Iragarkia
117. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 12a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
363E/2025 EBAZPENA, maiatzaren 8koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita dirulaguntza deialdi bat, 2025ean Nafarroako Foru Komunitateko lantokietan teilatuetako amiantoa kentzeko, banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz tramitatuko dena. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 831849.
Nafarroan amiantoa kentzeko plan gidari bat egitea eta garatzea bat dator Europako Parlamentuaren 2013ko martxoaren 14ko 2012/2065 Ebazpenarekin (amiantoa dela-eta lantokietan dauden osasun arriskuei eta Europar Batasunean dagoen amianto guztia desagerrarazteko aurreikuspenei buruzkoa) eta Europar Batasunean amiantoa kentzeari buruzko Europako Ekonomia eta Gizarte Komitearen 2014ko Irizpenarekin.
2017ko irailaren 14an, Nafarroako Parlamentuak mozio bat onetsi zuen, non Nafarroako Gobernuari eskatzen baitzitzaion aurkez zezala Nafarroan amiantoa kentzeko garatu beharreko prozesurako plan gidari bat. Eta agindu hori betez, Foru Gobernuak amiantoa kentzeko Plan Gidaria prestatu zuen 2018an, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak koordinatuta.
Gauzak horrela, Gobernuak 2025eko apirilaren 9an hartutako Erabakiaren bidez, ontzat emana jaso da banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz tramitatuko den deialdi honetatik eratorritako betebeharrei erantzuteko, eta, beraz, proposatzen da 200.000,00 euroko gastua baimentzea, 2025eko gastu-aurrekontuko "Bizitegi-erabilerakoak ez diren eraikin pribatuetan amiantoa kentzeko funtsak" izeneko 740001 74100 7701 456204 partidaren kargura.
Nafarroako Gobernuak, 2025eko apirilaren 9an egindako bilkuran, erabakia hartu du Ingurumeneko zuzendari nagusiari baimena emateko, banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz laguntzak eman ditzan 2025ean Nafarroako Foru Komunitateko lantokietan teilatuetako amiantoa kentzeko.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea dirulaguntza deialdi bat, 2025ean Nafarroako Foru Komunitateko lantokietan teilatuetako amiantoa kentzeko, banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz tramitatuko dena, Nafarroan amiantoa kentzeko Plan Gidarian adierazitako ekintzak garatzeko, amiantoa duen materialari dagokionez.
2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.
3. Baimentzea 200.000,00 euroko aurrekontu-kreditua, 2025eko gastu-aurrekontuko "Bizitegi-erabilerakoak ez diren eraikin pribatuetan amiantoa kentzeko funtsak" izeneko 740001 74100 7701 456204 partidaren kargura, deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 8an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Dirulaguntza honen xedea izanen da amiantoa duten zuntz-zementuzko teilatuak eta horien hondakinak kentzea Nafarroan bizitegi-erabilerakoak ez diren eraikin pribatuetan.
Oinarri hauen xedea da behar den prozedura ezartzea ekoizpen zentroa Nafarroako Foru Komunitatean duten enpresei dirulaguntzak emateko 2025ean, banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz, aurrera eraman ditzaten Nafarroan amiantoa kentzeko Plan Gidarian adierazten diren ekintzak, amiantoa duen materialari dagokionez, baldin eta oinarri arautzaile hauetako betebeharrak betetzen badituzte eta aurrekontu-kreditua dagoen bitartean.
Dirulaguntza honen xedea da hondakinen arloan aurreikusitako helburuak betetzen laguntzea, bat etorriz Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean ezarritakoarekin, bai, halaber, zuntz-zementuzko hondakinak bereizirik biltzeko eta behar bezala kudeatzeko neurriak, Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planean ezarritakoak, garatzen laguntzea.
Deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko baimendutako kreditua 200.000 eurokoa da, eta hurrengo atalean zehazten diren jardueren artean banatuko da.
2. oinarria.–Entitate onuradunak.
