117. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

318E/2025 EBAZPENA, maiatzaren 5ekoa, Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak emana, "Nafarroako Enpresa Digitalaren Sustapena 2025" deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 830519.

Enpresa digitala sustatzeko dirulaguntzen xedea da enpresen trantsizio digitala sustatzea, horietan soluzio teknologiko digitalak ezarriz.

2025eko deialdian diruz lagunduko diren proiektuak A motakoak (soluzio teknologiko digitalak ezartzea), B motakoak (Eraldaketa Digitaleko Planean eraldaketa digitalerako hautemandako aukerak edo Zibersegurtasun Planean jasotako zibersegurtasun arloko neurriak ezartzea) eta C motakoak (gaitasun digitaletako prestakuntza) izanen dira.

Nafarroako Gobernuak 2025eko martxoaren 19an hartutako Erabakiaren bidez, dirulaguntza hauek ematea baimendu zen, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan aipatzen den banakako ebaluazio prozeduraren bidez.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroan enpresa digitala sustatzeko 2025eko dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. 1.450.000 euroko gastua baimentzea, 2025eko gastuen Aurrekontuaren "810001 81100 7709 467900 Dirulaguntzak. ETEak digitalizatzeko proiektua" partidaren kargura, ebazpen honen ondoriozko konpromisoak betetzeko.

Orobat, 2.000.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko.

Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan ezarritako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarriaren igoera baimentzeak eta argitaratzeak ez dakar eskabideak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta dirulaguntzak eman direla jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea akitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal dute interesdunek, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2025eko maiatzaren 5ean.–Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen helburua da enpresen trantsizio digitala sustatzea, haietan soluzio teknologiko digitalak ezarriz.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Betebehar hauek betetzen dituzten enpresak izaten ahal dira onuradun (enpresaburu autonomoak, merkataritzako sozietateak, kooperatibak, fundazioak, elkarte eta sozietate zibilak, nortasun juridikoa izan edo ez):

a) ETE bat izatea, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioaren definizioaren arabera.

b) Establezimendu bat izatea Nafarroan eta Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emanda egotea.

c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea edo inskribatzeko eskatu izana, hala badagokio, honen arabera: Nafarroako Industria Erregistroa sortzen duen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikulua (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).

d) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea. Eskaeraren inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da hori.

Dirulaguntza eskatzeko, baimena ematen zaio laguntzen organo kudeatzaileari zuzenean eskuratu ditzan eskatzaileak laguntza emateko ebazpen proposamenaren unean zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten egiaztagiriak, bai eta 2024an alta emanda zeuden langileen batez besteko plantillaren kontsulta ere. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, hori egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.

2. Enpresek laguntza eskabidearen inprimakian jasota dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dute oinarri honetako 1. apartatuko baldintzak betetzen dituztela.

3. Nortasun juridikorik ez duten eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko ahal aski duena.

Kasu horietan, berariaz adieraziko dira dirulaguntzaren eskaeran zer konpromiso hartzen dituen bere gain unitateko kide bakoitzak. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kideok ere onuraduntzat joko dira.

4. Ez dira dirulaguntza hauen onuradun izaten ahalko:

a) Arrantza-, akuikultura- eta nekazaritza-produktuen produkzio primarioko enpresak; izan ere, sektore horiek bazterturik daude Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 Erregelamendua (Europar Batasunaren Funtzionamenduaren Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa) aplikatzetik (L EBAO, 2023ko abenduaren 15ekoa).

b) Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2.1 artikuluan aipatzen diren sektore publikoko entitateak.

3. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren proiektuak.

1. Diruz lagungarriak izanen dira proiektu hauek, eta baterako baino gehiagorako eskatzen ahalko da laguntza, 7. oinarrian ezarritakoari jarraikiz:

a) A motakoak: soluzio teknologiko digitalak ezartzea:

–A1 mota. Enpresaren eraldaketa digitalerako soluzio teknologikoak ezartzea.

–A2 mota. Soluzio teknologikoak ezartzea eraldaketa digitala bultzatzeko Eraldaketa Digitaleko Plan bat (aurrerantzean, EDP) eta/edo Zibersegurtasun Plan bat (aurrerantzean, ZSP) egiten ari diren enpresetan.

b) B mota: Eraldaketa Digitaleko Planean hautemandako eraldaketa digitaleko aukerak eta/edo Zibersegurtasun Planean jasotako zibersegurtasun arloko ekintzak ezartzea.

c) C mota: gaitasun digitaletako prestakuntza.

