Iragarkia
110. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 3a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
297E/2025 EBAZPENA, apirilaren 24koa, Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita prestakuntza beka bat emateko Ekonomia, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza, Nazioarteko Harremanak edo Ikasketak edo Nazioarteko Merkataritza edo antzeko gradu batzuetako unibertsitateko tituludunentzat, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuan aritzeko. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 830086.
Apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez, araubide orokorra ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko.
Enpresen Sustapenerako Zuzendaritza Nagusiak lanerako esperientzia praktikoa eskaini nahi die unibertsitateko tituludunei, enpresen nazioartekotzearen kudeaketaren arloan. Horretarako, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko Nazioartekotzeko Laguntzen Atalean destinoa duen prestakuntza beka baten deialdia onesten da.
Prestakuntza Nafarroako Nazioarteko Planetik eratorritako jardueretan eginen da, plan hori Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren eskumena baita.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea deialdi bat prestakuntza beka bat emateko Ekonomia, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza, Nazioarteko Harremanak edo Ikasketak edo Nazioarteko Merkataritza edo antzeko gradu batzuetako unibertsitateko tituludunentzat, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuan aritzeko.
2. Beka emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.
3. 41.892,48 euroko gastua baimentzea, urteka honela banatuta:
–2025. urterako gastua, guztira 5.818,40 euro, 2025eko Gastuen Aurrekontuko "Prestakuntza bekak" izeneko 810003-81400-4800-145100 partidaren kargura ordainduko da. Diru hori, hain zuzen ere, 1.100 euroko bost hilekori dagozkio, gehi 63,68 euro hilero Gizarte Segurantzarentzat.
–2026. urterako gastua, guztira 13.964,16 euro, 2026rako gaitzen den 2025eko partida baliokidearen kargura ordainduko da, baldin eta ekitaldi horretan kreditu egokia eta nahikoa badago. Diru hori, hain zuzen ere, 1.100 euroko hamabi hilekori dagozkio, gehi 63,68 euro hilero Gizarte Segurantzarentzat.
–2027. urterako gastua, guztira 13.964,16 euro, 2027rako gaitzen den 2025eko partida baliokidearen kargura ordainduko da, baldin eta ekitaldi horretan kreditu egokia eta nahikoa badago. Diru hori, hain zuzen ere, 1.100 euroko hamabi hilekori dagozkio, gehi 63,68 euro hilero Gizarte Segurantzarentzat.
–2028. urterako gastua, guztira 8.145,76 euro, 2028rako gaitzen den 2025eko partida baliokidearen kargura ordainduko da, baldin eta ekitaldi horretan kreditu egokia eta nahikoa badago. Diru hori, hain zuzen ere, 1.100 euroko zazpi hilekori dagozkio, gehi 63,68 euro hilero Gizarte Segurantzarentzat.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2025eko apirilaren 24an.–Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Deialdi honen xedea da oinarri arautzaileak ezartzea prestakuntza beka bat norgehiagoka-araubidean emateko Ekonomia, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza, Nazioarteko Harremanak edo Ikasketak edo Nazioarteko Merkataritza edo antzeko gradu batzuetako unibertsitateko tituludunentzat, Nazioartekotzeko Laguntzen Atalean aritzeko. Atal hori Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuan dago, Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuan.
Bekaren helburua da unibertsitate titulua duten pertsonen prestakuntza sustatzea enpresen nazioartekotzearen arloan. Jarduera hau Nafarroako Nazioarteko Planetik dator, eta Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren eskumena da. Beraz, prestakuntza zerbitzu horren gidaritzapean eginen da, Iruñeko Arrieta kaleko 8. zenbakiko 5. solairuan dauden lokaletan.
2. oinarria.–Onuradunak.
1. Baldintza hauek betetzen dituzten pertsonak izaten ahal dira onuradunak:
a) Adinez nagusia izatea.
b) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez dutenek gutxienez espainieraren C1 maila egiaztatu beharko dute, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren (HEEMB) arabera.
c) Nafarroan erroldaturik egotea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean (hemendik aurrera, NAO) argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.
d) Hauetako unibertsitate ikasketa ofizialen titulua edukitzea: Ekonomia, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza, Nazioarteko Harremanak edo Ikasketak edo Nazioarteko Merkataritza gradua edo antzeko gradu batzuk, Espainiako agintariek emana edo homologatua, eta deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurreko hiru urtean lortu izana.
e) HEEEBren arabera, ingeleseko B1 maila izatea. Hori egiaztatzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenaren (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa) I. eranskinean aipatutako edozein ziurtagiri aurkeztu beharko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurreko bost urteetan eman bada.
f) Xede bera duen beste laguntza edo beka lortu ez izana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emana, edo Espainiako zein atzerriko beste administrazio publiko batzuek edo beste edozein entitate publikok edo pribatuk edota partikularrek emana.
g) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galarazten dionik.
h) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.
