Iragarkia
117. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 12a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
429E/2025 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez finantzaketa emateko deialdi bat onesten baita 2025. urtean erizaintzako profesionalen zainketen berrikuntzaren arloko ikerketa lana areagotzeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan. DDBN identifikazioa: 834029.
Ebazpen honen xedea da finantzaketa emateko deialdi bat onestea 2025. urtean erizaintzako langileen zainketen berrikuntzari buruzko ikerketa lana areagotzeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan.
Osasuneko kontseilariak abuztuaren 22an emandako 87/2014 Foru Aginduaren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan ikerketa sustatzeko programa onetsi zen. Programa horren 7.2.3 puntuan aurreikusita dago ikerketa lana areagotzeko prozedura bat abian jartzea sostengua emateko unitate asistentzial jakin batzuen ikerketa lanari, baldin eta unitate asistentzial horiek ongi zehaztutako ikerketa-proposamen bat badute eta ibilbide profesional nabarmena frogatua duten profesionalak badituzte; 7.4.2 puntuan, jarduketa-ildoen artean, zainketen arloko ikerketa bultzatzea ezartzen da.
Aipatutako baldintzak betetzen dituzten unitate asistentzialen berrikuntzaren arloko ikerketa lana indartzeko –halakotzat harturik ebidentzian oinarritutako gomendio batzuk ezartzea eta ebaluatzea–, beharrezkotzat jotzen da hautatzen diren ikerlariei jarduera asistentzialaren zati bat kentzea. Horretarako, beharrezkoa den finantzaketa gehigarria bermatu beharra dago, profesional horrek betetzen ez duen jarduera asistentzialari erantzuteko aldi baterako kontratazioak eginez.
Estatuan Carlos III Osasun Institutuaren bidez eskaintzen den areagotze programaren osagarria da prozedura hau, eta, haren ildotik, aurreikusten da Osasun Departamentuak aldi baterako kontratazioen zati bat finantzatzea, hain zuzen, ikerketa lana areagotzen duten langileen lanaldiaren %50 adinakoa.
Espedientean Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko zuzendariaren txostena eta dagokion txosten juridikoa daude, bai eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ere, eta horrek agerian uzten du laguntzen emakida eta oinarri arautzaileen onespena egokiak eta legezkoak direla.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak eta Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 246/2023 Foru Dekretuaren 8. artikuluko t) eta y) letrek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Finantzaketa emateko deialdi bat onestea 2025. urtean erizaintzako langileen zainketen berrikuntzaren arloko ikerketa lana areagotzeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan.
2. Finantzaketa emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. Guztira, 25.000 euroko gastua baimentzea ebazpen honen bidez onesten den deialdia finantzatzeko. Aipatutako gastua 2025eko ekitaldiko gastuen aurrekontuko 512002 51300 4809 465102 partidari, "Osasun langile publikoen ikerketa lana areagotzeko bekak" izenekoari, egotziko zaio.
4. Ebazpen hau igortzea Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuari, Ikerketa eta Berrikuntza Atalari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaileari, Ebaluazio Batzorde Teknikoko kideei, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Laguntzaren Kalitatearen eta Segurtasun Klinikoaren atalari eta Osasun Departamentuko Kontabilitate Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.
5. Agintzea ebazpen hau eta dagokion eranskina argitara daitezela Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta https://www.navarra.es/eu/hasiera atariko administrazio publikoaren eremurako katalogoen zerbitzuan, behar diren ondorioak izan ditzaten.
6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea akitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 15ean.–Osasuneko zuzendari nagusia, Antonio López Andrés.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1.–Xedea.
Deialdi honen xedea da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erizaintzako profesionalek zainketen berrikuntzaren arloan egiten duten ikerketa lana areagotu dadila sustatzea 2025. urtean. Profesional horiek erizaintzako zainketetan zentratutako hobekuntza-plan bat duten unitate asistentzialetako kide izan beharko dira.
2.–Prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskudunak.
Oinarri hauetan aurreikusitako ondorioetarako, Osasun Departamentuko Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko Ikerketa eta Berrikuntza Atalari esleitzen zaizkio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erizaintzako profesionalen zainketen berrikuntzan ikerketa-jarduera areagotzeko finantzaketa emateko prozedura antolatzeko eta bideratzeko eginkizunak.
Instrukzio organoak batzorde teknikoaren balorazioari jarraikiz eginen du ebazpen proposamena.
