Iragarkia
110. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 3a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BARAÑAIN
Mugikortasuna arautzen duen ordenantza behin betiko onestea
Barañaingo Udalak, 2025eko otsailaren 27an egindako osoko bilkura arruntean, erabaki zuen hasiera batean onestea Barañaingo udalerriko mugikortasunari buruzko udal ordenantza.
Hasierako onespenaren erabakia 2025eko 54. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 18an, bai eta Barañaingo Udalaren egoitza elektronikoan ere, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko Foru Legea).
Jendaurreko aldian inork ez duenez aurkeztu alegazio, kexa edo oharrik, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bihurtu, eta haren testu osoa argitaratzen da, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluarekin bat:
Argitara ematen da, aipatutako legezko aginduak betetzeko, eta ohartarazten da behin betiko onespen hau aurkarazten ahal dela bide hauetako bat erabiliz:
a) Administrazioarekiko auzi errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua.
Barañainen, 2025eko maiatzaren 6an.–Alkatea, María Lecumberri Bonilla.
BARAÑAINGO MUGIKORTASUNA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA
ZIOEN AZALPENA
Barañaingo Udalak, trafikoaren eta mugikortasunaren arloan, beharrezkotzat jotzen du udalerria gaur egungo errealitate sozial, kultural, geografiko eta arautzailera egokitzea. Barañainek, gaur egun hirigune guztiek bezala, automobilaren kulturak dakartzan arazoak jasaten ditu; ingurumen eta hots kutsadura edo gure joan-etorriak atzeratzen dituzten trafiko pilaketak icebergaren punta baino ez dira. Bizitza-estilo horrek baliabide naturalen ustiapen masiboa, desberdinkeria sozialak edo gaixotasunak sortzen ditu –gaixotasun horiek, fisiko eta psikikoki pairatzeaz gain, baliabide publikoak xahutzen dituzte–, eta, azken batean, bizi kalitate okerragoa eta herritarren bizitzeko ingurune osasungarria suntsitzea eta agortzea eragiten du. Hori zuzentzeko, errealitateari bi planotan erantzuten dion arau eguneratua funtsezko tresna da:
1. Gure errealitate fisikoa. Salbuespenezko herria gara, estatuan biztanleria dentsitate handiena duten 10 hirien artean baikaude; 20.000 pertsona inguru bizi dira 1,4 kilometro koadrotan gutxi gorabehera, helbideratutako 13.500 ibilgailurekin, eta horientzat 5.500 aparkaleku inguru daude. Egia esan, elkarbizitza nekeza eta ekuazio ebazten zaila da, denok goza dezagun gure inguruneaz eta espazio osasuntsu eta seguru batez. Konponbidea ez da batere berria, eta bistan da beste hiri batzuetan: Paradigma-aldaketa, espazioak birbanatuko dituen eta hiri mugikortasun alternatiboa erraztuko duen eredu batera jotzea, lehentasunen hurrenkerari jarraituz: oinezkoa, bizikleta, mugikortasun urriko ibilgailuak, garraio publikoa eta motordun ibilgailu pribatuak. Gure ahultasuna, alegia, espazio falta indargune gisa aprobetxatu behar dugu. Mugikortasun horiek garatu behar ditugu oinez 20 minutura baino gehiagora dagoen punturik ez duen ingurune batean.
2. Gure errealitate politiko-administratiboak eremu askotan Iruñerriko Mankomunitatearen inguruan antolatzen den hiri multzo batean kokatzen gaitu. Iruñea erreferentzia gisa erabiltzen da, kokapena eta tamaina direla-eta eskualdearen erdigunea baita. Horregatik, ordenantza honi zentzua eta arrazionaltasuna eman nahi badiogu, Iruñeak mugikortasunari buruzko ordenantzan emandako pausoei jarraitu behar zaie. Ordenantza horren helburua da "eskualdeko joan-etorrien banaketa modala arrazionalizatzea, garapen sozialki orekatua, integratzailea eta ingurumenaren ikuspegitik jasangarria bultzatuko duen mugikortasunera bideratuta". Ildo beretik, ahalegina egin behar da Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak, 2023ko lan-mahai baten bidez, Iruñerria osatzen duten udalerrietako ordenantzetan loturak ezartze aldera, homogeneizatutako eta babestutako oinarrizko gidalerroak integratzeko.
Kontuan harturik eredua aldatzeko eta arauak harmonizatzeko oinarrizko bi ildo horiek, eta espazioak birbanatuko dituen eta horietan mugikortasun mota desberdinen bizikidetza kudeatuko duen arau moderno eta erabilgarri bat sortzeko helburuarekin, ordenantza honen artikuluek, maila teknikoan, alde batetik, azaldutakoa kudeatu behar dute, eta, bestetik, ezin dute goragoko mailako arauetan xedatzen diren gaiei buruzko erreferentziarik izan, horrek korapilatsuago eginen lukeelako.
3. Gainera, nabarmendu behar da tokiko politikak gizartea berdinzaleagoa izan dadin duen indar eraldatzailea. Nafarroako toki entitate batzuetako berdintasun egituretan egindako lanak frogatu du hala dela, eta aintzat hartu behar dela Nafarroako administrazioen politika publikoak abian jartzean, Foru Komunitatearen lurralde osoan funtzionamendua sistematikoa eta koordinatua izatea nahi badugu. Administrazio publikoen jardunaren ardatzak berdintasun printzipioaren zeharkako ikuspegia izan behar du, lege betebeharretik abiatuta baina sinetsirik horixe dela estrategia, berdintasuneko politika publikoak arrakastaz abian jartzeko eta berdintasun ezaren egiturazko sustraietan eraginkortasunez esku hartzea lortzeko. Ezinbestekoa da estrategia hori ekintza positiboak ezartzearekin batera baliatzea, genero arrakalak murrizteko aurrerapausoak azkartzeko lagungarri izan daitezen. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko lanean, Nafarroako administrazio publikoak beharturik daude politika publikoak egiteko modu berri bat erabiltzera, baina horrek ez du esan nahi prozedura berriak ezartzea, besterik gabe. Egiteko moldeen aldaketa horren abiapuntu izanen dira konpromiso eta lidergo politikoak, administrazioen arteko koordinazioa, eta ezarpenerako tresnak, bitarteko ekonomikoak eta genero berdintasunaren arloan gaikuntza duten langileak izatea.
Hori arautzen duen arau esparrua Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak eta Berdintasunerako Udal Ordenantzak (32. zk.) garatzen dute –ordenantza hori 2021eko ekainaren 10eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (135. zk.)–.
Arestian aipatutako guztia abiapuntutzat hartuta eta ordenantza honi dagokion eremuan, kontuan izan behar da mugikortasuna ez dela neutroa generoari dagokionez. Gizonek eta emakumeek rol sozioekonomiko eta erantzukizun desberdinak dituzte, eta horiek erabilera, sarbide eta garraio eta mugikortasun eredu desberdinekin lotuta daude.
Horregatik, ezinbestekoa da mugikortasuna genero ikuspegitik aztertzea, hau da, genero rolek gure hirien erabileran eta gozamenean nola eragiten duten aztertzea. Baita generoak eta beste ezaugarri batzuekin duen intersekzioak nola baldintzatzen eta zehazten dituzten ere pertsonen mugikortasun aukerak (askotariko diskriminazioaren prebentzioa). Hauek izan daitezke ezaugarri horiek: adina, jatorria, diru-sarreren maila, gaitasunak, bizikidetza unitate mota, auzoa edo udalerria.
Azterketa hori egin ahal izateko, ezinbestekoa izanen da sexuaren (eta beste aldagai batzuen) arabera bereizitako datuak izatea, bai propioak (estatistiketan, inkestetan eta datu bilketan sexuaren aldagaia sistematikoki sartuta), bai udalerriko herritarrei zerbitzuak ematen dizkieten beste erakunde batzuek jasotakoak (Iruñerriko Mankomunitatea, adibidez).
Mugikortasunean genero ikuspegia txertatuz gero, aurrera eginen da hiru eremutan: lehenik, eguneroko mugikortasunaren ikuspegi osoa eta integrala bermatuko da; bigarrenik, mugikortasunaren segurtasunaren kontzeptua zabalduko da, emakumeen aurkako indarkeriak eta segurtasunaren pertzepzio desberdinak kontuan edukita; eta, hirugarrenik, aurrera eginen da genero ekitaterantz eta mugikortasunaren plangintzan, diseinuan eta kudeaketan emakume gehiagok parte hartzerantz.
Espazio publikoak, oinezkoentzako ibilbideak eta garraio sareak genero ikuspegitik eta genero rolen arabera planifikatzeari esker, bateragarri egiten ahalko dira zaintzaren eta ordaindutako lanaren eguneroko zereginak gutxieneko denboretan, eskatutako ordu tarteetan, erosotasun eta segurtasun baldintzetan eta kostu ekonomiko onargarriekin.
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremuak.
Ordenantza honen xedea da udal mugartean ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioa eta mugikortasun jasangarria arautzea, eta, horretarako, joan-etorriak egiteko moduak (salgaien hiri banaketa barne) elkarren artean bateragarri egitea, baita horiek espazio publikoaren kultura, kirol eta jolas erabilerarekin bateragarri egitea ere.
Ordenantza honetako manuak aplikatuko dira Barañaingo udal mugarte osoan eta horiek betetzera behartuta egonen dira zirkulaziorako egokiak diren bide eta lur publikoen titularrak, horretarako egokiak ez izan arren erabilera komunekoak diren bide eta lurren titularrak eta, beste araurik ezean, erabiltzaile multzo zehaztugabe batek erabiltzen dituen bide eta lurren titularrak ere bai. Kontuan hartzen da mugikortasunak modu desberdinean eragiten diela gizonei eta emakumeei, eta, horregatik, genero ikuspegia txertatzen da ordenantzaren aplikazioan eta arautzen dituen eremu guztietan.
2. artikulua. Udalaren eskumena.
Barañaingo Udalak eskumen hauek ditu:
1. Trafikoaren antolamendua eta kontrola bere udal mugapearen barnean, baita haren zaintza ere Udaltzaingoaren eta haren laguntzaileen edo izendatutako pertsonen bitartez, bide horietan egiten diren arau hausteen salaketa eta beraien zehapena, lan hori espresuki beste administrazio baten eskuetan ez dagoenean.
2. Xedapen orokorren bitartez hiri bideen erabilerak arautzea, bateragarri eginez aparkalekuak erabiltzaile guztien artean zuzen banatzea, ibilgailuen zirkulazioak behar duen arintasuna eta oinezkoak karriketan ibiltzea.
3. Ibilgailuak hiribideetatik kentzea eta gero altxatzea, araudiak horrela jasotzen duenean.
4. Kirol proben baimena, oso-osorik Barañaingo udal mugartean barna baizik pasatzen ez direnean.
5. Bide segurtasunaren zaintza eta kontrola atxikirik dituen tokietan, erregelamenduak ezarritako probak egitea bide horietan barna dabiltzan gidarien intoxikazio maila zehaztu beharrez, dela alkoholak, dela estupefazienteek, dela substantzia psikotropikoek edo dela estimulatzaileek ekarria.
6. Bideak ixtea, beharrezkoa denean.
7. Pasabideak eta espazioaren erreserbak (aldi baterakoak edo iraunkorrak) baimentzea.
3. artikulua. Aparkatzea eta zirkulazioa antolatzea.
1. Udal agintaritza eskudunari dagokio, eta hari baizik ez, erabilera publikoko bideetan, titulartasun pribatukoak izanik ere, aparkatzearen eta zirkulazioaren antolamendua baimentzea.
2. Horren ondorioz, udalaren baimena izan ezean partikularrek debeku dute aparkatzea antolatzea, espazioak erreserbatzea, zirkulazioa moztea eta seinaleak paratu edo kentzea, arau hauste astuntzat hartuko baitira.
3. Barañaingo Udaltzaingoak, modu arrazoituan, eskumena izanen du hiriko eremuren bateko zirkulazioaren antolamendua aldi baterako aldatzeko edo/eta pertsonak edo ibilgailuak tokiren batera sartzea debekatzeko; horretarako, behin-behinean dagozkion seinaleak paratzen edo kentzen ahalko ditu, eta beharrezko neurriak hartu, segurtasuna eta zirkulazio egokia bermatzeko.
4. Udal agintaritza eskudunak, modu arrazoituan, aldi baterako debekatzen ahalko du ibilgailuak aparkatzea jarduera baimenduek okupatu beharreko eremuetan eta konpondu, seinalatu, mantendu edo garbitu behar diren tokietan. Halako kasuetan eremu horiek mugatuko dira, debekua gutxienez 24 ordu lehenagotik adieraziz, neurriari hasiera noiz emanen zaion adierazten duten seinaleen bidez.
5. Oro har, oinezkoen segurtasunaren alde, debekatuta dago oinezkoen pasabideak baino metro batzuk lehenago aparkatzea edo gelditzea martxaren noranzkoan.
Distantzia dela-eta ahal denean, oinezkoen pasabideak baino gutxienez hiru metroko distantzia ezarri beharko da martxaren noranzkoan.
Salbuespen gisa, udal agintaritza eskudunak aparkalekuak gaitzen ahalko ditu bizikletentzat, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuentzat, ziklomotorrentzat eta motozikletentzat.
II. TITULUA.–ZIRKULAZIOKO PORTAERA ARAU OROKORRAK
I. KAPITULUA.–PORTAERA ARAU OROKORRAK
4. artikulua. Gidarien betebeharrak.
Ibilgailu baten gidariak, ziklista barne, mugitzeko aisetasuna eta behar den ikus eremua izan behar du, eta gidatze lanera jarria izan behar du gogoa, etengabe izan ere, bere segurtasuna eta bidearen beste erabiltzaileena bermatu beharrez. Alde horretatik, kasu handia eman beharko du behar den jarreran egoteko, bai bera, bai gainerako bidaiariak ere, eta garraiatzen diren gauzak eta animaliak ere behar den tokian egoteko, gidariari trabarik egin ez diezaioten.
Espresuki debeku da:
a) Gidatzean etengabe izan behar den arretarekin bateraezinak diren ikusizko pantailak erabiltzea, eta orobat telefonia mugikorreko tresnak edo komunikatzeko beste edozein baliabide edo sistema, salbu eta komunikazioa eskuez, kaskoz, entzungailuz edo gisako tresnez baliatu gabe egiten denean.
Debeku horren salbuespen gisa, gidatzean honako hauek erabiltzen ahal dira:
1. Gidariak ikuspegian dituen monitoreak erabiltzea, haren erabilpena beharrezkoa bada oinezkoen sarrera edo jaitsiera ikusteko, edo gibeleko maniobrak ikusteko kamerak dituzten ibilgailuetakoak badira, eta GPS gailua ere bai, baina hura gidariaren lagunek baizik ez dituzte erabiliko edo aparkaturik egotean bakarrik.
2. Agintaritzako agenteek baliabide horiek erabiltzea, esleituta dituzten funtzioetan ari direnean.
3. Taximetroa edo flotak kudeatzeko sistema erabiltzea auto-taxien kasuan, bai eta komunikazio sistemak eta flotak kudeatzeko sistemak ere hiri garraioko autobusen kasuan.
b) Ibilgailua gidatzean, hotsa hartu edo berriro sortzen dituen aparaturen bati loturiko kasko edo aurikularrak jarrita edukitzea.
c) Ibilgailua gidatzean, edozein arrazoirengatik gidariari bidea garbi ikusten uzten ez dioten kristalak izatea.
d) Ibilgailuko ateak irekitzea arruntik gelditu baino lehen, edo ateak irekitzean bideko beste erabiltzaileei traba egitea edo arriskua sortzea.
e) Trafikoko agenteen zaintza saihesteko erabil daitezkeen sistema edo gailuak instalatzea.
f) Bidearen beste erabiltzaile batzuei seinaleak egitea, trafikoko agenteen zaintza saihets dezaten.
5. artikulua. Hiri garraioa.
1. Barañaingo Udalak, agintari eskudunaren akordio bidez, garraio publikoaren geralekuak eta bidaiarien eskatu ahalako garraioarenak non kokatu beharko diren zehaztuko du.
2. Bidaiarien garraio kolektiboko ibilgailuen zirkulazioa erraztu beharrez, gainerako ibilgailuen gidariek alde batera egin beharko dute ahal duten guztietan, edo abiadura mantsotu, baita gelditu ere, beharrezkoa bada, garraio kolektiboko ibilgailuek beren bideari segitzeko behar diren maniobrak egin ahal ditzaten geraleku seinalatuetatik ateratzean.
3. Udal agintariek bide lerro batzuk erreserbatzen ahal dituzte halako kategoria bat duten ibilgailuak ibiltzeko; kategoria horretakoak ez direnek debeku izanen dute haietan barna ibiltzea.
4. Erabilera murriztuko lerroen eta erabilera orokorrekoen arteko tartea, zoladuran seinaleak pintatuz markatzen ahalko da, edo bestela argi seinaleak edo bereizle fisikoak erabiliko dira, betiere gidariek ikusteko modukoak badira.
6. artikulua. Hiriarteko garraio kolektiboa.
Beren jardueran aritzean, hiriarteko garraio kolektiboko ibilgailuek Barañain badute abiapuntu edo helmuga generikoa, seinaleztatutako guneetan baizik ez dira gelditzen ahalko. Hala eta guztiz ere, Iruñerriko Mankomunitateak erabakitzen duen neurrian eskariaren araberako geldialdi zerbitzua edo prebentzio eta segurtasun arloko beste neurri batzuk ezartzeko aukera, geldialdi arautuak egiten ahalko dira, Mankomunitateko Garraio Kolektiboko Arloak zerbitzua antolatzeko moduan.
Geralekuak seinalaturik egonen dira eta esklusiboak izaten ahalko dira, edo, bestela, bateragarriak turismoekin, hiri garraioarekin edo zamalanekin.
Orobat, udal organo eskudunak bestelako garraio mota baterako (eskolakoa, lanekoa etab.), onura publikorako edo interes sozialerako erabiltzen ahalko ditu geralekuak, Barañaingo udal mugarteko bideetan.
