1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ENKANTEA, ondasun higiezin batzuena.
Aurrekontuen eta Ondarearen zuzendari nagusiaren maiatzaren 23ko 112/2025 Ebazpenaren bidez onesten da honako hauek besterentzea enkante publikoaren bidez: etxebizitza bat, Iruñeko Iturralde y Suit kaleko 15ean (2.a ezkerra), eta trastelekua; etxabe bat Iruñeko San Alberto Magno kaleko 9an; Alloko bidezainen etxe zaharra, Lizarrako errepideko 5ean (Allo); eta lurzati bat Caparroson, "El Saso Viejo" alderdian, den-denak Nafarroako Foru Komunitatearen jabetzakoak (GP 2024/173).
Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 38.4 artikuluan xedatutakoa betetzeko, lizitazio prozeduraren iragarkia Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitaratuko da, zehazki, "Ondasunen xedapen eta aprobetxamendu egintzak" atalean. Halaber, publizitatea ziurtatuko duen beste edozein hedabidetan argitaratzeko aukera jasotzen du aipatu manuak.
Ondorio horietarako, enkantean parte hartzeko interesa duen orori honako hau jakinarazten zaio:
1. Enkantean jartzen diren ondasunak:
–1. lotea: etxebizitza bat, Iruñeko Iturralde y Suit kaleko 15ean (2.a ezkerra), eta trastelekua. Etxebizitza hori Nafarroako Foru Komunitatearen ondarekoa da. Hona hemen ezaugarriak:
- Hiri-finka: etxebizitza, bigarren solairuko eskaileratik igota ezkerretara, Iruñeko Iturralde y Suit kaleko 13. eta 15. zenbakien eraikinekoa; 15 zenbakiko ataritik du sarrera; berrehun eta hogeita hamar metro eta berrogeita bi dezimetro koadroko azalera du. Mugakideak: iparraldean, eskailera-zuloa eta lokal bat, solairu berean eskuinetara kokatua; hegoaldean, Amaia kaleko 31 zenbakiko etxea; ekialdean, barruko patioa; eta mendebaldean, Amaia kalea. Eranskin gisa, trasteleku bat dagokio, 9. solairuan daudenen artean, bat zenbakia duena. Higiezinaren elementu komunetan duen partaidetza kuota honako hau da: ehuneko bost osoko eta hogeita hamabi ehunen.
- Iruñeko 7. Jabetza Erregistroan inskribaturik dago, 442. liburukian, 220. liburuan, 158. orrian, Iruñeko erregistroko 12811 zenbakiarekin.
- Katastroko erreferentzia: Iruñeko udal-mugarteko 2. poligonoko 851. lurzatiko 1. azpiareako 7. hiri unitatea.
- Nafarroako Foru Komunitatearen Ondasun eta Eskubideen Inbentario Orokorrean sartuta dago, 4513 zenbakiarekin, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuari atxikia dago.
–2. lotea: etxabe bat, Iruñeko San Alberto Magno kaleko 9an; etxabe hori Nafarroako Foru Komunitatearen ondarekoa da. Hona hemen ezaugarriak:
- Finka mota: merkataritza-lokala. Helbidea: San Alberto Magno kalea 9, behea. Azalera eraikia: berrogeita hamabi metro eta berrogeita hamar dezimetro koadro. Mugakideak: iparraldean, San Alberto Magno kalea; hegoaldean, eskola-taldea; ekialdean, solairuetara sartzeko ataria; eta mendebaldean, lau zenbakiko lokala. Partaidetza kuota: ehuneko hiru osoko eta laurogeita hemezortzi ehunen.
- Iruñeko 2. Jabetza Erregistroan inskribaturik dago, 1342. liburukian, 614. liburuan, 79. orrian, Iruñeko erregistroko 28437 zenbakiarekin.
- Katastroko erreferentzia: Iruñeko udal-mugarteko 3. poligonoko 215. lurzatiko 1. azpiareako 3. eta 21. hiri unitateak.
- Nafarroako Foru Komunitatearen Ondasun eta Eskubideen Inbentario Orokorrean sartuta dago, 2327 zenbakiarekin, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuari atxikia dago.
