Iragarkia
143. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 17a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
262E/2025 EBAZPENA, ekainaren 13koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, tokiko entitateei nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrak sustatzeko emanen zaizkien laguntzen oinarri arautzaileak onesten dituena eta 2025. deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 840288.
Beraz, nekazaritzako elikagaiak kontsumitzaileari ahalik eta zuzenen saltzeak, hots, ekonomia-eragile gutxi batzuek esku hartzen dutela, lagun dezake, eraginkortasunez lagundu ere, elikakateko desorekak zuzentzen, ustiategi txikien kasuan, bereziki; eta, aldi berean, aukera ematen du kalitatezko produktuak, tokiko espezie eta barietateekin edo sistema tradizionalak erabilita egindakoak, merkatuetan sar daitezen. Aldi berean, hizpide dugun jarduerak beste jarduera osagarri batzuk garatzen lagundu dezake, hala nola elikagaien transformazioa, banaketa, eta jatetxe edo landetxeetako jarduerak, horiek guztiek areagotzen baitute nekazaritzako elikagaien inguruko jarduna eta ekonomia nahiz enplegua sortzen baitute landa eremuetan.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamenduak, 2021eko abenduaren 2koak, Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan (NPBren plan estrategikoak) estatu kideek egin behar dituzten plan estrategikoetarako laguntzari buruzko arauak ezartzen ditu (Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatuta), nekazariek balio-katean duten posizioa hobetzeko beharra identifikatzen du, bereziki nekazariei mesede eginen dieten eta haien parte-hartzea sustatuko duten lankidetza-moduak bultzatuz, bai eta hornidura-kate laburrak sustatuz eta merkatuaren gardentasuna hobetuz ere.
Apirilaren 20ko 8/2010 Foru Legea onetsita, Nafarroa autonomia aitzindaria izan zen, nazio mailan, haren bidez arautu baitzuen nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategiei lotutako produktuen zuzeneko salmenta. Foru-lege horren helburu nagusia zen ustiategi horien errenta, eta, horrenbestez, lehen sektorearen bideragarritasuna hobetzea. Gaur egun, merkaturatze-eredu hori arautzen duen araua Nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburren martxoaren 9ko 5/2023 Foru Legeak ezartzen du; lege horren xedea da arautzea eta sustatzea elikagaiak zuzenean, edo gehienez ere bitartekari batez, merkaturatu daitezela lehen sektoreko ekoizleen edo horien elkarte asoziatiboen eta azken kontsumitzaileen artean.
5/2023 Foru Legearen arabera, nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrak sustatzeko, Nafarroako Gobernuak ekintzak eginen ditu nekazaritzako elikagaien ekoizleak eta haien ustiategiak ikusarazteko, bai eta bitartekariak ikusarazteko ere. Horrela, azken kontsumitzaileen konfiantza areagotuko da merkaturatze eredu horretan, hobeki ezagutu eta gehiago baloratuko da natura ingurunea eta landa-eremuetako biztanleria kontserbatzeko eta mantentzeko egiten duten ekarpena, eta handituko da elikagai seguru, jasangarri eta kalitatezkoen hornidura.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak interes berezikotzat jotzen du merkaturatze-zirkuitu laburren bidez nekazaritzako elikagaien hornidura sustatzea, nekazaritza-sektorearen lehiakortasuna mantentzen eta hobetzen laguntzen duelako, eta gure erkidegoko landa-ekonomia bultzatzen duelako. Halaber, beharrezkotzat jotzen du, udal-ekimenen bidez, produktu horiek sustatu eta zuzendutako ekintzak babestea, kanal laburren salmenta herritarrengana hurbiltzeko.
Laguntzen deialdi honen aurretik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak laguntzak jarri zituen abian 2024an, bereziki ekoizle-elkarteen garapena sustatzeko, merkaturatzea antolatzeko, ekoizle indibidualen ekoizpenetatik abiatuta, eta produktu horiek sukaldaritza kolektiboan eta kontsumo-taldeetan sar daitezen sustatzeko.