Hiriarteko garraio kolektiboko ibilgailuak bidaiariak hartzeko edo uzteko behar den denboran egoten ahalko dira hiriarteko garraio zerbitzua emateko egokitutako geralekuetan; salbuespen gisa, egoten ahalko dira linearen hasierako edo bukaerako gisa seinaleztatutako geralekuetan, linearen zerbitzua berrezartzeko zehaztutako denboran.
Taxi zerbitzurako geralekuetan, ibilgailu horiek bidaiarien zain eta prest dauden bitartean egonen dira soilik.
Ibilgailuen kopurua ez da inolaz ere izanen geralekuak har ditzakeen ibilgailuena baino handiagoa.
7. artikulua. Kutsadura eta zarata eragiteko eta ibilgailuak eraberritzeko debekua.
1. Ibilgailuak ez dira ibiltzen ahalko ordenantza honetan arautzen diren bideetan, ateratzen duten zarata eta aireratzen dituzten gas eta keak indarra duen legeriak ezarritako mugak baino handiagoak badira.
2. Debeku da ibilgailuek eta ziklomotorrek ihes hodi librea edo ez-eraginkorra delakoarekin zirkulatzea.
3. Ibilgailuen soinu alarmak arrazoirik gabe pizteagatik zehapena ezarriko da.
4. Baimendu gabeko eraberritzea izan duten ibilgailuak ere ez dira bide horietan ibiltzen ahalko.
5. Ibilgailuen gidari guztiak beharturik daude aipatu akatsak egiaztatzeko egiten diren erregelamenduzko detekzio frogetan laguntza ematera.
6. Lehentasunik ez duten ibilgailuek debeku dute hots seinaleak erabiltzea. Hona hemen salbuespenak:
a) Gertazen ahal den istripua galarazteko.
b) Inguruabar bereziki larriak gertaturik, normalean lehentasuna duten ibilgailuek egin beharreko zerbitzua egitera beharturik daudenean.
7. Debeku da bozgorailuak dituzten ibilgailuak ibiltzea, udal organo eskudunak baimendu ezik; horrelakoetan, ordutegiak zehaztu beharko dira, baita zarata mailaren muga eta zirkulazio murriztuko aldea ere, halakorik dagoenean.
8. artikulua. Larrialdiko zerbitzuan ari diren ibilgailuak.
Larrialdiko zerbitzuko ibilgailu publiko nahiz pribatuek, gisa horretako zerbitzuetan ari direnean, bide lehentasuna izanen dute beste ibilgailuen eta bideko beste erabiltzaileen aldean. Abiadura mugen gainetik ibiltzen ahalko dira eta, gidaria erantzule, beste arau eta seinale batzuk betetzetik salbuetsirik egonen dira erregelamenduz zehazten diren kasu eta baldintzetan.
Zerbitzu hauetarako ibilgailuen gidariek araudi berezi honen erabilera zuhurra eginen dute larrialdiko zerbitzu batean dabiltzanean, eta saiatuko dira bideen gurutzaguneetan bide lehentasuna ez urratzera, lehenago behar diren ardurak hartuta, oinezkorik harrapatzeko arriskurik ez dela eta beste ibilgailuen gidariak gelditu direla edo bide emateko prest daudela egiaztatu arte. Larrialdiko zerbitzu batean aritzean baizik ez dira erabiltzen ahalko lehentasuneko argi eta soinuak.
Agintaritzako agentek behar den bide atalean erabiltzen edo uzten ahalko dituzte beren ibilgailuak, haren erabiltzaileak sorosten ari direnean edo zerbitzuak edo zirkulazioak hala behar dutenean.
Larrialdiko zerbitzuetan ari diren ibilgailuek, argi seinalea eta hots seinale bereziak egiteko gailua erabiliz iragarriko dute heldu direla. Ibilgailu mota honen gaineko arauek aipatzen dituzte bata nahiz bestea.
Lehentasuna duen ibilgailu bat hurbiltzen ari dela ohartarazten duten seinale bereziei erreparatuta, gainerako gidariek behar diren neurriak hartuko dituzte, non noiz eta horrela, hari bide eman ahal izateko, eta baztertu edo gelditu eginen dira, beharrezkoa bada.
9. artikulua. Larrialdietan nola jokatu.
Bideen erabiltzaileak, trafiko istripu batean nahasirik aurkitzen badira, halakorik ikusten badute edo horren berri badute, beharturik daude biktimak sorostera edo sorospena eskatzera, biktimarik bada, eta laguntza eman beharko dute, arrisku edo kalte handiagoak eragozteko, zirkulazioaren segurtasuna ahal dela berrezartzeko, eta gertatuak argitzeko, hori guztia Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorrean ezarritakoarekin bat.
Istripua edo matxura dela-eta, ibilgailuak edo haren kargak bidean traba egiten badute, gidariek, ibilgailua edo sortutako oztopoa behar bezala seinalatu ondoan, behar diren neurriak hartuko dituzte ahalik eta azkarren ken dadin. Ahal dela, zuzen aparkatu beharko da edo behar diren neurriak hartu beharko dira ibilgailua eta karga ahalik era azkarren ken dezaten bidetik.
10. artikulua. Bideko elementuei eta ibilgailuei egiten zaizkien kalteak.
Zirkulazioa arautzen duten seinaleei edo bide publikoko beste edozein elementuri kalte egiten dien gidariak Barañaingo Udalari eman beharko dio horren berri, ahalik eta lasterren eman ere.
Gidaririk gabe aparkaturiko ibilgailu bati kalte egiten dion gidaria ibilgailuaren titularra aurkitzera ahalegindu beharko da eta egin dion kaltearen berri eman beharko dio, baita nor den adierazi ere.
Aurkitzea posible ez bada, agintzaritzako agente hurbilenari emanen zaio aditzera, edo bestela, Barañaingo Udaltzaingoko zentralari.
11. artikulua. Ziklomotor eta motozikletak.
Ziklomotorrek eta motozikletek betiere pizturik izan beharko dituzte gurutzatze argiak.
Hiru gurpileko motozikletak bi gurpilekoen maila berean daude ondorio guztietarako, baldin eta motozikleta gisa homologatuta badaude.
Ziklomotorren eta motozikleten gidariak eta erabiltzaileak beharturik daude kaskoa erabiltzera, behar bezala homologatua, ongi jantzia eta lotua.
12. artikulua. Patinen, patineteen eta monopatinen nahiz gizakiaren ahaleginak beste inolako laguntzarik gabe bultzatzen dituen antzekoen zirkulazioa.
1. Patinak, patineteak edo motorrik gabeko antzeko aparatuak, gizakiaren ahaleginak beste inolako laguntzarik gabe bultzatzen dituenak, hemendik ibiltzen ahalko dira:
a) Oinezkoen eremuak.
b) Bizitegi kaleak.
c) Espaloiak.
d) Bidegorri babestua.
e) Bizikleta espaloia.
f) Bizikleta bidexkak.
g) Parke eta pasealekuak.
2. Patinak, monopatinak, patineteak edo motorrik gabeko gisako aparatuak, giza eginahalez eta beste inolako laguntzarik gabe ibiltzen direnak, ez dira inola ere ibiltzen ahalko ondokoetan:
a) Galtzadan, salbu eta hura gurutzatzeko, horretarako seinalatutako tokietan.
b) Bidegorri banandu gabean.
3. Patinatzaileek, bizikleta bideetan barna doazenean, bizikleten abiadurara egokituko dute berea. Espaloietan barna doazenean, berriz, ez dute oinezkoen abiadura gaindituko eta egokituko dituzte beren mugimenduak oinez dabiltzanen mugimenduen arabera, betiere haiei trabarik edo arriskurik eragin gabe.
4. Patin, monopatin, patinete edo antzeko gailuetan (mugitzeko elementu osagarriak) doazen pertsonak oinezkotzat joko dira, ordenantza honetan ezarritako baldintzekin.
5. Monopatinak eta gisako gailuak horretarako berariaz seinalatu diren eremuetan baizik ez dira erabiltzen ahalko, kirol moduan erabili ere.
6. Ezin dira ezein kasutan ere beste ibilgailuei edo animaliei lotuta edo atoian eraman.
13. artikulua. Zirkulazio intentsiboaren ordutegiak.
Astelehenetik ortziralerako egun baliodunetan, zirkulazio intentsiboaren ordutegitzat hartuko dira denbora tarte hauek: 07:30etatik 09:00etara, 13:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Zirkulazio intentsiboaren ordutegietan trafikoa arina izanen dela bermatzeko, udal agintaritzak ahalik eta gehien murriztuko ditu, bere eskumenen arabera, zirkulazio intentsiboaren ordutegi horietako trafikoan kalteak sortzen ahal dituzten edo errepidea okupatuta egotea eragiten ahal duten baimenak, eta zirkulazio ez-intentsiboaren ordutegietara bideratuko ditu, gauetan edo lanik gabeko egunetan. Salbuespena dira, edonola ere, biltzeko eta manifestazio baketsuak egiteko eskubideei lotutakoak, Espainiako Konstituzioaren 21. artikuluan xedatutakoak.
II. KAPITULUA.–OINEZKOEN ZIRKULAZIOA
14. artikulua. Arau orokorrak.
1. Oinezkoak oinezkoentzako eremuetan ibiltzen ahalko dira: espaloiak, plazak, bulebarrak, pasealekuak, nasak eta parkeak, eta lehentasuna izanen dute bizitegi kaleetan, koexistentzia eremuetan eta bizitegi lehentasuneko eremuetan. Galtzadak eta bizikleta bideak seinaleztatutako pasabideetatik zeharkatuko dituzte, edo, koexistentzia eremuetan, bidearen edozein zatitatik.
2. Ziklo edo mugikortasun pertsonaleko ibilgailu (MPI) bat daramatela oinez doazen pertsonak oinezkotzat hartuko dira ondorio guztietarako.
3. Mugikortasun urriko pertsonek, aulkietan edo trizikloetan doazelarik, lehentasuna izanen dute gainerako oinezkoen aldean eta, gainerako oinezkoentzako lekuetan ez ezik, bizikleta bideetan barna ere ibiltzen ahalko dira, baldin eta horiek bereizita badaude trafiko motordunetik, eta hor ere lehentasuna izanen dute.
4. Oinezkoak ez dira bidegorrietan zehar ibiltzen ahalko, ezta horiek okupatzen ahalko ere. Oinezkoen pasabide gisa seinaleztatutako bidegorriak eta galtzadak gurutzatzeko oinezkoen ibilbideen kasuan, galtzada zeharkatu nahi duten pertsonak ezdira galtzadako ezein tokitan gelditzen ahalko semaforo berdearen zain; galtzada gurutzatzeko eremutik hurbilen dagoen oinezkoentzako eremuan itxaron beharko dute.
5. Orokorrean, obren kontratistek, espaloia okupatu behar badute, horretarako baimena eskatu beharko dute, eta hartan sartuko dira oinezkoak arriskurik gabe pasatu ahal izateko hartuko diren segurtasun neurriak, ordezko espaloiak etab. Udalaren berariazko baimena beharko da, udal agintaritza eskudunaren akordio bidez, eta hark ezartzen ahalko dituen neurri zuzentzaileak bete beharko dira.
III. KAPITULUA.–OINEZKOENTZAKO LEHENTASUNA DUTEN BIDE MOTAK
15. artikulua. Oinezkoentzako eremuak.
1. Oinezkoentzako eremua da goratuta edo beste nolabait mugarrituta dagoen bide zatia, oinezkoen zirkulaziorako bereizita dagoena. Definizio horretan sartzen dira espaloiak, plazak, bulebarrak, pasealekuak, nasak eta antzeko eremuak.
2. Debeku da ibilgailuekin oinezkoentzako eremuetan zirkulatzea eta bertan aparkatzea.
3. Oinezkoentzako eremuetan ibilgailuekin sartzea eta aparkatzea orokorrean debeku bada ere, udal organo eskudunak baimen espezifikoak ematen ahal ditu ibilgailu jakin batzuek oinezkoentzako eremuetan zirkula dezaten, betiere ezinbesteak bultzatuta. Salbuespenezko kasu horietan, ibilgailuen gehieneko abiadura 10 km/h izanen da, eta lehentasuna oinezkoek izanen dute beti.
4. Oinezkoentzako eremuak zutikako seinaleen bidez mugatuko dira, edo haietan ibilgailuak sartzea eta ibiltzea eragozten edo murrizten duten balizatzeko elementu mugigarriak edo finkoak erabiliz.
5. Bizikletekin pasealekuetan zirkulatzeari eta bertan aparkatzeari dagokionez, ordenantza honen IV. kapituluak ("Bizikleten zirkulazioa eta erabilera") xedatutakoa beteko da.
6. Oinezkoentzako eremuetan oinezkoak lehentasuna izanen du ibilgailuen aurretik, salbu eta ibilgailua larrialdi zerbitzuan badabil eta hala ezarrita badago; kasu horretan, gehieneko abiadura 20 km/h-koa izanen da.
7. Igarotzeko puntu ez-seguruak daude, zeinak Barañaingo udal mugartean indarrean dagoen Barañaingo Udalaren Diagnostikoan emakumeei egindako azterketen bidez identifikatu baitira. Puntu ez-seguru horiek nahitaez hartu behar dira kontuan Barañaingo Udalak udalerrian bide segurtasuna areagotzeko hartutako neurrietan, hala nola bide zaintzan, argiteria publikoan edo antzekoetan.
16. artikulua. Bizitegi kaleak.
Bizitegi kaleak dira oinezkoen zirkulazioari lehentasuna emateko bereziki egokitutako zirkulazio eremuak. Honako zirkulazio arau berezi hauek aplikatzen dira eremu horietan:
a) Ibilgailuen gehieneko abiadura orduko 10 kilometrokoa da.
b) Gidariek oinezkoei eman behar diete lehentasuna.
c) Ibilgailuak ezin dira aparkatu seinaleen edo marken bidez zehaztutako tokietan baizik.
d) Oinezkoek zirkulazio eremu osoa erabiltzen ahal dute. Baimenduta dago bertan jolasak eta kirol jarduerak egitea.
e) Oinezkoek ez diete arrazoirik gabe traba egin behar ibilgailuen gidariei.
f) Bizikletekin bizitegi kaleetan zirkulatzeari eta bertan aparkatzeari dagokionez, ordenantza honen 33. artikuluak xedatutakoa beteko da.
g) Bizitegi kaleak zutikako seinaleen bidez mugatuko dira. S-28 seinalea.
17. artikulua. Oinezkoen zirkulazioa mugatzea.
Oinez dabiltzan pertsonek aintzat hartu beharko dituzte honako arau hauek:
a) Bidea erabiltzen ari diren gainerako pertsonei trabarik ez egiteko maneran zirkulatu beharko dute.
b) Autobusei eta zerbitzuko publikoko gainerako ibilgailuei horretarako ezarri diren tokien barnean itxaronen diete, eta ez dira galtzadan sartuko geldi daitezela eskatzeko.
c) Espaloietan gelditzean ez dute talderik eratuko, gainerako erabiltzaileen joan-etorria zailtzen edo eragozten badute.
d) Ez dira igoko ez jaitsiko martxan den ibilgailu batetik.
e) Ez dira sartuko edo geratuko galtzadan eta bizikleta bideetan.
18. artikulua. Udalaren ahala.
Barañaingo Udalak sarbide murriztuko eremuak ezartzen ahalko ditu segurtasun arrazoiengatik edo organo eskudunaren akordioz hura aholkatzen duten beste edozein ziorengatik. Halako eremuetan guztiz edo parte batez murrizten ahalko dira ibilgailuen zirkulazioa eta aparkatzea, eta baldintza zehatzak xedatuko dira eremu horietako zirkulazioaren nondik norakoak zedarritzeko.
19. artikulua. Baimenak.
1. Oinezkoentzako eremuetan zirkulatzeko eta aparkatzeko debekuak ez du eraginik izanen ibilgailu motordun hauen kasuan:
a) Suteei aitzintzeko eta itzaltzeko zerbitzukoak.
b) Segurtasun indar edo kidegokoak.
c) Zabor bilketakoak.
d) Osasun garraioko ibilgailuak.
e) Hileta zerbitzuetako ibilgailuak.
f) Udal zerbitzuak edo kontratak, bai Iruñeko Mankomunitatekoak ere, esleitu zaizkien lanak egiten ari badira.
g) Bereziki baimendutako ibilgailuak.
2. Bizitegi kaleetara eta oinezkoentzako kaleetara sartu eta bertan aparkatzeko berariazko baimena duten gidariek, bai eta mota horretako eremuetan eta zamalanak egiteko ordutegiaren barnean horretarako baimena dutenek ere, beren-beregi seinaleztatutako plazetatik kanpo ere aparkatzen ahal dituzte beren ibilgailuak, halakorik badago, baldintza hauek betez gero:
a) Ibilgailuaren eta fatxadaren artean gutxienez 1,5 metroko distantzia utzi behar dute.
b) Ezin diete zirkulazioa eragotzi ez oinezkoei ez eta gurpildun ibilgailuei ere.
c) Oinezkoen pasabidetik gutxienez 5 metrora aparkatu behar dute.
d) Atari, saltegi edo baimendutako sarbideetara sartzen utzi behar dute.
IV. KAPITULUA.–MUGIKORTASUN PERTSONALEKO IBILGAILUEKIN (MPI) ZIRKULAZIOA
20. artikulua. Mugikortasun pertsonaleko ibilgailu (MPI) elektrikoen eta bi gurpiletik gorako zikloen erabilera.
1.–Definizioa, ezaugarriak eta aplikazio eremua.
Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren 2022ko urtarrilaren 12ko Ebazpenaren bidez onetsitako mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen ezaugarrien eskuliburuaren arabera, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuek (MPI) gurpil bat edo gehiago dituzte, plaza bakarra dute eta motor elektrikoek bakarrik propultsatzen dituzte, gehienez ere 6 eta 25 km/h bitarteko abiadurara iritsita. Auto-orekatzeko sistemarik badute baino ez dute eserlekua edo zela izaten ahalko ibilgailu horiek.
