Iragarkia
117. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 12a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ARAKIL
Deialdia, administrari-ofizialaren bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko
Alkatetzaren 2025eko maiatzaren 19ko ebazpen baten bidez deialdi bat onetsi zen, Arakilgo Udaleko administrari-ofizialaren bi lanpostu, oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko, funtzionarioen araubidean jarduteko. Honako hauek dira deialdiaren oinarriak:
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea administrari-ofizialaren bi lanpostu, funtzionarioen araubidekoak eta C mailakoak eta lanaldi osoan, Arakilgo Udalaren zerbitzura jardun dezaten. Lanpostuek 4 eta 5 zenbakiak dituzte plantilla organikoan, 2025. urterako onetsitako lan publikoaren eskaintzaren arabera, eta honako txanda hauetan banatuta daude:
–Lanpostu bat txanda irekian.
–Lanpostu bat igoera txandan.
Igoera txandako lanposturen bat bete gabe geldituz gero izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, lanpostu horiek txanda irekikoei gehituko zaizkie.
Era berean, eta 9. oinarrian ezarritakoarekin bat, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, administrari-ofizialaren lanpostua aldi baterako betetzeko, lehen proban puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaiekin.
Izendapenaren ondorioz hautatuak gertatzen direnak Arakilgo Udaleko funtzionario bilakatuko dira, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen diren egunetik hasita, eta alta emanen zaie Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean.
1.2. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien C mailako ordainsariak dituzte lanpostuek, bai eta plantilla organikoan soldatarako ezarritako osagarriak ere.
1.3. Urteko lanaldia izanen da Udalaren bulegoetako gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.
1.4. Egin beharreko lanak izanen dira haren mailari eta kategoriari dagozkienak; bertzeak bertze, jendeari harrera egitea eta Udalaren administrazio zerbitzuei sostengu ematea.
Guztiz zehaztuta ez badaude ere, hona zeregin batzuk:
–Jendearendako arreta, udaleko administrazio-zerbitzuei laguntzea eta administrazio-lan orokorrak.
–Udalaren gastu-fakturak kontrolatzea.
–Gastu-fakturak eta helbideratutako ordainketak kontabilizatzea.
–FACE kontrolatu eta kudeatzea.
–Arlokako txostenak egitea.
–Arakilgo Udalak likidatu beharreko edozein zergan, tasan edo prezio publikoren erroldeak eta/edo ordainagiriak egitea eta kudeatzea.
–Udaleko alorrendako garatutako datu-baseen aplikazioak kudeatzea, mantentzea eta aldatzea.
–Ebazpenen kudeaketa.
–Faktura elektronikoaren interfazea - Kontabilitatea.
–Nominen interfazea - Kontabilitatea.
–Kontu-hartzailetzako administrazio-lanak (ordainagiriak, kobrantzak, ordainketak, bekak, etab.) eta Excel eta Acces erabiltzea.
–Gainbalioak.
–Ematen dizkioten espedienteetan diren agiriak zehazki laburtu eta horren berri behar bezala ematea Udaleko administrazio zerbitzuen arduradunari, baita kudeaketa organoei ere.
–Udaleko administrazio zerbitzuen arduradunari jasotzen diren agirien berri ematea.
–Tramiteko eginbide eta ofizioak prestatzea, Udaleko administrazio zerbitzuen arduradunak adierazten dizkion jarraibideei loturik.
–Bere ardurapeko espedienteen kudeaketa, jarraipena eta kontrola, eta espedienteen administrazio-izapideak osatzea, dagozkien agiriak erantsiz (hala nola, honako espedienteei dagozkienak: katastroa, hirigintza, obra baimenak, jarduera sailkaturako lizentziak; kontribuzioa, jarduera ekonomikoen gaineko zerga, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga).
–Erregistro Zibilaren kudeaketa.
–Zailtasun juridikorik gabeko txosten eta ebazpen proposamenak prestatzea Udalaren eskumeneko espedienteen gainean, Udaleko administrazio zerbitzuen arduradunaren zehaztapenei jarraituz.
–Horrela erabakiz gero agindu ahal zaizkion lan arloetan, datuak lortzen eta eransten laguntzea txosten, proposamen, espediente eta era guztietako lanetan.
–Idazkaritza arloko eginkizun eta eskumenak garatzea eta horietan laguntzea, baita komunikatuen, kide anitzeko organoetarako deialdien, akordioen eta abarren arloan ere.
