Iragarkia
117. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 12a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
430E/2025 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez finantzaketa emateko deialdi bat onesten baita 2025. urtean ikerketa lana areagotzeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan. DDBN identifikazioa: 833774
Ebazpen honen xedea da deialdi bat onestea finantzaketa emateko 2025. urtean ikerketa lana areagotu dadin Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan.
Osasuneko kontseilariak abuztuaren 22an emandako 87/2014 Foru Aginduaren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan ikerketa sustatzeko programa onetsi zen. Programa horren 7.2.3 puntuan aurreikusita dago ikerketa areagotzeko prozedura bat abian jartzea, baldintza hauek betetzen dituzten unitate asistentzial jakin batzuen ikerketa lanari sostengua emateko: ikerketarako estrategia oso zehatza izatea eta ikerketan ibilbide nabarmena frogatua duten profesionalak izatea, bai eta ikerketarako proiektu aktiboak eta kalitatezkoak ere.
Aipatutako baldintzak betetzen dituzten unitate asistentzialen ikerketa lana areagotzeko, beharrezko jotzen da hautatutako ikerlariei jarduera asistentzialaren zati bat kentzea. Horretarako, beharrezkoa den finantzaketa gehigarria bermatu beharra dago, profesional horrek beteko ez duen arreta jarduerari erantzuteko, aldi baterako kontratazioak eginez.
Estatuan Carlos III Osasun Institutuaren bidez eskaintzen den areagotze programaren osagarria da prozedura hau, eta, haren ildotik, aurreikusten da Osasun Departamentuak aldi baterako kontratazioen zati bat finantzatzea, hain zuzen, ikerketa lana areagotzen duten fakultatibo espezialisten, unibertsitateko diplomadunen edo erizaintzako, odontologiako edo fisioterapeutako gradudunen lanaldiaren %50 adinakoa.
Espedientean dagokion txosten juridikoa dago, bai eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ere, eta horrek agerian uzten du laguntzen emakida eta oinarri arautzaileen onespena egokiak eta legezkoak direla.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak eta Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 246/2023 Foru Dekretuaren 8. artikuluko t) eta y) letrek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. 2025. urtean Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan ikerketa lana areagotzeko finantzaketa emateko deialdia onestea. Horretarako prozedura ebazpen honen I. eranskinean araututa dago.
2. Guztira, 90.000 euroko gastua baimentzea ebazpen honen bidez onesten den deialdia finantzatzeko. Aipatutako gastua 2025eko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako 512002 51300 4809 465102 partidari, "Osasun langile publikoen ikerketa lana areagotzeko bekak" izenekoari, egotziko zaio.
3. Agintzea ebazpen hau eta dagozkion eranskinak argitara daitezela Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta https://www.navarra.es/eu/hasiera atariko administrazio publikoaren eremurako katalogoen zerbitzuan, behar diren ondorioak izan ditzaten.
4. Ebazpen hau igortzea Osasun Departamentuko Osasun Plangintza, Estrategia sanitarioa eta Ikerketarako Zerbitzuari, Ikerketa eta Berrikuntza Atalari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen Kontu-hartzailetza delegatuari, Ebaluazio Batzorde Teknikoko kideei eta Osasun Departamentuko Kontabilitate Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea akitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 15ean.–Osasuneko zuzendari nagusia, Antonio López Andrés.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Xedea.
Ebazpen honen xedea da 2025. urtean Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko unitate asistentzialetako profesionalen ikerketa lana areagotzeko finantzaketa emateko oinarriak onestea. Unitate asistentzial horiek, deialdian eskatutako baldintzak betetzeaz gainera, ikerkuntzan ibilbide nabarmena frogatua duten ikerlariak izan beharko dituzte, bai eta ikerketa proiektu aktiboak eta kalitatezkoak ere.
2. Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.
Oinarri hauetan ezarritakoaren ondorioetarako, behar diren eginkizunak esleitzen zaizkio Osasun Departamentuko Osasun Plangintza, Estrategia Sanitarioa eta Ikerketarako Zerbitzuko Ikerketa eta Berrikuntza Atalari, ikerketa lana areagotzeko finantzaketa emateko prozedura antolatu eta bideratu dezan.
Instrukzio organoak batzorde teknikoaren irizpenari jarraikiz eginen du ebazpen proposamena. Oinarri arautzaile hauetan "organo instruktoreari" egindako aipamenak aipatutako Ikerketa eta Berrikuntza Atalari buruzkoak direla ulertzen da.
Prozedura ebazteko eskumena Osasuneko zuzendari nagusiari dagokio.
3. Eskatzaileak eta onuradunak.
3.1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetako unitate organiko asistentzialen arduradunek (zerbitzuak, atalak, ospitale-unitateak, osasun mentaleko zentroak edo oinarrizko osasun laguntzako zentroak) eskatzen ahalko dute bertako profesionalen ikerketa lana areagotzea, betiere hurrengo puntuan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte.