2.–Ibilgailu hauek ez dira diruz mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak izanen:
a) Auto-orekatzeko sistemarik gabeko ibilgailuak, zelarik badute.
b) Bide publikoetatik kanpo zirkulatzeko berariaz diseinatutako ibilgailuak edo lehiaketarako sortutako ibilgailuak.
c) Mugikortasun urriko pertsonentzako ibilgailuak.
d) 100 VCC edo 240 VCA baino gehiagoko lan tentsioa duten ibilgailuak.
e) Jostailutzat hartzen diren ibilgailuak, alegia, gehienez ere 6 km/h-ko abiadura gainditzen ez dutenak.
f) Indar Armatuek bakarrik erabiltzeko diseinatu eta fabrikatutako ibilgailuak.
g) Pedalei eragiteko laguntza duten zikloak.
h) 168/2013 (EB) Erregelamenduaren esparruan sartutako ibilgailuak.
3.–Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen (MPI) zirkulazio arau orokorrak.
a) Debeku da mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak espaloietan barna ibiltzea.
b) MPIek hemendik zirkulatzen ahalko dute:
–Bidegorria eta bizikleta pista.
–Espaloiko bidegorriak.
–Bizitegi kaleak (S-28rekin seinaleztatutakoak).
–Parkeak eta ibaiko pasealekuak.
–Ziklo-kaleak eta 30 km/h-ko abiadurara mugatutako kaleak.
–Indarrean dagoen legeriaren arabera oinezkoentzat bakarrik ez diren oinezkoentzako beste gune batzuk.
c) MPI batekin bide eta espazio publikoetan barna ibiltzeko gutxienez 16 urte eduki beharko dira.
d) Nahitaezkoa da gidariak homologatutako babes kaskoa erabiltzea. Gainera, ilunabarrean eta egunsentian, edo ikuspena nabarmen gutxitzen duten baldintza meteorologiko edo ingurumenekoetan, gutxienez elementu argidun edo erretroislatzaile bat eraman beharko dute, norbera babesteko ekipamenduen araudiaren arabera, gutxienez 150 metroko distantzian ikusteko modukoa.
e) Beren jarduera profesionala MPI batean egiten duten gidariek ikusgaitasun handiko txaleko islatzailea erabili beharko dute, norbera babesteko ekipamenduen eskakizunen arabera.
f) Kontuz eta arretaz ibili beharko da, norberaren edo hirugarrenen gaineko kalteak saihesteko, eta bidea erabiltzen duten gainerako pertsonak arriskuan jartzea saihesteko.
g) Debeku da hotsa hartu edo berriz sortzen duen aparaturen bati loturiko kasko edo aurikularrak jarrita gidatzea.
h) Debeku da telefono mugikorra esku moduan erabiliz gidatzea, nahiz gidatzean etengabeko nahitaezko arreta ezintzen duen beste edozein gailu erabiltzea.
i) Debeku da MPIetan ibiltzea uhalez loturiko animaliekin batera.
j) Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen gidariek beti besoa erabili beharko dute bideko gainerako erabiltzaileei eginen dituzten maniobren berri emateko, Zirkulazioko Erregelamendu Orokorraren 109. artikuluan ezarritako moduan.
k) MPIen gidariek, edari alkoholdunak, estupefazienteak, psikotropikoak, estimulatzaileak edo gisako beste gai batzuk hartzeari dagokionez, gainerako gidariek dituzten betebehar eta muga berberak dituzte, Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorrean ezarritakoaren arabera.
l) MPIen erregistroa eta homologazio ziurtagiria egin beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.
4. MPIen titularrei erantzukizun zibileko asegurua edukitzea gomendatzen zaie, horrek estalduko baititu, istripurik gertatuz gero, hirugarrenei eragindako kalteak, pertsonalak edo materialak izan.
5. 2024ko urtarrilaren 22tik aurrera merkaturatzen diren mugikortasun pertsonaleko ibilgailuek MPI ziurtagiria izan beharko dute. Era berean, 2027ko urtarriletik aurrera, ziurtagiri hori duten MPIek bakarrik zirkulatzen ahalko dute.
6. MPIek Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren Ibilgailuen Erregistroan erregistratuta egon beharko dute, eta eskura izan beharko da une bakoitzean indarrean dagoen estatuko araudiak ezartzen duen dokumentazioa.
21. artikulua. Galtzadan barna zirkulatzea.
MPIen erabiltzaileek, ahal dela, erreiaren edo bidearen erdialdea erabiliko dute zirkulatzeko.
MPI bati aurrea hartu nahi dioten ibilgailu motordunek zirkulazio erreiz aldatu beharko dute eta, edozein kasutan, 1,5 metroko gutxieneko tartea mantendu, maniobrak irauten duen bitartean. Debekatuta dago MPIei aurrea hartzea zirkulazio erreiz aldatu gabe.
Ibilgailu motordunen gidariek gutxienez bost metroko tartea utzi beharko dute errei berean aurretik doazen MPI gidariekiko.
MPIen gidariek eskuinetik edo ezkerretik hartzen ahalko diete aurrea beste ibilgailu batzuei, haien segurtasunerako komenigarriagoa denaren arabera. Semaforoz araututako bidegurutzeetan eta trafiko ilaretan, aurrea hartzen ahalko diete geldirik dauden ibilgailuei, itxarote gune aurreratuaren markak behar bezala erabiltzeko.
Salbuespenezko egoeretan, MPIen zirkulazioa baimentzen ahalko da bi noranzkoetan, zirkulazioaren noranzko bakarreko bideetan, orduko 30 km-ra edo muga txikiago batera mugatutakoetan, berariaz hala seinaleztatzen denean. Hori aplikatzearen harira, aldez aurretik kontsulta eginen zaio Iruñerriko Mankomunitateari, baimenak Eskualdeko Hiri Garraioko ibilbideetan sartutako bideei eragiten badie. Ibilgailuak egoera horretan daudenean, eskuinetik ibili beharko dira segurtasun baldintzetan igaro ahal izateko, eta, hori ezinezkoa bada, lehentasuna izanen dute biderako ezarritako noranzko propioan zirkulatzen ari diren ibilgailuek.
22. artikulua. MPIen zirkulazioa bizitegi kaleetan, koexistentzia eremuetan eta bizitegi lehentasuneko eremuetan.
Bizitegi kaleetako, koexistentzia eremuetako eta bizitegi lehentasuneko eremuetako MPIen zirkulazio baldintzak hauek izanen dira:
a) Oinezkoen lehentasuna errespetatu beharko dute une oro.
b) Abiadura mantsotu beharko dute.
c) Ahal dela, galtzadaren erdialdetik ibiliko dira, fatxadatik gutxienez 2 metroko tartea gorderik.
d) Jendetza bildu delako oinezkoei ezin bazaie aurrea hartu gutxienez 1,5 metroko tartea utzita, MPIaren erabiltzaileak ibilgailutik jaitsi eta oinez jarraitu behar du.
e) Koexistentzia eremuetan, MPIek bi noranzkoetan zirkulatzen ahalko dute, kontrakoa seinaleztatu ezean.
23. artikulua. Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen (MPI) zirkulazioa espaloiko bidegorrietan.
1. Bideak bidegorria badu espaloian, MPIaren gidariak bertatik edo galtzadatik zirkulatzen ahalko du, baldin eta MPIek zirkulatzeko baimena badute galtzada horretan.
2. Espaloietako bidegorrietan, MPIen gidariek beti errespetatu beharko dute oinezkoek gurutzatzeko duten lehentasuna eta abiadura mantsotu beharko dute. Oinezkoek bizikleta espaloiak eta bidegorriak gurutzatzen ahalko dituzte, baina ez dira haietan gelditzen edo oinez ibiltzen ahalko.
24. artikulua. MPIen zirkulazioa, oinezkoen pasabideetan eta ziklisten pasabideetan.
Oinezkoen pasabideetan, MPIen erabiltzaileek ibilgailutik jaitsi eta oinez zeharkatuko dute galtzada.
Ziklisten pasabideetan, MPIek honela jokatuko dute:
a) Abiadura mantsotuko dute, oinezkoenera egokitu arte.
b) Egiaztatuko dute galtzadan dabiltzan ibilgailuen gidariek ikusi dituztela.
c) Ibilgailu bat hurbiltzen bada, edo, pasabidearen baldintzengatik, hurbiltzen diren ibilgailuak ikusten ez badira, gelditu egin beharko dute, zangoa lur gainean ezarri eta galtzadan barna dabiltzan ibilgailuetatik ikusi dituztela egiaztatuta, segitzen ahalko dute aitzina.
d) Ziklisten pasabideak zeharkatuko dituzte, betiere lehentasuna dutelarik galtzadan barna dabiltzan gainerako ibilgailuei dagokienez.
25. artikulua. MPIen zirkulazioa parkeetan eta oinezkoentzako beste gune batzuetan.
MPIak parkeetan eta oinezkoentzako guneetan ibiltzen ahalko dira, espaloietan izan ezik, berariaz debekatzen ez bada, honako baldintza hauetan:
a) Oinezkoen lehentasuna errespetatu beharko dute uneoro.
b) Abiadura motelean ibiliko dira, eta oinezkoen abiadurara egokituko dira. Oro har, gehienez 10 km/h-ko abiadura ezartzen da.
c) Oinezkoei aitzinatzeko, gutxienez 1,5 metroko tartea utzi beharko dute, bideak aukera ematen duenean bederen.
d) Jendetza bildu delako ezin bada oinezkoak aitzinatzeko segurtasun tartea gorde, MPIen gidariek ibilgailutik jaitsi eta oinez segitu beharko dute.
26. artikulua. MPIak aparkatzea.
MPIak horretarako berariaz ezarri eta seinalatu diren tokietan aparkatu behar dira, eta behar bezala segurtatuak utzi.
27. artikulua. MPIak eta bi gurpiletik gorako zikloak erabiltzeko baldintzak, jarduera ekonomiko bat garatzeko.
Ustiapen ekonomiko, turistiko edo aisialdikorako MPIak eta bi gurpiletik gorako zikloak udalaren berariazko udal erregistroan inskribatu beharko dira. Jarduera lizentzia izan eta dagokion tasa ordaindu dela egiaztatu beharko da, bai eta aseguramenduaren egiaztagiria izan ere.
Jarduera ekonomiko turistikoak edo aisialdikoak egiteko diren MPIek eta bi gurpiletik gorako zikloek erantzukizun zibileko nahitaezko aseguru bat izan beharko dute, zeina hirugarrenek jasaten ahal dituzten kalteen erantzule izanen den.
Gainera, aldez aurretik udal agintaritzaren baimena lortu beharko dute. Alderdi hauek jasoko dira bertan: ibilbidea, ordutegiak eta bidearen erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko ezartzen diren muga guztiak.
Ibilgailu talde turistikoek gida bat izan beharko dute nahitaez, gehienez 6 ibilgailuz osatuta egonen dira (gida barne) eta aurretik adostutako ibilbideetan bakarrik zirkulatzen ahalko dute. Taldeen artean 50 metro baino gehiagoko distantzia mantendu behar da.
Udalak, eskumena duen organoaren akordio bidez, murrizketa espezifikoak ezartzen ahalko ditu horrelako ibilgailuekin presio edo arazo bereziren bat dagoen eremuetan.
Ustiapen ekonomikoaren titularrek zaindu beharko dute MPIen eta bi gurpiletik gorako zikloen erabiltzaileek gutxieneko trebetasun maila dutela, haien segurtasuna eta bide publikoaren gainerako erabiltzaileen segurtasuna bermatuta egon dadin. Halaber, baimendutako ibilbideen eta zirkulazio baldintzen berri eman behar diete.
Udalak salgaiak eta pertsonak zikloetan, bizikletetan edo mugikortasun pertsonalerako bestelako ibilgailuetan garraiatzea arautzen ahalko du, alkatearen ebazpen bidez.
V. KAPITULUA.–BIZIKLETEN ZIRKULAZIOA ETA ERABILERA
27. artikulua. Bizikletan zirkulatzeko kontzeptuak eta araudi orokorra.
1. Ibilgailuen Errege Dekretua onartzen duen abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuaren II. eranskinean zehaztutakoarekin bat, honako kontzeptu hauek ditugu:
a) Zikloa: gutxienez bi gurpil dauzkan ibilgailua, hura okupatzen duten pertsonen ahaleginari esker mugitzen dena, eta, zehazki, pedalei edo biraderei eraginez.
b) Bizikleta: bi gurpileko zikloa.
c) Pedalei eragiteko laguntza duen bizikleta: 0,5 kW-eko potentzia gainditzen ez duen motorra erabiltzen duen bizikleta, gidariaren giharretako ahaleginaren laguntza gisa. Motorra gelditu egin beharko da honako kasu hauetan:
–Gidariak utzi egiten dio pedalei eragiteari.
–25 km/h-tik gorako abiadurara iristen da.
2. Oro har, debeku da bizikletak espaloietan barna ibiltzea.
3. Bizikletek erabilera pertsonala izanen dute eta ez dute bidaiaririk garraiatzen ahalko.
4. Jarraian datozen puntuetan jasotako salbuespen eta baldintzak kontuan hartuz, bizikletak espazio hauetan zehar ibiltzen ahalko dira:
a) Galtzadak, espaloitik ahalik eta hurbilen.
b) Bizikleta bideak, galtzadan kokatuta egonez gero bidegorri izena dutenak eta espaloian badaude bizikleta espaloi deritzotenak.
c) Bizitegi kaleak.
d) Parke eta pasealekuak.
e) Bizikleta bidexkak eta Ibai Parkea.
f) Ziklo-kaleak.
g) Estatuko legeriaren arabera oinezkoentzat soilik ez diren oinezkoentzako beste eremu batzuk.
5. Debeku da:
a) Bizikletan, patinetan, monopatinetan eta antzekoetan ibiltzea uhalez loturiko animaliekin batera.
b) Beste ibilgailu, gailu edo animaliekin bizikletak herrestan eramatea.
6. Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorrarekin bat:
a) Ezin da bizikletarik gidatu, ezta beste ezein ibilgailu, patin, monopatin edo antzekorik ere, soinua jaso edo erreproduzitzen duten gailuei lotutako kaskoak edo aurikularrak jarrita.
b) Ezin da bizikletarik gidatu, ezta beste ezein ibilgailu, patin, monopatin edo antzekorik ere, telefono mugikorra edo gidatzeari eman behar zaion arretarekin bateraezin den beste edozein gailu eskuez erabiltzen bada.
c) Edari alkoholdunak, estupefazienteak, psikotropikoak, estimulatzaileak edo antzeko beste gai batzuk hartzeari dagokionez, gainerako gidariek dituzten betebehar eta muga berberak dituzte ziklistek.
7. Beren jarduera profesionala bizikletetan eta beste ziklo batzuetan egiten duten gidariek babes kasko homologatua edo ziurtatua eta ikusgaitasun handiko txaleko islatzailea erabili behar dituzte, norbera babesteko ekipamenduen eskakizunen arabera. Kaskoa behar bezala lotuta eramanen dute.
28. artikulua. Bizikleten zirkulazioa galtzadan.
1. Ziklistek, ahal izanez gero, galtzadaren eskuineko erreitik zirkulatu beharko dute, espaloitik ahalik eta hurbilen. Erreiaren barruan, ahal dela, erreiaren edo bidearen erdialdetik zirkulatuko dute.
2. Ziklistek edozein errei erabiltzen ahalko dute, bidearen ezaugarriek hala eskatzen badute edo ezkerraldera biratu behar badute.
3. Ibilgailu motordunek bizikleten zirkulazioa erraztuko dute, eta arau hauek beteko dituzte:
a) Bizikleten eta zikloen abiadurara egokituko dute beren abiadura.
b) Ezin dute maniobrarik egin bizikleta, ziklo edo mugikortasun murriztua duten pertsonentzako ibilgailu bat aitzinatzeko zirkulazio errei berean.
c) Ez diete jazarriko bizikleta, ziklo edo mugikortasun urriko pertsonentzako ibilgailuen gidariei. Debekatuta dago bizikleta eta zikloei aurrea hartzea zirkulazio erreiz aldatu gabe.
4. Bizikleta bat aurreratu nahi duten motordun ibilgailuek galtzadaren ondoko edo kontrako errei osoa edo zati bat hartu beharko dute, eta, kasua bada, gutxienez 1,5 metroko segurtasun distantzia gorde beharko dute, bidearen gainerako erabiltzaileen bide segurtasuna arriskuan jarri gabe. Orobat, bizikleta baten atzetik doazenean zuhurtziazko segurtasun tartea mantenduko dute.
5. Bizikletek hiri barruko bideetan barna zirkulatzen dutenean, seinaleak, oro har, eta araudia –trafiko, zirkulazio eta bide segurtasunari buruzkoa– bete beharko dituzte, baita ordenantza honetan eta udal agintariek horretarako ezartzen duten beste edozeinetan azaldutakoa ere.
6. Bizikletak paraleloan edo zutabean binaka ibiltzen ahalko dira galtzadako errei beretik, beste ibilgailu mota batzuentzako gordetako erreia izan ezean.
7. Halakoetan, ibilgailu bakartzat hartuko da ziklista talde osoa, bidegurutzeei, pasatzeko lehentasunari eta aitzinamenduei dagokienez.
8. Motordun trafikotik bananduta ez dauden bidegorriak ziklistek bakarrik erabiliko dituzte. Abiadura muga horiek kokatuta dauden bidearen gainerakorako indarrean dagoen bera izanen da. Oinezkoek galtzadan kokatutako bizikleta erreiak gurutzatuko dituzte horretarako behar bezala seinaleztatutako tokietatik, eta ez dira errei horietan gelditzen ez eta ibiltzen ahalko ere.
9. Galtzadan banandutako bidegorriak, bai eta gainerako bizikleta bideak ere, erabiltzen ahalko dira mugikortasun urriko pertsonen bizikleta, aulki eta triziklo, patin, monopatin, MPI eta antzekoetan zirkulatzeko. Halako bideen erabiltzaileek neurriko abiaduran zirkulatuko dute, betiere beharrezko zuhurtzia gordeta.
29. artikulua. Ziklisten pasatzeko lehentasuna.
Zikloen gidariek pasatzeko lehentasuna dute ibilgailu motordunen aldean:
a) Bidegorritik, ziklisten pasabidetik edo behar bezala seinaleztatutako bazterbidetik doazenean.
b) Beste bide batera sartzeko, ibilgailu motordunak eskuinera edo ezkerrera biratzen duenean, baimendutako kasuetan, eta inguruan ziklista bat dagoenean.
c) Taldean zirkulatzean, lehenengoa gurutzatzen hasi edo biribilgune batean sartzen denean.
