143. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

AEZKOAKO BATZARRE NAGUSIA

Deialdia, administrari laguntzailearen lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Deialdia, administrari laguntzaile lanpostu bat, D mailakoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, lan-kontratudun finkoen araubidean (Aezkoako Batzarre Nagusiko 2025eko plantilla organikoan adierazitako lanpostu hutsa da), bai eta deialdia arautzen duten honako oinarri hauek ere:

OINARRIAK

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Aezkoako Batzarre Nagusiko administrari laguntzailearen lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea. Lanpostua D mailakoa da, lan-kontratudun finkoen araubidekoa, eta Batzarre Nagusi honetako zerbitzu orokorrei atxikita dago.

1.2. Izendapenak, ondorio guztietarako, Aezkoako Batzarre Nagusiko lan-kontratuko langile finko izaera emanen dio izendatutako pertsonari, lanpostuaz jabetzen den egunetik; eta Gizarte Segurantzan afiliatu, hala badagokio, eta horren erregimen orokorrean alta emanen zaio.

1.3. Lanpostuak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien D mailako ordainsariak ditu. Batzarre Nagusi honen plantilla organikoan aurreikusitako soldata osagarriak ere jasoko ditu.

1.4. Lanaldiaren araubidea lanaldi osoa da, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da. Administrazioko organo eskudunek edozein unetan alda dezakete, aplikatzekoa den araudian xedatutakoaren arabera. Lanaldiaren urteko zenbaketa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek sinatutako lan-kontratuko langileen hitzarmen kolektiboan ezarritakoa izanen da.

1.5. Bete beharreko eginkizunak bere mailari eta kategoriari dagozkionak izanen dira, jendeari arreta ematea eta Batzarre Nagusiaren administrazio zerbitzuei laguntzea barne. Era berean, beharrezko jarduerak eta kudeaketak eginen ditu erakunde horren beste lantoki batzuetan, beharrezkoa izanez gero.

1.6. Era berean, deialdi honen xedea da administrari laguntzaile lanpostua aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda bat eratzea, sartzeko hautaketa prozeduran plazarik lortzen ez duten pertsonekin, sor daitezkeen aldi baterako beharrizanei begira, Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduaren 42.2.a) artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

2.–Parte-hartzaileen baldintzak.

Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Orobat, parte har dezakete espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatuetako ezkontideek edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, parte har dezakete haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Gutxienez ere izatea DBHko graduatuko, eskola graduatuko, Lanbide Heziketako lehen graduko titulua edo baliokidea, edo eskaerak aurkezteko azken egunerako hori lortzeko baldintzak izatea.

d) Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez egotea.

g) Batzarre Nagusiaren plantilla organikoan ezarritakoaren arabera, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 gaitasun-mailarekin bat datorren menderatze-eskakizuneko euskara-maila egiaztatzea. Egiaztagiri hori hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun ziurtagiriaren bidez edo ofizialki baliokidetzat aitortutako titulazio baten bidez egiaztatuko da, edo, bestela, proba bat gaindituz.

Lanpostua deialdi honetako bederatzigarren oinarrian aurreikusitako epean eta moduan lortzen duen izangaiak agiri bidez egiaztatu beharko ditu betekizun horiek guztiak, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunari lotuta daudela eta hautaketa prozesu osoan eta izendapenaren unera arte indarrean daudela ulertuko da.

Agiri horiek aurkezten ez dituztenak, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen dira kontratatu, eta beren jarduketa guztiak baliogabetuta geratuko dira, parte hartzeko eskabidean faltsutasuna egoteagatik izan dezaketen erantzukizunari kalterik egin gabe.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Aezkoako Batzarre Nagusiko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira (Aezkoako Etxea, 31671 Aribe, Nafarroa), 10:00etatik 13:00etara, Aezkoako Batzarre Nagusiaren egoitza elektronikoan (https://valledeaezkoa.tecresoles.es/sede-portal/home), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozein bide erabiliz, laugarren oinarrian adierazitako epean.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztea erabakitzen bada, gutunazal irekian eginen da, posta zerbitzuko langileek data eta zigilua jar diezaioten, ziurtatu baino lehen. Gainera, frogagiriaren posta elektronikoa bidali beharko da helbide honetara: valledeaezkoa@gmail.com. Baldintza horiek betetzen ez badira, eskabidea epez kanpo entregatzen bada, ez da eskabidea onartuko.

