Iragarkia
117. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 12a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
AZKOIEN
Deialdia, bete dadin Udaltzaingoko agente lehenaren plaza bat, kategoriaz igotzeko oposizio-lehiaketaren bidez
Azkoiengo Udaleko Gobernu Batzarrak, 2025eko maiatzaren 16an hartutako erabaki baten bidez, onetsi zuen deialdi bat, bete dadin agente lehenaren plaza bat, kategoriaz igotzeko oposizio-lehiaketaren bidez, honako hauen arabera:
OINARRIAK
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da betetzea Azkoiengo Udaltzaingoko agente lehenaren plaza bat, funtzionarioen araubidekoa eta C mailakoa, kategoriaz igotzeko lehiaketa-prozeduraren bidez.
Lekualdatze-lehiaketaren ondoriozko plaza izanen da hori: lehiaketaren eta lehiaketa berariazkoaren bidez eginen da lekualdatze-lehiaketa, agente lehenaren lanpostua betetzeko. Txanda honetan eginen da:
Plaza bat, barne-igoerako txandan, Azkoiengo Udaltzaingoko kideendako. Plantilla organikoan 5-03 kodea duen plaza.
Deialdia 2023ko lan publikoaren eskaintzatik dator.
Barne-igoerako txandan betetzen ez den lanpostu hutsa bete gabe deklaratuko da.
1.2. Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaiak bihurtuko da Azkoiengo Udaleko funtzionario publiko eta Udaltzaingoko agente lehen, eta lanpostuari dagozkion eginkizunak beteko ditu.
1.3. Nafarroako polizia kidegoetako kideak mailaz igotzeko prestakuntza-ikastaroak egin bitartean, zerbitzu berezietako egoeran deklaratuta dagoen izangaiak jasoko ditu bere jatorrizko lanpostuan aitortuta dauzkan ordainsariak, osorik, deialdia egiten duen administrazio publikoarengandik, egoera horrek dirauen bitartean.
1.4. Izendatzen den izangaiak izanen ditu azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean eta hori garatzen duten arauetan ezarritako eginkizunak, eskubideak eta betebeharrak (Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legea).
2. oinarria.–Aplikatu beharreko araudia.
Prozedura hau honako arau hauen mende egonen da: 23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa; 718/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa, onesten duena Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, onesten duena Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua; aplikatzekoak diren gainerako arauak; eta deialdi honetako oinarriak.
3. oinarria.–Izangaiak bete beharreko baldintzak.
3.1. Mailaz igotzeko lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Gutxienez hiru urteko antzinatasuna izatea, lanpostuaz jabetuz geroztik, Azkoiengo Udaltzaingoaren zerbitzuko agente lanpostuan.
b) Jatorrizko lanpostuan egotea jarduneko zerbitzuan, edo zerbitzu berezietan edo eszedentzian.
c) Edukitzea Batxilergoko titulua, bigarren mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokideren bat.
3.2. Izangaiek betebehar horiek bete beharko dituzte parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzean eta lanpostuaz jabetu arte.
3.3. Orobat, betebeharra da 28,50 euroko tasa ordaintzea; hala ezarrita dago dagokion ordenantza fiskalean (ordenantza fiskala, tasak arautzen dituena oposizio eta lehiaketa prozeduretan parte hartzeko).
4. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.
4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak noiz eta non aurkeztu behar diren.
a) Deialdian parte hartzeko eskabideak modu telematikoan aurkeztu beharko dira, Azkoiengo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez (https://peralta.sedeelectronica.es/). Horretarako, sortutako izapidean sartu beharko da 20 egun naturaleko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Azken eguna baliogabea bada, epea luzatu eginen da, hurrengo lehen egun baliodunera arte.
4.2. Eskabideek jarraitu beharko diote egoki den ereduari, hau da, https://peralta.sedeelectronica.es/ helbidean deialdiari dagokion izapidean ageri den ereduari eta, eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute deialdiko baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
4.3. Eskabideak aurkezteko unean, izangaiek, eskabideaz gain, honako hau aurkeztu beharko dute:
–Deialdiaren I. eranskineko baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen frogagiriak. Baldin administrazio honen esku badaude izangaiek alegatzen dituzten merezimenduak, izangaiak esan egin beharko du, eta berariaz adierazi beharko du zer prozedura zehatzetan dauden.
