117. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

354E/2025 EBAZPENA, maiatzaren 14koa, Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak emana, Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko beken 2025-2026ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 832796.

Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko beken deialdia Nafarroako Nazioarteko Planaren barnean kokatzen da; izan ere, plan horrek bilatzen du Nafarroako herritarrak gai izan daitezela ingurune global batean arlo pertsonalean eta profesionalean garatzeko dauden aukerak aprobetxatzeko. Gainera, Nafarroako Foru Komunitatea nazioartekotzen laguntzeko funtsezko tresna da, eta zuzenean bat egiten du Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin (S4).

Beken xedea da Nafarroako tituludunek prestakuntza eta esperientzia profesionala lortzea Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetako entitateetan praktikak eginez, hori lagungarri izan dakien lan bizitzara sartzeko eta etorkizunean Nafarroako enpresak nazioartekotzen lagun dezaten.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko beken 2025-2026ko deialdia onestea.

2. Bekak emateko oinarri arautzaileak eta destinoko herrialdeei dagozkien beken zenbatekoak onestea, ebazpen honen eranskinetan ageri direnak.

3. 250.000 euroko gastua baimentzea, 2026ko aurrekontuan, egungo aurrekontuko "Nazioarteko praktikak" izeneko 810003 81400 4809 146100 partidaren baliokidea izanik, gaituko den partidaren kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago aipatu ekitaldian.

Halaber, 100.000 euroko gehieneko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko beketarako aplikatzeko, eta zeina arautuko baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera.

Kopuru gehigarri hori eraginkortasunez erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da, artikulu horretan ezarritako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2025eko maiatzaren 14an.–Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.

1. ERANSKINA.–EUROPAR BATASUNETIK KANPOKO HERRIALDEETAN PRAKTIKAK EGITEKO BEKEN 2025-2026KO DEIALDIKO OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea.

Beken helburua da tituludunek prestakuntza praktikak egitea Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan dauden nortasun juridikodun entitateetan (enpresak, ikerketa zentroak, GKEak, enbaxadak, kontsuletxeak, Espainiako Turismo Institutuaren bulegoak, Espainiak atzerrian dituen ekonomia eta merkataritza bulegoak eta merkataritza ganberak), diziplina anitzeko nazioarteko taldeetan beren lanbide eta lan gaitasunak hobetzeko asmoz, hezkuntza sistematik lan bizitzara errazago pasa daitezen.

2. oinarria. Bekak entitate laguntzaileen bidez kudeatzea.

Jarraian adierazten diren entitate laguntzaileen bidez kudeatuko dira beka hauek; izan ere, Enpresen Sustapenerako Zuzendaritza Nagusiak lankidetza hitzarmen bat sinatuko du haiekin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera.

–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioa eta Nafarroako Unibertsitatearen Praktiken eta Enpleguaren Zerbitzua, unibertsitateko titulua duten pertsonen kasuan.

–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiko Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzua, goi mailako Lanbide Heziketako titulua duten pertsonen kasuan.

Entitate horiek interesdun guztiei emanen diete zerbitzua, kontuan izan gabe ikasketak non egin dituzten.

3. oinarria. Onuradunak.

1. Baldintza hauek betetzen dituzten pertsonak izaten ahal dira onuradunak:

a) Adina: 18 eta 30 urte bitartean izatea laguntza eskatzeko unean.

b) Nafarroarekin lotura izatea, Nafarroan jaioa izateagatik, foru izaera zibila izateagatik edo Nafarroan erroldatua egoteagatik deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino urtebete lehenagotik, gutxienez, edo aurreko hamar urteetan bost urtez etenik gabe erroldaturik egoteagatik. Hori frogatzeko, erroldatze-ziurtagiria aurkeztu beharko da.

c) Graduko unibertsitate titulua edo goi mailako Lanbide Heziketako titulua izatea eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

d) Ez jaso izana beka hauen xede bera duen beste bekarik, alegia, unibertsitateko tituludunek edo goi mailako Lanbide Heziketako tituludunek atzerrian praktikak egiteko beste bekarik.

e) Nafarroako Gobernuak aurreko deialdietan emandako nazioarteko praktiketarako beka bati uko egin ez izana, ezinbesteko arrazoiengatik izan ez bada.

f) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioak eta Nafarroako Unibertsitateak praktikak atzerrian egiteko eskaintzen duten online prestakuntza planean aurrez izena eman izana, titulua non eskuratu den kontuan hartu gabe.