3.2. Eskaera egiten duten unitate asistentzialek bete beharko dituzten baldintzak hauexek dira:
–Unitate organiko asistentzialerako ikerketa plan bat izatea, ikerketa ildo batekin edo gehiagorekin eta helburu zehatzekin, 3 urteetarako gutxienez.
–Ospitaleen esparruan eta osasun mentaleko sarearen esparruan, gutxienez %80ko puntuazio orokorra lortu izana ebaluatutako azken urteko kudeaketa helburuak lortzeari dagokionez; eta oinarrizko osasun laguntzan, "Akreditatua" egoera lortu izana "Akreditazioa" deritzon atalean.
3.3. Bestalde, ikerketa lana areagotzeko izangaiek, onuradun izaera izanen baitute, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Jarduera asistentziala izatea eta funtzionario gisako, estatutupeko edo kontratu bidezko lotura izatea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin unitate organiko eskatzailean, laguntza hau eskatzen denetik ikerketa lana areagotzeko jarduera bukatu arte.
–Ikertzaile nagusia izatea lehia publikoa edo pribatua izan duen deialdi baten bidez finantzatutako ikerketa proiektu aktibo batean edo gehiagotan, eta eskaera egiten den unean gutxienez urtebete faltatzea hura bukatzeko, edo, bestela, 2024. urtean halako deialdietara aurkeztutako eta gutxienez on gisa ebaluatutako proiektu bateko ikertzaile nagusia izatea, edo kanpo-egiaztapeneko erakunde independente batek 100etik 70 puntu edo gehiago eman izana proiektuari.
–Osasun Departamentuak areagotzeko bekarik eman ez izana aurten edo azken 5 urteetan.
4. Gastu finantzagarriak.
4.1. Osasun Departamentuak ordezko langileak aldi baterako kontratatzeko kostua finantzatuko du, 90.000 euroko gastua gehienez ere, 2025eko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako gastuen aurrekontuko "Osasun langile publikoen ikerketa lana areagotzeko bekak" izeneko 512002 51300 4809 465102 partidaren kargura.
4.2. Finantzaketaren xedea izanen da ikerketa lana areagotzen duen profesionalak (fakultatibo espezialista, unibertsitateko diplomaduna edo erizaintzako, odontologiako edo fisioterapiako graduduna) utziko duen jarduera asistentziala betetzea aldi baterako kontratazioaren bidez.
4.3. Unitate organiko asistentzialari ematen ahalko zaion gehieneko zuzkidura ekonomikoa ez da 30.000 eurotik gorakoa izanen langileak ordezteko, Gizarte Segurantzaren enpresa-kuota barne.
4.4. Puntu gehien lortzen duten unitate organiko asistentzialak finantzatuko dira, aurrekontu-kreditua agortu arte.
4.5. Ikerketa lana areagotzen duen profesionala atxikia duen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroko zuzendaritzak eginen du beharrezkoak diren ordezko langileen kontratazioa. 11. oinarrian xedatutakoari jarraikiz finantzatuko da kontratazioa.
5. Ordezteko kontratuaren ezaugarriak.
5.1. Ordezko langileei administrazio kontratua eginen zaie, aplikatzekoa den legerian oinarrituta, eta, gehienez ere, ordeztu beharreko profesionalak urtean duen lanaldi asistentzialaren erdia liberatzeko adina denborarako; denbora hori zerbitzuaren beharren arabera banatzen ahal da.
5.2. Diru-zuzkidura hamabi hilabetez erabiliko da gehienez ere, ordezkapeneko lehen kontratua sinatzen denetik hasita.
6. Eskaerak.
6.1. Ikerketa lana areagotzeko laguntzak deialdi honen kargura eskatzeko agiri normalizatuak Nafarroako Gobernuko webguneko tramiteen katalogoan daude eskura (www.nafarroa.eus).
6.2. Eskaerarekin agiri hauek aurkeztu beharko dira:
1. agiria. Unitate organiko asistentzialaren arduradunak sinatutako eskabidea, areagotuko den pertsonaren izena eta unitate asistentzial horri dagokion Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzailearen oniritzia jasotzen dituena.
2. agiria. Unitate organiko asistentzial eskatzaileak areagotuko duen hautagaia izatea onartzea, areagotu nahi den jardueraren pertsonak sinatuta.
3. agiria. Ikerketa lana areagotzeko programan sartu beharreko profesionala zein unitate asistentzial organikotakoa den, unitate horren ikerketa plana, baldintza hauek betetzen dituena: ikerketa ildo bat edo gehiago izatea, helburu zehatzak 3 urteetarako gutxienez, eta azken 5 urteetako memoria zientifikoa.