Azkoiengo Udaltzaingoko agente lanpostuaren jabetza hartuz geroztik, Udalak ofizioz aurkeztuko du hiru urteko antzinatasuna gutxienez ere baduela frogatzen duen dokumentazioa, baita interesdunaren egoera administratiboari buruzkoa eta egindako eta aitortutako zerbitzuei buruzkoa ere.
–28,50 euroko tasa ordaindu izanaren frogagiria (izapidean sartutako ordainketa-pasabidearen bidez).
Noiznahi zuzentzen ahalko dira eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, ofizioz nahiz interesdunak eskaturik.
4.4. Baldin eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, telematikoki bidali beharko da, ORVE delakoa baliatuz (Erregistro Birtual Elektronikoa), helmugako kode digital honetara igorriz: L01312021.
5. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.
5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Azkoiengo Udalaren egoitza elektronikoan, gardentasun arloan (https://peralta.sedeelectronica.es/), enplegu publikoaren atalean.
Eskaerarik aurkezten ez bada ezarritako epean, alkateak ebazpen bat emanen du, deklaratzeko bete gabe gelditu dela kategoriaz igotzeko lehiaketa.
5.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
Bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda.
5.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatutakoan, eta behin horiek ebatzirik, alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Azkoiengo Udalaren egoitza elektronikoan, gardentasun arloan (https://peralta.sedeelectronica.es/), enplegu publikoaren atalean.
5.4. Aurreko apartatuetan aipatzen diren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan, soilik agertuko da Azkoiengo Udaltzaingoko polizia agentearen zenbakia.
5.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdiko prozeduran eskatutako baldintzak.
Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
6. oinarria.–Kategoriaz igotzeko lehiaketa nola eginen den.
6.1. Oposizio-lehiaketa 2025eko uztailetik aurrera hasiko da, eta 3 hautaketa-fase izanen ditu:
Lehenbiziko fasea: lehiaketaldia; merezimenduak baloratuko dira.
Bigarren fasea: oposizioaldia; ezaguerak neurtzeko probak eta proba psikoteknikoak.
Hirugarren fasea: prestakuntza-ikastaro bat gainditu beharko da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdietako Eskolan.
Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan hasiko diren kategoriaz igotzeko lehiaketa osatzen duten probak. Gainerako proben geroko iragarkiak argitaratuko dira Azkoiengo Udalaren egoitza elektronikoan, gardentasun arloan (https://peralta.sedeelectronica.es/), enplegu publikoaren atalean, gutxienez 48 ordu lehenago.
6.2. Lehiaketaldia.
6.2.1. Lehiaketaldian, lehiakideek aurkeztutako eta behar bezala frogatutako merezimenduak baloratuko dira, eta gehienez 75 puntu izanen dituzte:
a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak. 32 puntu gehienez.
b) Polizia eginkizunarekin lotuta dauden prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa: 32 puntu gehienez.
c) Frantsesez eta/edo ingelesez jakitea: 9 puntu gehienez.
d) Sariak: 2 puntu gehienez.
Epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu aurreko apartatuetarako aurkeztu eta justifikatutako merezimenduak, deialdi honen I. eranskineko baremoaren arabera. Lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezteko unean aurkeztu eta frogatu beharko dira merezimendu horiek, agiri bidez. Epaimahaiak inola ere ezin izanen du frogatutzat hartu aurkeztu ez den eta agiri batez frogatu ez den merezimendurik, eta ezin izanen du eman, apartatu bakoitzeko, adierazitako gehieneko puntuazioa baino puntu gehiago.
Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatutako merezimenduen gainean.
Epaimahaiak behin-behineko puntuazioak argitaratuko ditu Azkoiengo Udalaren egoitza elektronikoan, gardentasun arloan (https://peralta.sedeelectronica.es/), enplegu publikoaren atalean, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du erreklamazioetarako, argitaratzen den egunetik hasita, izangaiek alega dezaten beren eskubideen alde egokitzat jotzen dutena.
