Iragarkia
110. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 3a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
472/2025 EBAZPENA, martxoaren 11koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez, agintzen da argitara dadila erabaki hau: "Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Barneko Informazio Sistemaren Erregelamendua onesten duena".
2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agintzen dut argitara dadila Gobernu Kontseiluak 2025eko martxoaren 11n hartutako erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Barneko Informazio Sistemaren Erregelamendua onesten duena.
"GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN BARNEKO INFORMAZIO SISTEMAREN ERREGELAMENDUA ONESTEN DUENA
HITZAURREA
Iruzurra eta ustelkeria prebenitzeko eta desagerrarazteko eta jardunbide egokien kultura sustatzeko konpromisoan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Iruzurraren aurkako Neurrien Plana onetsi zuen Gobernu Kontseiluak 2021eko abenduaren 16an hartutako erabaki baten bidez. Horrela, betearazi egin zen honako hauetan xedaturikoa: 2021eko irailaren 29ko HFP/1030/2021 Agindua –Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema eratzen du– eta 2021eko otsailaren 12ko 241/2021 EB Erregelamendua.
2023ko otsailaren 20ko 2/2023 Legeak –Arau-hausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonak babesteari buruzkoak– gure ordenamendu juridikora ekarri du Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko urriaren 23ko 2019/1937 Zuzentaraua –Europar Batasuneko Zuzenbidearen arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonak babesteari buruzkoa–, eta, halaber, bere aplikazio eremua zabaldu die gure ordenamendu juridikoko arau-hauste penal eta administratibo larriak eta oso larriak detektatzen dituztenei eta araututako mekanismoen bidez jakinarazten dituztenei.
Bestetik, aipatu legeak ezarri du sektore publiko osora zabaldu behar direla barneko informazio sistemak, eta betebehar hori bete behar duten erakunde eta entitateen artean unibertsitate publikoak nabarmentzen ditu.
Testuinguru horretan, beharrezkoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Barneko Informazio Sistemaren Erregelamendua onestea 2/2023 Legean ezarritakoa betetzeko eta, horrela, informazioa helarazteko bideak arautzeko. Izan ere, bide horiei esker, pertsona fisikoek aukera izanen dute testuinguru laboral eta profesionaletan ikusten dituzten arau-hausteen berri emateko, eta, halaber, informatzailearen eta haren inguruko pertsonen segurtasuna bermatzen ahalko da.
Horrela, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eremuan garatzen da 2/2023 Legean ezarritakoa, hargatik eragotzi gabe testu arauemaile hau zuzenean aplikatzea, hala dagokionean.
Era beran, bikoiztasunak saihesteko eta 2/2023 Legean Barneko Informazio Sistemari buruz ezarritako eskakizunak betetzen direla bermatzeko, indargabetu egiten da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren salaketa-kanalaren erregulazioa, zeina honako hauetan biltzen baita: Gobernu Kontseiluaren 2021eko abenduaren 16ko erabaki bat –haren bidez onetsi zen Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Iruzurraren aurkako Neurrien Plana– eta 2701/2021 Ebazpena –Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, aipatu erabakia garatzeko emana–.
Orobat, aldatu egin behar da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Iruzurraren aurkako Neurrien Panaren apartatu bat. Zehazki, "DETEKZIOA" izeneko apartatuaren bigarren C) paragrafoa aldatu behar da, Barneko Informazio Sistema ager dadin paragrafoan aipatzen diren jakinarazpen mekanismoen artean. Halaber, kendu eginen dira salaketa-kanalari buruzko hirugarren, laugarren eta bosgarren paragrafoak, kanal hori dagoeneko ezabatu egin baita.
Azaldutakoagatik, eta langileen ordezkariei kontsulta egin ondoren, hau da Gobernu Kontseiluak, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 20. artikuluak esleitzen dizkion eskumenak erabiliz eta idazkari nagusiaren proposamenez, 2025eko martxoaren 11ko bilkuran hartu duen:
ERABAKIA:
Lehenbizikoa.–Onestea Barneko Informazio Sistemaren Erregelamendua, erabaki honen eranskinean dagoena.
Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrena.–Erabaki honek administrazio bidea agortzen du, eta haren aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea Gobernu Kontseiluaren aurrean, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko auzien epaitegietan. Lehenbiziko kasuan, epea hilabetekoa izanen da, eta bigarrenean, aldiz, bi hilabetekoa, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2025eko martxoaren 11n.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.