2. Proiektu mota bakoitzaren xedea hau izanen da:

2.1. A motako proiektuak. Enpresaren eraldaketa digitalerako soluzio teknologikoak:

Enpresan arazo bat konponduko duten edo negozio aukera bat sortuko duten soluzio teknologiko digitalak garatu eta ezartzeko proiektuak izanen dira, balio kate horizontal eta bertikalaren harremanen esparrukoak. Orobat, enpresa baliabideen kudeaketa eta barneko eta kanpoko logistika biltzen dituzten soluzioak, honako esparru hauetako batean kokatuak:

Enpresaren prozesuen kudeaketa integratuko aplikazioak: ERP eta barneko eta kanpoko kudeaketa logistikoko aplikazioak (SCM, SGA, MRP eta CRM) edo produktuen urruneko euskarriko zerbitzuak eta produktuen eta zerbitzuen bizi zikloa kudeatzeko aplikazioak (PLM, PDM, DFM).

Business Intelligence tresnak eta prozesuak: datuen informazioa, bistaratzea, tresnak eta azpiegitura aztertzera bideratutako sistemak eta enpresei datuetan oinarritutako erabakiak hartzen laguntzeko gomendatutako jardunbideak.

–Big data.

–Adimen artifiziala.

–Hodeiko zerbitzuak.

–Prozesu hobekuntza.

–Zibersegurtasuna.

–Hornitzailearen eta bezeroaren arteko harremanak.

–Erakundearen kudeaketa.

Gainera, eskaerak A2 proiektu motan sartzeko, egiten diren jarduerek xede hauek dituztela egiaztatu beharko da:

–Enpresaren digitalizazio plan bat, ildo estrategikoak hauteman eta 2.2.1 apartatuan xedatutakoa beteko duen bide orri bat zehazteko.

–Enpresaren zibersegurtasun plan bat, enpresa zibersegurtasunaren arloan zer egoeratan dagoen diagnostikatzeko eta 2.2.2 apartatuan xedatutakoa beteko duen bide orri bat zehazteko.

2.2. B motako proiektuak. EDPan hautemandako eraldaketa digitaleko aukerak eta/edo ZSPan jasotako zibersegurtasun arloko ekintzak:

Enpresak egindako EDPan eta/edo Zibersegurtasun Planean aukera gisa atzematen diren soluzio teknologikoak garatu eta ezartzeko proiektuak izanen dira.

Soluzioak proiektu mota honetan sartzeko, enpresek egindako planek alderdi hauek bete behar dituzte:

2.2.1. Eraldaketa Digitaleko Plana (EDP):

EDPak erreferentziatzat hartu behar du "UNE 0060:2018 eta UNE0061:2019: Industria 4.0. Digitalizaziorako kudeaketa sistema" espezifikazioa, eta enpresaren egoera ebaluatu behar du, arau horietan ezarritako irizpide eta alderdiak aintzat hartuta. Hauek dira alderdiak: Negozio estrategia eta testuingurua, Azpiegitura teknologikoa, Antolamendua eta pertsonak, Prozesuak eta Produktuak eta zerbitzuak.

Nolanahi ere, aurreko paragrafoan adierazitako irismena duten EDPak baliozkoak izanen dira; besteak beste, deialdi hauen babesean egindakoak:

a) "Activa Industria" eta "Activa Crecimiento" laguntzak, Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak bultzatuak (ICT/819/2022 Oinarrien Agindua, abuztuaren 12koa).

b) "Eraldaketa digitalerako planak prestatzeko dirulaguntzak enpresentzat. 4.0 ibilbideak" izeneko deialdia, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak sustatua (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 129. zk., 2019ko uztailaren 4koa).

c) "Kit Consulting - aldaketa eragileen programa" laguntzak - Eraldaketa Digitalerako Aholkularitza Zerbitzuak, Espainia Digitala 2026 Agendaren, ETEak Digitalizatzeko 2021-2025 Planaren eta Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan –Europar Batasunaren Next Generation EU funtsak finantzatua–.

d) 2.2.1 apartatu honetan ezarritako edukia duen beste edozein EDP.

