Iragarkia
145. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 21a
6. BESTELAKO IRAGARKIAK
6.2. PARTIKULARREN IRAGARKIAK
ERRIOXAKO JATORRIZKO DEITURA KALIFIKATUAREN KONTSEILU ARAUEMAILEA
Aldaketa Errioxako Jatorrizko Deitura Kalifikatuak babestutako ardoetarako etiketetan bete beharreko gutxieneko baldintzetan, baldintzen pleguarekin bat
Errioxako Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arauemaileak 2025eko ekainaren 13an egindako Osoko Bilkurak jarraian jasotako erabakia hartu zuen, besteak beste.
Aditzera ematen dugu, behar diren ondorioak izan ditzan.
Logroñon, 2025eko ekainaren 17an.–Idazkaria, José Luis Lapuente Sánchez.
ERRIOXAKO JATORRIZKO DEITURA KALIFIKATUAK BABESTUTAKO ARDOETARAKO ETIKETETAN BETE BEHARREKO GUTXIENEKO BALDINTZAK, BALDINTZEN PLEGUAREKIN BAT
Agiri honetan jasotzen dira Errioxako Jatorrizko Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arauemaileak deitura horrek babestutako ardoen etiketetarako ezarritako gutxieneko baldintzak, bat etorriz autonomiaz gaindiko lurralde eremuko Autonomiaz gaindiko lurralde-eremuetako jatorri deiturena eta adierazpen geografiko babestuei buruzko maiatzaren 2ko 6/2015 Legearen 17.h.4 artikuluarekin, ezertan galarazi gabe etiketen arloan bete beharreko xedapenak, Europar Batasunekoak nahiz nazionalak.
Nahitaezko adierazpenak.
11 cm-ko gehieneko zabalera duen ikuseremuan honakoak agertu behar dira.
1.–Kategoria.
"Rioja" hitza jarri beharko da, eta azpian "Denominación de Origen Calificada".
Nabarmenduta jarri beharko da deituraren izena (Rioja).
"Rioja" hitzaren letrak zentimetro bateko altuerakoak izan beharko dira, gehienez ere, etiketaren zabalera osoaren erdia baino gutxiagokoak, eta letrak argiak, irakurtzeko modukoak, ezabaezinak eta letrakera ez oso lodikoak. Letra horien altuerak 0,3 cm-koa izan beharko du, gutxienez, botilak etiketa bakar bat daukanean.
Botilak bi etiketa edo bi ikuseremu desberdin jarrita dauzkanean, letra horiek 0,3 cm-koak izan beharko dira, gutxienez, nahitaezko adierazpen guztiak jasotzen dituenaz bestelako etiketan edo ikuseremuan.
18,7 cl-ko botilek ez dituzte gutxieneko neurri horiek bete beharko. 18,7 cl-tik gorako botiletan eta 75 cl-tik beherakoetan, "Rioja" hitzaren neurriaren altuerak 0,2 cm-koa izan beharko du gutxienez.
2.–Botilatzailearen datuak.
Deiturak babestutako ardoen etiketetan, haien erregistroetan inskribatutako upategiek beraien jabetza gisa erregistratuta dituzten merkataritza-izenak erabiltzen ahalko dituzte, izen sozialaren ordez edo hari gehituta, betiere ere betetzen bada Kontseilu Arauemaileari jakinarazi beharra, erregistroa frogatzen duten agiriekin batera, eta berariaz adierazita Deiturak babestutako ardoekin izen horiek erabiltzeari dagokion erantzukizun oro bere gain hartzen dutela.
Enkarguz botilatzen diren ardoen kasuan (nork norentzat), deiturako erregistroetan inskribatuta dauden baina makineria egokirik ez duten upategiei botilatzeko zerbitzua emateko egiten bada, botilatzeko lana enkargatu duen upategiaren izen soziala agertu beharko da, eta botilatzea egin duenaren izen sozialaren ordez, berak jabetzan erregistratuta daukan merkataritza-izen bat erabiltzen ahalko du, betiere aurreko lerroaldean merkataritza-izenerako baldintzak betetzen badira, edo ardo-ontziratzailearen erregistro zenbakia.