4. agiria. Proiektuaren kronograma, ongi zehaztuta burutzeko falta zaion denbora eta, orobat, ikerketa lana areagotzeko aldian ikertzaileak bete beharreko jarduera.
5. agiria. Jarduera areagotu nahi zaion pertsonaren curriculum-merezimenduak, aurkeztutako formatuaren arabera. Deialdian baloratu daitezkeen merezimenduak modu ordenatu, sistematiko eta osoan aurkeztuko dira, II. eranskinean jasotako ebaluazio irizpideei jarraikiz. Merezimendu bakoitza justifikatzeko, dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztuko da. Ez dira kontuan hartuko behar bezala justifikatuta ez dauden merezimenduak.
6. agiria. Deialdi publikoan finantzatutako edo deialdi horietara aurkeztutako ikerketa proiektu aktiboaren kopia.
Proiektuari buruzko informazioan honakoak jaso beharko dira, gutxienez: aurrekariak, helburuak, metodologia, ekintza plana, proiektuaren emaitzen aplikazioak izan lezakeen eragina, eskatutako eta emandako aurrekontua eta proiektua finantzatu duela eta aurkeztu zen deialdian lortutako puntuazioa (100 puntutik 70 baino gehiago) jasotzen duen erakundearen ziurtagiriaren bidezko egiaztagiria. Deialdirako eta emandako ebazpenerako esteka adierazi beharko da. Areagotze aldirako proiektuaren helburuak zehaztuko dira.
7. agiria. Izangaiaren konpromisoa organo instruktoreari jakinarazteko unitate organiko asistentzialez aldatu den edo areagotze aldian Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekiko funtzionario gisako, estatutupeko edo kontratu bidezko lotura galdu duen.
7. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.
7.1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
7.2. Tramitaziorako, bide elektronikoak erabiliko dira, Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan eskura dagoen estekaren bitartez: https://www.navarra.es/home_eu/Servicios/
7.3. Eskaeran ez bada frogatzen betetzen direla aipatutako baldintzak, instrukzio organoak komunikazio elektroniko baten bidez interesdunari eskatuko dio akatsak zuzendu ditzala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta jakinaraziko dio ezen, zuzentzen ez baditu, bere eskaera ezetsi eta artxibatu eginen dela, bidezko den ebazpena eman ondoren.
8. Ebaluaziorako Batzorde Teknikoa.
Onartzen diren eskaerak batzorde tekniko batek baloratuko ditu, eta, ondoren, irizpen bat emanen du, instrukzio organoak ebazpen proposamena egin dezan.
Batzordea honako hauek osatuko dute:
María Jesús Guembe Suescun andrea, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Kudeaketa Klinikoari Laguntzeko eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zerbitzuko burua.
M.ª Ana Mateo Cervera andrea, Osasun Departamentuko Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko Prestakuntza Kudeatzeko Bulegoko burua.
Carmen Beorlegui Arteta andrea, Osasun Departamentuko Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko Ezagutza Kudeatzeko Bulegoko burua.
Ana Chocarro Resano andrea, Osasun Departamentuko Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko Ikerketa Kudeatzeko Bulegoko burua.
Elena Antoñanzas Baztan andrea, Osasun Departamentuko Osasun Plangintza, Estrategia eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendaria.
Batzordeak onartzen diren eskaeren balorazioa eginen du, II. eranskinean jasotako ebaluazio irizpideen arabera, eta irizpen bat emanen du, eskaerak lehenetsiz lortutako emaitzen arabera.
9. Eskaerak ebaluatzea.
Dirulaguntza hauek emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz izapidetuko da, aurkeztutako eskaerak alderatuz.
Instrukzio organoari dagokio finantzaketaren xede diren eskaeren gaineko proposamen arrazoitua egitea, Batzorde Teknikoak prestatzen duen lehentasun zerrendaren arabera. Unitate organiko asistentzial bakoitzeko eskaera bat egiten ahalko da gehienez, aurreikusitako baliabide ekonomikoak agortu arte.
10. Areagotzearen onespena.
Osasuneko zuzendari nagusia da finantzaketa emateko organo eskuduna. Ebazpena hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie erakunde interesdunei, eskabideak aurkezteko epea akitzen denetik hasita, organo instrukzio-egilearen proposamen arrazoituaren arabera. Proposamen horretan zehaztuko da ikerketa lana areagotzearen onuradun izanen diren pertsonak zein diren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zein unitate organiko asistentzialetakoak diren zehaztuta. Epe hori iragan eta ebazpena berariaz jakinarazi ez bada, ezetsitzat joko dira eskabideak.
Ebazpena jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen administrazio prozedura erkidea arautzen duen legedian ezarri bezala, ikerketa lana eginen den zentroko zuzendariari eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko unitate organiko asistentzialei, eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian jarriko da jendaurrean.