ERANSKINA.–NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO BARNEKO INFORMAZIO SISTEMAREN ERREGELAMENDUA
ATARIKO TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea.
1. Erregelamendu honen helburua Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Barneko Informazio Sistema sortzea eta arautzea da, bai eta barneko informazio kanala ere, bat etorriz 2023ko otsailaren 20ko 2/2023 Legearekin –arau-hausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonak babesteari buruzko legea–.
2. Era berean, erregelamendu honek NUPen barneko kanalaren arduradunaren figura arautzen du –pertsona hori Barneko Informazio Sistemaren arduraduna izanen da–, 2/2023 Legean ezarritakoaren arabera, eta, halaber, barneko kanala kudeatzeko prozedura arautuko du, bai eta kanalaren aplikazio esparruan jasotzen denaren arabera arau-haustetzat jotzen den edozein egitateren edo jokabideren berri emateko prozedura bat definitu ere.
3. Horrez gain, helburu izanen du prozedura horretan parte hartzen duten edo prozedura horrek ukitzen dituen pertsona guztien eskubideak eta bermeak ezartzea eta babestea.
2. artikulua. Aplikazio esparru materiala.
1. Barneko Informazio Sistema lehentasunezko bidea izanen da NUPeko jardueran izaten diren jokabide edo egitateen berri emateko. Horiek, hain zuzen, ekintza jakin bat egiteagatik edo ez egiteagatik gerta daitezke, eta honako hauek izan ditzakete ondorio:
a) Arau-hauste penal edo administratibo larriak edo oso larriak barneko ordenamendu juridikoan. Edonola ere, gisa horretako arau-haustetzat jotzen dira Ogasun Publikoarentzat eta Gizarte Segurantzarentzat kalte ekonomikoak eragiten dituztenak.
b) Europar Batasuneko Zuzenbidearen arau-hausteak, 2023ko otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 2.1 artikuluan zehazten direnak.
2. Aurreko apartatuaren aplikazio esparru materialetik kanpo gelditzen dira 2/2023 Legearen 2. artikuluaren 4., 5. eta 6. apartatuetan jasotzen diren kasuak, hau da, beren araudi espezifikoaren bidez arautzen diren kasuak.
3. 2/2023 Legearen 7.4 artikuluan ezarritakoaren babesean, barneko informazio kanala gaitzen da, halaber, arau-hauste administratibo arinei buruzko edozein adierazpen edo informazio jasotzeko, nahiz eta komunikazio horiek eta igorleek ez duten babesik izanen aipatu legean eta erregelamendu honetan emandako babes esparruan. Hala ere, horrek ez du eragozten datu pertsonalak babesteko araudia betetzeko betebeharra.
3. artikulua. Esparru subjektiboa.
1. Adierazpenak aurkezten ahalko dituzte NUPeko testuinguru laboralean edo profesionalean gertatzen den edozein arau-hausteri buruzko informazioa duten guztiek, honako hauek barne:
a) Teknikariak eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak eta irakasleak eta ikertzaileak.
b) Ikasleak.
c) Langileen legezko ordezkariak, informatzaileei aholkuak eta laguntza emateko eginkizunak baitituzte.
d) NUPeko kontratistentzat, azpikontratistentzat eta hornitzaileentzat edo haien ikuskaritzapean edo zuzendaritzapean lan egiten duten pertsonak.
2. NUPeko langile, irakasle edo ikasle izandakoek ere erabiltzen ahalko dute, bai eta hautaketa-prozesuetan parte hartu dutenek ere, baldin eta NUPekin lotura izan bitartean lortu bada informazioa, NUPekiko lan edo estatutu lotura oraindik hasi ez bada ere.
3. Erregelamendu honetan jasotako babes neurriak honako hauei dagozkie: informatzaileak, haiei laguntzen dietenak, haien inguruan errepresaliak sufri ditzaketen pertsonak eta haiek lotutako pertsona juridikoak (haientzat lan egiten dutelako edo haietan partaidetza esanguratsua badute).
I. TITULUA.–BARNEKO INFORMAZIO SISTEMA
4. artikulua. Barneko Informazio Sistema.