–3. lotea: Alloko bidezainen etxe zaharra, Lizarrako errepideko 5ean (Allo); Nafarroako Foru Komunitatearen ondarekoa da. Hona hemen ezaugarriak:
- Hiri finka: eraikina, mila ehun eta bat metro eta hogeita hamar dezimetro koadroko azalera duen lursail batean eraikia (berriki egin da neurketa), Allon, Lizarrako errepideko 5. zenbakian. Eraikinak beheko solairua, lehenengo solairua eta bigarren solairua ditu. Beheko solairuan daude biltegia (lehen etxebizitza zena), ataria eta eskailera-kaxa; ehun eta hamar metro eta laurogeita hamaika dezimetro koadroko azalera eraikia du. Lehenengo solairuan daude etxebizitza, begiratokia eta eskailera-kaxa; ehun eta hogeita lau metro eta berrogeita bederatzi dezimetro karratuko azalera du. Bigarren solairuan daude etxebizitza eta eskailera-kaxa; ehun eta hogeita hiru metro eta hogeita hamasei dezimetro karratuko azalera eraikia du. Eraikinaren azalera eraikia, guztira, hirurehun eta berrogeita hemezortzi metro eta hirurogeita hamasei dezimetro koadrokoa da. Eranskin hau du: beheko solairuko biltegia, lehen deskribatutako eraikinaren hegoaldeko fatxadari atxikia; hamazazpi metro koadroko azalera eraikia du. Lurzatiaren gainerakoa eraiki gabe dago, eta eraikin nagusiaren, asfaltatutako bideen eta berdeguneen eta lorategien arteko espazio libreak hartzen ditu. Mugakideak: Iparraldean, Alloko 1. poligonoko 134. eta 135. lurzatiak; hegoaldean, poligono bereko 129. eta 132. lurzatiak; ekialdean, Lizarrako errepidea; eta mendebaldean, Alloko 1. poligonoko 126. lurzatia.
- Lizarrako 1. Jabetza Erregistroan inskribaturik dago, 3559. liburukian, 99. liburuan, 62. orrian, Alloko erregistroko 9575 zenbakiko finka.
- Katastroko erreferentzia: Alloko udal-mugarteko 1. poligonoko 133. lurzatiko 1. azpiareako 1., 2. eta 3. hiri unitateak.
- Nafarroako Foru Komunitatearen Ondasun eta Eskubideen Inbentario Orokorrean sartuta dago, 4428-01 zenbakiarekin, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuari atxikia dago.
–4. lotea: lurzati bat Caparroson, "El Saso Viejo" alderdian, Nafarroako Foru Komunitatearen jabetzakoa. Hona hemen ezaugarriak:
- Landa finka: lursaila, Caparrosoko "El Saso Viejo" alderdian; zortzi mila eta berrogeita sei metro koadroko azalera du (8.046 m²). Mugakideak: iparraldean, 456. lurzatia; ekialdean 457. lurzatia; mendebaldean, 415. lurzatia; eta hegoaldean, bide bat, bereizten dituena 454., 453. eta 452. lurzatietan dauden eraikuntzak.
- Tafallako Jabetza Erregistroan inskribaturik dago, 1788. liburukian, 96. liburuan, 45. orrian, Caparrosoko erregistroko 1265 zenbakiarekin.
- Katastroko erreferentzia: Caparrosoko udal-mugarteko 3. poligonoko 455. lurzatiko A eta C azpilurzatiak.
- Nafarroako Foru Komunitatearen Ondasun eta Eskubideen Inbentario Orokorrean sartuta dago, 3047 zenbakiarekin, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari atxikia dago.
2. Enkantea elektronikoa izanen da, Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatu Agentziaren Enkanteen Atariaren bidez. Enkantearen ID zenbakia 3100300124173 izanen da, eta hara sartzeko helbidea, honako hau:
https://subastas.boe.es/ds.php?id=SUB-GA-2025-3100300124173
3. Iragarkia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik eskaintzak egiteko aldia hasi arte, enkantea "Laster irekiko da" egoeran izanen da, eta Estatuko Aldizkari Ofizialaren Enkanteen Atarian ikusgai egonen da, atariaren erabiltzaile guztientzat.
Eskaintzak egiteko aldia hasten denean "Abian da" egoeran izanen da. Enkantearen egoera horretan, Enkanteen Atariaren erabiltzaileek hogei egun naturaleko epea izanen dute beren gordailuak eta eskaintzak egiteko.
Enkanteari buruzko informazio gehiago ikusteko eta gordailuak eta eskaintzak egiteko, aldez aurretik Enkante Elektronikoen Atarian erregistratu beharra dago, hemen adierazitakoaren arabera:
https://subastas.boe.es/infoRegistro.php
Iruñean, 2025eko maiatzaren 28an.–Ondare Zerbitzuko zuzendaria, Marta Echavarren Zozaya.
Iragarkiaren kodea: F2507774