Iragarkia
129. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 30a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1203/2025 EBAZPENA, ekainaren 17koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, zeinaren bidez erabaki hau argitaratzeko agintzen baita: Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasle eta Ikertzaileen Arduraldi Akademikoaren Plana aldatzen duena.
Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz –2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsiak–, agindua ematen dut Gobernu Kontseiluak 2025eko ekainaren 17an hartutako erabaki hau argitaratzeko: Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasle eta Ikertzaileen Arduraldi Akademikoaren Plana aldatzen duena.
ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IRAKASLE ETA IKERTZAILEEN ARDURALDI AKADEMIKOAREN PLANA ALDATZEN DUENA
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasle eta Ikertzaileen Arduraldi Akademikoaren Plana (AAP) Gobernu Kontseiluak 2021eko maiatzaren 4an harturiko erabaki baten bidez onetsi zen. Horren ondoren, plan hori aldatu egin zen Gobernu Kontseiluaren 2024ko otsailaren 6ko eta 2025eko urtarrilaren 28ko erabaki batzuen bidez.
Plana aplikatu eta gero, ikusi da beharrezkoa dela hura aldatzea; izan ere, orain arte aurreikusi ez diren egoera batzuk jaso nahi dira, bai eta nazioartekotzearen arloko etengabeko aldaketetara plana egokitu ere, eta, azken batean, planaren ezarpena eta kudeaketa erraztuko duten zenbait aldaketa sartu nahi dira.
Gainera, beharrezkoa da Arduraldi Akademikoaren Planaren idazkera aldatzea inklusiboagoa izan dadin hizkeraren aldetik.
Horregatik, Irakasleen Gaietarako errektoreordeak proposatuta, eta sindikatuetako ordezkariei informazioa eman ondoren, hau da 2025eko ekainaren 17an hartutako,
ERABAKIA:
Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Arduraldi Akademikoaren Planaren aldaketak. Erabaki honi erantsita ageri dira.
Bigarrena.–Erabaki hau aditzera ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzari, Graduondoko eta Irakaskuntzaren Programaziorako Atalari, Giza Baliabideen Zerbitzuari eta Unibertsitateko ikastegien eta sailen zuzendaritzei.
Hirugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratzea.
Laugarrena.–Erabaki honek 2025eko irailaren 1ean hartuko du indarra.
Bosgarrena.–Erabaki honen aurka zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea ordena bereko epaitegietan, bi hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2025eko ekainaren 17an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.
ERANSKINA.–ARDURALDI AKADEMIKOAREN PLANAREN ALDAKETA
2025eko ekainaren 17a.
Lehenbizikoa.–Dokumentu osoa berrikustea genero ikuspegia eta hizkera inklusiboa txertatzeko.
Bigarrena.–Aitortzen den jarduera akademiko bakoitzaren eragile ebaluatzailea aldatzea: karguen ordez, ebaluazioa egiten duten pertsona bakoitzaren izena jarriko da.
Hirugarrena.–Irakaskuntza-jardueren artean sartzea irakaskuntzari buruzko kongresuetan edo jardunaldietan parte hartzea.
Laugarrena.–Ikerketako eta ezagutza transferitzeko jardueretako bat aldatzea: kongresu edo jardunaldietan parte hartze hutsa kontuan hartu ordez, zehaztu eginen da ikerketako edo ezagutza transferitzeko kongresuetan edo jardunaldietan parte hartu dela.
Bosgarrena.–Kudeaketa unibertsitarioko jardueren artean sartzea irakasleen lanpostuak ebaluatzeko batzordeetan parte hartzea.
Seigarrena.–AAParen 1. puntuan, eguneratu egin da planaren onespenari eta aldaketari buruzko aipamena, eta, horrela, egindako aldaketa guztiak jasota geratuko dira. Honela geldituko da idatzita:
Gobernu Kontseiluak 2016ko ekainaren 15ean harturiko erabaki baten bidez (2021eko 123. NAOa, maiatzaren 27koa), Irakasle eta ikertzaileak eta beren arduraldi akademikoa arautzen duten jarraibideak onetsi ziren, zeinak gerora aldatu egin baitziren Gobernu Kontseiluaren 2021eko maiatzaren 4ko, 2024ko otsailaren 6ko eta 2025eko urtarrilaren 28ko erabaki batzuen bidez.