2.2.2. Zibersegurtasun Planak (ZSP):

Enpresak zibersegurtasunaren arloan duen egoeraren diagnostiko bat eginen duten plan zuzentzaileak, arrisku digitalen azterketan oinarrituak eta enpresaren interes estrategikoekin lerrokatuak, zeinak jarraitu beharreko bide orri bat proposatuko baitute, ezarri beharreko soluzio edo aukera potentzial jakin batzuk lehenetsita, arriskuak maila onargarrietara murrizte aldera. Plan horren xedea izanen da aplikatzekoak diren zibersegurtasuneko arau, estandar edo arauketa nagusiak betetzen lagunduko duten neurriak ezartzea; hauek dira, besteak beste:

–ISO 27001 araua, informazioaren segurtasunaren arloan (IT ingurunea: Informazioaren Teknologiak).

–IEC-62443 araua, zibersegurtasun industrialaren aroan (OT ingurunea: Operazio Teknologiak automatizazio- eta kontrol-sistemetan).

–Zibersegurtasunaren Eskema Nazionala (ENS), sektore publikoaren eta haren hornitzaileen informazioaren segurtasunaren esparruan.

–EU Cyber Resilience Act (CRA), Europan merkaturatzen diren produktu digitalen garapenaren esparruan.

Nolanahi ere, aurreko paragrafoan adierazitako irismena duten Zibersegurtasun Planak baliozkoak izanen dira; besteak beste, deialdi hauen babesean egindakoak:

–"Activa Ciberseguridad" laguntza, Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak bultzatua (ICT/819/2022 Oinarrien Agindua, abuztuaren 12koa).

–Zibersegurtasuneko aholkularitza zerbitzuak, "Kit Consulting - aldaketa eragileen programa" laguntzen esparruan - Eraldaketa Digitalerako Aholkularitza Zerbitzuak, Espainia Digitala 2026 Agendaren, ETEak Digitalizatzeko 2021-2025 Planaren eta Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan –Europar Batasunaren Next Generation EU funtsak finantzatua–.

–Zibersegurtasuneko aholkularitza zerbitzuak, Navarra Cybersecurity Centerrek RETECH programaren esparruan (Espezializazio Teknologikoko Lurralde Sareak) sustatuak, Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko funtsekin finantzatua (Next Generation EU).

2.3. C motako proiektuak. Gaitasun digitaletako prestakuntza.

Xedea enpresetako langileei prestakuntza ematea izanen da, eraldaketa digitaleko prozesuan laguntzeko.

Prestakuntza horrek barne hartuko ditu ikastaroak, prestakuntzako saioak, saio praktikoak eta beste edozein prestakuntza mota, lagungarria izan dadin bertaratuek gaitasun digital oinarrizkoak zein aurreratuak lortzeko, eta ez du soilik zuzendaritzako kideentzat izan beharko. Prestakuntza programa horrek 10 orduko iraupena izanen du gutxienez.

3. A eta B motako proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Enpresaren eremuan berrikuntza ekartzea ikuspuntu teknologikotik edo produktuari, zerbitzuari edo antolaketari aplikatzearen ikuspuntutik.

b) Enpresak Nafarroan duen establezimendu batean ezartzea.

4. Ez dira diruz lagunduko "Enpresa Digitala Sustatzeko" 2023ko (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 176. zk., 2023ko abuztuaren 24koa) eta 2024ko (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 207. zk., 2024ko urriaren 11koa) deialdietan diruz lagundu ziren eguneratze- edo mantentze-proiektuak.

5. Dirulaguntza jasotzen duten proiektu guztietatik Interneten argitaratzen diren edukietan emakumearen aurkako bereizkeriaren irudiak galaraziko dira eta emakumeen eta gizonen rolen berdintasuna eta aniztasuna bultzatuko dira. Orobat, hizkera sexistaren erabilera saihestuko da eduki horiei erantsitako testu guztietan.

6. Diruz lagundutako proiektuetan egiten diren jarduerek ez dute inolako kalte nabarmenik eraginen ingurumen helburuetan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua (Taxonomiari buruzko Erregelamendua) aldatzen du. Baldintza hori eskaera inprimakian berean sartuta dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta gauzatzeko epea.

1. Gastu diruz lagungarriak izanen dira proiektua gauzatzen duten kanpoko enpresek laguntzaren onuradunari fakturatzen dizkiotenak: laburbilduz:

a) Ezarritako soluzioarekin zuzenean lotutako diagnostikoa eta plangintza egiteko, definitzeko eta garatzeko aholkularitza gastuak eta baliokideak.

b) Software lizentzia espezifikoen gastuak (on premise edo cloud), ezarritako soluzio berritzailearekin zuzeneko lotura dutenak. Gastu horiek ez dira inola ere jarduera iraunkorrak edo aldizkakoak izanen, eta ez dira lotuta egonen enpresaren ustiapen gastu arruntekin.

c) Ekipo ondasunak erosteko gastuak, esaterako, hardwarean, sentsoreetan, automatismoetan eta komunikazio ekipoetan egindakoak, ezarritako proiektuarekin zuzenean lotutakoak.

