143. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

50/2025 FORU AGINDUA, ekainaren 27koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, Iruñerriko hiriko bidaiari garraio erregularraren gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituena, 2025eko uztailaren 1eko 00:00etatik aurrera eta iraupen mugagabean, Transports Ciutat Comtal (TCC) enpresako Enpresa Batzordeak deituta eginen den greba dela eta.

2025eko ekainaren 19an, Transports Ciutat Comtal (TCCko) enpresa batzordeak bidalitako idazki bat sartu zen Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Lan Zerbitzuko erregistroan. Enpresa hori Iruñerriko hiriko bidaiari garraio erregularraren emakidaduna da. Idazkiaren bidez jakinarazten zen garraio zerbitzu horretan greba egiteko deia egina zegoela 2025eko uztailaren 1eko 00:00etatik aurrera eta iraupen mugagabean, akordio bat lortu arte.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, baita konstituzionalak berak ere.

Bidaiarien garraioa funtsezko zerbitzu bat da, Espainiako Konstituzioaren 19. artikuluan jasota dagoen askatasunez zirkulatzeko eskubidea bermatzen duen tresna izaki. Gainera, baliabide bat da Konstituzioak babesten dituen oinarrizko beste eskubide eta ondasun batzuk erabiltzeko, hala nola hezkuntzarako eskubidea, lanerako eskubidea, osasuna babesteko eskubidea, aisialdiaren erabilera egokia, kultura eskura izatea, etab.

Garraio publikoari funtsezko izaera ematea besteak beste Konstituzio Auzitegiak berretsi zuen 53/1986 eta 26/1981 epaien bidez, baita Auzitegi Gorenak ere, 2003ko apirilaren 11ko epaiaren bidez.

Hortaz, grebarako deia dela eta, bidaiarien garraioaren zerbitzua ezin da osorik gelditu; izan ere, erabat geldituz gero, gizarteko beste sektore batzuei kalte eginen litzaieke, garraio publikoa behar-beharrezkoa duten bestelako erabiltzaileen joan-etorriak galarazi edo eragotziko bailirateke, eta gizartearen interes orokorrei ere kalte larriak eraginen litzaizkieke. Gainera, ez da ahantzi behar grebarako eskubidea herritarren beste oinarrizko eskubide batzuekin batera erabili behar dela.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, baita herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1.f) eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera bereganatutako eskumenez baliatuz.

2025eko ekainaren 26an Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartu zen Iruñerriko Mankomunitateko buruak ekainaren 26an emandako 436/2025 Ebazpenaren jakinarazpena. Horren bidez, Mankomunitateak, Iruñerriko erabiltzaile guztientzako hiriko bidaiarien garraio erregularraren zerbitzuaren titularra den aldetik, Lurralde Kohesiorako Departamentuari proposatzen dio ezar ditzala garraio zerbitzu horretarako gutxieneko zerbitzuak, Transports Ciutat Comtal (TCC) enpresako enpresa batzordeak dei eginiko greba dela eta.

Ebazpenak nabarmentzen du greba 2025eko uztailaren 1etik aurrera deitu dela modu mugagabean, eta horrek, sanferminei eragiten dienez, justifikatu egiten du egun horietarako Konstituzioan onargarria dena baino zerbitzu-maila handiagoa ezartzea, Konstituzio Auzitegiaren 43/1990 epaiak, 1990eko apirilaren 9koak, adierazten duen bezala. Geroago aipatuko da epai hori.

Era berean, ebazpenak aurreko aldietan ezarri diren gutxieneko zerbitzuak zerrendatzen ditu, eskualdeko hiri garraioaren enpresa emakidadunaren enpresa batzordeak deitutako beste greba batzuen aurrean jarritakoak, eta Iruñerriko Mankomunitateko Garraio Arloak 2025eko ekainaren 26an propio egindako txostena ere aipatzen du. Txosten hori erreferentziako espedientean dago, eta haren datu garrantzitsuenak ondoren azaltzen dira.

Txosten horrek azpimarratzen du zer testuingurutan planteatzen den greba mugagabea uztailaren 1etik aurrera. Hain zuzen ere, hilabete horretan batera ematen dira Iruñerriko bidaiarien hiri garraio erregularreko zerbitzua (aurrerantzean, EHG) osatzen duten urteko 4 denboraldiak:

–Ohiko denboraldiko zerbitzua: eguneko EHG zerbitzuari dagokio, eta urte bateko irailaren 1etik hurrengo urteko uztailaren 5era arte luzatzen da, bi egun horiek barne.

–Udako denboraldiko zerbitzua: eguneko EHG zerbitzuari dagokio, eta urte bateko uztailaren 15etik abuztuaren 30era arte luzatzen da, bi egun horiek barne.

–Gaueko zerbitzua: gaueko zerbitzua da, egunekoaren ondoren eta urte osoko gauetan ematen dena, sanferminetan izan ezik (uztailaren 6tik 14ra arte, biak barne).

–San Fermin zerbitzua: EHG eremuaren barruan uztailaren 6tik 14ra arte (biak barne) ematen den zerbitzu berezia. 24 orduz etenik gabe aritzea da haren berezitasun nagusia.

Beraz, deialdia mugagabea denez gero, are gehiago uztailaren 1etik aurrera hasita, litekeena da aurretik deskribatutako denboraldi guztiei eragitea. Hortaz, 4 egoera horietarako gutxieneko zerbitzuak zehazten dira. Horri dagokionez, txostenaren egunean ohiko denboraldiaren zerbitzua eta gaueko zerbitzua bakarrik daude martxan, biak ala biak indarrean gaur egun; hala ere, San Fermin zerbitzua eta udako denboraldiko zerbitzua zehaztuta daude, 2025erako onartzeke.

Txostenak EHGaren garrantzia azpimarratzen du, Iruñerriko 18 udalerrik osatzen duten eremu bati ematen baitio zerbitzua. Bertako bizilagunak Nafarroako erdiak baino gehixeago dira, eta bertan daude ospitale nagusiak eta bi unibertsitateak. Eremu eta jarduera gune horiek guztiek joan-etorri asko sortzen dituzte egunean, eta joan-etorri horien ehuneko handi bat hiri garraio publikoan egiten da.

Jarraian, greba deialdiaren baldintza bereziak aztertzen dira.

Iruñerrian ez dago hiri garraio kolektiborako bestelako alternatibarik (metroa, aldirietako trena, tranbia eta abar) EHGan egunero egiten diren joan-etorriak bestela egiteko, eta hori oso kontuan hartu beharrekoa da greba honetako funtsezko zerbitzuak ezartzeko.

Taxi zerbitzua, bistan denez, ez da alternatiba bat, haren prezioa ez baita konparatzen ahal EHGarenarekin eta haien gaitasuna ez da inola ere aski joan-etorri jendetsuetarako (151.000 bidaiari ohiko lanegun batean, gutxi gorabehera), ezta San Fermin egun batean batez beste gertatzen diren 200.000 baino joan-etorri gehiago gauzatzeko ere.

Lanuzte horrek EHGari bakarrik eraginen dionez, erabilera ez da gutxituko, joan-etorriak sortzen dituzten beharrek beren horretan segituko baitute lanuztean ere, lanuzte orokor batean ez bezala.