30. artikulua. Zirkulazioa ziklo-kale eta ziklo-erreietan.
1. Ziklo-kale izena izanen dute, eta hala seinalatuko dira, zirkulaziorako errei bakarra duten eta seinaleen bidez gehieneko abiadura 30 km/h edo gutxiagora mugatzen duten galtzadak. Halaber, abiadura edo zirkulazioaren intentsitatea murrizteko neurri gehigarriak izaten ahal dituzte, non bizikleta trafikoak lehentasuna izanen duen.
2. Ibilgailu motordunen gidariak, ziklo-kaleetan barna zirkulatzen dutenean, gehienez ere 30 km/h-ko abiaduran edo txikiagoan, hala seinaleztatua badago, ibiliko dira, betiere ziklisten lehentasuna errespetatu eta gorde beharko dutelarik.
31. artikulua. Bizikletak espaloietan barna.
1. Oro har, debeku da bizikletak espaloietan barna ibiltzea.
2. Araudi orokor horren salbuespen gisa, hauek ezartzen dira:
a) Espaloietatik bizikletak ibiltzeko debekuari buruzko araudi orokorra betetzetik salbuetsita daude, zela tutua posizio baxuenean dagoenean, zelaren punturik altuenetik zorura 435 milimetrotik beherako garaiera duten bizikletak; jostailutzat jotzen dira ondorio juridikoetarako.
b) Orobat, 12 urte arteko pertsona adingabeek bizikletarekin espaloietan barna ibiltzeko baimena dute, bakarrik nahiz adin nagusiko arduradun bat edo biren laguntzarekin, eta haiek ere bizikletarekin espaloian barna ibiltzen ahalko dira. Bai adin nagusiko pertsonak, bai adingabeak behartuta daude aldi oro oinezkoen lehentasuna errespetatzera eta beren abiadura oinezkoenera egokitzera.
3. Bizikletak espaloian barna ibiltzea salbuespenez baimentzen ahal du udal organo eskudunak, seinaleen bidez eta udalaren txosten teknikoa egin bada, bitarteko jakin horretarako beste alternatibarik eskaintzen ez duten karriketan, baita gehieneko abiadura 30 km/h duen karrika gisa edo bizitegi kale gisa seinalatuta ez dauden karriketan ere.
4. Bizikleta espaloietan edo espaloietako bidegorrietan, ziklistek beti errespetatu beharko dute oinezkoek gurutzatzeko duten lehentasuna eta abiadura mantsotu beharko dute. Oinezkoek bizikleta espaloiak eta bidegorriak gurutzatzen ahalko dituzte, baina ez dira haietan gelditzen edo oinez ibiltzen ahalko.
5. Espaloian barna ibiltzen ahalko dira, betiere oinezkoen lehentasuna errespetatuz, atoi edo aulkitxo homologatuetan adingabeak garraiatzen dituzten adin nagusiko pertsonak.
6. Mugikortasun urriko pertsonak ere espaloietan barna ibil daitezke, baina oinezkoen lehentasuna errespetatu beharko dute eta beren abiadura oinezkoenera egokitu.
32. artikulua. Bizikleten zirkulazioa oinezkoen pasabideetan eta ziklisten pasabideetan.
1. Oinezkoen pasabideetan, ziklistek bizikletatik jaitsi eta oinez zeharkatuko dute galtzada.
2. Oinezkoen pasabideen ondoan dauden ziklisten pasabideetan, bizikletek:
a) Abiadura mantsotuko dute, oinezkoenera egokitu arte.
b) Egiaztatuko dute galtzadan dabiltzan ibilgailuen gidariek ikusi dituztela.
c) Ziklisten pasabideak pedalei eraginez zeharkatuko dituzte, betiere lehentasuna dutelarik galtzadan barna dabiltzan gainerako ibilgailuei dagokienez.
33. artikulua. Bizikleten zirkulazioa bizitegi kaleetan.
1. Bizitegi kaleak dira zutikako seinaleen bidez seinalatuta daudenak eta honako ezaugarri hauek dituztenak:
a) Lehentasunez oinezkoen joan-etorrietarako diren kaleak dira, horretarako egokituak.
b) Haietan ibilgailuen gehieneko abiadura 20 km/h da, eta gidariek lehentasuna eman behar diete oinezkoei.
2. Honako hauek dira bizikleten zirkulazio baldintzak bizitegi kaleetan (ordenantza honetako 16. artikuluan definitu dira horiek):
a) Oinezkoen lehentasuna errespetatu beharko dute une oro.
b) Abiadura mantsotu beharko dute.
c) Fatxadekiko 2 m-ko zentzuzko distantzia gordeko dute, eta galtzadaren erditik zirkulatzen saiatuko dira.
d) Jendetza bildu delako ezin bada oinezkoak aurreratzeko 1,5 metroko tartea gorde, ziklistek bizikletatik jaitsi eta, hari eskuekin helduta, oinez segitu beharko dute.
3. Bizitegi kale horietan bizikletak bi noranzkoetan ibiltzen ahalko dira, baldin eta berariaz baimentzen bada seinale egokien bidez.
4. Lehentasunezko arau gisa, bizikletak egokitutako tokietan edo bizikleta aparkalekuetan aparkatu beharko dira.
5. Oinezkoek zirkulazio eremu osoa erabil dezakete. Baimenduta dago bertan jolasak eta kirol jarduerak egitea.
6. Bizitegi-kaleak seinalatuak eta mugarrituak egonen dira zutikako seinaleen bidez.
34. artikulua. Mugikortasun urriko pertsonen bizikleta, aulki eta trizikloen zirkulazioa parke eta pasealekuetan.
Mugikortasun urriko pertsonen bizikleta, aulki eta trizikloak parke eta pasealekuetan barna ibiltzen ahalko dira, berariaz debekatu ezean, honako baldintza hauetan:
a) Oinezkoen lehentasuna errespetatu beharko dute une oro.
b) Abiadura motelean ibiliko dira, eta oinezkoen abiadurara egokituko dira.
c) Oinezkoei aitzinatzeko, gutxienez 1,5 metroko tartea utzi beharko dute, bideak aukera ematen duenean bederen.
d) Jendetza bildu delako ezin bada oinezkoak aitzinatzeko segurtasun tartea gorde, ziklistek bizikletatik jaitsi eta, hura eskuekin helduta, oinez segitu beharko dute.
35. artikulua. Segurtasun osagarriak, ikusgaitasuna eta kaskoaren erabilera.
1. Bizikletek txirrina eta argiak edo islagailuak izan beharko dituzte, indarra duen legeriak aurreikusten dituen baldintzetan. Kasu guztietan:
a) Egunez dabiltzanean txirrina izan beharko dute.
b) Hiriko edozein eremutan gauaz dabiltzanean, eta ikusgaitasun urriko baldintzetan, txirrina, aurreko argi zuria, atzeko argi gorria eta atzeko islatzaile gorria eraman beharko dituzte, behar bezala homologatuak, oinez dabiltzan pertsonek eta gainerako ibilgailuetako gidariek ongi ikustea ahalbidetzeko.
2. Kaskoa erabiltzea derrigorrezkoa da 16 urtetik beherako pertsonentzat hiri bideetan, eta ziklista guztientzat hiriarteko bideetan.
36. artikulua. Pertsonen eta salgaien garraioa.
1. Bizikletetan zama eta bidaiariak garraiatzen ahalko dira gidaria adin nagusikoa bada. Eraikita dauden moduagatik pertsona bat baino gehiago eraman ezin dituzten bizikletetan bost urte arteko haurrak eramaten ahalko dira UNE-EN 14344:2005 arauaren edo horren ordezkoaren zehaztapen teknikoak betetzen dituzten eserleku gehigarrietan.
2. Adingabea, nolanahi ere, behar bezala homologaturik dagoen kasko babesle batez garraiatu behar da, kaskoa ongi loturik eta buruan doiturik.
3. Nolanahi ere, pertsonak edo zamak garraiatzean ezin da:
a) Herrestan eraman, osorik edo partez erori, edo modu arriskutsuan zirkulatu.
b) Ibilgailuaren egonkortasuna kolokan jarri.
c) Argien edo seinale optikoen gailuak estali.
4. Bizikletetan UNE-EN 15918:2012+A2:2017 arauaren edo horren ordezkoaren zehaztapen teknikoak betetzen dituzten atoiak, erdiatoiak edo bestelako elementuak erabiltzen ahalko dira, bai eta pertsonak, 15 kg-rainoko pisua duten animaliak edo zama garraiatzeko ere.
5. Gainerako zikloek bidaiariak eta zama garraiatu eta atoiak eta erdiatoiak erabiltzen ahalko dituzte, berariazko araudiaren arabera horretarako baldintza teknikoak betetzen badituzte, eta gidaria adinez nagusia bada.
37. artikulua. Aparkatzea eta bizikleta aparkalekua.
1. Bizikletak horretarako berariaz ezarri eta seinalatu diren tokietan aparkatu behar dira, eta behar bezala segurtatuak utzi. Toki horiek beste zikloen erabiltzaileek ere erabil ditzakete, barne harturik mugikortasun murriztuko ibilgailuenek.
2. Beste zenbait tokitan ere aparkatu eta lot daitezke, salbu eta landare elementuetan edo hiriko jarlekuetan, betiere honako baldintza hauek beteta:
a) Oinezkoen edo ibilgailuen joan-etorria ez oztopatzea.
b) Hiri altzariei kalterik ez egitea edo haien funtzionaltasuna ez aldatzea.
c) 2 metroko tartea gordetzea gutxienez oinezkoen joan-etorrietarako eremuarekin.
d) Aparkatuta dauden bizikletak eskuratzeko tarte aski gordetzea.
e) Ez dira aparkatzen edo lotzen ahalko eskualdeko hiri garraioaren edo taxi zerbitzuaren hiri altzarietan, ezta edukiontzien ondoan edo haien kokapena mugarritzen duten barren ondoan ere.
38. artikulua. Bizikletak, patineteak edo antzeko ibilgailuak erretiratzea.
1. Udal agintaritza eskudunak, erretiratzera behartuta dagoenak erretiratzen ez baditu, bizikleta, patinete edo zikloak bide publikotik kentzen ahalko ditu honako kasu hauetan:
a) Aparkatzeko berariaz gaiturik ez dagoen toki batean 7 egun baino gehiagoz aparkatuta egonez gero.
b) Bizikleta, patinetea, zikloa edo horien osagaietako bat abandonatutzat jotzen bada.
c) Ibilgailua legearekin bat ibilgetu behar denean, hori egiteko toki aproposik ez badago.
d) Hilabete baino gehiago daramatenean leku berean aparkatuta.
2. Honako bizikleta eta ziklo hauek joko dira abandonatutzat, agintari eskudunek erretiratzeari dagokionez: bide publikoan dauden bizikletak eta zikloak, baldin eta gurpilak falta bazaizkio, mugitzea eragozteko moduko narriadurak badituzte edo, beren egoera dela-eta, argi eta garbi bada abandonaturik daudela.
3. Kasu horietan, udal agintariek ofizioz gauzatuko dute bizikletak eta zikloak kentzeko ekimena, loturetatik askatuz eta, gasturik izanez gero, horiek haien jabeen kontura doazela.
4. Udalak udal gordailura eramanen ditu bizikleta eta ziklo abandonatuak.
5. Kentzen direnetik hiru hilabete iraganda, udalak ibilgailu horiek erabiltzen ahalko ditu indarrean dauden legeekin bat.
VI. KAPITULUA.–ABIADURA
39. artikulua. Abiadura mugak.
Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorrean ezarritakoaren arabera, hiri bideetan ibilgailuek gainditu behar ez duten gehieneko abiadura, oro har, honako hau izanen da:
20 km/h, galtzada eta espaloi plataforma bakarra duten bideetan.
30 km/h, zirkulazioaren noranzko bakoitzeko errei bat dagoen bideetan.
50 km/h, zirkulazioaren noranzko bakoitzeko bi errei edo gehiago dauden bideetan.
40. artikulua. Abiadura egoeren arabera egokitzea.
Gidari guztiek errespetatu beharko dituzte ezarritako abiadura mugak eta gainera kontuan hartu beharko dituzte beren baldintza fisiko eta psikikoak, bidearen ezaugarriak eta egoera, baita ibilgailuarenak eta haren kargarenak ere, eta orobat eguraldiaren, ingurunearen eta zirkulazioaren baldintzak, eta orokorrean une bakoitzean gertatzen ahalko diren inguruabar guztiak, ibilgailuaren abiadura haietara egokitzeko, betiere haren abiada gelditzeko gai izateko maneran, bere ikuseremuaren mugan eta edozein oztoporen aitzinean.
41. artikulua. Neurriko abiadura.
1. Neurriko abiaduran ibiliko da eta, beharrezkoa bada, ibilgailua geldituko da, inguruabarrek hartaratzen dutenean, bereziki honelakoetan:
a) Erabiltzen ari den bide zatian oinezkorik ala bizikletarik bada, edo aurreikusten ahal bada oinezkoak sartuko direla, bereziki adingabeak, adineko pertsonak, itsuak edo modu nabarmenean ezindurik daudenak.
b) Erabiltzen ari den bide zatian animaliarik bada, edo aurreikusten ahal bada animaliak sartuko direla.
c) Ordenantza honen 22. artikuluan zehaztutakoaren arabera, motordun ibilgailuek beren abiadura bizikleta eta zikloen abiadurara egokitu beharko dute. Ez dira bizikletak aurreratzen ahalko, artikulu honetan zehaztutako baldintzetan salbu, eta motordun ibilgailuen gidariek ez dituzte bizikleten gidariak jazartzen ahalko.
d) Oinezkoen edo ziklisten pasabideetara hurbiltzean, semaforoak edo bidezainak arautu gabe daudenean, eta orobat ikastetxeetara edo oinezko anitz dauden tokietara hurbiltzean.
Bidean mugikortasun murriztuko pertsonak badaude, bizikletek eta ibilgailuek beren abiadura horien arabera egokitu beharko dute.
e) Geralekuan dagoen autobus batera hurbiltzean, erabiltzaileak jaitsi edo igo baitaitezke.
f) Zoladura irristakorretan ibiltzean edo bidea erabiltzen ari diren gainerako pertsonak urez, hartxintxarrez, lokatzez edo beste elementuren batez zipriztintzeko arriskua dagoenean.
g) Biribilguneetara, lehentasunik gabeko bidegurutzeetara, obretan dauden lekuetara edo galtzadaren meharguneetara hurbiltzean.
h) Laino trinkoa, euri handia, elurra, horma, errauts lainoak edo ke adarrak direnean.
III. TITULUA.–GELDITZEA, APARKATZEA ETA ZIRKULAZIO ARAUTUA
42. artikulua. Arau orokorrak.
1. Udal agintaritza eskudunari dagokio, eta hari baizik ez, erabilera publikoko bideetan, jabetza pribatukoak izanik ere, aparkatzearen eta zirkulazioaren antolamendua baimentzea.
Horren ondorioz, ez da zirkulazioa mozten ahal, ezta inolako seinalerik edo adierazlerik paratzen ahalko ere, halako baimenik gabe.
2. Gelditu eta aparkatzean ibilgailuak ez du zirkulazioa trabatuko edo pertsonen joan-etorria eragotziko, eraikinetatik sartzea eta ateratzea barne, ezta arriskurik sortuko ere kalearen gainerako erabiltzaileei; zainduko da non uzten den eta begiratuko, gidaria kanpoan delarik, mugitzen has ez dadin.
Arau orokor gisa, oinezkoen pasabidetik 5 metro baino gutxiagoko distantzian aparkatzeko debekua ezartzen da.
3. Aparkatzeko uzten den tokia zoladuran mugaturik dagoenean, markaturiko esparruaren barnean aparkatu beharko da.
4. Gidariek ez dute zilegi ibilgailua geldirik eta motorra pizturik dagoela uztea, ibilgailu barnean gelditzen ez badira.
I. KAPITULUA.–GELDITZEA
43. artikulua. Gelditzea.
Gelditzea da ibilgailua 2 minutu baino gutxiagoz mugitu gabe edukitzea, jendea hartu edo uzteko, edo zamalanak egiteko, gidaria ibilgailutik atera gabe. Ez da gelditzetzat hartuko zirkulazioaren beharrak direla eta halabeharrez edo une batez geratzea.
Galtzadan geldituz gero, ertzetik ahalik eta hurbilen kokatuko da ibilgailua.
Taxiak eta alokatzen diren bestelako ibilgailu arinak udal administrazioak zehazten duen tokian eta berak dioen gisan geldituko dira; gainerakoan, ordenantza honetan eta araudi espezifikoan orokorrean ezartzen diren arauei hertsiki lotuko zaizkie gelditzean.
Taxiak erabiltzaileak eskatzen duen tokian gelditzen ahalko dira bezeroak hartu eta utzi beharrez, betiere trafikoari trabarik egiten ez badiote.
Autobusak, hiriko nahiz hiriarteko lineatakoak izan, administrazio eskudunak espresuki zehazten edo seinalatzen dituen geralekuetan baizik ez dira gelditzen ahalko, bidaiariak hartu edo uzteko.
Modu osagarrian, hiri barneko garraio kolektiboaren zerbitzu publikoa ezartzen diren geraleku helmugetan eta erregulaziokoetan egoten ahalko dira.
Betiere udal administrazioaren eskumena errespetatuz, hiri garraioaren araua izanen da Iruñerriko Hiri Garraioaren Zerbitzu Publikoa arautzen duen ordenantzako aldaketaren testu bateginean jasorik dagoena, Iruñerriko Mankomunitateak onetsi baitzuen.
Eskola garraioaren eta haren geralekuen araua 443/2001 Errege Dekretuan xedatutakoa izanen da.
