110. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

263/2025 EBAZPENA, apirilaren 30ekoa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko musikako goi mailako ikasketetako irakasleek 2025-2026 ikasturtean ikerketa proiektuak egiteko deialdia arautzen duena.

Honako hau adierazten du ekainaren 7ko 1/2024 Legeak, goi mailako arte irakaskuntzak arautu eta lanbide-irakaskuntza artistikoen antolakuntza eta baliozkotzeak ezartzen dituenak, haren 52. artikuluan: hezkuntza administrazio eskudunek sustatu beharko dute ikastetxe publikoetako irakasleek ikerketan aritzea eta horretarako lanorduak izatea.

Ildo beretik, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak azken urteotan Nafarroako Foru Komunitatean goi mailako musika irakaskuntzetako irakasleendako ikerketa proiektuen deialdi bat kudeatu du. Proiektuak originalak izanen dira, eta behin ere argitaratu gabeak, eta, munta handiagoko proiekturen baten parte baldin badira, ongi bereizi eta identifikatu beharko da osotasunaren eta ikerketa-lerro orokorren aldean.

Ikusirik apirilaren 24an Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Atalaren buruak egindako txostena, zeinean proposatzen baita deialdi bat onestea Nafarroako Foru Komunitateko musikako goi mailako ikasketetako irakasleek 2025-2026 ikasturtean ikerketa proiektuak egiteko.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko musikako goi mailako ikasketetako irakasleek ikerketa proiektuak egiteko deialdia onestea 2025-2026 ikasturterako, ebazpen honen eranskinetan ezarritakoari jarraikiz.

2. Ebazpen hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalera eta Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatoriora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2025eko apirilaren 30ean.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA.–NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO MUSIKAKO GOI MAILAKO IKASKETETAKO IRAKASLEEK IKERKETA PROIEKTUAK EGITEKO DEIALDIA 2025-2026 IKASTURTERAKO. OINARRIAK

1. Xedea eta helburua.

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko irakasleen ikerketa lana erraztu, akuilatu eta bultzatzea da deialdi honen xedea, goi mailako irakaskuntzei dagokien ikertzaile profila eskuratu dezaten.

2. Onuradunak.

2.1. 2024-2025 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan eskolak eman dituzten irakasleak aurkezten ahalko dira deialdi honetara, non eta ez diren igaro "Pablo Sarasate" musika kontserbatorio profesionaletik Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatoriora.

2.2. 2025-2026 ikasturterako, urte osorako bi ikerketa proiektu onetsiko dira gehienez.

2.3. Kontzesioa puntuazioaren arabera eginen da, handienetik txikienera, 7. oinarrian ezarritako baremazioari jarraituz. Gutxienez ere 5 puntu lortu beharko dira ikerketa proiektua hautagaien artean egoteko.

2.4. Proiektua onartzen zaien irakasleek beren zuzeneko irakaskuntza orduetako 3 ordu izanen dituzte ikerketa proiektua egiteko.

3. Aplikazio gaiak.

3.1. Ikerketa arloa norberak hautatuko du, libreki.

3.2. Proiektuak originalak izanen dira, behin ere argitaratu gabeak, salbu eta aurreko deialdian kontzesioa izan duen proiektu baten luzapena bada. Behin bakarrik eman dakioke luzapena proiektu bati.

3.3. Proiektuak maila goragoko beste proiektu batzuetan sartuta badaude, behar bezala identifikaturik eta zehazturik egonen dira ikerketaren multzoaren barnean edo ikerketa-ildo nagusietan.

4. Eskaerak aurkezteko epeak eta lekua.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea 7 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik hasita.

4.2. Eskaera II. eranskineko ereduaren arabera aurkeztu behar da, datu guztiak beteta. Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko zuzendariak izenpetua egonen da, edo, hura ez badago, zuzendaritza taldeko beste kide batek izenpetua.

Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiko Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalari zuzenduko zaio, eta Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren bulegoetan aurkeztuko da (2014ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 7koa), edo Hezkuntza Departamentuan berean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoari buruzko ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez sortu eta araututako Erregistro Elektronikoaren bitartez, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Foru Legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietatik edozeinetan. Azken kasu horretan, onuradunak iragarri beharko du dokumentazioa igorri duela, mezu elektroniko bat bidaliz ensearti@navarra.es helbidera, igorpenaren gordailu eguna egiaztatzen duen agiriaren kopiarekin batera, aurkezpenaren egun berean.

5. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

5.1. Eskatzaileek ebazpen honen II. eranskinean jasotako eskabide-orria aurkeztu beharko dute, honako dokumentazio honekin batera, euskarri digitalean:

a) NANaren edo AITaren fotokopia (bi kasuetan bi aldeetatik), edo pasaportearena.

b) Curriculum vitaea.

c) Ikerketa-ibilbidearen deskribapena.

d) Proiektua deskribatzen duen memoria edo haren luzapenarena. Gutxienez III. eranskinean aipatzen diren atalak bilduko ditu.

e) Eranskin honen 7. oinarrian aipatzen diren merezimenduak.