–Jendeari harrera egitea eta argibideak ematea, gaien tramitazioan parte hartu badu edo espedienteen egoeraren berri badu.
–Eta, oro har, arestian deskribatutakoen antzeko zeregin guztiak egitea, bai eta zerbitzua dela-eta agintzen zaion bertze edozein eginkizun edo zeregin ere, lanpostuari dagokionez eta haren mailaren eta kategoriaren barnean.
2.–Baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:
a) Espainiar nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko bertze estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.
c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hauetako bat, gutxienez, edukitzea, edo eskuratzeko moduan egotea (eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina): Batxilergoa, II. mailako Lanbide Heziketa edo horien baliokidea.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen agiria eduki beharko da.
d) Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, euskarazko C1 maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat izatea. Titulu edo ziurtagiri horrek agertu beharko du Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean bildu den titulu-zerrendan, edo, bertzela, ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa izan beharko du.
e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.
f) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
2.1.2. Igoera txandako izangaiendako berariazko betebeharrak:
Igoera txandako izangaiek, aurreko apartatuan adierazitako betebeharrez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte:
a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea.
b) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona zerbitzuak egiten ari baldin bada deialdia egin duen Administrazioko bertze lanpostu finko edo aldi baterako batean.
c) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.
d) Deialdian eskatutako titulua edukitzea eta administrazio publikoetan bortz urteko antzinatasun onartua izatea, Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute zortzi urtez egin dituztela zerbitzuak kidego horietan.
Bertzalde, d) letran adierazitako baldintzen ordez, administrazio publikoaren zerbitzuan egiazki egindako zortzi urte onartuak froga daitezke.
2.2. Gainditu eta lanpostua eskuratzen duten izangaiek deialdi honen 8. oinarrian ezarritako epean eta moduan frogatu beharko dituzte aipatu beharkizun guztiak. Eskabideak aurkezteko epearen azken egunean bete beharko ditu eta haien jabe izanen da hautatze prozeduran, harik eta izendatu arte.
3.–Eskabideak eta aurkezteko epea.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko 30 egun naturaleko epea egonen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, eta modu telematikoan aurkeztu behar dira Arakilgo Udalaren egoitza elektronikoaren erregistroaren bidez (https://arakil.sedelectronica.es/info.0), eskaera orokorra izapidea baliatuta.
Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), "administrazioek haiekin harremana nahitaez bitarteko elektronikoz izan beharra ezarri ahal izanen dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuendako, haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bertzelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna badutela".
Halaber, 2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 26ko 19/2024 Foru Legearen 27. artikuluan (Nafarroako Administrazio Publikoek deitutako hautapen prozesuei buruzko xedapenak), hau ematen da aditzera: "Nafarroako administrazio publikoei ahalmena ematen zaie Administrazioan sartzeko edo bertako lanpostuak betetzeko hautapen-prozesuen deialdietako eskabideak eta gainerako dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkez daitezela eskatzeko".
Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.2. Eskabideak deialdi honen I. eranskinean argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio. Haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
3.3. Desgaitasun aitortua duten izangaiek (%33koa edo hortik gorakoa) egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denbora eta baliabideen aldetik, ariketak egin ahal izateko, hala behar izanez gero. Halakoetan, eskabidearekin batera adierazi beharko dute, zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean.
3.4. Izangaiek alegatu egin beharko dituzte kalifikazio-epaimahaiak baloratu beharreko merezimenduak, deialdi honen seigarren oinarriaren arabera.
Dokumentazio hori aurkezten ez bada eskabideetarako ezartzen diren epean eta moduan, ez dira baloratuko merezimenduak.
3.5. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa. Eskaera aurkezteko unean, izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
3.5.1. NANaren edo nortasuna frogatzen duen bertze agiri baten fotokopia.
3.5.2. Deialdiko 2. oinarrian eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.
3.5.3. Alegatutako merezimenduak frogatzen dituzten ziurtagiriak, lehiaketaldian baloratzeko, 6. oinarrian ezarritako baremoari jarraikiz.
3.5.4. Desgaitasun aitortua duten izangaiek (%33koa edo hortik gorakoa) aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, azterketak egiteko egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denboraren nahiz baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.