Beka eskatzeak berekin dakar dirulaguntza ematen duen organoari baimena ematea zuzenean eskura ditzan eskatzaileak Nafarroako Foru Ogasunarekiko bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiri telematikoak, bai eta egiaztatzeko ere desgaitua ote dagoen dirulaguntzak eta laguntzak jasotzeko. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.
2. Oinarri honetako 1. ataletako f), g) eta h) letretako baldintzak egiaztatzeko, eskaera-orriaren barneko erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da. Gainerako baldintzak egiaztatzeko, 5. oinarrian adierazten diren agiriak aurkeztu beharko dira.
3. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, bekaldiak irauten duen bitartean mantendu.
4. Ebaluazio batzordeak ez ditu baloratuko oinarri honetan eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenen eskaerak.
3. oinarria.–Jarduerak eta tutoretza.
1. Bekaduna, oro har, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren bulegoetan arituko da (Arrieta kalea 8, 5. solairua, Iruña), astean 30 orduz gehienez. Bekaren iraupenaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia dagokio.
Bekadunak prestakuntzarako behar diren joan-etorriak ere egin beharko ditu, eta eskubidea izanen du zerbitzu eta bidaien arabera izaten diren gastuengatik funtzionarioei ematen zaizkien ordain berberak jasotzeko.
2. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuan egin beharreko jarduerak Nazioartekotzeko Laguntzen Atalaren eskumeneko arloei lotuta egonen dira, eta honako hauek izanen dira:
a) Nazioartekotzeari laguntzeko dirulaguntzen deialdiak kudeatzen laguntzea.
b) Nazioartekotzeari laguntzeko programak kudeatzen laguntzea.
3. Nazioartekotzeko Laguntzen Ataleko buruak zuzendu eta gainbegiratuko ditu bekadunak egiten dituen jarduerak. Atalburuak zeregin zehatzak aginduko ditu, ordutegiak ezarriko ditu eta bekadunak betebehar orokorrak eta espezifikoak betetzen dituela zainduko du.
4. oinarria.–Bekaren baldintzak: iraupena eta zenbatekoa.
1. Prestakuntza bekak, hasiera batean, 12 hilabeteko iraupena izanen du. Hala ere, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak proposaturik, organo eskudunak luzatzen ahalko du, epe bererako, hiru urte egin arte gehienez (hasierako aldia eta luzapenak barne), aurrekontu-baliabideen arabera. Beka emateko ebazpenean zehazten den egunean abiatuko da beka.
Beka luzatzen bada, ez da inola ere aldatuko bekaren izaera.
2. Prestakuntza beka urtean 13.964,16 eurokoa izanen da gehienez, Gizarte Segurantzako kotizazioak barne, eta hilean 1.100 euro gordin ordainduko dira. Ordaintzen den diruari pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion konturako atxikipena eginen zaio, indarra duten arauei jarraikiz hala egin behar baldin bada.
Bekadunari ematen zaion dirua ez da soldata edo lansaritzat hartuko, laguntza ekonomiko publikotzat baizik.
5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta hurrengo hilabetean bukatukoa da, argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean.
2. Eskaerak Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitalaren Departamentuko Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzura zuzenduko dira, eta nahitaezkoa da bide telematikoz aurkeztea, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko Tramiteen Katalogoko dagokion fitxaren bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/beca-de-formacion-para-titulados-en-economia-administracion-direccion-de-empresas-relaciones-estudios-internacionales-comercio-internacional-para-servicio-proyeccion-internacional (aurrerantzean, bekaren fitxa).
3. Beka eskatzeko prozesuan, eskatzaileek beren datuak bete beharko dituzte, eta erantzukizunpeko adierazpena egin, onuradun izateko 2.1 oinarriko f), g) eta h) letretan ezarritako baldintzak betetzen direla adieraziz.