Kanal laburreko merkaturatze-ereduak tokiko osagai oso nabarmena du, bai produktuen jatorriari dagokionez, bai kontsumitzaileek ekoizleak ezagutzeari dagokionez; beraz, tokiko entitateek sustapen-ekintzak egitea bereziki eraginkorra eta sinergikoa izan daiteke.
Ildo horretan, abenduaren 26ko 19/2024 Foru Legeak, 2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzkoak, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko gastu-partida bat jasotzen du, honela identifikatua: 720003 72200 4609 413100 (E) "Laguntzak tokiko entitateentzat, nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrak sustatzeko", 62.500 euroko aurrekontu-zuzkidurarekin.
Laguntza lerro hau jasota dago egun indarrean dagoen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Dirulaguntzen 2025-2027 aldirako Plan Estrategikoan, XV. eranskinean. Plan hori Nafarroako Gobernuak onetsi zuen 2025eko apirilaren 30ean hartutako erabaki baten bidez.
Arestian azaldutakoa kontuan hartuta, bidezkoa da tokiko entitateentzako laguntza-lerro bat abian jartzea, merkaturatzea kanal laburren bidez zabaltzen edo errazten duten jarduerak egiteko, zuzeneko salmentaren eta hurbileko salmentaren aldaeretan, zirkuitu laburreko salmenta garatzeko esparruak gaitzen dituzten ekintzak barne, hainbat udal edo udal-erakunderen proiektu kolektiboei lehentasuna emanez.
Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaio.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Tokiko entitateentzako laguntzen oinarri arautzaileak onestea, nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrak sustatzeko, ebazpen honen I. eranskinean jasotzen den moduan.
2. Tokiko entitateei laguntzak emateko 2025erako deialdia onestea, nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrak sustatzeko.
3. 62.500 euroko gastua baimentzea deialdi honen araberako laguntzak emateko, 2025eko gastu-aurrekontuko 720003 72200 4609 413100 (E) partidaren kontura ("Laguntzak tokiko entitateentzat, nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrak sustatzeko").
Partidan baimendutako kreditua 30.000 euro handitzen ahalko da gehienez, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko aurrekontu programatik horretarako gaitzen den aurrekontu-partidaren kargura, bat etorrita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3) artikuluaren a) letran ezarritako baldintzekin, eta baldin eta kreditu egokirik eta behar bestekorik bada.
4. Dirulaguntzen deialdi hau eta oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).
5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea akitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Landa Garapeneko eta Ingurumen Departamentuko titularrari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluari jarraikiz.
Iruñean, 2025eko ekainaren 13an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.
TOKIKO ENTITATEEI LAGUNTZAK EMATEKO 2025ERAKO DEIALDIA, NEKAZARITZAKO ELIKAGAIAK MERKATURATZEKO KANAL LABURRAK SUSTATZEKO
Lehen oinarria.–Xedea eta helburua.
1. Oinarri hauen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko tokiko entitateentzako laguntzak arautzea, nekazaritzako elikagaien merkaturatzerako kanal laburreko salmenta bultzatzeko 2025. urtean.
2. Laguntza horien helburu nagusia nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrak garatzen eta finkatzen laguntzea da, tokiko entitateei beren lurralde-eremuan merkaturatze-eredu horren garapena sustatzen duten jarduerak egiteko laguntzak emanez.
Kanal laburreko nekazaritzako elikagaien merkaturatze-ereduak tokiko osagai oso nabarmena du, bai produktuen jatorriari dagokionez, bai kontsumitzaileek ekoizleak ezagutzeari dagokionez; beraz, tokiko entitateek sustapen-ekintzak egitea bereziki eraginkorra izan daiteke.
3. Laguntza lerro hau jasota dago egun indarrean dagoen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Dirulaguntzen 2025-2027 aldirako Plan Estrategikoan, XV. eranskinean. Plan hori Nafarroako Gobernuak onetsi zuen 2025eko apirilaren 30ean hartutako erabaki baten bidez.
Bigarren oinarria.–Definizioak.
