Iragarkia
129. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 30a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1205/2025 EBAZPENA, ekainaren 17koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, zeinaren bidez erabaki hau argitaratzeko agintzen baita: "Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Graduko Ikasketa Ofizialetan onartua izateko Araudia onesten duena".
Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz –2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsiak–, agindua ematen dut Gobernu Kontseiluak 2025eko ekainaren 17an hartutako erabaki hau argitaratzeko: Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Graduko Ikasketa Ofizialetan onartua izateko Araudia onesten duena.
NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GRADUKO IKASKETA UNIBERTSITARIO OFIZIALETAN ONARTUA IZATEKO ARAUDIA ONESTEN DUEN ERABAKIA
Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoak 31.2 artikuluan adierazten du Gobernuari dagokiola ikasleak ikasketa unibertsitario ofizialetan sartzeko oinarrizko arauak ezartzea, betiere berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak errespetatuz eta, nolanahi ere, Hezkuntzari buruzko 2006ko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 38. artikuluarekin bat etorriz, bai eta aplikatzekoak zaizkion gainerako oinarrizko arauekin ere.
Era berean, Hezkuntzari buruzko 2006ko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 38. artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz –Hezkuntzari buruzko 2006ko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen 2020ko abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak ematen dion idazketan–, Gobernuak oinarrizko araudia onetsiko du unibertsitateek aukera izan dezaten sartzeko proba gainditu dutenak onartzeko prozedurak ezartzeko.
Agindu hori 534/2024 Errege Dekretuak garatu du –534/2024 Errege Dekretua, 2024ko ekainaren 11koa, zeinaren bidez arautzen baitira graduko ikasketa unibertsitario ofizialetara sartzeko baldintzak, sartzeko probaren oinarrizko ezaugarriak eta onartua izateko prozedurari buruzko oinarrizko araudia–. Errege Dekretu horrek onartuak izateko prozedurak finkatzen ditu sartzeko proba gainditu dutenentzat, bai eta sartzeko baldintzak betetzen diren gainerako kasuetan aplikatzen ahalko direnak ere, sistemaren homogeneotasuna eta prozedura horietan parte hartzen dutenen berdintasuna eta segurtasun juridikoa bermatzeko, eta, aldi berean, legeak unibertsitateei arlo horretan aitortzen dien autonomia zaintzeko.
Aipatutako araudiaren babesean, Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko errektoreordeak proposaturik, hau da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2025eko ekainaren 17an egindako bileran hartu duen,
ERABAKIA:
Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko ikasketa unibertsitario ofizialetan onartua izateko araudia, eranskinean ezarritako moduan.
Bigarrena.–Xedapen iragankor bakarrean eta xedapen indargabetzaile bakarrean ezarritakoa alde batera utzi gabe, araudi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera sartuko da indarrean eta aplikatuko da.
Hirugarrena.–Erabaki honen berri ematea Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko Errektoreordetzari, Irakaskuntzako Errektoreordetzari, fakultate, eskola eta sailetako zuzendaritzei eta dekanotzei, Irakaskuntza Zerbitzuari eta Sarbidearen, Beken eta Tituluen Atalari.
Laugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua ematea. Haren aurka zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea ordena bereko epaitegietan, bi hilabeteko epean Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2025eko ekainaren 17an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.
NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GRADUKO IKASKETA OFIZIALETAN ONARTUA IZATEKO ARAUDIA
ZIOEN AZALPENA.
I. KAPITULUA.–Alderdi orokorrak.
1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.
2. artikulua. Definizioak.
II. KAPITULUA.–Balorazio irizpideak eta lehentasun ordena.
3. artikulua. Graduko ikasketa ofizialetan onartua izateko notaren kalkulua.
4. artikulua. Ikaspostuak esleitzeko balorazio irizpideak.
5. artikulua. Lehentasun ordena, graduko ikasketa unibertsitario ofizialetako ikaspostuak esleitzeko.
III. KAPITULUA.–Onartua izateko prozedurak.
6. artikulua. Onartua izateko prozedurak eta ikaspostuen eskaintza.
IV. KAPITULUA.–Graduko ikasketak hasteko onartua izateko prozedura orokorra (aurreinskripzioa).
7. artikulua. Nork eska dezakeen graduko ikasketa unibertsitario ofizialetan onartua izatea prozedura orokorraren bidez (aurreinskripzioa).
8. artikulua. Zer ikasketa eskatzeko aukera dagoen.
9. artikulua. Eskaeren tramiteak eta sarbide kupoen lehentasun ordena.
10. artikulua. Ikaspostuak esleitzea.
11. artikulua. Ikaspostuen esleipena argitaratzea.
12. artikulua. Erreklamazioak.
V. KAPITULUA.–Ikasketetan onartua izatea Espainiako ikasketa unibertsitario bukatu gabeak aldatzearen bidetik.
13. artikulua. Nork eska dezakeen ikasketetan onartua izatea ikasketaz aldatzearen bidetik.
14. artikulua. Eskaeren tramiteak.
15. artikulua. Eskaerak ordenatzeko irizpideak.
16. artikulua. Ikasleak onartzea.
17. artikulua. Erreklamazioak.
VI. KAPITULUA.–Ikasketetan onartua izatea atzerriko ikasketa unibertsitarioak partzialki baliozkotzearen bidetik.
18. artikulua. Nork eska dezakeen ikasketetan onartua izatea atzerriko ikasketa unibertsitarioak partzialki baliozkotzearen bidetik.
19. artikulua. Eskaeren tramiteak.
20. artikulua. Eskaerak ordenatzeko irizpideak.
21. artikulua. Ikasleak ikasketetan onartzea.
22. artikulua. Erreklamazioak.
VII. KAPITULUA.–Nafarroako Unibertsitate Publikoan graduko titulu ofizial bat lortu duten eta tituluaren beste aipamen bat egin nahi duten ikasleak onartzea.
23. artikulua. Tituluaren beste aipamen bat egiteko onartua izatea.
VIII. KAPITULUA.–Ikasleak zenbait egoera berezitan onar daitezela errazteko neurriak.
24. artikulua. Zenbait egoera berezitan onartua izateko eskaeren tramiteak.
25. artikulua. Errefuxiatu estatutua, babes subsidiarioa edo legez ezarritako bestelako egoera baliokideren bat aitortua duten ikasleak atzerriko ikasketa unibertsitarioak partzialki baliozkotzearen bidetik onartuak izateko eskaerak.
Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Haur Hezkuntzako edo Lehen Hezkuntzako irakaslearen lanbide arautuan aritzeko gaitzen duten graduko ikasketa unibertsitario ofizialak beste unibertsitate batzuetan amaitu dituzten ikasleen onartuak izateko eskaerak.
Bigarren xedapen gehigarria.–Gradura Egokitzeko Ikastaroa egin nahi duten ikasleak onartzeko prozedura.
Hirugarren xedapen gehigarria.–Beren atzerriko titulua homologatzeko prestakuntzako eskakizun osagarriak gainditu behar dituzten ikasleak.
Laugarren xedapen gehigarria.–Utzitako ikasketak berriz hastea.
Xedapen iragankor bakarra.–V. eta VI. kapituluetako prozedurak.
Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.
Azken xedapenetan lehena.–Garapena eta interpretazioa.
Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.
ZIOEN AZALPENA
Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoak 31.2 artikuluan adierazten du Gobernuari dagokiola ikasleak ikasketa unibertsitario ofizialetan sartzeko oinarrizko arauak ezartzea, betiere berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak errespetatuz eta, nolanahi ere, Hezkuntzari buruzko 2006ko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 38. artikuluarekin bat etorriz, bai eta aplikatzekoak zaizkion gainerako oinarrizko arauekin ere.
Era berean, Hezkuntzari buruzko 2006ko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 38. artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz –Hezkuntzari buruzko 2006ko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen 2020ko abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak ematen dion idazketan–, Gobernuak oinarrizko araudia onetsiko du unibertsitateek aukera izan dezaten sartzeko proba gainditu dutenak onartzeko prozedurak ezartzeko.
Agindu hori 534/2024 Errege Dekretuak garatu du –534/2024 Errege Dekretua, 2024ko ekainaren 11koa, zeinaren bidez arautzen baitira graduko ikasketa unibertsitario ofizialetara sartzeko baldintzak, sartzeko probaren oinarrizko ezaugarriak eta onartua izateko prozedurari buruzko oinarrizko araudia–. Errege Dekretu horrek onarpen prozedurak finkatzen ditu sartzeko proba gainditu dutenentzat, bai eta sartzeko baldintzak betetzen diren gainerako kasuetan aplikatzen ahalko direnak ere, sistemaren homogeneotasuna eta prozedura horietan parte hartzen dutenen berdintasuna eta segurtasun juridikoa bermatzeko, eta, aldi berean, legeak unibertsitateei arlo horretan aitortzen dien autonomia zaintzeko.
Aipatutako araudiaren babesean, Nafarroako Unibertsitate Publikoak araudi hau onesten du, zeinaren bidez ezartzen baitira graduko ikasketa unibertsitario ofizialetan onartua izateko prozedurak, balorazio irizpideak eta ikaspostuen esleipenean jarraitu beharreko lehentasun ordena ezartzeko arauak.
I. KAPITULUA.–ALDERDI OROKORRAK
1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.
Araudi honen xedea da Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko ikasketa unibertsitario ofizialetako ikaspostuak esleitzeko balorazio irizpideak eta lehentasun ordena ezartzea, bai eta ikasketetan onartua izateko prozedurak ere, indarrean den araudiaren arabera ikasketetan sartzeko baldintzak betetzen dituzten ikasleentzat.