1. Informatzaileek lehentasunez joko dute NUPeko Barne Informazio Sistemaren kanalera, betiere arau-haustea eraginkortasunez tratatzen ahal bada eta salatzaileak uste badu ez dagoela errepresalia-arriskurik. Dena den, zilegi izanen dute adierazpenak kanpoko beste salaketa-bide batzuen bitartez aurkeztea, hala nola Nafarroako Jardunbide Egokien aldeko eta Ustelkeriaren kontrako Bulegoaren bitartez, edo Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoaren bitartez (OLAF) baldin eta arau-haustea Europar Batasuneko funtsei badagokie.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean, ikusteko moduko leku batean, aditzera emanen da barneko kanala eta kanpoko kanalak daudela.
2. NUPeko Barneko Informazio Sistema Nafarroako Unibertsitate Publikoaren jarduketa-eremuan ekintza jakin bat egiteak edo ez egiteak eragindako gertakariekin dago lotua, eta honako hauek biltzen ditu:
a) Barneko Informazio Sistemaren arduraduna.
b) Barneko informazio kanala eta jasotako informazioak kudeatzeko prozedura.
c) Aplikazio esparruaren barnean dauden pertsonak babesteko ezartzen diren bermeak.
3. Erregelamendu honen bidez sortzen den barneko informazio kanalak Nafarroako Unibertsitate Publikoan dauden kanal denak biltzen ditu, hargatik eragotzi gabe informatzaileak beste organo, agintaritza edo erakunde batera jotzea horiek eskuduntzat hartzen diren kasuetan.
4. Ezarriko den Barneko Informazio Sistemak:
a) 2. artikuluan adierazitako arau-hausteen berri emateko aukera ematen die 3. artikuluan adierazten diren pertsonei.
b) Identitatearen konfidentzialtasuna bermatzen du, bai informatzailearena, bai adierazpenean aipatutako edozein pertsonarena, bai eta adierazpenaren kudeaketan eta izapidetzean egiten diren jarduketena ere; halaber, datuen babesa bermatzen du, baimenik gabeko inor sartzea eragozten baitu. Era berean, adierazpen bat erregelamendu honetan araututakoaz bestelako barne kanaletatik bidaltzen bada, hor ere konfidentzialtasuna zaintzeko bermea aplikatuko da, bai eta informazioaren tratamenduaren erantzule ez diren pertsonengan ere.
c) Adierazpenak idatziz aurkezteko aukera ematen du, bai eta, informatzaileak hala eskatzen badu, bilera presentzial baten bidez, zazpi eguneko epean beranduenez.
d) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren esparruaren barnean adierazpenak eraginkortasunez tratatuko direla bermatzen du, Nafarroako Unibertsitate Publikoa lehenbizikoa izan dadin irregulartasunaren berri izaten.
e) Sistemaren arduradun bat izanen du, bai eta kanalean jasotako informazioa kudeatzeko prozedura bat ere, erregelamendu honetan ezarritako baldintzen araberakoa.
f) Informatzaileen eta adierazpenak ukitutako pertsonen babeserako bermeak ezartzen ditu, betiere errespetatuta erregelamendu honen 13. eta 14. artikuluetan xedaturikoa.
5. artikulua. Barneko Informazio Sistemaren arduraduna.
1. Idazkari nagusia izanen da Barneko Informazio Sistema kudeatzeko arduraduna, hau da, sistemaren arduraduna. Hala, pertsona horrek era independente eta autonomoan beteko ditu dagozkion eginkizunak, eta ez du inolako jarraibiderik jasotzen ahalko horiek betetzeko. Halaber, horretarako behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak izan beharko ditu eskuragarri.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak proposatuta, Gobernu Kontseiluak erabakitzen ahalko du pertsona hori kargugabetzea. Kargugabetzea honako arrazoi hauengatik eginen da: pertsona hori arduradun izateko beharrezkoa den kargutik kentzeagatik, hari aitortutako betebeharren ez-betetze larri batengatik –eta hori epai irmo batean deklaratzeagatik–, bat-bateko bateraezintasunagatik edo dolozko delituagatiko kondenagatik.
2. Sistemaren arduradunaren izendapena eta kargu-uztea Informatzailea Babesteko Agintaritza Independenteari (IBAI) adieraziko zaio, edo, hala badagokio, Nafarroako Foru Komunitateko agintaritza edo organo eskudunari.
