117. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

52E/2025 FORU AGINDUA, maiatzaren 7koa, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi bat onesten baita helduentzako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitateentzako 2025-2026 ikasturterako. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 831270.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen arabera, herritar guztiek eskubidea dute euskara jakin eta erabiltzeko, eta legearen xedeen artean daude, besteak beste, euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun, mailakatze eta errespetu irizpideei jarraikiz, Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera.

Legezko betebehar hori betetzeko, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak esleiturik duen eginkizuna da helduei euskara irakastera bideraturiko laguntzak kudeatzea, bai eta irakaskuntza mota hori ematen duten entitateekin lankidetza-hitzarmenak proposatzea ere, gaur egungo eta etorkizuneko eskariari erantzuten zaiola bermatzeko, bat etorriz azaroaren 15eko 240/2023 Foru Dekretuan xedatutakoarekin (horren bidez onetsi ziren aipatutako erakunde autonomoaren estatutuak).

Hori horrela, bidezkotzat jotzen da helduei euskara irakastea sustatzen duten entitateei laguntza batzuk ematea, 2025-2026 ikasturterako, norgehiagokako araubideari jarraikiz.

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat etorriz,

AGINTZEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi bat onestea helduentzako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitateentzako 2025-2026 ikasturterako.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, zeinak foru agindu honen eranskinean jaso baitira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30002-B3200-4819-334104: Helduei euskaraz irakasteko laguntzak

2025

1.275.000,00

B30002-B3200-4819-334104: Helduei euskaraz irakasteko laguntzak

2026

1.425.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea, bidezko ondorioak izan ditzaten, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuan dagoen Kontu-hartzailetza Delegatura, departamentu horretako Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Euskarabideko Euskara Sustatzeko Atalera eta Gai Administratiboak, Langileria eta Azpiegiturak Kudeatzeko Atalera, eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2025eko maiatzaren 7an.–Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA.–DEIALDIA, HELDUEI EUSKARA IRAKASTEA SUSTATZEN DUTEN ENTITATEEI LAGUNTZAK EMATEKO, 2025EKO IRAILETIK 2026KO ABUZTURA BITARTEKO ALDIRAKO. OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea eta diruz lagundutako aldia.

Deialdi honen xedea da arautzea nola eman laguntzak Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta dauden eta helduei euskara irakastea sustatzen duten entitate juridikoei, lan hori egin dezaten 2025-2026 ikasturtean. Hori dela eta, deialdia urte anitzekoa izanen da.

Laguntza horiek jaso ahal izateko, arestian zehaztutako entitate juridikoek ezinbestean izan behar dute, beren helburu nagusien artean, euskara irakastea, eta horretarako baliabide propioak ere izan behar dituzte, beren programazio propioa barne. Era berean, entitate juridikoek inskribatuta egon behar dute helduentzako ikastegien fitxategian, "Euskaltegiak eta Gau-eskolak" izenekoan. Inskripzio hori Euskarabideak eginen du, entitatearen eskaera jaso ondoren.

Dirulaguntzak emanen dira 2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra bitartean egindako jarduerarako.

2.–Entitate onuradunek bete beharrekoak.

Lehen oinarrian adierazitako entitateek eskatzen ahal dituzte deialdi honetako dirulaguntzak, betetzen badituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluak adierazitako baldintzak eta dirulaguntzen xede diren jarduerak Foru Komunitatean egiten badituzte.

Dirulaguntza hauek eskatzen dituzten fundazioen kasuan, bete beharko dute Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legearen 49. artikuluan kontabilitateari, auditoretzari eta aurrekontuei buruz ezarritakoa: https://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=53978.

3.–Aurrekontu-baliabideak.

Deialdi honetarako zenbatekoa 2.700.000 euro izanen dira; horietatik 1.275.000, 2025eko gastuen aurrekontuko B30002-B3200-4819-334104 partidaren kargura izanen dira ("Helduei euskara irakasteko laguntzak"), eta 1.425.000 euro, berriz, 2026ko ekitaldiko gastuen aurrekontuan gaitu litekeen partida baliokidearen kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.

4.–Irakaskuntza modalitateak eta dirulaguntzen modulu orokorrak.