3.5.6. Azterketa-eskubideetarako 25 euro ordaindu izanaren frogagiria; dirua Caixa Bankeko ES49 2100 5016 1021 0019 988 kontuan sartuko da. Ordainagirian datu hauek adierazi beharko dira nahitaez:
–Izangaiaren izen-deiturak.
–Kontzeptua: administrari-ofizialaren azterketa.
Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.
3.5.7. Euskararen C1 maila frogatzen duen titulua edo ziurtagiri ofiziala.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Arakilgo Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duena, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Arakilgo Udalaren egoitza elektronikoan argitara dadila.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina, erreklamazioak aurkezteko eta, deialdiko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko agirietan akatsik egin badute, horiek zuzentzeko. Telematikoki aurkeztu beharko dira erreklamazioak .
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta horiek ebatzi ondoren, alkateak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Arakilgo Udalaren egoitza elektronikoan argitaratzeko.
Baldin onartuen behin-behineko zerrendarako bazterturik ez badago, onartuen behin betiko zerrenda onetsiko da.
4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du erran nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela erabaki honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.5. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioko lehen ariketa eta epaimahaiaren behin betiko osaera. Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Arakilgo Udalaren egoitza elektronikoan.
4.6. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko, baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaien arrazoi batengatik.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: Oihana Olaberria Jaka, Arakilgo Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Raúl Angulo Blanco, Arakilgo Udaleko alkateordea.
Epaimahaikidea: María Rosario Unanua Yaben, Arakilgo Udaleko administrari-ofiziala.
Ordezkoa: María Jesus Martiarena Iriarte, Irurtzungo Udaleko administrari-ofiziala.
Epaimahaikidea: Eva Salinas Urra, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.
Ordezkoa: Ana Cristina Laborda Cano, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.
Epaimahaikidea: Nekane Areta Gaztañaga, Lakuntzako Udaleko administrari-ofiziala.
Ordezkoa: Aintzane Erdozia Razkin, Arbizuko Udaleko administrari-ofiziala.
Epaimahaikide idazkaria: Imanol Goñi Razkin, Arakilgo Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: Ione Miren Lazkoz Maiza, Arruazu, Irañeta eta Uharte Arakilgo Udalen Batasuneko idazkaria.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, jarraikiz urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluari (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.3. Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, kide guztien gehiengo osoa bildu beharko da gutxienez.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da: lehiaketaldia lehenbizi, eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
6.2. Lehiaketaldia. Epaimahaiak izangaiek aurkeztutako merezimenduak baloratuko ditu, ondotik heldu den baremoari jarraikiz. Merezimenduak agiri bidez frogatu beharko dituzte izangaiek, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Horrela egin ezean, ez dira aurkeztutzat hartuko. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.
6.3. Merezimenduen baremoa. Lehiaketaldian, 15 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen.
6.3.1. Laneko esperientzia. Gehienez ere 10 puntu.
a) Edozein administrazio publikotan administrari-ofizialaren lanetan egindako urte bakoitzeko: 2 puntu urteko.
b) Edozein administrazio publikotan administrari laguntzailearen lanetan egindako urte bakoitzeko: puntu bat urteko.
Egindako zerbitzuak baloratzeko, kontuan hartuko dira honako inguruabar hauek:
a) Bete diren lanpostuen maila, haietan eskatutako titulazioa eta lanpostuen izena.
b) Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
c) Lanaldi partzialean egindako zerbitzuak berdin baloratuko dira, lanaldia edozein izanik ere.
d) Bertze zerbitzu batzuekin aldi berean egindako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik handiena dutenak bakarrik baloratuko dira.
e) Lanean egindako denbora baloratzeko, aurkeztu beharko da, zerbitzuak zein administraziotan egin diren, harexek eginiko ziurtagiri bat, betetako eginkizunak frogatzen dituena eta lanpostu horretarako eskatu zen titulazioa adierazten duena.
6.3.2. Prestakuntza. Gehienez ere 5 puntu.
Lanpostuari dagozkion gaiei buruzko prestakuntza, hobekuntza eta espezializazioko ikastaroak, erakunde eta zentro ofizialek emanak edo homologatuak, eta Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Hitzarmenen esparruan egindako etengabeko prestakuntzako ekintzak (prestakuntza informatikoa eta digitala barne); prestakuntza- edo ikastaro-ordu bakoitzeko: 0,025 puntu. Prestakuntzako merezimenduak frogatuko dira dagokion erakundeak emandako ziurtagiri baten bidez. Ziurtagirian datu hauek agertu beharko dira: ikastaroaren iraupena eta izena eta emandako ikasgaiak. Programa edo eskola-orduen iraupena jasotzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.
