Iragarkia
117. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 12a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
432E/2025 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez finantzaketa emateko deialdi bat onesten baita 2025ean ikerketa lana areagotzeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako zentroetan. DDBN identifikazioa: 834030.
Ebazpen honen xedea da deialdi bat onestea finantzaketa emateko 2025ean ikerketa lana areagotu dadin Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako zentroetan.
Osasuneko kontseilariak abuztuaren 22an emandako 87/2014 Foru Aginduaren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan ikerketa sustatzeko programa onetsi zen. Foru Agindu horren 7.4.2 apartatuan ezartzen da berariaz bultzatu behar dela oinarrizko osasun laguntzako ikerketa, eta adierazten da potentzialtasun handia duela eta eragina izan dezakeela prebentzioaren, asistentziaren eta osasun komunitarioaren arloetan.
Oinarrizko Osasun Laguntzako zentroen ikerketa jarduera areagotzeko, beharrezkotzat jotzen da hautatutako ikerlariei kentzea jendearekiko arretan egiten duten lanaren zati bat. Horretarako, beharrezkoa den finantzaketa gehigarria bermatu beharra dago, profesional horrek beteko ez duen arreta jarduerari erantzuteko, aldi baterako kontratazioak eginez.
Estatuan Carlos III Osasun Institutuaren bidez eskaintzen den areagotze programaren osagarria da prozedura hau, eta, haren ildo beretik, aurreikusten da Osasun Departamentuak aldi baterako kontratazioen zati bat finantzatzea, hain zuzen, ikerketa lanean aritzeko liberatuko diren osasun arretako edo gizarte laneko langileen lanaldiaren % 50 adinakoa.
Espedientean dagokion txosten juridikoa dago, bai eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ere, eta horrek agerian uzten du laguntzen emakida eta oinarri arautzaileen onespena egokiak eta legezkoak direla.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak eta Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 246/2023 Foru Dekretuaren 8. artikuluko t) eta y) letrek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. 2025. urtean Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako zentroetan ikerketa lana areagotzeko finantzaketa emateko deialdia onestea. Horretarako prozedura ebazpen honen I. eranskinean araututa dago.
2. Guztira, 30.000 euroko gastua baimentzea ebazpen honen bidez onesten den deialdia finantzatzeko. Aipatutako gastua 2025eko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako 512002 51300 4809 465102 partidari, "Osasun langile publikoen ikerketa lana areagotzeko bekak" izenekoari, egotziko zaio.
3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
4. Ebazpen hau igortzea Osasun Departamentuko Osasun Plangintza, Estrategia sanitarioa eta Ikerketarako Zerbitzuari, Ikerketa eta Berrikuntza Atalari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen Kontu-hartzailetza delegatuari, ebaluazio batzorde teknikoko kideei eta Osasun Departamentuko Kontabilitate Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea akitzen, eta beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 15ean.–Osasuneko zuzendari nagusia, Antonio López Andrés.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Xedea.
Ebazpen honen xedea da laguntzak emateko oinarriak onartzea, 2025. urtean ikerketa jarduera areagotzeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako zentroetan. Eskatzen diren baldintzak bete behar dira, eta ikertzaileak izan behar dira zentro horietan, ikerketa ibilbide adierazgarria erakusten ahal dutenak, eta ikerketa proiektu aktiboak eta kalitatekoak dituztenak.
2. Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.
Oinarri hauetan ezarritakoaren ondorioetarako, behar diren eginkizunak esleitzen zaizkio Osasun Departamentuko Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko Ikerketa eta Berrikuntza Atalari, ikerketa lana areagotzeko finantzaketa emateko prozedura antolatu eta bideratu dezan.
Instrukzio organoak batzorde teknikoaren irizpenari jarraikiz eginen du ebazpen proposamena. Oinarri arautzaile hauetan "organo instruktoreari" egindako aipamenak aipatutako Ikerketa eta Berrikuntza Atalari buruzkoak direla ulertzen da.
Prozedura ebazteko eskumena Osasuneko zuzendari nagusiari dagokio.
3. Eskatzaileak eta onuradunak.
3.1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzarako zentroetako zuzendariek edo, halakorik ez badago, goragoko hurrenak beren langileek jarduera areagotzeko eskatzen ahalko dute.