Behin epaimahaiak ebatzirik behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako erreklamazioak, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak onetsiko ditu, eta argitaratuko ditu Azkoiengo Udalaren egoitza elektronikoan, gardentasun arloan (https://peralta.sedeelectronica.es/), enplegu publikoaren atalean.
Alegaziorik ez bada, behin-behineko puntuazioak behin betiko bihurtuko dira, eta argitaratuko dira aurreko paragrafoan ezarri bezala.
6.3. Oposizioaldia.
6.3.1. Oposizioaldian honako hauek sartuko dira:
a) Proba teorikoa, lanpostuko edukiari eta eginkizunei buruz: 150 puntu gehienez.
b) Proba psikoteknikoak: 30 puntu gehienez.
Proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Prozesutik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak. Probak hasita daudela bertaratzen direnak ere kanporatu eginen dira.
6.3.2. Proba teorikoan (aurreko 6.3.1. apartatuaren a) letran zehaztua) 150 puntu lor daitezke gehienez: test motako azterketa bat egin beharko da, 50 galderakoa, II. eranskineko gai-zerrendari buruz. Galdera bakoitzak hiru erantzun izanen ditu aukeran. Galdera zuzen bakoitzeko 3 puntu emanen dira, eta oker bakoitzeko, puntu bat kenduko.
Proba hau baztertzailea izanen da eta, gainditzeko, 75 puntu lortu beharko dira gutxienez.
Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.
Epaimahaiak behin-behineko puntuazioak argitaratuko ditu Azkoiengo Udalaren egoitza elektronikoan, gardentasun arloan (https://peralta.sedeelectronica.es/), enplegu publikoaren atalean, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du erreklamazioetarako, argitaratzen den egunetik hasita, izangaiek alega dezaten beren eskubideen alde egokitzat jotzen dutena.
Behin epaimahaiak ebatzirik behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako erreklamazioak, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak onetsiko ditu, eta argitaratuko ditu Azkoiengo Udalaren egoitza elektronikoan, gardentasun arloan (https://peralta.sedeelectronica.es/), enplegu publikoaren atalean.
Alegaziorik ez bada, behin-behineko puntuazioak behin betiko bihurtuko dira, eta argitaratuko dira aurreko paragrafoan ezarri bezala.
6.3.3. Honela eginen dira proba psikoteknikoko (6.3.1 apartatuko b) letra) gaitasun-probak: zenbait proba eginen dira, zehazteko izangaia zer neurritan egokitzen den lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara. Psikologia Aplikatuaren Atalak eginen ditu proba horiek (Psikologia Aplikatuaren Atala, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutukoa), eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat. Proba psikoteknikoko gaitasun-proba ez da baztertzailea izanen, eta 0tik 25 puntura bitarte baloratuko da.
Proba teorikoa gainditzen duten izangai guztiek eginen dituzte proba psikoteknikoko gaitasun-probak.
Proba nola eginen den:
Behar den azterketa eginen du Psikologia Aplikatuaren Atalak (Proba psikoteknikoko gaitasun-proba), organo aholku-emailea den aldetik, eta, berarekin batera, kalifikazio-epaimahaiak (edo horrek eskuordetzen duen pertsonak), lanpostuaren beharrak eta eskakizunak ezagutzen baititu. Hala, ebaluatu beharreko faktore edo gaitasunak proposatuko dituzte, bai eta eginkizunak egoki betetzeko behar diren eskakizunak ere. Profil profesiografikoaren proposamena epaimahaiari helaraziko zaio, probak hasi aurretik onar dezan.
Probak bi zati izanen ditu: lehenbizikoan, galdera-sorta bat edo batzuk eginen dira izaera orokorrari buruz eta/edo lan esparruko gaitasunei buruz. Eta bigarrenean, elkarrizketa pertsonala eginen da, eta/edo talde-lanekoa, eta, hala, lehenbiziko zatiko galde-sortarekin alderatuko da. Kalifikazio-epaimahaiak argitaratuko ditu, probak egin aurretik, profilari eta probei buruz garrantzitsutzat jotzen dituen gai guztiak.