Atal honetan ez dira baloratuko 5 ordutik beherako iraupena duten ikastaroak, ez eta titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ere (unibertsitatekoak nahiz unibertsitatetik kanpokoak).
6.4. Oposizioaldia 2025eko irailetik aurrera hasiko da.
Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean bertan ezarriko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua. Epaimahaiak hurrengo probetarako deialdiak argitaratuko ditu Arakilgo Udalaren egoitza elektronikoan 48 ordu lehenago, gutxienez; bertan adieraziko du proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda, bai eta oposizioaldiko proba non, noiz eta zer ordutan eginen den ere.
Oposizioaldiko probarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena, bai eta bolaluma urdina edo beltza ere. Prozesutik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.5. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko II. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.
Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira %33ko desgaitasun aitortua edo hortik gorakoa dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.
6.6. Oposizioak honako proba hauek izanen ditu:
6.6.1. Lehen proba: teorikoa. Idatziz erantzun beharko zaio galde sorta bati. Galderak test modukoak izanen dira, II. eranskineko gaiei buruzkoak.
Ariketa honengatik gehienez 50 puntu emanen dira, eta gutxienez 25 puntu eskuratu beharko dira gainditzeko. Erantzun okerrak galdera zuzen baten puntuazioaren laurden batekin zigortuko dira.
6.6.2. Bigarren proba: praktikoa. Kasu praktiko bat edo gehiago ebatzi beharko dira, II. eranskinean adierazitako gairen bati buruz. Ariketa honengatik gehienez 35 puntu emanen dira, eta gutxienez 17 puntu eskuratu beharko dira gainditzeko.
Proba bakoitza hasi baino lehen, epaimahaiak ezarriko du ariketak egiteko zenbat denbora egonen den.
6.7. Oposizioaldiko ariketa guztiak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira, bada, ariketa bakoitzari dagokion gutxieneko puntuazioa bederen eskuratzen ez dutenak.
Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta gailu elektronikorik edo bertzelako materialik ere, boligrafo urdina edo beltza izan ezik.
6.8. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak argitara emanen ditu kalifikazioen zerrenda eta plikak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua, Arakilgo Udalaren egoitza elektronikoan.
6.9. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak Arakilgo Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bortz egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidekotzat jotzen duten guztia alega dezaten modu telematikoan.
7.–Gainditu dutenen zerrenda eta izendapen proposamena.
7.1. Izangaien kalifikazioa buruturik, epaimahaiak ikusgai jarriko du, Arakilgo Udalaren egoitza elektronikoan, probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazioaren arabera ordenatua, eta horretarako, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian ateratzen dituen kalifikazioen batuketa eginen du. Berdinketa gertatuz gero, oposizioaldiko lehenengo proban puntuazio handiena lortu duten izangaien alde ebatziko da. Berdinketak badirau, zozketa publikoa eginen da.
7.2. Epaimahaiak Arakilgo Udaleko alkateari helaraziko dio puntuazio handiena duten hautagaien aldeko izendapen proposamena. Proposamen hori Udalaren egoitza elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
7.3. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu Arakilgo Udalaren erregistro orokorrean; zehazki, honako hauek:
a) Nortasun-agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen bertze agiri baliokideren batena.
b) Lanpostuko eginkizunak betetzea eragozten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzen duen osasun ziurtagiria.
c) Deialdian eskatutako tituluaren kopia autentikoa, edo hura lortzeko eskubideak ordainduak dituela erakusten duen ordainagiria.
d) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dutela kendu administrazio publikoren baten zerbitzutik.
e) Zin egite edo hitz ematea, Nafarroako Foru Araubidea begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.
7.4. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik, izangaiek ez badituzte dokumentu horiek aurkezten, ezin izanen dira izendatu, eta haien jarduketa guztiak baliogabetu eginen dira, galarazi gabe egozten ahal zaizkien erantzukizunak, hasierako eskabidean gezurra errateagatik.
7.5. 7.4 apartatuan aurreikusitako kasuan, puntuazioen zerrendan, 7.1. apartatuan aipatu den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko da hutsunea, eta harekin aurreko apartatuetan adierazi moduan jokatuko da.
