110. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 3a

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

GOBERNUAREN ORDEZKARITZA

Ebazpena, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiak emana, zeinaren bidez ezesten baita Energía Inagotable de Atreo SLren eskaera, Castilicar-eko (Zaragoza) eta Zarrakazteluko (Nafarroa) udal-mugarteetan 49,5 MW-eko "Atreo" parke eolikoaren proiekturako aurretiazko administrazio baimenari buruzkoa, eta erabakitzen baita PEol-725 espedientea artxibatzea

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluan eta Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, Energia Politikako eta Meatzeetako zuzendari nagusiak honakoak kontuan hartu ditu:

I.–Aurrekariak.

Lehena.–Aurretiazko administrazio-baimenaren eskaera.

2021eko abuztuaren 25ean, Energía Inagotable de Atreo SLk aurretiazko administrazio-baimena eskatu zuen 49,5 MW-eko "Atreo" parke eolikoaren proiekturako, Castilicar-eko (Zaragoza) eta Zarrakazteluko (Nafarroa) udal-mugarteetan.

Ebakuaziorako gainerako azpiegitura, garraio sarera bitartekoa, ez da eskaera horren esparruan sartzen.

Bigarrena.–Izapidetzeko onartzea.

Zuzendaritza nagusi honek egiaztatu zuen Zaragozako eta Nafarroako probintzietan 49,5 MW-eko "Atreo" parke eolikoaren proiektua ezartzeko proiekturako aurretiazko administrazio-baimenaren eskaera aurkeztu eta izapidetzeko onartu zela.

Hirugarrena.–Eskaera abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren arabera izapidetzea.

Zuzendaritza nagusi honek Gobernuak Aragoin duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arlora eta Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arlora igorri du espedientea, horiek baitira baimen-eskaeraren espedientea izapidetzeko eskumena duten organoak, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 113. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera, aurretiazko administrazio-baimenaren eskaera, proiektuarekin eta ingurumen inpaktuaren azterketarekin batera, jendaurrean jarri zen, Estatuko Aldizkari Ofizialean eta ukitutako probintzietako aldizkari ofizialetan behar bezala argitaratuta, eta, halaber, kasuan kasuko txostenak eskatu zitzaizkien administrazioei, erakundeei eta zerbitzu publikoko edo interes orokorreko zerbitzuetako enpresei, instalazioak haien kargurako ondasunak eta eskubideak uki ditzakeen heinean, bai eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen arabera txostena aurkeztu behar duten erakundeei ere.

2022ko maiatzaren 31n, Gobernuaren Aragoiko Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloaren txostena eta izapidetze-espedientea jaso ziren.

2022ko uztailaren 13an, Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloaren txostena eta izapidetze-espedientea jaso ziren.

Laugarrena.–Ingurumen inpaktuaren ebaluazioa.

2022ko uztailaren 22an, Ingurumen Ebaluaziorako Zuzendariordetza Nagusiari bidali zitzaion espediente hori, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura hasteko, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiak ebazpena eman zuen 2023ko urriaren 5ean, eta, horren bidez, ingurumen-inpaktuaren kontrako adierazpen egin zuen proiektu honi buruz: "49,5 MW-eko Atreo eta Aiko parke eolikoak eta haien ebakuazio azpiegiturak, Castilicarren (Zaragoza) eta Zarrakaztelun (Nafarroa)". Izan ere, identifikatu zen ingurumenaren gaineko inpaktu negatibo adierazgarriak gertatzeko aukera zegoela, eta proposatutako neurriek ez dute behar besteko bermerik horiek behar bezala prebenitzeko, zuzentzeko edo konpentsatzeko. Ebazpen hori esteka honetan eskuratu daiteke:

https://www.boe.es/diario_boe/txt.php?id=BOE-A-2023-21832

Bosgarrena.–Espedienteen metaketa desegiteko erabakia.

2025eko martxoaren 20an, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiak erabaki zuen bereizita izapidetuko zituela Zaragozan eta Nafarroan kokatuta dauden Atreos eta Aiko parke eolikoetarako (49,5 MW-ekoak, biak) eta haien ebakuazio azpiegituretarako proiektuetarako aurretiazko administrazio-baimenak, ondoren behin betiko ebazteko.

Horrenbestez, aurrerantzean PEol-725 kodeko espedientean gauzatuko da Zaragozako eta Nafarroako probintzietan 49,5 MW-eko Atreo parke eolikoa eta haren ebakuazio azpiegiturak ezartzeko proiektuari administrazio-baimena emateko prozedura.

Seigarrena.–Sarbide- eta konexio-baimenak.