3.2. Bestalde, ikerketa lana areagotzeko izangaiek, onuradun izaera izanen baitute, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Jarduera asistentziala izatea eta funtzionario gisako, estatutupeko edo kontratu bidezko lotura izatea lana areagotzeko eskatu den unitate organikoan, laguntza hau eskatzen denetik ikerketa lana areagotzeko jarduera bukatu arte.
–Deialdi publiko edo pribatuan finantzatutako ikerketa proiektu aktibo baten ikertzaile nagusia izatea, gutxienez, eta eskaera egiten den unean gutxienez 6 hilabete oraindik egikaritu gabe izatea.
–Osasun Departamentuak areagotzeko bekarik eman ez izana aurten edo azken 5 urteetan.
4. Gastu finantzagarriak.
4.1. Osasun Departamentuak ordezko langileak aldi baterako kontratatzeko kostua finantzatuko du, 30.000 euroko gastua gehienez, 2025eko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako gastuen aurrekontuko 512002 51300 4809 465102 partidaren kargura, "Osasun langile publikoen ikerketa lana areagotzeko bekak" izenekoa.
4.2. Finantzaketaren xedea izanen da ikerketa lana areagotuko duen profesionalak (fakultatibo espezialista, unibertsitateko diplomaduna edo erizaintzako, odontologiako, gizarte laneko edo fisioterapiako graduduna) utziko duen jarduera asistentziala betetzea aldi baterako kontratazioaren bidez.
4.3. Puntuazio handiena lortzen duen ikertzailearen unitate organikoa finantzatuko da.
4.4. Behar diren ordezko langileen kontratazioa ikerketa lana areagotzen duen pertsonaren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak eginen du. 11. oinarrian xedatutakoari jarraikiz finantzatuko da kontratazioa.
5. Ordezteko kontratuaren ezaugarriak.
5.1. Ordezko langileei administrazio kontratua eginen zaie, aplikatzekoa den legerian oinarrituta, eta, gehienez ere, lana areagotuko duen pertsonak urtean duen lanaldi asistentzialaren erdia liberatzeko adina denborarako; denbora hori zerbitzuaren beharren arabera banatzen ahal da.
5.2. Diru-zuzkidura hamabi hilabetez erabiliko da gehienez ere, ordezkapeneko lehen kontratua sinatzen denetik hasita.
6. Eskaerak.
6.1. Ikerketa lana areagotzeko laguntzak deialdi honen kargura eskatzeko agiri normalizatuak Nafarroako Gobernuko webguneko tramiteen katalogoan daude eskura (www.nafarroa.eus).
6.2. Eskaerarekin agiri hauek aurkeztu beharko dira:
1. agiria. Areagotu nahi den jarduera egiten duen profesionalaren oinarrizko osasun laguntzako osasun zentroko zuzendariak sinatutako eskabidea, lana areagotuko zaion pertsonaren izena eta osasun zentroari dagokion Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzaren oniritzia jasotzen dituena.
2. agiria. Osasun etxe eskatzaileak areagotuko duen hautagaia izatea onartzea, areagotu nahi den jardueraren pertsonak sinatuta.
3. agiria. Deialdi publiko edo pribatuan finantzatutako ikerketa aktiboaren proiektuaren kopia.
4. agiria. Finantzaketa bermatuaren frogagiriak.
5. agiria. Proiektuaren kronograma, ongi zehaztuta burutzeko falta zaion denbora eta, orobat, ikerketa lana areagotzeko aldian ikertzaileak bete beharreko jarduera.
6. agiria. Jarduera areagotu nahi zaion pertsonaren curriculum-merezimenduak, aurkeztutako formatuaren arabera. Deialdian baloratu daitezkeen merezimenduak modu ordenatu, sistematiko eta osoan aurkeztuko dira, II. eranskinean jasotako ebaluazio irizpideei jarraikiz. Merezimendu bakoitza justifikatzeko, dagokion ziurtagiri ofizialaren kopia aurkeztuko da. Ez dira kontuan hartuko behar bezala justifikatuta ez dauden merezimenduak.
7. agiria. Lana areagotu zaion langilearen konpromisoa jakinarazteko osasun etxez edo lantokiz aldatu den edo emandako areagotze aldian Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekiko funtzionario gisako, estatutupeko edo kontratu bidezko lotura galdu duen.
7. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.
7.1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
7.2. Tramitaziorako, bide elektronikoak erabiliko dira, Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan eskura dagoen estekaren bitartez: https://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.