Oinarri arautzaile hauetan "organo instruktoreari" egindako aipamenak aipatutako Ikerketa eta Berrikuntza Atalari buruzkoak direla ulertzen da. Prozedura ebazteko eskumena Osasuneko zuzendari nagusiari dagokio.
3.–Eskatzaileak eta onuradunak.
3.1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetako unitate organiko asistentzialetako, osasun mentaleko zentroetako edo lehen mailako arretako zentroetako arduradunek eska dezakete beren profesionaletako baten ikerketa lana areagotzea, betiere unitateek hurrengo atalean ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte.
3.2. Eskaera egiten duten unitate asistentzialek bete beharko dituzten baldintzak hauexek dira:
a) Unitate organiko asistentzialaren hobekuntza plan bat aurkeztea, ongi zehazturik helburuak, ekintzak eta ebaluazio adierazleak. Hobekuntza plana ebidentzia zientifikoan oinarritutako gomendioen ezarpenean eta ebaluazioan oinarrituko da, eta erizaintzako zainketetan zentratuko da.
b) Ospitaleen eta osasun mentaleko sarearen esparruan, gutxienez %80ko puntuazio orokorra lortu izana ebaluatutako azken urteko kudeaketa helburuak lortzeari dagokionez; eta oinarrizko osasun laguntzan, "Akreditatua" egoera lortu izana "Akreditazioa" deritzon atalean.
3.3. Bestalde, ikerketa lana areagotzeko izangaiak, onuradun izaera izanen baitu, honako baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Funtzionario gisako, estatutupeko edo kontratu bidezko lotura izatea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin unitate organiko eskatzailean, erizain gisa, gutxienez lanaldiaren %50eko dedikazioarekin, laguntza hau eskatzen denetik ikerketa lana areagotzeko jarduera bukatu arte.
b) Osasun Departamentuak areagotzeko bekarik eman ez izana aurten edo azken bost urteetan.
4.–Gastu finantzagarriak.
4.1. Osasun Departamentuak ordezko langileak aldi baterako kontratatzeko kostua finantzatuko du, 25.000 euroko gastua gehienez ere, 2025eko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako gastuen aurrekontuko "Osasun langile publikoen ikerketa lana areagotzeko bekak" izeneko 512002 51300 4809 465102 partidaren kargura.
4.2. Finantzaketaren xedea izanen da ikerketa lana areagotzen duten profesionalek utziko duten lana aldi baterako kontratazioaren bidez betetzea.
4.3. Unitate organiko asistentzialari finantzatzen ahal zaion diru-zuzkidura 25.000 eurokoa izanen da, Gizarte Segurantzako enpresa-kuota barne.
4.4. Puntu gehien lortzen duten unitate organiko asistentzialak finantzatuko dira, aurrekontu-kreditua agortu arte.
4.5. Ikerketa lana areagotzen duen langile atxikia duen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroko zuzendaritzak eginen du beharrezkoak diren ordezko langileen kontratazioa. 12. oinarrian xedatutakoari jarraikiz finantzatuko da kontratazioa.
5.–Ordezteko kontratuaren ezaugarriak.
5.1. Ordezko langileei administrazio kontratua eginen zaie, aplikatzekoa den legerian oinarrituta, eta, gehienez ere, ordeztu beharreko langileak urtean duen lanaldiaren erdia liberatzeko adina denborarako; denbora hori zerbitzuaren beharren arabera banatzen ahal da.
5.2. Diru-zuzkidura hamabi hilabetez erabiliko da gehienez ere, ordezkapeneko lehen kontratua sinatzen denetik hasita. Ordezkoen kontratazioaren etenaldiak kasu hauetan bakarrik berreskuratzen ahalko dira: amatasun- edo aitatasun-bajetan edo familia-zainketakoetan.
6.–Eskaerak.
6.1. Ikerketa areagotzeko laguntzak deialdi honen kargura eskatzeko agiri normalizatuak eskuragarri daude Nafarroako Gobernuaren webguneko administrazio publikoaren esparrurako zerbitzuen katalogoan (www.nafarroa.eus).
6.2. Eskaerarekin agiri hauek aurkeztu beharko dira:
–1. agiria. Unitate organiko asistentzialaren arduradunak sinatutako eskabidea, areagotuko den pertsonaren izena eta unitate asistentzial horri dagokion Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzailearen oniritzia jasotzen dituena.