4.1. Honako irakaskuntza modalitate hauei emanen zaie dirulaguntza:

a) Ikastalde arruntentzako aurrez aurreko irakaskuntza: astean gutxienez 4 irakastordu izan behar dituzte, eta ikasturtean, berriz, gutxienez 80 ordu guztira.

b) Barnetegiak eta udako ikastaro trinkoak: gutxienez 40 irakastordu ikastaro bakoitzeko.

c) Baliabide telematikoen bidezko irakaskuntza: bakoitzak gutxienez ere 100 lanordu izan behar ditu, eta haietatik 15, gutxienez, mintzapraktikakoak izanen dira (astean 7 ordu lan telematikoan eta ordu 1 mintzapraktikan).

d) Euskararen irakaskuntza espezifikoa, eskarian dagoen aniztasunari egokitua: gutxienez 40 irakastordu ikastaro bakoitzeko.

4.2. Aurrekontuetan ezarritako dirua behar den epean eta forman aurkeztutako eskaeren artean banatuko da, baldin eta deialdi honetako betebeharrak betetzen badituzte. Dirua banatzeko, dirulaguntzen modulu orokorrak kalkulatuko dira, eta ezin izanen da inoiz ere entitate onuradun bakoitzak aitortutako defizita gainditu.

Defizita dagoela joko da jarduera garatzeko behar diren gastuak handiagoak direnean lortutako diru-sarrerak baino.

Erreferentziako modulu orokorrak (ikasle-ordu deiturikoak) honela kalkulatuko dira: lehenik eta behin, urte bakoitzerako, emaitza partzialak batuko dira, zeinak lortuko baitira, entitate bakoitzerako, ikastalde bakoitzaren eta urte bakoitzeko irakaskuntza orduen kopurua eta ikastaldearen ratioa biderkatuta. Bigarrenik, urte bakoitzeko partidaren zenbateko osoa zati aurreko batuketa partzialak eginen da.

–2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra bitarteko laguntzetarako, erreferentziako balioak kasuan kasuko partidan erabilgarri dagoenarekin bat etorriko dira, eta ez dira inoiz izanen jardueraren kostua baino handiagoak.

–Aurrez aurreko eskoletan, irakastorduak izanen dira, hain zuzen, diruz lagungarriak izanen direnak.

–Tutoretzapeko autoikaskuntzan, diruz lagungarriak izanen dira ikastegiak dokumentatzen dituenak, gehienez ere 250 ordu ikasleko eta ikasturteko, betiere bigarren oinarriaren c) letran ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Tutoretzapeko autoikaskuntzako ikastaldearen ratioa 12tik gorakoa bada, irakastorduen kopurua bider ikastaldearen ratioa eginen da, eta gero, bider 0,6.

–Barnetegietan, zazpi ordu izanen dira diruz lagungarriak barnetegiko egun bakoitzeko.

4.3. Entitate bakoitzak 2025eko irailetik 2026ko abuztura bitarteko aldirako eginen du eskaera. Eskaeran ikastaldeen aurreikuspena eginen da: dagoeneko dauden taldeak edo aurreikusitakoak, ikastalde bakoitzaren ezaugarriak, ikastalde bakoitzaren irakastordu kopurua urte bakoitzeko, ikastalde bakoitzaren ratioa eta entitatearen irakastordu kopurua osotara (II. eranskina), zehaztuta zeintzuk diren tutoretzapeko autoikaskuntza modalitatekoak eta zeintzuk gainerako modalitateetakoak.

–Aurreikuspen hori erabiliko da entitate eskatzaile bakoitzari dagokion dirulaguntza kalkulatzeko. Nolanahi ere, dirulaguntza ordaintzeko, deialdi honen zazpigarren oinarriak dioena bete beharko da.

–Banaketa hori egin ostean gerakinik bada, oraindik ere defizita duten eskaeren artean hainbanatuko da berriro, 4.2 puntuan adierazitako kalkulu sistema bera aplikatuta.

5.–Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea, eta horiek aurkezteko epeak.

5.1. Eskaera web-formulario bat beteta aurkeztuko da. Web-formulario hori eskuragarri egonen da Nafarroako Gobernuaren web atari instituzionaleko tramiteen katalogoko kasuko tramitean: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/entitate-juridikoei-laguntzak-2025-2026an-helduei-euskara-irakasteko.

Ezinbestekoa da gaitutako helbide elektroniko bakar bat izatea, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren https://dehu.redsara.es/ helbidean eskura daitekeena. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da.