4. Eskabide telematikoarekin batera, honako agiri hauek aurkeztuko dira (dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira, zein bere izenarekin):
a) NANeko neurriko argazki bat, berriki aterea.
b) NANaren edo baliokidearen kopia.
c) Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondorengo data duen errolda-ziurtagiria.
d) Curriculum vitaea.
e) Graduko unibertsitate-titulu ofizialaren egiaztagiria.
f) Ikasketa-espediente ofiziala, ebaluatutako batez besteko nota 1etik 10era bitarteko eskalan agertu behar duena.
g) Ingeleseko ziurtagiria.
h) Hala badagokio, unibertsitate master ofizialaren titulazioa egiaztagiria.
i) Hala badagokio, euskararen, frantsesaren edo alemanaren ziurtagiria.
j) Baldin eta Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren kontsultarako baimena ematen ez badu, eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiriak.
5. Ingelesa edo frantsesa ez diren atzerriko hizkuntzetan idatzitako dokumentuak entregatu behar badira, Nafarroako Foru Komunitateko edozein hizkuntza ofizialetara itzulita aurkeztuko dira.
6. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
7. Ezin izanen da zuzenketarik egin, 7.2 oinarrian adierazitako merezimenduei buruzko dokumentuak aurkezten ez badira.
8. Prestakuntza bekarako eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.
6. oinarria.–Ebaluazio batzordea.
Ebaluazio batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz eta prestakuntza bekak eskatzen dituztenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz.
Kide anitzeko organo hori honako hauek osatuko dute:
Batzordeburua: | Miren Ausín Lecuna, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria. |
Ordezkoa: | Ana Osés Marín, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko Europako Programen Ataleko burua. |
Batzordekide titularra: | Cristina Arana Rey, Nazioartekotzeko Laguntzen Ataleko burua. |
Ordezkoa: | María José Aguirre Hervás, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko administrazio publikoko teknikaria (arlo ekonomikoa). |
Idazkaria: | Daniel Echeverría Jadraque, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko Kanpo Sustapenaren Ataleko burua. |
Ordezkoa: | Dolores Miranda Beguiristain, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko Europako Funtsen Kontrolerako Ataleko burua. |
7. oinarria.–Bekak emateko irizpideak.
1. Beka norgehiagokako prozeduraren bidez emanen da. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun hurrenkera ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.
2. Eskaerak baloratzeko irizpideak honako hauek izanen dira, eta gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira:
a) Ikasketa-espedientea: 30 puntu, gehienez; lortutako batez besteko notarekiko proportzioan esleituak.
b) Unibertsitateko master ofiziala (gutxienez 60 kreditu): 10 puntu, gehienez.
- i. Kanpo merkataritza, enpresa kudeaketa edo nazioarteko harremanak: 10 puntu.
- ii. Gainerako masterrak: 5 puntu.
c) Ingelesa: 20 puntu, gehienez.
- i. C2 maila: 20 puntu.
- ii. C1 maila: 15 puntu.
- iii. B2 maila: 10 puntu.
d) Ingelesa ez den beste hizkuntza batzuk (euskara, alemana edo frantsesa): 15 puntu, gehienez.
- i. C2 maila: 15 puntu.
- ii. C1 maila: 10 puntu.
- iii. B2 maila: 5 puntu.
e) Elkarrizketa pertsonal bat, zehazteko zenbateraino menderatzen diren garatu beharreko funtzioekin zerikusia duten gaiak, bai eta motibazioa, ekimena, argitasuna eta erantzunen ordena ere: 25 puntu, gehienez.
3. Eskatzaileek lortutako puntuazioan berdinketa gertatuz gero, hartuko da kontuan e) irizpidean lortutako puntuazioa, eta, berdinketak jarraitzen badu, a) irizpidean lortutakoa, eta, azken buruan, eskaera aurkezten den eguna.
4. b) balorazio irizpidea egiaztatuko da Espainiako agintariek emandako edo homologatutako unibertsitate master ofizialaren titulua aurkeztuz.
5. Ingelesa, euskara, frantsesa eta alemana egiaztatzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenaren (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa) I. eranskinean aipatutako edozein ziurtagiri aurkeztu beharko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurreko bost urteetan eman bada.
6. Elkarrizketa pertsonala egiteko, telefonoz eta posta elektronikoz abisatuko zaie eskatzaileei, gutxienez 72 ordu lehenago. Elkarrizketa egitea nahitaezkoa da; horrenbestez, agertzen ez denak ezin izanen du beka eskuratu.
8. oinarria.–Beka ematea.