1. Oinarri hauetan arautzen diren dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte pertsona fisikoek, pertsona juridiko pribatuek, ondasun-erkidegoek eta legez eratutako nortasunik gabeko beste entitate batzuek, dirulaguntzaren xede diren ekintzak egiten badituzte eta diruz lagundutako jarduera egiten den lantokiaren jabe edo errentari badira, eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Teilatuan kendu beharreko amiantoa duen lantokiak Nafarroako Foru Komunitatean egon behar du.
b) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
Egoera horretan dauden entitateak eta enpresak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.
c) Onuradunak berdintasun plan bat izatea, horretara behartuta badago, Gizonen eta Emakumeen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, eta aurkeztutako proiektuaren esparruan egindako ekintzek, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean ezarritakoa betez, foru lege horretan jasotako neurriak sustatzea.
d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen dituen betebehar orokorrak betetzea. Eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da horiek betetzen direla. Nolanahi ere, Administrazioak ahalmena izanen du aurkeztutako adierazpenak edo justifikazioak egiazkoak diren ikertzeko.
e) Era berean, egunean izatea zerga betebeharrak, Gizarte Segurantzakoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeko betebeharrak.
2. Nortasun juridikorik ez duten eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko ahal aski duena.
Kasu horietan, dirulaguntza eskaeran berariaz adieraziko da elkarteko kide bakoitzak zer gauzatze konpromiso hartzen dituen bere gain. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kide horiek ere onuraduntzat joko dira.
Betebehar horiek betetzen direla 5. oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztuz frogatu beharko da, eta horiek betetzen jarraitu beharko da dirulaguntza ordaindu arte.
3. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak eta kostu diruz lagungarriak.
1. Dirulaguntza honen xede izanen dira amiantoa duten zuntz-zementuzko teilatuak segurtasun eta osasun baldintzak betez kentzearekin eta horien hondakinak kudeatzearekin lotutako gastu arruntak, entitate onuradunek Nafarroan dituzten ekoizpen zentroetako obretan egiten dituztenak.
Amiantoa kentzeko lan horiek Amianto Arriskua duten Enpresen Erregistroan legez inskribatutako enpresa batek egin beharko ditu, bat etorriz amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu beharreko gutxieneko segurtasun eta osasun xedapenak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.
Sortutako hondakin arriskutsuak kudeatu beharko dira bat etorriz Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearekin eta hondakinak Estatuaren lurraldearen barruan garraiatzea arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuarekin.
2. Jarduketa diruz lagungarriak 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera hasten ahalko dira.
3. Ez dira izanen diruz lagungarriak:
a) Europar Batasunean edo Espainian indarrean dauden nahitaezko arauetara egokitzeko jarduketak.
b) Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo egiten diren jarduketak.
c) Lursailak erosteko eta industria nabeak eraikitzeko gastuak.
d) Produktuak seriean fabrikatzeko erabilitako lehengaiak.
e) BEZa eta beste zerga batzuk.
f) Finantza-gastuak.
g) Erosten diren ekipo, patente eta bestelakoen amortizazio gastuak, dirulaguntza edo laguntza publikoren bat jaso badute.
h) Erabilera orokorreko gailu informatikoak: PCak, ordenagailu eramangarriak, inprimagailuak...
i) Hasierako memorian zehaztu gabe dauden gastuak, dirulaguntzaren xederako ez direnak, bai eta proiektuari zuzenean egotzi ezin zaizkion gastuak ere.
j) Azpiegituren alokairua.
k) Legezko betebeharrak betetzearen ondorioz nahitaezkoak diren jarduketei dagozkienak, hala nola arauzko segurtasun probak.
l) Aholkularitza eta ziurtapen gastuak, proiektuaren kudeaketari eta dirulaguntzen eskaerak tramitatzeari lotutakoak.
m) Nominak, bidaia gastuak, dietak eta kilometrajea, egonaldiak eta joan-etorriak.
4. Oinarri arautzaile hauei jarraikiz emandako dirulaguntzen zenbatekoa ezin da izan, inola ere, Espainiako edo nazioarteko beste erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzekin batera, entitate onuradunak garatuko duen proiektuaren kostua baino handiagoa.
4. oinarria.–Laguntzen zenbatekoa.
1. Deialdiaren hasierako zenbatekoa 200.000 eurokoa da, zeina erabilgarri baitago 2025eko gastu-aurrekontuko "Bizitegi-erabilerakoak ez diren eraikin pribatuetan amiantoa kentzeko funtsak" izeneko 740001 74100 7701 456204 partidan. Emanen diren laguntzak kontraprestaziorik gabeko diru-entregak izanen dira.
2. Eskaerei erantzuteko, aurkezpen ordenari jarraikiko zaio zorrotz, aurrekontua agortu arte. Aurrekontua agortutzat joko da aipatutako diru kopuru osoa (200.000 euro) bukatzen duen azken laguntza eskaera erregistratzen den unean.