Ebazpen honen ondorioetarako, nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrei buruzko martxoaren 9ko 5/2023 Foru Legean jasotako definizioak aplikatuko dira:
a) Hurbileko salmenta: nekazaritzako elikagaien ekoizleak azken kontsumitzaileari lortzen dion lehen mailako edo eraldatutako nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren merkaturatzea da, bitartekari bakar baten esku-hartzearekin, gehienez ere, Nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrei buruzko martxoaren 9ko 5/2023 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritako baldintzetan.
b) Zuzeneko salmenta: nekazariak ekoitzitako nekazaritzako elikagaiak (lehen mailakoak edo eraldatuak) azken kontsumitzaileari merkaturatzea bitartekaririk esku-hartzen ez duela, 4. artikuluan ezarritako baldintzak beteta. Zuzeneko salmenta lotuta dago, bereziki, nekazaritza-ustiategitik edo eremu geografiko jakin bateko ekoizpen-lekutik gertu egotearekin, non azken kontsumitzaileek zuzenean edo bide telematikoz eskuratzen baitute nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren zati bat, nekazaritzako elikagaien ekoizlearekin harremanetan jarrita.
c) Nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburra: nekazaritzako elikagaien ekoizleak nekazaritzako elikagaiak saltzea edo hornitzea azken kontsumitzaileari, zuzenean edo, gehienez ere, bitartekari batez. Zuzeneko salmentaren bidez edo hurbileko salmentaren bidez egiten ahalko da, eta lotuta dago tamaina txikiko nekazaritza-ustiategiei, zeinek lehiatzeko zailtasunak izan baititzakete merkaturatzeko bide arruntetan.
d) Nekazaritzako elikagaien ekoizpena: nekazaritzako elikagaien ekoizleak lortutakoa, lehen mailakoa izan daiteke edo eraldatua, baldin eta lehen mailako haren osagaiak ustiategitik bertatik badatoz.
e) Lehen mailako ekoizpena: landare-produktuak eta onddoak biltzearen bidez, animaliak hil aurretik haztearen eta akuikulturaren bidez, jeztearen, ehizaren eta arrantzaren bidez eta basoko produktuak biltzearen bidez lortutakoa.
f) Ekoizpen eraldatua: lehen mailako ekoizpenetik abiatuta lortzen dena, hura nabarmen aldatzen duen edozein ekintza baliatuta (tratamendu termikoa, ketzea, ontzea, heltzea, lehortzea, marinatzea, erauzketa, estrusioa edo prozedura horien konbinazioa), bai eta ustiategiko animaliak goitik behera zabaltzea eta zatikatzea ere, behar bezala baimendutako establezimenduetan hil eta prozesatu ondoren.
g) Udal-merkatua eta azoka txikia: udalak edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek antolatutako guneak, non nekazaritzako elikagaien ekoizleek edo bitartekariek, modu iraunkorrean edo egun zehatzetan, nekazaritzako elikagaiak saltzen baitizkiete azken kontsumitzaileei. Espazio horietan izan daitezke, haiekin batera, salmenta ibiltariko beste saltoki batzuk.
h) Jantoki kolektiboa: merkataritza-xedea edo xede soziala duen establezimendua, publikoa edo pribatua, zeinetan ematen baitira zuzenean nekazaritzako elikagaien ekoizleengandik edo bitartekariengandik eskuratutako nekazaritzako elikagaiekin osorik edo partez prestaturiko janariak.
i) Azken kontsumitzailea: elikagai baten azken buruko kontsumitzailea den pertsona fisikoa edo juridikoa, elikagai hori erabiliko ez duena elikaduraren sektoreko merkataritza-eragiketa edo -jarduera batean.
j) Bitartekaria: nekazaritzako elikagaien ekoizlearen eta elikagaien azken kontsumitzailearen artean merkataritza-jarduera bat gauzatzen edo bideratzen duena, dela bere establezimenduen bidez, dela merkataritza elektronikoaren bidez.
k) Nekazaritzako elikagaien ekoizlea: Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan izena emandako ustiategien titularrak diren nekazariak edo abeltzainak, pertsona fisikoa edo juridikoa dela kontuan hartu gabe, nekazaritzako beren elikagaiak (freskoak edo eraldatuak) saltzen dituztenak merkaturatzeko kanal labur baten bidez.
Hirugarren oinarria.–Onuradunak.