Eskabideak I. eranskinean agertzen den eredura egokitu beharko dira.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunari dagokionez. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo, hala badagokio, AIZrena.

b) Eskatzen den gutxieneko titulazioaren fotokopia (edo goragokoa) edo eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean lortzeko moduan dagoela egiaztatzen duen dokumentuarena.

c) Alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak, epaimahaiak baloratu ahal izateko, deialdi honen zazpigarren oinarrian xedatutakoaren arabera. Ez da baloratuko agiri bidez egiaztatu ez den merezimendurik.

d) Euskararen gaitasun-agiria, C1 mailaren baliokidea, deialdi honetako 2-f oinarrian ezarritakoaren arabera.

Puntu honetan adierazitako agiriak aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuko. Nahikoa izanen da dokumentazioaren kopia sinpleak egitea, baina aurkeztutako datuak edo dokumentuak zuzenak ez badira edo faltsuak badira, erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatuko dira.

3.1. Minusbaliotasuna duten izangaiek ariketak egiteko behar diren denbora eta bitartekoen egokitzapen posibleak eskatu ahal izanen dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko dute hori, eta, gainera, aparteko orrian adierazi beharko dute zein minusbaliotasun duten eta zein egokitzapen eskatu dituzten. Eskariarekin batera, minusbaliotasunaren egiaztapena aurkeztu beharko da, organo eskudunak emana.

4.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, eta azken eguneko 13:30ak arte.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

5.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Aezkoako Batzarre Nagusiko buruak ebazpena emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onartzeko, eta zerrenda hori deialdiaren web-fitxan (https://aezkoa.org/batzarre-nagusia/egonkortze/?lang=eu) eta Batzarren Nagusiaren iragarki oholean argitaratzeko aginduko du. Bazterturik ez badago, batzarreburuak zuzenean onartu ahal izanen du onartuen behin betiko zerrenda, eta deialdiaren web-fitxan ere argitaratuko da.

5.2. Onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, baztertuek erreklamazioak aurkeztu ahal izanen dituzte, eta, hala badagokio, akatsak zuzendu, Aezkoako Batzarre Nagusiko erregistro orokorrean aurkeztutako idazki baten bidez.

5.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro ondoren, eta erreklamaziorik egonez gero horiek ebatzitakoan, Aezkoako Batzarre Nagusiko buruak ebazpena emanen du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onartzeko, eta deialdiaren web-fitxan argitaratzeko aginduko du. Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onartzen duen ebazpenean bertan zehaztuko da probak non, zein egunetan eta zein ordutan hasiko diren, eta egun bakar batean edo gehiagotan egin ahal izanen dira.

5.4. Onartutako pertsonen zerrendan agertzeak ez du esan nahi zerrendan agertzen direnei deialdian eskatutako betekizunak aitortzen zaizkienik. Hautaketa prozedura gaindituz gero aurkeztu beharreko dokumentaziotik ondorioztatzen bada baldintzetako bat ez dutela betetzen, garaiz edo behar bezala, interesdunek prozedura honetan parte hartzetik erator daitezkeen eskubide guztiak galduko dituzte, hargatik eragotzi gabe faltsutzeagatik izan ditzaketen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

6.–Epaimahai kalifikatzailea.

6.1. Epaimahai kalifikatzailea honako kide hauek osatuko dute:

–Presidentea: Carlos Bueno Reca, Aezkoako Batzarre Nagusiko burua. Ordezkoa: Nere Ubau Galarza, Aezkoako Batzarre Nagusiko buruordea.

–1. mahaikidea: Amaia Barberena Elarre, Zaraitzuko Ibaxaren Batzorde Orokorreko administrari laguntzailea. Ordezkoa: Miriam Leiva Hualde, Ezkarozeko, Orontzeko eta Jaurrietako Udaleko administrari laguntzailea.