Ez dira diruz lagungarriak izanen ordenagailu pertsonalak eta zerbitzariak, inprimagailuak, terminalak, display-ak, tabletak, kontsolak eta antzekoak erosteko gastuak, salbu eta fabrikazio prozesuetan datuak atzitzeko interfaze gisa baliatzen badira.

d) Gaitasun digitaletako prestakuntza gastuak.

2. Diruz lagungarria izateko, egindako proiektuaren gastuak gutxienez 2.500 eurokoa izan behar du (BEZ kanpo). Aurrekotik kanpo geratzen dira C motako proiektuak, zeinen gutxieneko zenbatekoa 300 eurokoa izanen baita (BEZ kanpo).

3. A eta B motako proiektuekin lotuta 1.c) apartatuan jasotzen diren gastu diruz lagungarriei dagozkien zenbatekoak gastu guztien %40 izanen dira, gehienez ere.

4. Proiektuak gauzatu eta gastu diruz lagungarriak egiteko epea 2025eko urtarrilaren 1etik 2019ko dirulaguntzaren eskabidearen egunera artekoa izanen da. Ondorio horietarako, gastua egin dela ulertuko da epe horren barrenean fakturatu eta ordaindu bada.

5. Onuradunak gastu diruz lagungarriak ordaindu beharko ditu sektoreko araudi aplikagarrian aurreikusitako ordainketa epeetan, edo, halakorik ezean, Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitakoetan.

6. Ez dira izanen diruz lagungarriak:

a) Dirulaguntza jasotzen duen proiektuari zuzenean lotuak ez dauden gastuak.

b) Eskatzaileak berak edo hari lotutako edo elkartutako enpresek egindako gastuak. Lotutako enpresatzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan definitutakoak (erregelamendua uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

c) Software lizentzien gastuak eta hardware gastuak, 4. oinarrian adierazitakoak izan ezik. Ildo horretan, software lizentzia bat eroste hutsa ez da diruz lagunduko, baldin eta ez bada A eta B motako proiektuen barruan zehaztutako soluzio teknologiko digital bat garatu eta ezartzen.

d) Langileria gastuak, gastu arruntak, altzarietako gastuak, kontsumigarrietako gastuak, obretako gastuak eta, oro har, kontzeptu diruz lagungarrietan berariaz sartuak ez daudenak.

e) Enpresa onuradunaren produktu/zerbitzuen katalogoan dauden edo egonen diren produktu edo zerbitzuen gastuak.

5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Diruz lagungarriak diren gastuen gaineko laguntzaren intentsitatea hau izanen da proiektu motaren arabera, betiere aintzat hartuta proiektu bakoitzeko jasoko den gehieneko laguntza 30.000 eurokoa izanen dela:

PROIEKTU MOTA

INTENTSITATEA

A

A.1. Enpresaren eraldaketa digitalerako soluzio teknologikoak ezartzea

%35

A.2. Soluzio teknologikoak ezartzea eraldaketa digitala bultzatzeko Eraldaketa Digitaleko Plan bat eta/edo Zibersegurtasun Plan bat egiten ari diren enpresetan

%40

B

EDPan hautemandako eraldaketa digitaleko aukerak eta/edo ZSPan jasotako zibersegurtasun arloko ekintzak

%45

C

Gaitasun digitaletako prestakuntza

%90

2. A eta B motako proiektuek laguntza intentsitate gehigarri bat lortzen ahalko dute, 1. apartatuan adierazitakoaz gain, kasu hauetan (inola ere ez da gaindituko proiektu bakoitzeko 30.000 euroko muga):

2.1. 2024an batez beste 15 langile baino gutxiago zituzten enpresek %15 gehiago lortuko dute. Alderdi hori egiaztatzeko, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako "Alta emanda dauden langileen batez besteko plantilla" txostena aurkeztuko da.