Deialdiko greba mugagabea eta erabatekoa da EHG osorako, 2025eko uztailaren 1etik aurrera.

Gizartean dituen eraginen garrantzia, aurrez aipatutako 4 agertokietako bakoitzerako, honako hau da:

–Oro har, ohiko denboraldiko lanegunetan, grebak bestelako garraiobiderik (norberaren autoa edo bidaide gisa joateko aukera) ez duten erabiltzaileek egunero garraio publikoan egiten dituzten 83.000 bidaiei eraginen die bereziki, eta, hortaz, pertsona horiek zuzenen jasanen dituzte grebaren ondorioak.

–EHGaren gaueko zerbitzua, berez, gutxieneko zerbitzua da ia, oso txikia. Igandetik asteazkenera arte, lanarekin eta hezkuntza gaiekin lotutako biztanleak dira zerbitzuaren bezero nagusiak; ostegunean eta asteburuan, berriz, aisialdiak hartzen du eskariaren zati handiena. Hala ere, kasu guztietan, garraiobide alternatiborik ez duten biztanleen desplazamendu premiei erantzuten zaie.

Erabiltzaile kopurua egun motaren araberakoa da. Igandetik asteazkenera 1.000 bidaiari egon daitezke, eta larunbatetan 7.200.

Zerbitzu erradial bat da, eskualdearen erdigunea periferiarekin lotzen duena. Horregatik, lanaldiaren edo aisialdiaren ondoren zentrotik etxera iritsi nahi duten erabiltzaileek erabiltzen dute gehien.

–Udako denboraldiaren kasuan, egia da hiriko jarduera sozioekonomikoa, hezkuntzakoa, sanitarioa... ohiko denboraldikoa baino txikiagoa dela, Iruñerriko biztanleriak behera egiten duelako oporren exodoaren ondorioz. Jarduera hori, ordea, ez da zero. Beraz, oraindik ere joan-etorriak daude; printzipioz, eskualdean jarraitzen duen biztanle kopuruaren arabera. Udako lanegun estandar batean EHGak 92.500 bidaiari ditu, ohiko denboraldiko 151.000ren %55 hain justu. Hortaz, ohiko denboraldiko 83.000 bidaiei hiruko erregela hori aplikatuta, 50.850 bidaia egiten dituzte egunero garraiobide alternatiborik ez duten pertsonek (norberaren autoa gidatuz edo bidaide gisa), eta, beraz, zuzenago jasanen dituzte grebaren ondorioak udan zehar.

–Sanferminek egoera berezia sortzen dute EHGan, eta egoera horrek ez du parekorik urteko beste inolako garaitan.

Egun horietan eskaintza nabarmen areagotzen da urteko gainerako egunekin alderatuta, jaiegun guztietan 24 ordutan etengabeko zerbitzua eman ahal izateko.

Egun horietako eskaria ere urteko beste edozein garaitan baino nabarmen handiagoa izaten da. Iruñerriko Mankomunitateko Garraio Arloaren txostenaren 1. eranskinean, grafiko batean, 2024. urteko 365 egunetako eguneroko eskaria irudikatzen da, handienetik txikienera ordenatuta. Eskari hori aldakorra da, uztailaren 6ko 274.655 bidaiaritik hasi eta abenduaren 25eko 39.906 bidaiarira arte.

Lehen azaldu den moduan, lanegun arrunt bateko batez besteko eskaria 151.000 bidaiari ingurukoa da; sanferminetako eskarian, aldiz, desberdintasunak daude aste barruko egun arrunt bateko 200.000 bidaiariren eta asteburuko egun bateko 245.000 bidaiariren artean, ratio horretan uztailaren 6a eta 7a barne hartzen direlarik.

Hau da, eskaria alderatzen badugu baldintza normaleko lanegun estandar batekin, garraio sareko parametroak definitzeko hartzen den gehienarekin (ibilgailuen kopurua, lineak pasatzeko denbora tarteak, etab.) %32 handiagoa (astegunetan) eta %62 handiagoa (asteburuan edo uztailaren 6an eta 7an) da.

Horrek zer esan nahi duen ulertzeko, aski da ikustea 2024ko uztailaren 6tik 14ra bitartean garraiatutako bidaiariak (2.016.957) aurreko hileko egun beretan garraiatutakoak (1.217.334) baino %60 gehiago direla. Konparazio horren emaitza antzekoa izanen litzateke, edo okerragoa, urteko beste edozein hilabetetako egun berberak oinarritzat hartuko balira.

Jaiegunetan Alde Zaharrean eta inguru hurbilean (Sarasate pasealekua, San Ignazio etorbidea, Amaia kalea, Nafarroako Gorteen kalea, Paulino Caballero kalea, etab.) ibilgailuentzako trafikoa moztu egiten da, baimenduriko ibilgailuentzako ez bada. Eremu horren ondoko kaleetan jende kopuru itzela ibiltzen da harat eta honat, eta horrek ibilgailuen zirkulazioa ere oztopatzen du, asteburuan batik bat.

Horri gehitu behar zaizkio Iruñera jaiez gozatzera joaten diren bisitariek ekartzen dituzten ibilgailuak, Merkataritza Ganberak sanferminen eragin ekonomikoari buruz egindako azterlanean 66.131 ibilgailu zenbatetsi baitziren 2006an. Gauza bera gertatzen da garraio erregularreko eta eskatu ahalako autobusekin, helburu berberarekin sartzen baitira hirira, bereziki asteburuan.

Arrazoi horiengatik guztiengatik, hagitz zaila da ibilgailu pribatuan sartzea jaiak ospatzen diren eremura, eta, horren ondorioz, Iruñeko auzo anitz eta eskualdeko udalerriak garraio publikoaren mende daude jaiez gozatu ahal izateko.

Bestalde, eta aurreko baldintzak direla eta, egun horietan ibilgailu gehiago aparkatzen dira hiriko periferiako aparkalekuetan, eta bidaiari horiek ere EHGa erabiltzen dute jaien eremura bertaratzeko.

Jarraian, txostenak 2025eko San Fermin Jaien Plan Orokorrari egiten dio erreferentzia. Plan hori Herritarren Segurtasun eta Bizikidetza Arloko Zuzendaritzak eta Iruñeko Udaleko Babes Zibileko Toki Batzarrak egin zuten, eta bertan zehazten da egun horietan martxan jartzen den dispositiboa, baita neurrietako batzuk nabarmendu ere.

Txostenak agerian uzten du, halaber, San Fermin jaiek salbuespenezko izaera dutela Iruñeko hirian, bisitari kopuruaren ondorioz (Merkataritza Ganberaren txostenaren arabera, 2006ko jaietan 208.000 pertsonak bisitatu zuten Iruña, eta batez beste 3,31 egun igaro zituen bakoitzak hirian, eta horrek esan nahi du 76.500 pertsona egon zirela egunero), bisitari horien eragin ekonomikoaren ondorioz (txostenaren arabera, bisitariek egindako gastua 45,5 milioi eurokoa izan zen, eta Iruñerriko biztanleek egindako 29,2 milioiko gastua gehitu behar zaio) eta San Fermin jaien irudia nazioan eta nazioartean zabaltzearen ondorioz.

