143. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

541E/2025 EBAZPENA, ekainaren 17koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen inpaktuaren txostena egiten baitzaio Olaztiko (Nafarroa) zementu fabrikan hondakinen %100ari biomasaren balorizazio energetikoa egiteko proiektuari. Proiektua Cementos Portland Valderrivas enpresak sustatzen du.

Ebazpen horren bidez, ingurumen inpaktuaren txostena egiten zaio Olaztiko (Nafarroa) zementu fabrikan hondakinen %100ari biomasaren balorizazio energetikoa egiteko proiektuari. Proiektua Cementos Portland Valderrivas SAk sustatzen du.

Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak 2024ko irailaren 11n helarazi zuen ebazpen honen goiburuan aipatutako proiektuaren ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera.

Aldi berean, organo substantiboak, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, Cementos Portland Valderrivas "Olazagutía" fabrikan garatutako jardueraren ingurumen baimen integratuaren aldaketa nabarmena izapidetu zuen, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraiki.

Proiektua sustatzailearen industria instalazioen barnean garatuko da, Olaztiko 3. poligonoko 797. landa lurzatian, eta ordezko erregaiak hartzeko, biltegiratzeko eta dosifikatzeko instalazio bat muntatzea eta abian jartzea aurreikusten du Olaztiko fabrikako zementu griseko bi labeetan. Horretarako, instalazioan orain arte erabilitako erregai fosilen %40a (petrolio kokea) jatorria %100 biomasatik duten erregaiengatik ordeztea proposatzen da: landare hondarrak, kafe hondarrak eta patsa olioa.

Obrak bi fasetan eginen dira: lehenik eta behin, honako hauek instalatuko dira: hormigoi armatuzko hobi lurperatu eta irekia, laukizuzen formakoa eta 7,00 x 9,00 m-koa, materiala jasotzeko; biltegiratze siloak, 5,00 x 27,00 m-ko eta 11,50 m-ko altuerako hormigoizko bi gelaxka prismatiko izanen direnak; materialaren irteerarako putzu bat, 3,00 x 3,80 m-ko sakonerakoa; 8. labeko erregailua dosifikatzeko ekiporaino garraiatzeko sistema; labe horretako erregailua injektatzeko sistema; 7. labeko erregailura dosifikatzeko eta injektatzeko sistema; gela elektrikoa eta geldotzeko gela, urak fabrikako kolektoreen sarera eramaten dituzten deskarga hobien eta siloen hustubidearen instalazioa barne. Instalazioaren gainerakoa mantendu eginen da.

Bigarren fasean, nabe bat eraikiko da, eta bertan deskarga hobi bat, biltegiratzeko nabe bat, materiala ontziz aldatzeko zubi-garabi bat eta 7. labeko aurre-kiskalgailura dosifikatzeko eta garraiatzeko sistema bat instalatuko dira. Instalazio berrien kokapena eta eskema ingurumen inpaktuaren txosten honen II. eranskinean jaso dira.

Erabili beharreko erregaiaren ezaugarriengatik, eta Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzutik jasotako ekarpenen arabera, Ekonomia Zirkularraren Zuzendariordetza Nagusiak (MITERD) Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 2.1 artikuluaren e) apartatuan (Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak ordeztu du) ezarritako bazterketaren irismenari buruz egindako interpretazio-oharrean oinarrituta, errekuntzarako erabili nahi diren hiru materialei dagokienez, patsa olioa bakarrik hartzen da hondakintzat, eta, beraz, hondakinak tratatzeko instalaziora bideratuko den materialaren ondorioetarako kontuan hartuko den bakarra izanen litzateke. Egunean 72,43 tona hondakin tratatu behar dira; beraz, proposatutako aldaketa ez da iristen 21/2013 Legearen I. eranskineko 8.b) epigrafeko atalasera, baina bai II. eranskineko 9.b) epigrafekora. Beraz, proiektuari ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio.

–Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren tramitazioa:

2024ko irailaren 20an, 21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak kontsulta egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Zehazki, Olaztiko, Altsasuko eta Ziordiko udalei egin zitzaien kontsulta. Nafarroako Gobernuko erakundeei dagokienez, Hondakinen Atalari eta Airearen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Atalari egin zitzaien kontsulta. Gainera, kontsulta egin zitzaien Ekologistak Martxan Iruñea elkarteari, Gurelur-Natura Ingurunea Babesteko Nafarroako Funtsari, Lurra Lurraren Defentsarako Elkarteari eta Sustrai Erakuntza Fundazioari.

Erantzunak bidaltzeko ezarritako 20 eguneko epea akituta, Nafarroako Klima Aldaketarako Bulegoaren Zerbitzuko Airearen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Atalak aurkeztutakoak jaso dira, bai eta Lurra Lurraren Defentsarako Elkartearen, Sustrai Erakuntza Fundazioaren eta Hiru Mugak Batera erakundearen alegazio idazkiak ere. Azken erakunde horri ez zitzaion kontsultarik egin, baina alegazio idazkia aurkeztu du. Idazkiaren ia eduki guztia bat dator Sustrai Erakuntza Fundazioaren txostenarekin.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari jasotako erantzunak bidali zitzaizkion, eta, azaroaren 20an, azalpenak eman zituen bere eskumenekoak diren erantzunen edukiaren alderdiei buruz.

Azaroaren 30ean, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak kontsulten emaitza bidali zion sustatzaileari, eta alternatiben azterketari buruzko ingurumen dokumentazioa osatzeko eskatu zitzaion, "0" alternatiba barne, bai eta aldaketak jasaten ahal dituzten inguruneko osagai guztien gaineko inpaktu esanguratsu (bai zuzenekoak bai zeharkakoak), metagarri eta sinergikoen ebaluazioa egiteko ere, eraikuntza, ustiapen zein abandonu faseetan. Bestalde, eskatu zitzaion aparteko kapitulu batean Natura 2000 Sareko guneetan izan daitezkeen inpaktuak deskribatzeko eta ebaluatzeko, eta, bereziki, ES2200021 "Urbasa eta Andia" KBEan izan daitezkeenak, instalaziotik kilometro batera baitago. Sustatzaileak behar bezala osatu zituen 2025eko maiatzean adierazitako alderdiak; hala, aztertutako alternatiba nagusien azterketa eta hartutako erabakiaren justifikazioa erantsi zituen, baita Natura 2000 Sarearen gaineko eraginen ebaluazioa (Natura 2000 Sareko Urbasa-Andia KBEaren gaineko eraginen azterketa espezifikoa) eta kutsatzaile atmosferikoen sakabanaketari buruzko 2025eko apirileko azterlan bat ere (Kutsatzaileen sakabanatze atmosferikoaren azterketa, hau da, Olaztiko Portland Valderrivas zementu fabrikan garatzen diren jardueretatik eratorritako kutsatzaile atmosferikoen sakabanatzearen modelizazio bat. II. eranskina).

Txostenak eta kontsultei emandako erantzunak (txosten honen I. eranskinean daude laburbilduta) kontuan hartu dira proiektuak ingurumenean izanen dituen ondorioen ebaluaziorako, ingurumen inpaktuaren txosten honetan zehazten den moduan.

–Proiektuaren analisia, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak aintzat hartuta:

Izapidetzen ari den proiektuaren azken helburua da erregai fosilak ordezko erregaiekin partzialki ordezkatzea (landare hondakinak, kafe hondarrak eta patsa olioa) Olaztiko fabrikako zementu griseko bi labeetan. Proiektua sustatzailearen industria erabilerako lurzatiaren barnean garatuko da, urbanizatu gabeko landa lurretan okupazio berririk egin gabe, eta, beraz, ez da aurreikusten proiektua ezartzeak zuzeneko eraginik izanen duenik ingurune naturalean.