1. Deialdi honetan ezarritako laguntzak eskuratzen ahalko dituzte Nafarroako Foru Komunitateko tokiko entitateek, halakotzat hartuta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetan deskribatutakoak, dela banaka, dela uztailaren 2ko 6/1990 Foru Lege horren 192.2 artikuluan aipatzen diren zuzeneko kudeaketako zeinahi modutan, dela bi tokiko entitatek edo gehiagok parte hartzen duten lankidetza-proiektuen bidez.
2. Nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrak sustatzeko laguntzak ekoizlearen eta azken kontsumitzailearen artean bitartekari bat baino gehiago ez duten hornidura-kateak soilik hartuko ditu.
Laugarren oinarria.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.
1. Tokiko entitateek banaka eskuratzen ahalko dituzte laguntzak, edo bi entitatek edo gehiagok parte hartzen duten lankidetza-proiektuen bidez.
2. Laguntzak jasotzeko, eskatzaileek konpromisoa hartu behar dute nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrak ezartzeko eta garatzeko ekintzak egiteko, bai eta eredu hori sustatzeko eta zabaltzeko jarduerak egiteko ere, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde-eremuan, eta honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Aurreikusitako jarduerak eta hartutako konpromisoak deskribatzen dituen ekintza plana aurkeztea.
–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea.
3. Aurrekoaz gain, bi tokiko entitatek edo gehiagok parte hartzen duten baterako lankidetza-proiektuen kasuan, entitate eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte laguntza-eskaera aurkezteko unean:
–Tokiko entitateen elkarteak entitate parte-hartzaileen lankidetza-akordio edo -hitzarmen bat egiaztatzea, eta akordio edo -hitzarmen horretan haien osaera, funtzionamendu-arauak eta erantzukizunen banaketa jasotzea.
–Jarduera-plan bat aurkeztea, parte hartzen duen tokiko entitate bakoitzak aurreikusitako jarduerak eta bere gain hartutako konpromisoak deskribatuko dituena.
–Elkartearen ordezkari bat izendatzea, proiektua koordinatuko duena eta Administrazioarekin harremanetan jarriko dena. Horretarako, ordezkaritza-ahalmena izan beharko du.
Bosgarren oinarria.–Jarduera eta gastu diruz lagungarriak.
1. Jarduera hauek dira diruz lagungarriak:
–Azokak, tokiko merkatuak, produktu-erakustaldiak eta abar antolatzea, gutxienez nekazaritzako elikagaien komertzializaziorako kanal laburren erregistroan izena emanda dauden hiru operadorek parte hartuta, Nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburrei buruzko martxoaren 9ko 5/2023 Foru Legearen arabera.
–Topaketak, foroak, lehiaketak, jardunaldiak eta mintegiak antolatzea, nekazaritzako elikagaiak kanal laburrean merkaturatzeko ereduari buruzko informazioa eta ezagutza errazteko.
–Argitalpenak, katalogoak, bideoak eta liburuxkak editatzea, bai eta nekazaritzako elikagaiak kanal laburrean saltzeko bereizgarriari atxikitako produktuak aurkezten dituzten webguneak ere.
–Produktu horiek sukaldaritza kolektiboko establezimenduetan, baita entitate publikoetako jantokietan ere, txertatzeko ekintzak egitea.
–Tokiko ekoizleek ekoizpen primarioaren egituraketa errazteko ekintzak egitea, hala nola topaketak eta jardunaldiak.
–Merkaturatze-mota horren inguruko sentsibilizazio- eta hedapen-ekintzak lurralde-eremuan.
–Bere lurralde-eremuan zirkuitu laburreko merkaturatzea errazten edo sustatzen duten beste ekintza batzuk.
2. Diruz lagungarriak diren gastutzat joko dira tokiko entitate onuradunek egiten dituzten gastuak, baldin eta hirugarren batzuei zerbitzu profesionalak kontratatzen bazaizkie eta materialak eta ekipo eta espazioen alokairuak erosten badituzte, aurreko zenbakian aipatutako jarduerak egiteko, eta 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko urriaren 31ra bitartean gauzatu eta ordaindu badira.