Horrenbestez, inolako zalantzarik gabe esaten ahal da erabiltzaileek jasan beharreko gabezia kualitatiboki zein kuantitatiboki askoz handiagoa izanen dela beste data batzuetan izan zitzaketenak baino. Herritarrei eraginen zaien kalte hori nabarmenagoa da urtean eskari gehien izaten den egunetarako egin delako lanuzte deia:

Gainera, txostenak adierazten du erabiltzaileei argibide egokiak eman behar zaizkiela, edo, bestela esanda, erabakitzen den zerbitzu maila erabat identifikatua egon behar dela.

Hiri garraioaren erabilera, neurri handi batean, garraio horri buruz ematen den informazioaren mende dago. Izan ere, eskaintza erreala benetan dena baino txikiagoa bihurtzen ahal da, eskuragarri dagoen informazioaren arabera.

Hori bereziki garrantzitsua da gutxieneko zerbitzuak zehazteari begira, zeren eta, zerbitzu gutxi direnez, erabiltzailearentzat ez da bideragarria "autobusa iritsi arte geltokian zain geratzea" (maiztasun handiko zerbitzuetan horixe da ohiko jokabidea), eta ordu zehatz eta ezagunetan joan behar du geralekura. Hori dela eta, gutxieneko zerbitzu gisa zehazten den portzentajeak bermatu behar du autobus linea guztiak arrazoizko denbora tarteetan iritsiko direla eta horren gaineko informazioa ulergarria izanen dela.

Jarraian, Iruñerriko Mankomunitateko Garraio Arloaren txostenak EHG zerbitzuaren karakterizazioa azaltzen du, aurretik azaldutako 4 egoeren artean bereiziz.

Lehenik eta behin, EHGaren lanegun arrunt baterako zerbitzu eskaintzaren ezaugarriak adierazten ditu. Eskaintza horrek 23 linea ditu: 19 erradial edo bitan erradial, 2 perimetral eta 2 linea zirkular, lanegunetan honako maiztasun hauek dituztenak:

–Handia: 12 minutuko edo hortik beherako tartea autobus batetik bestera: 9 linea (3, 4, 7, 8, 9, 12, 16, 18 eta 21).

–Ertaina-handia: 15-20 minutuko tartea autobus batetik bestera: 9 linea (2, 5, 6, 11, 15, 17, 19, 20 eta 25).

–Txikia: 30 minutuko edo hortik gorako tartea autobus batetik bestera: 5 linea (1, 10, 14, 22 eta 23).

Lanegun batean, gutxi gorabehera, autobus kopuru hauek daude lanean:

–Autobus finkoak, eguneko zerbitzu osoan dabiltzanak: 121.

–Errefortzuko autobusak, puntako orduan bakarrik dabiltzanak: 13.

–Erreserbako autobusak, matxuratzen diren autobus finkoak edo errefortzuak ordezteko: 2.

–Guztira: 136.

Lanegun batean edo jaiegun bezpera batean, 131 autobus ibiltzen dira, gutxi gorabehera:

–Autobus finkoak, eguneko zerbitzu osoan dabiltzanak: 94.

–Errefortzuko autobusak, puntako orduan bakarrik dabiltzanak: 0.

–Erreserbako autobusak, matxuratzen diren autobus finkoak edo errefortzuak ordezteko: 2.

–Guztira: 96.

Jaiegun batean autobus kopuru hauek daude lanean, gutxi gorabehera:

–Autobus finkoak, eguneko zerbitzu osoan dabiltzanak: 67.

–Errefortzuko autobusak, puntako orduan bakarrik dabiltzanak: 0.

–Erreserbako autobusak, matxuratzen diren autobus finkoak edo errefortzuak ordezteko: 1.

–Guztira: 68.

Gaueko zerbitzuaren eskaintzak, berriz, 16 linea ditu: 15 erradial eta zirkular 1 (N07). Honela dute izena linea horiek: N01, N02, ..., N16. Maiztasunak eta lineak aldatu egiten dira asteko egun motaren arabera, 20 minutuko tarte altuenetik 120 minutura bitarteko tarte baxuenera arte.

Linea batzuek ez dute asteko egun batean edo bestean lan egiten, eta, beraz, honela laburbiltzen da ematen den zerbitzua:

–Igandetik asteazkenera arteko gauetan, 16 autobus finko eta erreserbako autobus 1 daude, 11 lineatan (N01etik N11ra, biak barne), 22:45etik 00:30ak arte gutxi gorabehera.

–Ostegun gauetan, 18 autobus finko eta erreserbako autobus 1 daude, 16 lineatan (N01etik N16ra, biak barne), 22:45etik 04:00ak arte gutxi gorabehera.

–Ostiral gauetan, 20 autobus finko eta erreserbako autobus 1 daude, 16 lineatan (N01etik N16ra, biak barne), 22:45etik 04:30ak arte gutxi gorabehera.

–Larunbat gauetan edo jaiegun bezperetan, 23 autobus finko eta erreserbako autobus 1 daude, 16 lineatan (N01etik N16ra, biak barne), 22:45etik 06:30ak arte gutxi gorabehera.

Udako zerbitzuaren eskaintzaren ezaugarriei dagokienez, ohiko denboraldian bezala, udako zerbitzuak 3 egun mota desberdin ditu: laneguna, larunbatak edo jaiegun bezperak eta jaiegunenak.

Ohiko denboraldiarekin alderatuta, zerbitzua txikiagoa da, dagoen eskarira egokitzen baita; izan ere, lehen azaldu den bezala, eskaria murriztu egiten da egun horietan.

Zerbitzu horrek 23 linea ditu: 19 erradial edo bitan erradial, 2 perimetral eta 2 linea zirkular, lanegunetan honako maiztasun hauek dituztenak:

–Handia: 12 minutuko edo hortik beherako tartea autobus batetik bestera: 5 linea (3, 4, 12, 18 eta 21).

–Ertaina-handia: 15-20 minutuko tartea autobus batetik bestera: 13 linea (2, 5, 6, 7, 8, 9, 11, 15, 16, 17, 19, 20 eta 25).

–Txikia: 30 minutuko edo hortik gorako tartea autobus batetik bestera: 5 linea (1, 10, 14, 22 eta 23).

Lanegun batean, gutxi gorabehera, 100 autobus finko eta erreserbako 2 autobus daude.

Larunbat edo jaiegun bezpera batean, gutxi gorabehera, 86 autobus finko eta erreserbako 2 autobus daude.

Igande batean, gutxi gorabehera, 61 autobus finko eta erreserbako autobus 1 daude.

Sanferminetan, egun horien apartekotasuna aintzat hartuta, EHGaren eskaintza nabarmen handitzen da urteko gainerako egunekin alderatuta. Egun horietan, etenik gabeko zerbitzua ematen da eguneko 24 orduetan, eta, hiriko kale askotan trafikoa mugatzen denez, linea anitzek ibilbidea aldatzen dute, bitan banatzen dira edo terminalak lekuz aldatzen dituzte. Sanferminetan soilik aritzen diren linea berriak ere egoten dira, hala nola Barrakak eta hiriaren erdigunea lotzen dituena. Jarraian, garraio eskaintzaren ezaugarri nagusiak aipatzen dira:

a) Sanferminetako eguneko sarea:

Eguneko sarea ordu gehiagoz aritzen da, egun bakoitzeko 6:00etatik hurrengo eguneko 1:00etara bitartean (4. linea izan ezik, 6:00etatik 3:00etara aritzen baita). Alegia, ohiko zerbitzuko 16 ordutik (6: 30etik 22:30era) 19 ordura (4 lineak 21 ordu) igarotzen da.