3. Laguntzen gehieneko zenbatekoa zehaztuko da garatuko diren jarduketen kostu osoa kontuan hartuz, zenbatekoak finkatzeko irizpide hauen arabera:
JARDUKETA MOTA | JARDUKETAREN KOSTUTIK DIRUZ LAGUN DAITEKEEN | LAGUNTZAREN GEHIENEKO ZENBATEKOA |
Amiantoa duten materialak kentzeko lanak (1) | %90 | 20.000 |
(1) Kentzeko lanen artean daude: Nafarroako Gobernuko Lan Zerbitzuak onetsitako lan-plana egitea, plan horretan adierazitako lan guztiak, hondakin arriskutsu horren garraioa eta destinoko kudeatzailearen instalazioan eginen den tratamenduaren kostua. | ||
5. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.
1. Eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2025eko irailaren 30ean bukatuko.
Dirulaguntzen eskaera eta eman beharreko agiri guztiak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez. Eskaeren tramitazioa errazteko, eskatzaile posibleen eskura jarri da Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Elektroniko Orokorrean sartzeko esteka bat egonen da, eta, identifikatzeko, beharrezkoa izanen da webgunea edo haren pareko bitartekoa kautotzeko ziurtagiri onartuak edo kualifikatuak izatea, edo zigilu elektroniko bat izatea, sinadura elektronikoari buruzko legeriak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituen ziurtagiri elektroniko onartu edo kualifikatu batean oinarritutakoa.
2. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira (eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta):
a) Eskaera-orria (I. eranskina).
b) Lan plana onesten duen ebazpena.
c) Eskatzen den dirulaguntzaren xedeko lanen aurrekontu xehatua; lan plana egitea eta kentze-lanak, honako hauek adierazita: amiantoa duten teilatuen m² kopurua, hornitzailea, faktura-zenbakia eta faktura horretatik zenbateko ehunekoa dagokien lan horiei, baita hondakina destinoko kudeaketa-instalaziora eramatearekin eta tratatzearekin lotutako gastuak ere.
d) Hala badagokio, amianto hondakinen lekualdaketa identifikatzeko agiriak, destinoko kudeatzaileak baliozkotuak, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
e) Aurreko aurrekontuan sartutako ordainketen fakturak eta transferentzia.
Ordainketen justifikazioak argi eta behar bezala frogatu beharko dira (faktura bakoitza eta onuraduna identifikatuta). Nolanahi ere, ordainketa efektiboa atal honetan adierazitako justifikazio epea bukatu baino lehen egin beharko da.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoa betetzeko, entitate onuradunak egiaztatzen ahalko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera hautatu duela. Horretarako, dirulaguntzaren xede diren ondasun edo zerbitzuak jasotzen dituzten 2 eskaintza aurkeztu beharko ditu gutxienez, azkenean eskuratu direnen antzeko ezaugarriak dituztenak.
f) Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, II. eranskinaren araberakoa.
g) Gardentasun Legea betetzeari buruzko III. eranskina betetzea.
6. oinarria.–Instrukzio-organoa.
1. Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Hondakinen Atalari dagokio prozeduraren instrukzioa, eta hark berrikusiko ditu eskaera guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa.
2. Eskaerak oinarri arautzaile hauetan eskatutako baldintzetakoren bat betetzen ez badu, eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, hamar (10) egun balioduneko epe luzaezinean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera zenbatuta, akatsa zuzen dezan edo aginduzko agiriak aurkez ditzan, eta adieraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta beste tramiterik gabe artxibatuko dela, horretarako emanen den ebazpenaren arabera.
3. Eskaerak berrikusi eta zuzenketak egin ondoren, baldintza guztiak betetzen dituzten eta beharrezko dokumentazioa erantsi duten administrazio espedienteak baloratuko dira. Oinarri hauetan edo aplikatzekoa den araudian jasotako eskakizunak betetzen ez badituzte edo behar den dokumentazioa ez badute, tramitera ez onartzeko edo ukatzeko ebazpena emanen da, kasu bakoitzean gertatzen den egoeraren arabera.
7. oinarria.–Laguntza emateko prozedura.
1. Dirulaguntzak banakako ebaluazio sistemaren bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko ordenari zorrozki jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, eta osoki ordainduko dira baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiak, kreditu erabilgarria agortu arte.
2. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis laguntzak" dira, Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko modua zehaztea (2023ko 2831. EBAO, abenduaren 15ekoa), eta bertan ezartzen da Batasuneko estatu batek enpresa bakar bati gehienez 300.000 euroko de minimis laguntza ematen ahal diola hiru urteko aldi batean.
