagapena.
Deialdi honen babesean saritzen diren mikrokontakizunak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren jabetzakoak izanen dira. Horrek esan nahi du saridunek laga egiten dutela lan sarituak edozein formatutan argitaratzeko, hedatzeko edo ustiatzeko eskubidea, edo beste edozein eskubide, eta ez dutela eskubiderik arrazoi horregatik lansaririk, ordainsaririk edo konpentsazio ekonomikorik jasotzeko.
Saria irabazteak egile-eskubideak lagatzea dakar, egileen eskubide moralak galarazi gabe.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak sare sozialetan eta hedabideetan argitaratzen ahalko ditu parte-hartzaileen datuak eta lanak, baita lehiaketan argazkiak atera, argitara eman eta publikoki zabaldu ere.
Hamaikagarrena.–Datuen babesa.
Lehiaketan parte hartzen dutenen datuak deialdiko sariaren esleipena ebaluatzeko erabiliko dira.
Datuak arau hauen arabera tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO) eta 3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa (DBEDBLO).
Datu hauek tratatuko dira: hautagaien nortasuna (izen-deiturak eta NANa), harremanetarako datuak, aurkeztutako dokumentazioa eta, saria kobratu behar izanez gero, bankuaren datuak edo ordaindu ahal izateko bestelako datuak.
DBEOren 6.1.e) artikuluaren arabera, datuen tratamenduaren helburua honakoa da: "Mikrokontakizunak eta Adimen Artifiziala" Sarien deialdia antolatzea eta lehiaketako sariak ematea, adimen artifizialean oinarritutako teknologia aplika dadin sustatzeko.
Interes publikoko xedea da hori, eta honako hauek ditu oinarri juridikoak, besteak beste: Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legea eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoa.
Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da. Parte-hartzaileek zilegi izanen dute bere datuetara sartzeko, informazioa lortzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubideak eta beste eskubide batzuk erabiltzea Datuak Babesteko delegatuaren aurrean (delegado.protecciondatos@unavarra.es).
Iragarkiaren kodea: F2509204