110. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

54/2025 EBAZPENA, maiatzaren 13koa, Energia, Enpresa I+G+B eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onartzen baita aldatzea "Eltzaburu" harrobia ustiatzeko proiektua eta leheneratze plana.

1.–Aurrekariak.

Ofita Navarra SAk agregakin ofitikoduna ekoizten du, zenbait erabileratarako. Horretarako, bada, harrobi baten titularra da, eta hura aprobetxatzeko eskubidea du (C atala), ustiatzeko emakida zuzena eman baitzitzaion (erregistro zk.: 3404). Harrobiaren izena "Eltzaburu" da, eta Eltzaburu herrian dago, Ultzamako udal-mugartean. Emakidaren lehenbiziko epea 2032. urtean amaituko da.

Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 9ko 134/2016 Ebazpenaren bidez, harrobia ustiatzeko proiektua eta leheneratze plana onetsi ziren.

Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren abuztuaren 20ko 81/2018 Ebazpenaren bidez, leherketa moten proiektua onetsi zen. Hura tramitatzen ari zirela, Meatzeen Atalak eskatu zuen alda zitezela ustiatze proiektua eta leheneratze plana, koherenteak izan zitezen onetsitako leherketen proiektu berriarekin. Proiektu hori, hain zuzen, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren martxoaren 25eko 38/2019 Ebazpenaren bidez onetsi zen.

2022ko ekainaren 30ean, Meatzeen Atalak 2022ko Lanen Planaren tramitazioa dela-eta egindako errekerimenduari erantzun beharrez, ustiatze proiektuaren aldaketa berri bat aurkeztu zen. Aldaketa hori Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren martxoaren 10eko 31/2023 Ebazpenaren bidez baimendu zen.

2.–Ofita Navarra SAren eskaera, 2024ko ekainaren 10ekoa.

Ofita Navarra SAk onetsitako proiektuari jarraikiz lan egin izan du, eta material ofitikodunak erauzi ditu 650eko kotatik gora.

2024ko ekainaren 10ean, enpresak egoki iritzi zion ustiatze proiektuaren aldaketa berri bat aurkezteari. Haren bidez, hobetu nahi dira ustiatze lanak eta haien antolaketa harrobiaren barnean, eta egokitu gaur egungo egoerara, barne-kudeaketari eta merkatuari dagokienez. Aldaketa horrek eraginen du materialak ustiatu beharra aurreikusitako mailaren azpitik. Horregatik, Ofita Navarra SAk harrobia ustiatzeko proiektuaren eta leheneratze planaren aldaketa berri bat aurkeztu zuen, ondoan zuela ingurumen-inpaktuaren azterketa.

Enpresaren arabera, badira arrazoi batzuk 2024ko ekaineko aldaketa aurkezteko; izan ere, arrazoi horiek direla eta, harrobia ezin da ustiatu gaur egun baimendutako irizpideen arabera. Hona hemen:

–Proiektuan aurreikusitako erritmoan baino azkarrago erauzi dira materialak. Aurkeztutako proiektuaren azken aldaketan, urteko 65.000 m³ erauzketa erritmoa ezarri zen. Aldiz, 2015-2023 aldian, batez beste 96.680,17 m³ material erauzi dira urtean.

Erauzketa bolumenean izandako hazkundea dela-eta, emakidaren lehenbiziko epearen amaiera bitarte (2032. urtea) baimendutako erreserbak nabarmen murriztu dira.

–Mozkin egiteko establezimendutik erauzten diren materialetatik bazter utzitakoak harrobiko hondakindegietan kudeatu izan dira urteetan zehar. Gaur egun, hondakindegi horien ahalmena murriztu egin da, hondar-materialen bolumen handiagoa kudeatu behar baita. Horrenbestez, hondar horiek kudeatzeko konponbide bat planteatu behar da.

–Ustiatze zuloaren espazioa txikitzen ari da egungo ustiatze kotetan. Hortaz, beharrezkoa da azken ustiatze kuota berriz definitzea eta ustiatzearen aurreko aldea berriz konfiguratzea.

Bestalde, Ofita Navarra SAk uste du jarduera berriz definitzeko beharra nahikoa arrazoi dela luzapena eskatzeko une honetan, hots, emakida amaitzeko zazpi urte falta direnean (erregelamenduaren arabera, gutxienez hiru urte lehenago eskatu behar da).