2. artikulua. Definizioak.
Araudi honi dagokionez, honela ulertuko dira kontzeptu hauek:
1. Unibertsitatean sartzeko proba: Espainiako Hezkuntza Sistemako Batxilergoko titulua edo baliokidea dutenei graduko ikasketa unibertsitario ofizialetara sartzeko aukera ematen dien proba da. Haren helburua da modu objektiboan baloratzea Batxilergoan lortutako kalifikazioak, etapa horretan lortutako heldutasun akademikoa eta ezagutzak, bai eta ikasketa unibertsitarioak arrakastaz egiteko gaitasuna ere.
2. Borondatezko fasea: graduko ikasketa unibertsitario ofizialetan onartua izateko nota hobetzeko aukera ematen duten azterketen multzoa da. Batxilergoko bigarren ikasmailako irakasgaiak izan daitezke, komunak edo modalitatekoak, ikasleek sartzeko proban egin dituztenez bestelakoak. Atzerriko beste hizkuntza bat ere izan daiteke, sartzeko proban aukeratutakoaz bestelakoa.
Borondatezko faseko azterketak USPa egiten den egun berberetan eginen dira.
Halaber, borondatezko fasearen parte izanen dira Gobernuak onarpen prozeduren oinarrizko araudian arautzen dituen azterketak.
3. Ikasketetan sartzeko baldintzak: Nafarroako Unibertsitate Publikoan graduko ikasketa unibertsitario ofizialak egiteko bete beharreko baldintzen multzoa. Unibertsitatean onartua izan baino lehen bete behar dira baldintza horiek.
4. Ikasketetan onartua izatea: Nafarroako Unibertsitate Publikoak graduko ikasketa unibertsitario ofizialak egiteko eskaintzen dituen ikaspostuak esleitzea ikaspostuen eskaera egin duten eta ikasketetan sartzeko baldintzak betetzen dituztenei.
5. Ikasketetan onartua izateko prozedura: Nafarroako Unibertsitate Publikoak graduko ikasketa unibertsitario ofizialak egiteko eskaintzen dituen ikaspostuak haietarako eskaera egin duten eta ikasketetan sartzeko baldintzak betetzen dituztenei esleitzea helburu duten ekintzen multzoa.
6. Graduko ikasketa unibertsitario ofizialetan sartzeko nota: graduko ikasketa unibertsitario ofizialetan sartzeko ikasleak duen eskubidea zehazten du nota horrek. Gutxienez, bost puntuko kalifikazioa behar da. 4. artikuluan ezarritakoaren arabera kalkulatu eta egiaztatzen da.
7. Graduko ikasketa unibertsitario ofizialetan onartua izateko nota: graduko ikasketa bakoitzean eskainitako ikaspostuak esleitzeko aplikatzen den nota. 3. artikuluan ezarritakoaren arabera kalkulatzen da.
II. KAPITULUA.–BALORAZIO IRIZPIDEAK ETA LEHENTASUN ORDENA
3. artikulua. Graduko ikasketa ofizialetan onartua izateko notaren kalkulua.
1. Ikasketetan onartua izateko nota formula honekin kalkulatuko da, eta hiru zifra dezimalekin adieraziko, milaren hurbilenarekin biribilduta, eta distantziakidea bada, goiko milarenarekin:
Ikasketetan onartua izateko nota = Ikasketetan sartzeko nota + a*M1 + b * M2
Ikasketetan sartzeko nota = ikasleak unibertsitatean sartzeko baliatzen duen probaren edo titulazioaren arabera dagokiona.
M1, M2 = ikasleak eskatutako graduko ikasketan onartua izateko nota onena ematen duten bi irakasgairen kalifikazioak (USP probakoak edo beste proba baliokide batekoak zein borondatezko fasekoak), betiere gutxienez bost punturekin gainditu badira. Irakasgai horiek Nafarroako Unibertsitate Publikoak onetsitako ponderazio-taularen arabera nota onena ematen dutenak dira.
a, b = M1 eta M2 irakasgaien ponderazio-parametroak, eskatutako graduko ikasketarekin lotutakoak; 0,1 edo 0,2ko balioa izanen dute, Nafarroako Unibertsitate Publikoak onetsitako ponderazio-taularen arabera.
2. Ikasketetan onartua izateko notak M1 eta M2 kalifikazioak hartuko ditu kontuan baldin eta, Nafarroako Unibertsitate Publikoak onetsitako ponderazio-taularen arabera, irakasgaiek ikasleak eskatutako ikasketari lotutako ponderazio-parametro bat badute.
3. USPa eta borondatezko fasea egiten den ikasturte bakoitzaren hasieran, Nafarroako Unibertsitate Publikoak ezagutzera emanen du zer ponderazio-parametro aplikatuko dizkien ikasleak onartuak izateko prozedurekin lotutako kalifikazioei.
4. M1 eta M2 irakasgaien kalifikazioak:
a) Zilegi da irakasgai horiek kontuan hartzea onartua izateko nota kalkulatzeko, baldin eta irakasgai horiek gainditu dituen deialdian ikasleak betetzen baditu graduko ikasketa unibertsitario ofizialetan sartzeko baldintzak.
b) Proba gainditu eta berehala hasten den ikasturtean eta hurrengo bi ikasturteetan soilik aplikatuko dira graduko ikasketa unibertsitario ofizialetara sartzeko.
5. Ikasketetan onartua izateko nota kalkulatzeko artikulu honetan adierazitako formula ez zaie aplikatuko ikasketetan bide hauetakoren baten bidez sartu direnei: graduko edo unibertsitate masterreko titulazio ofizial bat edo titulu baliokide bat; 25 edo 45 urtetik gorakoentzako sartzeko proba; eta lan esperientzia edo esperientzia profesionala duten 40 urtetik gorakoentzako sarbidea. Kasu horietan, ikasketetan onartua izateko nota ikasketetan sartzeko nota izanen da, eta 10 puntu artekoa gehienez ere.
4. artikulua. Ikaspostuak esleitzeko balorazio irizpideak.
Ikaspostuak esleitzeko balorazio irizpidea ikasketetan onartua izateko nota izanen da, zeina graduko ikasketa unibertsitario ofizialetan sartzeko ikasleak baliatzen duen titulazioaren araberakoa izanen baita:
a) 3/2020 Lege Organikoak definitutako Batxilergoko titulua duten ikasleak –3/2020 Lege Organikoa, 2020ko abenduaren 29koa, Hezkuntzari buruzko 2006ko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duena (aurrerantzean, LOMLOE)–:
- Ikasketetan sartzeko nota (10 puntu gehienez): USParen kalifikazioa % 40 eta Batxilergoko azken kalifikazioa % 60 ponderatuz kalkulatuko da. Batxilergoko antolamendua eta gutxieneko ikasketak ezartzen dituen 2022ko apirilaren 5eko 243/2022 Errege Dekretuaren 30.4 artikuluan ezarritako prozeduraren arabera kalkulatuko da Batxilergoko azken kalifikazioa.
- Onartua izateko nota (14 puntu gehienez): araudi honen 3. artikuluan jasotako formula aplikatuz lortzen den nota.
b) Batxilergoko titulua LOMLOE indarrean sartu aurretik lortu duten ikasleak:
- Ikasketetan sartzeko nota (10 puntu gehienez): behin betiko kalifikazioa edo ikasketetan sartzeko nota, dagokion hezkuntza-sistemaren arabera lortutakoa. Ikasle hauek aukera dute ikasketetan sartzeko nota hobetzeko. Horretarako, USPra aurkeztu behar dute, LOMLOE Batxilergoa egin dutenen kondizio beretan, eta aurreko a) apartatuan adierazi bezala kalkulatuko da nota. Ikasketetan sartzeko nota berria hartuko da kontuan, betiere aurreko nota baino hobea bada.
- Onartua izateko nota (14 puntu gehienez): araudi honen 3. artikuluan jasotako formula aplikatuz lortzen den nota, USPan edo borondatezko fasean lortutako kalifikazioak oinarri hartuta.
c) Espainiako Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketako goi mailako teknikariaren, Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikariaren edo Kiroletako goi mailako teknikariaren titulu ofiziala duten ikasleak, edo titulu horien baliokidetzat jotzen diren titulu, diploma edo ikasketak dituztenak:
- Ikasketetan sartzeko nota (10 puntu gehienez): egindako ikasketen batez besteko nota, dagokion hezkuntza-sistemaren arabera lortutakoa.
- Onartua izateko nota (14 puntu gehienez): araudi honen 3. artikuluan jasotako formula aplikatuz lortzen den nota, borondatezko faseko irakasgaietan lortutako kalifikazioak oinarri hartuta.
d) Atzerriko hezkuntza-sistemetako ikasleak, Unibertsitatean sartzeko probarik egin behar ez dutenak:
d.1) Nazioarteko Batxilergoko diploma lortu duten ikasleak –diploma hori Nazioarteko Batxilergoaren Erakundeak ematen du (Genevan du egoitza, Suitzan)–.
d.2) Europako Batxilergoko titulua duten ikasleak –titulu hori Europako Eskolen Estatutua ezartzen duen Hitzarmeneko xedapenei jarraikiz lortzen da (Estatutua Luxenburgon egin zen, 1994ko ekainaren 21ean)–.
d.3) Europar Batasuneko estaturen bateko hezkuntza-sistemetatik datozen ikasleak, edo unibertsitaterako sarbidearen arloan elkarrekikotasunezko nazioarteko hitzarmenen bat sinatua duten beste estatu batzuetakoak, baldin eta beren hezkuntza-sisteman unibertsitatera sartzeko ezarriak dauden eskakizun akademikoak betetzen badituzte.