Zazpigarrena.–AAParen 3. puntuan, hau da, kontuan hartzen diren aldagaien definizioari buruzkoan, arduraldi osoz aritzen diren irakasle eta irakasleen irakaskuntza-ahalmena aipatzen da (IA), eta esaten da irakasle horien arduraldia astean 8 ordukoa dela; hemendik aurrera, zehazki aipatuko da arduraldi hori astean 8 eskola-ordukoa izanen dela eta beste 6 ordu izanen dituztela ikasleei tutoretzak emateko. Honela geldituko da idatzita:
Irakasle eta ikertzaileen IA legedi indardunak araututakoa izanen da. Zehazki, 1985eko apirilaren 30eko Errege Dekretuak dio arduraldi osoko irakasle funtzionarioek astean 8 orduko arduraldia izanen dutela, eta, horretaz gain, astean 6 ordu emanen dituztela ikasleentzako tutoretzetan.
Zortzigarrena.–Asetze printzipioari dagokionez, zenbait aldaketa egin dira orain arte sartuta ez zeuden karguetarako printzipio orokorraren zenbait salbuespen jasotzeko, bai eta, justifikatutako egoera jakin batzuetan, asetze printzipioa egiazko irakaskuntza-ahalmenera (EIA) egokitzeko ere. Asetze printzipioari buruzko apartatua honela geldituko da idatzita:
Arduraldi osoko irakasle guztiek astean 4 orduko irakaskuntza eman beharko dute gutxienez, graduko edo masterreko ikasketetan. Horretatik salbuetsiak egonen dira jarraian aipatzen diren irakasleak. Gutxieneko hori aplikatzeko, aitorpenak pertsonalak izanen dira, eta erabilera libreko poltsak daudenean soilik transferitzen ahalko zaizkio beste irakasle bati.
–Asetze printzipio horretatik salbuetsiak egonen dira errektoretza-taldeko kideak eta ikastegietako zuzendariak.
–Dokumentu honen 2. eranskinean adierazitako arrazoiengatik irakasleek beren irakaskuntza-ahalmena murriztu egin badute, beren gutxieneko arduraldiaren orduak proportzionalki murriztuko dira formula honen arabera: gutxieneko arduraldia (asteko ordu kopurua) = [(EIA/IA) 4].
–Gutxieneko arduraldia astean 2 ordukoa izanen da honako hauentzat:
- Jakintza-arloko zuzendariak.
- Idazkariorde nagusiak.
- Saileko zuzendariak.
- Ikerketa-institutuetako zuzendariak.
- Hezkuntza Berrikuntzaren Goi Mailako Ikastegiko zuzendaria.
- Sarbideko koordinatzaile nagusia.
- Ikerketa areagotzeko programetako irakasleak.
- 1. eranskineko IKER1 a) eta b) apartatuetako aitorpenak dituzten irakasleak.
Bederatzigarrena.–"A-IKER3 Aitorpenak" apartatuan, ezabatu egin da "c" azpiapartatua, 2021-2022 ikasturteko aitorpenari buruzkoa, garaiz kanpokoa baita.
Hamargarrena.–A-IKER4 apartatuan, baja bat amaitu ondoren lanera itzultzeko eguna aipatzen da, eta kalkulu egokiago bat behar da. Honela geldituko da idatzia:
–IKER4 Aitorpenak:
Bi urtetik beherako umeren bat ardurapean izanik arduraldi osoz ari diren irakasleei IAren %40ko aitorpena aplikatuko zaie, interesdunek aldez aurretik hala eskatzen badute, amatasun edo aitatasun baja bukatu ondoren lanean hasten diren egunetik hasi eta umeak 2 urte betetzen dituen egunera arte, horrek ikerketan duen eragin negatiboa txikitzearren.