Alternatiben azterketari dagokionez, ingurumen dokumentuak 1. alternatiba jotzen du egokientzat ingurumenari begira; izan ere, erregai gisa biomasa hondakinak erabiltzen ditu beste hondakin arriskugabe batzuen aldean (HEE, plastikozko zatietatik eta kautxutik datozen hondakinak eta paper-orea eta kartoia ekoiztu eta eraldatzeko hondakinak), ingurumen inpaktu txikiagoa du, bereziki CO2 eta kutsatzaileen emisioei dagokienez,ekonomia zirkularrari ekarpena egiten dio, baliabide berriztagarriak aprobetxatzen ditu eta zabortegietako hondakinak murrizten ditu.

Dokumentazioak jasotzen duen bezala, proiektuak ez du aldaketarik eraginen fabrikaren ekoizpenean, ez da kutsatzaile berririk isuriko atmosferara eta ez dira isuriak handituko. Alderantziz; erregai fosilak biomasarekin partzialki ordezteak atmosferara 55.000 tona CO2 isurtzea saihestueta NOx emisioak murriztu ditzake. Ez da errekuntza foku berririk egonen, ez da hondakinen eta ur-kontsumoaren gorakadarik gertatuko, eta ez da hondakin uren sorrera handituko.

Kontsulten izapidean bidalitako erantzunetako batzuetan adierazten da kezka dagoela jarduera berriak atmosferara eginen dituen isuriengatik. Horri dagokionez, Airearen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Atalak eta Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak txostenak egin zituzten, eta honako hau ondorioztatzen dute:

  • Airearen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Atalak, 2024ko urriaren 3ko txostenean, adierazten du proiektua gauzatzearen ondorioak positiboak izanen direla aurreikusten dela CO2 eta SO2 emisioak murrizteari dagokionez, eta SO2 immisioari dagokionez, hori guztia airearen kalitatea fabrikaren inguruan dauden bi estazioen bidez behar bezala jarraituz. Nolanahi ere, Atal horrek adierazten du erregai berrien erabilerak beste kutsatzaileen emisioan –bereziki PCDD/PCDF eta nitrogeno oxidoa– duen eragina aztertu beharko litzatekeela, horien emisioa mugatuta baitago instalazioaren ingurumen baimen integratuan.
  • Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak 2024ko azaroko txostenean adierazten duenez, aurkeztutako dokumentazioak behar bezala egiaztatzen du jarduerak 11., 12., 25., 26., 27. eta 28. teknika erabilgarri onenak aplikatzen dituela, Europako Batzordearen 2013ko martxoaren 26ko 2013/163/EB Betearazpen Erabakian ezarritakora egokituz. Erabaki horren bidez, zementua, karea eta magnesio oxidoa ekoizteko teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren industria isurketei buruzko 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera.

Jarduera nagusia Natura 2000 Sareko guneetatik kanpo dago, beraz ez du zuzeneko eraginik sortzen, baina ingurune hurbilean honako hauek daude: "Urbasa eta Andia" KBEa (ES2200021) eta PN-2 "Urbasa-Andia" Parke Naturala, gutxi gorabehera 1,3 km-ra hego-ekialderantz; "Aizkorri Aratz" KBEa (ES2120002) eta "Aizkorri-Aratz" Parke Naturala, gutxi gorabehera 3,9 km-ra ipar-mendebalderantz; "Entzia" KBEa (ES2110022), gutxi gorabehera 4,8 km-ra hego-mendebalderantz; "Aralar" KBEa (ES2120011) eta "Aralar" Parke Naturala, gutxi gorabehera 5,5 km-ra ipar-mendebalderantz, eta "Aralar mendia" KBEa (ES2200020), gutxi gorabehera 7,1 km-ra ipar-mendebalderantz.

Biomasa erretzeko instalazio berrien ezarpenari eta ustiapenari buruz sustatzaileak 2025eko maiatzean aurkeztutako ingurumen dokumentazio berria ebaluatu ondoren, eta izapidetzean jasotako txostenak ikusita, Natura 2000 Sarearen eta instalazioen inguruko gainerako ingurumen balioen gaineko inpaktuak garrantzitsuak izanen ez direla jotzen da.