Inskribatu gabeko operadoreentzat enkarguz botilatzen diren ardoen kasuan (nork norentzat), botilatzeko lana enkargatu duenaren izen soziala agertu beharko da, eta botilatzea egin duenaren izen sozialaren ordez, jabetzan erregistratuta dagoen merkataritza-izen bat erabiltzen ahalko da, betiere lehen lerroaldean adierazitako baldintzak betetzen badira, eta ezin izanen da haren ordez ardo-ontziratzailearen erregistro zenbakia erabili.
3.–Marka erregistratua.
Marka bat sartzea, erregistratuta dagoena Nizako Sailkapenaren 33. klasean gutxienez.
Marka hori etiketetan nabarmenduko da "Rioja" adierazpenari dagokionez. Baita tamaina eta lodiera handiagoa izateagatik ere.
Errioxako Jatorrizko Deitura Kalifikatuak babestutako ardoak merkaturatzean erabiltzen diren etiketak Kontseilu Arauemaileari jakinarazi beharra betetzeko, aski izanen da jartzen duten marka edo merkataritza-izena Jabetza Industrialaren Erregistroan inskribatzeko eskatu izana frogatzen duen fotokopia aurkeztea etiketaren diseinuarekin batera.
Inskribatutako upategien artean interes gatazka sortzen bada etiketetan jarritako marka edo merkataritza-izena berdina izateagatik, horren berri emanen zaie kasuko upategi horiei, jakin dezaten eta behar diren ondorioak izan ditzan.
Errioxako Jatorrizko Deitura Kalifikatuak babestutako ardoetan erabiltzen diren markak aldi berean beste ardo batzuetan edo ardoaren deribatuak diren edarietan erabiltzen badira, diseinuen proposamena Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Elikaduraren Zuzendaritza Nagusira igorriko da balora dezan, egiaztatzeko, horrela, ardoen izendapenak eta aurkezpenak produktu desberdinen jatorria eta ezaugarriak identifikatzeko aukera ematen ote duten, modu argi eta errazean, kontsumitzailearentzat nahasgarria izan ez dadin.
Etiketan jarri nahi baldin bada marka gisa erregistratutako adierazpen bat edo marka gisa erregistratzeko eskatutako bat, baimendutako aipamenen bat jasotzen duena, ardoak bete beharko ditu kasuan kasuko aipamena erabiltzeko eskatzen diren baldintzak. Gainera, aurreko adierazpen hori marka batean sartuta badago edo etiketan beste marka batekin edo batzuekin konbinatzen bada, marka(k) osatzen d(it)uzten zeinu guztiak modu harmonizatuan adierazi beharko dira, bat besteen gainean nabarmendu ez dadin.
Marka edo izen komertzial gisa erregistratuta egon arren, aipamen bat ezin izanen da erabili baldin eta kontsumitzailea argi eta garbi nahasten badu identifikatzen den ardoaren ezaugarriei dagokienez.
4.–Bolumen nominala.
Errioxako deiturarako ez dago baimenduta litro bateko neurria.
5.–Zigilu koskaduna.
Kontseilu Arauemailearen zigilua nabarmenduta ezarri behar da.
6.–Irudikapen arauak.
Etiketako elementu batean, gutxienez, ikuseremu berean bilduko dira nahitaezko aipamen guztiak, barne daudela ardoaren merkataritza-marka, deituraren izena eta harekin doan izen tradizionala, justu azpian ageri dena.
Aurrealdeko etiketan edo aurrealdeko ikuseremuan, honako hauek agertu beharko dira gutxienez: ardoaren merkataritza-marka, deituraren izena eta harekin doan izen tradizionala, justu azpian ageri dena.
Aukerako adierazpenak.
1.–Eremuak.
Eremuak hauek dira: "Rioja Alavesa", "Rioja Alta" eta "Rioja Oriental".
Ardo bati eremu baten izena aplikatzeko, ardoaren mahatsak horietako batean izan behar du jatorria, eta ardoaren elaborazioa, ontzea eta botilatzea eremu horretan egin beharko dira.