g) Europar Batasunetik kanpoko herrialde bateko nortasun juridikodun entitate batek bere egoitzan praktikak egiteko hautatu izana. Praktika horiek bitarteko propioen bidez lor daitezke, edo entitate laguntzaileen eskaintzen bidez.

h) Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik inolako lan harremanik ez izan izana prestakuntza praktika egitekoa den enpresa edo entitatean.

i) Bekaren xede diren jarduerak helmugako herrialdean egitearekin bateraezina den gaixotasunik edo muga fisiko edo psikikorik ez izatea.

j) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

Beka eskatzeak berekin dakar dirulaguntza ematen duen organoari baimena ematea zuzenean eskura ditzan eskatzaileak Nafarroako Foru Ogasunarekiko bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiri telematikoak, bai eta egiaztatzeko ere desgaitua ote dagoen dirulaguntzak eta laguntzak jasotzeko. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

2. Oinarri honetako 1. ataletako d), e), i) eta j) letretako baldintzak egiaztatzeko, eskaera-orriaren barneko erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da. Gainerako baldintzak egiaztatzeko, 6. oinarrian adierazten diren agiriak aurkeztu beharko dira.

3. Betebehar horiek guztiak bekak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.

4. Beka eskaera aurkezteak esan nahi du deialdi honetan xedatutakoa onartzen dela.

4. oinarria. Beken baldintzak: zenbatekoa, iraupena eta lan harremanik eza.

1. Prestakuntza bekaren diru-zenbatekoa gastu hauek estaltzeko erabiliko da: egonaldia, bidaia, bisak eta istripuetarako, bidaiarako, osasun laguntzarako eta erantzukizun zibilerako nahitaezko aseguru bat. Beka bakoitzaren guztizko diru-zenbatekoa deialdiaren 2. eranskinean destinoko herrialdearen arabera adierazitakoa da.

2. Praktiken iraupena 6 hilabetekoa izanen da gutxienez, eta bekek estaliko duten gehieneko aldia ere 6 hilabetekoa izanen da. Bekadunek hamaika egun balioduneko baimena izanen dute praktikaldiko sei hilabeteko, eta astean gehienez ere berrogei orduz arituko dira praktiketan.

3. Praktika hauek prestakuntzakoak direnez gero, horiek emateak eta egiteak ez du ekarriko lan loturarik onuradunen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo destinoko entitateen artean, ezta onuraduna gero haien plantilletan sartzeko inolako konpromisorik ere.

4. Onuradunei ematen zaien dirua ez da inola ere soldata edo lansaritzat hartuko, prestakuntzarako laguntza ekonomikotzat baizik.

5. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2025eko irailaren 30ean bukatuko, egun hori barne.

2. Eskaerak aurkeztu baino lehen, berrikusi egin beharko ditu entitate laguntzaileetako batek (Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioak edo Nafarroako Unibertsitatearen Praktiken eta Enpleguaren Zerbitzuak, unibertsitateko tituludunen kasuan, edo Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiko Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzuak, goi mailako Lanbide Heziketako tituludunen kasuan), deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela bermatze aldera.

3. Parte-hartzaile bakoitzeko beka eskaera bakarra onartuko da.

4. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/becas-a-personas-con-titulacion-universitaria-y-de-fp-de-grado-superior-para-realizar-practicas-en-paises-extracomunitarios (aurrerantzean, beken fitxa).

5. Beka eskatzeko prozesuan, eskatzaileek beren datuak bete beharko dituzte, bai eta erantzukizunpeko adierazpen bat ere, 3.1 oinarriko d), e), i) y j) letretan onuradun izateko eskatzen diren baldintzak betetzeari buruzkoa.

6. oinarria. Bekak eskatzeko agiriak.

1. Eskaera-orri telematikoarekin batera, honako agiri hauek aurkeztuko dira (dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira, zein bere izenarekin):

a) NANaren, AIZaren edo pasaportearen kopia.

b) Nafarroan erroldaturik egotearen ziurtagiria edo foru izaera zibila izatearena, Nafarroatik kanpo jaioa izanez gero, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko data duena.

c) Unibertsitateko tituluaren edo goi mailako Lanbide Heziketako tituluaren frogagiria.

d) Ikasketa-espediente ofiziala, ebaluatutako batez besteko nota 1etik 10era bitarteko eskalan agertu behar duena.

e) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioak eta Nafarroako Unibertsitateak praktikak atzerrian egiteko eskaintzen duten online prestakuntza planean aurrez izena eman duela frogatzen duen agiria.

f) Prestakuntza praktikak eginen diren Europar Batasunetik kanpoko herrialdeko entitateak onartu izanaren egiaztagiria.

g) Egin beharreko praktikei buruzko txostena: entitatea, kokalekua, hasteko eta bukatzeko egunak, egin beharreko zereginen deskripzio zehatza, laguntza poltsa (hala badagokio), tutorea eta gainerako alderdi garrantzitsuak.

h) Eskatzailearen lan bizitzari buruzko txostena, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko data duena.

i) Eskatzaileak baimenik ematen ez badu organo emaileak egiazta dezan egunean dituela zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, betebehar horiek frogatzen dituzten ziurtagiriak.

2. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

3. Ezin izanen da zuzendu 7.2 oinarriak xedatutako merezimenduak justifikazio agiriak ez aurkeztu izana.

4. Ezin izanen dira zuzendu entitate laguntzaileek berrikusi gabeko eskaerak.

7. oinarria. Bekak emateko irizpideak.

1. Beka hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun hurrenkera ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat. Eskatzaileen bi zerrenda prestatuko dira, bata unibertsitateko tituludunentzat, eta bestea goi mailako Lanbide Heziketakoentzat. Aurrekontu-zuzkidura 220.000 eurokoa eta 30.000 eurokoa da, hurrenez hurren.

Beken zenbatekoa honela kalkulatuko da: zerrenda bakoitzean baloraziorik handiena lortu duten eskaerei bekaren zenbatekoa aplikatuko zaie, 4. oinarrian ezarritakoaren arabera, horretarako dagoen aurrekontu-kreditu erabilgarria agortu arte.

Zerrenda bateko eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarria baldin badago, beste zerrendako eskaerei erantzuteko erabiltzen ahalko da, lehentasunaren hurrenkeraren arabera.

2. Eskaerak baloratzeko irizpideak honako hauek izanen dira, eta gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira:

a) Ikasketa-espedientea (gehienez ere 30 puntu, lortutako batez besteko notarekiko proportzioan esleituak). Ondorio horietarako, eta titulazio bat baino gehiago dituzten pertsonen kasuan, b) letraren arabera praktikei gehien egokitzen zaien titulazioaren batez besteko nota hartuko da kontuan. Titulazioak 3.1.c) oinarrian xedatutakoa bete beharko du.

b) Zer neurritan egokitzen zaizkion eginen diren praktikak eskatzailearen profil profesionalari (gehienez ere 60 puntu).

Baloratuko da destinoko entitatean egin beharreko lanak, praktikei buruzko txostenean azaltzen direnak, bat etortzea eskatzailearen titulazioarekin. Gauzak horrela:

–0 puntu emanen dira praktika ez badator bat titulazioaren profil profesionalarekin (egin beharreko lanen %25 baino gutxiago).

–30 puntu, bat-etortzea nolabaitekoa bada (egin beharreko lanen %25 eta %75 artean).

–Eta 60 puntu, bat-etortzea handia bada (egin beharreko lanen %75 baino gehiago).

c) 10 puntu emanen dira Nafarroan jarduera duen enpresa batek Europar Batasunetik kanpoko herrialde batean duen egoitza batean egiten badira praktikak.

3. Eskatzaileek lortutako puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, onuradunen artean gutxien dagoen sexuko pertsonaren alde ebatziko da, eta berdinketak jarraitzen badu, zozketa bidez.

8. oinarria. Bekak ematea.

1. Bekak kudeatzen dituen organoak, hots, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak, aurreko oinarrian ezarritako balorazio-irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek bekak lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia da bekak emateari buruz ebazteko organo eskuduna.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan azalduko dira, gutxienez ere, beka jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

Era berean, honakoa jasoko da:

a) Onuradunaren datuak, destinoko herrialdea eta praktikak egiteko entitatea.

b) Bekaren zenbatekoa eta 10. oinarriaren arabera eginen diren ordainketen zenbatekoa.

3. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean emanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEB) bidez jakinaraziko da.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago beka eman edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

4. Beka eman ondoren, onuradunen batek hari uko egiten badio eta, horregatik, kreditu nahikoa askatzen bada, kreditu hori erabiltzen ahalko da uko egin zaion bekaren zerrenda berean aurrekontu aski ez izateagatik ezetsita gelditu ziren eskaerei beka emateko, ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraituz eta, betiere, onuradun berriak garaiz baldin badaude 2026ko maiatzaren 15a baino lehen hasteko praktikaldia (egun hori barne).