- Ikasketetan sartzeko nota (10 puntu gehienez): Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak (aurrerantzean, UHUN) emandako indarreko egiaztagirian azaltzen den sartzeko nota.
- Onartua izateko nota (14 puntu gehienez): araudi honen 3. artikuluan jasotako formula aplikatuz lortzen den nota, UHUNek egiten edo egiaztatzen dituen konpetentzia espezifikoei buruzko probetan edo borondatezko faseko irakasgaietan lortutako kalifikazioak oinarri hartuta.
e) 2010eko otsailaren 5eko 102/2010 Errege Dekretuan araututako ikasketak egin dituzten ikasleak –Errege Dekretu horren bidez, Espainiako ikastetxeetan Batxilergoa eta Baccalauréat titulazio bikoitza eskuratzeari buruz Espainiako eta Frantziako gobernuek egindako hitzarmenari atxikitako ikasketak arautzen dira–:
e.1) Espainiako Batxilergoko tituluaz baliatuz sartu nahi duten ikasleak:
- Ikasketetan sartzeko nota: Batxilergoko azken kalifikazioa % 60 eta USParen kalifikazioa % 40 ponderatuz kalkulatuko da. 102/2010 Errege Dekretuaren 7. artikuluan aipatzen den kanpoko proba gainditu duten ikasleek "Espainiaren Historia" eta "Atzerriko Hizkuntza II" irakasgaien probak ez egitea erabaki dezakete, nahi izanez gero. Bi irakasgai horietan kanpoko probako "Espainiaren eta Frantziaren Historia" eta "Frantsesa eta Frantses Literatura" irakasgaietan lortu duten nota jarriko zaie, hurrenez hurren, probak egin beharrik gabe.
- Onartua izateko nota: araudi honen 3. artikuluan jasotako formula aplikatuz lortzen den nota.
e.2) Frantziako Baccalauréat tituluaz baliatuz sartu nahi duten ikasleak:
- Ikasketetan sartzeko nota: UHUNek emandako indarreko egiaztagirian azaltzen den sartzeko nota.
- Onartua izateko nota: araudi honen 3. artikuluan jasotako formula aplikatuz lortzen den nota, UHUNek egiten edo egiaztatzen dituen konpetentzia espezifikoei buruzko probetan edo borondatezko faseko irakasgaietan lortutako kalifikazioak oinarri hartuta.
f) Atzerriko hezkuntza-sistemetako ikasleak, Unibertsitatean sartzeko proba bat gainditu behar dutenak:
f.1) Europar Batasunekoa ez den eta unibertsitaterako sarbidearen arloan elkarrekikotasunezko nazioarteko hitzarmenik sinatua ez duen estaturen bateko hezkuntza-sisteman lortu edo egindako titulu, diploma edo ikasketak dituzten ikasleak, baldin eta titulu, diploma edo ikasketa horiek Espainiako Hezkuntza Sistemako Batxilergoko tituluaren baliokide gisa homologatuak edo aitortuak badaude.
f.2) Europar Batasuneko estaturen bateko hezkuntza-sistemetatik datozen ikasleak, edo unibertsitaterako sarbidearen arloan elkarrekikotasunezko nazioarteko hitzarmenen bat sinatua duten beste estatu batzuetakoak, Espainiako Hezkuntza Sistemako Batxilergoko tituluaren baliokideak diren titulu, diploma edo ikasketak dituztenak, baina ez dituztenak betetzen beren hezkuntza-sisteman unibertsitatera sartzeko ezarriak dauden eskakizun akademikoak.
f.3) Europar Batasunekoa ez den eta Batxilergoko titulua aitortzearen arloan elkarrekikotasunezko nazioarteko hitzarmenik sinatua ez duen estaturen bateko hezkuntza-sisteman lortu edo egindako titulu, diploma edo ikasketak dituzten ikasleak, baldin eta titulu, diploma edo ikasketa horiek Espainiako Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketako goi mailako teknikariaren, Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikariaren edo Kiroletako goi mailako teknikariaren titulu ofizialen baliokide gisa homologatuak edo aitortuak badaude.
- Ikasketetan sartzeko nota (10 puntu gehienez): Gobernuak atzerriko hezkuntza-sistemetako ikasleentzat ezartzen duen proban ikasleek lortutako kalifikazioa.
- Onartua izateko nota (14 puntu gehienez): araudi honen 3. artikuluan jasotako formula aplikatuz lortzen den nota, Gobernuak atzerriko hezkuntza-sistemetako ikasleentzat ezartzen duen probaren araudiarekin bat etorriz egindako borondatezko faseko irakasgaietan lortutako kalifikazioak oinarri hartuta.
g) Graduko edo unibertsitate masterreko titulu unibertsitario ofiziala edo baliokidea duten ikasleak, edo diplomadun, arkitekto tekniko, ingeniari tekniko, lizentziadun, arkitekto edo ingeniari titulua edo baliokidea dutenak –titulu horiek lehenagoko ikasketa unibertsitarioen antolamenduari dagozkio–.
- Ikasketetan sartzeko nota: egindako ikasketen batez besteko nota, 2003ko irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera kalkulatua. Unibertsitate masterreko titulazio batekin edo haren baliokidearekin sartu nahi izanez gero, batez besteko nota kalkulatzeko, titulazio horretan gainditutako irakasgaien kalifikazioez gainera, hartara sartzeko erabilitako graduko titulazioan edo haren baliokidean gainditutako irakasgai guztien kalifikazioak ere batuko dira.
- Onartua izateko nota: ikasketetan sartzeko nota bera da.
h) Atzerriko titulu unibertsitario bat duten ikasleak, baldin eta homologatua badute graduko edo unibertsitate masterreko titulu ofizialarekin edo baliokidearekin, edo diplomadun, arkitekto tekniko, ingeniari tekniko, lizentziadun, arkitekto edo ingeniari tituluarekin edo baliokidearekin –titulu horiek lehenagoko ikasketa unibertsitarioen antolamenduari dagozkio–; eta atzerriko titulu unibertsitario bat duten ikasleak, baldin eta titulu horrek apartatu honetan adierazitako maila akademiko ofizialetako baten baliokidetza-adierazpena badu.
- Ikasketetan sartzeko nota: egindako ikasketen batez besteko nota, hain zuzen homologazio-kredentzialean edo, hala badagokio, batez besteko notaren baliokidetza-adierazpenean ageri dena. Unibertsitate masterraren edo haren baliokidearen maila akademikoa duen titulazio batekin sartu nahi izanez gero, batez besteko nota kalkulatzeko, titulazio horretan gainditutako irakasgaien kalifikazioez gainera, hartara sartzeko erabilitako graduko titulazioan edo haren baliokidean gainditutako irakasgai guztien kalifikazioak ere batuko dira.
- Onartua izateko nota: ikasketetan sartzeko nota bera da.
i) 25 urtetik gorakoak, baldin eta 534/2024 Errege Dekretuan edo arau horren aurreko antolamenduetan ikasle talde horrentzat ezarritako sartzeko proba gainditu badute. Unibertsitatean sartzeko beste baldintza orokor batzuk betetzen dituztenek ez dute zilegi izanen unibertsitatean sartzeko bide hori erabiltzea.
- Ikasketetan sartzeko nota: sartzeko proban lortutako kalifikazioa.
- Onartua izateko nota: ikasketetan sartzeko nota bera da.
j) 45 urtetik gorakoak, baldin eta 534/2024 Errege Dekretuan edo arau horren aurreko antolamenduetan ikasle talde horrentzat ezarritako sartzeko proba gainditu badute. Unibertsitatean sartzeko beste baldintza orokor batzuk betetzen dituztenek ez dute zilegi izanen unibertsitatean sartzeko bide hori erabiltzea.
- Ikasketetan sartzeko nota: sartzeko proban lortutako kalifikazioa. Ikasle hauek proba gainditu duten unibertsitatean soilik sartzen ahalko dira, eta proba zer gradutarako egin duten, gradu horretan soilik.
- Onartua izateko nota: ikasketetan sartzeko nota bera da.
k) Lan esperientzia edo esperientzia profesionala duten 40 urtetik gorakoak, baldin eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak eskaintzen dituen graduko ikasketa ofizialetako baten batekin loturik 534/2024 Errege Dekretuan edo arau horren aurreko antolamenduetan ezarritako balorazio prozesua gainditu izana egiaztatzen badute. Unibertsitatean sartzeko beste baldintza orokor batzuk betetzen dituztenek ez dute zilegi izanen unibertsitatean sartzeko bide hori erabiltzea.
- Ikasketetan sartzeko nota: eskatutako graduko ikasketa ofizialarekin lotutako lan esperientziaren edo esperientzia profesionalaren balorazioan lortutako kalifikazioa. Ikasle hauek balorazio prozesua gainditu duten unibertsitatean soilik sartzen ahalko dira.
- Onartua izateko nota: ikasketetan sartzeko nota bera da.
5. artikulua. Lehentasun ordena, graduko ikasketa unibertsitario ofizialetako ikaspostuak esleitzeko.
1. Araudi honetan ezarritako balorazio irizpideak eta lehentasun ordena betez ordenatu eta esleituko dira ikaspostuak kupo bakoitzaren barruan (kupoak 6. artikuluan daude ezarriak).
