117. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko apirilaren 2an hartua, zeinaren bidez onesten baita Oteitzako Kontzejuaren izena aldatzea. Hemendik aurrera "Oteiza / Oteitza" izanen da, eta ez "Oteiza", orain arte bezala.

Ikusi da Oteitzako Kontzejuak Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusian aurkeztu duen eskaera, zeinaren bidez eskatu baitu Nafarroako Gobernuak onets dezala kontzejuaren izen aldaketa, "Oteiza / Oteitza" izan dadin.

2025eko urtarrilaren 23ko sarrera datarekin, Oteitzako Kontzejuak Nafarroako Gobernuari igorri dio kontzeju horren izen ofiziala aldatzeko eta "Oteiza / Oteitza" izan dadin tramitatutako espediente administratiboa.

2025eko otsailaren 6an, kontzeju horri eskatu zitzaion instantziarekin batera aurkeztutako dokumentazioan atzemandako akatsak zuzen zitzan, eta berriro 2025eko otsailaren 11n aurkeztu eta egiaztapenak egin ondoren, izapidetutako espedientea igorri zen.

Espediente horretan, kontzejuak 2024ko ekainaren 26an hartutako hasierako erabakiaren ziurtagiria dago, bai eta Kontzejuak 2024ko azaroaren 21ean hartutako erabakiarena ere. Erabaki horren bidez, behin betiko onetsi zen izen aldaketa, ez baitzen inolako alegaziorik aurkeztu hilabetez jendaurrean egon ondoan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, bai eta kontzejuaren iragarki-taulan ere.

Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 37. artikuluan honako hau ezartzen da: "Kontzejuen izen aldaketak, udalentzat ezarritako arauei lotuko zaizkie".

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 22. artikuluak ezartzen du udalerrien izenak aldatuko direla udalek horretarako erabakia hartzen dutenean, erabakia bera jendaurrean egon ondoren, gutxienez ere hilabetez. Udal erabakia Foru Komunitateko Administrazioari igorri beharko zaio, Nafarroako Gobernuak onespena eman diezaion, eta onetsitzat hartuko da hilabete baten barnean ebazpenik ematen ez bada". Era berean, 21.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, udalerrien izenetan euskara erabiltzeko, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeari jarraitu behar zaio.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak 3. artikuluko 3. apartatuan ezartzen duenez, Euskaltzaindia da hizkuntza-arauak ezartzeko erakunde aholku-emaile ofiziala, eta botere publikoek beharrezkotzat jotzen dituzten txosten guztiak eskatuko dizkiote erakunde horri. Testu arau-emaile berak 8.2 artikuluan xedatzen duenez, Nafarroako Gobernuak, Euskaltzaindiaren txostena jaso ondoren, Foru Komunitateko toponimoak zehaztuko ditu, bai eta biztanleguneen izen ofizialak ere.

Horrekin guztiarekin, 2024ko otsailaren 12an, Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuak horri buruzko txostena eskatu zion Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari.

Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22.1.d) artikuluan ezarritakoarekin bat, toki erakundeari jakinarazi zitzaion ebazteko epea eten egin zela, harik eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak txostena bidali arte.

2025eko otsailaren 18an, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusian sartu zen Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren txostena, eta hartan honako hau ondorioztatzen da: "Euskarabideak irizten dio, Euskaltzaindiak eginiko txosten bat oinarri harturik, zuzena dela proposatu den ele biko "Oteiza / Oteitza" izena (2010eko apirilaren 23ko txostena eransten da da). Txosten horretan akademiak dio ugaria dela Oteitza izenari buruzko dokumentazioa, eta, hortaz, baieztatzen ahal dela Oteitza dela Oteizaren euskal izena".

Azaldutakoarekin bat, bidezkoa da Nafarroako Gobernuak izen aldaketa onestea. Izen aldaketari buruzko ebazpena Estatuko Administrazio Orokorrari igorriko zaio, Toki Erakundeen Erregistroan inskribatzeko, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 25.3 artikuluari jarraikiz; inskripzio hori, halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Toki Erakundeen Erregistroan egin behar da.

Azkenik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 23. artikuluan honako hau xedatzen da: "Udalen izen aldaketek ofizialtasuna lortzeko ezinbestekoa da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 14. artikuluak aipaturiko erregistroan jasotzea eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea". Hortaz, onetsitako izen aldaketa aldizkari ofizial horietan argitaratu beharko da.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Oteitzako Kontzejuak eskatutako izen aldaketa onestea. Hemendik aurrera "Oteiza / Oteitza" izanen da kontzeju horren izena.

2. Izena aldatzeko erabaki hau Estatuko Administrazio Orokorrari igortzea, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioko Toki Entitateen Erregistroan inskriba dezan, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Toki Entitateen Erregistroan ere inskribatzea.

3. Erregistro horietan inskribatu ondoren, Estatuko eta Nafarroako aldizkari ofizialetan argitaratzea.

4. Erabaki hau Oteitzako Kontzejuari jakinaraztea.

5. Izena aldatzeko erabaki hau igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Arauen Garapenerako eta Toki Araubiderako Atalera eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalera.

Iruñean, 2025eko apirilaren 2an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2507024