7.3. Eskaeran ez bada frogatzen betetzen direla aipatutako baldintzak, instrukzio organoak komunikazio elektroniko baten bidez interesdunari eskatuko dio akatsak zuzentzeko, gehienez 10 egun balioduneko epean, eta jakinaraziko dio ezen, zuzentzen ez baditu, bere eskaera ezetsi eta artxibatu eginen dela, bidezko ebazpena eman ondoren.
8. Ebaluaziorako Batzorde Teknikoa.
Onartzen diren eskaerak batzorde tekniko batek baloratuko ditu, eta, ondoren, irizpen bat emanen du, instrukzio organoak ebazpen proposamena egin dezan.
Batzordea honako hauek osatuko dute:
Itziar Blanco Platero andrea, Nafarroako Ekialdeko Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako zuzendariordea.
M.ª Ana Mateo Cervera andrea, Osasun Departamentuko Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko Prestakuntza Kudeatzeko Bulegoko burua.
Carmen Beorlegui Arteta andrea, Osasun Departamentuko Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko Ezagutza Kudeatzeko Bulegoko burua.
Ana Chocarro Resano andrea, Osasun Departamentuko Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko Ikerketa Kudeatzeko Bulegoko burua.
Elena Antoñanzas Baztan andrea, Osasun Departamentuko Osasun Plangintza, Estrategia eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendaria.
Batzordeak onartzen diren eskaeren balorazioa eginen du, II. eranskinean jasotako ebaluazio irizpideen arabera, eta irizpen bat emanen du, eskaerak lehenetsiz lortutako emaitzen arabera.
9. Eskaerak ebaluatzea.
Dirulaguntza hauek emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz izapidetuko da, aurkeztutako eskaerak alderatuz.
Instrukzio organoak proposamen arrazoitua eginen du, finantzatu beharreko eskaeraren inguruan, batzorde teknikoak egindako lehentasunaren arabera.
10. Areagotzearen onespena.
Osasuneko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, eta batzorde teknikoaren irizpenaren eta instrukzio organoaren proposamen arrazoituari jarraikiz, lehia bidez erabakiko ditu ikerketa lana areagotuko zaien pertsona eta hari dagokion oinarrizko osasun laguntzako osasun etxea.
Ebazpena jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen administrazio prozedura erkidea arautzen duen legedian ezarri bezala, ikerketa lana eginen den osasun zentroko zuzendariari eta dagokion Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzari, eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian jarriko da jendaurrean.
11. Finantzaketaren kudeaketa.
Esleitzen den zenbatekoa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari (IFZ: Q3150004D) ordainduko zaio, laguntzaren xedeko gastuak finantza ditzan. Ikerketa lana areagotuko duen pertsona atxikia den zentroaren arabera, ondoko partida hauetan eginen da diru-sarrera:
Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetza: 547001 52300 4410 000000 partida, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak beste erakunde publiko batzuetatik" izenekoa.
Tuterako Kudeatzailetza: 545000 52400 4410 000000 partida, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak beste erakunde publiko batzuetatik" izenekoa.
Lizarrako Kudeatzailetza: 546000 52500 4410 000000 partida, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak beste erakunde publiko batzuetatik" izenekoa.
Dirulaguntza ematen den unean ordainduko da.
12. Ikerketa lana areagotzeko jarduera betetzea.
12.1. Ikerketa lana areagotzeko jarduera gauzatuko da deialdi honetan eta ikertzaileak egin beharreko jarduerari buruz aurkezten den dokumentazioan aurreikusten den moduan.
12.2. Ikerketa lana areagotzeko jardueraren garapenean gertatzen den gorabehera edo aldaketa oro jakinarazi beharko zaio Ikerketa eta Berrikuntza Atalari.
12.3. Laguntza eman eta urtebeteko epean ordezkoa kontratatu ez bada, laguntza eten eginen da eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako laguntza itzuli beharko du.
12.4. Proiektua egitea justifikatzen ez bada, Osasuneko zuzendari nagusiak, Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko Ikerketa eta Berrikuntza Atalak txosten arrazoitua egin ondoren, jasotako zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko du, dagozkion erantzukizunen kalterik gabe.