Hamaikagarrena.–A-IKER4 (Mugak) apartatuan, ezabatu egin da AAPa indarrean jarri aurretik hartutako baimenei buruzko denboraldi baterako azpiapartatua, halako baimenak dagoeneko ez baitaude indarrean.
Hamabigarrena.–B-TRF2 apartatuan, LOUri egiten zaion erreferentzia aldatu da, indarrean dauden arauei egokitzeko. Honela geldituko da idatzia:
–B-TRF2 Aitorpenak:
LOSUren 60. artikuluaren babespeko kontratuen zuzendari diren arduraldi osoko irakasleei aplikatuko zaizkie aitorpenak, baldin eta kontratuaren zuzendariak kontratuari esker jasotako diruaren parte bat Unibertsitateari ematen badio eta proiektua indarrean badago.
a) Astean ordubete aitortuko zaio Unibertsitateari emandako AOUKUGSG/6 bakoitzeko, eta ikerketa-taldeko kideen artean banatuko ditu proiektuaren arduradunak.
Hamahirugarrena.–C-NAZ1 apartatua aldatu egin da Erasmus+ proiektuen errealitate berrira egokitzeko. Honela geldituko da idatzita:
–C-NAZ1 Aitorpenak:
Unibertsitateko irakaskidegoetako irakasle, irakasle kontratatu iraunkor, kontratupeko irakasle doktore, kontratupeko bitarteko irakasle doktore eta irakasle laguntzaile doktoreei aplikatuko zaizkie aitorpenak Erasmus+ proiektuetan parte hartzeagatik, baldin eta loturarik ez badute mugikortasunarekin eta indarrean badaude X-1 urtearen 12/31n:
a) Proiektuaren koordinatzaile nagusi izateagatik arduraldi osoz, NUP proiektuaren erakunde koordinatzailea denean: 1,25 ordu/aste, baldin eta proiektuaren aurrekontu osoa urtean 40.000 eurokoa edo hortik beherakoa bada, eta 2 ordu/aste 40.000 eurotik gorako proiektuen kasuan.
b) NUPeko koordinatzaile izateagatik arduraldi osoz, NUP proiektuaren erakunde koordinatzailea ez denean: 1 ordu/aste, baldin eta proiektuaren aurrekontu osoa urtean 40.000 eurokoa edo hortik beherakoa bada, eta 1,5 ordu/aste 40.000 eurotik gorako proiektuen kasuan.
c) Ikerketa-taldeko kide izateagatik arduraldi osoz: 0,5 ordu/aste, baldin eta proiektuaren aurrekontu osoa urtean 40.000 eurokoa edo hortik beherakoa bada, eta 1 ordu/aste 40.000 eurotik gorako proiektuen kasuan.
d) Proiektuaren taldeko kide edo koordinatzaile izateagatik arduraldi partzialez: arduraldi osoari dagokion aitorpenaren erdia.
Hamalaugarrena.–C-NAZ2 apartatua aldatu egin da mugikortasuneko tutore akademikoaren figura berrira egokitzeko: izena aldatu ez ezik, irakaslanaren aitorpena handituko da. Honela geldituko da idatzia:
JARDUERA | ERAGILE EBALUATZAILEA |
C-NAZ2-Mugikortasuneko tutore akademikoa izatea | –Nazioartekotzeko gaietan eskumena duen errektoreordea –Nazioartekotzeko unitate arduraduna |
–C-NAZ2 Aitorpenak:
Mugikortasun-programa bateko tutore akademiko gisa egindako lanagatik eginen zaie aitorpena:
a) Mugikortasun-programa baten bidez NUPera datorren edo kanpora doan ikasle bakoitzeko: 0,06 ordu/aste. Unibertsitate eta urte bereko etorritako/joandako ikasle bikote bakoitzeko: 0,06 ordu/aste gehiago.
Hamabosgarrena.–Indarrean dauden arauekin bat erotzeko, C-NAZ3 apartatua ezabatu egin da, mugikortasuneko koordinatzailearen figura desagertu egin baita.