Bestelako ondorioak ebaluatzeko –hala nola baliabideen kontsumoagatik, jarduera berriaren ezohiko funtzionamenduaren ondoriozko balizko isurketek uren kalitatean eragiteagatik, atmosferara egindako emisioengatik, lehengaiaren deskarga hobietatik edo errekuntza prozesutik eratorritako usainengatik eta instalazioak eraikitzeko fasean zein jarduera garatzeko fasean sortutako hondakinengatik–, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak adierazitakoari lotzen zaio, hau da, eskatutako baldintzek instalazioak teknika erabilgarri onenekin (TEO) bat etorriz funtzionatzen duela bermatuko dutela, eta, nolanahi ere, ingurumen baimen integratua aldatzeko dagokion izapidean ebaluatu beharreko alderdiak direla, ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren izapidearekin batera egiten ari dena.

Kontsulten izapidean bidalitako erantzun batzuek aipatutako hirigintza gaien ebazpenari dagokionez, gai horiek ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren esparrutik kanpo daudela jakinarazten da.

Azkenik, jasotako erantzun batzuetan proiektuan aurreikusi gabeko beste hondakin batzuk egoteko arriskua aipatzen da. Horri dagokionez, jakinarazten da proiektuaren ingurumen ebaluazioa hertsiki mugatzen dela proiektuaren ezaugarrietara, izapidetzeko aurkeztu den bezala, bertan jasotzen diren biomaterialekin (landare hondakinak, kafe hondarrak eta patsa olioa), eta ebaluaziotik kanpo geratzen direla aurkeztutako proiektuaren ezaugarrietan izandako edozein aldaketaren ondorioak.

–Ondorioa:

Olaztiko (Nafarroa) zementu fabrikan hondakinen %100ari biomasaren balorizazio energetikoa egiteko proposamenari dagokionez, ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura behar bezala gauzatu dela jakinarazten da.

Azterketa teknikoaren ondoren, ondorioztatzen da proiektuak ez duela eragin nabarmenik izanen ingurumenean; aitzitik, abian jarri ondoren (hots, erregai fosilen ordez biomasa erabiltzea, errekuntzan CO2 isurien balantze neutroarekin),ondorioak, Airearen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Atalak adierazten duen bezala, positiboak izanen dira CO2 eta SO2 emisioen murrizketari dagokionez, eta, beraz, ez da berotegi efektuko gasen areagotzea sustatuko, ezta klima aldaketa ere.

Hala, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluan ezarritakoaren arabera, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren bidez, adierazten du, kontsulten emaitza kontuan hartuta eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, hautatutako alternatibak (1. alternatiba) ez duela ondorio kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, betiere proiektuaren ingurumen dokumentuan jasotako eta jardueraren ingurumen baimen integratu berrian jasotako prebentzio eta zuzenketa neurriak betetzen badira.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren prozedura egoki bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Olaztiko (Nafarroa) zementu fabrikan hondakinen %100ari biomasaren balorizazio energetikoa egiteko proiektuak, Cementos Portland Valderrivas SAk sustatua, ez du ondorio esanguratsurik izanen txosten honetan ezarritako baldintzak betez gero, eta bat dator hautatutako alternatibarekin (1. alternatiba), ingurumenari dagokionez egokiena delako.

2. Txosten hau egin da kontuan izan gabe sustatzaileak aplikatu beharreko araudi espezifikoan ezartzen diren baimen guztiak lortzen dituen ala ez, eta, bereziki, instalazioaren ingurumen baimen integratua. Izapide horretan, instalazioaren ingurumen alderdi garrantzitsuenak ebaluatuko dira: teknika erabilgarri onenen (TEO) aplikazioa, baliabideen kontsumoa, eta emisio atmosferikoen eta akustikoen, isurketen eta hondakinen sorreraren arloko ukipenak.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Sustrai Erakuntza fundazioari –interesdun gisa–, Olaztiko Udalari eta interesdunari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko ekainaren 17an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–UKITUTAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEI ETA PERTSONA INTERESDUNEI EGINDAKO KONTSULTEN EMAITZAK

21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz, 2024ko irailaren 20an, kontsultak egin zitzaizkien ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei.