27 linea ditu: 24 linea erradial edo bitan erradial, 2 linea perimetral, linea zirkular 1 eta linea elikatzaile 1. Eskaintza honelakoa izaten ahal da:

–Handia: 12 minutuko edo hortik beherako tartea autobus batetik bestera: 11 linea (2-3-4-6S-7-8-9-11S-12-16N-18).

–Ertaina-handia: 15-20 minutuko tartea autobus batetik bestera: 9 linea (5N-6N-11N-15-16S-17N-17S-19 eta "Barrakak" linea berezia).

–Txikia: 30 minutuko edo hortik gorako tartea autobus batetik bestera: 7 linea (1-10-14-20-22-23-25).

Martxan dauden autobusen kopuruari dagokionez, ohiko funtzionamenduarekin alderatuta, handia da errefortzuko autobusen proportzioa:

–Autobus finkoak, egun osoan dabiltzanak: 115.

–Errefortzuko autobusak: 30 autobus uztailaren 6rako eta 10 autobus uztailaren 7rako.

–Erreserbako autobusak, matxuratzen diren autobus finkoak edo errefortzuak ordezteko: 10.

–Guztira: gutxi gorabehera: 155 autobus uztailaren 6rako, 135 uztailaren 7rako eta 125 gainerako egunetarako.

b) Sanferminetako gaueko sarea:

Gaueko sarea nabarmen handitzen da Iruñerriko herri eta auzo guztiei 24 orduko zerbitzua emateko. Handitu egiten da lineen kopurua (16tik 24ra arte), haien ibilbideek eguneko lineen ibilbideei eusten diete eta igarotze tarteek eguneko zerbitzuaren antz gehiago dute gauekoarena baino.

24 linea ditu: 23 erradial eta zirkular 1. Eskaintza honelakoa izaten ahal da:

–Oso handia: 12 minutuko edo hortik beherako tartea autobus batetik bestera: 2 linea (3-4).

–Handia: 15-20 minutuko tartea autobus batetik bestera: 8 linea (9-11S-11N-12-16N-17N-18-20).

–Ertaina: 30-60 minutuko tartea autobus batetik bestera: 14 linea (1-2-5N-6S-6N-8-10-14-15-16S-17S-22-23-25).

Urteko gainerako larunbat edo jaiegun bezperetako gaueko zerbitzuarekin alderatuta, kopuru bikoitza baino gehiago dago martxan: 55 autobus finko, zerbitzu osoan funtzionatzen dutenak; eta erreserbako 4 autobus, finkoak edo errefortzukoak ordezkatzeko matxuraren bat gertatzean. Guztira, 59 autobus inguru dira.

Eskariaren ezaugarriei dagokienez, Mankomunitateko Garraio Arloaren txostenak aurrez azaldutako 4 egoerak bereizten ditu berriz ere:

Lehenik eta behin, EHGaren eskariaren ezaugarri nagusiak azaltzen ditu, ohiko zerbitzuko lanegun bat oinarri hartuta:

151.000 bidaiari daude batez beste.

–Eskola eta lan egun baterako garraio eskariak puntako hiru tarte ditu:

  • Goizeko puntako orduak: 6:30etik 9:30era; 12.400 bidaiari orduko izan daiteke puntako eskaria; aldi horrek eguneko eskariaren %20,7 inguru biltzen du.
  • Eguerdiko puntako orduak: 13:00etatik 15:30era; 15.700 bidaiari orduko izan daiteke puntako eskaria; aldi horrek eguneko eskariaren %20,9 inguru biltzen du.
  • Arratsaldeko puntako orduak: 17:00etatik 20:30era; 10.300 bidaiari orduko izan daiteke puntako eskaria; aldi horrek eguneko eskariaren %21,8 inguru biltzen du.
  • Gutxien erabiltzen diren orduei edo haraneko orduei dagokienez, goizeko haraneko orduan (09:30-13:00) arratsaldekoan (15:30-17:00) baino bidaiari gutxiago daude.

–Bestalde, hona hemen batez besteko lanegun batean bidaiatzeko arrazoiak, 2013ko azaroan EHGko erabiltzaileek betetako inkestatik atereak eta ehunekotan emanak:

LANA

IKASKETAK

KUDEAKETAK
EGITEA

EROSKETAK

MEDIKUA,
OSPITALEA

BESTELAKOAK

GUZTIRA

%38,3

%20,4

%13,2

%6,6

%6,3

%15,1

%100,00

Beraz, lana eta ikasketak (ikastetxea, unibertsitatea...) dira arrazoi nagusiak, bidaien %60 inguru baitira. EHGko linea gehienetan gertatzen da hori. Arrazoi medikoa gehituz gero, hiru arrazoi horiek garraio publikoan egindako joan-etorri guztien bi heren biltzen dute.

Aztertuz gero nola banatzen diren bidaiatzeko arrazoiak egunean zehar, ikusiko dugu lan eta ikasketengatik egindako joan-etorriak batez ere goizeko eta eguerdiko puntako orduetan biltzen direla, eta arrazoi medikoengatik, ospitalera joateko eta antzekoetarako egiten direnak egunean zehar banatzen direla.

–Lanegunetako bidaiarien %55ek ez du bestelako garraiobiderik, erabiltzaileek betetako inkesta horretako emaitzen arabera. Larunbatetan, 103.000 erabiltzaile izaten dira batez beste. Azkenik, jaiegunetan 55.500 bidaia egiten dira batez beste.

Gaueko zerbitzuari dagokionez, EHG zerbitzuaren eskariaren ezaugarri nagusiak jasotzen dira jarraian, gaueko zerbitzuaren egun moten eta batezbesteko bidaiari kopuruaren arabera:

–Igandetik asteazkenera: Batez beste 1.000 bidaiari gau bakoitzeko (ordubete eta erdiko zerbitzua, gutxi gorabehera).

–Osteguna: Batez beste 2.500 bidaiari gau bakoitzeko (bost ordu eta erdiko zerbitzua, gutxi gorabehera).

–Ostiraletan: Batez beste 4.500 bidaiari gau bakoitzeko (sei orduko zerbitzua, gutxi gorabehera).

–Larunbatetan eta jaiegunen bezperetan: Batez beste 7.200 bidaiari gau bakoitzeko (8 orduko zerbitzua, gutxi gorabehera).

EHGaren gaueko zerbitzua, berez, gutxieneko zerbitzu bat da ia, oso txikia. Igandetik asteazkenera arte, lanarekin eta hezkuntza gaiekin lotutako biztanleei ematen die zerbitzua bereziki; ostegunean eta asteburuan, berriz, aisialdiak hartzen du eskaeraren zati handiena. Hala ere, kasu guztietan, garraiobide alternatiborik ez duten biztanleen desplazamendu premiei erantzuten zaie.