3. Ez dira diruz lagungarritzat jotzen eta, hortaz, ezin dira aukeratu, ez balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa), ezta beste zerga batzuk ere, salbu eta, foru araudiarekin bat, balio erantsiaren gaineko zerga berreskuratu ezin duten onuradunen kasuan. Horri dagokionez, entitate eskatzaileek salbuespen horri heltzeko asmoa dutela adierazi behar dute laguntza eskabidean, bai eta baldintza hori betetzetik salbuetsiak izanaren justifikazioa aurkeztu ere. Garatutako ekintzen ondoriozko finantza-gastuak ere ez dira diruz lagunduko.
4. 2.500 eurotik beherako kostua duten ekintza-planak ez dira diruz lagunduko (organo instruktoreak aurkeztutako gastuak ebaluatu ondoren hartuko da kontuan zenbateko hori).
5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikulua aplikatuz, entitate onuradunek hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko dituzte dirulaguntzarekin lotutako jardueren %100 arte, aipatu artikuluan adierazten den bezala.
6. Diruz lagungarriak izateko, gastuak nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko kanal laburren bidez eskaintzen dituzten jarduerei dagozkie.
Seigarren oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Laguntzaren intentsitatea diruz lagungarriak diren gastuen %90ekoa izanen da, onuradun bakoitzeko 20.000 euroko laguntza gehienez ere.
2. Entitate batek laguntza-eskaera indibidual bat aurkezten badu, eta aldi berean laguntza kolektiboko eskabide batean edo batzuetan parte hartzen badu, laguntza bere eskaera indibidualaren espedientean aurreko zenbakian aurreikusitako mugaraino doituko da, eta, beharrezkoa izanez gero, murrizketa aipatutako mugaraino hainbanatuko da, eskaera kolektiboetan aurreikusitako gastuaren arabera.
Zazpigarren oinarria.–Onuradunaren betebeharrak.
1. Ekintzak ebazpen honetan xedatzen denarekin bat gauzatzea, eta bertan eta laguntza emateko ebazpenean adierazten diren betebeharrak betetzea.
2. Hartutako funtsak dirulaguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatuz.
3. Laguntza ongi eman dela eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onestea.
4. Helburu bererako beste dirulaguntza publiko batzuk eskatu edo jaso badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.
5. Behar bezala zabaltzea finantzabide publikoa dutela diruz lagundutako programek, jarduerek, inbertsioek edo edozein motatako jarduketek. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren ikurra jarri beharko dute informazio- eta hedapen-materialetan (kartelak, eskuorriak eta abar) eta web-orrietan.
Nafarroako Gobernuaren ikurra bat etorriko da Agenda 2030eko logoa txertatua duen sinbolo ofizialarekin, helbide honetan jasota dagoenari jarraikiz: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.
6. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.
Zortzigarren oinarria.–Eskaerak aurkeztea.
1. Eskaerak aurkezteko epea hamabost egunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hasita.
2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, eta bitarteko elektronikoen bidez baino ezin dira aurkeztu, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoaren bitartez, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluarekin. Erregistro Orokor Elektronikoa interesa duen ororen eskura egonen da Nafarroako Gobernuko Interneteko web atarian.
3. Eskaera berariaz prestatutako ereduan aurkeztuko da, laugarren oinarrian aipatutako agiriekin batera. Eredu hori eskura daiteke Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko Administrazio publikoendako zerbitzuen katalogoan, https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/ayudas-a-entidades-locales-para-el-fomento-de-los-circuitos-cortos-de-comercializacion helbidean.
Bederatzigarren oinarria.–Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Jarduera deialdiaren helburuekin bat datorrela egiaztatzeko, eskabidearekin batera dokumentazio hau aurkeztu beharko da, laguntzaren izapideen katalogoan emanen diren dokumentu-ereduen arabera:
1. Nortasuna frogatzen duen dokumentazioa:
a) IFKaren kopia.
b) Laguntza hauek eskatzeko erabakia jasotzen duen agiria, entitateko buruak sinatua edo legez gaituriko pertsona batek sinatua.
c) Hainbat tokiko entitateren baterako jardunaren kasuan, ordezkariaren identifikazioa, ordezkaritza-ahalordea izan beharko duena.
d) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz kobratuz gero, edo Nafarroako Gobernuak zer kontutan pagatu izan dizkion, kontu hori aldatu nahi izanez gero.
d) BEZa osorik edo hein batean ordaintzetik salbuetsita dagoela frogatzen duen agiria, hala bada.