Olaztiko, Altsasuko eta Ziordiko udalei egin zitzaien kontsulta. Nafarroako Gobernuko erakundeei dagokienez, Hondakinen Atalari, Kutsaduraren Aurkako Prebentzio Atalari eta Airearen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Atalari egin zitzaien kontsulta. Gainera, kontsulta egin zitzaien Ekologistak Martxan Iruñea elkarteari, Gurelur-Natura Ingurunea Babesteko Nafarroako Funtsari, Lurra Lurraren Defentsarako Elkarteari eta Sustrai Erakuntza Fundazioari.

Behin proposamenak aurkezteko epea bukatuta, honako hauek jaso dira:

Airearen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Atalak, 2024ko urriaren 3ko erantzunean, azken hiru urteetako erregai fosilen kontsumoetan eta horiekin lotutako CO2 emisioetan oinarrituta, jakinarazi zuen proiektua gauzatzearen ondorioak positiboak izanen direla aurreikusten dela CO2 eta SO2 emisioak murrizteari eta SO2 immisioari dagokienez. Gainera, berretsi zuen airearen kalitatea behar bezala jarraitzen dela airearen kalitatea zaintzeko sareko bi estazioen bidez (Egibelgo harrobiko estazioa, Olaztin, eta Nafarroako airearen kalitatea zaintzeko sareko estazioa, Altsasun), eta, horri dagokionez, proiektua gauzatzeko ez dela, hasiera batean, kontrol sare horretan aldaketarik egin behar. Nolanahi ere, adierazi zuen erregai berrien erabilerak beste kutsatzaileen emisioan –bereziki PCDD/PCDF eta nitrogeno oxidoa– duen eragina aztertu beharko litzatekeela, horien emisioa mugatuta baitago instalazioaren ingurumen baimen integratuan.

Bestalde, Atalak uste du proiektua bat datorrela Nafarroako Klima Aldaketaren Ibilbide Orriarekin (KLINa), zeinak industria sektorean energia berriztagarriak sartzea barne hartzen baitu arintze neurri gisa.

Lurra - Lurraren Defentsarako Elkarteak 2024ko urriaren 18ko ekarpen idazkian jakinarazi zuenez, proiektuak, "ekonomia zirkularraren" ikuspegitik, errausketa lehenesten du beste sistema bateragarriagoen aurretik –hala nola konpostajea edo digestio anaerobikoa– hondakinen tratamendurako.

Gaineratu zuen Cementos Portlandeko labeetan biomasa errausteak ez duela erregai fosilak erabiltzea eragotziko, biomasa errausteak ez duelako bero handirik sortuko labeetan. Ez datoz bat beste erregai batzuen ordez hondakin organikoak erretzean berotegi efektuko gasen emisioak murrizten direlako premisarekin; izan ere, materia organikoaren karbonoa ere CO2 bihurtzen da,eta hura berotegi efektuari ekarpen handia egiten dion gasa da.

Enpresaren jarduera nagusiaren emaitza ekonomiko txarrak eta CO2 isurien gastuak konpentsatzeko alternatibak bilatzeko eskatu dute,hala nola hondakinak errausketa bidez tratatzea, eta baieztapen hori babesteko Arangurengo zabortegia itxi ondoren Nafarroako hondakinen destinoa aipatu dute, haien ustez zalantzazkoa.

Erraustuko diren landare espezieen bero ahalmenaren homogeneotasunaren inguruan zalantzak dituzte, eta uste dute ez direla kontuan hartzen ari fabrikara garraiatzeak sortutako emisioak. Biohondakinen erabilerarik onena lurzorua ongarritzeko aprobetxatzea dela adierazi dute.