2. Graduko ikasketa ofizialetan onartua izatea eskatzeko, ikasturte bakoitzean aurreinskripzioa egiteko aldi arrunt bat egonen da. Aurreinskripzioa egiteko aldi bereziak ere egon daitezke, eta haietan aldi arruntean eta aurreko aldi berezian egindako esleipenen ondoren gelditzen diren ikaspostu hutsak esleituko dira.
3. Aurreinskripzioa egiteko aldi bakoitzean, ikasleek onartuak izateko egiaztatu duten notaren arabera esleituko dira kupo bakoitzerako eskainitako ikaspostuak, lehentasun ordena honi jarraikiz:
a) Lehenbizi, abian den ikasturteko deialdi arruntean edo aurreko ikasturteetako deialdietan USPa (edo proba baliokidea) gainditu dutela egiaztatzen duten ikasleei esleituko zaizkie ikaspostuak, bai eta 4. artikuluko gainerako apartatuetan aipatzen diren sartzeko baldintzetako bat betetzen dutenei ere.
b) Bigarrenik, abian den ikasturteko deialdi berezian USPa gainditu dutela egiaztatzen duten ikasleei esleituko zaizkie ikaspostuak.
4. Ikaspostuak esleitzeko aurreko apartatuko lehenbiziko lehentasun ordenaren arabera, ez dira kontuan hartuko abian den ikasturteko deialdi bereziko USP proban (edo proba baliokidean) lortutako kalifikazioak.
5. Titulazio unibertsitarioa edo baliokidea duten ikasleentzat gordetako kupoan berdinketa gertatuz gero, onartua izateko notan hirugarren dezimal bat kalkulatuz hautsiko da berdinketa.
6. 25 urtetik gorakoentzat erreserbatutako kupoan, hauek izanen dute lehentasuna:
a) Lehenik, Nafarroako Unibertsitate Publikoan 25 urtetik gorakoentzako sartzeko proba gainditu duten eskatzaileak.
b) Bigarrenik, fase espezifikoan aukeratutako jakintza adarrean edo adarretan sartzeko proba gainditu duten ikasleak.
III. KAPITULUA.–ONARTUA IZATEKO PROZEDURAK
6. artikulua. Onartua izateko prozedurak eta ikaspostuen eskaintza.
1. Lau prozedura daude graduko ikasketa unibertsitario ofizialetan ikasleak onartzeko:
a) Graduko ikasketa ofizialak hasteko onartua izateko prozedura orokorra (aurreinskripzioa).
b) Espainiako ikasketa unibertsitario bukatu gabeak aldatzearen bidetik onartua izateko prozedura.
c) Atzerriko ikasketa unibertsitarioak partzialki baliozkotzearen bidetik onartua izateko prozedura.
d) Nafarroako Unibertsitate Publikoan graduko titulu ofizial bat lortu duten eta tituluaren beste aipamen bat egin nahi duten ikasleak onartzeko prozedura.
2. Graduko ikasketak hasteko prozedura orokorreko (aurreinskripzioa) ikaspostuen eskaintza Unibertsitatearen eskariz Unibertsitate Politikako Konferentzia Nagusiak urtero adierazten duena izanen da –zeina Nafarroako Foru Komunitateak aldez aurretik onetsi behar baitu–, eta kupo hauen artean banatuko da:
a) Kupo orokorra (4. artikuluko a) apartatutik f) apartatura).
b) 534/2024 Errege Dekretuan ezarritako erreserba-kupoak:
- 25 urtetik gorakoak.
- 45 urtetik gorakoak.
- 40 urtetik gorakoak, lan esperientzia edo esperientzia profesionala egiaztatzen dutenak.
- % 33ko edo hortik gorako desgaitasun maila aitortua duten ikasleak, eta desgaitasun egoera pertsonalei lotuta hezkuntza-premia berezi iraunkorrak dituzten ikasleak, baldin eta ordura arteko eskolatzean laguntza eta baliabideak behar izan badituzte erabateko hezkuntza-normalizaziorako.
- Goi mailako edo errendimendu handiko kirolariak.
- Titulazio unibertsitarioa edo baliokidea duten ikasleak.
3. Aurreko apartatuko ikaspostu-eskaintzan, ikasketa ofizialetako baterako programetarako (aurrerantzean, IOBP) ikaspostu-kupo espezifikoak sartzen ahalko dira, bai eta graduko ikasketa unibertsitario ofizialetako beste eskaintza akademiko espezifiko batzuk ere. Haietako bakoitza titulazio diferente gisa hartuko da kontuan, araudi honetako 9. artikuluaren 3. apartatuari dagokionez. Graduko ikasketa ofizialak hasi dituzten eta IOBP programetan edo Nafarroako Unibertsitate Publikoaren beste eskaintza espezifiko batzuetan parte hartzen duten ikasleek ez dute zilegi hurrengo ikasturteetan haietan onartuak izateko eskaera egitea.
4. Lehenbiziko apartatuan adierazitako onartua izateko gainerako prozeduren kasuan, Gobernu Kontseiluak, ikasturte bakoitzean, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikastegiek proposatuta, titulazio bakoitzerako ikaspostuen kupoa ezarriko du, eskaerak aurkezteko epea ireki baino lehen.
5. Ikasketetan onartua izateko eskaerak aurkezteko epea hasi baino lehen emanen dira ezagutzera bai ikaspostu eskaintza bai kupoen araberako banaketa.
IV. KAPITULUA.–GRADUKO IKASKETAK HASTEKO ONARTUA IZATEKO PROZEDURA OROKORRA (AURREINSKRIPZIOA)
7. artikulua. Nork eska dezakeen graduko ikasketa unibertsitario ofizialetan onartua izatea prozedura orokorraren bidez (aurreinskripzioa).
Graduko ikasketak egiten hasi nahi dutenek prozedura orokorraren bidez (aurreinskripzioa) egin dezakete eskaera baldin eta indarrean den araudian ezarritako sartzeko baldintzaren bat betetzen badute onartua izateko eskaerak aurkezteko aldi bakoitzerako ezarritako epea bukatzen den egunean.
8. artikulua. Zer ikasketa eskatzeko aukera dagoen.
Interesdunek eskaintzen diren graduko edozein ikasketatan onartuak izateko eskaera egin dezakete, salbuespen hauekin:
a) Nafarroako Unibertsitate Publikoak 45 urtetik gorakoentzat deitutako sartzeko probak gainditu dituztenen kasuan, zer gradutarako lortu duten "gai" kalifikazioa, ikasketa horietarako bakarrik egiten ahalko dute eskaera.
b) Lan esperientzia edo esperientzia profesionala egiaztatuta Nafarroako Unibertsitate Publikoan sartzen diren 40 urtetik gorakoen kasuan, zer gradutarako lortu duten "gai" kalifikazioa, ikasketa horietarako bakarrik egiten ahalko dute eskaera.
c) 45 urtetik gorakoentzako sartzeko probak edo lan esperientzia edo esperientzia profesionala duten 40 urtetik gorakoentzako proba beste unibertsitate batzuetan gainditu dutenek ez dute zilegi izanen Nafarroako Unibertsitate Publikoan onartuak izateko eskaera aurkeztea.
9. artikulua. Eskaeren tramiteak eta sarbide kupoen lehentasun ordena.
1. Ezarritako epeetan eta ikasleen gaietan eskumena duen errektoreordetzak urtero argitaratuko duen prozeduraren arabera egin behar dira graduko ikasketa ofizialetan onartua izateko eskaerak.
2. Interesdunek eskaera aurkeztuko dute, eta lehentasun ordenan zerrendatuko dituzte nahi dituzten ikasketak.
3. Gobernu Kontseiluak urtero ezarriko du eskaeran zenbat titulazio jartzeko aukera dagoen gehienez ere.
4. Onartuak izateko erreserba-kupo bat baino gehiagoko baldintzak betetzen dituztenak aukera horretaz baliatzen ahalko dira. Ikaspostua kupo baten baino gehiagoren bidez lor dezaketenek kupo batean bakarrik izanen dute onartuak izateko aukera. Kasu horietan, kupoen lehentasun ordena honi jarraituko zaio ikaspostuak esleitzeko: 1.a) kupo orokorra; 2.a) 25 urtetik gorakoentzako kupoa; 3.a) 45 urtetik gorakoentzako kupoa; 4.a) 40 urtetik gorakoentzako kupoa; 5.a) tituludunentzako kupoa; 6.a) goi mailako edo errendimendu handiko kirolarientzako kupoa; 7.a) desgaitasunen bat dutenentzako kupoa. Nolanahi ere, lehentasun ordena hori aplikatzean, kupo bakoitzean esleitu gabeko ikasposturik ez uzteko ahalegina eginen da.
5. Onartua izateko eskaerak aurkezteko aldi bakoitzerako ezarritako epeak bukatu eta gero, ez da aldaketarik onartuko eskaeran adierazitako graduko ikasketen hautaketan, ez eta haien lehentasun-ordenan ere.
6. Nafarroako Unibertsitate Publikoan gaztelaniaz ematen den graduko ikasketa ofizial batean onartua izateko, herrialde gaztelaniadunetakoak ez diren atzerriko ikasleek nahitaezkoa izanen dute Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren (EEEB) gaztelaniazko B1 maila egiaztatzea, salbu eta tituluaren memorian maila altuagoa eskatzen bada. Ez zaie halakorik exijituko gradura sartzeko modua ematen duten ikasketak gaztelaniaz gainditu dituztenei. Halaber, ez zaie baldintza hori eskatuko USPa edo borondatezko faseko irakasgaiak gaztelaniaz egin eta gainditu dituztenei edo Gobernuak atzerriko hezkuntza-sistemetako ikasleentzat ezarritako proba gainditu dutenei.