Epaimahaiak behin-behineko puntuazioak argitaratuko ditu Azkoiengo Udalaren egoitza elektronikoan, gardentasun arloan (https://peralta.sedeelectronica.es/), enplegu publikoaren atalean, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du erreklamazioetarako, argitaratzen den egunetik hasita, izangaiek alega dezaten beren eskubideen alde egokitzat jotzen dutena.
Behin epaimahaiak ebatzirik behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako erreklamazioak, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak onetsiko ditu, eta argitaratuko ditu Azkoiengo Udalaren egoitza elektronikoan, gardentasun arloan (https://peralta.sedeelectronica.es/), enplegu publikoaren atalean.
Alegaziorik ez bada, behin-behineko puntuazioak behin betiko bihurtuko dira, eta argitaratuko dira aurreko paragrafoan ezarri bezala.
6.4. Alegatutako eta behar bezala frogatutako merezimenduak baloratu ondoren, eta probetako puntuak batuta (proba teorikoa eta proba psikoteknikoak), epaimahaiak parte-hartzaileek lortutako puntuazioak paratuko ditu Azkoiengo Udalaren egoitza elektronikoan, gardentasun arloan (https://peralta.sedeelectronica.es/), enplegu publikoaren atalean, eta 5 egun balioduneko epea emanen du, interesdunek beren eskubidearen arabera komeni zaiena erreklama eta alega dezaten balorazio horri buruz.
Erreklamazioetarako epea iraganik eta epaimahaiak haiek ebatzitakoan, epaimahaiak izangaien zerrenda argitaratuko du Azkoiengo Udalaren egoitza elektronikoan, gardentasun arloan (https://peralta.sedeelectronica.es/), enplegu publikoaren atalean, eta, bertan, adieraziko dira lehiaketan guztira lortutako puntuazioak.
Berdinketarik bada, lehenetsiko dira Azkoiengo Udalerako zerbitzuan antzinatasun onarturik handiena dutenak. Horrekin ere berdinketak baldin badirau, lehiatzaile zaharrenaren alde joko da.
7. oinarria.–Igoerarako trebakuntza ikastaroa.
7.1. Zerbitzu berezien egoeran deklaratzea.
Azkoiengo Udaltzaingoko agente lehena izateko ikastaroa egiteko, zeina emanen baitu Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak, hautapen-prozeduran puntuazio handiena lortu duen izangaia deklaratuko da zerbitzu berezietako egoeran, jarraikiz azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 50.4 artikuluari (Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legea).
Trebakuntza ikastaroa egiteko onartutakoen zerrendarekin batera adieraziko da ikastaroa zer toki, egun eta ordutan hasiko den.
7.2. Izaera baztertzailea.
Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako prestakuntza-ikastaroa baztertzailea izanen da. Ikastaroa bukatutakoan, izangaiari "Gai" edo "Ez gai" kalifikazioa emanen zaio, eta "Ez gai" kalifikazioa dutena ezin izanen da izendatu.
Trebakuntza ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, eta Eskolak berak erabakitzen duena iraunen du.
Baztertu eginen da ikastaroa osatzen duten arlo guztiak gainditzen ez dituen izangaia.
7.3. Ikastaroa bukatutakoan, langilea jarduneko egoerara itzuliko da berehala, zerbitzu berezietako egoeran deklaratu zenean zuen lanpostura.
Zerbitzu berezietan deklaratzeak ez du aldaketarik sortuko izangaiaren gizarte aurreikuspeneko sisteman, segituko baitu jatorrizko lanpostuan zuenarekin.
Zerbitzu berezietako egoeran deklaratuta dagoen izangaiak, egin bitartean Nafarroako polizia kidegoetako kideak mailaz igotzeko trebakuntza ikastaroak, jasoko ditu bere jatorrizko lanpostuan aitortuta dauzkan ordainsariak, osorik, deialdia egiten duen administrazio publikoarengandik, egoera horrek dirauen bitartean.