3. Sistemaren arduradunaren aurkako adierazpen bat aurkezten bada, Gobernu Kontseiluak ordezkari bat izendatuko du –errektoreak proposatuta– informazio hori tratatzeko prozedura aurrera eraman dezan.
4. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean NUPeko Barneko Informazio Sistemari buruz dagoen orrian honako hauek agertuko dira: sistemaren arduradunaren izena, arduradun izateko duen kargua, posta-helbidea eta harekin harremanetan jartzeko gaituko den helbide elektronikoa.
II. TITULUA.–INFORMAZIOA KUDEATZEKO PROZEDURA
6. artikulua. Barneko informazio kanala.
1. Erregelamendu honen bidez sortuko den barneko informazio kanalari esker, erregelamendu honen 3. artikuluan aipatzen diren pertsona guztiek aukera izanen dute 2. artikuluan aipatzen diren informazioak edo adierazpenak aurkezteko.
2. Honako modu hauetan aurkezten ahalko da informazioa barneko kanalean, eta modu horiek denak NUPek gaituko ditu kanalean bertan:
a) Idatziz: horretarako gaitzen den bitarteko elektronikoan formulario bat betez, edo adierazpena zuzenean arduradunari emanez, edo postaz bidaliz gutun-azal itxi baten bidez. Kasu horretan, gutun-azala Barneko Informazio Sistemaren arduradunari zuzendua egonen da, eta horretarako arduradunaren posta-helbidea agertu beharko da, zeina webgunean argitaratua egonen baita.
b) Bilera presentzial baten bidez: informatzaileak eskatu beharko du, eta eskaera egiten denetik zazpi eguneko epean eginen da beranduenez.
Gaituko den bitarteko elektronikoa erabiltzen bada, sistemak informazioa erregistratu eta kode bat esleituko dio. Kode horren bidez, informatzaileak prozeduraren egoera zein den jakiten ahalko du, bai eta prozedura amaitzen duen txostena irakurri ere, halakorik balego.
3. Informazioa modu presentzialean ematen bada, dokumentatu eginen da modu hauetakoren batean, informatzaileak baimena eman ondoren:
a) Elkarrizketa grabatuz: formatu seguru, iraunkor eta eskuragarrian.
b) Elkarrizketa transkribatuz: osorik eta zehatz transkribatuko da, eta informazioa tratatzeko ardura duenak eginen du. Informatzaileak transkripzioa egiaztatzen eta zuzentzen ahalko du, eta bere sinaduraren bidez onartuko du.
4. Adierazpena egitean, informatzaileak posta-helbide, helbide elektroniko edo bestelako bide seguru bat adierazten ahalko du jakinarazpenak modu horren bidez jasotzeko. Era berean, uko egiten ahalko dio aurkeztutako informazioaren ondorioz NUPek egindako edozein adierazpen jasotzeari.
Adierazpena jasotzen denetik zazpi egun naturaleko epean beranduenez, hura jaso egin delako agiria jasoko du informatzaileak, salbu eta uste bada horrek arriskuan jartzen ahal duela informazioaren konfidentzialtasuna, edo informatzaileak berak uko egin badio agiria jasotzeari.
Informazioa aurkezteak ez dakar, berez, informatzailea prozesuan interesdun izatea.
5. Barneko kanalak informazioa modu anonimoan aurkezteko aukera emanen du, baina, horretarako, informazioa bitarteko elektronikoaren bidez aurkezten ahalko da bakarrik.
Informazioa modu anonimoan aurkezten ez bada, informatzaileak eskubidea izanen du bere identitatea hirugarrenei ezagutaraz ez dakien; izan ere, honako hauei soilik adierazten ahalko zaie informatzailearen identitatea: agintaritza judizialari, Fiskaltzari edo ikerketa penal, diziplinario edo zigortzaile baten esparruan eskumena duen agintaritza administratiboari.
Apartatu honen arabera zabaltzen den informazio oro aplikatzekoak diren arauetan ezarritakoaren babesean egonen da. Bereziki, informatzailearen identitatea zabaldu behar bada, horren berri emanen zaio aurretik informatzaileari, salbu eta ikerketa edo prozedura judiziala arriskuan jartzen ahal badu horrek. Agintaritza eskudunak idazki bat bidaliko dio informatzaileari, eta han azalduko dio zergatik zabalduko diren hari buruzko datu konfidentzialak.