10. artikulua. Ikaspostuak esleitzea.
1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren, araudi honetan ezarritako balorazio irizpideen eta lehentasun ordenaren arabera ordenatuko dira, eta, gero, ikaspostuak esleituko dira.
2. Kupo orokorrera bideratuko dira aurreko apartatuetan ezarritakoaren arabera bete gabe gelditzen diren erreserbako ikaspostuak.
3. Ikasle bakoitzak ikaspostu bakar bat lortzeko aukera izanen du.
4. Eskaera egin duten baina matrikula formalizatuko ez duten ikasleak konpentsatzeko, zilegi da eskainitako ikaspostu kopurua baino ikasle gehiago sartzea onartutako ikasleen zerrendan. Onartutako ikasleen kopuru gehigarri hori zehazteko, ehuneko bat ezarriko da graduko ikasketa eta kupo bakoitzerako. Ehuneko edo indize hori ikasleen gaietan eskumena duen errektoreordetzak finkatuko du.
5. Kupo baten bidez titulazio jakin batean onartu diren ikasleek onartu zituztenean adierazitako egunean eta orduan formalizatu behar dute matrikula. Hala egiten ez badute, galdu eginen dute ikasposturako eskubidea, eta ezin izanen dira titulazio berean onartuak izan geroagoko zerrendetan beste kupo batzuen bidez, salbu eta aparteko inguruabarrak gertatzen badira eta interesdunak agiri bidez justifikatzen baditu.
6. Ikasleen gaietan eskumena duen errektoreordetzak urtero argitaratuko du itxarote zerrendetan daudenei deialdi publikoak egiteko prozedura.
7. Ikasturte bakoitzerako ezarritako azken egunera arte bete beharko dira ikaspostu hutsak baldin eta baldintzak betetzen dituen eta ezarritako epean formalizatu den eskaerarik badago.
11. artikulua. Ikaspostuen esleipena argitaratzea.
1. Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitaratuko dira gradu bakoitzean onartutako ikasleen zerrendak eta itxarote zerrendan gelditzen direnenak –halakorik egonez gero–. Gradu bakoitzean onartutako ikasleen zerrenden argitalpena interesdunei egindako jakinarazpen ofizialtzat hartuko da, baina ez du sortuko inondik ere haien aldeko ondorio behin betikorik baldin eta Unibertsitateak akatsen bat aurkitzen badu. Kasu horretan, aldatu eginen litzateke.
2. Graduko ikasketa bakoitzeko, onartutako ikasleen zerrenda bat argitaratuko da, ikaspostua lortu duten eskatzaileen lehentasunen arabera ordenatua, eta ikasketetan onartua izateko zer nota duten eta zer kuporen bidez onartu duten adieraziko da.
3. Ikaspostuak esleitzeko prozesuan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak zilegi du ezartzea ikasposturik lortu ez duten ikasleek espresuki eskatu behar izatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoak ezarritako epeetan, itxarote zerrendetan egon nahi dutela. Zerrenda horietan sartzeak aukera emanen die pertsona horiei ondorengo onartze zerrendetan deituak izateko, matrikula ez formalizatzeagatik edo baliogabetzeagatik sor litezkeen ikaspostu hutsak betetzeko.
4. Itxarote zerrendak ikasposturik lortu ez duten eskatzaileen lehentasunaren arabera ordenatuta argitaratuko dira, nahiz eta Unibertsitateko beste graduko ikasketa batean onartuak izan, eta ikasketetan onartua izateko zer nota duten eta zer kuporen bidez parte hartu duten adieraziko da. Lehentasun ordenan lehenago jarria duten ikasketa batean ikaspostua lortu duten ikasleak ez dira itxarote zerrendan azalduko.
12. artikulua. Erreklamazioak.
Ikaspostuen esleipena argitaratu ondoren onartze edo itxarote zerrendetan akatsen bat aurkitzen duenak zilegi du hiru egun balioduneko epean ikasleen gaietan eskumena duen errektoreordetzari erreklamazioa aurkeztea. Dokumentuen bidez justifikatu behar da erreklamazioen arrazoia.
V. KAPITULUA.–IKASKETETAN ONARTUA IZATEA ESPAINIAKO IKASKETA UNIBERTSITARIO BUKATU GABEAK ALDATZEAREN BIDETIK
13. artikulua. Nork eska dezakeen ikasketetan onartua izatea ikasketaz aldatzearen bidetik.
1. Hauek dute aukera arrazoi horregatik ikasketetan onar ditzatela eskatzeko:
a) Espainiako beste unibertsitate batzuetako ikasketa ofizialak bukatu gabe dituzten eta haiek utzi eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko ikasketa ofizialetara aldatu nahi duten pertsonek, baldin eta sartu nahi duten graduan jatorrizko titulazioko 30 kreditu aitortzen ahal bazaizkie gutxienez.
b) Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa ofizialak bukatu gabe dituzten eta haiek utzi eta erakunde berean graduko beste ikasketa ofizial batzuetara aldatu nahi duten pertsonek, baldin eta sartu nahi duten graduan jatorrizko titulazioko 30 kreditu aitortzen ahal bazaizkie gutxienez.
2. Prozedura honen bidez onartuak izatea eskatu ahal izateko, nahitaezkoa da interesdunek jatorrizko titulazioko 30 kreditu gutxienez lortuak izatea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Aurrekoa gorabehera, ezin izanen da inor onartu baldin eta 30 kreditu aitortu ez bazaizkio, 16. artikuluaren 1. apartatuan ezarritakoaren arabera.
3. Horrez gainera, egiaztatu behar dute jatorrizko ikasketetan hasteko unean bazutela Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin nahi dituzten ikasketetan kupo orokorrean onartua izateko aurreko ikasturtean behar izan zen atalase-notaren %85 edo handiagoa. USPa deialdi berezian gainditu zuten ikasleek zehaztu bazuten atalase-nota hori, bost puntukoa izanen da egiaztatu beharreko nota.
Ikasketaz aldatzeko prozedura honen bidez onartua izateko eskaerak aurkezteko epea hasi aurretik, egiaztatu beharreko gutxieneko notak zein diren argitaratuko da, apartatu honetan xedatutakoarekin bat etorriz.
4. Eskatzaile bakoitzaren ikasketetan onartua izateko nota araudi honen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera kalkulatuko da. Kalkulu hori egiteko, ez da kontuan hartuko ikasleek zer kalifikazio atera zituzten jatorrizko ikasketetan hasi ziren urteko USPko (edo proba baliokideko) edo borondatezko faseko deialdi berezian, deialdi horretara aurkeztu baziren. Onartua izatea eskatzen den ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoan indarrean diren ponderazio parametroak aplikatuko dira kalkulua egiteko.
5. Hala eta guztiz ere, ikasketetan araudi honen 4. artikuluko g)-tik k)-ra arteko apartatuetan ezarritako sarbideetako baten bidez sartu ziren ikasleen onartua izateko nota formula honen arabera kalkulatuko da:
5 + (OnartNota-5) * 1.8
Honako hau da OnartNota: ikaslearen onartua izateko nota, unibertsitateko tituludunen edo 25, 40 edo 45 urtetik gorakoen bidetik lortua.
Formula hori aplikatuko zaie, halaber, lehenbiziko eta/edo bigarren zikloko ikasketa ofizialak 1892/2008 Errege Dekretua indarrean sartu aurretik hasi zituzten ikasleei –1892/2008 Errege Dekretua, 2008ko azaroaren 14koa, graduko ikasketa unibertsitario ofizialetan sartzeko baldintzak eta Espainiako unibertsitate publikoetan onartua izateko prozedurak arautzen dituena–.
6. Aurreko apartatuetan adierazitako baldintzak betetzen ez dituztenek zilegi dute araudi honen IV. kapituluan ezarritako onartua izateko prozesu orokorrean (aurreinskripzioa) parte hartzea.
7. Ez da ikasketaz aldatzea onartuko baldin eta ikasketa-plana iraungi delako jadanik irakasten ez diren irakasgaiak egin behar badira.
14. artikulua. Eskaeren tramiteak.
1. Ezarritako epeetan eta ikasleen gaietan eskumena duen errektoreordetzak urtero argitaratuko duen prozeduraren arabera egin behar dira ikasketaz aldatzearen bidetik onartua izateko eskaerak. Prozedura horrek deialdien eta, hala badagokio, itxarote zerrenden argitalpena arautuko du, bai eta hautatutako ikasleen kredituen aitorpena tramitatzeko epeak ere.
2. Eskatzaile bakoitzak graduko titulazio bakar bat adieraziko du ikasketaz aldatzearen bidetik onartua izateko eskaeran.
3. Ikaspostuak esleitzeko prozeduratik kanpo geldituko dira baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak edo eskatutako dokumentazioa erantsia ez dutenak.
Eskatzailea Nafarroako Unibertsitate Publikotik badator, ez da beharrezkoa izanen egiaztagiriak aurkeztea.
15. artikulua. Eskaerak ordenatzeko irizpideak.
1. Aurkeztutako eskaerak ordenatzeko, lehentasun irizpide hauek erabiliko dira esleipenean:
a) Espainian lanbide jarduera arautuak egiteko gaitzen duten graduko ikasketa ofizialetarako, lehentasuna izanen dute Espainian lanbide arautu bera egiteko gaitzen duten ikasketetatik datozen ikasleen eskaerek, eta, gero, izen bera duten titulazioetatik edo jakintza-adar berarekin loturik dauden titulazioetatik datozen ikasleenek.
b) Graduko gainerako ikasketa ofizialetarako, jakintza-adar berarekin loturik dauden titulazioetatik datozen ikasleen eskaerek izanen dute lehentasuna.