5.2. Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalak prozeduraren edozein fasetan eskatzen ahalko ditu argibideak edo datu osagarriak alegaturiko inguruabarrei buruz, agiriei buruz eta eskaerarekin eta esleipenarekin zerikusia duten bestelako inguruabarrei buruz.

5.3. Foru Komunitatean ofiziala ez den hizkuntza batean luzatutako agirien itzulpen ofiziala edo zinpekoa eskatzen ahalko du organo kudeatzaileak. Itzulpen hori aurkezten ez bada, agiriak ez dira kontuan hartuko.

6. Eskaera onartuak eta baztertuak.

6.1. Eskaerak aurkezteko ezarritako epea bukatu ondoren, Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalak onartu diren eskatzaileen izenen hasiera bateko zerrenda argitaratuko du Nafarroako Gobernuko web orrian (www.nafarroa.eus, zerbitzuen katalogoan dagokion fitxan), baita baztertutako eskatzaileen izenen zerrenda ere, baztertzeko arrazoia azalduta.

6.2. Baztertutako eskatzaileek bost egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik hasita, baztertzeko arrazoiak zuzentzeko moduko dokumentazioa aurkezteko. Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalera zuzenduko da dokumentazioa, eta ebazpen honen 4 oinarrian adierazitako edozein tokitan aurkeztuko da.

6.3. Atal horrek balizko erreklamazioei erantzunen die, eta, ondoren, eskatzaile onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko du, lehenago aipatutako bide berberak erabiliz. Baztertuen kasuan, baztertzeko arrazoia zehaztuko du.

7. Eskaeren puntuazioa. 10 puntu gehienez.

7.1. Eskatzailearen lantaldea, ibilbidea eta historia zientifikoa, 3 puntu gehienez, honela banatuta:

a) Curriculum vitaea: doktoretza, goi mailako tituluak, esperientzia irakasle lanetan, merezimendu artistikoak, etab. 1,5 puntu gehienez.

b) Ikerketa lanetan izandako ibilbidea: argitalpenak, ikerketa proiektuak, etab. 1,5 puntu gehienez.

7.2. Aurkeztutako proiektuaren kalitatea eta bideragarritasuna, edo haren luzapenarena, 6 puntu gehienez, honela banatuta:

a) Proposatutako helburuen berritasuna, interesa eta garrantzia. Puntu bat gehienez.

b) Ikerlan proiektuak egin lezakeen ekarpen zientifiko eta/edo teknikoa. Puntu bat gehienez.

c) Ikerlanak Nafarroako Goi mailako Musika Kontserbatorioan izan lezakeen erabilera eta eragina. Puntu bat gehienez.

d) Ikerketaren exekuzioaren bideragarritasuna. Puntu bat gehienez.

e) Diseinu metodologikoaren eta lan planaren egokitasuna, azaldutako helburuei dagokienez. Puntu bat gehienez.

f) Ikerlanaren iraupenaren egokitasuna, ezarritako helburuak kontuan hartuta. 0,5 puntu gehienez.

g) Ebaluatzaileak kontuan har ditzakeen beste alderdi batzuk: proiektuaren edo emaitzen hedapenerako eta zabalkunderako plana eta/edo horretarako aukerak, proiektua luzatzeko aukera, etab. 0,5 puntu gehienez.

7.3. Bestelako alderdi batzuk, puntu bat gehienez, honela banatuta:

a) Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan lanaldi osoan irakasle gisa ibili izana 24-25 ikasturtean. 0,5 puntu.

b) Beste titulu batzuk: hizkuntzak, titulu profesionalak, etab. 0,5 puntu gehienez.

Eranskin honen 7. oinarrian jasotako merezimendu guztien frogagiria aurkeztu beharko da. Ez bada merezimenduetako baten frogagiria aurkezten, ez da aintzat hartuko eskaeren puntuazioan.

8. Prozeduraren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

8.1. Ikerketa proiektuen deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta hasiko da prozedura, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez.

8.2. Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atala izanen da prozeduraren instrukzio organoa, eta ofizioz erabakiko ditu eskaeretako datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko eta ebaluazioa egiteko beharrezkoak diren jarduketa guztiak, gero ebazpena eman ahal izateko. Zehazki, honako instrukzio jarduketa hauek eginen ditu, besteak beste: beharrezkotzat jotzen dituen ebaluazio txostenak eskatzea, deialdia aplikatzetik sor litezkeen auziak konpontzea eta ebazpena garatzeko eta betetzeko jarraibideak ematea.

8.3. Eskaeren balorazioa egitea Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalari dagokio.

8.4. Jasotako eskaerak barematu eta gero, Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalak behin-behineko esleipenaren proposamena argitaratuko du Nafarroako Gobernuaren web-orrian, www.nafarroa.eus orriko zerbitzuen katalogoaren barrenean dagokion fitxan.