–2. agiria. Unitate organiko asistentzial eskatzaileak areagotuko duen hautagaia izatea onartzea, areagotu nahi den jardueraren pertsonak sinatuta.
–3. agiria. Ikerketa lana areagotu behar duen profesionala zer unitate asistentzial organikotakoa den, unitate horren hobekuntza plana, egoeraren diagnostikoa, justifikazioa, helburuak, ekintza plana eta emaitzen neurketa zehaztuta.
–4. agiria. Langile onuradunak ikerketa lana areagotuko duen aldian beteko duen jardueraren zehaztasunak eta kronograma.
–5. agiria. Ikerketa lana areagotu behar duen erizaintzako profesionalaren curriculumeko merezimenduak, Nafarroako Gobernuaren webguneko (www.nafarroa.eus) administrazio publikoaren esparrurako zerbitzuen katalogoan eskuragarri dagoen formatuaren arabera. Deialdian baloratu daitezkeen merezimenduak modu ordenatu, sistematiko eta osoan aurkeztuko dira, deialdiaren 10. puntuan jasotako ebaluazio irizpideei jarraikiz. Merezimendu bakoitza justifikatzeko, dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztuko da. Ez dira kontuan hartuko behar bezala justifikatu ez diren merezimenduak.
6. agiria. Erizain profesional izangaiaren konpromisoa organo instruktoreari jakinarazteko unitate organiko asistentzialez aldatu den edo emandako areagotze aldian Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekiko funtzionario gisako, estatutupeko edo kontratu bidezko lotura galdu duen.
7.–Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.
7.1. Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
7.2. Tramitaziorako, bide elektronikoak erabiliko dira, Nafarroako Gobernuaren webguneko administrazio publikoaren esparrurako zerbitzuen katalogoan eskura dagoen estekaren bitartez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak.
7.3. Eskaeran ez bada frogatzen betetzen direla aipatutako baldintzak, instrukzio organoak jakinarazpen administratibo baten bidez interesdunari eskatuko dio akatsak zuzendu ditzala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta jakinaraziko dio ezen, zuzentzen ez baditu, bere eskaera ezetsi eta artxibatu eginen dela, bidezko den ebazpena eman ondoren.
8.–Baloraziorako batzorde teknikoa.
Honako hauek osatuko duten batzorde tekniko batek baloratuko ditu tramitera onartzen diren eskaerak:
Ana Mateo Cervera andrea, Osasun Departamentuko Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko Prestakuntza Kudeatzeko Bulegoko burua, Nafarroako ordezkaria dena Ebidentzian oinarritutako osasun zainketetarako Espainiako Zentroaren Batzorde Zientifikoan, Carlos III Osasun Institutuan.
Ana Fernández Navascués andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasunerako Zerbitzuko kidea, Nafarroako ordezkaria dena Ebidentzian oinarritutako osasun zainketetarako Espainiako Zentroaren Jarraipen Batzordean, Carlos III Osasun Institutuan.
Carmen Beorlegui Arteta andrea, Osasun Departamentuko Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko Ezagutza Kudeatzeko Bulegoko burua.
Ana Chocarro Resano andrea, Osasun Departamentuko Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko Ikerketa Kudeatzeko Bulegoko burua.
Elena Antoñanzas Baztan andrea, Osasun Departamentuko Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko zuzendaria.
9.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloraziorako arau orokorrak.
Dirulaguntza hauek emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, guztiekin lehentasun-zerrenda bat prestatzeko asmoz, 10. oinarrian ezarritako balorazio-irizpideen arabera.
10.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.
10.1. Balorazioa honako irizpide eta baremo hauen arabera eginen da:
a) Ikerketa lana areagotzeko laguntzak jasotzeko izangaiaren curriculumeko merezimenduen balorazioa: gehienez 30 puntu.
a.1. Puntu 1, honako egoera hauetakoren bat egiaztatzen badu:
–%33ko edo gehiagoko desgaitasun-ziurtagiria, organo eskudunak emana.
–Amatasunagatiko, aitatasunagatiko, edoskitzeagatiko edo ardurapeko senideak zaintzeagatiko baimena, 2020ko urtarrilaren 1etik deialdiaren datara arte.
