1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko ekainaren 25ean hartua, Iruritatik Artesiagara doan errepidea eta "Bidegabeko Bidea" izeneko eskultura Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratu eta dagokion erregistroan inskribatzekoa.
Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak arautu zuen Nafarroako memoria historikoaren tokien deklarazioa, babesa, kontserbazioa eta haien hedapena, memoriaren transmisiorako gune izan daitezen eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzen lagundu dezaten. Foru lege horren 7. artikuluan ezarrita dago Nafarroako Gobernuan memoria historikoaren arloan eskumena duen departamentuak jarraitu beharreko prozedura zehatza, zeina burutuko baita legearen testuan eskatutako betebeharrak betetzen dituzten toki edo gune fisikoak Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratzeko erabakiarekin.
Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratzeak berekin ekarriko du prebentziozko idatzoharra egitea Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan, eta hala aitortzen bada, behin betiko inskribatzea; horrek berekin ekarriko du foru lege horretan ezarritako aitortza berezia eta babes araubidea aplikatzea, baita tokiaren onura publikoaren eta interes sozialaren deklarazioa ere, ondorio guztietarako, nahitaezko desjabetzea eta bide-zortasuna barne.
Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legearen 7 a) artikuluan aurreikusitako prozedurari jarraikiz, Memoria eta Bizikidetzako zuzendari nagusiak 27E/2025 Ebazpena eman zuen apirilaren 14an, eta haren bidez hasi zen Iruritatik Artesiagara doan errepidea eta "Bidegabeko Bidea" izeneko eskultura Nafarroako Memoria Historikoaren Toki gisa deklaratzeko eta inskribatzeko prozedura. Prozedurari hasiera emateko ebazpen hori 2025eko 95. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 15ekoan. Haren aurka, ez zen alegaziorik aurkeztu.
Aldi berean, Iruritatik Artesiagara doan errepidearen eta "Bidegabeko Bidea" izeneko eskulturaren prebentziozko idatzoharra egin zen, Nafarroako memoria historikoaren toki gisa, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan, nomenklatura honekin erregistraturik: Zk.: LM-2025-0003.
Nafarroako Memoria Historikoko Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legearen 7. artikuluaren e) letran ezarritako prozedurari jarraikiz, espedientea Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoari helarazi zitzaion, eta batzorde horrek, 2025eko ekainaren 19ko bilkuran, aldeko txostena eman zuen, zegokion deklarazioa eta inskripzioa egiteko.
Horren ondorioz, Nafarroako Gobernuak, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak proposatuta,
ERABAKITZEN DU:
1. Iruritatik Artesiagara doan errepidea eta "Bidegabeko Bidea" izeneko eskultura Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratzea.
2. Toki hori Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan behin betiko inskribatzea, inskripzio zenbaki hau duela: LM-2025-0003 zenbakia-Iruritatik Artesiagara doan errepidea eta "Bidegabeko Bidea" izeneko eskultura.
3. Iruritatik Artesiagara doan errepideari eta "Bidegabeko Bidea" izeneko eskulturari, Nafarroako Memoria Historikoaren Toki diren aldetik, babes eta kontserbaziorako araubide orokorra aplikatuko zaie, bai eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien dibulgazio eta hedapen neurriak eta haien zehapen-araubidea ere, Nafarroako Memoria Historikoko Lekuei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legearen III., IV. eta V. tituluetan ezarriak. Halaber, apirilaren 14ko 27E/2025 Ebazpenean definitutako araubide partikularra ere aplikatuko zaie, ebazpen horren bidez hasiera eman baitzitzaion Iruritatik Artesiagara doan errepidea eta "Bidegabeko Bidea" izeneko eskultura Nafarroako Memoria Historikoaren Toki gisa deklaratzeko eta inskribatzeko prozedura.
4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, orok jakin dezan.
5. Ebazpen hau jakinaraztea Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiari eta Nafarroako Memoriaren Institutuari.
6. Erabaki hau jakinaraztea Baztango Udalari, Iruritako Biztanle-entitate Bakunari, Gerónimo de Uztariz Institutuari eta Memoriaren Bideak elkarteari, behar diren ondorioak izan ditzan, eta ohartaraztea haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dutela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia jakinarazi eta bi hilabeteko epean.
Iruñean, 2025eko ekainaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2509088