Zerbitzu erradial bat da, eskualdearen erdigunea periferiarekin lotzen duena. Horregatik, lanaldiaren edo aisialdiaren ondoren zentrotik etxera iritsi nahi duten erabiltzaileek erabiltzen dute gehien.

Udako denboraldiaren kasuan, egia da hiriko jarduera sozioekonomikoa, hezkuntzakoa, sanitarioa... ohiko denboraldikoa baino txikiagoa dela, Iruñerriko biztanleriak behera egiten duelako oporren exodoaren ondorioz. Jarduera hori, ordea, ez da zero. Beraz, oraindik ere joan-etorriak daude; printzipioz, eskualdean jarraitzen duen biztanle kopuruaren arabera. 2013ko etxeko inkestan jasotako bidaiaren arrazoia erreferentziatzat hartuta, beraz, esaten ahal da udako lanegun estandar batean 92.500 bidaiarik erabiltzen dutela EHG zerbitzua. Hau da, ohiko denboraldiko 151.000 bidaiarien %61ek. Hortaz, ohiko denboraldiko 83.000 bidaiei hiruko erregela hori aplikatuta, 50.850 bidaia egiten dituzte egunero garraiobide alternatiborik ez duten pertsonek (norberaren autoa gidatuz edo bidaide gisa), eta, beraz, zuzenago jasanen dituzte grebaren ondorioak udako denboraldi horretan zehar.

50.850 bidaia horiek bidaiari gatibuen %55 ematen dute, udako zerbitzuaren erabiltzaile guztiekiko.

Beste alde batetik, 2024. urteko datuak erreferentziatzat hartuta, larunbatetan, erabiltzaileen batez besteko bolumena 85.000 da. Eta, azkenik, udako jaiegunetan 43.000 bidaia egiten dira batez beste.

Sanferminetako eskaria urteko gainerako jaietakoa baino nabarmen handiagoa da, bisitari anitz biltzen diren garaia izaki. Iruñerriko herrietako eta auzoetako biztanleek mugatuta dute ibilgailu partikularrean sartzeko aukera, jaietan ibilgailuen zirkulazioak dituen mugak direla eta.

Adierazi den moduan, egun horietako eskaria nabarmen handiagoa da urteko beste edozein garaitakoa baino. Hain zuzen ere, Iruñerriko Mankomunitateko Garraio Arloaren txostenaren 1. eranskinean, grafiko batean, 2024. urteko 365 egunetako eguneroko eskaria irudikatzen da, handienetik txikienera ordenatuta. Eskari hori aldakorra da, uztailaren 6ko 274.655 bidaiaritik hasi eta abenduaren 25eko 39.906 bidaiarira arte.

9 egun horietan eskaria salbuespenezkoa da, eta ezin da urteko beste ezein unerekin alderatu.

2024ko lanegun arrunt batean 151.000 bidaiari inguru mugitzen baziren EHG zerbitzuan, taula honetan ageri da 2024ko sanferminetako eskaria, baita laneguneko eskariarekiko gertatzen den igoera ere:

ASTEKO EGUNA

UZT-24

BIDAIARIAK/EGUNA

% IGOERA LANEGUN ARRUNT BATEKIKO

Larunbata,

Uztailak 6

274.655

%81,9

Igandea

Uztailak 7

256.338

%69,8

Astelehena

Uztailak 8

234.078

%55,0

Asteartea

Uztailak 9

211.096

%39,8

Asteazkena

Uztailak 10

216.356

%43,3

Osteguna

Uztailak 11

207.837

%37,6

Ostirala

Uztailak 12

232.071

%53,7

Larunbata

Uztailak 13

218.976

%45,0

Igandea

Uztailak 14

165.550

%9,6

GUZTIRA

2.016.957

Oro har, ikusten ahal den bezala, bidaiari kopuruaren igoera oso handia da 6an eta 7an; hurrenez hurren, %82koa eta %70ekoa.

Gero, igoera jaitsi egiten da. 14an aintzat hartzen ez badugu, %40aren eta %50aren artean dago ratioa, gutxi gorabehera.

Beraz, sanferminetako egunak dira urteko eskari handienak dituztenak, eta lanegun batekoak baino %80tik gorako igoerara iristen dira.

Aurrez emandako datuak kontuan hartuta, Iruñerriko Mankomunitateko buruaren ebazpenak gutxieneko zerbitzu hauek proposatzen ditu:

a) Ohiko zerbitzuan:

a.1) Lanegunak:

Eskaria egunean zehar aldakorra denez, Iruñerriko Mankomunitateak logikotzat jotzen du gutxieneko zerbitzuek banaketa aldakor sinplifikatua izatea, eskaera horretara egokitua.

Prozedura hori operatiboa izan dadin, tarte homogeneoen arabera zehaztu dira gutxieneko zerbitzuak, aurrez deskribatutako puntako orduen eta haraneko orduen eskemari jarraituz:

–Goizeko puntako ordua: 06:30etatik 09:30era arte.

–Eguerdiko puntako ordua: 13:00etatik 15:30era arte.

–Arratsaldeko puntako ordua: 17:00etatik 20:30era arte.

–Haraneko orduak gainerakoak izanen dira.

Puntako orduetako zerbitzuak kalkulatzeko, bidaien %60 baino gehixeago nahitaezkoak direnez (lana, kontsulta medikoak, etab.) eta puntako orduetan biltzen direnez, aldi horretarako gutxieneko zerbitzua, ohiko zerbitzuaren portzentaje jakin baten gisa definitua, hori adinakoa izan beharko litzateke gutxi gorabehera.

Portzentaje hori zehazteko, zerbitzu operatiboetan adierazita, beharrezkoak dira 77 autobus finko, erreserbarako autobus 1 eta errefortzuko 4 ibilgailu. Kontuan hartuz lanegun batean 121 autobus finko gehi erreserbako 2 eta errefortzuko 13 autobus izaten direla, zehaztutako funtsezko zerbitzua lanegun bateko zerbitzuaren %60 izanen da.

Funtsezko zerbitzu hori jaiegunetakoa bezalakoa da 9 lineatan (4, 6, 10, 11, 14, 20, 22, 23 eta 25), eta 14 lineatan jaiegunetan baino txikiagoa da (1, 2, 3, 5, 7, 8, 9, 12, 15, 16, 17, 18, 19, 21).

Haraneko orduetako zerbitzuak kalkulatzeko, haraneko ordu erdiaren eta puntako ordu erdiaren arteko erlazioa hartzen dugu kontuan, eta puntako orduan ezarritako gutxieneko zerbitzuei aplikatzen zaie. Honelakoa izanen litzateke: 7.298/10.752 bidaiari-ordua=puntako orduaren %67,87. Erlazio hori aplikatuz gero puntako orduetarako zehaztutako gutxienekoari, emaitza hau lortzen da: %67,87x%60=%40,73.

Zehatzagoak izanda, portzentaje hori zerbitzu operatiboetara aldatuz gero, 54 autobus finko eta erreserbako autobus 1 beharko lirateke, hau da, lanegun bateko zerbitzuaren %40. Kasu honetan ez dago errefortzuko autobusik.