8.–Izendapena eta jabetza hartzea.
8.1. Hautapen-prozesua amaitu ondoren, eta gainditu eta puntuaziorik handiena lortu duten izangaiek 7.3 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Arakilgo Udaleko alkateak ebatziko du Arakilgo Udaleko funtzionario izendatzea, administrari-ofizialaren 4 eta 5 zenbakidun lanpostuetan jardun dezaten.
8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
8.3. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaienetik hasita. Epe horretan lanpostuaren jabetza hartzen ez badute, ezinbertzeko kasuetan izan ezik, Arakilgo Udaleko funtzionario bihurtzeko eskubide guztiak galduko dituzte, eta aurreko oinarrian zehaztu bezala jokatuko da.
9.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1.1 oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat prestatuko da probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin.
Era berean, aldi baterako kontrataziorako izangaien bigarren zerrenda bat eratuko da, zerrenda nagusiaren subsidiarioa (plazarik gabeko gaindituak), oposizioko lehen ariketarako ezarritako puntuazioaren %30, gutxienez, lortu duten izangai baztertuekin.
Probak gainditu baina lanposturik eskuratu ez dutenen zerrendan, izangaien ordena ezarriko da oposizioaldian lortutako puntuazioaren arabera. Halaber, hautapen prozesua gainditzen ez duten izangaien zerrendako ordena finkatuko da lehendabiziko ariketan lortutako puntuazioaren arabera, eta zerrenda horretan berdinketa badago, zozketa bidez ebatziko da.
9.2. Arakilgo Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.
9.3. Deialdi honetan sortuko diren kontratazio zerrendek bortz urte iraunen dute, salbu eta epe laburragoan agortzen badira edo bertze deialdi bat egiten bada.
9.4. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda arautuko da III. eranskinean ezarritako kudeaketa arauekin bat.
10.–Datuen babesa.
Izangaiei honako honen berri ematen zaie, jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO) zehazki, haren 13. artikuluari:
–Arakilgo Udalaren ardura da deialdiko parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamendua.
–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostuak betetzea.
–Hona hemen oinarri juridikoa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna denean kontratu horren alderdi bat, edo tratamendua beharrezkoa denean kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, berak eskatuta).
–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
–Datuak komunikatuko dira legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege-Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz (Foruen plaza 4, Irurtzun).
–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (www.aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.
11.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen toki-erakundeari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Arakilen, 2025eko maiatzaren 19an.–Alkatea, Oihana Olaberria Jaka.
I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1.–Biztanleen udal errolda. Biztanleen udal erroldaren ezagutza orokorra. Biztanleen udal erroldako izapideak eta prozedurak. 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena, 15. artikulutik 17. artikulura. 1690/1986 Errege Dekretua, uztailaren 11koa, zeinaren bidez onesten baita Toki Erakundeetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua. II. titulua: biztanleria eta errolda.
2.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.
3.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa:
Atariko titulua: V. kapitulua.–Funtzionamendu elektronikoa sektore publikoan.
III. titulua.–Administrazioen arteko harremanak: I. kapitulua.–Printzipio orokorrak.
4.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen Oinarriei buruzkoa.
II. titulua.–Udalerria: I. kapitulua.–Lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua.–Antolaketa.
V. titulua.–Toki entitateen funtzionamenduaren araubidea: I. kapitulua.–Funtzionamendu araubidea. IV. kapitulua.–Herritarren informazioa eta parte-hartzea.
5.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa:
I. titulua.–Toki-entitateen antolaketa eta administrazioa: I. kapitulua. Udalerriak. II. kapitulua, I. atala. Kontzejuak.
III. titulua.–Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarren partaidetza eta informazioa.
IV. titulua.–Toki-erakundeen ondasunak.
V. titulua.–Jarduerak, zerbitzuak eta obrak.
6.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.
7.–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea garatzen duena aurrekontuen eta gastu publikoaren alorretan.
8.–272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Jarraibide Orokorra.
9.–234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako toki-erakundeen aurrekontu egitura.
10.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzkoa.
I. titulua: Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren eta katastroen kontserbazio lana: I. kapitulua: xedapen orokorrak. II. kapitulua: lurralde Aberastasunaren Erregistroko doikuntza teknikoak.
11.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina: V. titulua: administrazioaren esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina.
12.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituena. I. titulua: V. kapitulua. Jarduera sailkaturako lizentzia behar duten instalazioak eta jarduerak.