–2. mahaikidea: Ana Isabel Erneta Erro, Erroibarko, Aurizko eta Orreagako udaletako administrari laguntzailea. Ordezkoa: M.ª José Garralda Zubiri, Erroibarko, Aurizko eta Orreagako udaletako administrari laguntzailea.

–3. mahaikidea: Vanessa Pau Rodríguez, Cederna-Garalurreko garapen agentea. Ordezkoa: eskuordetzen duen teknikaria.

–Mahaikide-idazkaria: Aezkoako Batzarre Nagusiko idazkaria. Ordezkoa: Aezkoa ibarreko udal bateko idazkaria.

6.2. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta Aezkoako Batzarre Nagusiari jakinaraziko diote, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusitako abstentzio-arrazoiak daudenean.

Era berean, izangaiek epaimahaikideak errefusatu ahal izanen dituzte inguruabar horiek gertatzen direnean.

Legez ezarritako abstentzio- eta errekusazio-arrazoiak aplikatzearen ondorioz epaimahaiaren osaeran aldaketaren bat gertatzen bada, onartutakoen eta baztertutakoen zerrendekin batera argitaratuko da.

6.3. Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak egin aurretik.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertaratu gabe. Era berean, epaimahaia balio osoz eratzeko, presidentea eta idazkaria, edo, hala badagokio, horien ordezkoak, bertaratu beharko dira.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sor daitezkeen arazo guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak sartu ahal izanen ditu probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetara mugatuko dira, eta epaimahaiarekin elkarlanean arituko dira, espezialitate horietan soilik oinarrituta.

7.–Hautaketa prozesuaren garapena eta balorazioa.

7.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Araudian xedatutakoaren arabera (16-j artikulua), oposizio-lehiaketa hasiko da deialdia argitaratu eta gutxienez ere 2 hilabete iragandakoan. Lehiaketaldia eginen da lehenik, eta ondotik, berriz, oposizioaldia, oinarri hauetan zehaztu bezala.

7.2. Atariko fasea.

Lehiaketaldia hasi baino lehen euskara proba baztertzailea eginen zaie deialdi honen oinarrietan eskatutako jakite-maila agirien bidez frogatu ez duten izangaiei. Proba horretan ariketak eginen dira, idatzizkoak eta ahozkoak, eta horien bidez zehaztuko da izangaia gai den ala ez, C1 hizkuntza mailari dagokionez eta, amaitutakoan, lehiaketaldia hasiko da.

7.3. Lehiaketaldia.

Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen eta gehienez ere 30 puntu izanen ditu, baremo honen arabera:

7.3.1. Esperientzia (15 puntu gehienez).

1. Udaletan emandako zerbitzuak, administrari-ofizialaren edo administrari laguntzailearen lanpostuan: 4 puntu urteko.

2. Bestelako administrazio publiko batzuetan emandako zerbitzuak, administrari-ofizialaren edo administrari laguntzailearen lanpostuan: 1 puntu urteko.

Zerbitzuak dagokion erakundeak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira. Ziurtagirian agertu behar dira zerbitzuaren iraupena, betetako lanbide-kategoria eta lan-bizitzaren txostena. Dokumentazio horretan agertu behar dira izendapenaren edo lan-harremanaren hasiera eguna eta bukaera eguna (edo, kasua bada, indarrean jarraitzen duela), izendapenaren eta kontratuaren xedea eta lanaldi mota. Deialdia egiten duen toki erakundeari badagokio ziurtagiri hori ematea, eskatzaileak ez du aurkeztu beharko. Urte kopuruak ez badu egiten zenbaki oso bat, dagokion proportzioan kalkulatuko da puntuazioa.

Oharrak:

1. Zerbitzuak hasiera-egunetik amaiera-egunera arte baloratuko dira, egindako lanaldiaren ehunekoa edozein dela ere.

2. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

Aurreko atalen baturak ezin izanen du 15 puntu gainditu.