5.2. Hona aurkeztu beharreko dokumentazioaren edukia:

a) Entitatearen datuak: izena, helbidea, herria eta IFZa.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea hark zilegi izan dezan deialdi honetan eskatutako informazioa biltzea beharrezko erakundeetan, espedientea tramitatu eta ebazteko. Horrenbestez, eta aurkakorik adierazi ezean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak kontsultatu eta egiaztatu eginen ditu identifikazio fiskaleko txartelari dagokion dokumentazioa, zerga-betebeharrak egunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzen duena.

b) Entitateko arduradunaren datuak.

c) Dirulaguntzarako eskaera, 2025eko irailetik 2026ko abuztura bitarteko aldirako, laugarren oinarriko 4.3 puntuan zehaztutako baldintzetan, eta harekin batera, II. eranskinean agertzen den fitxa, behar bezala betea.

d) 2025eko irailetik 2026ko abuztura bitarteko aldiari dagokion diru-sarreren eta gastuen aurrekontua, langileei, Gizarte Segurantzari eta funtzionamenduari dagozkien partidak zehaztuta, eta azken horiek, halaber, kanpo zerbitzuetan, gastu didaktikoetan eta bestelakoetan sailkatuta.

Gastuei dagokienez:

–Eskolak ematen dituzten irakasleen irakaslanari dagozkion zuzeneko gastuez eta jardueraren beraren gastu orokorrez gain, beste gastu hauek ere onartuko dira: zuzendarienak, arduradun didaktikoenak, administrarienak, informatikarienak eta jarduera osagarrien bestelako langileenak; horien guztien jardueren ondoriozko gastu orokorrak ere onartuko dira. Horretarako, entitatearen jarduera globalean, deialdira aurkeztutako ikastaroetako jardueraren proportzioa egiaztatzeko nahikoak diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte entitateek.

Diru-sarrerei dagokienez:

–Beste entitate publiko batzuetatik etorritako diru-sarrerak, diruz lagundutako jarduerarako.

–Entitate pribatuetatik etorritako diru-sarrerak, diruz lagundutako jarduerarako.

–Matrikularen ondorioz bildutako zenbatekoak. Entitateak ikasleek ordaindutako matrikulen ordainagiriak gordeko ditu edo, halakorik izan ezean, bankuen laburpenak, ordainketa horiei dagozkienak.

e) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ezin izanen dira onuradun izan zuzenbide publikoko entitateez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi-asmorik badute eta betetzen ez badituzte Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak.

Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete direla ordainketa-epeak:

–Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan: ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak. Egoera hori egiaztatzeko, hurrengo atalean adierazitako frogabideren bat ere erabiltzen ahal dute.

–Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoen kasuan, honako hauen bidez frogatzen ahal dute:

1. Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, zeinetan xehaturik jasoko baita auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioa, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, apartatu honetan zehaztutakoa (%90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.

Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.

2. Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako «Adostutako prozeduren gaineko txostena», non adieraziko baita ezen, berrikuspena eginda sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bati (betetzea ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da), ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legearen ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.

Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezarritako ehunekoa).

Nahi izanez gero, dokumentazio hori laguntza-eskaerarekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenean. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta, lortutakoan, bost egun naturaleko epe luzaezinean aurkeztuko da.

Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

f) Irakasleei dagokienez:

–Lan egoera, titulazio akademikoa eta euskarari dagokion titulazioa; euskararen ezagutzari dagokionez, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 mailaren baliokidea den titulazioa izan behar dute gutxienez.

–Kontratazio berriko irakasleen euskara tituluen fotokopia; euskararen ezagutzari dagokionez, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 mailaren baliokidea den titulazioa izan behar dute gutxienez.

g) Taldeei buruzko dokumentazioa (II. eranskina). Hartan jasoko dira diruz lagundu daitezkeen ikastaldeen gainean eskatzen diren datu akademikoak:

Ikastaldearen hasiera eta amaiera data, haren ezaugarriak, aurreikusitako irakastordu kopurua urte bakoitzean, ikastalde bakoitzaren ikasle kopurua eta ikasle-orduak, eta ikastegiaren ikasle-orduak guztira. Uztail eta abuztuko ikastaroetarako, ikastaldeen, orduen eta ikasleen estimazio bat eginen da, aurreko ikasturteetatik dauden datuak oinarri harturik.

h) Ikasleen gaineko dokumentazioa. "Euskaltegiak eta Gau-eskolak" izeneko fitxategia kudeatzeko aplikazioaren bidez emanen da informazio hori.