Beraz, Iruñerriko Mankomunitateak %60ko gutxieneko zerbitzuak proposatzen ditu puntako orduetan (06:30-09:30, 13:00-15:30 eta 17:00-20:30) eta %40koak haraneko orduetan (09:30-13:00, 15:30-17:00 eta 20:30-22:30), lanegunetako ohiko zerbitzua erreferentzia hartuta. Portzentaje horiek bai autobus finkoetan eta erreserbakoetan bai errefortzukoetan aplikatuko dira.

Puntako ordutik haraneko ordura pasatzen den uneetan (09:30ean, 15:30ean eta 20:30ean), autobusean doazen bidaiariei errespetatu egin beharko zaie zerbitzua, eta ibilbidea hurrengo geltoki-bururaino segitu beharko da oraindik jaisteko dagoen bidaiaririk izanez gero, eta eskatzen diren geldiuneetan gelditu; gero, autobusa hutsik dela, kotxetegira itzuliko da.

a.2) Larunbatak edo jaiegun bezperak eta jaiegunak:

Larunbatetan edo jaiegun bezperetan eta jaiegunetan, Iruñerriko Mankomunitatearen proposamena bat etorriko da lanegunetako haraneko ordukoarekin, hau da, lanegun bateko zerbitzuaren %40arekin.

Lehen esan dugun bezala, bidaiarien kopurua 103.000 bidaiakoa da larunbat estandar batean.

Alegia, lanegun estandarraren bolumena baino %32 gutxiago, 151.000 bidaiatan zenbatetsita. Hala eta guztiz, egia da larunbatetan bidaiatzeko arrazoiak, lanegun batekin alderatuta, gehiago lotzen ahal direla aisialdiarekin oinarrizko premiekin baino, eta, horregatik, gutxieneko zerbitzua are murritzagoa izaten ahal dela irizten da, lanegunarekiko %40an utziz. Horrela, eguneko haraneko ordukoarekin parekatzen da, eta zerbitzuari buruzko informazioa eraginkortasunez transmititzea ahalbidetzen eta bermatzen du, ordutegi estandarren kopurua murriztuz errazagoa baita erabiltzailearentzat ordutegiak ulertzea.

Jaiegunetako gutxieneko zerbitzuen definizioari dagokionez, erabiltzaileen batezbesteko bolumena 55.500 bidaiakoa da; alegia, lanegun estandar batekoa baino %63 txikiagoa (151.000). Kalkuluen arabera, gutxieneko zerbitzuak lanegunaren %40 hartu behar dela irizten da, larunbatekoaren eta lanegun bateko haraneko ordukoaren antzekoa.

Hori egiteko arrazoiak bi dira. Alde batetik, erabiltzaileari errepikapena, hau da, ordutegien ezagutza erraztea eta, horrela, ordutegien interpretazioa hobetzea. Beste alde batetik, kontuan hartu behar da murrizketa hori berez jotzen dela gutxieneko zerbitzutzat EHG eremuari erantzuteko; izan ere, 54 autobus finkoko eta erreserbako autobus 1eko operatiboa ezartzen da zerbitzuko 23 lineei erantzuteko (L24 "San Juan - Mercadillo" izan ezik). Beraz, igarotze tarteak ez dira batere erakargarriak aisialdiagatik mugitzen diren erabiltzailearentzat, ezta lan, osasun eta abarrengatik lekualdatu behar duten erabiltzaile gatibuentzat ere.

b) Gaueko zerbitzua:

Gaueko sareak zerbitzu murriztua du berez, eta gehienetan 30 eta 60 minutu arteko maiztasuna du, nahiz eta 15 minutuko edo 120 minutuko zerbitzuak ere badiren. Gaueko zerbitzua, batez ere, herritarrak zentrotik periferiara eramateko diseinatuta dagoenez, Iruñerriko Mankomunitateak funtsezko zerbitzu hauek proposatzen ditu egun mota bakoitzaren arabera mugikortasun minimoa bermatzeko:

–Oro har, gaueko zerbitzuaren gutxieneko edozein zerbitzuk, edozein egun motatarako, gutxienez lehen eta azken zerbitzua gauzatu behar du zentroaren burutik, eta gutxienez zerbitzu bat tartekatu behar du periferiako burutik.

–20 minutu edo gutxiagoko maiztasuna duten lineen kasuan, gutxieneko zerbitzuen maiztasuna 30 minutukoa izanen da.

–20 minutu eta 60 minutu arteko maiztasuna duten lineen kasuan, gutxieneko zerbitzuen maiztasuna 60 minutukoa izanen da.

–60 minututik gorako maiztasuna duten lineen kasuan, zerbitzua ohikoa izanen da, linea horiek zerbitzu murriztua baitute dagoeneko.

c) Udako zerbitzua:

Denboraldi horri dagokionez, lanegunetan, eguneko zerbitzu arruntean aplikatutako arrazoiketari eta proportzionaltasunari eusten zaio, baina eskariaren ordutegi gorenak ez daude lanegun arruntean bezain definituta. Hori dela eta, erabiltzaileari ordutegiak errazago ulertzeko, ordu tarte bakarra izatea proposatzen da.

Iruñerriko Mankomunitateak aintzat hartzen du lehenago aipatutakoa; alegia, hiriko jarduera sozioekonomikoa, hezkuntzakoa, sanitarioa... ohiko denboraldikoa baino txikiagoa izanik ere, Iruñerriko biztanleriak behera egiten duelako oporren exodoaren eraginez, jarduera hori ez dela zero. Beraz, oraindik ere joan-etorriak daude; printzipioz, eskualdean jarraitzen duen biztanle kopuruaren arabera.

Aurreko guztiaren ondorioz, udako lanegun bateko zerbitzuaren %60 aplikatzea proposatzen du.

Hala ere, udako larunbat eta jaiegunetan, ez da %40ko aplikazioa estrapolatzen ahalko udako laneguneko zerbitzuarekiko, bestenaz, larunbatetako gutxieneko zerbitzuak 41 autobus izanen bailituzke (102 autobusen %40, gutxi gorabehera) 23 lineei erantzuteko.

Ohiko denboraldiko asteburuko gutxieneko zerbitzuetan aipatutakoa baino are egoera txarragoan egonen ginateke. Beraz, berez murriztuta dauden zerbitzuen proportzionaltasuna ez da aplikagarritzat jotzen.

Horregatik guztiagatik, Iruñerriko Mankomunitateak ohiko denboraldiko larunbat eta jaiegunetarako zerbitzu bera proposatzen du udako denboraldiko larunbatetarako, jaiegun bezperetarako eta jaiegunetarako; hau da, ohiko lan zerbitzuaren %40.

d) Sanferminetako zerbitzua:

Aurrez aipatu den moduan, sanferminak denboraldi berezia dira EHGko hiri garraioan, eta ezin dira urteko beste ezein garairekin parekatu. Egun horietan bisitari asko etortzen da Iruñera, eta Iruñerriko auzo eta udalerri periferikoetako biztanleria masiboki desplazatzen da hiriaren erdigunera. Gertaera hori larriagotu egiten da biztanleria horrek helmugara iristeko garraiobide alternatiborik ez duelako, ibilgailu pribatuek mugatuta baitute hirigunera sartzeko aukera.