11. Finantzaketaren kudeaketa.
Esleitzen den zenbatekoa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari (IFZ: Q3150004D) ordainduko zaio, laguntzaren xedeko gastuak finantza ditzan. Ikerketa lana areagotuko duen pertsona atxikia den zentroaren arabera, ondoko partida hauetan eginen da diru-sarrera:
–Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa: 543000 52200 4410 000000 partida, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak beste erakunde publiko batzuetatik" izenekoa.
–Osasun Mentaleko Kudeatzailetza: 541004 52700 4410 000000 partida, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak beste erakunde publiko batzuetatik" izenekoa.
–Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetza: 547001 52300 4410 000000 partida, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak beste erakunde publiko batzuetatik" izenekoa.
–Tuterako Kudeatzailetza: 545000 52400 4410 000000 partida, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak beste erakunde publiko batzuetatik" izenekoa.
–Lizarrako Kudeatzailetza: 546000 52500 4410 000000 partida, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak beste erakunde publiko batzuetatik" izenekoa.
Dirulaguntza ematen den unean ordainduko da.
12. Ikerketa lana areagotzeko jarduera betetzea.
12.1. Ikerketa lana areagotzeko jarduera gauzatuko da deialdi honetan eta ikertzaileak egin beharreko jarduerari buruz aurkezten den dokumentazioan aurreikusten den moduan.
12.2. Ikerketa lana areagotzeko jardueraren garapenean gertatzen den gorabehera edo aldaketa oro jakinarazi beharko zaio Ikerketa eta Berrikuntza Atalari.
Laguntza eman eta urtebeteko epean ordezkoa kontratatu ez bada, laguntza eten eginen da eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako laguntza itzuli beharko du.
Proiektua egitea justifikatzen ez bada, Osasuneko zuzendari nagusiak, Plangintza, Estrategia Sanitarioa eta Ikerketarako Zerbitzuko Ikerketa eta Berrikuntza Atalak txosten arrazoitua egin ondoren, jasotako zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko du, dagozkion erantzukizunen kalterik gabe.
13. Ikerketa lana areagotzeko jardueraren bukaera.
13.1. Ikerketa lana areagotzeko jarduera bukatzen den egunetik hasi eta hilabeteko epean, unitate organiko asistentzialaren arduradunak azken memoria bat bidali beharko dio Ikerketa eta Berrikuntza Atalari, eta bertan zehatz-mehatz deskribatuko dira areagotzeko jarduera horretarako helburuen arabera egindako ekintzak eta lortutako emaitzak, ikerketaren eraginari buruzko atal bat barne, hots: eragin bibliometrikoa, jardun klinikoaren gainean duen eragina edo osasun arloko politiken gainekoa, osasunaren gainean duen eragina edo eskaintzen den osasun zerbitzuaren gainekoa, patenteen sorkuntzaren gainekoa, produktuen merkaturatzearen gainekoa edo spin-off konpainien sorkuntzaren gainekoa. Egoki irudituz gero, informazio osagarria eskatzen ahalko da.
13.2. Ikerketa lana areagotzeko jarduera garatzeko beharrezkoa bada, unitate organiko asistentzialaren arduradunak azken memoria aurkezteko epea luzatzeko eskatzen ahalko dio Ikerketa eta Berrikuntza Atalari, behar bezala arrazoituta.
14. Emaitzetan parte hartzea.
Ikerketaren emaitzaren jabe intelektuala proiektua gauzatzen duen taldea izanen da.
15. Gainerako konpromisoak.
Argitalpen zientifikoetan, ahozko komunikazioetan edo, oro har, ikerketa lana areagotzeko jardueraren ondoriozko emaitzen dibulgazioan, deialdi honen bidezko finantzaketa izan dela zehaztu beharko da ohar baten bidez. Produkzio horien berri emanen zaio Ikerketa eta Berrikuntza Atalari, ikerketa areagotzeko espediente zenbakia zehaztuta eta sortzen diren argitalpenak erantsita, azken memoria noiz bidali zen kontuan izan gabe.
16. Bidezko diren administrazio-errekurtsoak.
Gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da aplikatzeko egintzen aurka, Osasuneko kontseilariari zuzenduta eta hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.b) artikuluarekin.
17. Datuen babesa.
Eskabidean eta deialdi honetan aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira deialdia ebazteko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
Datuen tratamenduari buruzko informazioa Nafarroako Gobernuaren Atarian dago ikusgai, zehazki, Osasun Departamentuaren "Dirulaguntzen, beken eta laguntzen kudeaketa" izeneko atalean, helbide honetan: https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/datuen-babesa.