5.3. Dirulaguntzarako eskaera eta bosgarren oinarrian eskatzen diren frogagiriak aurkezteko epea 2025eko urriaren 1etik 31ra bitartekoa izanen da.

5.4. Eskaerak aurreko oinarrietan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, entitate interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean akatsak zuzentzeko edo agindutako agiriak aurkezteko. Halaber, adieraziko zaio hori egin ezean eskaerari uko egin diola ulertuko dela, inguruabar hori deklaratzen duen ebazpena eman ondotik.

6.–Dirulaguntzak emateko ebazpena.

6.1. Prozeduraren instrukzioa Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak eramanen du. Hark ebazpen proposamena eginen du Baloraziorako Batzorde Teknikoaren ebaluazioa aztertu ondotik.

6.2. Baloraziorako Batzorde Teknikoa arduratuko da eskaerak ebaluatzeaz; haien kide izanen dira Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuaren titularra, batzordeburu izanen dena, Euskara Sustatzeko Ataleko burua eta laguntzen deialdiaren ardura duen teknikaria, idazkari izanen dena. Batzordearen irizpena loteslea izanen da.

6.3. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu, eta hurrengo 7 egun naturaleko epean jakinaraziko dira.

6.4. Ikasturte osorako onartutako eskaerak kontuan harturik, Euskarabideko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez ebatziko da ikastegi bakoitzerako ikasturte osorako onartu den ordu kopurua, eta orobat finkatuko ikasle-orduko dirulaguntzaren modulua eta ikasturte osoan entitate onuradun bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa, deialdi honen laugarren oinarriari jarraikiz.

Egiazko datuen arabera eta ebazpen honen bosgarren oinarrian ezarritakoaren arabera, baliteke kopuruari azken doikuntza batzuk egin behar izatea.

7.–Frogagiriak.

7.1. Zazpigarren oinarriaren 7.6 puntuan adierazitako epeetan, honako frogagiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Ikasleen zerrenda, ikastaroz ikastaro antolatua. "Euskaltegiak eta Gau-eskolak" izeneko fitxategia kudeatzeko aplikazioaren bidez emanen da informazio hori.

–Diru-sarreren eta egindako gastuen justifikazioko kontu bat, entitateko arduradunak edo horretarako legezko ahalmena duen pertsonak sinatua eta III. eranskinaren arabera betea, zeina IV. eranskinaren (gastuak), V.aren (diru-sarrerak) eta VI.aren (dirulaguntzak) balantze-laburpena izanen baita; excel formatuan bete eta entregatuko da.

–Ikasturte amaierako justifikazioarekin batera, diruz lagundutako entitateek 2025eko irailetik 2026ko abuztura bitarteko aldiari dagokion memoria aurkeztuko dute (VII. eranskina); hartan, diruz lagundutako jardueren programazio orokorra zenbateraino bete den ebaluatuko da.

7.2. Langile gastuen eta funtzionamendu gastuen frogagiriak: nominak eta TC inprimakiak, eta jatorrizko fakturak nahiz kopia soilak eta ordainagiriak.

7.3. Euskarabideak beretzat gordeko du entitate interesdunei jatorrizkoak eskatzeko eskubidea, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko; hala ez bada, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahal ditu.

7.4. Baldin gastuen azkeneko justifikazioa ez bada onartutako aurrekontuaren guztirako zenbatekoa adina, baina, hala ere, entitate onuradunak frogatzen badu dirulaguntzaren xedea benetan bete duela eta superabitik ez dela izan, ez da ulertuko entitate onuradunak ez duela bete dirulaguntza justifikatzearen betebeharra. Dirulaguntzak ematen dituen organoak erabakiko du, nolanahi ere, ea gastuen justifikazioa bateragarria den deialdiaren xedea benetan gauzatzearekin.

7.5. Deialdi honen baitan diruz laguntzen den helburua bete dela ulertzeko, egiaztatu egin behar da ezen proposatutako irakaskuntza jarduera bere osotasunean gauzatu dela, oinarri honen lehen atalean aipatzen den kudeaketa aplikazioko datuak aurkeztuz; horrela izan ezean, jasoko den zenbatekoa gutxituko da, gauzatze-mailarekiko modu proportzionalean gutxitu ere.