–Genero-indarkeriaren biktima dela egiaztatzen duen dokumentua, Delituaren Biktimei Laguntzeko Bulegoak emana.
a.2. Argitalpenen balorazioa. Baloratzea nahi diren argitalpenak erantsiko dira. 5 puntu emanen dira gehienez, honela banaturik:
–Journal Citation Report (JCR) aldizkari zientifikoan indexatutako argitalpen bakoitzeko: lehenengo edo azken sinatzaile gisa edo korrespondentziarako egile gisa agertzen bada: 3 puntu. Gainerako egileak: 1,5 puntu.
–Beste datu-base batzuetan indexatutako aldizkari zientifikoko argitalpen bakoitzeko: lehenengo edo azken sinatzaile gisa edo korrespondentziarako egile gisa agertzen bada: 2 puntu. Gainerako egileak: puntu 1.
–Liburuko kapitulu bakoitzeko: sinatzaile bakarra: puntu 1, sinatzaile bat baino gehiago badago: 0,5 puntu.
–Arreta-protokolo bakoitzeko: sinatzaile bakarra: puntu 1, sinatzaile bat baino gehiago badago: 0,5 puntu.
a.3. Espezialitateko edo jakintza arloko erreferentziazko elkarte zientifikoek antolatutako biltzar eta kalitate bileretan komunikazioak, hitzaldiak edo posterrak egiteagatik, betiere lanak onartzeko hautaketa prozesua egin bada. 5 puntu gehienez, honela banaturik:
Lehenengo egile gisa:
–Nazioarteko kongresu bateko komunikazio bakoitzeko: 3 puntu.
–Nazio mailako kongresu bateko komunikazio bakoitzeko: 2 puntu.
–Eskualdeko kongresu bateko komunikazio bakoitzeko: puntu 1.
–Nazioarteko kongresu bateko poster bakoitzeko: 2 puntu.
–Nazio mailako kongresu bateko poster bakoitzeko: puntu 1.
–Eskualdeko kongresu bateko poster bakoitzeko: 0,5 puntu.
Gainerako egileen parte-hartzea aipatutako puntuazioaren erdiarekin baloratuko da.
a.4. Ikerketa proiektuetan parte hartzea: 5 puntu gehienez, honela banaturik:
Ikertzaile nagusi gisa parte hartzea:
–Nazioarteko proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko: 1,5 puntu.
–Espainia mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko: puntu 1.
–Eskualde mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko: 0,6 puntu.
Lehia bidezko deialdietan finantzatutako proiektuetan parte hartzea: puntu 1 gehiago parte-hartze bakoitzeko.
Laguntzaile gisa parte hartu izanez gero, aipatutako puntuazioaren erdia emanen da.
a.5. Beste merezimendu batzuk: 14 puntu gehienez, honela banaturik:
–Bere ikerketa jarduerarekin lotutako graduondoko prestakuntza. (Gehienez 8 puntu), aurkeztutako titulu bakoitza honela puntuatuta:
- Doktorego-tesia: 4 puntu.
- Erizaintzako espezialitatea: 2 puntu.
- Unibertsitateko master ofiziala: puntu 1.
- Berezko unibertsitate masterra edo unibertsitate aditua: puntu 1.
–Irakasle gisa parte hartzea. (2 puntu gehienez).
- Lanbide sanitarioen Etengabeko Prestakuntza Batzordeak egiaztatutako etengabeko prestakuntzako prestakuntza ekintza bakoitzeko: puntu 1.
- Unibertsitateko irakasle izandako ikasturte bakoitzeko: 0,5 puntu.
- Praktiketako tutore laguntzaile izandako ikasturte bakoitzeko: 0,5 puntu.
–Asistentziaren kalitateari buruzko prestakuntza. (2 puntu gehienez).
- Etengabeko prestakuntzako jarduera frogatuak: 0,5 puntu kreditu bakoitzeko.
–Esperientzia hobekuntza-planetan. (2 puntu gehienez).
- Hobekuntza-plan baten koordinatzaile gisa, 2 puntu.
- Hobekuntza-planen sustatzaile gisa: 1 puntu plan bakoitzeko.
Merezimendu guztiak ziurtagiri ofizialaren bidez egiaztatu beharko dira.
b) Aurkeztutako hobekuntza planaren balorazioa: gehienez 70 puntu.
b.1 Aldatu beharreko arazoaren diagnostikoa: balorazioa egiteko, kontuan hartuko dira abiapuntuko egoera, arazoa eragiten ari diren arrazoi probableenak eta haien kuantifikazioa. 20 puntu gehienez, irizpide hauen arabera:
–Aldatu beharreko arazoaren diagnostikoa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzu osoaren testuinguruan aztertuta badago: 20 puntu.