II. ERANSKINA.–BATZORDEAK BEHAR BEZALA EGIAZTATU EZ DIREN MEREZIMENDUAK EZESTEN AHALKO DITU.
Ebaluazioa honako irizpide eta baremo hauen arabera eginen da:
A.–Izangaiaren curriculumeko merezimenduen balorazioa: gehienez 70 puntu.
Ikerketa jarduerarekin lotutako doktorego tesiak eta masterrak (60 ECTS) puntuatuko dira, noiz egin diren alde batera utzita.
Gainerako merezimenduetarako, kontuan hartu beharreko aldia 2018ko urtarrilaren 1etik eskaerak aurkezteko epea bukatu artekoa izanen da. Hala ere, hautagaiak frogatzen badu aldi horretan amatasun, aitatasun, edoskitze edo bere kargura dauden senitartekoak zaintzeagatiko baimenak izan dituela, 2017ko urtarrilaren 1era arte atzeratuko da aldi horren hasiera.
a) 5. dokumentuan agertzen diren argitalpenen balorazioa. Baloratzea nahi diren argitalpenak erantsiko dira (gehienez 10) eta gehienez 40 puntu emanen dira, honela banatuta:
Journal Citation Report (JCR) delakoan indexatutako argitalpen bakoitzeko: lehenengo edo azken sinatzaile gisa edo korrespondentziarako egile gisa agertzen bada: 4 puntu. Gainerako egileak: 2 puntu.
b) Lehia bidezko deialdietan finantzatutako ikerketa proiektuetan parte hartzea: 10 puntu gehienez. Parte-hartze mota adieraziko da (proiektu osoaren ikertzaile nagusia edo ikertzailekidea, proiektuaren titulua, parte-hartzearen hasiera eta bukaera datak, erakunde finantzatzailea eta titulartasun publikoa edo pribatua).
Ikertzaile nagusi gisa parte hartzea:
–Nazioarteko proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko, 1,5 puntu.
–Espainia mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko, puntu bat.
–Eskualde mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko, 0,6 puntu.
Ikertzaile laguntzaile gisa parte hartzea:
–Nazioarteko proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko, 0,5 puntu.
–Espainia mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko, 0,3 puntu.
–Eskualde mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko, 0,15 puntu.
c) Osasun sistemaren garapen kliniko, asistentzial edo teknologikoari egindako beste ekarpen batzuk: 20 puntu gehienez.
–Bere ikertzaile jarduerarekin lotutako doktore tesia: 4 puntu tesi bakoitzeko.
–Bere ikertzaile jarduerarekin lotutako doktore tesiaren zuzendaritza: 0,5 puntu zuzendutako eta defendatutako tesi bakoitzeko.
–Masterra, unibertsitateko espezialista edo unibertsitate aditua, dagokion unibertsitatearen ziurtagiriaren bidez egiaztatua, ECTS kopurua jasota. Lortutako titulazio bakoitzeko:
- 60 ECTS edo gehiago: 1 puntu.
- 30-59 ECTS: 0,60 puntu.
- 16-29 ECTS: 0,30 puntu.
–Bere ikertzaile jarduerarekin lotutako master bukaerako lanaren zuzendaritza: 0,15 puntu master bukaerako lan eta defentsa bakoitzeko.
–Patente edo egile-eskubide bakoitzeko: 4 puntu. Eskabidearen egiaztagiria erantsiko da.
–Lehen egile gisa aurkeztutako komunikazio, hitzaldi edo poster bakoitza honela puntuatuko da, baldin eta espezialitateko edo jakintza arloko erreferentziazko elkarte zientifikoek antolatutako biltzar eta kalitate bileretan lanak onartzeko hautaketa prozesua egin bada:
- Nazioarteko biltzarra: 0,30 puntu.
- Biltzar nazionala: 0,15 puntu.
–Batzorde aholkulari teknikoetako edo batzorde zientifiko, tekniko edo aholkularietako kide izateagatik (biltzar, jardunaldi eta aldizkarietako batzorde zientifikoak izan ezik):
- Nazionalak edo nazioartekoak: 0,30 puntu.
- Autonomia erkidegokoak: 0,15 puntu.
- Zentro asistentzialaren edo elkarte zientifikoaren mailakoak: 0,10 puntu.
–Praktika klinikoko gidetan, osasun arretako protokoloetan, berrikuntza sanitarioko proiektuetan edo dokumentu zientifiko eta teknikoetan egile gisa parte hartzeagatik: 0,20 puntu parte-hartze bakoitzeko.
B.–Proposamenaren balorazio estrategikoa: 30 puntu gehienez.
a) Aurkeztutako ikerketa proiektuak Nafarroako osasun sistema publikoarentzat duen interes estrategikoa 2014-2020 Osasun Planaren arabera eta gaixotasun kutsakorrei buruz ikertzeko beharraren arabera: 10 puntu gehienez, honela banatuta:
–Osasunaren prebentzioa eta sustapena (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:
- Beste 2 puntu, baldin eta adikzioak (substantziarekin edo gabe), nutrizioa, obesitatea edo ariketa fisikoa lantzen baditu.