7.3.2. Ikastaroak eta prestakuntza (gehienez ere, 15 puntu).

–Lanpostuari dagozkion gaiei buruzko prestakuntza, hobekuntza eta espezializazioko ikastaroak, erakunde eta zentro ofizialek emanak edo homologatuak, eta Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Hitzarmenen esparruan egindako etengabeko prestakuntzako ekintzak.

Ikastaro eta prestakuntza horiek deialdia argitaratu aurreko 10 urteetan egin badira zenbatuko dira: egindako prestakuntza-ordu/ikastaro bakoitzeko: 0,5 puntu, 10 puntu gehienez.

Prestakuntzako merezimenduak dagokion erakundeak emandako ziurtagiriaren bidez frogatuko dira. Ziurtagirian datu hauek agertu beharko dira: ikastaroaren iraupena eta izena eta emandako ikasgaiak. Programa edo eskola-orduen iraupena jasotzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.

Apartatu honetan ez dira baloratuko 5 ordutik beherako iraupena duten ikastaroak, ez eta titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ere (unibertsitatekoak nahiz unibertsitatetik kanpokoak).

–Deialdirako eskatzen den titulazioa baino handiagoa izateagatik. Deialdian sartzeko baldintza gisa eskatzen den titulazioa baino handiagoa izateagatik 5 puntu emanen dira.

7.3.3. Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak eta ikastaroak.

Epaimahaiak bere iritzia arrazoituz baloratuko ditu izangai bakoitzaren kasuan egokitzat jotzen dituen merezimenduak, baremoaren apartatu bakoitzerako. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak alegatu gabeko edo agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, ez eta baremoan ezarritakoez bestelako merezimendurik ere, eta ezin izanen du apartatu bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu lehiakideek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak.

7.3.4. Lehiaketaldia bukatuta, epaimahaiak izangaien zerrenda, eta bakoitzak lortutako puntuazioa, argitaratuko du iragarki oholean eta webguneko deialdiaren fitxan: https://aezkoa.org/batzarre-nagusia/deialdiak/.

Behin-behineko kalifikazio horien aurka alegazioak aurkezten ahalko dira bost egun naturaleko epean.

7.4. Oposizioaldia.

Oposizio-faseak bi proba izanen ditu, data berean edo desberdinetan eginen direnak, eta behar bezala iragarriko dira. Aldez aurretik, epaimahaiak proba bakoitzaren iraupena zehaztuko du.

7.4.1. Lehenengo proba: deialdi honen II. eranskinean agertzen den gai-zerrendako gaiei buruzko test motako galdera teoriko-praktiko sorta bati idatziz erantzutea. Galdera bakoitzak lau erantzun izanen ditu, eta horietako batek bakarrik izanen du balioa. Izangaiek ariketa egin beharko dute proba hasi aurretik epaimahaiak ezarritako denboran.

Ariketa honetan, gehienez ere, 30 puntu eskuratzen ahalko dira.

7.4.2. Bigarren proba:

Deialdiaren xede den lanpostuan eta toki-erakunde baten eremuan egin ohi diren dokumentu bi edo gehiago (ofizioak, bandoak, iragarkiak, instantziak, gutunak, etab.) egitean datza. Epaimahaiak idatziz, ahoz edo ordenagailuz planteatu ahal izanen du kasu praktiko bakoitza. Halaber, epaimahaiak agiria eskuz edo ordenagailuz egiteko eskatu ahal izanen du. Proba honetan baloratuko dira: alderdi gramatikalak, dokumentuaren aurkezpena, edukia, epaimahaiak emandako datuak zuzen jasi diren, hizkuntza inklusiboaren erabilera eta abar. Probak gehienez 40 puntu izanen ditu.

Probak egiten diren bitartean, ezinen da testurik kontsultatu, ezta hiztegirik edo antzeko materialik erabili ere. Mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza soilik erabiltzen ahalko da. Berehala baztertzea ekarriko du probetan oharrak kopiatzeak edo bestelako iruzurrak egiteak.