3. De minimis laguntzak emantzat hartuko dira enpresari onartzen zaionean laguntza jasotzeko legezko eskubidea, kasuan-kasuan aplikatzekoa den araubide juridiko nazionalaren arabera, kontuan hartu gabe enpresari zein egunetan ordaintzen zaion de minimis laguntza.
4. 2. atalean ezarritako gehieneko muga aplikatuko da edozein dela ere de minimis laguntzaren forma edo laguntza horrek lortu nahi duen helburua, eta kontuan hartu gabe estatu kideak emandako laguntza guztiz edo partzialki finantzatzen den Batasunaren baliabideen bidez.
5. 2. atalean ezarritako gehieneko mugaren ondorioetarako, laguntzak eskudiruzko dirulaguntza gisa adieraziko dira. Erabiltzen diren zifra guztiak zenbateko gordinak izanen dira, hau da, zergak eta bestelako kargak kendu aurretikoak. Laguntza ematen bada dirulaguntza gisa ez den beste modu batean, laguntzaren zenbatekoa izanen da dirulaguntza gordina adinakoa.
6. Epe batean baino gehiagotan ordaindu beharreko laguntzen kasuan, ematen diren unean duten balioaren arabera eguneratuko dira. Eguneratzeetan erabili beharreko interes-tasa laguntza ematen den unean aplikatzekoa den eguneratze-tasa izanen da.
7. De minimis laguntza gehiago emateagatik gainditzen bada 2. atalean ezarritako gehieneko muga, laguntza berri horiek ezin izanen dira bildu Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamendura.
8. oinarria.–Antolaketa eta instrukzioa.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Hondakinen Atalari esleitzen zaizkio laguntzak emateko prozeduraren antolamendu- eta instrukzio-eginkizunak. Eskaeren ebaluazioa ofizioz eginen du, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat.
9. oinarria.–Laguntzak emateko eta ordaintzeko ebazpena.
1. Onuradunak jarduketa gauzatu duela eta aurreko ataletan eskatutako dokumentazio guztia ezarritako epearen barruan aurkeztu duela egiaztatu ondoren, laguntzak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen dira, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren zuzendariak proposatuta. Ebazpena gehienez ere 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. 3 hilabeteko epe hori ebazpen espresurik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.
2. Ebazpen berean aginduko da dirulaguntza ordaintzeko.
10. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Diruz laguntzen den inbertsioa oinarri hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatzea.
b) Jasotako dirulaguntzari buruzko publizitate aktiboa egitea.
c) Diruz lagungarriak ez diren inbertsioen eta gastuen finantza karga beren gain hartzea.
d) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.
e) Ekipo ondasunak edo ondasun higiezinak diruz laguntzen badira, ondasun horiek onuradunaren ondarean egon beharko dute, dirulaguntzaren xedeari atxikita, gutxienez zazpi urtez, erregistro publiko batean inskribagarriak badira, edo bi urtez, gainerako ondasunen kasuan, 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoaren arabera (4. eta 5. apartatuak).
f) Dirulaguntzaren ondoriozko harremanak iraun artean, neurriak ezartzea honelako helburu sozialak lortzeko: desgaitasuna duten edo gizarte-bazterketan dauden edo hura jasateko arriskuan dauden pertsonak gizarteratzea eta laneratzea; emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna; familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egitea; lan eta soldata baldintzak hobetzea; profesional gazteen parte-hartzea eta profesionalen erakunde edo sozietate txikien parte-hartzea; enplegu-zentro bereziekin eta laneratze enpresekin azpikontratatzea; irizpide etikoak eta gizarte erantzukizunari lotuak, dirulaguntzaren xedeko jarduerari dagokionez; prestazioa eman behar duten langileen prestakuntza, osasun babesa eta parte-hartzea; edo antzeko beste batzuk.
g) Laguntzak kudeatzen dituen organoari komunikatzea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, 11. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.
h) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresa-deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.
i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan onuradunentzat ezarritako gainerako betebehar orokorrak betetzea.
2. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin eta aurreko puntuetan aipatutako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.
Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.
Onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdurik, diru kopuru horiek askatzen badira, beste entitate onuradun batzuei dirulaguntza emateko erabiltzen ahalko dira; alegia, dagokien zenbateko diruz lagungarria osorik jaso ezin izan dutenei.
11. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honen dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoak nahiz nazioartekoak izan, emandako beste laguntza batzuekin.
Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.
12. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka administrazio errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
13. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, dirulaguntza zer programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.
14. oinarria.–Gardentasuna, informazio publikorako sarbidea eta gobernu ona.
Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.
Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak.
Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio-zifra edo betetako aurrekontua.
b) Kasua bada, organo eskudunak entitateari onartutako aurrekontua edo negozio-zifra, dirulaguntza zein ekitalditan ematen den, ekitaldi horretakoa.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitateek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.
c) Entitateak kargudun bakoitzarengatik jasotako ordainsari gordinak eta gainerako konpentsazio ekonomikoak, kontzeptuen arabera banakatuak, eta urteko kontuak, hauek jendaurrean erakutsi ahal izateko.
Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.
Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, 15 hilabeteko mugarekin informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.
Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.
Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira.
Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekartzen ahal dituen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta zerbait kobratu bada, itzuli beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
I. ERANSKINA.–DIRULAGUNTZA ESKAERA
Izen-deiturak: | ||||
IFZa: | EJSNa: | |||
Helbidea: | ||||
Herria: | PKa: | Probintzia: | ||
Telefonoa: | Helbide elektronikoa: | |||
Entitate hau ordezkatuz:
Entitatearen izena: | ||
IFZa: | ||
Egoitza soziala: | ||
Herria: | PKa: | Probintzia: |
Telefonoa: | Helbide elektronikoa: | |
ZIURTATZEN DU:
1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko betebeharren gaineko adierazpena.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko betebeharrei dagokienez, adierazten dut ez dudala artikulu horretan onuradun izateko ezarri diren debekuetako bakarrik ere.
2. Beste dirulaguntza eta de minimis laguntza batzuk jaso izanaren adierazpena.
Enpresak aurkeztutako proiekturako bestelako laguntzarik edo dirulaguntzarik eskatu eta/edo jaso duen dioen adierazpena. Hala bada, jasotako zenbatekoak eta nondik jaso dituen zehatz-mehatz adieraziko da.
Halaber, egungo zerga-ekitaldian eta aurreko bietan jasotako bestelako de minimis laguntzen adierazpena, 14. oinarriko araudiaren arabera. Jasotako laguntza de minimis laguntzatzat hartzearen gainean zalantzarik edukiz gero, deialdiaren foru agindua kontsultatzen ahal da, edo kontsulta egin organo kudeatzaileari.
Eskatutako dirulaguntzaren xedeari buruz, zera adierazten dut:
ENTITATEA | KONTZEPTUA | EMANDAKO ZENBATEKOA |
3. Baimena.
Baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari dirulaguntzen ebazpen proposamena egiten denean egiazta dezan zerga guztiak ordainduta eta Gizarte Segurantzarekiko zor guztiak kitatuak dauzkadala.
................................................... (e)n, 20........(e)ko .........................................aren ..........(e)(a)n.
ESKATZAILEA, ...........................................................................................................................
Sinatua: .....................................................
II. ERANSKINA.–ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA, EMAKUMEEN ETA GIZONEN ARTEKO BERDINTASUN ERAGINGARRIAREN ARLOAN INDARREAN DAGOEN ARAUDIAN EZARRITAKO BETEBEHARRAK BETETZEARI BURUZKOA
................................................................................................................................. jaunak/andreak (NANa:............................) .................................................... entitatearen izenean eta hura ordezkatuz (IFKa: ............................... , eta helbidea: ................................................................), .......................................................................... dirulaguntza deialdiaren baitan, ............................................................................. proiekturako dirulaguntzak eskatzeko,
ADIERAZTEN DU:
Lehena.–Entitateak betetzen dituela lan eta gizarte arloan indarrean dauden xedapen guztiak, bai eta emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarriaren arloan indarrean daudenak ere.
Bigarrena.–Ordezkatzen duen pertsonak edo entitateak ez duela zigorrik jaso arau-hauste oso astunagatik, eta ez dela kondenatua izan administrazio-ebazpen edo epai judizial irmoaren bidez, berdintasunari buruzko betebeharrak ez betetzeagatik. Betebehar horiek jasota daude Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuan edo aplikatzekoa den hitzarmenean.
Hirugarrena.–Enpresak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritakoa betez.
Berrogeita hamar langile edo gehiago dituela, eta betetzen duela berdintasun plan bat egiteari eta aplikatzeari buruz 3/2007 Lege Organikoaren 45.2 artikuluak ezartzen duena.