Proiektuak garraio sarean sartzeko baimenak ditu, sarera sartzeko bideragarritasun txostenaren bidez eskuratu baitzituen baimenok. Zehazki, Castejongo 400 kV-eko azpiestazioan du sarbidea (Red Eléctrica de España SAU da jabea).

Atreo proiektuari 2023ko urriaren 4an iraungi zitzaizkion garraio sarera sartzeko eta konektatzeko baimenak, ez baitzuen epe barnean eskuratu aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpenik.

2023ko abenduaren 19an, Red Eléctrica de España SAUren idazki bat sartu zen ministerio honen erregistroan, zeinaren bidez jakinarazten baita iraungi egin dela ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege-dekretuan xedatutakoa aplikatuz emandako sarbide baimena. 23/2020 Errege Lege-dekretuak energiaren arloko eta ekonomia suspertzeko beste eremu batzuetako neurriak onesten ditu.

Jasotako dokumentazioa aztertu ondoren, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusi honek ebazpen proposamen hau eman du, honakoak aintzat hartuta:

II.–Oinarri juridikoak.

Lehena.–Aplikatu beharreko arauak.

Kontuan hartu da hauetan ezarritakoa: 24/2013 Legea, abenduaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa; 1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa eta 1183/2020 Errege Dekretua, abenduaren 29koa, Energia elektrikoa garraiatzeko eta banatzeko sareetarako sarbideari eta konexioari buruzkoa.

Bigarrena.–Energia elektrikoa ekoizteko instalazioen baimena.

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak honako hau xedatzen du 21. artikuluan, energia elektrikoa ekoizteko jarduerei buruzkoan: "Energia elektrikoa ekoizteko instalazioak martxan jartzeko, aldatzeko, aldi batez ixteko, eskualdatzeko eta behin betiko ixteko, 53. artikuluan eta hura garatzeko araudian ezarritako baimen-araubidea bete beharko da aldez aurretik".

53. artikuluak arautzen du nola jarri behar diren martxan energia elektrikoa garraiatzeko, banatzeko eta ekoizteko instalazio berriak, bai eta zuzeneko lineak ere. Ezartzen du, honako administrazio-baimen hauek lortu behar direla horretarako: aurretiazko administrazio-baimena, eraikitzeko administrazio-baimena eta ustiatzeko baimena.

Abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 3.13 artikuluaren arabera, Estatuko Administrazio Orokorrari dagozkio, lege horretan ezarritako baldintzetan, honako eskumen hauek:

"Instalazio elektriko hauek baimentzea:

a) Energia elektrikoa ekoizteko penintsulako instalazioak, horien ebakuazio-azpiegiturak barne, 50 MW elektrikotik gorako potentzia elektriko instalatua dutenak, penintsulako garraio primarioko instalazioak eta 380 kV-eko edo gehiagoko tentsioko harguneak.

b) Autonomia erkidego baten lurralde-eremua gainditzen duten ekoizpen-instalazioak, barne direla horien ebakuazio azpiegiturak, bigarren mailako garraioa, banaketa, harguneak, zuzeneko lineak eta 250 kW-etik gorako potentzia duten ibilgailu elektrikoak kargatzeko estazioetako azpiegitura elektrikoak, bai eta Estatuaren eskumeneko sorkuntza-instalazioei konektatutako linea zuzenak ere".

Aurretiazko administrazio-baimenari dagokionez, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak xedatzen duenez, instalazioaren aurreproiektuarekin izapidetuko da, dokumentu tekniko gisa, eta, hala badagokio, ingurumen inpaktuaren ebaluazioarekin, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera, eta enpresa baimenduari instalazio jakin bat baldintza jakin batzuetan egiteko eskubidea emanen dio. Elektrizitatea sortzeko instalazioen administrazio-baimena ezin izanen da eman baldin eta titularrak ez baditu aldez aurretik lortu kasuan kasuko garraio edo banaketa sareetarako sarbide eta konexio baimenak. Halaber, baimen eskaerak bete beharko ditu urriaren 1eko 39/2015 Legean oro har jasotako administrazio baldintza orokorrak, baita aplikatzekoa den araudi sektorialean jasotako baldintza orokor teknikoak ere.

Bestalde, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuak, 121., 122., 123. eta 124. artikuluetan, arautzen ditu, oro har, administrazio-baimenaren eskaerarekin lotutako zenbait kontu. Bereziki, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 124. artikuluak ezartzen duenez, energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko instalazioen proiektuek ingurumen inpaktuaren ebaluazioa beharko dute, arlo horretan aplikatzekoa den legeriak hala eskatzen duenean.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42. artikuluak ezartzen du organo substantibo horrek behar bezala kontuan hartu beharko duela, proiektua baimentzeko prozeduran, egindako ingurumen inpaktuaren ebaluazioa.