1. Bekaren ebaluazio batzordeak aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunak beka lortzeko beharkizun guztiak betetzen dituela. Onartutako pertsona guztiei emandako puntuazio osoa ere adieraziko da proposamen horretan.
2. Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia da beka emateari buruz ebazteko organo eskuduna.
Ebazpena arrazoitua izanen da, eta, gutxienez, beka jasoko duen eskatzailea eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak jaso beharko ditu. Era berean, bekaren zenbatekoa eta bekaren hasiera data jasoko dira.
3. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean emanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez jakinaraziko da.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago beka eman edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
9. oinarria.–Jardueraren hasiera eta uko egitea.
1. Prestakuntza bekaren onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean. Horrela egiten ez badu, onuradunak bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ez duen erabakitzen ezinbesteko arrazoiren bat edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera gertatu dela.
2. Onuradunak uko egiten badio bekari, edo beste arrazoiren bat tarteko, beka hutsik geratzen bada, onuradun izan ez direnei eskainiko zaie, ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraituz.
Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak haiekin harremanetan jartzeko bi saiakera eginen ditu, bi eguneko epean, izena emateko eskaeran eman zituzten harremanetarako bideen bitartez, eta jasoa utziko du egindako dei bakoitza.
Pertsona batekin harremanetan jarri eta izena emateko eskaeran adierazi zuen helbide elektronikoan eskaintza egin ondoren, hark erantzuten ez badu, eskaintzari uko egin diola ulertuko da, eta zerrendatik kanpo geldituko da hurrengo deietarako.
10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Prestakuntza beka honen onuradunak betebehar hauek izanen ditu:
a) Beka emateko ebazpenean ezarritako egunean hastea bekaren jarduerak.
b) Bekaren xede den prestakuntza jarduera egitea eta justifikatzea.
c) Beka emateko finkatutako betebehar eta baldintzak betetzea.
d) Beka bukatu aurreko hilabetean, egindako lanari eta lortutako emaitzei buruzko txosten bat aurkeztea, tutorearen adostasuna barne.
e) Organo eskudunek eman den bekaren gainean egiten dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.
f) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.
g) Bekari berariaz uko eginez gero, organo eskudunari jakinarazi beharko zaio, jarduera utzi baino gutxienez hamabost egun natural lehenago.
h) Beka dela-eta egindako jardueraren zuzeneko ondorioa den edozein argitalpenetan bekaduna dela adieraztea.
i) Sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea prestakuntza jarduera gauzatu bitartean jakiten duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean.
j) Enpresen Sustapenerako Zuzendaritza Nagusiaren barne araudia edo funtzionamendu araudia betetzea, han arituko baita.
k) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak betetzen ez baditu, haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi baterako edo betiko kentzea erabakiko du organo eskudunak, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak proposaturik eta interesdunari entzunaldia eman ondoren; horrekin batera zuzkidura ekonomikoaren zati proportzionala ere galduko du, eska daitezkeen diru-itzulketak, berandutza interesak eta ezar litezkeen zehapenak galarazi gabe.
11. oinarria.–Lan harremanik ezaren adierazpena eta kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.
1. Beka edukitzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin, ez eta antzeko eskubiderik eskuratzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.
Prestakuntza bekaren onuradunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte, horiek izanen baitira lan horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionarioei dagozkien eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.
2. Bekadunak apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko eskubidea izanen du, haren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezarri baitzen.
Horren ondorioetarako, prestakuntzan aritzen denak Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko bekadun guztientzat sinatu duen aseguru kontratuaren istripuengatiko estaldura izanen du.
12. oinarria.–Beken bateragarritasuna.
Deialdi honetako prestakuntza beka bateraezina da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, gastu beretarako emandako beste beka batzuekin.
13. oinarria.–Araubide juridikoa.
Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: 172/2004 Foru Dekretua, apirilaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena, eta 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
14. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
1. Beka eskaera eta interesdunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro elektroniko orokorrean.
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta beka hau emateko prozesuan beharrezkoak diren komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEb) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazio horren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak jarritako helbide elektronikoaren bitartez.
15. oinarria.–Emandako beken publizitatea.
Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko du emandako beka Ogasun Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, beka zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuraduna eta emandako diru kopurua.
Era berean, deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren beken fitxan ere www.nafarroa.eus argitaratuko dira.
16. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.
Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako beka emateko, eta haren kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko.
Datu pertsonalak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal dira, eskaera fitxan adierazitako moduan.
17. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.
Iragarkiaren kodea: F2506516
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