7.6. Dirulaguntza ordaintzeko, epe hauen barruan aurkeztu beharko dira dagozkion frogagiriak:

–2025eko irailetik abendura bitarteko aldiari dagozkion frogagiriak. Dokumentazio hori aurkezteko epea 2025eko abenduaren 5ean bukatuko da.

Gertatuko balitz aldi horretako gasturen batzuk justifikatu ezin izatea, ordainketa dokumentazioa aurkezteko epemugaren osterako hitzartuta izateagatik, entitateko ordezkariak erantzukizunpeko aitorpen bat eginda eta gastu horien zerrenda xeheaz justifikatzen ahalko dira (IX. eranskina); baina, edonola ere, frogagiriak aurkezteko hurrengo epearen barruan aurkeztu beharko dira gastu horiek. Bestela, prozedura bat abiatuko da gastuen kalkulu errealetik gora kobratutako zenbatekoa itzultzeko, bai eta horrek sortuko lituzkeen interesak ere.

–2026ko urtarriletik otsailera bitarteko aldiari dagozkion frogagiriak. Dokumentazio hori aurkezteko epea 2026ko martxoaren 16an bukatuko da.

–2026ko martxotik maiatzera bitarteko aldiari dagozkion frogagiriak. Dokumentazio hori aurkezteko epea 2026ko ekainaren 15ean bukatuko da.

–2026ko ekainetik abuztura bitarteko aldiari dagozkion frogagiriak. Dokumentazio hori aurkezteko epea 2026ko irailaren 15ean bukatuko da.

Gertatuko balitz azken aldi horretan gasturen batzuk justifikatu ezin izatea, ordainketa 2026ko irailaren 15aren ondoren eginen dela hitzartuta izateagatik, entitateko ordezkariak erantzukizunpeko aitorpen bat eginda eta gastu horien zerrenda xeheaz justifikatzen ahalko dira (IX. eranskina); baina, edonola ere, aurreko puntuan adierazi bezala aurkeztu beharko dira, 2026ko urriaren 15a baino lehen. Bestela, prozedura bat abiatuko da gastuen kalkulu errealetik gora kobratutako zenbatekoa itzultzeko, bai eta horrek sortuko lituzkeen interesak ere.

7.7. Aurreko epeak ezertan eragotzi gabe, 2026ko irailaren 15era arte aurkezten ahalko dira aldi osoari dagozkion frogagiriak. Hala ere, gehienez ordainduko den diru kopurua ez da emandako diru kopuru osoa izanen, 2026rako emandakoa baizik.

8.–Diru-laguntzen bateragarritasuna.

8.1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, izanik horiek Administrazioarenak berarenak, beste administrazio publiko batzuenak, beste ente publiko edo pribatu batzuenak, edo nazioko nahiz nazioarteko partikularrenak. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

8.2. Beste entitate batzuetatik dirulaguntzak edo laguntzak eskuratzen badira aldi berean, ordainduko den laguntza egokitu eginen da, laguntzak eta sarrerak osotara ez daitezen izan egindako gastuak baino handiagoak.

9.–Dirulaguntzen ordainketa.

9.1. Behar diren frogagiriak deialdi honen zazpigarren oinarriko 7.6 puntuan zehazturiko epeetan aurkeztu ondoan ordainduko dira justifikaturiko gastuei dagozkien zenbatekoak. Nolanahi ere, ordaindutako diru kopurua ezin izanen da izan ordainketa egiten den urteari dagokion zenbatekoa baino handiagoa.

9.2. Behin justifikazio epea amaitutakoan, gertatuko balitz aldea dagoela dirulaguntza emateko estimatutako irakastorduen eta benetan izandako irakastorduen artean, eta benetakoa txikiagoa balitz estimatutakoa baino, jasoko den zenbatekoa proportzionalki gutxituko da, kontuan hartuta irakastordu horiek tutoretzapeko autoikaskuntzakoak diren edo gainerako modalitateei dagozkien; izan ere, tutoretzapeko autoikaskuntzakoak badira, ordu kopurua murriztu egiten da ratioa 12 ikasletik gorakoa denean, 4.2 oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

9.3. Frogagirietan ikusten bada entitate baten defizita aurreikusitako dirulaguntza baino txikiagoa dela, hura murriztu eginen da justifikaturiko defizitarekin bat etorri arte.