–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan partzialki aztertuta badago (arlo edo zentro batean): 10 puntu.
–Arazoaren diagnostikoa egiten ez bada Osasunbidea-Nafarroako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren testuinguruan: punturik ez.
b.2. Proposatutako helburuen eta ekintzen arteko egokitzapena: baloratuko da hobekuntza ekintzak aukeratu izana honako hauek ezagutzearen ondorio logiko gisa: arazoa nolakoa den, haren kausak, ezarritako helburuak eta ekintzen ebidentzia maila. 30 puntu gehienez, irizpide hauen arabera:
–Proposatutako ekintza guztiak ebidentzian oinarrituak badaude eta/edo gomendioaren indarra aipatzen bada: 30 puntu.
–Proposatutako ekintzen erdiak, gutxienez, ebidentzian oinarrituak badaude eta/edo gomendioaren indarra aipatzen bada: 20 puntu.
–Ekintzak helburuekin lotuak ez badaude edo ez bada aipatzen gomendioaren indarra proposatutako ekintzetan: punturik ez.
b.3. Ongi definitutako neurketa-adierazle kalkulagarriak: haien balioa, sentsibilitatea eta espezifikotasuna baloratuko dira, bai eta proposatutako ekintzetan nahi den aldaketa neurtzeko ahalmena ere. 20 puntu gehienez, irizpide hauen arabera:
–Proposatutako ekintza bakoitzerako ongi definitutako neurketa-adierazle kalkulagarri bat badago: 20 puntu.
–Ekintzen erdiak, gutxienez, ongi definitutako neurketa-adierazle kalkulagarri batekin lotuak badaude: 10 puntu.
–Ekintzetako bat ere lotua ez badago, edo ekintzen erdiak baino gutxiago baldin badira ongi definitutako neurketa-adierazle kalkulagarri batekin lotuak daudenak: punturik ez.
10.2. Hautagaiaren curriculum-merezimenduak finantzatzeko, gutxienez 10 puntu lortu beharko dira, eta aurkeztutako hobekuntza planak, gutxienez, 35 puntu lortu behar ditu.
11.–Ikerketa lana areagotzearen onespena.
11.1. Batzordeak, 9. oinarri arautzailean ezarritako irizpideei jarraikiz, dirulaguntza emateko behin-behineko proposamen bat onartu beharko du. Proposamen hori Nafarroako Atarian argitaratuko da (administrazio publikoaren esparrurako zerbitzuen katalogoan).
11.2. Argitaratu ondoren, 10 egun balioduneko epea irekiko da interesdunek alegazioak egin ditzaten.
11.3. Behin batzordeak bere iritzi loteslea adierazita izangaiek aurkeztutako alegazioei buruz edo behin-behineko zerrendan eragina izan dezaketen bestelako gorabeherei buruz, instrukzio organoak laguntzak emateko eta ukatzeko proposamena eginen du.
11.4. Osasuneko zuzendari nagusia da finantzaketa emateko organo eskuduna. Ebazpena hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie erakunde interesdunei, eskabideak aurkezteko epea akitzen denetik hasita, organo instrukzio-egilearen proposamen arrazoituaren arabera. Proposamen horretan zehaztuko da ikerketa lana areagotzearen onuradun izanen diren pertsonak zein diren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zein unitate organiko asistentzialetakoak diren zehaztuta. Epe hori iragan eta ebazpena berariaz jakinarazi ez bada, eskaerak ezetsitzat joko dira.
Ebazpena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen legerian aurreikusitako moduan jakinaraziko zaie Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko unitate organiko asistentzialei, ikerketa egiten den zentroko zuzendaritzari eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Laguntzaren Kalitatearen eta Segurtasun Klinikoaren Atalari, eta Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko da.
12.–Finantzaketaren kudeaketa.
Esleitzen den zenbatekoa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari (IFZ: Q3150004D) ordainduko zaio 2025. urtean zehar, finantzaketaren xedeko gastuak ordain ditzan. Ikerketa lana areagotuko duen pertsona atxikia den zentroaren arabera, ondoko partida hauetan eginen da diru-sarrera:
–Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa: 543000 52200 4410 000000 partida, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak beste erakunde publiko batzuetatik" izenekoa.