- Beste puntu bat baldin eta haurretan eta nerabeetan zentratzen bada.
- Beste 2 puntu, baldin eta helburuen artean badaude patologien morbilitatea eta larritasuna ebaluatzea edo honako hauek neurtzea: antzemandako osasuna, bizi-kalitatea, desgaitasuna, autonomia pertsonala, mortalitate goiztiarra edo saihesgarria.
- Beste puntu 1, baldin eta emakumeen eta gizonen gaixotze-tasa diferentziala aztertzen bada.
–Minbizia (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:
- Beste 2 puntu, baldin eta gai hauetan zentratzen bada: prostatako minbizia, koloneko, ondesteko eta uzkiko minbizia, bronkioetako edo biriketako minbizia, bularreko minbizia, umetoki-lepoko minbizia, obulutegiko minbizia edo gaixotasunaren/tratamenduaren sekuela fisikoak: linfedema, ostomia, ahotsa berreskuratzea, etab.
- Beste puntu 1, baldin eta hau lortu nahi bada: oinarrizko ikerketa, osasunaren sustapena eta gaixotasunaren prebentzioa, hautematea eta baheketa, diagnostikoa, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen garapena, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen ebaluazioa edo gaixotasuna duten pertsonen arreta integrala.
- Beste 2 puntu, baldin eta helburuen artean badaude patologien morbilitatea eta/edo larritasuna ebaluatzea edo antzemandako osasuna eta/edo bizi-kalitatea neurtzea.
- Beste puntu 1, baldin eta sexuen arteko gaixotze-tasa eta/edo hilkortasun diferentziala aztertzen badu, edo oinarrizko ikerketan, sexuaren arabera bereizita aztertzen badu.
–Osasun mentala (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:
- 2 puntu gehiago baldin eta suizidioan, autolesioetan, substantzien kontsumoarekin lotutako osasun mentaleko arazoetan edo haurren eta nerabeen osasun mentaleko arazoetan zentratzen bada.
- Beste puntu 1, baldin eta honako hauek lantzen baditu: gaixotasunaren etiologia, osasunaren sustapena eta gaixotasunaren prebentzioa, hautematea eta baheketa, diagnostikoa, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen garapena eta/edo ebaluazioa edo gaixotasuna duten pertsonen arreta integrala.
- Beste puntu bat, baldin eta helburuen artean badaude patologien morbilitatea eta larritasuna ebaluatzea edo antzemandako osasuna eta bizi-kalitatea neurtzea.
- Beste 2 puntu, baldin eta genero-desberdinkeriak emakumeengan duen eragina aztertzen badu, genero-desberdinkeria eta desgaitasuna hartzen baditu ardatz, edo gaixotze-tasa edo heriotza-tasa diferentziala sexuen arabera aztertzen badu.
–Gaixotasun neurologikoak eta neurodegeneratiboak (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:
- 2 puntu gehiago baldin eta gai hauetan zentratzen bada: Parkinson-en gaixotasuna, esklerosi anizkoitza, alboko esklerosi amiotrofikoa edo Alzheimer-en gaixotasuna.
- Beste puntu 1, baldin eta hauek lantzen baditu: hautematea eta baheketa, oinarrizko ikerketa, gaixotasunaren etiologia, diagnostikoa, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen garapena, gaixotasuna duten pertsonen arreta integrala.
- 2 puntu gehiago, helburuen artean baldin badago hautemandako osasuna eta/edo bizi-kalitatea ebaluatzea, edo desgaitasuna eta/edo autonomia neurtzea.
- Beste puntu 1, emakumeen eta gizonen morbimortalitate diferentziala aztertzen badu, edo oinarrizko ikerketan, sexuaren arabera bereizita aztertzen badu.
–Denboraren menpeko larrialdiei arreta ematea (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:
- Beste 2 puntu, baldin eta hauek lantzen baditu: infekzioak, sepsiak eta shock septikoak, trauma kranialak eta politraumatismoak, erreanimazio maniobra kardiakoak, gaixotasun zerebro-baskularra eta min toraziko akutua.
- Beste puntu 1, baldin eta hauek aztertzen baditu: osasunean izanen diren emaitzen arrisku faktore iragarleak, edo pazienteen arretaren denbora-sekuentzia.
- Beste 2 puntu, baldin eta helburuen artean badaude patologien morbilitatea eta larritasuna ebaluatzea edo antzemandako osasuna eta bizi-kalitatea edo efizientzia neurtzea.
- Beste puntu 1, baldin eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak gogoan hartzen badira.