Eremuaren izenaren aipamena "Denominación de Origen Calificada" hitzen azpian jarriko da, "Rioja" Deituraren izena adierazteko erabilitako letren tamaina, lodiera eta kolorearekin, gehienez ere. Edozein kasutan, eremuaren izena ez da nabarmenduko etiketan "Rioja" izena baino gehiago.
Etiketan honela adierazten da:
Rioja.
Denominación de Origen Calificada.
Rioja Alta.
Rioja.
Denominación de Origen Calificada.
Rioja Alavesa.
Rioja.
Denominación de Origen Calificada.
Rioja Oriental.
2.–Herria.
A.–"Udalerriko ardoa" sailkapenari "Herriko ardoa" deituko zaio aurrerantzean. Aitorpen horrek eskubidea ematen du Errioxako Jatorrizko Deitura Kalifikatuak babestutako 144 udalerrien izena erabiltzeko.
B.–Etiketan "Vino de" aipamena erabil daiteke Errioxako Jatorrizko Deitura Kalifikatuaren lurralde-eremuko udalerri baten izenarekin batera, baldin eta ardoa udalerri horretako mahastietatik soilik badator, eta ardoaren elaborazioa, ontzea eta botilatzea bertan egiten badira.
Salbuespen gisa, ulertuko da ardoa udalerri batetik datorrela baldin eta, elaborazioan, operadorearen udal-mugartearen mugakide diren udalerrietan inskribatutako mahastietako mahatsaren %15 sartzen bada gehienez ere, eta betiere zuzenbidean baliozkoa den edozein titulu juridikoren bidez egiaztatzen bada modu esklusiboan edukiko dela mahatsaren %15 hori, gutxienez, 10 urtez jarraian.
"Vino de" eta ondoan udalerriaren izena agertuko dira, nahitaez, botilak daramatzan etiketa guztietan, edo ikuseremu guztietan, etiketa jarraitua bada. Deituraren izena ("Rioja") adierazteko erabiltzen diren letren tamaina, lodiera eta kolorea izanen ditu gehienez ere. Edozein kasutan, udalerriaren aipamena ez da nabarmenduko etiketan "Rioja" izena baino gehiago.
C.–Etiketan "Viñedo en" aipamena erabil daiteke Errioxako Jatorrizko Deitura Kalifikatuaren lurralde-eremuko udalerri baten izenarekin batera, baldin eta ardoa udalerri horretako mahastietatik soilik badator.
"Viñedo en" eta ondoan udalerriaren izena agertuko dira, nahitaez, botilak daramatzan etiketa guztietan, edo ikuseremu guztietan, etiketa jarraitua bada. Deituraren izena ("Rioja") adierazteko erabiltzen diren letren tamaina, lodiera eta kolorea izanen ditu gehienez ere. Edozein kasutan, udalerriaren aipamena ez da nabarmenduko etiketan "Rioja" izena baino gehiago.
D.–Udalerriko ardoetarako etiketetan erabilitako markak jatorri geografiko hori duten ardoetarako baino ez dira erabiliko; horretarako, titularrak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko du, marka ardo horietan soilik erabiltzeari buruzkoa. Adierazpen hori egin ezean, udalerriko ardorako erabilitako etiketak ez dira izanen upategiak gainerako ardoetarako erabili dituenak bezalakoak, kontsumitzailea nahas ez dadin.
E.–Eremu, udalerri edo mahasti bereziaren aipamenak agertzen badira, unitate geografiko txikienari dagokion kontraetiketa edo garantiako zigilua erabiliko da.
3.–Mahasti berezia.
"Mahasti berezia" udalerrikoa baino eremu txikiagoko entitate geografikoa da, Errioxako Jatorrizko Deitura Kalifikatuak babestutako lurraldean kokatuta dagoena eta izen batez identifikatuta dagoena. Ezaugarri agrogeologiko eta klimatologiko propioak dituen landa-alderdi edo -lekua da, inguruko beste batzuetatik bereizten eta nabarmentzen dena. Handik, ezaugarri eta nolakotasun bereziak dituzten ardoak lortzen dira.