Bada, salbuespenezko aldi horretan egiten da grebarako deialdia, urteko beste aldi batzuetan baino kalte handiagoak eraginez erabiltzaileei eta gizarteari, eta horregatik dago justifikatuta Konstituzioan onargarria dena baino zerbitzu maila handiagoa ezartzea, Konstituzio Auzitegiaren 43/1990 epaiak adierazten duen bezala:

"... Pertsonen desplazamendu masiboa gertatzen den egunetan greba egiteko egunak aukeratzeak agerian uzten du greba deitzen duten erakundeek eta subjektu kolektiboek, baita greban parte hartzen dutenek ere, zerbitzuaren erabiltzaileek eta komunitateak jasaten duten kalte handiagoaren bidez egiten diotela presio Enpresari, kalte hori beste egun batzuetan jasoko luketena baino askoz handiagoa baita. Dena den, grebaren helburuak lortzeko, ez da beharrezkoa greba egun horietan egitea, are gehiago, garraioan zerbitzuak emateagatik, talde batek beste edozein egunetan egindako grebak erabiltzaileei kalteak eragiten badizkie. Gaitasun horrek handitu egiten du talde horien presio eragiteko gaitasuna grebarako eskubidea baliatzean berehalako kalterik eragin ezin duten beste kolektibo batzuekiko...

... Hala ere, hori alde batera utzita, hemen azpimarratu behar dena da, adierazitako egunetan eta zerbitzu horietan grebak egiten badira eta, jakina, zerbitzu horiek gizartearentzat funtsezkoak badira, zerbitzu horiei eusten ahalko zaiela Konstituzioaren arabera onargarriak izanen liratekeenak baino maila handiagoan, beste data batzuetan deitutako grebekin eta aipatutako baldintzak ez dituzten grebekin alderatuta. Horrela, saihestu egiten da zerbitzuen erabiltzaileei ezarritako sakrifizioen eta grebalariek egindako sakrifizioen arteko proportzionaltasun falta nabaria, eta herritarren interesa neurri egokien barruan aztoratzen da. Beraz, greba puntako opor egunetan deitzea erabakitzen bada, deitzaileek kontuan hartu beharko dute greba eskubidearen erabilerak murrizketa handiagoa jasanen duela beste une batean egiten bada baino... "

Gutxieneko zerbitzuak proposatzeko, Iruñerriko Mankomunitateak erreferentzia gisa aztertzen ditu Iruñerriko hiri garraioan 2010eko San Ferminen jaien garaian ezarritako zerbitzuak, baita garraio grebak jasan dituzten beste hiri batzuetan herriko jaietan eta antzeko egunetan ezarritakoak ere.

Zehazki, Iruñerrian, 2010ean, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako Kontseilariaren ekainaren 29ko 47/2010 Foru Aginduaren bidez, %70eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren uztailak 6 eta 10 egunetarako, eta %60ko gutxieneko zerbitzuak puntako orduetarako eta %40koak haraneko orduetarako, uztailaren 21erako eta 28rako deitutako greba partzialari begira (2010eko uztailaren 5eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 81. zenbakia).

Zaragozan, Transportes Urbanos de Zaragoza SA (TUZSA) enpresak 2003ko urriaren 6tik 12ra arte deitutako greba, Pilarreko jaiekin bat etorriz. Zaragozako Udalaren 2003ko urriaren 3ko Dekretuaren bidez, gutxieneko zerbitzuak %66an ezarri ziren. Enpresa Batzordeak gutxieneko zerbitzu horien aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen Aragoiko Justizia Auzitegi Nagusian, eta ekainaren 23ko 540/2004 epaian (1072/2003 zenbakiko errekurtsoa) antolamendu juridikoarekin bat zetozela adierazi zen. Dekretu hori oinarritzen duen Zaragozako Udalaren Hiri Mugikortasuneko Zerbitzuaren txostenean, nabarmendu behar da egun horietan eskaria %30 inguru handitzen dela batezbesteko egun batekin alderatuta (egunean 400.000 bidaiari eta 300.000 bidaiari, hurrenez hurren).

Valentzian, Empresa Municipal de Transportes de Valencia (EMT) erakundeak 2001ean deitutako greba, martxoaren 9, 14, 16 eta 18ko hainbat ordutegitan (3:00etatik 6:00etara, 7:00etatik 10:00etara eta 17:00etatik 20:00etara), eta martxoaren 19ko 24:00etan, Valentziako Failekin bat etorriz. Valentziako Generalitateko Ekonomia, Ogasun eta Enplegu Sailaren 2001eko martxoaren 6ko Ebazpenaren bidez, %50eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren martxoaren 9ko eta 14ko ordutegi tarteetarako (Failen jaiegunekin bat ez zetozenak), eta %66koa martxoaren 16ko eta 18ko ordutegi tarteetarako, baita martxoaren 19ko 24:00etarako ere (Failekin bat zetozen egunak). Valentziako Langileen Batasun Orokorreko Garraioen eta Telekomunikazioen Eskualdeko Federazioak gutxieneko zerbitzu horien aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen Valentziako Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, eta hark berretsi egin zituen abenduaren 24ko 1943/2001 epaiaren bidez (371/1998 zenbakiko errekurtsoa).

Bartzelonan, 2023ko martxoaren 8rako deitutako greba orokorra, emakumearen nazioarteko eguna zela eta. Kataluniako Generalitateko Treball i Interior Kontseilaritzak %85eko gutxieneko zerbitzuak ezarri zituen, eta Confederaciò General del Treball erakundeak errekurtsoa aurkeztu zuen erabaki horren aurka. Azkenik, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren 2024ko urtarrilaren 22ko 142/2024 epaiak (1370/2023 zenbakiko errekurtsoa, oinarrizko eskubideen babes jurisdikzionalari buruzkoa) zuzenbidearen araberakoa deklaratu zuen martxoaren 8an (Emakumearen Eguna) deitutako greba batean %85eko gutxieneko zerbitzuak ezartzea.

Aurreko guztiaren laburpen gisa, Iruñerriko Mankomunitateak agerikotzat jotzen ditu alderdi hauek:

–Sanferminetako egunak dira urtean zehar eskari handiena duten egunak. Lanegun batekin alderatuta, %80tik gora iristen ahal da igoera, eta maila txikiagoan %40ko igoera mantentzen ahal da.

–Egun horietarako planteatzen diren gutxieneko zerbitzuek ohiko denboraldiko lanegun bateko puntako ordurako ezarritakoaren %60tik gorakoak izan behar dute, gutxienez.

–Jurisprudentziak aukera ematen du ezohiko aldietan, ohikoetan baino gutxieneko zerbitzu handiagoak ezartzeko, KAEren 43/1990 epai horretatik ondorioztatzen denez: "Beraz, greba puntako opor egunetan deitzea erabakitzen bada, deitzaileek kontuan hartu beharko dute greba eskubidearen erabilerak murrizketa handiagoa jasanen duela beste une batean egiten bada baino".

