2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
EGUESIBAR
Deialdia, eskola-jantokietan jateko aparteko dirulaguntzak emateko 2025-2026 ikasturtean. Laburpena
Dirulaguntzen Datu Base Nazionala (identifikazioa): 834661.
Argitara ematen da deialdiaren laburpena, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluekin; haren testu osoa kontsulta daiteke Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/convocatoria/834661).
Helburua eta xedea.
Dirulaguntza hauen xedea da prozedura juridikoa arautzea eskola jantokietan jateko aparteko laguntzak emateko Eguesibarren bizi diren eta bertan erroldatuta dauden familiei, banakako ebaluazio araubidean, baldin eta haien umeak Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasketak egiten ari badira (kontuan hartu gabe ikastetxearen kokalekua), familiako bizitza bateratzen laguntzeko lan egoerarekin eta prestakuntza nahiz osasun egoerarekin.
Onuradunak.
Honako baldintza hauetakoren bat betetzen duten familia-unitateak. Familiako bizitza honako hauekin bateratzea:
I.–Bi gurasoak, legezko tutoreak edota adingabea behin-behinean hartu eta tutore gisa aritzen diren pertsonak lanean aritzea jantoki garaian, eta ondorioz ezinezkoa izatea etxean jaten ematea.
–Lan-eszedentzia hartu dutenen kasuan, laguntza emanen da eszedentzia amaitutakoan.
–Deialdiaren xedea eta helburuak betetzen direla ulertuko da pertsona horiek gutxienez lanaldi erdian lan egiten badute, edo lanaldi erdia baino gutxiago denean, baldin eta lanaldi hori eskola-jantokiaren ordutegiarekin bat badator. Aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente kasuan (ABEEE), egoera hori frogatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko da.
II.–Bi gurasoek edota legezko tutoreek iraupen luzeko prestakuntza-jarduerak gauzatzen badituzte (unibertsitate ikasketak, lanbide heziketa, ikastaro espezifikoak...) eta jarduera horiek eskola-ordutegiarekin bat badatoz. Emanen den laguntza kalkulatzerakoan kontuan hartuko da prestakuntza-jarduera zenbat hilabetekoa den.
III.–Eskatzaileak egiaztatzea mendekotasun egoeran dagoela, desgaitasuna duela (%33 edo handiagoa), edo aldi baterako gaixotasuna dela eta medikuaren baja duela, betiere egoerak irauten duen bitartean eskola-jantokiaren ordutegian adingabekoari arreta ematea eragozten badu.
Era berean, deialdi honek barne hartuko ditu aurreko ataletan (I., II., III.) adierazitako egoeretako bi betetzen dituzten eskabideak.
Aintzat hartuko dira halaber, ez-ohikoak izanik, gizarte zerbitzuek eginiko aldez aurreko txostena izan gabe ere laguntza ematea beharrezkoa den egoerak. Balorazio batzordeak aztertuko ditu salbuespen egoerak. Honako hauek hartuko dira salbuespen egoeratzat:
Adingabea babesteko prebentzioko baliabidea bada eskola jantokian jatea. Salbuetsiko da muga ekonomikoak, erroldatzearen antzinatasun eta eta zerga- eta Udalarekin tributu-betebeharrak egunean izatearen baldintza betetzetik, edo Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen ordenantzaren arabera salbuesten ahal diren bertze batzuk.
Bi egoera horiek, salbuespen gisa, %90erainoko dirulaguntza ematea ekar dezakete. Ikastetxe itunduen kasuan, eskola jantokirako sarbidea guztiek baldintza berberetan izanen dutela bermatzeko, zenbateko handiago batekin osatzen ahalko da udal laguntza, Nafarroako Gobernuak ikastetxe publiko eta itunduetarako ematen duen laguntza parekatzeko.
Inola ere ez dira gastu diruz lagungarritzat hartuko zakote-ontzi zerbitzua edo jantoki zerbitzuaren gastuari ez dagozkion bertze gastu batzuk.
Eskabideak aurkezteko epea.
Jantokietarako laguntza eskabideak aurkezteko epea: irailaren 1etik 12ra, modu telematikoan, edo aurrez aurre Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan, 9:00etatik 14:00etara.
Sarrigurenen (Eguesibar), 2025eko martxoaren 6an.–Alkatea, Zuriñe Peñas López.
Iragarkiaren kodea: L2507568