129. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1241/2025 EBAZPENA, ekainaren 19koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, ikertzaileak lan araubidean kontratatzeko hautaketa-prozesurako deia egiten da, honako ikerketa-proiektu hau gara dezaten: "PID2022-139914OB-I00".

2025eko otsailaren 19an, Ikerketa Zerbitzuak ikertzaileak lan araubidean kontratatzeko hautaketa-prozesu baterako deia egiteko eskatu zuen, "PID2022-139914OB-I00" ikerketa-proiektua gara dezaten proiektuko laguntzaile gisa. Ikertzaile arduraduna Alfredo Ursúa Rubio da, unibertsitateko katedraduna, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailari atxikia.

Kontuan harturik Irakasle eta Ikertzaileak Kudeatzeko Ataleko buruak egin duen proposamen txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta haren funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea ikertzaileak lan araubidean kontratatzeko hautaketa-prozesurako deialdia, baita deialdiaren oinarriak ere, ikerketa-proiektu hau garatzeko: "PID2022-139914OB-I00"

Bigarrena.–Aditzera ematea ebazpen hau Hautaketa Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzuari.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitaratzeko agintzea.

Iruñean, 2025eko ekainaren 19an.–Ikerketako errektoreordea, Martín Larraza Quintana.

IKERTZAILEAK LAN ARAUBIDEAN KONTRATATZEKO HAUTAKETA-PROZESURAKO DEIALDIA HONAKO IKERKETA-PROIEKTU HAU GARA DEZATEN: "PID2022-139914OB-I00"

Hauek dira deialdia arautuko duten:

OINARRIAK

1.–Datu orokorrak.

–Deialdiaren xedea: deialdi honen xedea ikertzaileak hautatzea da, ondoren lan kontratazioa egiteko ikerketa-proiektu hau gara dezaten: "PID2022-139914OB-I00".

–Maila profesionala: proiektuko laguntzailea, batez ere ikerketa-lanetan aritzeko.

–Eginkizunak: metatze-sistemak diseinatzea. Laborategian estimazio- eta balidazio-algoritmoak garatzea.

–Kontratu mota: kontratazioa jarduera zientifiko-teknikoen kontratuaren modalitatearen bidez eginen da, bat etorriz Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 23 bis artikuluan ezarritakoarekin.

–Iraupena: mugagabea, "PID2022-139914OB-I00" ikerketa-proiektuari lotua.

–Lanaldi-mota: partziala.

–Ordainsariak: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegiak –2017ko maiatzaren 3an Gobernu Kontseiluaren erabaki batez onetsitakoak– bere eranskinean ezarritakoak, 2025. urtera egokituak.

Diru-gehigarriak ordaintzeko aukera egonen da proiektuan edo kontratuan ezarritako helburuak betez gero. Diru-gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.

–Finantzaketa: MICIU/AEI/10.13039/501100011033 eta FEDER, EB.

–Argitaratzeko tokiak: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gainera, deialdiarekin lotutako egintza eta ebazpen guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko dira, deialdiari dagokion atalean.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1. Hautaketa-prozesuan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritartasuna izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera izanen dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera izanen dute, betiere gurasoak zuzenbidearen arabera bananduak ez badituzte, 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Aurreko apartatuetan sartzen ez diren eta Europar Batasunekoak ez diren izangaiek ere zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta Espainian legezko egoeran badaude eta Espainian bizitzeko eta lan merkatuan mugarik gabe lan egiteko baimena ematen dien dokumenturik badute.

b) 16 urte baino gehiago izatea, eta erretiro adina betea ez izatea.

c) Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Graduko titulu akademiko ofiziala edo antzekoa edukitzea.

Atzerrian lortutako tituluen kasuan, baliokidetasun-ziurtagiria edo, bestela, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Deialdiko xede diren lanpostuen eginkizunak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez izatea.

e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta ez egotea epai irmo baten bidez ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

2.2. Aurreko arauetan ezarri diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira, eta kontratazioa egin arte beteko dira.

3.–Eskaerak.

Parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Hautaketa-prozesu honetarako inskripzioa telematikoki egin beharko da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan:

https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=8734&block=PDI-RR-HH_1096&blockType=AREAS_SEDE&entity=1096

Lehenik, "Hasi tramitea" botoia sakatu behar da.

"Erantsi fitxategiak" eremuan, dokumentu hauek erantsi beharko dira lanpostu kategoria bakoitzerako:

–Nortasun Agiri Nazionalaren, AIZaren edo pasaportearen fotokopia.

–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.

–Espediente akademikoaren fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.

–Curriculum vitaea, norberak egoki jotzen dituen merezimenduen egiaztagiriekin batera.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, eta, hartan, baztertuak zergatik baztertu dituzten adieraziko da. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

4,2. Hirugarren oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, eskaera epez kanpo aurkeztea edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea baztertzeko arrazoiak izanen dira, eta, gainera, ezin izanen dira zuzendu.

4.3. Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean. Ezartzen den epean baztertuak izateko arrazoia konpontzen ez duten izangaiak behin betiko baztertuko dira, eta ez dute probarik eginen.

4.4. Erreklamazioak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

4.5. Izangaiak hautaketa-prozesuan onartuen zerrendan egoteak edota 6.2 oinarriak aipatzen duen hautaketa-prozesua gainditu dutenen zerrendan egoteak ez du ekarriko inoiz ere unibertsitateak aitortzea betetzen dituztela deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.

4.6. Parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioarekin alderaturik jatorrizko dokumentazioa zehaztugabea, okerra edo faltsua bada, kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du horrek, interesdunak berak sinatuko duen erantzukizunpeko adierazpenarekin bat etorriz.

5.–Hautaketa-prozesua.

Izangaien merezimenduak baloratuko dira, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta I. eranskineko baremoaren arabera.

Izangaiek eskaerak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik baloratuko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Hautaketa Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izanen du apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.

Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.

Hautaketa Batzordeko kide bakoitzak baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbestekoa izanen da.

6.–Hautaketa-prozesuaren ebazpena.

6.1. Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balorazioa amaitu eta gero, Hautaketa Batzordeak Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.

6.2. Ikerketako errektoreordeak ebazpena emanen du hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da.

6.3. Deialdi honetan sortzen den kontratazio zerrendak 3 urteko indarraldia izanen du, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Indarrean dagoen bitartean, kategoria bera eta ia eginkizun berak dituzten langileak kontratatzeko premia sortzen denean ere erabiltzen ahalko da kontratazio zerrenda hori, proiektu, kontratu, hitzarmen edo katedra baterako edo institutuko edo ikerketa-taldeko funtsetarako izan, betiere zerrendaren ordena errespetatuz.

6.4. Deialdi honen ondoriozko kontratazio zerrendan egonik kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste inongo lanpostutarako kontraturik eskainiko, salbu eta kontratua bukatzeko 15 egun edo gutxiago gelditzen badira.

7.–Hautaketa-batzordea.

Batzordeburua: Pablo Sanchis Gúrpide, unibertsitateko katedraduna, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailari atxikia, Ikerketako errektoreordeak delegatuta.

Idazkaria: Alfredo Ursúa Rubio, unibertsitateko katedraduna, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailari atxikia.

Batzordekidea: Alberto Berrueta Irigoyen, unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailari atxikia.

–Ordezko hautaketa-batzordea:

  • Batzordeburua: Luis Marroyo Palomo, unibertsitateko katedraduna, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailari atxikia.
  • Idazkaria: Eugenio Gubía Villabona, unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailari atxikia.
  • Batzordekidea: Jesús López Taberna, unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailari atxikia.

Hautaketa Batzordearen jarduerak, une oro, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dutenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, Hautaketa Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

8.–Datu pertsonalen babesa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. http://www.unavarra.es webgunean argitaratutako Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsulta daiteke nola eginen den tratamendu hori, "GIZA BALIABIDEAK" atalean.