6. Adierazpena egiten duen pertsonari informazio argia eta eskuragarria emanen zaio agintaritza eskudunengana jotzeko kanalei buruz, bai eta, beharrezkoa bada, Europar Batasuneko instituzio, organo eta organismoengana jotzeko ere. Era berean, datuen tratamenduaren inguruko informazioa emanen zaio, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduak ezarritakoaren arabera.
7. artikulua. Informazioa erregistratzea eta haren edukia.
1. Erregistro-liburu batean gordeko dira jasotako informazio denak eta haien ondorioz egin diren ikerketak denak, eta, edonola ere, bermatu eginen dira 2/2023 Legean ezarritako konfidentzialtasun baldintzak. Ondorio horietarako, informazio eta ikerketa denak sarbide mugatuko datu-base seguru batean gordeko dira, bete daitezen erregelamendu honetan eta datuak babesteko araudian ezartzen diren baldintza denak. Erregistroa ez da publikoa izanen, eta agintaritza judizial eskudunaren auto bat beharko da sartzeko, betiere prozedura judizial baten esparruan eta haren babespean.
2. Jasotako informazioei eta barne ikerketei buruzko datu pertsonalak epe jakin batez gordeko dira, eta epe hori 2/2023 Legean ezarritakoa betetzeko denbora beharrezkoa eta neurrikoa izanen da. Bereziki, lege horren 32. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan ezarritakoa hartuko da kontuan. Datuak ezin izanen dira inolaz ere hamar urte baino gehiagorako gorde.
3. Aurkezten den informazio orok datu hauek izanen ditu besteak beste:
a) Egoeraren deskribapena: informatzaileak azalduko du bere ustez zer-nolako arau-haustea egon den ekintza jakin bat egitearen edo ez egitearen ondorioz, eta, aditzera emanen du ekintza noiz jazo den edo noiz izan duen haren berri.
b) Erantzulearen edo erantzuleen identifikazioa: ekintza jakin hori egitearen edo ez egitearen erantzulea nor izan den adieraziko du.
4. Informazioa kudeatzeko prozedurarako beharrezkotzat jotzen bada, informazio gehigarria eskatzen ahalko zaio informatzaileari. Informatzailearekin harremanetan jartzea posible bada –informazioa aurkezteko unean harremanetarako datuak eman dituelako, edo barneko kanalaren bidez modu elektronikoan egiten ahal delako–, hala jakinaraziko zaio, eta informazio gehigarria jasotzeko epe bat ezarriko da, hamar egun naturalekoa, jakinarazpenaren biharamunetik zenbatzen hasita. Epe horretan informazio hori aurkezten ez bada, edo informatzailearekin komunikatzerik ez badago, eskaera artxibatuko da, hargatik eragotzi gabe informatzaileak berriz erregistratu ahal izatea geroagoko une batean.
8. artikulua. Tramitera onartzea.
1. Adierazpena erregistratzen denetik 10 egun balioduneko epean beranduenez, sistemaren arduradunak erabaki hauetakoren bat hartu beharko du:
a) Tramitera ez onartzea, honako kasu hauetan:
i. Adierazitako egitateak nabarmen faltsuak direnean, gutxieneko froga-euskarririk ez dutenean edo egiantzekotasunik eta oinarririk ez dutenean.
ii. Adierazitako egitateak erregelamendu honen aplikazio esparrutik kanpo daudenean. Kasu horretan, eskuduntzat jotzen den organo, agintaritza edo erakundeari helaraziko zaio adierazpena, hark tramitatzeko.
iii. Informazioa delitu baten bidez lortu dela adierazten duten arrazoizko zantzuak daudenean. Kasu horretan, Fiskaltzari horren berri emanen zaio, bai eta errektoreari ere.
iv. Adierazpenak erreferentzia egiten dienean pertsonen arteko gatazken gaineko edo soilik informatzaileari eta adierazpenak aipatutako pertsonei eragiten dieten gatazken gaineko erreklamazioei; horrek ez du eragozten adierazpena organo eskudunari helaraztea.
v. Adierazitako egitateak dagoeneko ikertzen ari direnean.
vi. Adierazitako informazioa dagoeneko beste ikerketa baten xede izan denean eta ikerketa hori amaitutzat jo denean, salbu eta informazio berria ematen bada edo prozedura berri baten hasiera justifikatzen duten egitatezko edo zuzenbidezko inguruabarrak gertatzen badira.
vii. Adierazitako egitateei buruz prozedura judizial bat abian dagoenean, edo dagoeneko amaitua dagoenean.