Horregatik guztiagatik, oro har, %70eko gutxieneko zerbitzuak proposatzen dira San Fermin jaietako egun guztietarako, eta gaueko zein eguneko zerbitzuari aplikatuko zaio portzentaje hori. Ez da banaketarik ezarriko haran orduen eta puntako orduen arabera.

e) Beste ohar batzuk:

Gainera, Iruñerriko Mankomunitatearen proposamenak ohar hauek gehitzen ditu:

–Zerbitzu horiek guztiak egiten direla bermatzeko beharrezkoak diren langileek jardunean egon beharko dute.

–Puntako ordutik haraneko ordura pasatzen den uneetan, baita grebaren eraginpean dauden langileen txanda aldaketetan ere, autobusean doazen bidaiariei errespetatu egin beharko zaie zerbitzua, eta ibilbidea hurrengo geltoki bururaino segitu beharko da oraindik jaisteko dagoen bidaiaririk izanez gero, eta eskatzen diren geldiuneetan gelditu; gero, autobusa hutsik dela, kotxetegira itzuliko da.

–Uztailaren 5eko gutxieneko zerbitzuak indartu egin behar dira; izan ere, alde batetik, egun horretan trafikoaren murrizketak hasiko dira hiriko hainbat puntutan, eta, aldi berean, egun hori da, San Fermin alditik kanpo, eskaera handieneko egunetako bat. Gainera, ekitaldi jendetsuak antolatuko dira, hala nola nobillada, Gaztelu Plazako kontzertua eta beste batzuk.

Horregatik guztiagatik, arestian adierazitako jurisprudentzia oinarri hartuta, egun horretako eguneko ordutegian proposatzen da lanegun bateko puntako gutxieneko zerbitzua (%60) etenik gabe ematea eguneko zerbitzu osoan zehar, nahiz eta larunbata izan. Era berean, gaueko zerbitzua ematen den bitartean, maiztasun handiko eta ertaineko lineak bakarrik jasoko dute eragina, guztiak 30 minutuko maiztasunera igaroko baitira. Linea batek ere ez du izanen, normalean horrela definituta dagoenak izan ezik, 30 minututik gorako igarotze tarterik egun horretan.

Horrenbestez, kontuan harturik Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan xedatutakoa, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. lerroaldea, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49. eta 58.1. b) artikuluak, Iruñerriko Mankomunitateak eta Garraioaren Plangintza eta Modernizazio Zerbitzuak egindako proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Transports Ciutat Comtal (TCC) enpresako enpresa batzordeak deituta, 2025eko uztailaren 1eko 00:00etatik aurrera eta iraupen mugagabean eginen den greba partzialak gutxieneko zerbitzu hauek errespetatu beharko ditu Iruñerriko hiriko bidaiari-garraio erregularrean:

1.1. Ohiko denboraldiko zerbitzua:

–Lanegunetan: %60 puntako orduetan (06:30-09:30, 13:00-15:30 eta 17:00-20:30) eta %40 haraneko orduetan (09:30-13:00, 15:30-17:00 eta 20:30-22:30), lanegunetako ohiko zerbitzua erreferentzia hartuta.

–Larunbatetan edo jaiegun bezperetan eta jaiegunetan: Ohiko lanegun bateko zerbitzu normalaren %40.

Portzentaje horiek autobus finkoetan aplikatuko dira, baita erreserbakoetan eta errefortzukoetan ere.

1.2. Udako denboraldiko zerbitzua:

–Lanegunetan: Udako lanegun arrunt bateko garraio zerbitzu normalaren %60. Ez da banaketarik ezarriko haran orduen eta puntako orduen arabera.

–Larunbatetan edo jaiegun bezperetan eta jaiegunetan: Ohiko lanegun bateko zerbitzu normalaren %40.

Portzentaje horiek autobus finkoetan aplikatuko dira, baita erreserbakoetan eta errefortzukoetan ere.

1.3. Gaueko zerbitzua:

–Oro har, gaueko zerbitzuaren gutxieneko edozein zerbitzuk, edozein egun motatarako, gutxienez lehen eta azken zerbitzua gauzatu behar du zentroaren burutik, eta gutxienez zerbitzu bat tartekatu behar du periferiako burutik.

–20 minutu edo gutxiagoko maiztasuna duten lineen kasuan, gutxieneko zerbitzuen maiztasuna 30 minutukoa izanen da.

–20 minutu eta 60 minutu arteko maiztasuna duten lineen kasuan, gutxieneko zerbitzuen maiztasuna 60 minutukoa izanen da.

–60 minututik gorako maiztasuna duten lineen kasuan, zerbitzua ohikoa izanen da, linea horiek zerbitzu murriztua baitute berez.

1.4. San Fermin zerbitzua:

–Oro har, %70eko gutxieneko zerbitzuak ezartzen dira San Fermin jaietako egun guztietarako (uztailaren 6tik 14ra arte), eta gaueko zein eguneko zerbitzuari aplikatuko zaio portzentaje hori. Ez da banaketarik ezarriko haran orduen eta puntako orduen arabera.

Portzentaje horiek autobus finkoetan aplikatuko dira, baita erreserbakoetan eta errefortzukoetan ere.

1.5. Uztailaren 5eko zerbitzua:

–Eguneko ordutegian: ohiko laneguneko puntako orduko gutxieneko zerbitzua (%60) etenik gabe emanen da eguneko zerbitzu osoan, nahiz eta larunbata izan.

Portzentaje horiek autobus finkoetan aplikatuko dira, baita erreserbakoetan eta errefortzukoetan ere.

–Gaueko zerbitzuan: maiztasun handia eta ertaina duten lineetan baino ez da aplikatuko, eta 30 minutuko maiztasunarekin jardunen dute guztiek.

Linea batek ere ez du izanen, normalean horrela definituta dagoenak izan ezik, 30 minututik gorako igarotze tarterik egun horretan.

2. Zerbitzu horiek guztiak egiten direla bermatzeko beharrezkoak diren langileek jardunean egon beharko dute.

3. Puntako ordutik haraneko ordura pasatzen den uneetan, baita grebaren eraginpean dauden langileen txanda aldaketetan ere, autobusean doazen bidaiariei errespetatu egin beharko zaie zerbitzua, eta ibilbidea hurrengo geltoki-bururaino segitu beharko da oraindik jaisteko dagoen bidaiaririk izanez gero, eta eskatzen diren geldiuneetan gelditu; gero, autobusa hutsik dela, kotxetegira itzuliko da.

4. Greba mugagabea denez, eta grebaren akabera zein den ez dakigunez, greba aldian zehar zerbitzu horietakoren bat aldatzen bada eta horrek ezarritako gutxieneko zerbitzuei eragiten badie, Iruñerriko Mankomunitateak beste proposamen bat egiten ahalko du.

5. Lurralde Kohesiorako Departamentuak foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeari buruzko informazioa igortzeko eskatzen ahal die agindu honek ukitzen dituen zerbitzuen arduradunei.

6. Foru agindu hau jakinaraztea Transports Ciutat Comtal enpresako (TCC) Enpresa Batzordeari, Iruñerriko Mankomunitateari eta Transports Ciutat Comtal (TCC) enpresari, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

8. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea akitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, Foru Agindu honek bukaera ematen dio administrazio publikoentzako administrazio bideari. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, hura jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1988 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2025eko ekainaren 27an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Óscar Chivite Cornago.

Iragarkiaren kodea: F2509387