"Alderdi legalak" izeneko atalean, proposamenaren eta indarrean dagoen Olaztiko Hirigintza Planaren arteko bateraezintasuna aipatu zuten. Plan horrek hondakinak erregai gisa erabiltzea debekatzen du, eta gutxieneko distantziak ezartzen ditu jarduera arriskutsuak edo kaltegarriak kokatzeko, sustatzailearen instalazioei zuzenean eraginez. Halaber, adierazi zuten aurkeztutako dokumentazioa osatu gabe zegoela garrantzi handiagoko gaiak behar bezala planteatzeko.

Azkenik, ondorioztatu zuten hondakinak zero hondakineko politiken bidez kudeatu, murriztu eta ezabatu behar direla, eta ez konponbide faltsuen bidez, hala nola hondakinak erretzea.

Sustrai Erakuntza Fundazioak alegazio idazki bat aurkeztu zuen 2024ko urriaren 18an. Honako puntu hauek jasotzen ditu:

1. Akatsa izapidetzean; izan ere, proiektuari ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zitzaion, baina oker sailkatu da Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9 b) taldean. Hondakin ez-arriskutsuak errausteko instalazio bat dela uste dute, eta eguneko 100 tonako muga gainditzen duela. Tratatu beharreko materialen bolumenak aurkeztu dira, eta denak hondakintzat jotzen direla kontuan hartuta, aipatutako atalasea argi eta garbi gainditzen da. Beraz, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaiola ondorioztatu da.

2. Aurkeztutako dokumentazioa, ingurumen ebaluazioari dagokionez, ez dator bat indarrean dagoen araudiarekin. Ingurumen inpaktuaren irismena ulertzen laguntzeko dokumentuak eta eranskinak falta dira. Bestalde, adierazten da ingurumen dokumentuak ez duela jasotzen Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eskatzen den gutxieneko edukia (alternatiben azterketa, ingurumen inpaktuen azterketa, ondorio metagarri eta sinergikoak, Natura 2000 Sarearen gaineko eragina, istripu larriek edo hondamendiek eragin ditzaketen ondorioen azterketa, neurri zuzentzaileen eta prebentzio neurrien jarraipena).

3. Alternatiben ebaluazioa ez dator bat indarrean dagoen araudiarekin, eta, gainera, "0" alternatiba aztertu behar da.

4. Egin nahi den jarduerak ez luke udal plangintza beteko, zehazki, Olaztiko Udal Plan Orokorra; izan ere, Olaztiko udal ordenantzek, 1999an Cementos Portland enpresaren parte-hartzearekin onartu eta ondorengo urteetan berritutakoek, hondakinak erregai gisa erabiltzea debekatzen dute, eta gutxieneko distantziak ezartzen dituzte jarduera arriskutsuak edo kaltegarriak kokatzeko.

5. Hondakinak egungo erregaiarekin batera errausteak osasun publikoa arriskuan jartzen duten produktu arriskutsuak aska ditzake atmosferara. Idazkian adierazten denez, konposizio kimiko aldakorreko hondakinen nahasketak, errekuntza horretarako prestatu gabeko labeetan erraustu ondoren, ez du bermatzen emisioak behar bezala kontrolatuko direnik. Kasu honetan, gainera, adierazten da ez direla kontuan hartu inguruko beste iturri batzuen emisioen gaineko inpaktu metagarriak eta sinergikoak, hala nola A1 autobiatik datozenak, aintzat izanda airearen kalitatea txarra dela. Halaber, adierazten da jarduerak Urbasa-Andia Parke Naturalaren, Aralar Parke Naturalaren eta Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren inguruko naturaguneetan dituen ondorioak ez direla aztertzen.

6. Enpresak biomasa erregai alternatibo gisa erabiltzeko aurretik ere eskatu du, eta frogatu da beste hondakin mota bat erretzeko baimena lortzea dela bere interes bakarra.

Ondorioztatzen da jarduera behar bezala aztertzeko ezinbesteko dokumentazioa falta dela, instalazioek ez-betetze larriak dituztela, eta, beraz, proiektua ez dela baimendu behar eta prozedura deuseztatu behar dela. Gainera, espedientean eta proiektuarekin lotutako izapideetan interesdun gisa kontuan hartzeko eskatu dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 4. artikuluaren arabera. Era berean, aipatutako legearen 40. artikuluaren arabera, egiten diren izapide guztien ebazpenak jakinarazteko eskatu dute.