Tramitera ez onartzeko erabakia arrazoitua izanen da beti, eta ezin izanen zaio errekurtsorik jarri; hala ere, informatzaileak zilegi du bestelako akzio batzuk egikaritzea.
b) Adierazpena tramitera onartzea, baldin eta erregelamendu honen 2. artikuluan adierazitako arau-hausteak gertatzen badira, informatzailea 3. artikuluan aipatutako pertsona bada eta aurreko apartatuan azaltzen diren inguruabarretako bat ere gertatzen ez bada.
c) Informazioa berehala Fiskaltzari bidaltzea baldin eta adierazitako egitateak delitu izaten ahal direlako zantzurik badago, edo Europako Fiskaltzari baldin eta egitateek Europar Batasunaren finantza-interesen aurka egiten badute. Errektoreari emanen zaio egoera horren berri.
2. Sistemaren arduradunak zer erabaki hartzen duen, horren berri emanen zaio informatzaileari, salbu eta adierazpena anonimoa izan bada edo informatzaileak Barneko Informazio Sistemaren adierazpenak jasotzeari uko egin badio.
9. artikulua. Jarduketen garapena.
1. Sistemaren arduradunak arduraz bideratuko ditu kanalera sartzen den informazioa kudeatzeko jarduketak.
2. Adierazpena tramitera onartzen bada, ukitutako pertsonari edo pertsonei jakinarazpen bat bidaliko zaie bost egun balioduneko epean, eta, harekin batera, adierazpenean jasotako egitateen zerrenda labur bat. Hala ere, baldin eta uste bada ukitutako pertsonei aurretik egoeraren berri emateak frogaren bat ezkutatzea edo suntsitzea eragiten ahal duela, zilegi izanen da pertsona horiei entzunaldi tramite baterako deia egitea aipaturiko epean. Entzunaldi horretan, adierazpenaren berri emanen zaie, egitateen zerrenda labur batekin.
3. Jakinarazpen horretan, ukitutako pertsonari edo pertsonei adieraziko zaie eskubidea dutela hamar egun balioduneko epean alegazioak idatziz aurkezteko, eta, halaber, datu pertsonalen tratamenduaren berri emanen zaie. Gainera, eta ahal den guztietan, elkarrizketa bat eginen da ukitutako pertsonarekin edo pertsonekin, eta bertan, beren bertsioa azaldu eta nahi dituzten frogabideak aurkezten ahalko dituzte. Elkarrizketa horretara abokatu bat eramaten ahalko dute.
4. Ukitutako pertsonari edo pertsonei ez zaie inola ere emanen informatzailearen identitateari buruzko informaziorik, eta ez dute adierazpena ikusten ahalko.
5. Sistemaren arduradunak prozedura bultzatuko du, eta horretarako, artikulu honetan jasotako jarduketak eta eginbideak gauzatuko ditu, bai eta hark egokitzat jotzen dituenak ere, eta egitateak argitzeko egokitzat jotzen dituen txostenak eskatuko ditu.
6. Ukitutako pertsonak edo pertsonek espedienterako sarbidea izanen dute –salbu eta artikulu honen 2. eta 4. puntuetan adierazitako kasuetan–, eta posible izanen da pertsona horiek entzunaldira deitzea jarduketak amaitu aurreko edozein unetan.
7. Unibertsitateko komunitateko kide guztiek kolaboratu egin beharko dute tramitatze bidean dauden jarduketekin zerikusia duen edozein informazio emateko errekerimendua egiten bazaie, datu pertsonalak barne, eta behartuak egonen dira eskatutakoa betetzera, sistemaren arduradunak ezarritako epean.
10. artikulua. Jarduketak amaitzea.