Hamaseigarrena.–"D-IRAK1 Aitorpenak" apartatuan aldaketa txiki bat egin da irakaskuntzan berrikuntza txertatzeko proiektuetan parte hartzeari dagokionez, aitorpen hori milarenetan atomizatzea saihesteko. Honela geldituko da idatzita:
–D-IRAK1 Aitorpenak:
Irakaskuntzan berrikuntza txertatzeko proiektuetan parte hartzeagatik aplikatuko zaizkie irakasleei aitorpenak, zehazki irakaskuntzako gaietan eskumena duen errektoreordeak esleitu dituen eta deialdiaren arabera indarrean dauden proiektuetan parte hartzeagatik:
a) Baldin eta irakasleak irakatsitako irakasgaia hezkuntza-berrikuntzako proiektu batekoa eta Unibertsitatearen eskaintza akademikokoa bada, astean ordubete gehiagoko balorazioa izanen du irakasleak irakasgai bakoitzean irakaskuntza-talde bakoitzeko, deialdian jasotakoaren arabera, eta astean gutxienez 0,2 ordukoa izanen da irakasle bakoitzeko.
Hamazazpigarrena.–Duela zenbait ikasturte hasitako proiektu pilotua amaitutzat eman eta Ikasketa Amaierako Lanen kontabilizazioa jasota geratu denez –aurreko bertsioetan zegoen bezala–, "D-IRAK6 Aitorpenak" apartatua aldatu egin da orain: berariaz adierazi da IAL gainditu eta defendatuen zuzendari izateagatiko aitorpena hurrengo ikasturtean aplikatuko dela (x/x+1). Honela geldituko da idatzia:
–D-IRAK5 Aitorpenak:
x-1/x ikasturtean zuzendutako IAL bakoitzeko aitorpena –betiere gaindituak eta defendatuak badira– x/x+1 ikasturtean eginen da:
a) 6 ECTS kreditura arteko IAL bakoitzeko, astean 0,12 orduko aitorpena aplikatuko da.
b) 6 ECTS baino gehiago eta 12 ECTS edo gutxiago dituen IAL bakoitzeko, astean 0,16 orduko aitorpena aplikatuko da.
c) 12 ECTS baino gehiago eta 18 ECTS edo gutxiago dituen IAL bakoitzeko, astean 0,20 orduko aitorpena aplikatuko da.
d) 18 ECTS baino gehiago dituen IAL bakoitzeko, astean 0,25 orduko aitorpena aplikatuko da.
Hemezortzigarrena.–D-IRAK7 apartatua aldatu egin da jasoa gera dadin tesien zuzendari izateagatiko aitorpena arduraldi osoko irakasleei bakarrik aplikatuko zaiela. Honela geldituko da idatzia:
–D-IRAK7 Aitorpenak:
Arduraldi osoko irakasleei emandako aitorpena tesien zuzendari izateagatik:
a) Arduraldi osoz aritzeagatik, doktoretza-tesi bakoitzeko, hiru ikasturtez eginen da aitorpena, tesia matrikulatu den egunaren ondorengo bigarren urtetik hasita. Tesiaren zuzendariari astean 0,5 orduko aitorpena aplikatuko zaio 2. eta 3. ikasturteetan, eta astean ordubetekoa 4. ikasturtean. Tesiaren tutore akademikoari, berriz, astean 0,1 orduko aitorpena aplikatuko zaio 2. eta 3. ikasturteetan, eta astean 0,2 ordukoa 4. ikasturtean, baldin eta tesiaren zuzendaria Nafarroako Unibertsitate Publikokoa ez bada eta tesia aktibo badago edo defendatu bada.
b) Arduraldi partzialez aritzeagatik, doktoretza-tesi bakoitzeko, hiru ikasturtez eginen da aitorpena, tesia matrikulatu den egunaren ondorengo laugarren urtetik hasita. Tesiaren zuzendariari astean 0,5 orduko aitorpena aplikatuko zaio 4. eta 5. ikasturteetan; 6. ikasturtean, berriz, astean ordubetekoa. Tesiaren tutore akademikoari, berriz, astean 0,1 orduko aitorpena aplikatuko zaio 4. eta 5. ikasturteetan, eta astean ordubetekoa 0,2 ordukoa 6. ikasturtean, baldin eta tesiaren zuzendaria Nafarroako Unibertsitate Publikokoa ez bada eta tesia aktibo badago edo defendatu bada.