Hiru Muga Baterak, 2024ko urriaren 17ko idazkian, Sustrai Erakuntza fundazioaren alegazio txostenaren edukia errepikatzen du, eta "Aurrekarien" atal bat aurkezten du. Atal horretan, azken 10 urteetan sustatzailearen jarduerari dagokionez izan duen jardueraren berri ematen du, eta, lorpen gisa, 2012an instalazio berean zaborren, lohien eta beste hondakin batzuen bidezko balorazio energetikoa baztertzea aipatzen du. Azaldu dute egungo aldaketaren helburua soberako CO2-a isurtzeko eskubideak saltzea dela,eta erregaiak eta petrolio kokea nahastearen larritasuna adierazi dute atmosferara egiten diren isurketei begira; adituen iritziz, seguruagoa da erregai bakarra erabiltzea. Proiektuan jasotako erregaien erabilera zalantzan jarri dute, eta zabortegiak betetzen diren unean Nafarroako zaborra erabiltzen dela adierazi dute. Azkenik, adierazi dute dokumentazioan ez direla jaso, ebaluatzeko, erregaiak nahastean sortutako kutsatzaileen mailak.

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak, bere txostenean, Ingurumen Ebaluazioaren Atalean kontsulten izapidean jasotako erantzunei buruzko argibideak ematen ditu. Zehazki, bere eskumeneko gai hauei buruzko argibideak ematen ditu:

1. Lurra Nafarroa elkarteak 2024ko urriaren 17an aurkeztutako alegazioei dagokienez.

–Alderdi legalei buruzko alegazioa: Olaztiko Cementos Portland Valderrivas enpresak eskatutako IBIaren aldaketa ez da bateragarria indarrean dagoen Olaztiko Hirigintza Planarekin. ... Gaur egun indarrean dauden Olaztiko udal ordenantza horiek hondakinak erregai gisa erabiltzea debekatzen dute, eta jarduera arriskutsuak edo kaltegarriak kokatzeko gutxieneko distantziak ezartzen dituzte, enpresa horrek jarduera egiten duen instalazioei zuzenean eragiten dietenak.

Erantzuna: Olaztiko Udalak 2024/01/16ko txostenean hirigintza bateraezintasuna deklaratzeko zehaztapenak ez dira hirigintza arlokoak. Lurraldeko zerbitzu juridiko administratiboaren 2024ko apirilaren 29ko txostenak adierazten duen bezala (erantzun honi erantsi zaio), "xede berarekin emandako epai judizialak eta horri buruz emandako jurisprudentzia interpretazioa aztertu ondoren, eta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Hirigintza Atalaren txostena ikusita, ondorioztatu da hondakinak erregai gisa erretzeko debekua ez dela hirigintza zehaztapen bat, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Foru Dekretuaren 49. eta 65. artikuluetan ezarritakoaren arabera".

2. Hiru Mugak Baterak eta Sustrai Erakuntza fundazioak 2024ko urriaren 18an aurkeztutako alegazioak.

–Proiektuari ingurumen ebaluazio arrunta egiteko beharrari buruzko alegazioa: bi alegazioetan adierazten da erraustu nahi den biomasa kantitatea egunean 200 tonatik gorakoa dela, beraz egunean 100 tonatik gorakoa, eta, hortaz, eskatutako aldaketa Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 8.b) epigrafean sartzea dakarrela. Horren ondorioz, ingurumen ebaluazio arrunta egin behar zaio.