Interesdunek behin-behineko proposamen horren kontrako erreklamazio edo alegazioak aurkezten ahalko dituzte gehienez bi egun balioduneko epean, behin-behineko ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe horretan, espedientea interesdunen eskura izanen da Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalean, datu zehatzak kontsultatzeko modua izan dezaten.

Erreklamazioak Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalari zuzenduko zaizkio. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta, bidezkoa bada, haiek erantzun ondoren, deialdi honen xedeko ikerketa proiektuen gaineko behin betiko ebazpena emanen da.

8.5. Deialdia Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emanen duen ebazpenaren bidez ebatziko da, instrukzio organoaren proposamena ikusi eta gero.

8.6. Proiektuen kontzesioaren onuradunen batek ez badu plazarik aukeratzen Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, prozedura honetatik sortzen den zerrendan hurrengoa den ordezko eskatzailearen proiektua aukeratuko da.

Musikako goi mailako ikasketetako irakasleek 2025-2026 ikasturtean ikerketa proiektuak egiteko deialdiaren ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuaren web-orrialdean argitaratuko da, www.nafarroa.eus orriko zerbitzuen katalogoaren barrenean dagokion fitxan hain zuzen ere.

9. Onuradunek bete beharrekoak.

9.1. Irakasle onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Oro har, proiektuaren jarraipen egokia egiteko Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalak ematen dituen jarraibideak onartzea, eskatzen zaizkion txostenak egitea eta ikuskapen-eskaerei kasu egitea.

b) Onartutako ordu liberazioaren xedeko proiektua hura onartzeko ebazpenean adierazitako moduan eta epean egitea.

c) Egindako lanaren berri ematea deialdiaren 10. oinarriak agintzen duen moduan eta epean.

d) Onetsitako proiektuan edonolako aldaketak egiteko, Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalari baimena eskatzea, idatziz.

e) Ikerketaren aurrerapenen bat eginez gero argitalpenen, komunikazioen edo beste baliabide baten bidez, Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalari jakinaraztea.

9.2. Deialdi honetan ezarritako betebehar edo baldintzaren bat betetzen ez bada, ezin izanen da beste proiektu bat egiteko eskaerarik aurkeztu hurrengo bi ikasturteetan.

10. Proiektuaren segimendua eta amaiera.

10.1. Ikerketa proiektua deialdi honetan ezarritakoaren arabera egiten duten irakasleek egindako lan guztia eta emaitzak jasotzen dituen testu osoa aurkeztu beharko dute, euskarri digitalean. Alderdi hauek jaso beharko dira: egindako proiektuaren memoria osoa, xehetasunez emana, eta ikerlanaren emaitzen berri ematen duten artikulu, argitalpen, hitzaldi eta bestelakoak. Hori guztia oinarritzat hartuko da azken ebaluazioa egiteko. Testu hori Hezkuntza Departamentuko Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalari bidaliko zaio, 2026ko ekainaren 15etik 30era bitartean, eranskin honen 4. oinarrian ezarritako bideetako bat erabiliz.

10.2. Ezarritako epea igarota, dokumentaziorik jaso ez bada, interesdunari errekerimendu formala eginen zaio bost eguneko epe luzaezinean aurkez dezan. Epe berri horretan aurkezten ez badu, 9.2. oinarrian ez-betetzeetarako adierazitako ondorioak sortuko dira.

10.3. Azken memoriak ikastetxeko zuzendariaren onespena jaso beharko du, eta, gutxienez, IV. eranskinean aipatutako atalak izanen ditu.

10.4. Espedientearen bukaera.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusirik eta proiektua gauzatu bitartean izaten diren gorabeherak kontuan harturik, Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalak ikerketa proiektuen ebaluazio txosten bat eginen du.

Egindako lanaren eta emaitzen ebaluazioa negatiboa izanez gero, 9.2. oinarrian ez-betetze kasuetarako adierazitako ondorioak sortuko dira.

Ikerlanaren balorazioa positiboa baldin bada, hurrengo deialdian parte hartzeko baimena emanen zaie irakasleei, proiektu berri bat nahiz aurreko deialdiko proiektuaren luzapena egin dezaten, betiere deialdiaren betebeharrak betetzen badituzte.

11. Atzera egitea eta uko egitea.

11.1. Deialdiaren ebazpena eman aurretik, eskatzaileak noiznahi erretiratzen ahalko du bere eskaera, are ebazpenaren behin-behineko proposamenari alegazioak aurkezteko epean ere. Horretarako, interesdunak ikastetxeko zuzendariak ontzat emandako idazki bat aurkeztu beharko dio Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalari, 4. oinarrian ezarritako bideak erabiliz.

11.2. Eskatzaileek ez badituzte eskaeran dauden akatsak zuzentzen 6.2 oinarrian ezarritakoari jarraikiz, eskaeran atzera egin dutela joko da.

11.3. Ikerketa proiektuen deialdia ebatzi ondoren, ezin izanen zaie uko egin.

Iragarkiaren kodea: F2506448