9. oinarria. Beka aldatzea ekar dezaketen inguruabarrak.

Bekaduna hartuko duen entitatearen beharrak direla-eta praktika egiteko lekua aldatzea proposatzen bada, praktikaren edukia aldatu gabe, eta bekadunak aldaketa hori onartzen badu, beka emateko ebazpena aldatuko da destino berriari dagokion poltsaren zenbatekora egokitzeko, betiere aurrekontuan dirua badago.

Era berean, ohiz kanpoko egoeretan (bekaduna hartzen duen entitateak jarduera etetea, entitate horrek baldintzak ez betetzea edo Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak baloratu beharreko ezinbesteko beste arrazoi batzuk), bekadunak zilegi izanen du antzeko ezaugarriak dituen beste praktikaldi bat eskatzea, baldin eta praktika alternatiboren bat baldin badago.

10. oinarria. Bekaren justifikazioa eta ordainketa.

1. Emandako beka honela ordainduko da:

a) Hasierako aurrerakina, bidaia egin aurretik: guztizko zuzkiduraren %30.

b) Hileko ordainketak, hilabetea bukatutakoan, honela kalkulatuta: guztizko zuzkidura ken aurrerakina, zati prestakuntzako praktikaldiaren hilabete kopurua.

Ordaindu beharreko zenbatekoetatik PFEZaren eta Gizarte Segurantzaren atxikipenak kenduko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.

2. Bekaren barruko praktikaldia (sei hilabete) bukatu eta gehienez ere 10 egun balioduneko epean, onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte, modu telematikoan, beken fitxaren bidez.

a) Praktikaren amaierako memoria, beken fitxan dagoen ereduaren arabera. Bertan, harrerako entitatean egin diren jardueren eta zereginen deskribapena jasoko da, bai eta praktikaldiaren balorazioa ere.

b) Atzerrian praktikak egiteko online prestakuntza plana burutu izanaren ziurtagiria.

c) Harrerako entitatearen ziurtagiria, frogatzen duena prestakuntza praktikak ongi bete direla, hasierako eta bukaerako datak adierazita.

d) Eraginkortasun adierazleen 1. galdetegia, beken fitxan eskuratu daitekeena.

Justifikazioa ezin bada beken fitxaren bidez egin, practicasinternacionales@navarra.es helbide elektronikora bidali beharko da.

11. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Beken onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Beka eman zaiela jakinarazi ondoko hilabetean, telematikoki, beken fitxaren bitartez:

  • i. Beka onartzen dutela jakinaraztea. Bestela, atzera egin dutela ulertuko da, eta beka kobratzeko eskubidea galdu dutela deklaratuko da.
  • ii. Gizarte Segurantzan alta emateko eskatzen den dokumentazioa aurkeztea (beken fitxan adierazten dena).

b) Beka eman zaiela jakinarazi ondoko hilabetean, banku-kontuaren zenbakia jakinaraztea, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko tramiteen katalogoan dagoen "Banku-kontuak jakinaraztea eta ordainketen kontsulta" tramitearen bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta.

c) Praktikaldiaren hasiera eguna jakinaraztea haren berri izan bezain laster, eta berandu-beranduenez praktikaldia hasi baino zazpi egun natural lehenago, telematikoki, beken fitxaren bidez. Jakinarazpena egun hori baino beranduago egiten bada, hasiera eguntzat hartuko da jakinarazpenaren egunari zazpi egun natural gehituta ateratzen dena.

d) Destinoko herrialdera bidaiatu baino lehen, istripuetarako, bidaiarako, osasun laguntzarako eta erantzukizun zibilerako aseguru bat izenpetu beharko da eta, halaber, destinoko herrialdean prestakuntza praktikak egiteko behar den bisa eskuratu beharko da.

e) 2026ko urtarrilaren 7tik apirilaren 30era bitarte (egun hori barne) hastea praktikak egiten, eta gutxienez sei hilabetez aritzea prestakuntza praktiketan. 8.4 oinarriko kasuan, 2026ko maiatzaren 15a baino lehen hasi beharko dute praktikak egiten.

f) Jabetza intelektual edo industrialari buruzko araudiarekin bat babestu beharreko edozein emaitza jakinaraztea praktikak egiten diren entitateari.

g) Prestakuntza beka zein entitatetan egiten den, hango ordutegia, arauak eta diziplina betetzea.

h) Atzerrian prestakuntza praktikak egiteko online modalitateko prestakuntza programa egitea, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioak zein Nafarroako Unibertsitateak eskaintzen dutena.