1. Jarduketak amaitutakoan, sistemaren arduradunak txosten bat eginen du, gutxienez honako hauek jasoko dituena:
a) Adierazpena identifikatzeko kodea eta erregistroko data.
b) Adierazitako egitateen eta burututako jarduketen azalpena, bai eta zantzuen eta egindako proben balorazioa ere.
c) Ateratako ondorioak.
d) Hartutako erabakia, arrazoitua. Erabakia hauetako bat izanen da:
i. Espedientea artxibatzea; hala ere, eta beharrezkoa bada, informatzaileari esanen zaio Nafarroako Unibertsitate Publikoko beste organo batzuetara jotzeko aukera duela, hau da, adierazitako egitateak ezagutzeko eskumena duten organoetara.
ii. Fiskaltzari edo Europako Fiskaltzari bidaltzea, baldin eta, hasieran kriminalitate zantzurik antzeman ez arren, inguruabar hori agerian jartzen bada prozedura izapidetzen ari den bitartean.
iii. Agintaritza edo erakunde eskuduna Unibertsitatea ez baizik eta beste bat baldin bada, jarduketak hara lekualdatzea.
iv. Espedientea Unibertsitateko dagokion organo eskudunari bidaltzea, diziplina-prozedura bat has dezan, arau-hauste bat egin dela egiaztatu bada.
2. Jarduketak amaitzeko eta erabaki arrazoitu bat hartzeko epea ez da izanen hiru hilabetetik gorakoa, adierazpena erregistratzen denetik kontatzen hasita. Bereziki zailak diren kasuetan, barneko informazio sistemaren arduradunak epe hori luzatzen ahalko du, gehienez ere beste hiru hilabete.
3. Ukitutako pertsonari edo pertsonei eta informatzaileari jakinarazpen bat bidaliko zaie bai epea hiru hilabete luzatu dela esateko –kasua bereziki zaila bada–, bai jarduketak amaituta hartutako erabakiaren berri emateko. Dena den, ez da jakinarazpenik bidaliko informatzailea anonimoa bada edo jakinarazpenak jasotzeari uko egin badio.
4. Sistemaren arduradunak hartutako erabakien aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, ez administrazio bidetik ez administrazioarekiko auzien bidetik. Nolanahi ere, diziplina- edo zehapen-prozedura bat abiaraziz gero hari amaiera ematen dion ebazpenik badago, ebazpen horren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da.
III. TITULUA.–BABES NEURRIAK ETA BERMEAK
11. artikulua. Informatzailearen eskubideak eta bermeak.
1. Erregelamendu honen 3. artikuluko esparru subjektiboak barne hartzen dituen informatzaileek eskubidea izanen dute 2023ko otsailaren 20ko 2/2023 Legean ezarritako babes neurriak aplika dakizkien –arau-hausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonak babesteari buruzko legea–.
2. Informatzaileek, gainera, erregelamendu honetan eta datu pertsonalak babesteko araudian ezarritako bermeak izanen dituzte. Zehazki, egokitzat jotzen dituen neurriak hartuko ditu sistemaren arduradunak informatzailearekiko edozein errepresalia mota prebenitzeko eta amaitzeko, betiere arrazoituta eta proportzionaltasunaren, eraginkortasunaren eta kostu txikiagoaren printzipioekin bat etorriz. Egoerak hala eskatzen duenean, neurri horiek aldatu edo kendu egin daitezke prozedura tramitatzen den bitartean, eta, edonola ere, efekturik gabe geldituko dira prozedura amaitzen denean.
Errepresaliatzat jotzen da adierazpen baten eraginez edozein ekintza egiteak edo ez egiteak ekartzen ahal duen ondorioa, informatzaileari justifikaziorik gabeko kalteak eragiten dizkiona. Zerrenda zehatza izan gabe, justifikaziorik gabeko ekintza oro errepresaliatzat har daiteke hauetakoren bat eragiten badu:
a) Zigorrak, kaleratzeak, kargugabetzeak, degradazioak eta mailaz igotzeko ukapenak edo antzeko neurriak.
b) Lanpostua, ordutegia edo lantokia aldatzea edo lizentzia edo baimen bat baliogabetzea.
c) Ebaluazio edo erreferentzia negatiboak egitea emaitza laboral eta akademikoei dagokienez.
d) Informazioa ukatzea, diskriminatzea edo tratu kaltegarria edo bidegabea ematea.
e) Hertsapenak, larderiak, jazarpena edo ostrazismoa.
f) Diziplinazko neurriak ezartzea.
g) Kontratua behar baino lehenago amaitzea, bai langileen kontratuak, bai Kontratu Publikoei buruzko Foru Legean araututakoak.