2. Lehentasun bakoitzaren barnean, onartua izateko notaren arabera ordenatuko dira eskaerak, nota hori 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz kalkulatu ondoren.
Berdinketarik badago, jatorrizko ikasketetan batez besteko notarik hoberena duen eskaerari emanen zaio lehentasuna. Nota hori 1125/2003 Errege Dekretuaren 5. artikuluak ezartzen duenaren arabera kalkulatuko da –1125/2003 Errege Dekretua, 2003ko irailaren 5ekoa, kredituen sistema europarra eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren titulazio unibertsitarioetako kalifikazio sistema arautzen duena–. Batez besteko nota kalkulatzeko, eskaerak aurkezteko azken epea bukatu bitartean lortutako kalifikazioak hartuko dira kontuan, ez besterik. Berdinketak jarraitzen badu, hirugarren dezimal bat kalkulatuz hautsiko da berdinketa.
16. artikulua. Ikasleak ikasketetan onartzea.
1. Ezin izanen da inor onartu baldin eta 30 kreditu gutxienez aitortu ez bazaizkio. Kredituen gutxieneko kopuru hori zenbatzeko, onartua izateko eskaeraren aurreko ikasturtearen bukaerara arte lortutako kalifikazioak hartuko dira kontuan.
2. Espainia barrenean unibertsitatez eta/edo ikasketaz aldatzearen bidetik ikaspostuak esleitzeko ebazpena Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da, eta barne hartuko ditu gradu bakoitzean onartutako ikasleen zerrendak eta itxarote zerrendan gelditzen direnenak –halakorik egonez gero–. Gradu bakoitzean onartutako ikasleen zerrenden argitalpena interesdunei egindako jakinarazpen ofizialtzat hartuko da, baina ez du sortuko inondik ere haien aldeko ondorio behin betikorik baldin eta Unibertsitateak akatsen bat aurkitzen badu. Kasu horretan, aldatu eginen litzateke.
3. Ikasposturen bat hutsik gelditzen bada, ikaspostuak esleitzeko ebazpen berriak argitaratuko dira.
Ikasturte bakoitzerako ezarritako azken egunera arte bete beharko dira ikaspostu hutsak baldin eta baldintzak betetzen dituen eta ezarritako epean formalizatu den eskaerarik badago.
17. artikulua. Erreklamazioak.
Ikaspostuen esleipena argitaratu ondoren onartze edo itxarote zerrendetan akatsen bat aurkitzen duenak zilegi du hiru egun balioduneko epean ikasleen gaietan eskumena duen errektoreordetzari erreklamazioa aurkeztea. Dokumentuen bidez justifikatu behar da erreklamazioen arrazoia.
VI. KAPITULUA.–IKASKETETAN ONARTUA IZATEA ATZERRIKO IKASKETA UNIBERTSITARIOAK PARTZIALKI BALIOZKOTZEAREN BIDETIK
18. artikulua. Nork eska dezakeen ikasketetan onartua izatea atzerriko ikasketa unibertsitarioak partzialki baliozkotzearen bidetik.
1. Hauek dute aukera arrazoi horregatik ikasketetan onar ditzatela eskatzeko:
a) Atzerriko ikasketa unibertsitarioak bukatu gabe dituzten eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan graduko ikasketa ofizialetan onartuak izan nahi duten pertsonek, baldin eta sartu nahi duten graduan jatorrizko titulazioko 30 kreditu aitortzen ahal bazaizkie gutxienez.
b) Atzerriko ikasketa unibertsitarioak bukatuak dituzten eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan graduko ikasketa ofizialetan onartuak izan nahi duten pertsonek, baldin eta sartu nahi duten graduan jatorrizko titulazioko 30 kreditu aitortzen ahal bazaizkie gutxienez. Ikasleak atzerrian lortutako tituluak Espainian lanbide arautu baterako sarbidea ematen badu, titulua homologatzeko tramitea hasi ez bada soilik onartuko da, edo tramite hori hasita ere ministerio eskudunak ezezkoa eman badio.
2. Horrez gainera, egiaztatu behar dute jatorrizko ikasketetan hasteko unean bazutela Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin nahi dituzten ikasketetan kupo orokorrean onartua izateko aurreko ikasturtean behar izan zen atalase-notaren %85 edo handiagoa. Nota horiek urtero argitaratuko dira, gradu bakoitzean eskainitako ikaspostuekin batera.
Unibertsitatean sartzeko ikasketak Espainiako hezkuntza-sisteman egin zituzten ikasleen onartua izateko nota araudi honen 13. artikuluan ezarritakoaren arabera kalkulatuko da.
Unibertsitatean sartzeko ikasketak atzerriko hezkuntza-sistema batean egin zituztenek UHUNek emandako egiaztagiri baten bidez frogatu beharko dute beren onartua izateko nota. Formula honen arabera kalkulatuko da:
Onartua izateko nota = NAE + a * M1 + b * M2
Non:
NAE = UHUNek emandako indarreko egiaztagirian agertzen den sartzeko kalifikazioa, edo Gobernuak atzerriko hezkuntza-sistemetako ikasleentzat ezarritako proban lortutakoa.
M1, M2 = ikasleari eskatu duen graduko ikasketan onartua izateko notarik hoberena ematen dioten bi irakasgaien kalifikazioak, Gobernuak atzerriko hezkuntza-sistemetako ikasleentzat ezarritako proba arautzen duen araudiarekin bat etorriz lortuak. Ikasleak onartua izatea eskatu duen ikasturtean Unibertsitateak onetsitako ponderazio-taularen arabera notarik hoberena ematen dutenak dira irakasgai horiek, eta gutxienez bost punturekin egon behar dira gaindituak.
3. Atzerriko ikasketa unibertsitarioak bukatuak dituzten pertsonek ere egiaztatzen ahalko dute, beren unibertsitate espedientearen batez besteko notaren bidez, betetzen dutela aurreko apartatuan aipatutako atalase-nota % 85 izatearen baldintza. Batez besteko nota 13. artikuluko 5. apartatuan ezarritako formularen arabera kalkulatuko da.
4. Inolaz ere ez dira onartuko 2022ko urriaren 18ko 889/2022 Errege Dekretuaren 4. artikuluak ezarritakoaren arabera baztertzeko moduko atzerriko ikasketak egin dituzten ikasleen eskaerak –dekretu horren bidez, alde batetik, baldintzak eta prozedura ezartzen dira atzerriko hezkuntza-sistemetako unibertsitate ikasketak homologatzeko, baliokidetzat jotzeko eta baliozkotzeko; bestetik, prozedura arautzen da zehazteko zein den aurreko ordenazio akademikoei dagozkien unibertsitate titulu ofizialen baliokidetza Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko mailarekin–.
5. Aurreko apartatuetan adierazitako baldintzak betetzen ez dituztenek zilegi dute araudi honen IV. kapituluan ezarritako onartua izateko prozesu orokorrean (aurreinskripzioa) parte hartzea.
6. Ez da ikasketaz aldatzea onartuko baldin eta ikasketa-plana iraungi delako jadanik irakasten ez diren irakasgaiak egin behar badira.
19. artikulua. Eskaeren tramiteak.
1. Ezarritako epeetan eta ikasleen gaietan eskumena duen errektoreordetzak urtero argitaratuko duen prozeduraren arabera egin behar dira atzerriko ikasketa unibertsitarioak partzialki baliokidetzearen bidetik onartua izateko eskaerak. Prozedura horrek onartuen zerrenden eta, hala badagokio, itxarote zerrenden argitalpena arautuko du, bai eta hautatutako ikasleen kredituen aitorpena tramitatzeko epeak ere.
2. Eskatzaile bakoitzak graduko titulazio bakar bat adieraziko du ikasketaz aldatzearen bidetik onartua izateko eskaeran.
3. Ikaspostuak esleitzeko prozeduratik kanpo geldituko dira baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak edo eskatutako dokumentazioa erantsia ez dutenak.
Eskatzailea Nafarroako Unibertsitate Publikotik badator, ez da beharrezkoa izanen egiaztagiriak aurkeztea.
4. Nafarroako Unibertsitate Publikoan gaztelaniaz ematen den graduko ikasketa ofizial batean atzerriko ikasketa unibertsitarioak partzialki baliokidetzearen bidetik onartua izateko, herrialde gaztelaniadunetakoak ez diren atzerriko ikasleek nahitaezkoa izanen dute Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren (EEEB) gaztelaniazko B1 maila egiaztatzea, salbu eta tituluaren memorian maila altuagoa eskatzen bada. Ez zaie halakorik exijituko gradura sartzeko modua ematen duten ikasketak gaztelaniaz gainditu dituztenei. Halaber, ez zaie baldintza hori eskatuko USPa edo borondatezko faseko irakasgaiak gaztelaniaz egin eta gainditu dituztenei edo Gobernuak atzerriko hezkuntza-sistemetako ikasleentzat ezarritako proba gainditu dutenei.
20. artikulua. Eskaerak ordenatzeko irizpideak.
1. Onartua izateko notaren arabera ordenatuko dira eskaerak, nota hori 18. artikuluan ezarritakoari jarraikiz kalkulatu ondoren.