13. Ikerketa lana areagotzeko jardueraren bukaera.
13.1. Ikerketa lana areagotzeko jarduera bukatzen den egunetik hasi eta hilabeteko epean, laguntzaren onuradunak azken memoria bat bidali beharko dio Ikerketa eta Berrikuntza Atalari, eta bertan zehatz-mehatz deskribatuko dira areagotzeko jarduera horretarako helburuen arabera egindako ekintzak eta lortutako emaitzak, ikerketaren eraginari buruzko atal bat barne, hots: eragin bibliometrikoa, jardun klinikoaren gainean duen eragina edo osasun arloko politiken gainekoa, osasunaren gainean duen eragina edo eskaintzen den osasun zerbitzuaren gainekoa, patenteen sorkuntzaren gainekoa, produktuen merkaturatzearen gainekoa edo spin-off konpainien sorkuntzaren gainekoa. Egoki irudituz gero, informazio osagarria eskatzen ahalko da.
13.2. Ikerketa lana areagotzeko jarduera garatzeko beharrezkoa bada, unitate organikoaren arduradunak azken memoria aurkezteko epea luzatzeko eskatzen ahalko dio Ikerketa eta Berrikuntza Atalari, behar bezala arrazoituta.
14. Emaitzetan parte hartzea.
Ikerketaren emaitzaren jabe intelektuala proiektua gauzatzen duen taldea izanen da.
15. Gainerako konpromisoak.
Argitalpen zientifikoetan, ahozko komunikazioetan edo, oro har, ikerketa lana areagotzeko jardueraren ondoriozko emaitzen dibulgazioan, deialdi honen bidezko finantzaketa izan dela zehaztu beharko da ohar baten bidez. Produkzio horien berri emanen zaio Ikerketa eta Berrikuntza Atalari, ikerketa areagotzeko espediente zenbakia zehaztuta eta sortzen diren argitalpenak erantsita, azken memoria noiz bidali zen kontuan izan gabe.
16. Bidezko diren administrazio-errekurtsoak.
Gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da aplikatzeko egintzen aurka, Osasuneko kontseilariari zuzenduta eta hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.b) artikuluarekin.
17. Datuen babesa.
Eskabidean eta deialdi honetan aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira deialdia ebazteko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
Datuen tratamenduari buruzko informazioa Nafarroako Gobernuaren Atarian dago ikusgai, zehazki, Osasun Departamentuaren "Dirulaguntzen, beken eta laguntzen kudeaketa" izeneko atalean, helbide honetan: https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/datuen-babesa.
II. ERANSKINA.–BATZORDEAK BEHAR BEZALA EGIAZTATU EZ DIREN MEREZIMENDUAK EZESTEN AHALKO DITU
Ebaluazioa honako irizpide eta baremo hauen arabera eginen da:
A.–Izangaiaren curriculumeko merezimenduen balorazioa: gehienez 70 puntu.
a.1) Genienez 3 puntu, honako egoera hauetakoren bat egiaztatzen badu:
–1 puntu, %33ko edo gehiagoko desgaitasun ziurtagiria aurkezten bada, organo eskudunak emana.
–1 puntu, genero indarkeriaren biktima dela egiaztatzen duen dokumentua aurkezten bada, Delituaren Biktimei Laguntzeko Bulegoak emana.
–1 puntu, amatasunagatiko, aitatasunagatiko, edoskitzeagatiko edo ardurapeko senideak zaintzeagatiko baimena hartu badu, 2020ko urtarrilaren 1etik deialdiaren datara bitartean.
a.2) 6. dokumentuan agertzen diren argitalpenen balorazioa. Baloratu beharreko argitalpenak erantsiko dira, eta gehienez 30 puntu lortzen ahalko dira, honela banaturik:
–Journal Citation Report (JCR) aldizkari zientifikoan indexatutako argitalpen bakoitzeko: lehenengo edo azken sinatzaile gisa edo korrespondentziarako egile gisa agertzen bada: 3 puntu. Gainerako egileak: 1,5 puntu.
–Beste datu-base batzuetan indexatutako aldizkari zientifikoko argitalpen bakoitzeko: lehenengo edo azken sinatzaile gisa edo korrespondentziarako egile gisa agertzen bada: 2 puntu. Gainerako egileak: puntu 1.
–Ikerketa jarduerarekin zerikusia duen liburu baten egilea izateagatik: sinatzaile bakarra: 2 puntu, sinatzaile bat baino gehiago badago: puntu 1.