i) Epean aurkeztea 10.2 oinarrian adierazitako frogagiriak.

j) Beken fitxan eskura dauden eraginkortasun adierazleen bi galdetegiak aurkeztea: 1. galdetegia, praktikak bukatutakoan (frogagiriekin batera), eta 2. galdetegia, berriz, praktikak bukatu eta sei hilabete igarota.

k) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, beka behar bezala aprobetxatu ezik edo praktikaldia egiten den entitateak kontrako txostena emanez gero, emandako beka kobratzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, diru hori itzuli egin beharko da, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Orobat, aurreko betebehar horietakoren bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko bekaren zenbatekoa berriro ere doitzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Prestakuntza programa utziz gero Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren iritziz justifikatua dagoen arrazoi bategatik, bukatu gabe utzitako praktikaldiari dagokion zenbatekoaren zati proportzionala itzuli beharko da eta/edo hori kobratzeko eskubidea galduko da.

12. oinarria. Beken bateragarritasuna.

Deialdi honetako bekak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, gastu beretarako emandako beste beka batzuekin.

Deialdi honetako prestakuntza bekak bateragarriak dira harrerako entitateek praktikak egiteagatik ematen dituzten laguntzekin, halakorik bada.

13. oinarria. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

1. Beken eskaera eta interesdunek erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, beken fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta beka hauek emateko prozesuan beharrezkoak diren komunikazioak interesdunen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEB) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazio horren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak jarritako helbide elektronikoaren bitartez.

14. oinarria. Emandako beken publizitatea.

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako bekak, Ogasun Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, beka zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Baita beken fitxan ere, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko tramiteen katalogoaren barnean: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/becas-a-personas-con-titulacion-universitaria-y-de-fp-de-grado-superior-para-realizar-practicas-en-paises-extracomunitarios.

15. oinarria. Datu pertsonalen babesa.

Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako bekak emateko, eta haien kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko.

Datu pertsonalak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal dira, beken fitxan adierazitako moduan.

16. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.

2. ERANSKINA.–PRESTAKUNTZA BEKEN ZENBATEKOA, SEI HILABETERAKO, EUROPAR BATASUNETIK KANPOKO DESTINOKO HERRIALDEAREN ARABERA

HERRIALDEA

BEKAREN ZENBATEKOA

Angola

18.040 euro

Saudi Arabia

17.240 euro

Aljeria

11.680 euro

Argentina

13.320 euro

Australia

17.200 euro

Bolivia

10.560 euro

Brasil

11.320 euro

Kamerun

16.840 euro

Kanada

12.780 euro

Txile

11.480 euro

Txina

13.840 euro

Kolonbia

10.040 euro

Hego Korea

13.080 euro

Boli Kosta

13.400 euro

Costa Rica

13.126 euro

Kuba

14.520 euro

Ekuador

11.360 euro

Estatu Batuak (ekialdeko kosta)

17.980 euro

Estatu Batuak (New York)

20.600 euro

Estatu Batuak (mendebaldeko kosta)

19.520 euro

Estatu Batuak (erdialdea)

18.360 euro

Egipto

11.800 euro

El Salvador

13.400 euro

Arabiar Emirerri Batuak

17.480 euro

Etiopia

13.400 euro

Filipinak

11.560 euro

Ghana

15.120 euro

Guatemala

12.760 euro

India

11.100 euro

Indonesia

12.000 euro

Israel

17.680 euro

Japonia

17.720 euro

Jordania

12.280 euro

Kazakhstan

11.160 euro

Kenya

14.720 euro

Malaysia

10.440 euro

Maroko

10.720 euro

Mexiko

12.560 euro

Nigeria

20.000 euro

Norvegia

15.320 euro

Zeelanda Berria

14.360 euro

Panama

13.720 euro

Paraguai

10.800 euro

Peru

10.400 euro

Qatar

18.480 euro

Erresuma Batua

17.360 euro

Dominikar Errepublika

11.880 euro

Senegal

10.920 euro

Serbia

8.880 euro

Singapur

17.360 euro

Hegoafrika

11.160 euro

Suitza

18.240 euro

Thailandia

10.280 euro

Taiwan

13.680 euro

Tunisia

10.400 euro

Turkia

9.780 euro

Uruguai

12.600 euro

Vietnam

10.920 euro

Zerrendan agertzen ez diren herrialdeen kasuan, banakako kalkulua eginen da.

Iragarkiaren kodea: F2507106