Hirugarrena.–Ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen proiektuei aplikatu beharreko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak bere aplikazio-eremuaren barruko proiektuen ingurumen inpaktuaren ebaluazioa arautzen du –obrak eta instalazioak egiteko proiektuak barne–. Hala, hartan xedatutakoaren arabera, ingurumen inpaktuaren ebaluazioa prozesu bat da, zeinaren bitartez aztertzen baita, baimena eman aurretik, zer ondorio esanguratsu duten edo izan dezaketen proiektuek ingurumenaren gainean, barnean direla populazioa, giza osasuna, flora, fauna, biodibertsitatea, geodibertsitatea, lurra, lurzorua, lurpea, airea, ura, klima, klima-aldaketa, paisaia, ondasun materialak –kultur ondarea barnean dela– eta aipatutako faktore guztien arteko interakzioa. Lege horrek Europar Batasuneko zuzenbidearen transposizioa egiten du arlo horretan.

II. tituluko lehen atalean, ingurumen inpaktuaren adierazpena egiteko ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura arautzen da.

Hala, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluak ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta beharko duten proiektuak zein diren xedatzen du, eta, horien artean, I. eranskinean jasotakoak, bai eta, zatikatuta aurkeztuta ere, I. eranskineko atalaseetara iristen direnak ere, aztertutako proiektu bakoitzaren magnitudeak edo dimentsioak metatuta.

Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio Estatuaren eskumeneko proiektuen ingurumen inpaktuaren ebaluaziorako prozedurez ebaztea, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren oinarrizko egitura organikoa garatzen duen eta urtarrilaren 28ko 139/2020 Errege Dekretua, ministerioetako departamentuen oinarrizko egitura organikoa ezartzen duena, aldatzen duen apirilaren 28ko 500/2020 Errege Dekretuaren 7.1 c) artikuluaren arabera.

Prozedura horren esparruan, ingurumen arloko organoak ingurumen ebaluazioaren espedientearen azterketa teknikoa eginen du, baita azterketa formala ere proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa jendaurrean jartzeari buruz, eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteari buruz, nahitaezko txostenak eginda horietako bakoitzean.

Ingurumen organoak, ingurumen inpaktuaren ebaluazioari buruzko espedientearen azterketa teknikoa amaitu ondoren, ingurumen inpaktuaren adierazpena egiten du. Eta, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluaren 2. apartatuaren arabera:

"Ingurumen inpaktuaren adierazpena nahitaezko txosten erabakigarria izanen da. Proiektuak ingurumenean dituen ondorio esanguratsuei buruz erabakiko du eta, hala badagokio, hura garatzeko baldintzak ezarriko ditu, 35.1 c) artikuluan zerrendatutako faktoreak behar bezala babestuta egon daitezen proiektua gauzatzean eta ustiatzean, eta, kasua bada, bertan behera uztean, desmuntatzean edo eraistean; halaber, behar diren prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak ezarriko ditu".

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluaren 3. eta 4. apartatuen arabera, ingurumen inpaktuaren adierazpena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, formulatzen denetik hamar egun balioduneko epean, eta adierazpen horren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri. Hala ere, proiektua baimentzen duen egintzaren aurka bidezkoak diren errekurtsoak paratzen ahalko dira administrazio-bidetik eta bide judizialetik.

Aipatu legearen 5. artikuluan adierazten den moduan, ingurumen ebaluazioa ingurumen arloko organoaren nahitaezko txosten erabakigarria da, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta amaitzen duena.

Horrez gain, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42. artikuluaren 1. apartatuak xedatzen duenez:

"Organo substantiboak, proiektua baimentzeko prozeduran, zeina arrazoizko epe batean ebatzi beharko baita, behar bezala aintzat hartu beharko du egindako ingurumen inpaktuaren ebaluazioa, kontsulten emaitzak barne".

Bestalde, abenduaren 9ko 21/2013 Legeak honako hau dio zioen azalpenean, horri buruzko jurisprudentzia dagoela aipatuz:

"Ingurumen irizpenen izaera erabakigarria bi alderditan adierazten da: formala eta materiala.

[... ] Ikuspuntu materialetik, hau da, ebazpena ematen duen organoarentzat haren edukia loteslea izateari dagokionez, txosten bat erabakigarria izateak esan nahi du, oraintsuko jurisprudentziaren arabera, txostena beharrezkoa dela ebazteko eskumena duen organoak iritzia osatu ahal izan dezan txostenean bertan aipatzen diren gaiei buruz.