–Osasun Mentaleko Kudeatzailetza: 541004 52700 4410 000000 partida, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak beste erakunde publiko batzuetatik" izenekoa.
–Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetza: 547001 52300 4410 000000 partida, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak beste erakunde publiko batzuetatik" izenekoa.
–Tuterako Kudeatzailetza: 545000 52400 4410 000000 partida, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak beste erakunde publiko batzuetatik" izenekoa.
–Lizarrako Kudeatzailetza: 546000 52500 4410 000000 partida, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak beste erakunde publiko batzuetatik" izenekoa.
Dirulaguntza ematen den unean ordainduko da.
13.–Proiektua gainbegiratzea.
Proiektuak gauzatzean kalitatea bermatzeko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Laguntzaren Kalitatearen eta Segurtasun Klinikoaren Ataleko buruak etengabe gainbegiratu eta tutorizatuko du hobekuntza-zikloen aurrerapena.
14.–Ikerketa lana areagotzeko jarduera gauzatzea.
14.1. Ikerketa lana areagotzeko jarduera gauzatuko da deialdi honetan eta ikerketa lana areagotzen ari denak egin beharreko jarduerari buruz aurkezten den dokumentazioan aurreikusten den moduan.
14.2. Ikerketa lana areagotzeko jarduera aurrera eramatean gertatzen den gorabehera edo aldaketa oro idatziz baimendu beharko du, aurretik, Ikerketa eta Berrikuntza Atalak.
Ordezko langilerik kontratatzen ez bada edo ondorioztatzen bada proiektua ez dela justifikatu, Osasuneko zuzendari nagusiak, Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko Ikerketa eta Berrikuntza Atalak txosten arrazoitua egin ondoren, jasotako zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko du, deusetan galarazi gabe sor litezkeen erantzukizunak.
15.–Ikerketa lana areagotzeko jardueraren bukaera eta justifikazioa.
15.1. Ikerketa lana areagotzeko jarduera akitzen den egunetik hasi eta hilabeteko epean, hobekuntza asistentzialeko zikloen aurrerapenaren gainbegiratzea eta tutoretza jarraitua egiten duen arduradunak, unitate organiko asistentzialaren arduradunarekin batera, Ikerketa eta Berrikuntza Atalari azken memoria bat bidaliko diote, egindako ekintzen eta proposatutako adierazleen arabera lortutako emaitzen ebaluazioaren deskribapen xehatuarekin; gainera, berrikuntzaren eraginari buruzko atal bat jaso beharko du: jardun klinikoaren gaineko eragina edo osasun arloko politiken gaineko eragina, osasunaren gaineko eragina edo ematen den osasun zerbitzuaren gaineko eragina. Egoki irudituz gero, informazio osagarria eskatzen ahalko da.
15.2. Beharrezkoa bada ikerketa lana areagotzeko jarduera aurrera eramateko, unitate organiko asistentzialaren arduradunak Ikerketa eta Berrikuntza Atalari eskatzen ahalko dio luza dezala proiektua gauzatzeko epea edo azken memoria aurkezteko epea, behar bezala arrazoituta, betiere gauzatzeko epea bukatu aurretik edo memoria aurkezteko epea bukatu aurretik, kasuan kasukoa.
16.–Konpromiso osagarriak.
Argitalpen zientifikoetan, ahozko komunikazioetan edo, oro har, ikerketa lana areagotzeko jardueraren ondoriozko emaitzen zabalkundean, deialdi honen bidezko finantzaketa izan dela zehaztu beharko da ohar baten bidez. Produkzio horien berri emanen zaio Ikerketa eta Berrikuntza Atalari, ikerketa areagotzeko espediente zenbakia zehaztuta eta sortzen diren argitalpenak erantsita, azken memoria noiz bidali zen kontuan izan gabe.
17.–Bidezko diren administrazio-errekurtsoak.
Gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da aplikatzeko egintzen aurka, Osasuneko kontseilariari zuzenduta eta hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.b) artikuluarekin.
18.–Datuen babesa.
Eskabidean eta deialdi honetan aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira deialdia ebazteko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
Datuen tratamenduari buruzko informazioa Nafarroako Gobernuaren Atarian dago ikusgai, zehazki, Osasun Departamentuaren "Dirulaguntzen, beken eta laguntzen kudeaketa" izeneko atalean, helbide honetan: https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/datuen-babesa.
Iragarkiaren kodea: F2507286
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