Gutun-azal itxien sistema erabiliko da. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, epaimahaiak kalifikazioen zerrenda argitaratuko du Aezkoako Batzarre Nagusiaren deialdiaren fitxan: https://aezkoa.org/batzarre-nagusia/deialdiak/. Halaber, plikak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua adieraziko ditu.

Behin-behineko kalifikazio horien aurka, alegazioak aurkezten ahalko dituzte izangaiek 5 egun naturaleko epean.

Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat. Oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatu agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

8.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

8.1. Izangaien kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak webgune instituzionalaren iragarki-taulan (https://aezkoa.org/batzarre-nagusia/deialdiak/) jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren araberako ordenan, eta puntuaziorik altuena lortzen duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena igorriko du.

Berdinketarik gertatuz gero, lehen ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde ebatziko dira. Berdinduta jarraituz gero, bigarren ariketan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan eta, azkenik, berdin jarraituz gero, jendaurreko zozketa eginen da.

8.2. Epaimahaiak, aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, parte-hartzaileen behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Aezkoako Batzarre Nagusiaren webgune instituzionalaren iragarki-taulan (https://aezkoa.org/batzarre-nagusia/deialdiak/), eta izangaien zerrenda batzarreburuari igorriko dio, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik eta espediente osoarekin batera, hark behar den izendapen proposamenaren ebazpena eman dezan eta, gero, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin.

Probak gainditu dituzten gainerako izangaiak, lortutako puntuazioaren arabera, Aezkoako Batzarre Nagusiaren kontratazioetarako zerrenda batean sartuko dira, Batzarre Nagusiak ematen dituen zerbitzuetan sortzen diren premiei erantzuteko kontratazioak egiteko, jarraikiz xedatuta dagoenari deialdi honen 1.6 oinarrian.

9.–Agirien aurkezpena.

9.1. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Aezkoako Batzarre Nagusiko erregistro orokorrean:

a) Nortasun agiri nazionalaren (NAN) fotokopia konpultsatua, edo beste agiri bat, frogatzen dituena izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna.

b) Deialdiko lanpostua betetzeko eskatzen diren tituluen fotokopia konpultsatua.

c) Osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena interesdunak ez duela akats fisikorik nahiz psikikorik edo eritasunik, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeenik.

Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, aurkeztu beharko dute frogagiri bat esaten duena desgaitasuna bateragarria dela deialdiko lanpostuarekin. Balorazio eta orientazio talde eskudunek emandakoa izan behar du.

d) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

e) Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.2. Emandako epe horretan, behar bezala frogaturiko ezinbesteko kasuetan salbu, interesdunak agiri horiek ekartzen ez baditu, ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak indarrik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe eskabidean egindako faltsukeriagatik izan dezakeen erantzukizuna.

9.3. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da baja, eta harekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

10.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Batzarreburuak, ebazpen baten bidez, Aezkoako Batzarre Nagusiko Udaleko administrari-ofizial izendatuko du aurreko oinarrian ezarritakoa betetzen duen izangaia.

10.2. Izendapena instituzioaren webguneko iragarki oholean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.3. Izangai izendatuak hilabeteko epea izanen du lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Epe horretan, ezinbesteko arrazoiak salbu, karguaz jabetzen ez bada, Aezkoako Batzarre Nagusiko lan-kontratudun finkoa izateko eskubide guztiak galduko ditu. Halakorik gertatzen bada, 9. oinarrian xedatuari jarraituko zaio.

11.–Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak.

11.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1.6 oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda prestatuko da, probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin.

Lortutako azken puntuazioaren arabera ordenatuko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

11.2. Deitzea.

11.2.1. Probak gainditu dituzten izangaien kontratazioa eginen da, oro har, zerbitzuaren beharren arabera, aurretiaz banakako deiak eginik.

11.2.2. Izangaiek, azkar lokalizatuak izateko, ematen ahalko dituzte harremanetarako zenbait telefono, posta helbide edo fax-zenbaki, eta eguneraturik izan beharko dituzte.