–Gaixotasun baskularrak eta endokrinoak (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:
- Beste 2 puntu, baldin eta honako hauek lantzen baditu: balbuletako alterazioak, miokardioko infartu akutua, aterosklerosi koronarioa, gaixotasun zerebro-baskular akutua, diabetes mellitusa eta horren konplikazioak (erretinopatia, nefropatia, etab.).
- Beste puntu 1, baldin eta honako hauek lantzen baditu: osasunaren sustapena eta gaixotasunaren prebentzioa, hautematea eta baheketa, diagnostikoa, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen garapena, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen ebaluazioa edo gaixotasuna duten pertsonen arreta integrala.
- Beste 2 puntu, baldin eta helburuen artean badaude patologien morbilitatea eta larritasuna ebaluatzea edo honako hauek neurtzea: antzemandako osasuna, bizi-kalitatea, mortalitate goiztiarra eta saihesgarria eta eraginkortasuna.
- Beste puntu 1, gizonen eta emakumeen arteko arreta desberdintasunak eta/edo emaitzak neurtzen badira.
–Arnasbideetako gaixotasunak (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:
- Beste 2 puntu, baldin eta hauek lantzen baditu: asma, gripea, biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa eta bronkiektasiak, edo pneumonia.
- Beste 1 puntu, baldin eta hauek lantzen baditu: etiologia, osasunaren sustapena eta gaixotasunaren prebentzioa, hautematea eta baheketa, diagnostikoa, edo tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen garapena eta/edo ebaluazioa.
- Beste 2 puntu, baldin eta helburuen artean badaude patologien morbilitatea eta larritasuna ebaluatzea edo antzemandako osasuna eta bizi-kalitatea neurtzea.
- Beste 1 puntu, emakumeen eta gizonen morbimortalitate diferentziala aztertzen badu, edo oinarrizko ikerketan, sexuaren arabera bereizita aztertzen badu.
–Paziente pluripatologikoak (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:
- 2 puntu gehiago baldin eta osasun laguntzako mailen eta diziplina anitzeko mailen arteko harremanean zentratzen bada.
- Beste puntu 1, baldin eta tratamendu eta esku-hartze terapeutikoak garatzen edo ebaluatzen baditu.
- Beste 2 puntu, baldin eta helburuen artean badaude patologien morbilitatea eta larritasuna ebaluatzea edo honako hauek neurtzea: antzemandako osasuna eta bizi kalitatea, dependentzia eta autonomia pertsonala neurtzea edo eraginkortasuna.
- Beste puntu 1, baldin eta emakumeen eta gizonen morbimortalitate diferentziala aztertzen bada.
–Zainketa aringarriak (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:
- Beste 2 puntu, baldin eta hauek lantzen baditu: nekea, linfedema, delirioa, goragalea, kakexia, etab., laguntza soziala, familiarena, erlijiosoa, alderdi komunikatiboak, galdera zailak, kontraesanak dituen informazioa, pazientearen inplikazioa, laguntza psikologikoa: depresioa, desmoralizazioa, antsietatea, etab.
- Beste puntu 1, baldin eta hauek lantzen baditu: zainketen koordinazioa eta integrazioa, familia medikuaren rola zainketa aringarrietan, edo tratamendu farmakologikoa eta ez-farmakologikoa.
- 2 puntu gehiago, helburuen artean bizi-kalitatea ebaluatzea badu.
- Beste puntu 1, baldin eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak aztertzen badira.
–Mina (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:
- Beste 2 puntu, baldin eta hauek lantzen baditu: min neuropatikoa, artrosiari lotua, osteoporosiari lotua, bizitzaren hondarrean, zefaleak, metastasia, gaixotze-tasa altua eta min muskuloeskeletikoa duten adinekoen kasuan.
- Beste puntu 1, baldin eta hauek lantzen baditu: minaren ebaluazioa, arreta integrala, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen garapena eta/edo ebaluazioa.
- Beste puntu 1, baldin eta helburuen artean badaude patologien morbilitatea eta larritasuna ebaluatzea edo honako hauek neurtzea: antzemandako osasuna eta bizi kalitatea, desgaitasuna eta autonomia pertsonala neurtzea edo eraginkortasuna neurtzea.
- Beste 2 puntu, baldin eta gizonen eta emakumeen arteko desberdintasun biomedikoak eta/edo emakumeen minean eragina duten genero-baldintzapenak (sozialak, kulturalak eta hezkuntzakoak) aztertzen badira.
–Pazienteen segurtasuna (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:
- Beste 2 puntu, medikazio akatsak lantzen baditu.
- Beste puntu bat, baldin eta hauek lantzen baditu: taldeko lana, segurtasun tresnak (hala nola check-list-a, pazienteen transferentzia txantiloiak, etab.), jakinarazpen sistemak, komunikazio eta informazio prozesua, gertaera kaltegarrien epidemiologia eta arrisku faktoreak, eskumenak, profesionalen entrenamendua eta abileziak, edo pazienteen segurtasun adierazleak garatzea.