Zerbitzu berezietako egoera bukatutakoan, aurreko apartatuan aipatutako ordainsari-erregimena izateari utziko zaio, eta horrek ez du ekarriko eskuratutako eskubiderik, ez eskubide pasiborik sortuko, ezta deialdiko lanpostuaren ondoriozko inolako eskubiderik ere.
8. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.
8.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: Juan Carlos Castillo Ezpeleta, Azkoiengo Udaleko alkatea.
Ordezkoa: María Pilar Orduña Osés, Azkoiengo Udaleko lehen alkateordea.
Idazkaria: Eva María López Soto, Azkoiengo Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: Jose María Gainza Ordoqui, Azkoiengo Udaleko kontu-hartzailea.
Epaimahaikidea: Gorka Busto Idalga, Azagrako Udaltzaingoko burua.
Ordezkoa: Juan Luis Pellejero Verdejo, Corellako Udaltzaingoko burua.
Epaimahaikidea: Oscar Mateo Sesma, Funesko Udaltzaingoko burua, langileen ordezkariek izendatua.
Ordezkoa: Jesús Soto Medrano, Azkoiengo Udaltzaingoko agentea, langileen ordezkariek izendatua.
Epaimahaikidea: Oscar Mateo Sesma, Funesko Udaltzaingoko burua, Azkoiengo Udaleko ordezkariek izendatua.
Ordezkoa: Jesús Soto Medrano, Azkoiengo Udaltzaingoko agentea, Azkoiengo Udaleko ordezkariek izendatua.
8.2. Epaimahaia eratuko da epaimahaiburuak deituta, probak hasi baino lehenago.
8.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Nolanahi ere, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan edo, bestela, haien ordezkoek.
8.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 39/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
8.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruzko auzi guztiak.
Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
9. oinarria.–Hautaprobak gainditu dituztenen zerrenda.
Prestakuntza-ikastaroa bururatu ondoan, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariak giza baliabideetako zuzendariari igorriko dizkio izangaiak prestakuntza-ikastaroan lortutako kalifikazioak, izendatu dezan eta lanpostu hutsa eman diezaion.
10. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.
10.1. Eskatutako agiriak aurkeztu ondoren, alkateak Azkoiengo Udaltzaingoko funtzionario eta agente lehen izendatuko du kategoriaz igotzeko lehiaketa gainditu duen izangaia, eta aginduko du izendapena argitaratzeko, Azkoiengo Udalaren egoitza elektronikoan, gardentasun arloan (https://peralta.sedeelectronica.es/), enplegu publikoaren atalean, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
10.2. Izendatutako izangaiak karguaz jabetu beharko du izendapen ebazpenean erabakitzen den egunean. Behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaz jabetzen ez direnek igoerarako eskubidea galduko dute.
11. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.
Azkoiengo Udala da parte-hartzaileengandik biltzen diren datuen tratamenduaren arduraduna, eta erabiliko ditu deialdia kudeatzeko eta lanpostuak betetzeko.
Datuen tratamendua ahalbidetzen duen oinarri legitimoa da legezko betebeharra (Datuak Babesteko Europako Erregelamenduaren 6.1.c) artikulua), abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuarekin loturik (legegintzako foru dekretu horrek hizpide du Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua) eta Datuak Babesteko Europako Erregelamenduaren 6.1.b) artikulua: tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko.
Datuak edukiko dira aipatutako helburua betetzeko behar den denboran, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).
Datuak organo judizialei eta ordezkari sindikalei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta argitara emanen dira Udalaren webgunean eta iragarki-tauletan, deialdian adierazi bezala. Beste datu-komunikazio batzuk egiten ahalko dira, betiere DBEOren 6. artikuluko kasuren batean oinarrituta badaude.
