1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
49/2025 FORU AGINDUA, maiatzaren 16koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, Elizondoko Benito Menni ospitalean egoiliarrek jaso beharreko gutxieneko arreta zerbitzu funtsezkoak arautzen dituena.
Eva Arrieta Insausti andreak, ELA sindikatuaren ordezkari gisa, 2025eko maiatzaren 8an aurkeztutako idazki baten bidez, Nafarroako Gobernuko Lan Zerbitzuari jakinarazi dio grebarako deialdia egin dela Elizondoko Benito Menni ospitalean, 2025eko maiatzaren 19, 20, 21, 22, 23, 24, 25, 26, 27 eta 28rako, 2025eko maiatzaren 19ko 08:00etan hasi eta maiatzaren 29ko 08:00etan bukatuta.
Greba egiteko eskubidea, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortua, bateragarria izan behar da gizartearen funtsezko zerbitzuak ematearekin, Konstituzioaren testuak berak dioen bezala, eta horretarako behar diren bermeak ezarri behar dira. Konstituzio arloko jurisprudentziak behin eta berriro xedatu duenez, gutxieneko zerbitzuak ezartzerakoan kontuan hartu behar dira proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak, eta zerbitzu horiek ezartzea behar bezala arrazoitu behar da.
Desgaitasuna eta/edo nahasmendu mentala duten pertsonentzako egoitza-zentroak ezin dira arretarik gabe utzi, horrek bertan bizi diren pertsonen zaintzan, osasunean eta bizitzan ondorio larriak eraginen bailituzke. Egoitza horiek egun guztian zaindu eta lagundu beharreko pertsona zaurgarriak hartzen dituzte beren instalazioetan. Pertsona horiek zainketa pertsonala behar dute beren oinarrizko beharretarako, zainketa hori gabe kalte larriak eragiten ahal zaizkielako osasunean.
Grebarako deialdia dela eta, egoitzako arreta zerbitzua ezin da osorik eten. Izan ere, nabaria da hizpide dugun kasua funtsezko zerbitzua dela gizartearentzat, eta, haren hartzaileen ezaugarriengatik –gaixotasun mentala, desgaitasuna eta/edo mendekotasuna duten pertsonak direnez–, larritasun bereziko inguruabarrak daudela onartu behar da. Hori horrela, Konstituzio Auzitegiak dioenez, gizarteak bizitzeko ezinbesteko prestazioetarako duen eskubideak lehentasuna dauka grebarako eskubidearen aurrean, eta, funtsean, botere publikoek babestu behar dituzte gizartearen zati batek bizitzeko behar dituen zerbitzuak.
Gutxieneko zerbitzu horiek finkatzeko orduan, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, kontuan hartu behar da zerbitzu horiek ezinbestekoak direla, beren egoera pertsonala dela kausa, oinarrizko behar horiek beren kasa eta zuzenean bete ezin dituzten herritarrei arreta egokia emateko. Horrek justifikatzen du zerbitzu horiek funtsezko zerbitzu gisa baloratzea eta sailkatzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea deitutako grebak dirauen bitartean.
Horregatik guztiagatik, Espainiako Konstituzioak 15., 28., 39.4, 43. eta 49. artikuluetan aginte publikoei ezartzen dizkien betebeharrak betez, beharrezkoa da herritar horiei beren osasuna eta bizia babesteko eskubidea bermatuko dieten gutxieneko zerbitzu batzuk ezartzea, baina, betiere, langileen grebarako eskubidea errespetatuta.
Proposamena igorri zaie grebarako deia egin duen sindikatuari, Greba Batzordearen ordezkaria den aldetik, eta deialdiak ukitzen duen erakundeari. Sindikatuak alegazioak aurkeztu ditu, eta horietako batzuk baietsi egin dira.
Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.17 eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren indarrez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
Lehenbizikoa.–Elizondoko Benito Menni ospitalean, 2025eko maiatzaren 19, 20, 21, 22, 23, 24, 25, 26, 27 eta 28an (2025eko maiatzaren 19ko 08:00etan hasi eta maiatzaren 29ko 08:00etan bukatuta) deitutako greba egitean, errespetatu beharko dira erabiltzaileen oinarrizko beharrei erantzutea bermatuko dituzten zerbitzuak, hau da, zainketa pertsonalak, elikadura, komunikazioa, lekualdatzea, kontrola eta babesa; horietatik kanpo daude, hortaz, programekin eta aisialdiarekin lotutako jarduerak.
Xede horrekin, eta zentroaren okupazioa kontuan hartuta, gutxieneko zerbitzuak honako hauek izanen dira:
MAIATZAREN 19TIK 28RA BITARTEKO GREBA |
PSIKOGERIATRIAKO LAG., BAZTAN: | 6/5 |
LAGUNTZAILEA, BIDASOA: | 4/5 |
GAUETAKO LAGUNTZAILEA: | 4 |
RPM LAGUNTZAILEA: | 5/5 |
ERREFERENTZIAKO LAGUNTZAILEA: | 1 |
ERIZAINA: | 2 |
HEZITZAILE PSIKOSOZIALA UNITATEKOA: | 1 |
FARMAZIA: | Gutxienez txanda bat eman beharko da maiatzaren 19, 21, 23, 26 eta 28an, farmaziako profesional batek eta farmaziako laguntzaile batek osatuta. |
ARDURADUNAK: | Guardia ez-presentziala |
GARBIKETA, BAZTAN: | 2/1 |
GARBIKETA, BIDASOA: | 1/1 |
SUKALDARITZA: | 2/1 |
GARBITEGIA: | Gutxienez bi pertsonak eman beharko dute zerbitzua goizeko txandan, salbu eta maiatzaren 24an, larunbatean, non pertsona bakarra arituko baita, eta maiatzaren 25ean, igandean, non gutxieneko zerbitzurik ez baita ezarri garbitegirako. |
HARRERALEKUA: | 1/1 |
MEDIKUAK: | Guardia ez-presentziala |
MANTENTZE-LANAK: | Guardia ez-presentziala |
Bigarrena.–Foru agindu hau Eva Arrieta Insausti andreari jakinaraztea, ELA sindikatuaren ordezkaria den aldetik, jakinarazpenetarako helbidean (Kolon pasealekua 27, 20302 Irun) eta posta elektronikoz (evaarrieta@ela.eus).
Hirugarrena.–Foru agindu hau zentroko zuzendaritzari igortzea (helbidea: Bordaxurialde karrika 4 P, 31700 Elizondo).
Laugarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, nahiz eta ondorioak jakinarazten denetik bertatik izanen dituen.
Bosgarrena.–Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 16an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.
Iragarkiaren kodea: F2507154