Hemeretzigarrena.–D-IRAK7 apartatuko lehenbiziko bi mugak kendu egin dira, dagoeneko ez baitaude indarrean.
Hogeigarrena.–E-KUD2 apartatuko "g" azpiapartatua idatzita zegoen modua aldatu egin da, argitzeko astean 1,5 orduko aitorpenak poltsa gisa funtziona dezakeela eta masterraren zuzendari akademikoen artean bana daitekeela. "g" azpiapartatua honela geldituko da idatzia:
g) NUPeko master baten edo NUPek koordinatutako unibersitatearteko master baten zuzendari akademikoa izateagatik, masterrek 10 ikasle edo gehiago badituzte (arduraldi osokoak), 1,5 h/aste; zuzendari akademikoen artean banatzeko moduko poltsa gisa funtziona dezake horrek. Sarbide berriko 40 ikasle baino gehiago dituzten (edo horren arduraldi osoko kopuru baliokidea) eta lanbidean jarduteko gaitzen duten masterrek zuzendariorde/dekanorde bat izanen dute masterraren arduradunaren ordez.
Hogeita batgarrena.–Kudeaketako Jarduera Akademikoaren aitorpenari buruzko mugei eta kontuan hartu beharreko alderdiei buruzko apartatua aldatu egin da, irakasle elkartuak eta ordezkoak Enpresa Batzordeko kide izatea barne hartzeko. Honela geldituko da idatzia:
E-KUD1 + E-KUD2 + E-KUD3 + E-KUD4 + E-KUD5 + E-KUD6 + E-KUD7 + E-KUD8 + E-KUD9 + E-KUD10 + E-KUD11 + E-KUD12 + E-KUD13.
Kudeaketako jardueraren aitorpenari buruzko mugak / Kontuan hartu beharrekoak.
Arau orokor gisa, kudeaketako jarduera akademikoari dagokionez, irakaslea karguan zenbat aste egon den hartuko da kontuan, 52 asteko guztizkotik, X/X+1 ikasturte gisa X/09/01etik X+1/08/31rako aldia hartuta.
Arduraldi osoz ari diren irakasleei aplikatuko zaizkie aitorpenak.
KUD13 aitorpena, Enpresa Batzordeko kide izateagatikoa, aldiz, irakasle elkartuei eta ordezkoei ere aplikatuko zaie.
Hogeita bigarrena.–Aldatu egin da 2. eranskina, Egiazko Irakaskuntza Ahalmenari buruzkoa, irakaskuntza-ahalmenari aplika dakiokeen murrizketa-faktore bat sartzeko kasu guztietan. 2. eranskina honela geldituko da idatzita:
2. ERANSKINA.–EGIAZKO IRAKASKUNTZA-AHALMENA (EIA)
EIAk irakasleek erabilgarri dituzten orduak neurtzen ditu, asteko ordutan adierazita. Printzipioz, IAk eta EIAk bat etorri behar dute. Hala ere, ikasturtean zehar baliteke bi ahalmenak elkarrekiko ezberdinak izatea, arrazoi hauetakoren batengatik:
INGURUABARRA | ERAGILE EBALUATZAILEA |
I1-IA (arduraldia) irakastaldian zehar aldatzea, kontratuz aldatzeagatik/kontratua aldatzeagatik, lanaldia murrizteagatik / baimenagatik eta abarrengatik | –Irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordea –Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria |
–I1 Balorazio irizpideak:
IA irakastaldian zehar aldatzen bada, ikasturteko EIA aldi horretako ahalmenen batezbesteko gisa kalkulatuko da. Irakasle eta ikertzaileei lanaldi murrizketa bat edo baimena onartu badiete, EIA lortzeko, IAren gaineko murrizketaren ehunekoa aplikatu beharko da.