2. Berdinketarik badago, jatorrizko ikasketetan batez besteko notarik hoberena duen eskaerari emanen zaio lehentasuna. Nota hori 1125/2003 Errege Dekretuaren 5. artikuluak ezartzen duenaren arabera kalkulatuko da –1125/2003 Errege Dekretua, 2003ko irailaren 5ekoa, kredituen sistema europarra eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren titulazio unibertsitarioetako kalifikazio sistema arautzen duena–, eta gai horretan eskumena duen ministerioak ezarritako baliokidetasun taulei jarraikiz. Batez besteko nota kalkulatzeko, eskaerak aurkezteko azken epea bukatu bitartean lortutako kalifikazioak hartuko dira kontuan, ez besterik. Berdinketak jarraitzen badu, hirugarren dezimal bat kalkulatuz hautsiko da berdinketa.
21. artikulua. Ikasleak ikasketetan onartzea.
1. Ezin izanen da inor onartu baldin eta 30 kreditu gutxienez aitortu ez bazaizkio. Kredituen gutxieneko kopuru hori zenbatzeko, onartua izateko eskaeraren aurreko ikasturtearen bukaerara arte lortutako kalifikazioak hartuko dira kontuan.
2. Atzerriko ikasketa unibertsitarioak partzialki baliozkotzearen bidetik ikaspostuak esleitzeko ebazpena Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da, eta barne hartuko ditu gradu bakoitzean onartutako ikasleen zerrendak eta itxarote zerrendan gelditzen direnenak –halakorik egonez gero–. Gradu bakoitzean onartutako ikasleen zerrenden argitalpena interesdunei egindako jakinarazpen ofizialtzat hartuko da, baina ez du sortuko inondik ere haien aldeko ondorio behin betikorik baldin eta Unibertsitateak akatsen bat aurkitzen badu. Kasu horretan, aldatu eginen litzateke.
3. Ikasposturen bat hutsik gelditzen bada, ikaspostuak esleitzeko ebazpen berriak argitaratuko dira.
Ikasturte bakoitzerako ezarritako azken egunera arte bete beharko dira ikaspostu hutsak baldin eta baldintzak betetzen dituen eta ezarritako epean formalizatu den eskaerarik badago.
22. artikulua. Erreklamazioak.
Ikaspostuen esleipena argitaratu ondoren onartze edo itxarote zerrendetan akatsen bat aurkitzen duenak zilegi du hiru egun balioduneko epean ikasleen gaietan eskumena duen errektoreordetzari erreklamazioa aurkeztea. Dokumentuen bidez justifikatu behar da erreklamazioen arrazoia.
VII. KAPITULUA.–NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAN GRADUKO TITULU OFIZIAL BAT LORTU DUTEN ETA TITULUAREN BESTE AIPAMEN BAT EGIN NAHI DUTEN IKASLEAK ONARTZEA
23. artikulua. Tituluaren beste aipamen bat egiteko onartua izatea.
1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko titulu unibertsitario ofizial bat duten ikasleek zilegi dute beren graduko tituluaren beste aipamen bat egiteko eskaera egitea, Unibertsitateak ikasturte bakoitzerako ezarritako epeetan.
2. Aipamen berria egin nahi duten graduaren unibertsitate espedientearen batez besteko nota izanen da eskaerak ordenatzeko balorazio irizpidea, eta 1125/2003 Errege Dekretuaren 5. artikuluak ezartzen duenaren arabera kalkulatuko da batez besteko nota hori –1125/2003 Errege Dekretua, 2003ko irailaren 5ekoa, kredituen sistema europarra eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren titulazio unibertsitarioetako kalifikazio sistema arautzen duena–. Hiru zifra dezimalekin adieraziko da, milaren hurbilenarekin biribilduta, eta distantziakidea bada, goiko milarenarekin.
3. Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitaratuko dira tituluaren aipamen berri bat egiteko onartutako ikasleen zerrendak eta itxarote zerrendan gelditzen direnenak –halakorik egonez gero–. Gradu bakoitzean onartutako ikasleen zerrenden argitalpena interesdunei egindako jakinarazpen ofizialtzat hartuko da, baina ez du sortuko inondik ere haien aldeko ondorio behin betikorik baldin eta Unibertsitateak akatsen bat aurkitzen badu. Kasu horretan, aldatu eginen litzateke.
VIII. KAPITULUA.–IKASLEAK ZENBAIT EGOERA BEREZITAN ONAR DAITEZELA ERRAZTEKO NEURRIAK
24. artikulua. Zenbait egoera berezitan onartua izateko eskaeren tramiteak.
1. Datozen apartatuetan ezarritakoari jarraikiz tramitatuko dira beste unibertsitate batzuetan matrikulaturik egonda bizilekuz aldatzeko premia duten ikasleen eskaerak, baldin eta egoera hauetakoren batean badaude:
a) Genero-indarkeriaren biktimak, tartean direnean honakoetako bat: kondena-epaia, babes agindua, biktima babesteko kautelazko neurriak hartzea erabakitzen duen ebazpen judiziala edo, salbuespen gisa, eskatzailea genero-indarkeriaren biktimatzat hartzeko susmoak daudela adierazten duen Fiskaltzaren txostena, babeserako agindua eman bitartekoa. Biktimaren menean bizi diren seme-alabei ere aplikatuko zaizkie neurriak.
b) Ikaslearen edo haren familia unitateko beste norbaiten osasun-arazoak edo segurtasunekoak, ikaslea ezindu badute ikasketekin normal segitzeko. Honela egiaztatu behar da: osasun-arazorik izanez gero, gaixotasunaren arloko ziurtagiri mediko ofiziala aurkeztu behar da, osasun publikoaren sareko mediku espezialista batek emana; segurtasun-arazorik izanez gero, berriz, ebazpen judiziala, martxan den prozesu judizialaren ziurtagiria edo Estatuko Segurtasun Indarren eta Kidegoen txosten ofiziala.
c) Goi mailako edo errendimenduko kirolariak, bizilekuz kirol-arrazoiengatik aldatu direla frogatzen badute.
d) Bizileku legala Espainian dutenak errefuxiatu izaera, babes subsidiarioa edo 12/2009 Legearen eta harekin bat datozen xedapenen babesean baliokideak diren bestelako egoerak aitortzearen ondorioz –12/2009 Legea, 2009ko urriaren 30ekoa, asilo-eskubidea eta babes subsidiarioa arautzen dituena–, betiere onartuak izatea eskatu duten urte natural berean lortu badute bizilekua.
2. Aurreko apartatuan adierazten diren ikasleek zilegi dute epez kanpo aurkeztea –araudi honen 14. eta 19. artikuluetan ezarritako epeetatik kanpo– Espainiako edo atzerriko ikasketa unibertsitarioz aldatzeko prozeduraren bidez onartuak izateko eskaera. Haien eskaera aintzat hartzeko, baldintza hau bete behar da: eskaera epe barnean eskatu izan balute titulazioan onartzeko modukoak izatea, 13. eta 18. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen zituztela egiaztatu eta gero eta 15. eta 20. artikuluetan ezarritako ikaspostuak esleitzeko irizpideak aplikatu eta gero.
Aurreko apartatuko d) letran aipatutako egoeraren batean dauden ikasleek, baldin eta fisikoki ezinezkoa badute 18. artikuluan xedatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazioa lortzea, 25. artikuluan ezarritakoari lotzen ahalko zaizkio.
3. Aurreko apartatuaren arabera titulazioan onartzeko baldintzak betetzen ez badituzte, onartuak izateko prozedura orokorraren bidez (aurreinskripzioa) egin behar dute eskaera, araudi honetako 9. artikuluan ezarritako epeetatik kanpo. Haien eskaera aintzat hartzeko, baldintza hau bete behar da: eskaera epe barnean eskatu izan balute titulazioan onartzeko modukoak izatea, 10. artikuluan ezarritako ikaspostuak esleitzeko irizpideak aplikatu eta gero.
4. Ikasleak ikasketetan onartzeko gaietan eskumena duen errektoreordetzak baloratuko du kasu bakoitzean nolakoa den egoera berezi hori eta onartua izateko eskaera aurkezten denean zenbat ikaspostu gelditzen diren libre. Titulazioaz arduratzen den NUPeko ikastegiari entzun ondoren, ikaslea onartzea erabaki dezake ikasturteko edozein unetan.
25. artikulua. Errefuxiatu estatutua, babes subsidiarioa edo legez ezarritako bestelako egoera baliokideren bat aitortua duten ikasleak atzerriko ikasketa unibertsitarioak partzialki baliozkotzearen bidetik onartuak izateko eskaerak.
1. Bizileku legala Espainian dutenek errefuxiatu izaera, babes subsidiarioa edo 12/2009 Legearen eta harekin bat datozen xedapenen babesean baliokideak diren bestelako egoerak aitortzearen ondorioz –12/2009 Legea, 2009ko urriaren 30ekoa, asilo-eskubidea eta babes subsidiarioa arautzen dituena– atzerrian hasitako ikasketa unibertsitarioak aldatzearen bidetik onar ditzatela eskatzen ahalko dute nahiz eta ez izan modurik hori frogatzen duen dokumentaziorik lortzeko. Araudi honen VI. kapituluan ezarritako arauen arabera tramitatuko dira eskaerak, eta hurrengo apartatuetan ezarritakoari jarraikiz.
2. Araudi honen 24. artikuluan aipatutako salbuespenaren kalterik gabe, pertsona horiek gainerako ikasleentzat ezartzen diren epeetan aurkeztu beharko dute onartuak izateko eskaera.