Izangaiei dei eginen zaie zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenaren arabera. Dei bakoitzaren idatzizko oharra eginen da, gorabeherak, eguna eta ordua adierazita.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte. Izangaiekin harremanetan jartzerik izan ez bada, izangai horiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.

11.2.3. Aurreko sei hilabeteetan kontratatua izan den pertsonak lehentasuna izango du berriro kontratatua izateko.

11.3. Uko egiteak.

11.3.1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, honako egoera hauetakoren batean dagoela frogatu ezean:

a) Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.

b) Gaixotasun baten ondoriozko baja-egoeran egotea.

c) Kargu politiko baterako edo ordezkaritza kargu baterako izendatua edo hautatua izatea, eta, horren ondorioz, bere eginkizunetan aritzeko bateraezintasuna izatea, administrazio publiko batean izendapen libreko postu batean aritzeko aukeratua izatea, edo Gorte Nagusiek edo parlamentu autonomiko batek aukeratua izatea konstituzio organoetan parte hartzeko edo ganbera batek hautatu beharreko beste postu batean aritzeko.

d) Ezkontzearen edo bikote egonkor izatearen ondorioz dagokion lizentzia gozatzen ari direnean, arau honekin bat: otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena.

e) Otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan ezarritako epean bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideren bat hiltzen denean edo gaixotasun larriren bat duenean.

f) Amatasun, aitatasun edo adopzio zein harrera kasuetan, otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan ezarritako epean.

g) Hiru urtetik beherako haur bat zaintzen egotea, edo seme-alabak zaintzeko eszedentzian.

h) Legezko zaintza dela eta, zuzenean zaintzea desgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala duen pertsona bat, %33ko edo hortik gorako minusbalioa duena, eta lan ordaindurik ez duena. Hori frogatzeko, egoki diren frogagiriak aurkeztu beharko ditu.

i) Bere kargura izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideren bat, bere kasa bizitzeko gauza ez dena adinagatik (65 urtetik gorakoa), istripuagatik edo gaixotasunagatik, eta lan ordaindurik egiten ez duena. Hori frogatzeko, egoki diren frogagiriak aurkeztu beharko ditu.

j) Izangaiak hala erabakitzen duenean, urtebetez genero indarkeriaren biktima izatearen ondorioz.

k) Erakunde ofizial baten beka bat jasotzen hasi denean.

11.3.2. Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) hamar egun balioduneko epea izanen dute, uko egitearen lanpostua eskaintzen zaien egunetik hasita, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

11.3.3. Arestian aipatutako kasuetan, izangaiek jakinarazi beharko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, agiriak aurkeztuko dituzte, adierazten dutenak noiz bukatu den uko egitea ekarri zuen egoera. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

Alegatutako egoera frogatzen ez badu horretarako ematen zaion epean, eskainitako kontratuari bidezko arrazoirik izan gabe uko egiten diola ulertuko da deiaren egunetik hasita.

Era berean, hautagaiak edozein unetan jakinarazi ahalko dio Aezkoako Batzarre Nagusiari prestasunik ez izateko edozein kausatan dagoela, eta jakinarazpena egiten den unean frogatu beharko du.

11.4. Zerrendatik kanporatzea.

11.4.1. Deia eragin duen zerrendatik kanpo geratuko dira honako egoera hauetakoren batean dauden izangaiak:

a) Betebehar orokorrak eta titulazioari lotutakoak ez betetzea, ezta lanpostuan aritzeko beharrezkotzat jotzen diren gainerako baldintzak ere.

b) Lanbidean jarduteko edo eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua izatea, edo edozein administrazio publikotatik diziplinako espediente baten bidez kendua izatea, egoera horrek irauten duen bitartean.

11.4.2. Honako hau izanen da zerrendatik kanporatzeko prozedura:

Kanporatzeko kausaren bat dagoela jakinez gero, kasuan-kasuan eskumena duen organoak aginduzko txostena eginen du, eta, 10 eguneko entzunaldia eman ondoren, bidezkoa denean, izangaia kanporatzeko proposamena eginen dio Batzarre Nagusiko buruari.