Hautaketa-prozesuetako izangaiei eta NUPeko langileei eraginen die datuen tratamenduak. Datu pertsonal hauek tratatuko dira: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea honako hauek tramitatzea da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen Testu Bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

9.–Errekurtsoak.

Hautaketa Batzordeak erabakitzen dituen egintzen aurka zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, betiere ez badira Hautaketa Batzordeak emanak, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.

I. ERANSKINA.–IKERTZAILEAK HAUTATZEKO BAREMOA

ERABILIKO DEN BAREMOA ETA/EDO EGINEN DIREN PROBAK

1. Apartatua: espediente akademikoa

Puntuak

60

Hautaketa-prozesu honetara sartzeko tituluaren puntuazioa 0-10 tartean emanen da. Emaitzari 6 ponderazio faktorea aplikatuko zaio, gehienez ere 60 puntura arte.

2. Apartatua: programa informatikoen ezagutza, ikastaro/mintegietan parte hartzea eta bestelako merezimenduak

Puntuak

10

Alderdi hauek baloratuko dira:

Kontratu honetan egin beharreko lanekin lotutako programa informatikoei eta programazioari buruzko ezagupenak izateagatik (Matlab, Simulink, Python, DesingSparks PCB, LabVIEW, LTSpice, Arduino, TIA Portal, etab.), 8 puntu gehienez ere, programa horien ezagupenaren arabera.

–Kontratuaren gaiarekin lotutako ikastaroetan eta mintegietan parte hartzeagatik, 6 puntu gehienez ere: 1 puntura bitarte 5 ordutik gorako ikastaro edo mintegi bakoitzeko, proiektu honen xedearekin duen loturaren arabera.

–Atzerrian egindako mugikortasun egonaldiak: 1 puntura bitarte hilabeteko, proiektu honen xedearekin duten loturaren arabera. Gehienez 4 puntu.

–Ingelesa jakitea: CRUE Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak jasotako mailen arabera baloratuko da: 1 puntu (B1 maila), 2 puntu (B2 maila) eta 3 puntu (C1 maila edo hortik gorakoa).

–Sariak: 1 puntura bitarte emanen da sari bakoitzeko, deialdiaren kalitatearen arabera eta proiektuaren xedearekin duen loturaren arabera. Gehienez 3 puntu.

3. Apartatua: aurretiko esperientzia

Puntuak

10

–Ikerketa-proiektuetan parte hartzeagatik: 3 puntu bitarte seihilekoko, kontratu honen xedearekin duten loturaren arabera, eta hartan egindako jarduerak eta parte-hartze maila kontuan hartuta. 10 puntu gehienez ere. Aldi laburragoei puntuazio proportzionala emanen zaie.

–Enpresa batean egindako curriculumeko edo curriculumetik kanpoko praktikak, 4 hilabete iraun badute gutxienez: 6 puntu bitarte, kontratu honen xedearekin duten loturaren arabera.

–Lankidetza-bekak, doktoratu aurrekoak edo antzekoak, 6 hilabetekoak izan badira gutxienez: 3 puntu bitarte, kontratu honen xedearekin duten loturaren arabera.

–Aldizkarietako argitalpenak eta nazioarteko kongresuak: 2 puntu bitarte argitalpen bakoitzeko, proiektu honen xedearekin duten loturaren arabera.

4. Apartatua: banakako elkarrizketa

Puntuak

20

Elkarrizketa eginen zaie aurreko apartatuen baturan puntuazio handiena lortu duten 3 izangaiei, betiere 50 puntu lortu badituzte gutxienez.

Elkarrizketan izangaiak kontratuaren xedea betetzeko duen gaitasuna eta eskatutako profila betetzeko duen egokitasuna baloratuko dira.

Hautaketa-prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 60 puntu da.

Hautaketa-prozesuaren azken emaitzan gerta daitezkeen berdinketak 1. apartatuan puntuazio handiena atera dutenen alde ebatziko dira. Berdinketa badago, 4. apartatuan puntuazio handiena lortzen dutenen alde. Berdinketak jarraitzen badu, hautaketa-prozesua zozketaz erabakiko da.

Iragarkiaren kodea: F2509004