Erantzuna: Ekonomia Zirkularraren Zuzendariordetza Nagusiaren interpretazio-oharrak (MITERD, erantsi egin da), Hondakinei eta Lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 2.1 artikuluaren e) apartatuan (Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak ordeztu du) ezarritako bazterketaren irismenari buruzkoak, adierazten du erabiltzeko eskatzen diren hiru biomasetatik soilik patsa olioa hartzen dela hondakintzat, eta, beraz, ondorio horietarako kontuan hartuko den bakarra dela. Interpretazio-ohar horren arabera, kafe hondarrak eta basoko materialak ez dira hondakintzat hartzen; aitzitik, azpiproduktutzat har daitezke nekazaritzako elikagaien industrietatik lortu direlako haien osaera aldatzen ez duten prozesatze mekaniko hutsak egin ondoren, betiere biomasatik sortutako energia ekoizteko erabiltzen badira.

Beraz, laburpena zera izanen litzateke:

BIOMASA BALIOZTATZEKO
AHALMENA

KOPURUA
(t/urte)

KOPURUA
(t/egun)

ORDEZTUTAKO %
PETROLIO KOKEARI
DAGOKIONEZ

BBA
(kcal/kg)

Basoko materialak

6.077

16,65

%5

2.900

Kafe hondarrak

10.367

28,40

%5

1.700

Patsa olioa

26.437

72,43

%30

4.000

Egunean 72,43 tona hondakin zenbatu behar dira; beraz, proposatutako aldaketa ez da sartzen 21/2013 Legearen I. eranskineko 8.b) epigrafean, baina bai II. eranskineko 9.b) epigrafean. Beraz, proiektuari ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio.

–Emisio atmosferikoei buruzko alegazioa: zalantzan jartzen da prozesuan sartu nahi diren hondakinen gaineko kontrola, haien errekuntzak sor ditzakeen kontrolik gabeko emisioak, zementurako labea ez dela egokia hondakin horiek erregai gisa erabiltzeko, eta kontrolik gabeko emisio horiek Olaztiko hirigunean eta Urbasa eta Andia parke naturalean izan dezaketen eragina. Sakana eskualdeko airearen kalitate txarra aipatzen da, eta horrek Olaztin airearen kalitaterako estazio bat jartzea ekarri duela.

Erantzuna: zementua fabrikatzeko jarduera Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren I. eranskinean eta Emisio industrialei buruzko 2010/75/EE Zuzentarauaren I. eranskinean jasota dago.

Aurrekoarekin bat etorriz, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak jakinarazi du izapidetzen ari den aldaketa bat datorrela Europako Batzordearen 2013ko martxoaren 26ko 2013/163/EB Betearazpen Erabakian ezarritakoarekin. Erabaki horren bidez, zementua, karea eta magnesio-oxidoa fabrikatzeko teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri ziren, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren emisio industrialei buruzko 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz. Erabaki horren arabera, proiektatutako azpiproduktuak eta hondakin ez-arriskutsuak erregai gisa erabiltzeko, 11., 12., 25., 26., 27. eta 28. teknika erabilgarri onenak aplikatu behar dira. Alderdi hori sustatzaileak ebaluatu du, eta behar bezala egiaztatutzat jotzen da.

Gainera, adierazten da emisioen kontrol maila lehen aipatutako 2013/163/EB Erabakiko 5. TEOan adierazitako monitorizazioari dagokiola, eta, bestalde, zonaldeko airearen kalitatea ez dela txarra, Nafarroako airearen kalitateari buruzko 2023ko txostenean ikus daitekeen bezala. Gehitzen da Olaztin airearen kalitaterako estazio bat dagoela kutsadura prebenitzeko politika baten ondorioz eta urtarrilaren 14ko 6/2002 Foru Dekretuaren 33. eta 34. artikuluetan xedatutakoa betetzeko (6/2002 Foru Dekretua, urtarrilaren 14koa, atmosferara kutsatzaileak botatzeko gai diren jardueren ezarpenari eta funtzionamenduari aplikatu beharreko baldintzak ezartzen dituena).

II. ERANSKINA.–INSTALAZIO BERRIEN KOKAPEN PLANOA ETA ESKEMA

1. fasea: erregailuak erregaiz hornitzeko instalazioa. Iturria: dokumentazio teknikoa

Iragarkiaren kodea: F2508691