Alkateak izangaiak kanporatzeko ebazpen bat emanen du, aurreko apartatuetan ezarritako arrazoiekin bat. Kanporatzeko ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio gehienez ere 10 eguneko epean, eta espresuki adieraziko zaio kanporatzearen arrazoia.

Kanporatzeko prozedura izapidetu bitartean, ulertuko da pertsona ez dagoela kontratatzeko moduan.

11.4.3. Honako hauetakoren bat egin duten izangaiek zerrendan zeukaten tokia galdu eta zerrendetako azken tokira igaroko dira:

a) Uko egitea, justifikatu gabe, eskainitako lanpostuari edo bi lan-eskaintzari.

b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.

c) Sinatutako kontratuari uko egitea.

d) Kontratatzeko deitzea eta ezinezkoa izatea izangaiarekin harremanetan jartzea hark emandako bitartekoen bidez, gutxienez 6 aldiz saiatuta 2 hilabeteko epean.

12.–Datuen babesa.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren eta abenduaren 5eko Datuen Babesari eta Eskubide Digitalen Bermeari buruzko 3/2018 Lege Organikoaren arabera, erakunde honek eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioan emandako datuak tratatu eta gordeko ditu administrazio-jarduerak egiteko, eta Aezkoako Batzarre Nagusia izanen da arduraduna. Helburua da administrazio prozedurak eta jarduerak izapidetzea, botere publikoen erabilera betetze aldera, eta datuak beste administrazio publiko batzuei lagatzea. Atzipen, zuzenketa, ezabatze edo bestelako eskubideak baliatu ahal izanen dituzu gure bulegoetan, Santa María kalea z/g, 31671 - Aribe, edo posta elektronikoz bidali helbide honetara: junta@aezkoa.net.

Datuen tratamenduaren arduraduna: Aezkoako Batzarre Nagusia. Datuak babesteko ordezkaria: Batzarre Nagusiko Idazkaritza.

Datuak babesteko ordezkaria: ayuntamiento@aoiz.es.

Helburua: langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

Oinarri juridikoa: DBEO, 6-1-e art., interes publikoaren alde edo botere publikoak erabiliz egindako misioa betetzeko tratamendua. 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginari buruzkoa.

Datuak gordeko diren denbora: datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran gordeko dira, eta biltegiraturik edukiko dira Batzarre Nagusiak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).

Datuen hartzaileak: datuak epaileei nahiz auzitegiei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legeria betez, eta Batzarre Nagusiko web-orrian eta iragarki-tauletan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.

Eskubideak: interesdunek eskubidea dute beren datuak ikusteko, akatsik baldin badago haiek zuzentzeko, bai eta, lehenbiziko apartatuan adierazitako helbidera joz, haiek ezabatzeko ere.

Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril), edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, deialdia egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Aribe, 2025eko ekainaren 4a.–Batzarreburua, Carlos Bueno Reca.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

Izen-abizenak: ...................................................................................................................................

Adinez nagusia, NAN zk. (nortasun agiria edo baliokidea): ....................................................................

Jaiotze eguna: ........................................................................................................................................

Jaiotze lekua (herria eta probintzia): .................................................................................................

Nazionalitatea ...................................................................................................................................

Helbidea (kalea, herria, probintzia): ..................................................................................................

Posta kodea: ...........................................................................................................................................

Telefonoa: ...............................................................................................................................................

Helbide elektronikoa: .........................................................................................................................

ADIERAZTEN DUT:

–Aezkoako Batzarre Nagusiko administrari laguntzailearen lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala. Deialdi hori .....................(e)ko ...................................(a)ren ...........(e)ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunari dagokionez.

–Eskabide honekin batera merezimenduak eta merezimenduen egiaztagirien kopiak aurkezten ditudala, deialdiaren 3.4 oinarrian jasotzen den eran.

–(Hala badagokio) Desgaitasuna dudala. Horregatik, adierazitako arrazoiengatik eskatzen ditut egokitzapenak (aparteko folioan zehaztuko dira eskatutako egokitzapenak eta eskaeraren arrazoiak).