Aitortua izateko, mahasti bereziaren izena marka gisa erregistratu beharko dute, gutxienez Patente eta Marken Espainiako Bulegoan, laborearen titular diren pertsona fisiko edo juridikoek edo Errioxako Jatorrizko Deitura Kalifikatuan inskribatutako elaborazio-instalazioak dituzten eta elaborazioaren arduradun direnek.
Markaren titularrak adierazpen bat aurkeztu beharko du, dioena konpromisoa hartzen duela marka Errioxako Jatorrizko Deitura Kalifikatuari atxikitako ardoetan bakarrik erabiltzeko.
Irudikapena: "viñedo singular" terminoa nahitaez agertu behar da botilaren etiketa guztietan, edo ikuseremu guztietan, etiketa jarraitua bada. Marka gisa erregistratutako mahasti bereziaren izenaren azpian jarriko da, "Rioja" deituraren izena adierazteko erabiltzen diren letren tamaina, lodiera eta koloreekin, gehienez ere:
Mahasti berezietatik datozen ardoak ezin izanen dira enkarguz botilatu.
4.–Kalitateko ardo aparduna.
Kalitateko ardo aparduna da kalifikatutako ardo zuri edo gorri batetik, kalitateko ardo apardun izateko, metodo tradizionalaren arabera botilan bigarren hartzidura alkoholiko baten bidez lortutako produktua.
Kalitateko ardo apardunetan azukre-edukiari dagokion terminoa agertuko da ("Brut Nature": 3 gramo baino gutxiago litro bakoitzeko, azukrerik gehitu gabe bigarren hartziduraren ondoren; "Extra Brut": 0 eta 6 gramo artean litro bakoitzeko; eta "Brut": 12 gramo baino gutxiago litro bakoitzeko), bai eta "Método Tradicional" ere, botilak daramatzan etiketa guztietan, edo ikuseremu guztietan, etiketa jarraitua bada.
"Método Tradicional" adierazpena azukre-edukiari dagokion terminoaren azpian jarriko da, eta gehienez ere "Rioja" izendapenaren izena adierazteko erabiltzen diren letren tamainarekin.
Derrigorrezko aipamenak daramatzan etiketan, "Método Tradicional" adierazpenaren letrak ezin izanen dira 0,3 zentimetrotik beherakoak izan.
"Gran Añada" aipamena erabiltzen ahalko da baldin eta elaborazio-prozesua, tirajearen unetik lepo-egitera arte, ez bada 36 hilabetetik beherakoa. Horrekin batera, uztaren urtea adierazi beharko da.
5.–Urtabearen irudikapena, hazkuntzako aukerako aipamenekin.
Urtabea sartu beharko da, baldin eta "Crianza", "Reserva" edo "Gran Reserva" aukerako aipamenak agertzen badira etiketan nahitaezko aipamenekin batera. Betekizun hori betetzat joko da baldin eta nahitaezko aipamenak dituen etiketak ikuseremu bera badu kontseilu arauemailearen garantiako zigiluarekin edo kontraetiketarekin, horiek urtabea agerian izateagatik.
Urtabea sartu beharko da, baldin eta aukerako aipamena agertzen bada aurrealdeko etiketan edo kontsumitzaileak aurreko gisa identifikatzen duen ikuseremuan, eta aipamenaren tamainaz edo grafiaz bestelako tamaina edo grafia batean ere ager daiteke.
Ez da beharrezkoa izanen urtabea aukerako aipamenekin adieraztea, baldin eta etiketa ez bada kontsumitzaileak aurrekotzat identifikatzen duena eta ez baditu nahitaezko aipamen guztiak biltzen (informaziorako kontraetiketa bat, adibidez).
Etiketan adierazten ahalko da ardoa zenbat hilabetetan ondu den barrikan eta/edo botilan, harekin doan aipamen tradizionalaren ikuseremu berean, betiere denbora hori trazabilitatearen bidez egiaztatzen bada.
Ezin izanen dira "Rioja" hitza baino letra handiagoekin edo lodiagoekin adierazi.
6.–Elaborazio moduari edo lortzeko erari buruzko aipamenak (*).
"Maceración carbónica", aplikatzen ahal zaie ardoei hartzidura prozesuan metodo hori erabili denean.