Berrogeita hamar langile baino gutxiago dituela eta, aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan ezartzen den bezala, betetzen duela berdintasun plan bat egiteari eta aplikatzeari buruz 3/2007 Lege Organikoaren 45.3 artikuluak ezartzen duena.
3/2007 Lege Organikoaren 45.5 artikulua aplikatuz, enpresa ez dagoela beharturik berdintasun plan bat egitera eta ezartzera.
Laugarrena.–Aurkeztutako proiektuaren esparruan egindako ekintzek, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean ezarritakoa betez, foru lege horretan jasotako neurriak sustatzen dituztela:
- Langileei dagokienez, tratu berdintasunaren, aukera berdintasunaren eta aniztasunarekiko eta diferentziarekiko errespetuaren printzipioen arabera jokatuz.
- Jarduketetan genero-ikuspegia eta ekintza positiboa txertatuz eta sexuaren araberako rol eta estereotipoak baztertuz.
- Zuzendaritza organoak osatzeko, gaitasun, konpetentzia eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua lortzen saiatuz.
- Mota orotako euskarrietan, sexistak ez diren hizkera eta irudiak erabiliz.
.....................................................(e)n, 20........(e)ko .........................................aren ..........(e)(a)n.
ESKATZAILEA, ...........................................................................................................................
Sinatua: .....................................................
III. ERANSKINA.–GARDENTASUN BETEBEHARRARI BURUZKO ADIERAZPENA
Izen-deiturak: ........................................................................................ NANa/IFZa: ...............................
Honako hau ordezkatuz: ..................................................................... IFKa: ..........................................
Helbidea: ...........................................................................................................................................
Ondotik ematen den adierazpena egiten dut, dirulaguntza honen onuradun naizen aldetik:
.............................................................................................................................................................................................................................................................................................................................
Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak (2018ko 98. NAO, maiatzaren 23koa) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen ditu.
Aipatu foru legearen 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoari jarraituz,
ADIERAZTEN DUT:
Ez dudala gardentasun betebeharrik.
Informazio hori aurkeztu dudala, hain zuzen, ..................................................................................................................................k emandako dirulaguntza hau dela-eta: ......................................................................................................................................................................................................................
Beraz, ez da errepikatu beharrik, emandako datuak aldatu ez direlako.
Gardentasun betebeharra dudala eta, horrenbestez, aipatu foru legearen 12. artikuluan ezarritako informazioa ematen dut adierazpen honen eranskinean, eta entitatearen urteko azken kontuen kopia eransten dut.
.....................................................(e)n, 20........(e)ko .........................................aren ..........(e)(a)n.
Izen-deiturak: .................................................................................... NANa:............................................
Kargua: .....................................................................................................................................................
ADIERAZPENAREN EGILEARENTZAKO ARGIBIDE JAKINGARRIAK:
1. Pertsona fisikoek ez dute gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu behar.
2. 5/2018 Foru Legearen 2. artikuluaren c) apartatuak ezartzen du ezen Nafarroako toki entitateek eta haien mendeko erakunde instrumentalek gardentasun betebeharra gorde behar dutela.
3. Foru lege horren 3. artikuluaren c) apartatuak ezartzen duenez, dirulaguntzak jasotzen dituzten entitate pribatuek gardentasun betebeharra dute bi inguruabar hauetako bat gertatzen denean:
a) Emandako dirulaguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.
b) Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa bere urteko sarreren %20 baino handiagoa izatea, betiere gutxienez 5.000 euro egiten badute.
4. Adierazpen hau eta kasuan-kasuan eransten den informazioa telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzendurik.
GARDENTASUN BETEBEHARRARI BURUZKO ADIERAZPENA (JARRAIPENA)
Dirulaguntza:
Entitate onuraduna:
IFZa: |
Osatu taula informazio honekin (5/2018 Foru Legearen 12. artikulua):
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda. Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea.
c) Entitateak kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako konpentsazio ekonomikoak, kontzeptuen arabera banakatuak, eta urteko kontuak, jendaurrean erakutsi ahal izateko.
ORGANOA | KARGUA | ORDAINSARIA (euroak) | ORDAINSARIAREN | DEDIKAZIO |
.....................................................(e)n, 20...(e)ko .........................................aren ..........(e)(a)n.
Izen-deiturak: ............................................................................................ NANa:....................................
Kargua: .....................................................................................................................................................
Iragarkiaren kodea: F2506901
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