–(Hala badagokio) Desgaitasuna egiaztatzeko dokumentazioa aurkezten dudala, erakunde eskudunak emana.

–Eskabidearekin batera lehiaketa-faserako merezimenduen fotokopia aurkeztu dudala.

–C1 mailako euskararen ezagutza egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu dudala.

–Ez dudala aurkeztu C1 mailako euskararen ezagutza egiaztatzen duen dokumentaziorik, eta, beraz, dagokion maila-proba egiteko eskatzen dut.

Adierazitakoagatik, eskabide hau onartzeko eskatzen dut eta, ondorioz, sinatzailea onartutzat jo nazala Aezkoako Batzarre Nagusiko administrari laguntzaile plaza bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko hautaprobetan.

.............................(e)n, 2025eko ..................................................(a)ren ...................(e)(a)n

(Sinadura)

AEZKOAKO BATZARRE NAGUSIKO BURU JAUNA.

Datuak babesteko oinarrizko informazioa.

Tratamenduaren arduraduna: Aezkoako Batzarre Nagusia. Helburua: administrari laguntzailearen oposizio-lehiaketaren deialdia kudeatzea eta izapidetzea. Eskubideak: sarbidea, zuzenketa eta ezabaketa eta beste eskubide batzuk, deialdiaren 12. oinarrian eskuragarri dagoen informazio zabalduan azaltzen den bezala.

II. ERANSKINA.–GAITEGIA

1.–Aezkoako Batzarre Nagusiko ordenantzak.

2.–Produktu naturalen aprobetxamendua arautzen duen ordenantza

3.–Aezkoako Batzarre Nagusiaren pisten erabilera arautzen duen ordenantza

4.–Herri-aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

5.–Aezkoako Batzarre Nagusiko euskararen ordenantza.

Oharra.–Batzarre Nagusiaren ordenantzei dagozkien agiriak erakundearen webgunean daude, helbide honetan: https://aezkoa.org/batzarre-nagusia/dokumentazioa/.

6.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena: I. titulua: interesdunak; II. titulua: administrazio publikoen jarduera: arau orokorrak, baldintzak eta epeak; III. titulua: administrazio-egintzen betekizunak, eraginkortasuna eta baliogabetasuna; IV. titulua: administrazio-prozedura erkidea: prozeduraren bermeak, hasiera, antolamendua, instrukzioa, amaiera, izapidetze sinplifikatua eta betearazpena; V. titulua: administrazio-egintzen berrikuspena.

7.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. Titulua: Toki Entitateen Antolaketa eta Administrazioa; III. Titulua: Nafarroako Toki Entitateen Funtzionamendu Araubidea. Herritarren informazioa eta parte-hartzea; IV. titulua. toki-erakundeen ondasunak; V. titulua, Jarduerak, Zerbitzuak eta Obrak; VI. titulua, Kontratazioa. IX. Titulua: Nafarroako Toki Entitateen jardunen prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola.

8.–Irailaren 21eko 270/1998 Foru Dekretua, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aurrekontuen eta gastu publikoaren arloan garatzen duena. IV. kapitulua.–1. eta 2. atalak: Gastu-aurrekontua gauzatzea. Arau erregulatzaileak eta gauzatze-faseak.

9.–Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea: 1. titulua.–3. atala: esleitzeko prozedurak.

10.–Oinarrizko kontzeptuak, ziurtagiriak lortzea eta kudeatzea, ziurtagiri motak, ziurtapen-autoritateak, instalazioa.

11.–Administrazio-agiriak. Ofizioa, bandoa, instantzia, ziurtagiria, akta, zirkularra, eginbidea, erabakiak helaraztea eta jakinarazpenak, ebazpenak.

12.–Irailaren 21eko 273/1998 Foru Dekretua, Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Sinplifikatuaren Jarraibidea onartzen duena: III., IV. eta V. kapituluak.

Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean dagoen legediaren arabera eskatuko dira.

Iragarkiaren kodea: L2509557