Elaborazioan aldez aurreko deklarazioa egin behar zaie Kontseiluko Zerbitzu Teknikoei. Mahats-bilketa bakoitzean Kanpainako Arauetan eskatutako baldintza.
"Fermentado en barrica", soilik erabil daiteke ardo zuri eta gorrien kasuan, hilabetez gutxienez upelean egon badira, betiere Kontseilu Arauemaileari elaborazio mota horren berri eman bazaio, eta baldintza honekin: ezaugarri horiek dituzten ardoak ezin dira merkatura atera jatorriko mahatsa bildu eta hurrengo urteko urtarrilaren 1a baino lehen.
"Dulce", soilik erabil daiteke ardo zuri eta gorrien kasuan, betiere Kontseilu Arauemaileari elaborazio mota horren berri eman bazaio hartzidura gertatu baino lehen.
"Semidulce", soilik erabil daiteke ardo zuri eta gorrien kasuan, betiere Kontseilu Arauemaileari elaborazio mota horren berri eman bazaio hartzidura gertatu baino lehen.
"Semiseco", soilik erabil daiteke ardo beltz, zuri eta gorrien kasuan, betiere Kontseilu Arauemaileari elaborazio mota horren berri eman bazaio hartzidura gertatu baino lehen.
"Rosado de Lágrima", soilik erabil daiteke ardoa egiten bada jario-muztioaren metodo tradizionalaren bidez. Horretarako, 12 ordu baino gehiago ez da azalekin kontaktuan egonen hartzitu baino lehen. Adierazpen hori ezin izanen da "Rioja" hitza baino letra handiagoekin edo lodiagoekin eman.
"Red Blend", soilik erabil daiteke ardo beltzen nahasketetan, haien azukre kopurua 4 gramo baino gehiago eta 12 gramo baino gutxiago bada litro bakoitzeko. Adierazpen hori zigilu generikoa duten ardoetan bakarrik erabiltzen ahalko da.
"Rosé Blend", soilik erabil daiteke ardo gorrien nahasketetan, haien azukre kopurua 12 gramo baino gehiago eta 45 gramo baino gutxiago bada litro bakoitzeko. Adierazpen hori zigilu generikoa duten ardoetan bakarrik erabiltzen ahalko da.
"White Blend", soilik erabil daiteke ardo zurien nahasketetan, haien azukre kopurua 12 gramo baino gehiago eta 45 gramo baino gutxiago bada litro bakoitzeko. Adierazpen hori zigilu generikoa duten ardoetan bakarrik erabiltzen ahalko da.
"Vendimia temprana", "Early harvest" edo antzekoak, soilik erail daitezke ardo beltz, gorri eta zuriek hartutako graduazio bolumetrikoa %12koa edo hortik beherakoa bada ardo beltzen kasuan, edo %11koa edo hortik beherakoa ardo zuri eta gorrien kasuan.
(*) Adierazpen horiek ezin izanen dira "RIOJA" hitza baino letra handiagoekin edo lodiagoekin eman.
7.–"Madurado en bodega" adierazpena.
Adierazpen hori ezin da erabili barrika, haritz edo zurari buruzko marrazki, adierazpen edo aipamenekin, edo ardoa haritz-upeletan ontzeko prozesuari edo horietan hartzitzeari edo zurezko suilei lotutako beste edozeinekin.
Arrazoi beragatik, ezin izanen da erabili "envejecido", "aged" eta abarri buruzko adierazpenik, edozein dela ere erabiltzen den hizkuntza.
Ezin izanen da aipamen isolaturik egin, hala nola "Madurado", ezta "Madurado x meses" ere. Adierazpena izanen da atal honetan zehazki aipatzen dena.
Ezin izanen da "Rioja" hitza baino letra handiagoekin edo lodiagoekin adierazi.
8.–"Madurado sobre lías (x meses)" aipamena eta beste batzuk.
Aipamen hauek: "Madurado sobre lías (x meses [aukerakoa])", "Madurado en hormigón (x meses [aukerakoa])", "Madurado en cemento (x meses [aukerakoa])", "Madurado en tinaja de barro (x meses [aukerakoa])", "Madurado en... (x meses [aukerakoa])".