Parte-hartzaileek eskubidea dute datuetara iristeko, datu horiek zuzentzeko, zuzenak ez badira, eta datuak ezerezteko, bai eta beste eskubide batzuk ere. Horretarako, jo beharko dute Azkoiengo Udalera (Plaza Principal z.g., 31350; Azkoien) egoitza elektronikoaren bitartez (https://peralta.sedelectronica.es/) edo baliatu beharko dute datuen babeserako arduradunaren posta elektronikoa (dpd@aytoperalta.com). Era berean, erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril), edo egoitza elektroniko honetan: www.agpd.es. Edo aldez aurretik aurkeztu dezakete datuen babeserako arduradunari zuzenduta, lehen adierazitako helbidean.
12. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka nahiz honen oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka aurkez daiteke gora jotzeko errekurtsoa, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
I. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA
A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 32 puntu gehienez.
1. Nafarroako udaltzaingoetako kidego batean, lanpostu finkoan egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 1,50 puntu, polizia edo agente postuan.
2. Deialdiaren xede den enpleguan Nafarroako Polizia-kidegoetan bitarteko gisa egindako zerbitzuen urte bakoitzeko: 1,65 puntu.
3. Nafarroako administrazio publiko baten mendeko beste segurtasun-kidego eta indar batzuetan modu finkoan egindako zerbitzuak: 1,50 puntu, polizia edo agente lanpostuan.
Oharrak:
1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.
2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.
3. Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari begira, kontatuko dira egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala.
B) Polizia eginkizunarekin lotutako prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa: 32 puntu gehienez.
1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea:
0,10 puntu kreditu akademiko edo baliokide bakoitzeko (10 eskola ordu), eta 10 puntu gehienez.
Oharrak:
1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatu eginen dira.
2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.
3. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.
4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, puntuazio berarekin baloratuko da Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea. Horien artean berariaz sartzen dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatuak.
5. Apartatu honetan aipatutako merezimenduak baloratuko dira soilik baldin deialdiko lanpostuarekin zerikusia badute. Ez dira inondik ere baloratuko agente lehenaren lanpostua eskuratzeko prestakuntza ikastaroak.
2. Biltzar edo jardunaldietan ponentziak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 4,5 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan hartuz lana edo jarduera pertsona bakar batek edo taldean egina den, eta biltzarra edo argitalpena zer mailatakoa den: tokikoa, eskualdekoa, Estatukoa edo nazioartekoa.
3. Sektore publikoaren arloko prestakuntza jarduerak antolatzea, eta/edo horietan irakasle jardunean parte hartzea: 4,5 puntu gehienez, kalifikazio-epaimahaiak baloratu beharrekoak, haien iraupenaren arabera.
4. Titulazioak eta espezialitate akademikoak, loturik daudenak polizia eginkizunekin eta, betiere, deialdian eskatzen direnaz bestelakoak, doktoretza, lizentzia, diploma, 9 puntu gehienez:
Oharrak:
1. Unibertsitateko lizentzia edo gradua: 4,0 puntu.
2. Unibertsitateko diplomak eta doktoretza: 2,0 puntu.
3. Masterrak: 1,50 puntu.
4. Segurtasun pribatuko zuzendaria: 1,00 puntu.
5. Adituak eta espezialistak: 0,50 puntu.
5. Epaimahaiak baloratu beharreko beste merezimendu batzuk: besteak beste, sektore pribatuko lanak, bekak edo prestakuntza-egonaldiak, edo parte hartzea kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan: 4,5 puntu gehienez.
C) Hizkuntzak jakitea: ingelesa eta/edo frantsesa: 9 puntu gehienez.
1. Ingelesa eta/edo frantsesa (hizkuntza horietako bakoitzeko 5 puntu gehienez):
a) A1 maila: puntu bat.
b) A2 maila: 2 puntu.
c) B1 maila: 3 puntu.
d) B2 maila: 4 puntu.
e) C1 maila: 5 puntu.
Tituluak eta ziurtagiriak baloratuko dira jarraikiz Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailei. Maila horiek jasotzen dira NAPIko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean, horren bidez ezarri baitziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite maila frogatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, jarraikiz Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuari (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).