9.4. Nolanahi ere, defizitaren zenbatekoa azken ordainketan doituko da, ikasturteko datu metatuak oinarri hartuta.

10.–Oinarriak ez betetzea, itzulketak eta arau-hausteak.

10.1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo zati batean, jarduera gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren arrazoiak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

10.2. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2005 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

11.–Entitate onuradunen betebeharrak, jarraipena eta diru-laguntzen gaineko kontrola.

11.1. Ikastegiak erregistroko fitxa bat eramanen du, ikasleen etengabeko ebaluazioari eta bertaratzeari buruzko datuak idazteko.

11.2. Ikaslearen ebaluazioa modu etengabean eginen da, eta diagnostiko probak eginen dira ikasturtearen hasieran eta amaieran. Ebaluazio prozesuetan erabilitako probak urtebetez gordeko dira egiten direnetik, eta emaitzak azken ebaluazioaren aktan jasorik geldituko dira.

11.3. Administrazioak agiri guztiak eskatzen ahalko ditu noiznahi, kontabilitatekoak, pedagogikoak edo bestelakoak izan.

11.4. Deialdi honetako dirulaguntzen entitate onuradunek baimena emanen dute Nafarroan helduentzako euskararen irakaskuntzarekin loturiko datu estatistikoak tratatzeko.

11.5. Deialdi honen onuradun diren entitateek ordutegiak eta neurriak ezarriko dituzte, ikasleek eta dirulaguntzaren xede den jarduera emateko kontrataturiko pertsonek aukera izan dezaten beren bizitza pertsonala, familiarra eta lan bizitza bateragarri egiteko.

Era berean, material, irudi eta dokumentazio guztiak emakumeen eta gizonen arteko erantzukidetasun, rol aniztasun, berdintasun eta bizikidetza balioak sustatuko ditu.

Horrez gain, bi sexuetako pertsonek orekaz parte hartzea sustatuko da, bai irakasleen bai ikasleen artean.

11.6. Entitate onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

11.7. Onuradunek erabilitako propagandaren ale grafikoen bi kopia aurkeztuko dituzte gutxienez; haietan, Nafarroako Gobernuaren logoa agertuko da, jarduera diruz laguntzen duen entitatea den aldetik.

12.–Dirulaguntzen publizitatea.

12.1. Emandako dirulaguntzak eta onuradunen eta baztertuen zerrenda Nafarroako Gobernuaren webgune instituzionalean argitaratuko dira, tramiteen katalogoko dagokion fitxan.

12.2. Entitate guztiek beren publizitatean adierazi beharko dute beren ikastaroak Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen dituela. Aipamen hori eginen da bat etorriz Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala arautzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuaren jarraibideekin: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.

13.–Gardentasuna.

13.1. Gardentasunari, informazio publikoari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onetsitako negozio zifra.

13.2. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren azken urteko kontuen kopia.

13.3. Entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da informazio hori, telematikoki, Nafarroako Gobernuaren tramiteen web-orrian deialdiaren fitxan gaituko den estekaren bitartez.

13.4. Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

13.5. Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, erakundeak adierazi beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

13.6. Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraituta.

13.7. Aurrekoa galarazi gabe, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, hark bete ahal ditzan Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan ezarritako gardentasun betebeharrak.

13.8. Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

14.–Datu-tratamendua.

Ikasleen eta irakasleen datu pertsonalen tratamendua bat etorriko da Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoarekin.

Hezkuntzako kontseilariaren azaroaren 16ko 213/2011 Foru Aginduaren bidez, "Euskaltegiak eta Gau-eskolak" izeneko fitxategi informatizatua sortu zen, eta hartan datu pertsonalak gordetzen dira.

15.–Aplikatu beharreko legeria eta administrazio-errekurtsoak.

15.1. Deialdi hau oinarri hauetan xedatutakoaren arabera arautuko da, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera ere. Halaber, maiatzaren 19ko 161/1988 Foru Dekretuaren bidez onetsitako erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko da, erregelamendu horren bidez arautzen baita laguntzak ematea helduentzako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitate pribatuei.

15.2. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

15.3. Era berean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

Entitate eskatzaileek eskaera telematikoaren bidez bete beharreko fitxa:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/entitate-juridikoei-laguntzak-2025-2026an-helduei-euskara-irakasteko

Iragarkiaren kodea: F2506903