2.2. Emakumeen eta gizonen artean lan arloko edozein diskriminazio galarazteko neurri hauetako bat hartu duten enpresek %5 gehigarria lortuko dute:

1. Aitortzaren edo bereizgarriren bat lortu izana eta indarrean izatea bere langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatu dituelako (esate baterako, Berdintasun Ministerioaren "Berdintasuna enpresan" deituriko bereizgarria edo NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen "Reconcilia" zigilua, eta abar).

2. Zuzendaritza postuetan gutxienez %30 emakumeak izatea. Hori egiaztatzeko, dagozkion merkataritza ziurtagiriak eta/edo inguruabar hori egiaztatzen duten eskritura publikoak aurkeztuko dira.

3. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat izatea baloratuko da, urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren arabera erregistratuta badago. Hau da, berrogeita hamar langile baino gutxiago dituen enpresa bat bada.

4. Sexu jazarpena eta sexuagatiko jazarpena prebenitu eta horiei aurre egiteko neurri zehatzen inguruko sentsibilizazioko edo hedapeneko protokoloak edo prestakuntza egin izana, berdintasun arloan gutxienez 120 orduko prestakuntza jaso duten prestatzaileek emanak badira. Enpresak edo prestatzaileak sinatutako dokumentu bat aurkeztu beharko da, jardueraren iraupena egiaztatzeko (ez da 4 ordutik beherakoa izaten ahalko), bai eta prestatzailearen prestakuntza ziurtatzen duten agiriak ere.

2.3. 2023ko urtarrilaren 1etik laguntza eskatzen den egunera bitartean enplegu zentro berezi batekin edo laneratzeko enpresa batekin kontraturen bat egin duten enpresek %5 gehiago lortuko dute. Helbide honetan kontsultatzen ahal da zein diren aipatutako entitateak ez zer zerbitzu ematen dituzten: https://reservadecontratos.navarra.es/es/directorio-empresas.

2.4. Berrikuntza Digitalaren Gunean (IRIS NAVARRA) https://www.irisnavarra.com/es/servicios homologatutako zerbitzua duten hornitzaileekin kontratatutako proiektuek %5 gehiago lortzen ahal dute.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2025eko azaroaren 14an bukatuko da, egun hori barne.

2. Eskabideak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, horretarako Nafarroako Gobernuak duen Atariaren, tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

7. oinarria.–Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Enpresek aukera izanen dute deialdi honen 3. oinarrian identifikatutako proiektu mota baterako baino gehiagorako laguntzak eskatzeko.

Proiektu bakoitzerako eskabide bat aurkeztuko da, hurrengo apartatuan adierazitako agiriekin batera, apartatu horretako e), f) eta h) letretan adierazitakoak izan ezik, zeinak nahikoa izanen baita behin aurkeztea.

2. Eskabideari agiri hauek erantsi beharko zaizkio, dokumentu bereizietan eta dagokien izenez behar bezala identifikatuta, eta a) eta c) letretako agiriak laguntzen fitxan dauden ereduetara egokituko dira:

a) Proiektuaren memoria, behar bezala beteta.

b) Egindako proiektuaren ebidentziak.

–A eta B motako proiektuetarako: laguntzaren xede den proiektuaren barruan fakturatutako kontzeptu bakoitza azaltzen duen egiaztagiri bat aurkeztuko da (pantaila argazkiak, irudiak, lizentziak, etab.).

–C motako proiektuak: ikastaroko parte hartzaile bakoitzaren bertaratze ziurtagiria edo diploma.

c) Gastu diruz lagungarri guztien zerrenda, Excel liburu batean.

d) Fakturak eta ordainagiriak, zeinak eskatzailearen izenean egon behar baitute, eta 2025eko urtarrilaren 1etik laguntza eskatzen den egunera bitarteko data izan (jaulkitzailea, onuraduna, zenbatekoa, ordainketa data eta ordaindutako fakturaren zenbakia jasotzen duten banku dokumentuak soilik onartuko dira).

e) Baldin eta eskatzen den laguntza A2 motako proiektuetarako bada, eskaera egiten den unean EDP edo ZSP bat egiten aritu beharko da, 3.2.1 oinarrian adierazten denari jarraikiz. Hori egiaztatzeko, agiri hauek onartuko dira:

–Laguntza hauen 3. oinarriko 2.2.1 eta/edo 2.2.2 apartatuetan jasotako laguntzaren bat eskatu izanaren egiaztagiria.

–Laguntza hauen 3. oinarriko 2.2.1 eta 2.2.2 apartatuetan adierazitako planak lortzeko laguntzen emakida ebazpena.