Enpresak adierazi du ustiatze erritmoa hazi egin dela azken urteetan. Hortaz, ezarri da urteko ekoizpenak 100.000 m³-ko bolumen gordina izanen duela. Kontuan hartuta, estalkia kenduta, ofitaren bolumena 3.190.039,90 m³-koa dela, 32 urte beharko dira azken topografiara iristeko. Dena den, Ofita Navarra SAk uste du beste urtebete beharko duela azken leheneratze lanak egiteko. Hortaz, guztira, 33 urte izanen dira.

Eskaeren estimazioak berretsiz gero, definitutako erauzketa jarduerak honako urte hauek hartuko lituzke: emakidaren egungo epea amaitzeko falta diren 7 urteak eta emakidaren bigarren epeko 26 urteak.

3.–Jendaurrean jartzeko izapidea eta kontsultak.

Ofita Navarra SAk aurkeztutako proiektuaren aldaketa, bai eta leheneratze plana eta ingurumen-inpaktuaren azterketa ere, 2024ko 171. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren, abuztuaren 22an, eta, hortaz bete egin zen jendaurrean jartzeko izapidea; hori guztia, honako hauetan xedatutako aplikatu beharrez: Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea eta Erauzketa-industrien hondakinak kudeatzeari eta meatzaritzako jarduerak ukitutako tokiak babestu eta birgaitzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretua.

Ez zen alegaziorik jaso.

Orobat, kontsulta egin zitzaien Ingurumen Ebaluaziorako Atalari eta Ultzamako Udalari.

Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak 0003-0226-2024-000009 txostena eman zuen 2024ko urriaren 7an, eta enpresari bidali zitzaion 2024ko urriaren 29an.

4.–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa.

2024ko azaroaren 21ean, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskatu zuen enpresak. Eskaera hori Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzura igorri zen, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zezan.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 27ko 204/2025 Ebazpenaren bidez, ingurumen-inpaktuaren gaineko aldeko adierazpena egin zen ustiategia aldatzeko proiektuari buruz eta aldeko txostena eman zen leheneratze planari buruz. Orobat, baldintza batzuk ezarri ziren honako hauen gainean: erauzketa perimetroa, "Belate" kontserbazio bereziko eremuari ez eragitea, kamioien eta makinen trafikoa eta abar.

Ebazpen hori 2025eko 80. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 24koan.

5.–Espedientearen azterketa teknikoa.

Meatzeen Atalak espedientean jasotako dokumentuak aztertu ditu. Proiektua egokitzen zaio Meategietako Segurtasunari buruzko Oinarrizko Arauen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoari (apirilaren 2ko 863/1985 Errege Dekretuaren bidez onetsia) eta Jarraibide Tekniko Osagarrietan garatutakoari (VII. kapitulukoak, 1990eko apirilaren 16ko Aginduaren bidez onetsiak).

Gainera, egiaztatu da Ofita Navarra SAk dagoeneko jarri duen bermea onesten den leheneratze plana estaltzeko behar adinakoa dela. Berme hori bost urtean behin eguneratuko da, KPIaren arabera.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusirik eta aintzat hartuta 22/1973 Legea, uztailaren 21ekoa, Meategiei buruzkoa eta 975/2009 Errege Dekretua, ekainaren 12koa, hizpide dituena erauzketa-industrien hondakinak kudeatzea eta meategiko jarduerek ukitzen duten espazioa babestea eta leheneratzea, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak ondorioztatu du prozedura behar bezala gauzatu dela.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Ofita Navarra SAk aurkeztutako proiektua onestea, bat etorriz Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 27ko 204E/2025 Ebazpenean ezarritako baldintzekin.

2. Aurkeztutako leheneratze plana onestea, bat etorriz Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 27ko 204E/2025 Ebazpenean adierazitako baldintzekin.

3. Ustiatzeko emakidaren lehenbiziko luzapena ematea 30 urterako; 2032ko otsailean hasiko da, eta 2062ko otsailean amaituko.

4. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura eta Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jarraikiz abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42. artikuluari (Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legea).

6. Ebazpen hau Ofita Navarra SAri jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

7. Ebazpen hau Ultzamako Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuari aldez aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2025eko maiatzaren 13an.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Garbiñe Basterra Olóriz.

Iragarkiaren kodea: F2507111