Honelakoetan debeku da gelditzea:
a) Babeslekuetan, oinezkoen babesguneetan, erdibitzaileetan, oinezkoen eremuetan eta trafikoa bideratzen duten gainerako elementuetan.
b) Eraikinetako ibilgailuen sarrera-irteeretan, dagokien pasabide seinalea dutenetan.
c) Espaloi, pasealeku, lorategi eta oinezkoak ibiltzeko gainerako tokien gainean.
d) Autobus, eskola garraio eta larrialdiko zerbitzuen geraleku behar bezala seinalatuetan.
e) Taxi geralekuetan eta salgaien zamalanetarako erreserbaturiko tokietan.
f) Gelditzeak gidariei ikusi beharreko trafiko seinaleak ikustea eragozten dien tokietan.
g) Bidaiarien garraio kolektiboko ibilgailuak, udal administrazioak bidaiariak utzi edo hartzeko erreserbatu edo baimenduriko eremuetatik kanpora aparkatzen direnean.
h) Garraio publikoak edo bizikletek soilik erabiltzeko erreietan, halakorik balego.
i) Jendeari higiezinetara sartu edo handik ateratzea eragozten zaionean.
j) Bigarren ilaran.
k) Galtzadaren erdian, espresuki baimendurik egon ezean.
l) Desgaitasuna dutenek beste inork ez erabiltzeko toki seinalatuetan.
m) Ibilgailu edo oinezkoen zirkulazioa arriskuan jartzen edo larriki trabatzen duen beste edozein tokitan.
n) Desgaitasuna duten pertsonen txartelarekin bakarrik aparkatzen ahal den tokian gelditzea, hura behar ez bezala erabiliz.
o) Zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako erreserbatutako errei edo bide zatietan.
p) Urritu fisikoentzako edo beste erabilera batzuetarako espaloi beheratzeetan.
q) Zirkulazioaren errei bat oztopatzen den tokietan.
r) Seinaleak debekatzen duen tokietan.
s) Seinale bidez biratzea baimenduta egonda, biratzeko aukera eragozten denean.
t) Zirkulazioa oztopatzen den beste toki guztietan, oso denbora txikirako bada ere.
u) Desgaitasuna duten pertsonen txartelarekin bakarrik aparka daitekeen tokian gelditzea, hura behar ez bezala erabiliz.
v) Ibilgailu elektrikoak doan kargatzeko udalak jarritako zutoinen ondoan seinaleztatutako lekuetan, kargatzen egon gabe.
II. KAPITULUA.–APARKATZEA
44. artikulua. Aparkatzea.
1. Aparkatzea da ibilgailu bat bi minutu baino gehiagoan ez mugitzea, zirkulazioaren eraginez ez bada.
Aparkatu behar da gainerako erabiltzaileei sartu eta ateratzeko maniobrak egiten uzteko eta gelditzen den espazioa ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran.
2. Gidariek hogei zentimetro baino gutxiagoko tartea utzi beharko dute espaloiko zintarriaren eta ibilgailuko gurpilen kanpo aldearen artean, galtzadaren alde hori garbitu ahal izateko.
3. Ibilgailuak ilaran aparkatzen ahalko dira, hau da, zintarriarekin batean lerrokatuak; baterian, hau da, zintarriarekiko perpendikularrean; edo erdi-baterian, zeharka.
4. Zoladura seinalez hornituta duten aparkalekuetan, ibilgailuak markatutako esparruaren barrenean kokatuko dira.
5. Bide publikoetan ez da aparkatzen ahalko ibilgailu motordunetik bereizitako atoi edo karabanarik.
6. Baterian aparkatuz gero, alde bietan aparkatutako ibilgailuetara arazorik gabe sartzeko moduan eginen da.
7. Libre da ordutegitik kanpo aparkatzea zamalan, zerbitzu ofizial eta abarretarako aldi baterako erreserbaturiko alderdietan, salbu eta espresuki debekaturik badago.
8. Udal administrazioak, udal organo eskudunaren akordio bidez, aparkatze mugatuko araubidea ezartzen ahalko du halako eremu batzuetan, doakoa nahiz ordaindua, parkimetroen edo beste edozein sistemaren bidez arautua, trafikoa antolatzeko edo hautatzeko, edo aparkatzeko tokien banaketa bidezkoa bermatzeko. Horren aldetik, ordenantza honetako IV. tituluak aldi baterako aparkatze arautuaren eremua ezarri eta arautzen du Barañainen.
9. Honelakoetan debeku da aparkatzea:
a) Gelditzeko debekua seinale zutikako nahiz etzanen bidez seinalaturik dagoen tokietan.
b) Espaloietan, pasealekuetan eta oinezkoentzako gainerako guneetan, salbu eta bizikletak, zeinek leku horietan aparkatzen ahalko duten ordenantza honetan jasotako kasuetan eta moldeetan. Debeku da oinezkoen pasabidetik 5 metro baino gutxiagora aparkatzea.
c) Autobus, taxi, eskola garraio, erakunde ofizial eta larrialdiko zerbitzuen geraleku behar bezala seinalatuetan.
d) Zamalanetarako erreserbaturiko tokietan, erreserbarako behar diren seinaleen bidez ezarritako ordutegiaren barnean.
e) Gidariei ikusi beharreko trafiko seinaleak ikustea eragozten dien tokietan.
f) Jendeari higiezinetara sartu edo handik ateratzea eragozten zaionean.
g) Bigarren ilaran, edozein kasutan.
h) Edukiontzien ondoan, zabor bilketa galarazi edo oztopatuta.
i) Aparkaleku publikoetan, ongi aparkatutako ibilgailu bat ateratzea eragotzi edo oztopatuta.
j) Garraio publikorako erreserbaturiko erreietan.
k) Espaloirik ez duten kale urbanizatuetan, horretarako seinalaturik dauden tokietan izan ezik.
l) Desgaitasuna dutenek beste inork ez erabiltzeko toki seinalatuetan.
m) Pasabide behar bezala seinalatuetan, osoki nahiz partez.
n) Galtzadaren erdian, espresuki baimendurik egon ezean.
o) Udal agintaritzak ordutegi mugatuan aparkatzeko gaitutako lekuetan, horretarako baimena ematen duen bereizgarria jarri gabe edo, bereizgarria jarrita ere, ibilgailua aparkaturik uztean udal ordenantzak gehienez uzten duen denbora baino luzeago.
p) Oinezkoen pasabideetan, ziklisten pasabideetan eta bizikleta bideetan.
q) Ilaran aparkatzean, dauden seinaleen arabera zeharka aparkatu behar bada.
r) Bide bazterrean.
s) Aldi batean bestelako erabilera edo jarduketetarako okupatu behar diren tokietan.
t) Ibilgailu bat eremu publikoan aparkaturik gelditzen denean salgai edo alokagai jarri delako, eta funtsean publizitate helburuekin, edo kalez kaleko salmenta baimendu gabean edo bestelako jarduera ez zilegietan aritzeko, edo behin baino gehiagotan konpontzeko.
u) Landa eta orubeetan, hara sartzeko modu bakarra espaloietan barna denean.
v) Lorategietan.
w) Aparkatzea, aparkatzeko baimen txartela behar ez bezala erabiliz.
x) Aparkatzea, desgaitasuna dutenen aparkatzeko txartela behar ez bezala erabiliz.
y) Ibilgailu elektrikoak doan kargatzeko udalak jarritako zutoinen ondoan seinaleztatutako lekuetan, kargatzen egon gabe.
45. artikulua. Zamalanak.
1. Salgairen bat finka batetik ibilgailu aparkatu batera, eta alderantziz, eramatea da eremu publikoan zamalana egitea.
2. Xede horretarako seinale zutikakoen edo etzanen bidez erreserbatutako eremuetan eta ezarritako ordutegian zamalanak egiteko baimendutzat jotzen dira, turismoak izan gabe, salgaiak garraiatzeko baimenduta dauden eta ibilgailuaren agirietan definizio horren araberako sailkapena duten ibilgailuak, edo salgaiak garraiatzeko txartela dutenak.
a) Zamalanetarako atoia duten bizikletak edo zikloak edo banaketa ibilgailu txikiagoak eta ohiko motordun trakziokoak ez direnak (eskuzko eskorgak eta orga elektrikoak, trakzio plataformak edo salgaiak garraiatzeko MPIak).
b) Turismoak ez diren ibilgailuak, baldin eta salgaiak garraiatzeko baimena badute eta definizio horrekin ibilgailuaren dokumentazioan sailkatuta badaude edo salgaiak garraiatzeko baimena badute.
3. Udalak, udal organo eskudunaren akordio bidez, zamalanetarako toki erreserbatuak ezartzen ahal ditu, adieraziko direnak erregelamenduzko seinale etzan edo zutikakoaren bidez. Toki horietan, zamalanek arau hauek bete beharko dituzte:
Salgaien garraioan aritzen diren ibilgailuek eginen dituzte, haietarako erreserbatutako guneen barrenean eta adierazitako orduetan; betiere, ibilgailuak 2 metro zabal edo 5,5 metro luze izanen dira, gehienez ere.
Zamalanetarako erreserbatuetan ez da aparkatzen ahalko lan horiek egiteko behar den denbora baino gehiago, eta inoiz ez 30 minutu baino gehiago. Denbora hori zaindu eginen da, eremu horietan txandatzea egon dadin eta aprobetxamendua ahalik eta handiena izan dadin.
Inolaz ere ez daiteke oinezkoen eta ibilgailuen ibilia eragotz edo oztopa, ezta atari, saltoki edo pasabide baimenduen sarbideak ere. Horretarako, zamalanetan erabiliko diren salgaiak, materialak eta gauzak, lurrean utzi gabe, zuzenean eramanen dira ibilgailutik eraikinera edo alderantziz.
Lan horiek egiteko behar adina langile egonen da, eta arretaz ariko dira, azkar, arriskurik gabe eta asots gutxi aterata. Hirugarrenei trabak eraginez gero, lan horiek bertan behera utzi beharko dira traba horiek eragitea ekiditeko neurri egokiak hartzen diren arte.
Ibilgailuak espaloiarekiko paraleloan lerrokatu beharko dira, ertzaren kontra, aurrealdea zirkulazio orokorraren norabidean, salbu eta bateriako aparkalekuetan, eta, kasu horretan, ibilgailuak ez dira ateratzen ahalko horretarako seinalatutako eremutik kanpora.
4. Kasu bereziak.
Udalak, udal agintaritza eskudunaren akordio bidez, aparkatzeko aldi baterako erreserbak ematen ahalko ditu, lan zehatzak egiteko (aldairak, fuel hornidura, obrak eta abar), betiere baimena aitzinetik eskatzen bada, gutxienez lanak hasi baino 24 ordu lehenago, eta dagokien tasa ordaintzen bada.
Eskabidean, alderdi hauek adierazi beharko dira: enpresa eskatzailearen sozietate izena, ibilgailuaren matrikula eta neurriak, eta zamalanak zehazki non, noiz eta gutxi gorabehera zer ordutan eginen diren. Jarduera berehala etenen da, udal agintaritzaren irizpidearen arabera, emandako baimenarekin bat ez badator, edo jarduera oztopatzen duten gertakariak badaude.
5. Aparkatzeko denbora. Zamalanetarako erreserbatuetan ez da aparkatzen ahalko lan horiek egiteko behar den denbora baino luzeago, eta inoiz ez 30 minutu baino gehiago.
6. Zamalanak berariaz arautzea Barañaingo azoka egiten denean. Eultzako etorbideko landa eta Haraneko etorbidea eta Valentziako Komunitatea kalea eta horien perimetroa, astearteetan azoka txikia dagoenean, 00:00etatik 17:00etara bitartean, jaiegunak izan edo ez, zamalanetarako eremutzat hartuko dira azoka txikitik eta haren funtzionamendutik kanpoko ibilgailuentzat.
46. artikulua. Autobusak, kamioiak, atoiak eta karabanak.
1. Debeku da gehieneko pisu baimendua 5.000 kg-tik gorakoa duten ibilgailuak aparkatzea udal mugarteko bide guztietan, seinalatutako lekuetan zamalanak egiteko ez bada.
2. Debeku da gehieneko pisu baimendua 3.500 kg-tik gorakoa duten kamioiak bizitegi eremuetan eta, orokorrean, hirigunean barna ibiltzea eta aparkatzea, non eta eremu horietako arau espezifikoetan gehieneko pisu baimendu desberdina jasorik ez dagoen edo berariazko baimen bat ez duen.
3. Debeku da 21 bidaiari baino gehiagorentzako tokia duten autobusak udal mugarteko bide guztietan aparkatzea.
4. Debeku horiek ez dira beteko behar bezala justifikaturiko salbuespen kasuetan, betiere aitzinetik agintari eskudunaren baimena eskuratu baldin bada.
5. Udalak berariazko tokiak ezartzen ahalko ditu halako ibilgailuak aparkatzeko; kasu horretan, erregelamendu bidez zehaztuko den baimena jaso beharko da udal agintariengandik.
6. Debeku da ibilgailuari lotuta ez dauden karabanak, atoiak eta erdi-atoiak aparkatzea, udaleko organo eskudunek baimena eman ezik.
7. Karabanak eta atoiak aparkatzeko beharrezkoa izanen da udal organo eskudunaren baimen berariazkoa eskuratzea eta lurzoruaren aprobetxamendu bereziaren prezio publikoa ordaintzea.
8. Oro har, autokarabanak aparkatuko dira ilaran aparkatzea uzten den eremuetan. Baterian, berriz, bakarrik aparkatzen ahalko dira haien luze-zabalak aparkatzeko tokia baino gehiago ez badira eta galtzadan edo espaloian berrogeita hamar zentimetro baino gehiago sartzen ez badira.
9. Debeku da arras karabana, atoi eta etxebizitza ibilgailuetan bizitzea udal mugartearen barrenean, salbu eta horretarako egokitutako tokietan, halakorik bada. Horiek osasungarritasuna eta higienea bermatzeko adina bitarteko izan beharko dute.
Nolanahi ere, ibilgailuaren jabeak egiaztatu behar du, berez edo beste pertsona edo bitarteko baten bidez, bere ibilgailua ez dagoela behar ez bezala aparkaturik, seinaleak edo trafikoaren antolamendua nolanahi aldatu direlako; horretarako, berrogeita zortzi orduko epea izanen du gehienez, eta horretarako egun baliodunak kontatuko dira.
III. KAPITULUA.–ERABILTZAILE JAKIN BATZUENTZAKO APARKATZEKO ERRESERBAK
47. artikulua. Desgaitasuna dutenek aparkatzeko txartela.
Desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartelak emateko prozedura eta erabiltzeko arauak honako honetan ezarritakora egokituko dira: 52/2022 Foru Agindua, martxoaren 7koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartela arautzen duena Nafarroako Foru Komunitatean, edo, hala badagokio, hura ordezkatzen duen araua.
48. artikulua. Erreserbatutako tokien seinaleztapena.
Desgaitasuna dutenentzako aparkatzeko tokiak seinale zutikakoen edo etzanen bidez adieraziko dira, eta seinaleztapen horretan irisgarritasuneko nazioarteko ikurra agertuko da.
49. artikulua. Bestelako erreserbatuak.
1. Administrazio publikoek eta bestelako erakunde publiko edo pribatuek beren egoitzen inguruan aparkatzeko erreserbatuak eskatzen ahalko dituzte.
Erreserbatzeko tokiak hagitz kasu mugatuetan baizik ez dira onartuko, eta betiere hala egitea trafikoarentzako edo ibilgailuen joan-etorriarentzako mesedegarri, eragozpenak kentzeko baliagarri edo nolanahi dela ere interes publikoarentzako onuragarri gertatzen den neurrian.
2. Udalak bere aldetik erabakitzen dituen baldintzak paratzen ahal ditu ematen den lizentziari dagokionez, eta emate hori berritu edo bere aprobetxamendua aldatzen ahalko da noiznahi eta kalte ordainik izan gabe.
3. Eskumena duen udal organoak, eskabidea eta bestelako alderdi batzuk azterturik, hala nola alde horretako trafikoa eta aparkatzea, erreserbatua baimendu edo ezetsiko du, eta erabakiko du zein ibilgailuk erabiltzen ahalko duten eskaera egin dutenen artean. Halaber ematen ahalko du udalaren beste ibilgailu batzuek edo beste administrazioetakoek erabiltzeko baimena. Ibilgailu bakoitzerako txartelak jaulkiko ditu, eta horiek ikusgai paratu beharko dituzte erreserbatua erabiltzen dutenean.
4. Eskaera eta dokumentazioa.
Tokia erreserbatzeko lizentziak eskatu nahi izanez gero, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Eskariaren xedea zehazten duen eskabidea, onura jasoko lukeen jardueraren titularrak sinatua.
b) Eskatzen den erreserba beharrezkoa eta trafikoarendako oro har nahiz interes publikoarendako onuragarria dela egiaztatzeko txosten mardula.
c) Planoa, erreserbatzeko eskatzen den tokia ahalik eta zehatzen adierazi eta mugatzen duena.
Tokia erreserbatzeko lizentzia horien kontzesioa, oro har, aukerakoa izanen da.
Segurtasun, osasun eta larrialdi zerbitzuen kasuetan izan ezik, "Beste erreserbatu batzuk" emateko emakiden zerrenda publikoa eta eguneratua izan beharko da.
Erreserbatu horien ondorioz dagokien tasa sorraraziko da, udalaren behar den ordenantza fiskalean jasorik baitago.
IV. KAPITULUA.–SALGAI ARRISKUTSUAK, IBILGAILU BEREZIAK ETA BESTE IBILGAILU BATZUK
50. artikulua. Zirkulazioa.
1. Debeku dute Barañaingo hirigunean zehar ibiltzea eta udal mugarte osoan aparkatzea Salgai Arriskutsuen Errepide bidezko Garraioaren gainean indarra duen Erregelamendu Nazionalaren 1-a, 1-b, 1-c eta 2 motetan sartutako salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek, aldi berean erregelamendu horren 1 edo 2 arrisku etiketak eraman behar badituzte.
2. Hala ere, ibilgailu horiek aipatu eremua zeharkatzeko, dagokion udal organoaren baimena beharko dute. Hartan zehaztuko dira garraio horren mugak egun, ordu eta ibilbideei dagokienez.
3. Beren ezaugarri bereziengatik, neurriengatik edo zamaren kokapenagatik Ibilgailuen Erregelamendu Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baimenak behar dituzten ibilgailuek eskaera egin beharko diote Barañaingo Udalari, Udaltzaingoak eman diezaien udalerrian barna gidatu, zaindu eta lagun egiteko zerbitzua. Dagokion tasa, Barañaingo Udalaren behar den ordenantza fiskalean jasoa, sorraraziko da.