–Plan horiek egiteko enpresa espezializatuak kontratatu direla egiaztatzen duen edozein agiri motaren formalizazioa.

f) Baldin eta eskatzen den laguntza B motako proiektuetarako bada, eskatzailearen EDPa eta/edo ZSPa aurkeztu beharko dira.

g) Baldin eta eskatzen den laguntza C motako proiektu baterako bada, alderdi hauek egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztu behar dira:

–Ikastaroaren edukia eta lortutako gaitasun digitalak.

–Ikastaroaren iraupena.

–Bertaratutakoen eta haien karguen zerrenda.

h) Hala badagokio, laguntzaren intentsitate handiagoa lortzea justifikatzen duten agiriak, 5.2 oinarrian adierazitakoak.

i) Baldin eta eskatzaileak, bere eskabidearen inprimakian, ez badio baimenik ematen laguntzen organo kudeatzaileari dokumentu horiek zuzenean biltzeko, agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela frogatzen duen ziurtagiria.

–Alta egoeran dauden langileen batez besteko plantillaren 2024ko txostena.

j) Proiektua zuzen baloratzeko interesekotzat jotzen diren dokumentu guztiak.

3. Dirulaguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).

Baldin eta 3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, laguntza ez da ematen ahalko.

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, Industria Sustatzeko Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Oinarri honen 2. eta 3. ataletan eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, egoera hori ez da inola ere zuzentzen ahalko.

8. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozedura.

1. Dirulaguntza hau emateko, 3. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabideak banaka ebaluatzeko prozedura erabiliko da. Laguntza ebaluazio horren ondoriozko intentsitateaz esleituko da.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Baldin eta kreditua ez bada behar adinakoa eskatzaile bati laguntza osoa emateko, eskaera birformulatzeko eskatuko zaio, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 20 bis artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

9. oinarria.–Dirulaguntza ematea eta ordaintzea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak eskaerak aztertuko ditu, eta gero organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

2. Zuzendaritza Nagusiak izanen du dirulaguntza emateari eta ordaintzeari buruz ebazteko eskumena. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, gehienez ere 6 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaizkie ebazpenak eskatzaileei, gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartuta dago dirulaguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, proiektua egin dela eta dirulaguntza jasotzearen arrazoi izan den helburua bete dela.

b) Ezartzen diren irtenbideak aktibo egotea gutxienez ere bi urtez, laguntzaren emakidatik eta ordainketatik aurrera.

c) Laguntza eman dela zabaltzea enpresaren web orriaren bidez, testu hau sartuta: "Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren laguntza bat jaso du enpresa digitala sustatzeko 2025eko deialdian".

Baldin eta eskatzaileak ez badu webgunerik, eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15.2 artikuluko betebeharra betetze aldera, publizitate egokia ematea eta betebeharra betetzea bermatuko duen ordezko bitarteko bat bilatuko da. Horretarako, eskatzailearen establezimenduko ageriko toki batean adierazitako testua jasotzen duen kartel bat jarri beharko da, edo enpresaren sare sozialetako kontuetan iragarri beharko da.

Jarritako publizitatea gutxienez bi urtez mantenduko da, laguntzaren eta ordainketaren ebazpena eman denetik kontatzen hasita.

d) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.

e) Laguntzak kudeatzen dituen organoari komunikatzea beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, 11. oinarrian ezarritako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.

f) A2 motako proiektuen kasuan, onuradunek egindako EDPa edo ZSPa aurkeztuko dute, laguntza eman eta ordaintzeko ebazpenaren egunetik gehienez ere urtebeteko epean.

Aurkezten ez badute, proiektua A1 motakotzat hartuko da eta, hala badagokio, dagokion laguntza itzuli beharko da.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz.

11. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak ez dira bateragarriak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

12. oinarria.–"De minimis" laguntzak.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (L EBAO, 2023ko abenduaren 15ekoa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko zerga ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Aipatutako erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago "enpresa bakarraren" definizioa.

2. Horretarako, interesdunek eskaera aurkeztu aurreko hiru urteetan jasotako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaeran.

13. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta eskatzaileek eman beharreko agiri guztiak telematikoki aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan, laguntzen fitxaren bitartez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GEHb) eginen dira.

14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

Industria Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak, halaber, laguntzen fitxan argitaratuko dira.

15. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.

Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzen emakida, kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko.

Datu pertsonalak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal dira, laguntzen fitxan adierazitako moduan.

16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.

Iragarkiaren kodea: F2506512