1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
413E/2025 EBAZPENA, maiatzaren 7koa, Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Nafarroako Medikuen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa partziala inskribatzen baita Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan.
Lehendakaritzako zuzendari nagusiak urriaren 8an emandako 491/2007 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Medikuen Elkargo Ofiziala inskribatu zen Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan (22. zenbakia).
Erregistroan jasotakoaren arabera, elkargoaren azken zuzendaritza-batzordea inskribatu zen Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendari nagusiak otsailaren 26an emandako 194E/2025 Ebazpenaren bidez.
Ebazpen hori oinarritzen da Medikuen Elkargoko Fundazioak aldez aurretik egindako eskaera honetan: haren eraketa-aktaren eta estatutuen aldaketa inskribatzea, egokitzeko Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legera.
Aldaketa hori inskribatzeko, beharrezkoa da patronatuaren inskripzioa eguneratuta egotea, bete dadin ekainaren 30eko 104/2022 Foru Dekretuaren 29.2 c) artikuluan ezarritakoa (foru dekretu horren bidez arautzen dira Nafarroako Fundazioen Erregistroa eta haren eskumeneko prozedurak).
Kasu honetan, beharrezkoa zen aldez aurretik Nafarroako Medikuen Elkargoko zuzendaritza-batzordearen inskripzioa eguneratzea; izan ere, fundazioaren estatutuen arabera, batzorde horretako kide guztiek, aldi berean, fundazioaren patronatuko kide izan behar dute (elkargoaren estatutuen 18. artikulua eta hurrengoak; eta fundazioaren estatutuen 9. artikulua).
Otsailaren 26ko 194E/2025 Ebazpenaren arabera, zuzendaritza-batzordearen egungo osaera, Tuterako eskualde batzordeko ordezkarien kopuruari dagokionez, zuzendaritza-batzordeak 2020ko azaroaren 9an hartutako erabaki baten ondorio da.
Erabaki hartan ezarri bezala, Tuterako eskualde batzordeak bi ordezkari izanen ditu (nahiz eta estatutuen 19. artikuluan bakarra agertu). Erabaki hau hartzeko 19. artikulua aldatu beharra dagoenez, estatutuen arabera, batzar orokorrari dagokio hura onartzea. Horregatik, zuzendaritza-batzordeak konpromisoa hartu zuen estatutuen aldaketa hori elkargokideen onespenaren mende uzteko elkargoaren batzarraren hurrengo bilkuran, estatutu horietan finkatuta gera dadin zuzendaritza-batzordearen osaera berria.
Aurrekari horien ondorioz, eta bere konpromisoa bete dadin, 2025eko apirilaren 1ean, Nafarroako Medikuen Elkargo Ofizialak ziurtagiri bat aurkeztu zuen, zeinaren bidez egiaztatzen baita Elkargoaren Batzar Nagusiak, 2025eko martxoaren 26an egindako bilkuran, aho batez erabaki zuela estatutuak partzialki aldatzea. Aldaketa horrek 19. artikuluari soilik eragiten dio (ataletako kideak eta Tuterako eskualde batzordearen ordezkariak ezartzen dira -2-), eta honela geratuko da idatzita:
"19. artikulua. Osoko bilkuraren osaera.
Zuzendaritza-batzordearen osoko bilkura honako hauek osatuko dute:
Lehendakaria.
Lehendakariordeak.
Idazkaria.
Idazkariordea.
Diruzaina.
Kideak: gutxienez ere zazpi kide egonen dira atal hauek betetzeko: Ospitaleko medikuntza; Hiri inguruko oinarrizko osasun-laguntza; Landa inguruko oinarrizko osasun-laguntza; Medikuntza librea eta kolektiboa; Mediku seniorrak; Mediku gazteak eta lanbide sustapena; Mediku tutoreak.
Kideen kopurua, edukia eta izena aldi bakoitzerako finkatuko dira, zuzendaritza-batzordearen erabakiz eta Nafarroako Foru Komunitateko lanbidearen errealitatea kontuan hartuta.
Tuterako eskualde batzordeko bi ordezkari".
Eskatutako inskripzioa bat dator elkargoaren estatutuetan ezarritakoarekin, baita Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legean eta Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuan ezarritakoarekin ere.
Kasu honetan, salbuespen gisa, eta aurrekaririk sortu gabe, estatutuen testu osoa ez da eranskin gisa sartuko, inskribatzeko presa dela-eta (Medikuen Elkargoko Fundazioaren egokitzapena inskribatzeari lotuta baitago).
Azkenik, elkargoari gogorarazten zaio inskripzio puntual honek ez duela salbuesten estatutuak elkargo profesionalen arloan indarrean dagoen araudira egokitzeko betebeharretik.
Horrenbestez, erabiliz Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan inskribatzea Nafarroako Medikuen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa partziala, ebazpen honen adierazpen zatian zehaztu bezala.
2. Nafarroako Medikuen Elkargo Ofizialak lehenbailehen egokituko ditu bere estatutuak abenduaren 22ko 25/2009 Legera (Omnibus Legea) eta Lanbide Elkargoei buruzko 2/1974 Legera (25/2009 Legeak aldatua).
3. Ebazpena elkargoari jakinaraztea, eta adieraztea gora jotzeko errekurtsoa jar dezakeela haren aurka, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 7an.–Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendari nagusia, Joseba Asiain Albisu.
Iragarkiaren kodea: F2506808