4. Debeku da Barañaingo udal mugarteko bideetan animaliek tiraturiko ibilgailuak eta muntatzeko animaliak ibiltzea, espresuki baimena eman eta hartan zer bidetan eta zer baldintzatan ibil daitezkeen adierazi ezik.
IV. TITULUA.–SEINALEZTAPENA
I. KAPITULUA.–INSTALAZIOA
51. artikulua. Seinaleak jartzea.
Udaleko organo eskudunak aginduko du kasu bakoitzean bidezko diren trafikoko seinaleak ezartzea, kentzea eta ordeztea. Orokorrean, partikularrek ez dute zilegi izanen trafikoko edo zirkulazioko seinaleak paratzea, salbuespenak izan ezik, hala nola ibilgailuen pasabideko seinaleak, udaleko organo horrek behar den baimena eman ondoan.
Ordenantza honen xede diren bideen erabiltzaile guztiak beharturik daude zirkulazioko seinaleei obeditzera eta beren portaera egokitzera, bideetan aurkitzen dituzten gainerako erregelamenduzko seinaleen mezuaren arabera.
52. artikulua. Aplikazioa.
Hiriko sarbideetan paratzen diren seinaleek udal-mugarte osoan izanen dute indarra, halako kale tarteren baterako seinale berariazkoak izan ezik.
Oinezkoentzako eremuen, bizitegi kaleen eta zirkulazio murriztuko edo aparkatze mugatuko gainerako aldeen sarreretan, nahiz gehieneko abiadura muga 30 km/h duten eremuetan paratzen diren seinaleek perimetroko barne bide guztietan izanen dute indarra, beste seinale batek salbuespena adierazi ezik.
II. KAPITULUA.–EDUKIA
53. artikulua. Edukia.
Partikularrek ez dute libre seinaleak paratzea (hotelak, jatetxeak, garajeak...), udal organo eskudunak aldez aurretik baimendu behar dituen salbuespenak izan ezik. Ez da baimenik emanen trafiko seinaleen gainean nahiz ondoan plakarik, afixarik, iragarkirik edo bestelakorik paratzeko, nahasmendua ekarri, haien ikusgaitasuna edo eraginkortasuna murriztu edo bidearen erabiltzaileei arreta galarazten ahal badie.
Trafikokoak ez diren seinale guztiak berehala kenduko dira, behar bezala baimendurik ez badaude edo udal baimenaren baldintzak betetzen ez badituzte, aparte utzirik Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzko udal ordenantzan ezarritakoari jarraikiz bidezko izan daitekeen zehapena.
Zirkulazioko seinale eta bideko marken katalogo ofizialean ez badago ohartarazi, jakinarazi, agindu edo arautu nahi denari dagokion esanahia duen seinalerik, udalak onetsiko du egokiena iruditzen zaion seinale eredua edo seinale multzoa.
Delako seinalea edo seinale multzoa diseinatzeko, ahaleginak eginen dira aipatu katalogoko forma, sinbolo eta hiztegi berariazkoak erabiltzeko, oker egiteko biderik eman gabe.
54. artikulua. Bizikleta bideak.
Bizikleta bideek seinale berariazkoak izanen dituzte, zutikakoak nahiz etzanak.
Seinale etzanek zirkulazioaren noranzkoa adieraziko dute, eta ohartaraziko hurbil dela oinezkoen pasabidea, semaforoa edo bidegurutzea.
Zutikakoek oinezkoekin partekatzen diren eremuak arautuko dituzte, eta ibilgailu motordunen gidariei ohartaraziko diete ziklistak heldu direla zirkulazioaren bi noranzkoetan.
Seinale horiez gain eta horien osagarri, udalak beste seinale batzuk ere paratzen ahalko ditu, argibideak emateko eta jendeak kasu emateko.
Galtzadak gurutzatzeko seinaleak lerro eten bikoitzekoak izanen dira, zuriak, eta bi lerroen arteko tartea aldakorra izanen da, bidegorriaren zabaleraren arabera.
55. artikulua. Bizikleta aparkalekuak.
Zikloak edo MPIak aparkatzeko egokitutako tokiak seinaleztatu eginen dira.
Ahal dela, zutikako seinaleak erabiliko dira, erraz identifikatzeko moduko ikusgaitasun irizpideekin.
56. artikulua. Eskola bideak.
Eskola bideek seinaleztapen espezifikoa izanen dute. Seinaleztapen horrek diseinu bera izanen du Iruñerriko udalerrietan.
Eskola bideek eskola adinean dauden ikasleen autonomia garatzen lagunduko dute, bai eta haien zaintzaz arduratzen diren pertsonen familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiten ere. Nolanahi ere, eskola bideak ibilbide malguak eta trazadura errazekoak izanen dira, haur eta gaztetxoek joan-etorriak oinez egitea ahalbidetzeko, hainbat eragileren (udal- administrazioaren, familien, eskolaren eta abarren) inplikazioari esker babestuta sentitzen diren ingurunean.
Ikastetxeetatik gertu dauden oinezkoen pasabideek behar besteko argiztapena eta seinaleztapena izan beharko dute, ikusgaitasuna bermatzeko.
V. TITULUA.–IBILGAILU ABANDONATUAK. KAUTELAZKO NEURRIAK
57. artikulua. Aplikazio eremua.
Abandonatutako ibilgailuak mugarik gabe kaleetan aparkatuta egotea ekiditeko, kendu eginen dira.
Ibilgailu bat eremu publikoan abandonaturik dagoela uste izatekoa izanen da leku berean hilabete baino gehiago aparkaturik gelditzen denean eta berez mugitzea ezinezko egiten duten hondaketak dituenean edo matrikula plakak falta dituenean.
Bizikletei dagokienez, ordenantza honen 38. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
Ibilgailu bat abandonaturik dagoela uste izatekoa izanen da, orobat, eremu publikotik kendu eta altxatu denetik, bi hilabete baino gehiago iragan direnean.
58. artikulua. Prozedura.
Ibilgailuak bide publikoan daudenean, Barañaingo Udalak ibilgailuaren erregistroko titularrari jakinaraziko dio hura ustez abandonatua dagoela, eta hamar egun naturaleko epea emanen dio ibilgailua dagoen tokitik kentzeko. Ibilgailuak arriskuren bat sortzen ahalko badu, hortik kentzen ahalko da eta, gero, titularrari jakinaraziko zaio.
Bizikletei dagokienez, ordenantza honetan bizikletak erretiratzeari buruz xedatutakoari jarraituko zaio.
Aitzineko apartatuan aipatutako epean titularrak ez badu ibilgailua kentzen, udal gordailura eramanen da.
Abandonaturik egoteagatik edo beste arrazoiren batengatik ibilgailu bat gordailura eramaten denetik bi hilabete iraganda, errekerimendua eginen zaio titularrari hilabeteko epean horrek eraman dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, hiri hondakin solidotzat hartuko dela.
Orokorrean eta bidezko arrazoirik izan ezean, ibilgailuak kentzeko eta gordetzeko gastuak horiek gordailutik eraman aitzin ordaindu beharko dira.
I. KAPITULUA.–IBILGAILUAK IBILGELTZEA
59. artikulua. Ibilgailuak ibilgetzea.
Bidezainek eta Udaltzaingoko laguntzaileek ibilgailu bat ibilgetzen ahalko dute, hura erabiltzeak zirkulaziorako, pertsonentzako edo ondasunetarako arrisku larria ekartzen ahalko badu bide segurtasunari buruzko araudiko manuak ez betetzeagatik, baita honelakoetan ere:
a) Istripuren edo matxuraren bat izan eta segurtasun baldintza ohikoetan bidean jarraitu ezinik gelditzen denean edo galtzada hondatzen duenean.
b) Gidaria gaizkitu eta ibilgailua normaltasunez eraman ezinean gelditzen denean.
c) Ageri denean edari alkoholdunen eraginpean dagoela, edo droga toxikoak edo estupefazienteak hartu edo bere organismoan sartu dituenean, edo botiken edo bestelakoen eraginpean dagoenean, horiek gidatzeko gorputzez nahiz buruz behar den egoera bestelakotzen badute.
d) Uko egiten dionean alkohola, estupefazienteak edo gisako beste gai batzuk hautemateko probak egiteari, horretara behartua egonik, edo proba horiek eginda, araudian gehienekotzat jotzen diren parametroak baino handiagoak ateratzen direnean.
e) Gidabaimenik ez duenean edo aldean duena baliozkoa ez denean.
f) Ibilgailuak ez duenean zirkulatzeko administrazio-baimenik, ez duelako lortu, baliogabetu delako edo indarra galdu duelako, edo ez direlako betetzen zirkulatzeko baimena lortzeko baldintzak.
g) Ibilgailuaren kanpo egoera dela-eta uste izatekoa denean arriskugarria dela, galtzadan kalte egin dezakeela edo haren kargaren parte bat bide publikora erortzen ahalko zaiola.
h) Dabilen ibilgailu baten garaiera edo zabalera handiagoak direnean Bide Segurtasunari buruzko Legeak edo haren erregelamenduak, edo ibilgailuaren beraren baimen bereziak, halakorik badu, baimentzen dituenak baino.
i) Mugitzeko aukerak edo, kasuaren arabera, gidariaren ikusmena modu arriskutsuan murrizten denean bidaiari kopuruagatik edo haien posizioagatik, edo garraiatutako objektuen kokapenagatik, eta edozein kasutan bidaiari kopuruak erabilgarri dauden plazak % 50ean gainditzen baditu, gidaria aintzat hartu gabe.
j) Kateak edo pneumatiko bereziak erabiltzea nahitaezkoa izan eta ibilgailua horiek gabe ibiltzen denean.
k) Ibilgailuak nahitaezko asegururik ez duenean.
l) Gidariak edo bidaiariak ez dituztenean erabiltzen babeserako kaskoa edo haurrei eusteko gailuak, derrigorrezkoak diren kasuetan. Neurri hori ez zaie ziklistei aplikatuko.
m) Ibilgailuak ateratzen duen asotsa eta aireratzen dituen gas eta keak indarra duen legeriak ezarritako mugak baino handiagoak direnean.
n) Arau hausleak ez duenean egiaztatzen lurralde espainiarrean legezko bizilekua duela, ez badu agenteak behin-behinean ezarritako isunaren zenbatekoa gordailutu. Dena den, aintzat hartuko da hasiera batean ezarritako isuna % 50ean murriztea, ordenantza honetako 60. artikuluaren arabera.
Ibilgailua ibilgetzeak ekartzen dituen gastuak titularraren bizkar izanen dira; horrek ordaindu beharko ditu edo ordaintzea bermatu, neurri horiek kentzeko aldez aurreko baldintza gisa, ukatu gabe ere defendatzeko duen eskubidea ezta erantzukizuna erantzuleari pasatzeko aukera ere, administrazioak harengatik hartu baitu delako neurria.
Udal agintaritzak adierazten duen tokian gauzatuko da ibilgetzea, eta ez da indargabetuko harik eta hura ekarri duten akatsak zuzendu edo ibilgailua agintaritza horrek zehazten dituen baldintzetan kentzen ez den arte, aitzinetik behar den tasa ordainduta, horrela ezarri bada.
II. KAPITULUA.–IBILGAILUAK EREMU PUBLIKOTIK KENTZEA
60. artikulua. Ibilgailuak bide publikotik kentzea.
Ibilgailua kendu behar duenak segituan egiten ez badu, bidezainek eta Udaltzaingoko laguntzaileek eremu publikotik kendu eta udal gordailura eramaten ahalko dute, kasu hauetan:
a) Arriskutsua denean, ibilgailuen edo oinezkoen zirkulazioari nahiz zerbitzu publikoen funtzionamenduari traba larria egiten dienean, ondare publikoa hondatzen duenean eta, orobat, ibilgailu hori eremu publikoan abandonatua dagoela uste denean.
b) Istripuren bat izan eta abiatu ezinik gelditzen denean.
c) Ibilgailua bera hondatu delako ibilgetzen denean.
d) Arau haustea dela-eta ibilgailua ibilgetuta, arau hausleak ez badu frogatzen bere ohiko bizilekua lurralde espainiarrean duela eta isunaren zenbatekoa ez ordaintzera edo haren ordainketa ez bermatzera tematzen denean.
e) Ibilgailua aparkatze murriztuko eremuan aparkatuta dagoenean, baimena ematen duen indarreko txartela jarri gabe, edo jarritako txartela bat ez datorrenean. Berrerortzea badago, ibilgailu bera 3 aldiz edo gehiagotan zehatu bada, edo salaketa jarri ondoren 48 ordu baino gehiago igaro badira ibilgailua lekutik mugitu gabe, erretiratu eginen da.
f) Ibilgailua bide lerroetan edo zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako soilik erreserbatutako zatietan aparkatuta dagoenean.
g) Edukiontziak husteko lanak oztopatzen dituenean.
h) Legez ibilgailua ibilgetu behar eta hura egiteko manerarik ez dagoenean ibilgailu edo jendeen ibilia trabatu gabe.
i) Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorrean hala jasota dagoenean.
61. artikulua. Arriskua eta trafikoa larriki trabatzea.
Aipatze aldera, honelakoetan ulertuko da ibilgailua arrisku eta trafikoa larriki trabatzeko egoeran dagoela eta, beraz, hura kentzeko arrazoiak daudela:
a) Gelditzea debeku den toki batean aparkatuta dagoenean.
b) Ibilgailua bigarren ilaran eta gidaririk gabe aparkatuta dagoenean.
c) Kantoi baten ertzetik edo izkina baten mutur edo eskuadratik zati bat aterata, beste gidariak maniobra arriskutsuak egitera behartzen dituenean.
d) Oinezkoen pasabide seinalatu batean edo urritu fisikoak pasatzeko espaloi beheratzean aparkatua dagoenean.
e) Ordutegi erreserbatuaren barnean pasabide bat osorik edo partez okupatzen duenean.
f) Zamalanetarako tokietan aparkatua dagoenean, haiek erabiltzen diren orduetan eta halako lanak egin gabe. Urte osoan, astearteetako 00:00etatik 17:00etara, azoka txikiaren kokalekua eta behar bezala seinaleztatutako perimetro eremua zamalanetarako eremutzat hartuko dira, eta debekatuta egonen da gelditzea eta aparkatzea azokatik eta haren funtzionamendutik kanpoko pertsona guztientzat.
g) Garraio publikorako geraleku seinalatu eta mugatu batean aparkatua dagoenean.
h) Larrialdiko edo segurtasuneko zerbitzuentzat erreserbaturiko tokian aparkatua dagoenean.
i) Desgaitasuna dutenentzako toki erreserbatuan aparkatua dagoenean.
j) Bidean doazen gainerako erabiltzaileei trafiko seinaleak ikustea eragozten dienean.
k) Biraketa eragotzi edo hura egiteko maniobrak egitera behartzen duenean.
l) Bide batetik heldu diren gidariei beste bidea ikustea trabatzen dienean.
m) Eraikin bateko sarrera osorik nahiz zati bat oztopatzen duenean.
n) Galtzadan aparkaturik egonda zirkulazioa trabatzen duenean.
o) Bizitegi eremu batean baimendutako orduetatik kanpo aparkatua dagoenean, espresuki baimendutako aparkalekuetan izan ezik.
p) Bizitegi eremuetan apartaturik dagoenean, seinaleen edo bideko marken bidez berariaz adierazitako tokietatik kanpo.
q) Asfaltatu gabeko landetan edo gisakoetan aparkatua dagoenean, hara sartzeko modu bakarra espaloietan barna baldin bada.
r) Lorategien aldean aparkaturik dagoenean.
s) Garraio publikorako erreserbaturiko bide lerroetan aparkaturik dagoenean.
t) Taxien geralekuetan aparkaturik dagoenean.
u) Betiere, aurreko kasuetan bezala, arriskua edo zirkulazioari zein zerbitzu publikoen funtzionamenduari eragozpen larria sortzen zaienean.
v) Espaloi, nasa, babesgune, pasabide, ziklisten pasabide, bizikleta bide edo zoladuran zerrendak pintatuta dauden tokietan aparkatua dagoenean, osorik nahiz partez, espresuki baimenduta dagoenean izan ezik.
w) Espaloi, nasa, babesgune, pasabide, ziklisten pasabide, bizikleta bide edo zoladuran zerrendak pintatuta dauden tokietan aparkatua dagoenean, osorik nahiz partez, espresuki baimenduta dagoenean izan ezik.
Ebatsia denean edo, behar bezala frogaturik, ibilgailua titularraren borondatearen kontra bestela erabiltzen denean izan ezik, ibilgailua kentzen bada, horren ondoriozko gastuak titularraren kontura izanen dira, eta horiek ordaintzea edo haien ordainketa bermatzea aldez aurreko baldintza izanen du ibilgailua itzuliko bazaio. Horrek ez du deusetan ukatzen errekurtsoa aurkezteko duen eskubidea, ezta gastu horiek istripua eragin, ibilgailua abandonaturik utzi edo arau haustea egin duen lagunari kobratzea ere, egitate horietariko batengatik eraman badiote ibilgailua.
62. artikulua. Bestelako kasuak.
Arau hausterik egon gabe ere, bide publikotik ibilgailuak kentzen ahalko dituzte kasu hauetan:
a) Behar bezala baimendutako ekitaldi publiko bat egiteko erreserbatua dagoen toki batean aparkaturik daudenean.
b) Bide publikoa garbitu, konpondu, kontserbatu edo hartan seinaleak paratu ahal izateko ibilgailuak kendu beharra dagoenean.
c) Larrialdietan.
Inguruabar horiek lehenbailehen ohartarazi beharko dira, eta baimendutako tokirik hurbilenera eramanen dira ibilgailuak, edo udal gordailura, eta titularrei non dauden jakinaraziko zaie.
Eramateak ez du inolako ordainketarik sorraraziko, ibilgailua noranahi eramanda ere.
63. artikulua. Kentzeko lanak bertan behera uztea.
Baldin eta, tasa sortzen duen arrazoiren batengatik ibilgailua bide publikotik kentzeko lanak hasita, gidaria agertzen bada, bertan behera utziko dira lan horiek, betiere, aldez aurretik ordaintzen bada Barañaingo Udalaren udal ordenantza fiskalean jasotzen den tasa.
