1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
433E/2025 EBAZPENA, maiatzaren 25ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, proiektu honi buruzko ingurumen inpaktuaren txostena egiten duena: "Tebasen, La Nueva harrobian jarduera handitzea eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen tratamendua gehituz", Canteras de Alaiz SAk sustatua Tebas-Muru Artederretan.
2025eko otsailaren 11n, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, organo substantiboa den aldetik, goian aipatutako espedientearen ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.
Deskribatutako proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. multzoko b) atalean sartzen da proiektua. Beraz, bertan ezarritakoarekin bat, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.
Proiektuaren xedea da eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko jarduera bat ezartzea, sustatzaileak Alaitz mendiaren iparraldeko hegalean (Tebas-Muru Artederretako 1. poligonoko zenbait lurzatitan) dituen instalazioetan (kareharrizko harrobia eta agregakin naturalak tratatzeko eta saltzeko instalazioa) agregakin birziklatuak ekoizteko.
Jarduera berri hori instalazioen barruan kokatuko da, Tebas-Muru Artederretako 1. poligonoko 176 B azpilurzatian, hormigoitutako eremu batean, non lehen morteroak lantzen baitziren.
Hondakinak jaso, garbitu eta sailkatu ondoren, gaur egun harrobian lortutako agregakin naturalak birrindu, bahetu eta sailkatzen diren instalazioetara eramanen dira.
Proposamenaren informazio grafikoa txosten honen I. eranskinean jasotzen da.
Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren izapidetzea.
Aurkeztutako dokumentazioak jarduera berrirako behar diren instalazioen eta prozesuen deskribapena jasotzen du, bai eta instalazioaren kontrol neurri nagusiak ere, ingurumen kalitatearen gaineko inpaktuak ezabatzekoak (kutsadura, zarata, lurrunkorrak, isurketak, hondakinak, etab.).
Goian aipatutako abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoaren arabera, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak kontsulta egin die eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Zehazki, honako hauei egin zaie kontsulta: Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari (Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua), Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari eta ingurumena babesteaz arduratzen diren 4 elkarteri (Ekologistak Martxan Iruñea, Gurelur-Ingurune Naturala Babesteko Nafarroako Funtsa, Lurra-Lurraren Defentsaren aldeko Elkartea eta Sustrai Erakuntza Fundazioa).
Lege horretan, kontsulten izapidean erantzuteko, ezarritako epea bukaturik, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak erantzun du instalazio horretarako ingurumen baimena emateko espedientea izapidetzen ari dela, aldi berean, non ebaluatuko baitira emisioen, isurketen eta hondakinen sorrerari dagokionez eragin ditzakeen ukipenak. Lurra-Lurraren Defentsaren aldeko Elkarteak ekarpen-dokumentu bat bidali du, eta adierazi du, ezen zaratak, hautsa eta bestelako inpaktuak saihesteko, jarduera konfinatu egin beharko litzatekeela eta uhal garraiatzaileak karenatu edo itxi beharko liratekeela.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuaren ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrari buruz edo ingurumen inpaktuaren txostena egin beharrari buruz, ezartzen diren baldintzekin.
Azterketa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak aintzat hartuta:
Proiektuak Nafarroan hondakinak minimizatzen laguntzen du, ekonomia zirkularra bultzatzen du eta lehengaien beharra murrizten du. Instalazioak ingurumen kalitatean dituen ondorioak (bereziki airearen kalitatea, hautsa, zarata, lurrinkorrak, etab.) jardueraren ingurumen baimen bateratuaren espedientean baloratu eta kontrolatzen dira.
Jarduera lehendik dagoen hormigoizko zabalgune batean eginen da. Zabalgune hori partzialki pantailatuta dago heskai eta kabailoi perimetralekin, eta jarduera berria garatzeko ez da nekazaritzako edo basogintzako lurzati berririk okupatu beharko.
Egindako kontsulten emaitzatik abiatuta, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren bitartez, uste du jarduerak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, baldin eta betetzen badira jarduera berriaren ingurumen baimen bateratuan ezartzen diren baldintzak eta ingurumen inpaktuaren txosten honetakoak; horrek guztiak ez du galarazten indarreko legeriaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk lortu beharra.
Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. "Tebasen, La Nueva harrobian jarduera handitzea eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen tratamendua gehituz" izeneko proiektua, zeina Canteras de Alaiz SAk sustatu baitu Tebas-Muru Artederretan, itxura batean ez du ukipen nabarmenik ingurumenaren gainean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzetan.
2. Aurrekoari jarraikiz, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:
–Txosten hau egin da kontuan izan gabe sustatzaileak aplikatu beharreko araudi espezifikoan ezartzen diren baimen guztiak lortzen dituen ala ez, eta, bereziki, instalazioaren ingurumen baimen integratua, bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak arautzen duen administrazio prozedurarekin (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hori). Izapide horretan, instalazioaren ingurumen alderdi garrantzitsuenak ebaluatuko dira: teknika erabilgarri onenen (TEO) aplikazioa, emisio atmosferikoen eta akustikoen arloko ukipenak, isurketak eta hondakinen sorrera. Jardueraren izaera dela eta, bereziki garrantzitsuak izanen dira lurrunkorrak, zarata eta hautsa kontrolatzeko neurriak, bai eta tratamendu zain dauden eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen pilaketetan sortzen ahal diren lixibiatuen eta partikulen kutsadura ezabatzeko neurriak ere.
–Jarduera berriak "La Nueva" harrobiko erauzketa-jarduera oztopatzen badu, zeina instalazio berberetan garatzen baita, edo harrobia leheneratzeko plana aldatu beharra badakar, sustatzaileak Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuaren baimena lortu beharko du, zerbitzu hori baita arlo horretan Nafarroako Gobernuaren barruan eskumena duen organoa.
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da inolako errekurtsorik jarri, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau igortzea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Tebas-Muru Artederretako Udalari, Basozaintzari (7. barrutia, "Iruña") eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 25ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN INFORMAZIO GRAFIKOA

Iragarkiaren kodea: F2507754