1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1204/2025 EBAZPENA, 2025eko ekainaren 17koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, zeinaren bidez agintzen baita argitara dadila Nafarroako Unibertsitate Publikoan ohorezko lankideak eta ohorezko irakasleak hartzeari buruzko erregelamenduaren aldaketan ikusitako akatsa zuzentzeko erabakia.
2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agintzen dut argitara dadila Gobernu Kontseiluak 2025eko ekainaren 17an harturiko erabaki bat, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Unibertsitate Publikoan ohorezko lankideak eta ohorezko irakasleak hartzeari buruzko erregelamenduaren aldaketan ikusitako akatsa zuzentzeko erabakia.
ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ ZUZENTZEN BAITA NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAN OHOREZKO LANKIDEAK ETA OHOREZKO IRAKASLEAK HARTZEARI BURUZKO ERREGELAMENDUAREN ALDAKETAN AURKITUTAKO AKATSA
Nafarroako Unibertsitate Publikoan Ohorezko Lankideak eta Ohorezko Irakasleak Hartzeari buruzko Erregelamendua Gobernu Kontseiluaren 2013ko urriaren 9ko erabaki baten bidez onetsi zen (2013ko 215. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 7koa).
Hala ere, erregelamendu hori aldatu egin zen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2025eko maiatzaren 20an harturiko erabaki baten bidez (2025eko 108. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 30ekoa).
Zehazki, akats bat aurkitu zen aldaketa hori onesten duen erabakiaren laugarren apartatuan, errekurtsoei buruzkoan. Hain zuzen ere, hartan aipatzen da bidezkoa dela berraztertzeko errekurtsoa jartzea, baina aukera hori baliogabetu egiten du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluak, zeinak espresuki esaten baitu xedapen administratibo orokorren aurka ezin dela errekurtsorik jarri administrazio bidean.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.2 artikuluari jarraikiz, "Administrazio publikoek edozein unetan zuzendu ditzakete, ofizioz edo interesdunek eskaturik, beren egintzetako oker materialak, egitezkoak edo aritmetikoak".
Aurreko guztiagatik, honako hau da Gobernu Kontseiluak, 2025eko ekainaren 17ko bileran, hartu duen,
ERABAKIA:
Lehenbizikoa.–Zuzentzea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Gobernu Kontseiluak 2025eko maiatzaren 20ko bileran harturiko erabaki batean aurkitutako akatsa (2025eko 108. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, maiatzaren 30ean), zeina laugarren apartatuan baitago, zehazki, honela dioen tokian:
"Laugarrena.–Erabaki honen aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea Gobernu Kontseiluari zuzendua, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako maila bereko epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita."
Honela esan behar du:
"Laugarrena.–Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluan eta Unibertsitatearen Estatutuen 144.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, erabaki honek administrazio bidea agortzen du, eta haren aurka zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, bi hilabeteko epean, erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen xedapenetan ezarritakoarekin."
Bigarrena.–Erabaki hau Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzari, sailen zuzendariei eta Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari jakinaraztea.
Hirugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta argi adieraztea honako hau: Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluan eta Unibertsitatearen Estatutuen 144.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, erabaki honek administrazio bidea agortzen du, eta haren aurka zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, bi hilabeteko epean, erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen xedapenetan ezarritakoarekin.
Iruñean, 2025eko ekainaren 17an.–Ramón Gonzalo García, errektorea.
Iragarkiaren kodea: F2508666