Erabiltzen ahalko dira informaziorako kontraetiketako legenda baten testuinguruan, betiere aipamenik egiten ez bazaio barrikari, haritzari, zurari edo zurezko edozein ontziri, edo ardoa haritzezko edo zurezko upeletan ontzeko prozesuarekin lotuta egoteari.
Erabiltzen ahalko dira baldin eta trazabilitatearen bidez frogatzen bada ardoa modu horretan edo teknika hori erabiliz egin dela.
9.–"Selección" aipamena eta antzekoak.
Gisa honetako aipamenak edo antzekoak erabili ahal izateko: "Selección Especial"; "Selección de la Familia"; "Selección de viñedos"; "Seleccionado"; "Colección"; "Edición limitada"; "Serie", etab., Kontseilu Arauemaileari jakinarazi behar zaio zertan datzan bilduma, hautaketa, edizioa edo antzekoa eta zenbat botilak osatzen duten lotea.
Aukerakoa izanen da informazio hori etiketan sartzea.
Ezin izanen dira "Rioja" hitza baino letra handiagoekin edo lodiagoekin adierazi.
10.–Upategiak kokatuta dauden udalerria aipatzea.
Ardoen etiketan adierazten ahalko da non dauden kokatuta upategiak, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira:
a) Upategiak dauden udalerriaren izenarekin batera, honako esamolde hauek jarriko dira: "Bodega ubicada / fundada / establecida en (...)", eta gehi daiteke zer urtetan sortu edo finkatu zen upategia.
b) Ezin izanen da enkarguz botilatu.
c) Ardoa udalerri horretako upategian botilatuko da, eta ardoa elaboratzeko eta ontzeko lanak ere upategiaren instalazioetan egin beharko dira.
d) Upategiak gutxienez 25 urte eman behar ditu instalatuta udalerri horretan.
e) Adierazpen hori ezin izanen da "Rioja" hitza baino letra handiagoekin edo lodiagoekin eman.
11.–"Viñas viejas", "Viñedos viejos", "Viñedos centenarios" eta "Viñedo prefiloxérico" aipamenak.
"Viñas viejas" edo "Viñedos viejos" aipamenak erabiltzen ahalko dira, trazabilitatearen bidez egiaztatzen bada ardoaren jatorrizko mahastia 1980an edo lehenago landatu zela. 2030etik aurrera erabiltzen ahalko dira, baldin eta trazabilitatearen bidez egiaztatzen bada ardoaren jatorri diren mahastiek 50 urte dituztela gutxienez.
"Viñedos centenarios" aipamena erabiltzen ahalko da egiaztatzen bada mahastiek 100 urte dituztela gutxienez. Kasu bakoitzean adierazpen baliokidea ere sartzen ahalko da, baldin eta "Viñedos de más de x años" aipatzen bada.
"Viñedo prefiloxérico" erabiltzeko, mahastiak 1900. urtearen aurrekoak izanen dira.
Aipamen horiek ezin izanen dira "Errioxa" hitza baino letra handiagoekin edo lodiagoekin adierazi, eta aipamen horiek dituen ardoa egiteko erabilitako mahatsaren %90ekin egina izan beharko du gutxienez.
12.–"Viñedos de altura" aipamena.
Erabiltzen ahalko da baldin eta trazabilitate bidez egiaztatzen bada ardoaren jatorrizko mahastia 550 metrora dagoela gutxienez itsas mailaren gainetik.
Aipamen hori ezin izanen da "Errioxa" hitza baino letra handiagoekin edo lodiagoekin adierazi, eta aipamena duen ardoa egiteko erabilitako mahatsaren %90ek mahasti horietakoa izan beharko du gutxienez.
13.–"Viñedos propios" aipamena.
Erabiltzen ahalko da baldin eta trazabilitatearen bidez egiaztatzen bada ardoa upategiaren jabetzako mahastietatik datorrela, edo etiketako instalazioen titulartasuna duen enpresa-taldearen jabetzako mahastietatik. Era berean, erabiltzen ahalko da baldin eta zuzenbidean baliozkoa den edozein titulu juridikoren bidez egiaztatzen bada etiketatzearen instalazioen titulartasuna duen upategiak edo enpresa-taldeak mahasti horren ondoriozko ekoizpena duela esklusiboki, gutxienez 10 urtez etenik gabe.