Eskaera aurkeztutakoan, eskabide bat aurkeztu beharko dute Unibertsitatearen erregistro elektronikoaren bidez, eta bertan adierazi zergatik duten fisikoki ezinezkoa eskatutako dokumentazioa lortzea. Eskabide horrekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Ikaslearen erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek jaso behar dituena: ikasleak zer titulazio eta zer unibertsitatetan eta hiritan egin duen, zer urtetan egon den matrikulatua, zer irakasgai gainditu dituen eta zer notarekin, eta jatorrizko herrialdean zer titulaziok eman zion ikasketa unibertsitarioetan sartzeko bidea.
Ohartuz gero ikasleak erantzukizunpeko adierazpenean ez duela daturen bat edo informazioren bat jaso edo jasotakoren bat faltsua dela, ikaslea ez da onartua izanen, eta, dagoeneko onartua izan bada, onarpena baliogabetu eginen da.
b) Bai dokumentazioa lortzeko ezintasuna eta bai erantzukizunpeko adierazpenean jasotako informazioa egiaztatzen lagunduko duen beste edozein agiri.
3. Ikasleak ikasketetan onartzeko gaietan eskumena duen errektoreordetzak erantzukizunpeko adierazpenaren edukia eta aurkeztutako dokumentazioa baloratuko ditu, eta, beharrezkoa bada, egokitzat jotzen dituen txostenak eskatuko ditu.
4. Baldin eta nahikoa frogatutzat jotzen bada interesdunak ezinezkoa duela onartua izateko eskaera baloratzeko beharrezkoa den dokumentazio akademikoa aurkeztea, errektoreordetzak ikaslearen ezagupenak baloratzeko eskatuko dio hark egin nahi duen gradua ematen duen ikastegiari. Horretarako, ikastegiak hauetakoren bat erabakitzen ahalko du:
a) Ustez eskatzaileari aitortzen ahal zaizkion irakasgaien gaitasun proba bat ezartzea. Ikastegiak zerotik hamarrera arteko notarekin kalifikatuko du proba, eta kreditu kopuru bat esleituko dio. Halaber, azkenean eskatzailea onartua izanez gero, ikastegiak aditzera emanen du zer irakasgai ez dituen egin beharko.
b) Eskatzaileari aldez aurretik Nafarroako Unibertsitate Publikoan ebaluatu zaizkion irakasgaiak aitortzea, baldin eta lehendik ikasle bisitari gisa onartua izan bada errefuxiatu estatutua izateagatik, babes subsidiarioa izateagatik edo legez ezarritako bestelako egoera baliokideengatik.
5. Ikastegiak egindako balorazioaren ondorioz eskatzaileari gutxienez 30 kreditu aitortzen bazaizkio egin nahi duen graduko titulazioan, araudi honen 18. artikuluan xedatutakoaren arabera egiaztatutako nota hartuko da kontuan eskatzailearen onartua izateko eskaera ebazteko. Nolanahi ere guztiz ezinezkoa badu hura egiaztatzea, formula honen emaitza erabiliko da bai eskaera ebazteko, bai atalase-nota %85 izatearen baldintza betetzen ote duen kalkulatzeko:
5 + (ProbaNota - 5) * 1.8
Honako hau da ProbaNota: aurreko apartatuarekin bat etorriz lortutako kalifikazio guztien batez besteko nota, haiek kreditu kopuruarekin ponderatuta.
Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Haur Hezkuntzako edo Lehen Hezkuntzako irakaslearen lanbide arautuan aritzeko gaitzen duten graduko ikasketa unibertsitario ofizialak beste unibertsitate batzuetan amaitu dituzten ikasleen onartuak izateko eskaerak.
1. Haur Hezkuntzako edo Lehen Hezkuntzako irakaslearen lanbide arautuan aritzeko gaitzen duen graduko titulua beste unibertsitate batzuetan lortu dutenek eskatzen ahalko dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan onar ditzatela tituluaren beste aipamen bat egiteko. Titulazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoan lortu duten ikasleak onartu ondoren ikaspostu hutsik gelditzen bada soilik hartuko dira kontuan haien eskaerak.
2. Ikaspostu hutsik geldituz gero, 23. artikuluan ezarritakoaren arabera ordenatuko dira eskaerak.
3. Onartuak izan eta aipamena lortzen dutenek ez dute izanen Haur Hezkuntzako edo Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Graduko titulurik Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Ziurtagiri akademiko ofizial bat besterik ez dute jasoko, lortutako aipamenari buruzko informazioa izanen duena. Ziurtagiri hori baliozko dokumentua izanen da aipamena lortu dela egiaztatzeko.
Bigarren xedapen gehigarria.–Gradura Egokitzeko Ikastaroa egin nahi duten ikasleak onartzeko prozedura.
1. Espainiako diplomako edo ingeniaritza teknikoko titulu ofizial bat duten ikasleek zilegi dute onartuak izatea eskatzea dagokion graduko titulu unibertsitario ofiziala lortzeko beharrezko kreditu osagarriak egiteko, Unibertsitateak urtero ezartzen dituen epeetan.
2. Gobernu Kontseiluak, ikasturte bakoitzean, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikastegiek proposatuta, eskaerak aurkezteko epea ireki baino lehen, aurreko ikasketa planetako tituludunentzako egokitze ikastaroetarako ikaspostuen kupoa ezarriko du titulazio bakoitzerako.
3. Ikasleek egin nahi duten graduaren txosten egiaztatuan ezarritako irizpideak aplikatuz ordenatuko dira eskaerak, baldin eta aurreko apartatuan aipatzen den ikaspostu kupoa gainditzen badute.
Hirugarren xedapen gehigarria.–Beren atzerriko titulua homologatzeko prestakuntzako eskakizun osagarriak gainditu behar dituzten ikasleak.
1. Atzerriko titulu unibertsitario bat daukaten eta hura Espainiako graduko titulu batekin homologatzeko prestakuntza-baldintza osagarriak gainditu behar dituzten ikasleek zilegi dute beren prestakuntza-gabeziak zuzentzeko helburuz tutoretzapeko ikastaroak egiteko eskatzea, Unibertsitateak urtero ezarritako epeetan.
2. Gobernu Kontseiluak urtero ezarriko ditu tutoretzapeko ikastaroak egiteko ikaspostuen kupoak titulazio bakoitzerako.
3. Ikasketak homologatzeko ikasleak gutxienez gainditu behar dituen ikasgai edo irakasgaien ECTS kredituen kopuruaren balorazio irizpidea aplikatuz ordenatuko dira eskaerak, eta graduko ikasketak amaitzeko ECTS kreditu gutxien falta zaizkien ikasleek lortuko dute ikaspostua.
Laugarren xedapen gehigarria.–Utzitako ikasketak berriz hastea.
1. Nafarroako Unibertsitate Publikoan hasitako ikasketak aldi baterako utzi dituzten eta ikasketa horiekin berriz jarraitu nahi duten ikasleek eskaera aurkeztu beharko dute Unibertsitateak urtero ezarritako epeetan, baldin eta iraupen arauak urratzen ez badituzte. Utzitako ikasketekin berriz hastea ez da sarrera berriko ikaspostu gisa zenbatzen.
2. Unibertsitateak oraindik ere ematen baditu utzitako ikasketak, ikasleei hitzordu bat emanen zaie, ezarritako epean matrikula egiteko.
3. Utzitako ikasketak iraungita badaude, ikasleak, lehenbizi, bere ikasketak indarrean den gradu unibertsitariora egokitzeko eskatu beharko du. Iraungitako ikasketen ordez graduko titulazio berri bat ezarri ez bada, ezin izanen da utzitako ikasketekin berriz jarraitu.
Xedapen iragankor bakarra.–V. eta VI. kapituluetako prozedurak.
Araudi honetako V. eta VI. kapituluetan arautzen diren Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko ikasketa unibertsitario ofizialetan onartua izateko prozedurak (Espainiako ikasketa unibertsitario bukatu gabeak aldatzearen bidetik eta atzerriko ikasketa unibertsitarioak partzialki baliozkotzearen bidetik) 2026-2027 ikasturtetik aurrera aplikatuko dira, eta 2026-2027 ikasturtera arte Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko ikasketa unibertsitario ofizialetan onartua izateko araudiaren bidez arautuko dira. Araudi hori Gobernu Kontseiluaren 2017ko maiatzaren 3ko erabaki baten bidez onetsi zen, eta Gobernu Kontseiluaren 2019ko urtarrilaren 31ko, 2019ko irailaren 10eko, 2022ko otsailaren 10eko, 2023ko otsailaren 27ko eta 2024ko apirilaren 23ko erabaki batzuen bidez aldatu.
Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.
Araudi honen xedapen iragankor bakarrean adierazitako salbuespena alde batera utzi gabe, araudi hau indarrean sartzen den egunean indargabetu eginen dira hartan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko arau guztiak. Bereziki, indargabetu eginen da Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko ikasketa ofizialetan onartua izateko araudia, zeina Gobernu Kontseiluaren 2017ko maiatzaren 3ko erabaki baten bidez onetsi baitzen, eta Gobernu Kontseiluaren 2019ko urtarrilaren 31ko, 2019ko irailaren 10eko, 2022ko otsailaren 10eko, 2023ko otsailaren 27ko eta 2024ko apirilaren 23ko erabaki batzuen bidez aldatu.
Azken xedapenetan lehena.–Garapena eta interpretazioa.
Ikasleen gaietan eskumena duen errektoreordetzari ahalmena ematen zaio araudi honetan xedatutakoa betetzeko beharrezko aginduak eman ditzan.
Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.
Xedapen iragankor bakarrean eta xedapen indargabetzaile bakarrean ezarritakoa alde batera utzi gabe, araudi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera sartuko da indarrean eta aplikatuko da.
Iragarkiaren kodea: F2508664
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