Izaera erabakigarri hori gauzatzen da lege honetan desadostasunak ebazteko aurreikusitako mekanismoan, eta, hortaz, ingurumen irizpenetan jasotako baldintzek lotzen dute organo substantiboa; izan ere, bere eskumenen esparruan bakarrik aldentzen ahalko da haietatik, arrazoiak emanda eta dagokion desadostasuna planteatuta Ministro Kontseiluari edo kasuan kasuko autonomia-erkidegoko gobernu kontseiluari, edo, hala badagokio, erkidego horrek erabaki duen organoari".

Horrenbestez, proiektuak ingurumenean izan ditzakeen eragin esanguratsuei buruz ingurumen organoak ateratako ondorioak lotesleak dira ebazten duen organoarentzat, ingurumen inpaktuaren adierazpena erabakigarria delako, Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak behin eta berriz adierazten duen bezala, adibidez, eta besteak beste, uztailaren 11ko 962/2022 Epaian:

"IELren zioen azalpenean azaldutako gogoetetatik ondorioztatzen da ingurumen ebaluazioaren prozedura halakotzat hartzearen inguruabar garrantzitsuetako bat, hain zuzen ere loteslea dela organo substantiboarentzat, hau da, transkribatutako paragrafoan adierazten den bezala, IEA erabakigarria denez, berekin dakar bertan ezartzen diren baldintzak ezartzea organo substantiboari, hau da, izapidetutako antolamendu-tresnaren proiektua onestean".

Laugarrena.–Proiektuaren kontrako ingurumen inpaktuaren adierazpena.

Proiektuaren kontrako ingurumen inpaktuaren adierazpenaren edukia kontuan hartu da, ezesteko ebazpen hau arrazoitzeko balio baitu.

Bosgarrena.–Elektrizitatea garraiatzeko eta banatzeko sareetara sartzeko eta konektatzeko administrazio-baldintzak betetzeari buruz.

Ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege-dekretuak, energiaren arloko eta ekonomia suspertzeko beste eremu batzuetako neurriak onesten dituenak, 1. artikuluaren 1. apartatuan xedatzen du energia elektrikoa sortzeko instalazioetarako sarbide-baimenen titularrek, baldin eta baimen horiek 2017ko abenduaren 31ren ondoren eta errege lege-dekretu hori indarrean jarri aurretik eskuratu badituzte, aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena lortu beharko dutela 31 hilabeteko epean, eta aurretiazko administrazio-baimena, berriz, 34 hilabeteko epean.

Aurrekoa abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluarekin lotu behar da; haren arabera, energia sortzeko instalazioen administrazio-baimena ezin izanen da eman baldin titularrak ez baditu lortu, aldez aurretik lortu ere, dagozkion garraio- edo banaketa-sareetara sartzeko eta konektatzeko baimenak.

Jarraian, honako hau gehitzen da ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege Dekretuaren 1. artikuluaren 2. apartatuan:

"Administrazio-baldintza horiek behar den moduan eta epean bete direla frogatzen ez bazaio sarearen kudeatzaileari, besterik gabe iraungiko dira emandako sarbide-baimenak, bai eta, hala badagokio, sarbide- eta konexio-baimenak ere, eta administrazio-baimenak emateko eskumena duen organoak berehala betearaziko ditu berme ekonomikoak, garraio- eta banaketa-sareetarako sarbide-eskaera izapidetzeko aurkeztutakoak. Hala ere, sustatzaileari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik ingurumen inpaktuaren adierazpena aldekoa ez bada, berme horiek ez dira exekutatuko".

Seigarrena.–Berme ekonomikoak.

Sustatzaileak aurkeztutako bermeei abenduaren 29ko 1183/2020 Errege Dekretua (energia elektrikoa garraiatzeko eta banatzeko sareetarako sarbideari eta konexioari buruzkoa) aplikatuko zaie, zehazki, 23.6 artikuluan ezarritakoa, eta hark hala eskatuz gero.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, egindako izapideak kontuan hartuta, eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluarekin bat etorriz, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusi honek, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuak, energia elektrikoaren instalazioak baimentzeko prozedurak eta energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta hornitzeko jarduerak arautzen dituenak, ematen dizkion eskumenak baliatuz, honako hau,

EBAZTEN DU:

Bakarra.–Aurretiazko administrazio-baimena emateko eskaera ezestea, Zaragozako eta Nafarroako probintzietan 49,5 MW-eko potentziako Atreo parke eolikoa eta haren ebakuazio azpiegiturak ezartzeari dagokionez. Horiek horrela, PEol-725 espedientea artxibatzea erabaki da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 62.2.i) artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Energiaren Estatuko Idazkaritzari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Epe hori iraganik errekurtsoa jarri gabe, ebazpena irmoa izanen da ondorio guztietarako. Epeak hilabeteka zenbatzeko, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

2025eko maiatzaren 5ean.–Zuzendari nagusia, Manuel García Hernández.

Iragarkiaren kodea: E2507577