VI. TITULUA.–KULTUR EDO KIROL EKITALDIEKIN ZERIKUSIA DUTEN EREMU PUBLIKOKO JARDUKETAK
64. artikulua. Baimenak.
Ordenantza honen xede diren bideak okupatzeko, udalaren, alegia, udal organo eskudunaren, aldez aurreko baimena beharko da eta ezinbestekoa izanen da Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorraren II. eranskinean (kirol probei, bizikleta martxei eta bestelako gertaerei buruzkoan) ezarritakoa betetzea, udal agintaritzak adierazitako arau propioak betetzeaz gain. Baimendutako probak bete beharreko baldintza bereziak agertuko dira baimenean, eta titularrak derrigorrez bete beharko ditu.
65. artikulua. Baimena eskatzea.
Interesdunak jardueraren aurreikusitako data baino gutxienez 2 hilabete lehenago eskatu beharko du bide publikoa okupatzeko baimena, baldin eta, izanen duen tamainagatik udaleko langileek ezohiko zerbitzu bat eskaintzea beharrezkoa bada, eta ez bada nahikoa ohiko zerbitzuarekin.
Eskaera Herritarren Segurtasunaren eta Bizikidetzaren Arlora bidalitako eskabide normalizatu baten bidez formalizatuko da, eta bertan adierazi beharko da zein gertaera mota den eta zenbat iraunen duen, baita ibilbidea eta okupatu beharreko eremuak erakusten dituen plano xehatu bat erantsi ere.
66. artikulua. Baimena ematea.
Baimena udal organo eskudunak emanen du.
Espedientea izapidetzen den bitartean, baimena emateko eskatzen diren segurtasun neurriak edo bestelako inguruabarrak zehaztuko dituzte teknikariek, eta eskatzaileak onartu egin beharko ditu, baimena eman aurretik.
67. artikulua. Laguntza langileen eskakizuna.
Antolatzaileei laguntza langileak izatea eskatzen zaien kirol proben kasuan, zuzendari betearazlearen lanak eginen dituen pertsona bat izendatu beharko da, eta bide segurtasunaren arduradun bat. Azken horrek bete beharreko baldintzak eta funtzioak Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorraren II. eranskinean azaltzen dira.
Jarduera garatzen den bitartean ordena eta kontrola mantenduko duten laguntza langileen kopurua behar adinakoa izan beharko da.
Proba baino lehenago, aurrerapen nahikoarekin, Barañaingo Udaltzaingoak zerbitzuaren argibideak emanen dizkie antolatzaileei, eta bertan adieraziko dira laguntza langileek bide mozketen edo saihesbideen kasuan dituzten betebeharrak, baita proba behar bezala garatzeko jarraibide egokiak.
68. artikulua. Bide segurtasunaren arduraduna.
1. Bide segurtasunaren arduraduna laguntza langile guztiez arduratuko da eta pertsona bakoitzari zehatz-mehatz adierazi beharko dio zein den egin behar duen funtzioa, Udaltzaingoak ezarritako zerbitzuaren arabera.
2. Proba hasi aurretik, eta aurrerapen nahikoarekin, laguntza langileek postu guztiak bete dituztela eta pertsona guztiek haien eginbeharra ezagutzen dutela ziurtatuko du segurtasunaren arduradunak. Hala bada, Barañaingo Udaltzaingoaren operatiboaren arduradunari jakinaraziko dio.
3. Udaltzaingoaren operatiboaren arduradunak izanen du antolatzaileei proba hasteko baimena dutela jakinarazteko ardura; izan ere, proba ez baita hasten ahalko udaltzainen nahiz laguntza langileek bete beharreko postu guztiak beteta egon arte.
69. artikulua. Fidantza.
Kirol probak, bizikleta ibilaldiak eta bestelako ekitaldiak baimentzeko, fidantza ezarriko zaie eskatzaileei. Hala, materiala lagatzea eskatuz gero, Barañaingo Udalak lagatakoa (hesiak, konoak, seinaleak...) mantendu eta birjarriko da, edo, bestela, hiri altzariek edo bide publikoak jasaten ahal dituen kalteak konponduko dira, Barañaingo Udalaren ordenantza fiskaletan oinarrituta.
2. Beharrezkoa izanez gero antolatzaileek galtzadan markak egitea, aglomeratu asfaltikozko zoladuraren gainean soilik eginen dira eta inoiz ez beste mota bateko zoladuraren gainean. Halaber, egun gutxiren ondoren ezabatzen den pinturarekin egin beharko dira.
70. artikulua. Lekua erreserbatzea.
1. Beharrezkoa izanez gero lekua erreserbatzea eta, horren ondorioz, aparkatzeko eremuak okupatuko badira, hogeita lau ordu lehenago seinalatu beharko da kaltetutako eremua.
Aparkatzeko debekuaren seinaleari legenda bat gehitu beharko zaio, okupazioaren arrazoia eta iraupena adieraziko dituena. Gertaeraren antolatzaileari lekuaren erreserba egitea eskatzen ahal dio Barañaingo Udalak, eta haren ardura izanen da hura mantentzea.
2. Erreserba seinaleztatzean aparkatuta dauden ibilgailuek bertan jarraitzen badute 24 ordu igaro ondoren, beste eremu batzuetara edo udal gordailura eramanen dira garabi zerbitzuaren bidez. Ez zaie salaketa paratuko bidegabeki aparkatzeagatik.
3. Baimenak eragiten dien eremuak garbitu eta behar bezala seinalatu ondoren, eremu horietan aparkatzen duten ibilgailuei salaketa jarriko zaie bidegabeki aparkatzeagatik eta bertatik kenduko dira garabi zerbitzuaren bidez. Gainera, zerbitzu horren erabilerak eragiten ahal dituen gastuak ordaindu beharko ditu.
71. artikulua. Ibilbidearen seinaleztapena.
1. Ibilbidea seinaleztatzeko ardura antolatzaileak izanen du, eta berak ekarri beharko du beharrezko materiala. Seinaleztatze hori edo hesien, konoen edo bestelako elementuen bidez balizajea Udaltzaingoak ikuskatuko du gertaera hasi aurretik.
Ibilbidearen aurretik trafikoa mozteko edo saihesbideak ezartzeko beharra dagoen tokietan soilik jarriko ditu seinaleak Udaltzaingoak, trafikoak ez dezan eraginik izan ibilbidean.
72. artikulua. Baldintzak ez betetzea.
Baimenean ezarritako baldintzak ez betetzeak, halaber, hura kentzea eta dagokion zehapen espedientea irekitzea ekarriko du.
VII. TITULUA.–ALDI BATERAKO APARKATZE MURRIZTUKO EREMUA (AAME)
73. artikulua. Izaera eta xedea.
Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legean, Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorrean, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean eta Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean ezarritakoaren arabera, udalerriak gaituta daude hiri bideen erabilera xedapen orokorren bidez kontrolatzeko eta zenbait eremutan ibilgailuak aparkatzeagatiko tasak eskatzeko. Barañaingo udalerriko trafikoa hobetzeko beharra kontuan izanda, erabilera publikoko bide eta aparkalekuetako ibilgailuen aparkaleku kontrolatuen erregulazio funtzional espazial eta tenporalaren bidez, eta erabiltzaile guztien artean aparkatzeko aukeraren banaketa ekitatiboa bateragarri eginda, VII. titulu honetako hurrengo artikuluetan azaltzen diren aparkaleku kontrolatu eta murriztuak arautzeko xedapenak ezartzen dira.
I. KAPITULUA.–DEFINIZIOA, APLIKAZIO EREMUA ETA FUNTZIONAMENDU ARAUA
74. artikulua. Definizioa.
Xedapen hauen bidez jartzen dira arauak aldi baterako aparkatze murriztuaren zerbitzurako, Barañaingo udalerriko 1. eremurako, jarraian zehaztuko den moduan, eta aldi baterako aparkatze murriztuko eremua deituko da (AAME laburtuta).
AAMEan, indarrean dagoen gaikuntza txartela erakusten duten ibilgailuek bakarrik aparkatzen ahalko dute, denbora mugarik gabe, horretarako ezarritako ordutegian.
Aparkatze arautuko ordutegietatik kanpo, libre izanen da AAMEan aparkatzea.
75. artikulua. Seinaleak.
AAMEa behar bezala seinaleztatuta egonen da, bai bertikalki, bai horizontalki, trafikoari eta bide segurtasunari buruzko araudiaren arabera.
Aparkalekuak lerro berde batez mugarrituko dira.
76. artikulua. Lurralde eremua.
Aldi baterako aparkatze murriztuko eremuak hirigune osoa hartzen du, alderdi hauek izan ezik:
1. Barañaingo ingurabideak Kirol etorbidearekin bat egiten duen gunetik industrialderaino, bai jaisteko bai igotzeko erreian.
2. Industrialdeko kale guztiak.
3. Zizur Zendearen ingurabideak Madrilgo Komunitatea kalearekin eta Extremadurako Komunitatea kalearekin (kalearen bi aldeetan) bat egiten duen guneetan.
4. Haraneko etorbideak, Eultzako etorbideak eta Valentziako Komunitatea kaleak mugatutako lurzatia (azoka txikiko landa), urteko astearte guztietan izan ezik (jaiegunetan izan zein ez), 00:00etatik 17:00etara, egun horretan azoka txikia egiten delako.
5. Zizur Zendearen ingurabideko 52-58 zenbakien parean dagoen aparkatzeko poltsa.
6. Erdiko etorbideko mehelinari dagokionez (erantsitako planoan ageri da), 20:00etatik 08:00etara aparkatzen ahal da horretarako eremuan. Eremu horretan seinale zutikakoak eta etzanak egonen dira, eta lerro gorri jarraitu batez mugarrituko da.
Modu berean, 1. eremuaren barruan aparkatze murriztuko eremu bereziak ezartzen dira indarreko gaikuntza txartela duten ibilgailuentzat. Erregulazio ordutegia etengabea izanen da eguneko 24 orduetan, asteko 7 egunetan. Espazio horiek behar bezala seinaleztatuta egonen dira.
Teknikari eskudunak proposatuta eta egiten den lehen bileran Informazio Batzordeari jakinarazita, aurretik ohartarazterik izan ez bada, AAMEaren lurralde eremua murriztu edo handitzen ahalko da aldi baterako, alkatearen ebazpen bidez. Behin betiko eginez gero, ordenantza hau aldatu beharko da, legez ezarritako prozeduraren arabera.
77. artikulua. Denbora eremua.
Oro har, honako egun eta ordu hauek ezartzen dira aparkatze murriztuaren funtzionamendurako:
–Lanegunak:
- Asteleheneko 21:00etatik astearteko 10:00etara, murriztua.
- Astearteko 21:00etatik asteazkeneko 10:00etara, murriztua.
- Asteazkeneko 21:00etatik osteguneko 10:00etara, murriztua.
- Osteguneko 21:00etatik ostiraleko 10:00etara, murriztua.
- Ostiraleko 21:00etatik larunbateko 10:00etara, murriztua.
- Igandeko 21:00etatik asteleheneko 10:00etara, murriztua.
–Asteburua:
- Larunbateko 10:00etatik igandeko 21:00etara, libre.
Jaiegunak eta Barañaingo Udalak jaiegun gisa markatutako egunak jaiegunetarako ezarritakoaren arabera arautuko dira, hau da, jaiegunaren bezperako 10:00etatik azken jaieguneko 21:00etara, libre.
Teknikari eskudunak proposatuta eta egiten den lehen bileran Informazio Batzordeari jakinarazita, aurretik ohartarazterik izan ez bada, AAMEaren denbora eremua murriztu edo handitzen ahalko da denbora jakin baterako, alkatearen ebazpen bidez. Behin betiko eginez gero, ordenantza hau aldatu beharko da, legez ezarritako prozeduraren arabera.
78. artikulua. Kontrola.
Bide segurtasunari buruzko araudian ezarritakoari jarraikiz, eta xedapen hauek betetzen direla bermatzeko, kontrol zerbitzu bat ezarriko da, beharrezko baliabide material, tekniko eta pertsonalez hornitua.
Egindako arau hausteak kontrolatzea eta formulatzea Barañaingo Udaltzaingoari edo Barañaingo Udalak izendatutako langileei dagokie.
79. artikulua. Baimen txartela emateagatiko tasa.
AAMEan aparkatzeko baimena ematen duen txartela emateagatiko tasaren zenbatekoa dagokion ordenantza fiskal arautzailean zehaztuko da.
Txartel bat ematen den bakoitzean, ordaindu egin beharko da.
80. artikulua. Gainerako seinaleztapenen baliozkotasuna.
Aldi baterako aparkatze murriztuko eremuaren barruan, lehentasunez indarrean jarraituko du ukitutako eremuko puntu zehatz bakoitzean kokatuta dagoen seinaleztapen mugatzaile espezifikoak (baimendutako ordutegian zamalanetarako erreserbatutako egungo espazioak, gelditzeko eta aparkatzeko debekua duten lekuak, 24 orduz egoiliarrentzat diren eremuak, etab.), etorkizunean gerta litezkeen aldaketekin (handitzeak, murrizketak, sorkuntza berria, ezabatzea, etab.).
81. artikulua. Bazterketak.
Eremu murriztuan aparkatzeko muga edo murrizketatik kanpo geratzen dira:
a) Eremuaren barruan gaikuntza txartela indarrean duten ibilgailuak; txartela ongi ikusi behar da.
b) Bizikletak, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak, motozikletak eta ziklomotorrak, hiru eta lau gurpilekoak izan ezik; horretarako egokitutako lekuetan aparkatu beharko dute, eta ez dira inolaz ere ibilgailuentzat gordetako eremuetan aparkatzen ahalko.
c) Zamalanak egiten ari diren ibilgailu komertzialak, horretarako esleitutako eremu eta ordutegietan.
d) Auto-taxi ibilgailuak eta gidaria duten errentamendu ibilgailuak zerbitzu profesionalak dira, gidaria bertan dagoenean, gidatzen ari denean eta zerbitzuan dagoenean.
e) Hileta autoak, zerbitzua ematen ari direnean.
f) Funtsezko edo larrialdiko zerbitzuak ematen ari diren ibilgailuak; adibidez, anbulantziak, suhiltzaileak, larrialdiak, Gurutze Gorria, DYA, osasun langileak eta poliziak.
g) Desgaitasunen bat duten pertsonentzako erreserba berezietan aparkatzeko baimena duten ibilgailuak, betiere titularrak erabiltzen badu.
h) Hoteletako, zentro ofizialetako eta abarretako erreserbatuetan aparkatzeko baimendutako ibilgailuak, horretarako erreserbatutako eremu eta ordutegietan.
i) Larrialdiko merkataritza zerbitzuetako enpresen ibilgailuak, zerbitzua ematen ari direnean.
j) Zerbitzu publikoei atxikitako ibilgailuak, zerbitzua ematen ari direnean; behar bezala errotulatuta edo identifikatuta egon behar dute.
k) Udalaren aldi baterako baimena duten beste ibilgailu batzuk.
82. artikulua. Txartelaren kokapena eta baliozkotasuna.
Gaikuntza txartela ibilgailuaren aurreko haizetakoaren barrualdean jarri beharko da, kanpotik ongi ikusteko moduan. Bertan agertzen den urterako balioko du, eta eskatzen den ibilgailuarena baino ez da.
Alkatearen ebazpenez eta behar bezala arrazoitutako arrazoiengatik, txartelaren balio epea luzatzen ahal da.
83. artikulua. Datu aldaketa.
Txartela jasotzen duten eskatzaileak txartelaren erantzule izanen dira, eta egoitza edo ibilgailua aldatzen badute edo txartela jasotzeko eskubidea izateko edozein baldintza aldatzen bada, udalari jakinarazi beharko diote.
84. artikulua. Txartelaren kopiak egitea.
Txartela lapurtu edo galdu bada, udalari horren berri eman beharko zaio. Kasu horretan, txartelaren kopia eginen da, dagokion tasa ordaindu ondotik.
Txartela hondatzen bada, edo paragrafo honetan eta aurrekoan deskribatutakoen antzeko beste edozein inguruabarren kasuan, berria lortzeko nahitaezkoa izanen da txartel zaharra entregatzea berria jasotzen den unean eta kasu bakoitzean ezartzen den tasa ordaintzea.
85. artikulua. Eskakizunak egiaztatzea.
Udalak edozein unetan egiaztatzen ahalko du ofizioz txartelak emateko ezarritako eskakizunak betetzen direla. Betetzen ez dituztenak baliogabetu eginen ditu, alde batera utzi gabe egoki izan daitezkeen beste hainbat neurri edo zehapen.
Aparkatzeko baimen txartelak bidegabe erabiltzen badira, baliogabetu egiten ahal dira, ezertan eragotzi gabe legez dagozkion zehapenak ezartzea.
II. KAPITULUA.–GAIKUNTZA TXARTELA LORTZEKO ESKAKIZUNAK
I. ATALA.–EGOILIARRAK
86. artikulua. Egoiliarren eskakizunak.
Egoiliar baimenduek ibilgailua ordutegi mugarik gabe aparkatzen ahalko dute egokitutako eremuetan.
Txartela lortzearen harira, honako eskakizun hauek betetzen dituenak izanen du egoiliar izaera:
1. Pertsona fisikoa izatea eta Barañainen erroldatuta egotea. Txartela eskatzen den ibilgailuak eskatzailearen izenean egon behar du, edo eskatzaileak haren ohiko gidaria izan behar du.
2. Ibilgailua Barañaingo trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren (zirkulazio zerga) errolda fiskalean alta emanda izatea edo bertan sartzeko eskaera egin izana.
3. Ibilgailuaren nahitaezko asegurua indarrean izatea eta ibilgailuen azterketa teknikoaren (IAT) aldeko txostena izatea, nahitaezkoa denean.
4. Txartela eskatzen denean Barañaingo Udalean trafikoko zehapenik bete gabe ez izatea eta udal zerga eta betebeharren ordainketa egunean izatea.
5. Dagokion tasa ordaindu izana.
Aparkatzeko gaikuntza txartela lortzeko, interesdunek eskabidea aurkeztu beharko dute, eredu ofizialean, udalari zuzenduta, eta aipatu eskakizunak bete beharko dituzte.
87. artikulua. Enpresa ibilgailuak dituzten egoiliarrak.