Aipamen hori ezin izanen da "Errioxa" hitza baino letra handiagoekin edo lodiagoekin adierazi, eta aipamena duen ardoa egiteko erabilitako mahatsaren %90ek mahasti horietakoa izan beharko du gutxienez.
14.–"Cosecha" aipamena.
Erabiltzen ahalko da urtabea ere jasotzen bada.
Adierazpen hori ezin izanen da "Rioja" hitza baino letra handiagoekin edo lodiagoekin eman.
15.–"Fermentado sobre lías" aipamena eta antzekoak.
"Fermentado sobre lías", "Fermentado en hormigón", "Macerado en tinaja de barro" aipamenak edo antzekoak erailtzen ahalko dira baldin eta trazabilitatearen bidez egiaztatzen bada ardoa kasu bakoitzean adierazi bezala egin dela, eta ez bada adierazpenik egiten barrikari, haritzari edo zurari buruz edo ardoa haritzezko barriketan ondu edo horietan hartzitzeari buruz edo zurezko suilei buruz.
"Madurado" esamoldea kanpoan gelditzen da, dokumentu honetako beste atal batean araututa dagoelako.
Adierazpen horiek ezin izanen dira "Rioja" hitza baino letra handiagoekin edo lodiagoekin eman.
16.–Beste aipamen batzuk.
Egiazkoak direla frogatu ondoren, botilatzea egiten den tokiari buruzko aipamen hauek erabil daitezke, "Embotellado por" edo "Embotellado en origen" aipamenen ordez edo horiez gain: "Embotellado en la explotación agraria"; "Embotellado por el cosechero"; "Embotellado por el productor"; "Embotellado por la cooperativa"; "Embotellado en la zona de producción"; "Embotellado en la propiedad".
"Embotellado en la propiedad" esamoldea erabili ahal izateko, erabilitako marka upategiaren jabetzakoa izan behar da, edo botilatzea egiten den instalazioen titulartasuna duen enpresa-taldearen jabetzakoa, eta, beraz, Kontseilu Arauemailearen erregistro baliokidean inskribatuta egon behar du. Adierazpen hori ezin izanen da "Rioja" hitza baino letra handiagoekin edo lodiagoekin eman.
Egiazkoak direla frogatu ondoren, mahastizaintzako ustiategiari buruzko aipamen hauek erabiltzen ahalko dira: "Cosecha propia"; "Obtenido en la explotación vitícola"; "Cosechado en la propiedad"; "Procedente de viñedos propios".
17.–Logotipoen erabilera.
Bezeroen edo upategiaren beraren logotipoak eta sinbolo grafikoak ezin izanen dira inoiz etiketaren bereizgarri izan eta ezin izanen dira nabarmendu etiketaren bereizgarri gisa balio duen merkataritza-markaren irudikapenaren gainetik.
18.–Ardoaren ezaugarri organoleptikoei buruzko aipamena.
Etiketan ardoaren ezaugarri organoleptikoei buruz azaltzen diren terminoak ez dira aipamentzat hartuko, eta, beraz, ez dira dokumentu honetan jasotako mugen mende egonen, betiere kontsumitzaileari nahasmendurik sortzen ez badiote elaborazioari, ontzeari edo mahastiaren jatorriari buruz.
19.–Mahastiaren ezaugarri edafologikoen erreferentzia.
Egiaztatuta badago, mahastiaren ezaugarri edafologikoak aipatzen ahalko dira informaziorako kontraetiketetan, legenda baten gorputzean.
20.–Legenden irismena informaziorako kontraetiketetan.
Operadoreak bermatu beharko du justifikazio eta egiazkotasun printzipio orokorra betetzen dela informaziorako kontraetiketen legendetan agertzen den informazio guztiarekin. Operadoreari eskatzen ahalko zaio diseinuetan jasotako informazioa froga dezala erabili aurretik.