–Liburuko kapitulu bakoitzeko: sinatzaile bakarra: puntu 1, sinatzaile bat baino gehiago badago: 0,5 puntu.
Azken bi argitalpen horiei begira, liburuaren azalaren eta kontrazalaren kopia erantsiko da, eta, hala badagokio, kapituluarena.
a.3) Espezialitateko edo jakintza arloko erreferentziazko elkarte zientifikoek antolatutako biltzar eta kalitate bileretan komunikazioak, hitzaldiak edo posterrak egiteagatik, betiere lanak onartzeko hautaketa prozesua egin bada. 8 puntu gehienez, honela banaturik:
Honako hauen lehen egilea izateagatik:
–Nazioarteko kongresu bateko komunikazio edo hitzaldi bakoitzeko: 3 puntu.
–Nazio mailako kongresu bateko komunikazio edo hitzaldi bakoitzeko: 2 puntu.
–Eskualdeko kongresu bateko komunikazio edo hitzaldi bakoitzeko: puntu 1.
–Nazioarteko kongresu bateko poster bakoitzeko: 2 puntu.
–Nazio mailako kongresu bateko poster bakoitzeko: puntu 1.
–Eskualdeko kongresu bateko poster bakoitzeko: 0,5 puntu.
Gainerako egile gisa parte hartzea aipatutako puntuazioaren erdiarekin baloratuko da.
a.4) Ikerketa proiektuetan parte hartu izana: 15 puntu gehienez, honela banaturik:
Ikertzaile nagusi gisa parte hartzea:
–Nazioarteko proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko: 5 puntu.
–Espainia mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko: puntu 3.
–Eskualde mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko: 1 puntu.
Laguntzaile gisa parte hartu izanez gero, aipatutako puntuazioaren erdia emanen da.
Lehia bidezko deialdietan finantzatutako proiektuetan parte hartzea: puntu 1 gehiago parte-hartze bakoitzeko.
a.5) Beste merezimendu batzuk: 14 puntu gehienez, honela banaturik:
–Bere ikerketa jarduerarekin lotutako graduondoko prestakuntza (gehienez 8 puntu), aurkeztutako titulu bakoitza honela puntuatuta:
- Bere ikerketa jarduerarekin lotutako doktore tesia: 4 puntu defendatutako tesi bakoitzeko.
- Espezialitatea: 2 puntu.
- Bere ikerketa jarduerarekin lotutako unibertsitateko master ofiziala: puntu 1 defendatutako master bakoitzeko.
- Berezko unibertsitate masterra edo unibertsitate aditua: 0,5 puntu.
–Bere ikerketa jarduerarekin lotutako beste merezimendu batzuk (gehienez 6 puntu).
- Bere ikertzaile jarduerarekin lotutako doktore tesiaren zuzendaritza: 1 puntu zuzendutako eta defendatutako tesi bakoitzeko.
- Unibertsitateko master ofizialaren master hondarreko lanaren zuzendaritza: 0,15 puntu master hondarreko lan eta defentsa bakoitzeko.
- Unibertsitateko gradu ofizialaren hondarreko lanaren zuzendaritza: 0,2 puntu defendatutako GrAL bakoitzeko.
- Gizarte eta osasun arloarekin zerikusia duen patente edo egile eskubide bakoitzeko: 1 puntu. Eskabidearen egiaztagiria erantsiko da.
- Batzorde aholkulari teknikoetako edo batzorde zientifiko, tekniko edo aholkularietako kide izateagatik (biltzar, jardunaldi eta aldizkarietako batzorde zientifikoak izan ezik):
- Nazionalak edo nazioartekoak: 0,30 puntu.
- Autonomia erkidegokoak: 0,15 puntu.
- Zentro asistentzialaren edo elkarte zientifikoaren mailakoak: 0,10 puntu.
- Praktika klinikoko gidetan, osasun arretako protokoloetan, berrikuntza sanitarioko proiektuetan edo dokumentu zientifiko eta teknikoetan egile gisa parte hartzeagatik: 0,20 puntu parte-hartze bakoitzeko.
B.–Proposamenaren balorazio estrategikoa: 30 puntu gehienez.
b.1) Aurkeztutako ikerketa proiektuaren eta 2014-2020 Osasun Planaren bat-etortzea (gehienez 10 puntu), honela banatuta:
–5 puntu, proiektua Osasun Planeko estrategietakoren batean oinarritzen bada:
- Osasunaren prebentzioa eta sustapena ume eta nerabeen artean.