–I1 Mugak / Kontuan hartu beharrekoak:
Arau orokor gisa, lehen seihilekoko ahalmentzat joko da irailaren 1etik urtarrilaren 31ra bitartekoa, eta bigarren seihilekoko ahalmentzat, berriz, otsailaren 1etik ekainaren 30era doana. Bitarteko aldietan ahalmen aldaketarik gertatzen bada, irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordeak erabakiko du irakaslearen irakaskuntza-ahalmena.
INGURUABARRA | ERAGILE EBALUATZAILEA |
I2-Zerbitzu bereziak / Zerbitzu eginkizunak | –Irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordea –Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria |
–I2 Balorazio irizpideak:
Irakasle eta ikertzaileak zerbitzu bereziak egiten ari badira, dagokion ebazpenak xedatutakoa izanen da EIA.
INGURUABARRA | ERAGILE EBALUATZAILEA |
I3 Lanerako ezintasun iragankorrak | –Irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordea –Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria |
–I3 Balorazio irizpideak:
Irakaskuntza-ahalmenari lanerako ezgaitasun iragankor batek (LEI) 4 astez baino gehiagoz eragiten badio irailaren 1etik ekainaren 30era bitartean, egiazko irakaskuntza-ahalmena kalkulatzeko murrizketa-faktore hau aplikatuko zaio irakaskuntza-ahalmenari: mf = (1-aste kopurua/43).
–K3 Mugak / Kontuan hartu beharrekoak:
- Ikasturtean zehar izan diren lanerako ezintasun aldiak metatu eginen dira murrizketa kalkulatzeko.
- Kimioterapia edo erradioterapia tratamendu bat bukatuta lanera bueltatzen diren irakasle eta ikertzaileek zilegi dute lanaldia progresiboki egokitzeko eskatzea, hau da, laneratze ikasturtean lan-orduak %20raino murrizteko eskatzea. Aukera hori emanen zaie lagungarria bada langileak gaitasun funtzionalak erabat berreskura ditzan edo bere lana egiteko bereziki zailak edo neketsuak diren egoerak saihets ditzan.
INGURUABARRA | ERAGILE EBALUATZAILEA |
I4-Eszedentziak | –Irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordea –Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria |
–I4 Balorazio irizpideak:
Irakasle eta ikertzaileak eszedentzian badaude irailaren 1etik ekainaren 30era bitartean, egiazko irakaskuntza-ahalmena kalkulatzeko, murrizketa-faktore hau aplikatuko zaio irakaskuntza-ahalmenari: mf = (1-aste kopurua/43).
–I4 Mugak / Kontuan hartu beharrekoak:
- Ikasturtean zehar izan diren eszedentzia aldiak metatu eginen dira murrizketa kalkulatzeko.
INGURUABARRA | ERAGILE EBALUATZAILEA |
I5-Lizentzia akademikoak / urte sabatikoa | –Irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordea –Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria |
–I5 Balorazio irizpideak:
Irakasle eta ikertzaileek lizentzia akademiko bat edo urte sabatiko bat hartzen badute irailaren 1etik ekainaren 30era bitartean, egiazko irakaskuntza-ahalmena kalkulatzeko, murrizketa-faktore hau aplikatuko zaio irakaskuntza-ahalmenari: mf = (1-aste kopurua/43).
INGURUABARRA | ERAGILE EBALUATZAILEA |
I6-Desgaitasunagatiko murrizketa | –Irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordea –Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria |
–I6 Balorazio irizpideak:
Irakasle eta ikertzaileek egiazta dezaketen desgaitasun aitortu bat badute, EIA murriztu eginen da IAren aldean, irizpide honi jarraikiz:
a) Desgaitasuna %33 baino txikiagoa bada, murrizketa %0 izanen da.
b) Desgaitasuna %33 edo handiagoa bada eta %49 baino txikiagoa, %12,5ekoa izanen da murrizketa.
c) Desgaitasuna %49 edo handiagoa bada eta %65 baino txikiagoa, %18,75ekoa izanen da murrizketa.
d) Desgaitasuna %65 edo handiagoa bada, %25ekoa izanen da murrizketa.
Iragarkiaren kodea: F2508667
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