Gainera, gaikuntza txartela eskuratzen ahal dute araututako eremuan egoitza batean erroldatuta dauden egoiliarrek, baldin eta beren lan edo enpresa jarduera burutzeko egoitza horri atxikitako ibilgailu bat erabili ohi badute. Horretarako, txartel eskaera bat aurkeztu beharko dute, eredu ofizialean, udalari zuzenduta, eta ibilgailua enpresarena dela eta erroldatutako pertsonari atxikita dagoela egiaztatu beharko dute. Oro har, txartel bakarra emanen da pertsona bakoitzeko.
Txartela duten egoiliarrek araututako eremuko plaza libreetan aparkatzen ahal dute, ordu mugarik gabe. Eremu horretatik kanpo, egoiliarrek aparkalekuak erabiltzeko arau orokorrak bete beharko dituzte.
II. ATALA.–PERTSONA FISIKOAK; JURIDIKOAK ETA SOLDATAPEKOAK
88. artikulua. Pertsona fisiko, juridiko eta soldatapekoen betekizunak.
Xedapen hauetan araututako aldi baterako aparkatze murriztuko eremuan barruan aparkatzeko baimena ematen dien txartela eskuratzen dute Barañainen merkataritza, industria, lanbide edo zerbitzu jarduera bat egiten duten pertsona fisiko edo juridikoek, betekizun eta muga hauekin:
1. Jarduera horretarako jarduera ekonomikoen zergan alta emanda egon beharko dute, baita establezimendua kokatuta dagoen lekuan ere.
2. Jarduera eremu arautuan gauzatu beharko da.
3. Lokalak irekitzeko dagokion baimena izanen du.
4. Ibilgailua jardueraren titularraren izenean egonen da, edo hari atxikita. Behar bezala aseguratuta egonen da, eta azterketa teknikoan egunean izanen du.
5. Txartel bat emanen da establezimendu edo jardueraren titular bakoitzeko. Jardueran aritzeko ibilgailu bat baino gehiago izanez gero, txartel gehiago emateko aukera aztertuko da.
6. Txartela eskuratu aurretik ordenantza honen arabera ezarritako tasa ordaindu beharko da.
7. Merkataritza, industria, lanbide edo zerbitzu jarduerako txartelaren titularrek arau honetako aurreko artikuluetan egoiliarrentzat jasotzen diren eskubide eta betebehar berberak izanen dituzte.
Aparkatzeko gaikuntza txartela lortzeko, interesdunek eskabidea aurkeztu beharko dute, eredu ofizialean, udalari zuzenduta, eta aipatu eskakizunak bete beharko dituzte.
Merkataritza, industria edo lanbide jardueretan soldatapeko gisa (besteren kontura) lan egiten duten pertsona fisikoek denbora mugatuarekin (merkataritza ordutegia) aparkatzeko baimena ematen dien txartela eskuratzen ahal dute aparkatze murriztuko eremuaren barruan, betekizun eta muga hauekin:
1. Jarduera eremu arautuan gauzatu beharko da.
2. Soldatapekoak lan egiten duen enpresak egin beharko du eskaera urtero.
3. Eremu arautuan indarreko kontratua duen saltokia edo negozioa izatea.
4. Ibilgailua soldatapekoaren izenean egonen da, edo Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren datu basean ohiko gidari gisa agertuko da. Horrez gain, behar bezala aseguratuta egonen da, eta azterketa teknikoa egunean izanen du, nahitaezkoa denean.
5. Ordutegi arautuan lan egiten duten soldatapeko adina txartel emanen dira.
6. Txartela eskuratu aurretik ordenantza honen arabera ezarritako tasa ordaindu beharko da.
89. artikulua. Txartel bereziak eta aldi baterako baimenak.
1. Gaikuntza txartel bereziak.
Udalak gaikuntza txartel bereziak ematen ahal ditu honako kasu hauetan (gainerakoen baldintza berberetan erabiliko dira):
a) Ikasleak. Ikasketak direla-eta Barañainen bizi direnean. Eskaerarekin batera ikasketen matrikula aurkeztu eta Barañainen bizi direla egiaztatu beharko dute.
b) Saltokiak, enpresak edo profesionalak, bezeroek erabiltzeko. Merkataritza, lanbide edo lan jarduerak ordutegi murriztuan edo banakako hitzorduen bidez egin behar direnean soilik. Aparkatzeko gehienez hiru txartel emanen dira.
c) Hezkuntzako, osasuneko eta beste erakunde publiko batzuetako langileak. Ikastetxeetan, osasun zentroetan edo beste erakunde publiko batzuetan lan egiten duten langileak, lantokiek emandako dokumentazioaren arabera.
d) Senideei laguntzeko, denbora mugarik gabe. Medikuaren txostenaren bidez behar bezala justifikatu beharko da.
e) Udal langileak eta udalbatzako kideak.
Txartel horien onuradunek tasa ordaindu beharko dute ordenantza honetan ezarritakoaren arabera.
2. Aldi baterako baimenak.
Aurreko artikuluetan babesten ez diren aparkatzeko premia egoerak aztertuta, Udaltzaingoak salbuespenezko edo aldi baterako baimenak ematen ahal ditu honako kasu hauetan:
a) Txartela duen ibilgailua matxurengatik ordezteko ibilgailuak. Konponketa tailerraren egiaztagiria aurkeztu beharko da.
b) Obretako ibilgailuak, dagokion obra lizentzia lortu denean.
c) Senideei laguntzeko ibilgailuak, epe labur baterako; medikuaren txostena aurkeztu beharko da.
d) Osasun zentrora joateko ibilgailuak.
e) Bestelakoak; kasu zehatzaren espezifikotasunaren arabera baloratu daitezke.
Baimen horiek emateko, ez da ordaindu beharko ezarritako tasa.
90. artikulua. Txartelak berritzea.
Udalak, dagozkion egiaztapenak egin ondoren, ofizioz berrituko ditu egoiliarrei eta Barañainen merkataritza, industria, lanbide edo zerbitzu jarduera bat egiten duten pertsona fisiko edo juridikoei emandako txartelak, eta dagokion tasa sortuko da. Txartelaren titularrak berritzeko interesik ez badu, udalari jakinaraziko dio zerga ekitaldia akitu baino lehen.
VIII. TITULUA.–ARAU HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK. ZEHAPEN PROZEDURA
91. artikulua. Arau hausteen tipifikazioa.
Ordenantza honetako arau hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.
Arau hauste arintzat hartuko da ordenantza honetan xedatutakoa ez betetzea, baldin eta trafikoari buruzko araudian edo aplikatzekoa den beste araudi batean astuntzat edo oso astuntzat kalifikatuta ez badago.
Arau hauste astuntzat edo oso astuntzat joko dira trafikoari buruzko araudian edo aplikatzekoa den beste lege araudi batean halakotzat kalifikatutakoak.
Erregulazioaren espezifikotasuna dela-eta, AAMEko arau hausteak eta zehapenak berariaz ezartzen dira mugikortasunari buruzko ordenantza honen 92. eta 93. artikuluetan.
Arau hausteak sortutako arriskuaren arabera sailkatu eta mailakatuko dira.
92. artikulua. AAMEko arau hausteak.
Arau hausteak astunak edo arinak izaten ahal dira.
1.–AAMEan, arau hauste astuntzat hartuko dira hauek:
a) Manipulatutako edo faltsututako aparkaleku txartelak erabiltzea, hori egitea delitua ez denean.
b) Aparkatzeko txartela edo aparkatzeko baimen bereziak edo aldi baterakoak lortzeko eskatzen diren datuak edo agiriak ezkutatzea, manipulatzea edo faltsutzea, hori egitea delitua ez denean.
c) Titularrak aparkatzeko txartela beste batzuei lagatzea.
2.–AAMEan, arau hauste arintzat joko dira hauek:
a) Indarreko gaikuntza txartelik gabe aparkatzea.
b) Txartelak bidegabe erabiltzea.
c) Indarrean dagoen gaikuntza txartela ez paratzea ongi ikusteko moduan, ordenantza honetan ezarritako moldean.
d) Motozikletak, ziklomotorrak, bizikletak, MPIak edo patineteak aparkatzea haientzat berariaz egokitutako lekuetatik kanpo.
e) AAMEko jokabide arauen aurkako beste edozein ekintza edo ez-egite, berariaz astuntzat tipifikatuta ez badago.
93. artikulua. Zehapenak.
1.–Aldi baterako aparkatze murriztuko eremua (AAME).
Arau hauste arinak 80 euroko isunarekin zehatuko dira.
Arau hauste astunak 200 euroko isunarekin zehatuko dira.
2.–Gainerako zehapenak:
Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak, Trafikoko eta Bide Segurtasuneko indarreko araudiaren zehapen araubidea aplikatuta, bere zehapen kodeetan ezartzen dituen zenbatekoak izanen dituzte zehapenek.
94. artikulua. Zehapen prozedura.
Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruz indarrean dagoen araudian ezarritakoa izanen da ordenantza honetan araututako arloan jarraitu beharreko prozedura, eta bertan ezartzen ez den guztian Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen indarreko araudia aplikatuko da.
Beraz, ibilgailua ibilgetu, kendu eta gordailutzen ahal da, bai eta gainerako behin-behineko neurriak hartu ere, trafikoari eta bide segurtasunari buruzko estatuko araudian aurreikusitako kasuetan.
95. artikulua. Zehapen araubidea.
Erabiltzaileek egin ditzaketen arau hausteak Udaltzaingoaren agenteak edo ordenantza honetan jasotako araudia betetze aldera udalak izendatutako pertsonak zehaztuko ditu.
Hori guztia, alde batera utzi gabe trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko legean ezarritako irizpideen arabera egiten ahal den zehapen mailaketa.
96. artikulua. Goiz ordaintzea.
Ordenantza hau hausteagatiko isunak % 50eko deskontuarekin ordaintzen ahal dira, salaketa jakinarazten denetik hogei egun naturaleko epean.
Isuna % 50eko deskontuarekin ordainduz gero, ez da alegaziorik aurkezten ahalko eta prozedura akituko da, berariazko ebazpenik eman beharrik gabe. Nolanahi ere, dagozkion errekurtsoak paratzen ahalko dira.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.–Bi urtean behin, ordenantza honetan araututako eremuaz arduratzen den arloak, berdintasun arloaren laguntza teknikoarekin, genero azterketa eta azterlan bat eginen du. Bertan, datu propioak eta beste administrazio edo erakunde publiko batzuek emandakoak jasoko dira, Barañaingo herritarren mugikortasun motari buruzko diagnostiko erreala eta egungoa lortzeko, bai eta mugikortasun horren premia zehatzei buruzkoa ere.
Genero azterlanaren emaitzek Barañaingo udal mugartean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bermatzen eta diskriminazio anizkoitzeko edozein egoera prebenitzen lagunduko duten genero arloko beharrezko neurri guztiak jaso beharko dituzte. Bertan jasotako beharrezko neurriak urtebeteko epean hartu beharko ditu udalerriak.
Genero azterlan hori hilabeteko epean bidaliko die Barañaingo Udalak ukitutako administrazio publikoei, baldin eta Barañaingo herritarrei zerbitzuak eskaintzen badizkiete edo mugikortasunarekin lotutako eskumenak badituzte. Erakunde horiek neurriak baloratu eta haien jarduera eta politika publikoetan zeharka txertatuko dituzte.
AZKEN XEDAPENA
Bai ibilgailuak homologatzeko parametroen aldetik, bai gehieneko abiaduren aldetik, bai etorkizunean Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak ezarri beharreko araudiaren mendeko eta hemen adierazitakoekin kontraesanean egon daitekeen beste edozein magnituderen aldetik, une bakoitzean indarrean dagoena araudia Trafikoko Zuzendaritza Nagusiarena dela ulertuko da, hargatik eragotzi gabe udalak erregelamendu bidez beste parametro murriztaileago batzuk ezartzeko izaten ahal duen gaitasuna.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Ordenantza hau indarrean jartzean hasitako prozedura eta espedienteei ez zaizkie ordenantzaren xedapenak aplikatuko. Bere garaian aplikagarri zen araudiaren arabera arautuko dira.
Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen ezaugarriei buruzko eskuliburuaren 33. atalean ezarritakoari jarraikiz, araubide iragankor bat aplikatuko da 2024ko urtarrilaren 22a baino lehen merkaturatutako eta ordenantza honetako 17. artikuluan eskatutako ziurtagiria ez duten MPIek zirkulatzen jarraitu ahal izateko data horren ondorengo 5 urteetan. Epe hori akitutakoan, debeku izanen dute udalerriko zeinahi bidetan barna zirkulatzea.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Ordenantza honetan xedatutakoaren aurkako udal xedapen guztiak indargabeturik gelditzen dira, eta bereziki Barañaingo Trafiko Ordenantza, udal honek 1999ko martxoaren 25ean egindako osoko bilkuran onetsia (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 55 zk., 1999ko maiatzaren 5ekoa).
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.–Beste udal ordenantza eta araudi aplikagarri batzuetara jotzea.
Ordenantza honetan aurreikusten ez den guztirako, aplikagarriak diren beste ordenantza eta xedapen guztietan ezarritakoa bete beharko da.
Bigarrena.–Indarrean jartzea.
Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean, Administrazio Lokalari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluen arabera.
TERMINOEN GLOSARIOA
–Espaloia: errepidearen edo kalearen luzetarako eremua, goratua edo ez, oinezkoak ibiltzeko.
–Jendetza biltzea: dokumentu honen ondorioetarako, jendetza bildu dela ulertuko da bizikletaren eta oinezkoen artean 1,5 m-ko tartea gorde ezin denean, edo lerro zuzenean bost metro jarraian zirkulatu ezin denean.
–Galtzada: oro har ibilgailuak zirkulatzeko erabiltzen den errepidearen edo kalearen zatia da.
–Erreia (galtzadakoa): galtzadaren azpibanaketa izan daitekeen luzetarako zerrenda, luzetarako bide marrek mugatzen dutena edo ez, betiere motozikletak ez diren automobilen ilara batek zirkulatu ahal izateko adinako zabalera badu.
–Erreserbatutako erreia: errei horretatik ibilgailu jakin batzuek bakarrik zirkulatzen ahalko dute, bertan ezarritako seinaleen arabera.
–Ziklo-kalea: zirkulaziorako errei bakarra duten eta seinaleen bidez gehieneko abiadura 30 km/h edo gutxiagora mugatzen duten galtzadak, abiadura edo zirkulazioaren intentsitatea murrizteko neurri gehigarriak izaten ahal dituztenak, non bizikleta trafikoak lehentasuna izanen duen.
–Pasealekua: oinezkoak ibiltzeko eremua, errepide edo kale batekiko luzetara ez dagoena.
–Ziklisten pasabidea: kale bat gurutzatzeko lekua, behar bezala seinaleztatua, non ziklistek lehentasuna duten.
–Oinezkoen pasabidea: kale bat gurutzatzeko lekua, behar bezala seinaleztatua, non oinezkoek lehentasuna duten. Ziklistek oinez zeharkatu beharko dituzte.
–Oinezkoa: gidaria izan gabe, dokumentu honetan aipatzen diren bideetatik edo lursailetatik igarotzen den pertsona. Oinezkoak dira, halaber, haur kotxe bat edo gurpil aulki bat edo motorrik gabeko beste edozein ibilgailu txiki bultzatzen edo herrestan eramaten duten pertsonak, bi gurpileko ziklo edo ziklomotor bat oinez gidatzen dutenak eta gurpil aulki motordunean edo motorrik gabekoan zirkulatzen dutenak.
–Bizikleta bidexkak: kategoria horretan sartzen dira ziklistek aprobetxatutako edo oinezkoek eta ziklistek erabiltzeko berariaz diseinatutako oinezkoentzako bideak. Definizioak barne hartzen ditu bide berdeak.
–Bizikleta bidea: zikloen trafikorako berariaz egokitutako bidea, dagozkion seinale zutikako eta etzanak dituena, haren zabaleragatik ibilgailu horiek modu seguruan igaro dezaketena. Hainbat motatakoa izan daiteke:
–Bidegorria: noranzko bakarrean edo bikoitzean, galtzadaren kotan doan bizikleta bidea. Bereizi egin daitekeena edo ez:
–Iradokia: zoladuran lerro eten batekin seinaleztatu ohi da. Ibilgailu motordunek salbuespenezko egoeretan gurutza dezaketela adierazten du horrek, betiere inguruan ziklistarik ez badago.
–Formalizatua: zoladuran lerro jarraitu batekin seinaleztatzen da, gutxienez. Larrialdi egoeretan izan ezik ibilgailuek ezin dutela zeharkatu adierazten du horrek.
–Babestua edo banandua: babes fisikoren bat du, gainerako ibilgailuk bertara sar ez daitezen.
–Bizikleta bazterbidea: bizikletek erabiltzeko egokitutako errepide baten bazterbidea.
–Bizikleta espaloia: espaloietan eta oinezkoentzako gainerako guneetan seinale zutikakoak edo etzanak dituen bizikleta bidea. Ez da berariaz bizikleta bidea, eta, beraz, oinezkoek edozein puntutatik zeharkatzen ahal dute.
–Bide berdea: erabiltzen ez den trenbide zaharra, motorizatu gabeko joan-etorrietarako azpiegitura gisa egokitua.
–Oinezkoentzako lehentasun eremua: oinezkoek lehentasuna duten bide publikoko gunea. Bertan, ibilgailuen abiadura mugatzen da, eta ibilgailuen zirkulazioa eta/edo aparkatzea erabat edo partzialki mugatuta egoten ahal.
–Oinezkoentzako eremua: oinezkoen zirkulaziorako bereizita dagoen bide zatia, goratua edo beste nolabait mugarritua. Debeku orokorra dago mota guztietako ibilgailuak sartu, zirkulatu eta aparkatzeko. Definizioak barne hartzen ditu espaloiak, erdiko pasealekuak eta abar.
–Bizitegi eremua edo kalea: bereziki egokitutako eta seinaleztatutako eremua, ibilgailuen zirkulazioa baimenduta badago ere, oinezkoentzat dena lehenik eta behin. Oinezkoek zirkulazio eremu osoa erabiltzen ahal dute. Ibilgailuen gehieneko abiadura 20 km/h-koa da.
Iragarkiaren kodea: L2506733
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