- Osasunaren sustapena eta norberaren zainketa helduetan.
- Desgaitasuna saihestea eta autonomia sustatzea.
- Minbizia.
- Osasun Mentala.
- Dementzia eta beste eritasun neurodegeneratibo batzuk.
- Denboraren menpe dauden larrialdiak.
- Odol hodietako eritasunak eta diabetesa.
- Arnasbideetako gaixotasunak.
- Patologia anitzeko eriak.
- Zainketa aringarriak.
- Mina.
- Pazientearen segurtasuna.
- Laguntzaren humanizazioa.
- Gaixotasun arraroak.
- Zahartze aktibo eta osasuntsua.
–4 puntu, honako hauek lantzen baditu:
- Obesitatea prebenitzea eta/edo ariketa fisikoa sustatzea.
- Minbizia detektatu eta bahetzea.
- Osasun mentala haurtzaroan eta nerabezaroan, suizidioa, substantzien kontsumoa eta/edo portaera-mendekotasunak.
- Amagandiko edoskitzea.
- Haurtzaroko indarkeria.
- Alzheimerra duten pertsonen zaintza.
- II motako diabetesa.
- Patologia anizkoitzetan, laguntza-mailen arteko erlazioari buruzkoa bada.
- Zainketa aringarrietan eta heriotza duinean: borondate aurreratuak, erabakien plangintza aurreratua, gizarte laguntza, familiarra, psikologikoa edo emozionala, alderdi komunikatiboak, sintomen kontrola edo zainketen integrazioa.
- Gihar-hezurretako min kronikoa eta bestelako min kronikoak.
- Polimedikazioa eta medikazio akatsak.
–Beste puntu bat, baldin eta helburuen artean badaude patologien morbilitatea eta larritasuna ebaluatzea edo honako hauek neurtzea: antzemandako osasuna, bizi-kalitatea, desgaitasuna, autonomia pertsonala, mortalitate goiztiarra edo saihesgarria.
b.2) Jarduera b.1) apartatuan jaso ez baina transmititzen ahal diren eritasunei buruzkoa bada, gehienez 5 puntu, hurrengo banaketaren arabera:
–2 puntu, GIBean, HIESean, sexu transmisiozko gaixotasunetan edo osasun asistentziarekin lotutako infekzioetan zentratzen bada.
–2 puntu, osasun publikoan eta osasun sistemen antolakuntza hobetzean zentratzen bada.
–Puntu bat zaurgarritasun sozialeko egoeran dauden taldeak aztertzen baditu.
b.3) Aurkeztutako ikerketa proiektua bat etortzea Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 51. artikuluarekin: gehienez 5 puntu, honela banaturik:
–Puntu bat baldin eta gizonen eta emakumeen gaixotze-tasa edo hilkortasun diferentziala aztertzen badu.
–Puntu bat osasun sistemetan generoen arteko arreta-desberdintasunak aztertzen baditu.
–Puntu bat ikerketa genero indarkerian edo sexu eta ugalketa osasunean zentratzen bada.
–Puntu bat aztertutako patologian eragina duten desberdintasun biomedikoak eta generoari lotutako baldintzak (sozialak, kulturalak eta hezkuntzakoak) aztertzen baditu.
–Puntu bat genero arrakala gutxitzeko proposamenak hautematean zentratzen bada.
b.4) Gehienez 15 puntu, Osasun Departamentuaren lehentasun jakin batzuekin zerikusia duten ikerketa proiektuengatik:
–1 puntu, ikerketa proiektua teknologia berrien, osasun produktuen edo kudeaketarekin lotutako berrikuntzen garapenari buruzkoa bada.
–2 puntu, ikerketa proiektuak herritarren parte-hartzea badu.
–3 puntu, ikerketa proiektuak alderdi bioetikoak lantzen baditu.
–3 puntu, ikerketa proiektuak asistentzia humanizatzearen inguruko alderdiak jasotzen baditu.
–3 puntu, ikerketa proiektuan hainbat diziplinatako pertsonek ikertzaile gisa parte hartzen badute.
–3 puntu, ikerketak osasunaren alderdi komunitarioak, determinatzaile sozioekonomikoak, kulturalak edo ingurumenekoak aztertzen baditu.
Iragarkiaren kodea: F2507290
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