- Beste 2 puntu, baldin eta helburuen artean badaude patologien morbilitatea eta larritasuna ebaluatzea edo honako hauek neurtzea: antzemandako osasuna, bizi-kalitatea, mortalitate goiztiarra eta saihesgarria.
- Beste puntu 1, baldin eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak aztertzen badira.
–Gaixotasun kutsakorrak (4 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:
- 2 puntu gehiago, GIBean, HIESean, sexu-transmisiozko gaixotasunetan edo osasun-asistentziarekin lotutako infekzioetan zentratzen bada.
- Puntu bat gehiago baldin eta osasun publikoan eta osasun sistemen antolakuntza hobetzean zentratzen bada.
- Puntu bat gehiago, antimikrobianoekiko erresistentziak prebenitzean edo antimikrobianoen erabilera optimizatzean zentratzen bada.
- Beste puntu bat, baldin eta zaurgarritasun sozialeko egoeran dauden taldeak, nerabeak edo gazteak aztertzen baditu.
- Beste puntu bat, baldin eta emakumeen eta gizonen gaixotze-tasa diferentziala aztertzen bada.
–Asistentzia humanizatzea (4 puntu), eta 10 puntu gehiagora arte, honela gehituz:
- 2 puntu gehiago, irisgarritasun unibertsalean, pazienteen autonomian edo herritarren parte-hartzean oinarritzen bada.
- Puntu 1 gehiago, bizitzako lehen etapetan zentratzen bada: haurdunaldia, jaiotza, haurtzaroa eta nerabezaroa.
- Puntu 1 gehiago, arreta onkologikoari, zainketa aringarriei eta bizitzaren bukaerari buruzkoa bada.
- Puntu 1 gehiago, inklusio soziala eta/edo aukera berdintasuna kontuan hartzen bada.
- Puntu 1 gehiago, diseinuan eta azterketan genero-ikuspegia txertatzen bada.
–Gaixotasun arraroak (5 puntu), eta 10 puntu gehiagora arte, honela gehituz:
- 2 puntu gehiago, gaixotasun oso arraroetan zentratzen bada.
- Puntu 1 gehiago, haurtzaroko gaixotasun genetikoak lantzen badira.
- Puntu 1 gehiago, baliaezintasuna eragiten duten gaixotasunetan zentratzen bada.
- Puntu 1 gehiago, diseinuan eta azterketan genero-ikuspegia txertatzen bada.
–Zahartze aktiboa eta osasungarria (4 puntu), eta 10 puntu gehiagora arte, honela gehituz:
- 2 puntu gehiago, ariketa fisikoa eta beste bizimodu osasungarri batzuk lantzen badira.
- Puntu 1 gehiago, hauskortasuna, gaitasun funtzionala eta/edo erorikoak aztertzen badira.
- Puntu 1 gehiago, gaitasun kognitiboa hobetzea lantzen bada.
- Puntu 1 gehiago, zaintza fisikoa eta/edo emozionala lantzen badira.
- Puntu 1 gehiago, diseinuan eta azterketan genero-ikuspegia txertatzen bada.
b) Aurkeztutako ikerketa proiektua bat etortzea Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 51. artikuluarekin: gehienez 5 puntu, honela banaturik:
- Puntu bat baldin eta gizonen eta emakumeen gaixotze-tasa edo hilkortasun diferentziala aztertzen badu.
- Puntu bat osasun sistemetan generoen arteko arreta-desberdintasunak aztertzen baditu.
- Puntu bat ikerketa genero indarkerian edo sexu eta ugalketa osasunean zentratzen bada.
- Puntu bat baldin eta aztertutako patologian eragina duten desberdintasun biomedikoak eta generoari lotutako baldintzak (sozialak, kulturalak eta hezkuntzakoak) aztertzen baditu.
- Puntu bat baldin eta genero-arrakala gutxitzeko proposamenak hautematean zentratzen bada.
c) Proposamenak Osasunbidearentzat eta Osasun Departamentuarentzat duen interes estrategikoa: unitate asistentzialeko profesionalak ikerketa-egituretakoak izatea: 15 puntu, gehienez.
–Unitateko profesional bat gutxienez IdisNa-koa izatea: 7 puntu.
–Unitateko profesional bat gutxienez Ikerketa Biomedikoaren Zentro (CIBER) batekoa izatea: 4 puntu.
–Unitateko profesional bat gutxienez Navarrabiomedeko ikerketa talde batekoa izatea: 1 puntu.
–Unitateko profesional bat gutxienez Osasun Emaitzetara Bideratutako Ikerketa Kooperatiboko Sare (RICOR) batekoa izatea: 3 puntu.
Iragarkiaren kodea: F2507288
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