Gainera, ardoa egiteko erabiltzen diren mahastiei buruzko informazioa gehitzen ahalko da, baldin eta informazio hori nabarmenduta agertzen ez bada, eta testu-gorputzaren legenda kokatuta badago kontsumitzaileak nagusitzat edo aurrealdetzat identifikatzen duen etiketa edo ikuseremua ez den beste batean.
Aurreko informazioa lotuta baldin badago etiketatze-baldintza hauek arautzen dituzten aipamenekin (hala nola mahastien adinari edo altuerari buruzkoekin), aipamen horiek erabiltzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten mahastien kasuan soilik aipatzen ahalko da informazioa.
Kontuan hartu beharreko beste xedapen batzuk.
1.–Garantiako zigilua edo kontraetiketa.
Ontzian nahitaezkoa da garantiako zigilua edo kontraetiketa jartzea, Errioxako Jatorrizko Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arauemaileak emandakoa.
Kontsumorako ardoak ateratzeko ontzi mota edozein izanik ere, garantiako zigiluak, etiketak edo kontraetiketa zenbakituak izanen dituzte, Kontseilu Arauemaileak emandakoak.
Ez zaie kontraetiketa edo zigilurik emanen Upategien Erregistroetan inskribatutakoei baldin eta ez badute frogatzen botilaratzailearen erregistro zenbakia, marka erregistratua eta Kontseilu Arauemaileak legeztatutako etiketa dituztela.
Eremuko ardoen kasuan, Kontseilu Arauemaileak zenbaki kontrolatuko kontraetiketa eta/edo garantiako zigilu espezifikoak emanen ditu.
Udalerriko ardoen kasuan, Kontseilu Arauemaileak kontraetiketa eta/edo garantiako zigilu espezifikoak emanen ditu, "Vino de pueblo" aipamenarekin.
Mahasti berezietatik datozen ardoen kasuan, Kontseilu Arauemaileak kontraetiketa eta/edo garantiako zigilu espezifikoak emanen ditu, "Viñedo singular" aipamenarekin.
Eremu, udalerri eta/edo mahasti bereziaren aipamenak agertzen badira, unitate geografiko txikienari dagokion kontraetiketa edo garantiako zigilua erabiliko da.
Kalitateko ardo apardunen kasuan, Kontseilu Arauemaileak kontraetiketa eta/edo garantiako zigilu espezifikoak emanen ditu, "Método tradicional" aipamenarekin.
2.–Beirazko ontzia.
Nahitaezkoa da beirazko ontzia erabiltzea.
Babestutako ardoetarako, haien kalitatea edo izen ona kaltetzen ez duten eta Kontseilu Arauemaileak onartzen dituen ontzi motak erabiliko dira soilik. Oro har, ontziek beirazkoak izan beharko dute, eta Europar Batasunak baimendutako edukierakoak, salbu eta litroko neurrikoak.
Salbuespenez, erabilera berezietarako beste ontzi mota batzuk baimentzen ahalko dira, ulertzen bada ez dutela babestutako ardoen kalitatea edo izen ona kaltetzen (kasu honetan formula bereziak ezartzen ahalko dira babestutako ardoek bete beharreko garantia eta kontrol eskakizunak betetzeko).
3.–Tamainen erlazioa neurtzeko modua.
Marken, ontzeari buruzko aukerako aipamenen eta "Rioja" hitzaren arteko tamainen erlazioa neurtzeko, erabilitako familia tipografiko bakoitzaren "x" letra xehearen altuera hartuko da kontuan (Elikagaien inguruan kontsumitzaileei ematen zaien informazioari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2011ko urriaren 25eko 1169/2011 (EB) Erregelamenduaren IV. eranskina).
Gutxieneko baldintzak eguneratzeko prozedura.
Sei hilean behin berrikusteko prozedura dinamiko bat aurreikusten da, dokumentu honek indarra hartzen duenetik aurrera (lehenagokoa izan daiteke, hala eskatzen bada), Kontseilu Arauemaileak jasotako aipamenak edo beste batzuk sartzeko edo garatzeko. Horretarako baldintza izanen da kontsumitzailea ez nahastea, bereziki aipamen tradizionalei edo mahastiaren jatorriari buruzkoei dagokienez.
Iragarkiaren kodea: E2508654
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