2. Laguntza eskaeraren esparruan egin beharreko jarduerei buruzko informazioa:
a) Ekintza-plana, izapideen katalogoko fitxaren ereduaren arabera. Bertan, egin beharreko jarduerak, egutegia, gauzatzearen arrazoia eta balorazio ekonomikoa deskribatuko dira, dagozkion aurrekontuak edo proformako fakturak erantsita.
b) Hornitzaileak eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu direla frogatzeko justifikazioa, edo irizpide horiek aplikatzea galarazten duten arrazoiak, gastuak 12.000 eurotik gorakoak direnean. Horri dagokionez, aurreikusitako gastuen zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada laguntza teknikoko edo aholkularitzako enpresen zerbitzu emateetan, entitate eskatzaileak hainbat hornitzaileri eskatutako eskaintzak aurkeztu beharko ditu. Eskaintzarik merkeena hautatu ezean, aurkeztutako memorian berariaz justifikatu beharko da.
Zerbitzuen kontratazioa 15.000 eurotik gorakoa bada, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea bete beharko da.
c) Beste edozein informazio osagarri, baita argazkiak ere, baldin eskatzailearen ustez eskaera justifikatzeko balio badu.
d) Hainbat tokiko entitateren arteko lankidetzaren kasuan, dagokion lankidetza-akordioa edo -hitzarmena aurkeztea.
e) Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Entitateak eskaeran horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.
f) Tokiko entitatearen idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena ea beste laguntza publiko edo pribaturik eskatu edo jaso den deialdi honen xedeko lanetarako, horren bitartez ziurta dadin aurreikusitako dirulaguntza guztien zenbatekoak ez duela gainditzen aurkeztutako proiektuaren kostu osoa.
3. Entitatearen idazkaritzaren ziurtagiria, honako hauek egiaztatzen dituena:
a) Onuradun izateko debekuren baten eraginpean ez egotea.
b) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako baldintzak betetzen ditu.
c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
Hamargarren oinarria.–Deialdiaren antolaketa, instrukzioa eta ebazpena.
1. Eskaera harturik, bederatzigarren oinarrian aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu diren egiaztatuko da. Dokumentazio guztia ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epean osatu dezala, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.
2. Agiri guztiak bildu ondoren, betebehar guztiak betetzen dituzten egiaztatuko da. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.
3. Laguntza hauek norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira. Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Sustapenaren Atalak ebaluatuko ditu aurkeztutako eskabideak, hamaikagarren oinarrian zehaztutako lehentasun-irizpideak aplikatuz eskabideen lehentasun-ordena ezartzeko. Eskaerak ebaluatu ondoren, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena igorriko dio Landa Garapeneko zuzendari nagusiari.
4. Landa Garapeneko zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzak emateari buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.
5. Prozeduraren gainean ebazteko, hiru hilabeteko epea izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat jotzen ahalko da, isiltasun administratiboaren ondorioz.
Hamaikagarren oinarria.–Dirulaguntza emateko modua.
1. Eskaerak baremo honen arabera lehenetsiko dira:
a) Hainbat onuradunen baterako jarduera bada: 10 puntu entitate bakoitzeko, gehienez ere 40 puntu.
b) Jarduketa-planak azokak, tokiko merkatuak eta produktu-erakusketak antolatzea aurreikusten badu: 10 puntu jarduketa bakoitzeko, gehienez 40 puntu.
c) Jarduketa-planak emakumeek kudeatutako nekazaritza-ustiategiak lehenestea aurreikusten badu: 20 puntu.
d) Tokiko entitate eskatzailearen kokapenaren arabera, despopulazio-arriskuaren mailaren arabera. Muturreko despopulazio arriskuan dauden udalerriak: 10 puntu. Despopulazio arrisku bizian dauden udalerriak: 5 puntu. Bi tokiko entitatek edo gehiagok parte hartzen duten baterako lankidetza-proiektuen kasuan, entitate ordezkariarena puntuatuko da.