Goragoko mailari dagokion puntuazioa emanen da, eta ez dira inoiz batuko hizkuntza bereko bi maila edo gehiagoko puntuazioak.
D) Sariak: 2 puntu gehienez.
1. Zerbitzu Goraipagarrien plakagatik: 1,25 puntu.
2. Zerbitzu Goraipagarrien dominagatik: 0,75 puntu.
3. Jendaurreko esker onagatik: 0,50 puntu.
4. Esker on pribatuagatik: 0,25 puntu.
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa: atariko titulua: zigor bermeak eta zigor legearen aplikazioa. I. titulua. Arau-hauste penala. II. titulua: delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak.
2.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, onesten duena Prozedura Kriminalaren Legea: II. liburua: I. titulua: salaketa, III. titulua: polizia judiziala, VI. titulua: zitazioa, atxiloketa eta behin-behineko espetxeratzea. VIII. titulua: I. kapitulua: toki itxian sartu eta hori miatzea. II. kapitulua: polizia judizialaren eta Fiskaltzaren jarduketak. III. titulua: delitu jakin batzuk azkar epaitzeko prozedura. I. eta II. kapituluak.
3.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, arautzen duena Adingabeen Erantzukizun Penala, atariko titulua. I. titulua. legearen aplikazio eremua. III. titulua, prozeduraren instrukzioa: I. kapitulua: arau orokorrak.
4.–11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua.
5.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, onesten duena Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina.
6.–1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, Zirkulazio Erregelamendu Orokorra onesten duena, aplikatuz eta garatuz Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna –zeina onetsi baitzen martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez–.
7.–4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, hizpide duena segurtasun indarrek eta kidegoek leku publikoetan bideokamerak erabiltzea.
8.–7/2021 Lege Organikoa, maiatzaren 26koa, hizpide duena nola babestu arau-hauste penalak prebenitu, antzeman, ikertu eta epaitzeko eta zehapen penalak betearazteko xedez tratatutako datu pertsonalak.
9.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa, I. kapitulua: xedapen orokorrak, II. kapitulua: dokumentazio eta identifikazio pertsonala, eta III. kapitulua: herritarren segurtasuna mantentzeko eta berrezartzeko jarduerak, V. kapitulua: zehapenen araubidea. 1. eta 2. atalak.
10.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, arautzen dituena ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak.
11.–201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, arautzen duena ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra.
12.–202/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, onesten duena establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa eta arautzen dituena enpresen eta lokalen erregistroak.
13.–33/2011 Foru Dekretua, maiatzaren 2koa, baldintzak arautzen dituena aisiako jardueretan sartzeko eta haietan egoteko, eta ezartzen dituena sarrera kontrolatzen duten langileen gaikuntza irizpideak eta eginkizunak.
14.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.
15.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Atariko titulua: xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua, I., III. eta IV. kapituluak.
16.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea. IV. titulua: administrazio prozedura erkideari buruzko xedapenak.
17.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. I. titulua eta 12. artikulua.
18.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa.
19.–Azkoiengo Udalaren erregelamendu eta udal ordenantza ez-fiskalak:
–Udal ordenantza, arautzen duena terrazak eta beladoreak paratzea (2020eko 30. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 13koa).
–Udal ordenantza, piperoak arautzen dituena (2005eko 60. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).
–Udal ordenantza, arautzen duena arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea (2014ko 129. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 3koa).
–Ordenantza, arautzen duena merkataritza ez-egonkorra (2026ko 71. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 14koa eta 2018ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 10ekoa).
–Akordioa, honako hauen artean: Azkoiengo Udala eta Azkoiengo Udaleko funtzionarioen ordezkari sindikalak. Akordio horrek hizpide ditu Azkoiengo Udaltzaingoko lan baldintzak (2013ko 121. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa).
OHARRA: gai guztiak baloratuko dira jarraikiz deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarrean dagoen legediari; nolanahi ere, egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahal ditu epaimahaiak.
Azkoienen, 2025eko maiatzaren 22an.–Alkatea, Juan Carlos Castillo Ezpeleta.
Iragarkiaren kodea: L2507466
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