13.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. I. titulua, III. kapitulua, Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa; II. titulua, I. kapitulua. Kontratazio organoak eta II. kapitulua. Kontratua prestatzeko administrazio jarduketak.
14.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. Administrazio egoerak. Eskubideak eta betebeharrak. Ordainsariak. Lan-kontratudunak.
15.–1958ko azaroaren 14ko Errege Dekretua, onesten duena Erregistro Zibilari buruzko Legearen Erregelamendua.
16.–Administrazio agiriak. Ofizioa, bandoa, eskabidea, ziurtagiria, akta, zirkularra, eginbidea, erabakien igorpena eta jakinarazpenak. Ebazpenak. Kontratua. Artxiboko tratamendua eta antolaketa.
17.–Arakilgo udalerriko geografia, toponimia eta kale-izendegia.
III. ERANSKINA.–KONTRATAZIO ZERRENDAK KUDEATZEKO ARAUAK
Kontratazio zerrenden kudeaketa.
Hautatutako izangaiak astebeteko epean hasi beharko du lanean, gehienez ere, deialdia egiten duen administrazioaren proposamena onartzen denetik eta jakinarazpena egiten zaionetik aurrera. Ez bada hasten, behar adina justifikatutako kasuak salbu, edo lanean hasi eta berriz lanpostua hutsik gelditzen bada, deialdia egiten duen administrazioaren organo eskudunak kontratazioarekin ados dauden izangaiei kontratua egiten ahalko die hurrenez hurren, hautapen prozesuan ateratako puntuazio onenaren ordenari jarraituz, eta horrela, behar den guztietan.
1.1. Kontratazio zerrendek bortz urteko indarraldia izanen dute, salbu eta epe laburragoan agortzen badira edo bertze deialdi bat egiten bada.
1.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.
a) Deia:
Probak gainditu dituzten izangaien kontratazioa, oro har, eginen da zerbitzuaren beharren arabera banakako deiak egin ondotik.
Izangaiek harremanetarako zenbait telefono, posta helbide edo fax-zenbaki ematen ahalko dituzte, azkar lokalizatu ahal izateko, eta eguneraturik eduki beharko dituzte.
Zerrenda bakoitzean dagoen hurrenkeraren arabera deituko zaie izangaiei. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoa lortzeari dagokionez ezartzen dena Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bateginaren 4. apartatuko zazpigarren xedapen gehigarrian, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina aldatzen duen apirilaren 10eko 13/2015 Foru Legeak emandako idazketaren arabera, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsi baitzuen.
Izangai bati kontratua telefonoz eskaintzen zaionean, gutxienez hiru dei eginen zaizkio emandako komunikazio-bideen bitartez, bi eguneko epean.
Dei bakoitzaren idatzizko oharra jasoko da, adierazita gorabeherak, eguna eta ordua.
Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostua edo lanpostuak bete arte.
Izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote, baldin haiekin harremanetan jartzerik izan ez bada.
Lan-kontratudun batek kontratuari uko egiten ahalko dio iraupen luzeko bertze bat hartzeko, baldin eta haren zerrendaren esparrukoa bada eta hari badagokio ordenaren arabera.
b) Uko egitea:
Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, honako egoera hauetako batean dagoela frogatu ezean:
1. Uko egitera behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.
2. Aldi baterako ezintasun egoeran egotea, edo lizentzia izatea ama izateagatik edo adoptatzeagatik.
3. Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, berezkoa nahiz adoptatua.
4. Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere burua ezin gobernatu duena, adina, istripua edo eritasuna dela kausa.
5. Izangaia ezkondu berria izatea edo, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera (lege horrek hizpide du bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoa), balio bereko egoeran sartu berria, baldin lanpostuari uko egiten bazaio hori gertatu ondoko edo gertatu aurreko hamabortz egun naturalen barnean.
Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) hilabeteko epea izanen dute, ukatutako lanpostua eskaintzen zaien egunetik hasita, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.
Artikulu honetako lehen apartatuan aipatutako kasu guztietan, izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, aurkeztu beharko dituzte uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.
c) Zerrendatik kanpo gelditzea:
Izangaiak honako kasu hauetan geldituko dira deia egiteko erabili den zerrendatik kanpo:
a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.
b) Sinatutako kontratuari uko egitea.
c) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.
Iragarkiaren kodea: L2507539
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