2. Eskabideen artean puntuazio bera lortuz gero, lehentasuna emanen zaie a) apartatuan puntuazio handiena lortu duten eskabideei. Berdinketak jarraitzen badu, c) apartatuan puntuazio handiena lortu duten eskabideei emanen zaie lehentasuna.
3. Norgehiagokako prozedura aplikatuta eskaeren hurrenkera lortu ondoren, deialdiaren aurrekontu kreditua ez bada nahikoa laguntza eskaera guztiei erantzuteko, aipatutako hurrenkerako azken entitateak, aurrekontu zuzkidura badu eta eskatutakoa baino zenbateko txikiagoa badagokio, emandako laguntza berretsi beharko du, edo horri uko egin, jakinarazi eta 10 egun naturaleko epean gehienez ere. Berretsiz gero, pertsona onuradunak hartu gabe duen laguntzaren zatia jaso dezake, baldin eta laguntza jaso duten beste espediente batzuek gastu txikiagoak badituzte, organo emaileak emandako laguntza aldatu eta gero.
4. Aurrekontuan kreditu aski ez izateagatik onetsi ezin diren gainerako eskaerak ezetsi eginen dira.
Hamabigarren oinarria.–Dirulaguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak erabili direla frogatzeko epea eta modua.
1. Dirulaguntzen xedeko jarduketak bukatu ondoren eta, betiere, 2025eko ekitaldiko azaroaren 5a baino lehen, onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
a) Laguntzak ordaintzeko eskaera.
b) Egindako gastuen fakturak eta ordainagiriak, dirulaguntza eskatzean aurkeztutako aurrekontuaren epigrafeen arabera multzokaturik eta sailkaturik.
c) Ekintza-planaren emaitza, izapideen katalogoko fitxa-ereduaren arabera. Bertan, egindako jarduerak deskribatuko dira, eta lortutako emaitzak eta horien hedapen-maila baloratuko dira.
d) Diruz laguntzen diren jarduerak egin direla egiaztatzen duten agiriak: memoriak, argazkiak, publizitateko euskarri eta materialak, txosten eta azterlanen kopiak, argitaratutako materiala eta abar.
e) Erantzukizunpeko adierazpena, eskaera egunaren ondotik xede bererako beste edozein laguntza eskatu edo jaso izanari buruzkoa.
2. Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak agiriak ikuskatuko ditu, eta balidatuko aurkezturiko gastuak hautagarriak direla, frogagiriak baliozkoak eta gainerako agiriak nahikoak. Halaber, zerbitzu horrek frogagiri osagarriak eskatzen ahalko ditu, egoki baderitzo, aurkeztutako dokumentazioa zehazteko, argitzeko edo osatzeko.
Hamahirugarren oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Laguntza horiek diruz lagungarriak diren gastu berberei dagozkien beste laguntza publiko edo pribatu batzuekin metatzen ahalko dira, betiere horien guztizko zenbatekoak ez badu gainditzen aurkeztutako proiektuaren kostu osoa eta ebazpen honen seigarren oinarrian ezarritako mugak errespetatzen badira.
Hamalaugarren oinarria.–Oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.
Oinarri hauetan ezarritako baldintzak eta entitate onuradunari dagozkion gainerako betebeharrak betetzen ez badira, laguntzak murrizten ahalko dira eta bidegabeki jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat etorriz, horrek ekar ditzakeen zehapenei kalterik egin gabe.
Hamabosgarren oinarria.–Emandako dirulaguntzak argitaratzea eta jakinaraztea.
1. Ebazpen honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Atarian argitaratuko da, 2025ean merkaturatzeko kanal laburrak sustatzeko tokiko entitateei ematen zaizkien laguntzen fitxako izapideen katalogoan.
2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat, Dirulaguntzen Datu-base Nazionalean argitaratuko dira emandako dirulaguntzak, artikulu horretan bertan adierazitako baldintzetan.
Iragarkiaren kodea: F2508593
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