3. Unibertsitateko komunitateko kideek berehala erantzunen diete sistemaren arduradunak babes neurri horiei buruz emandako jarraibideei. Jarraibide horiek betetzeari uko egiten badiote edo arrazoirik gabe atzeratzen badira, errektoreari emanen zaio aditzera, eta errektoreak, aldi berean, behar diren neurriak hartu ondoren, horren berri emanen dio sistemaren arduradunari.
12. artikulua. Ukitutako pertsonen eskubideak eta bermeak.
1. Informazioa kudeatzeko prozeduran, ukitutako pertsona denek errugabetasun-presuntziorako eta defentsarako eskubidea izanen dute.
2. Ukitutako pertsonek eskubidea dute informazioa existitzen dela jakiteko, egozten zaizkien egitateak barne, bai eta entzunak izateko eta espedienterako sarbidea izateko ere, 11. artikuluan ezarritako baldintzetan.
3. Informatzaileei aitortzen zaien babes bera aitortzen zaie, hau da, haien identitatea zainduko da eta prozedurako egitateen eta jarduketen konfidentzialtasuna bermatuko da.
4. Informazioa kudeatzeko prozeduran egiaztatu egiten bada informatzaile batek fede txarreko adierazpena aurkeztu duela, ukitutako pertsonek eskubidea izanen dute erregistro-liburuan hala jasoa gera dadin, eta informazioa jasotzen ahalko dute eskubidez dagozkien legezko akzioak gauzatze aldera.
13. artikulua. Datu pertsonalen tratamenduaren eta babesaren araubide juridikoa.
1. Erregelamendu hau aplikatzeak berekin dakarren datu pertsonalen tratamendua honako hauetan xedatutakoaren arabera arautuko da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa; 3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa; 7/2021 Lege Organikoa, 2001eko maiatzaren 26koa, arau-hauste penalak prebenitu, hauteman, ikertu eta epaitzeari eta zehapen penalak betearazteari buruzkoa; eta 2/2023 Legearen VI. titulua.
2. Erregelamendu hau aplikatzeak berekin dakarren datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Gobernu Kontseilua izanen da.
3. Honako hauek baizik ez dute izanen Barneko Informazio Sistemaren datu pertsonaletarako sarbidea, bakoitzak bere eskumenen eta funtzioen esparruan:
a) Sistemaren arduraduna, sistemaren barnean eginkizunak esleituta dituzten administrariak eta sistema zuzenean kudeatzen duen pertsona.
b) Giza Baliabideen edo Zerbitzu Juridikoaren arduraduna eta errektorea, Unibertsitateko langile baten aurkako diziplina-neurriak hartu behar direnean bakarrik.
c) Zerbitzu Juridikoaren arduraduna, adierazpenean azaldutako egitateei buruzko legezko neurriak hartu behar badira.
d) Tratamendua egiteko izendatuko diren arduradunak eta datuen babeserako delegatua.
4. Zilegi izanen da datu pertsonalak beste pertsona batzuek tratatzea, bai eta hirugarrenei jakinaraztea ere, baldin eta beharrezkoa bada Unibertsitatean neurri zuzentzaileak hartzeko edo, hala badagokio, bidezkoak diren diziplina-, zehapen- edo zigor-prozedurak izapidetzeko.
5. Erregelamendu honen 2. artikuluan aipatzen diren ekintzak edo ez-egiteak ezagutzeko eta ikertzeko beharrezkoak ez diren datu pertsonalak ez dira bilduko, eta, jasoak baldin badaude, berehala ezabatuko dira.
Jasotako informazioan aipatzen diren datu pertsonalak kategoria berezietakoak badira, berehala ezabatuko dira, eta ez dira erregistratuko eta tratatuko.
6. Erregelamendu hau aplikatzeak berekin dakarren datu pertsonalen tratamendua NUPen Datuak Tratatzeko Jardueren Erregistroan jasoko da.
7. Erregelamendu honen xedearekin lotuak dauden Unibertsitateko langileek eta hirugarrenek derrigor jaso beharko dute Unibertsitateko Barneko Informazio Sistemaren esparruko datu pertsonalei buruzko informazioa.
14. artikulua. Datu pertsonalen babesari eta eskubideak baliatzeari buruzko informazioa.
1. Interesdunek beren datu pertsonalak zuzenean ematen badituzte, honako artikulu hauetan bildutako informazioaren berri emanen zaie: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikulua eta 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 11. artikulua.
Informatzaileei esanbidez adieraziko zaie, gainera, haien identitatea kasu guztietan zainduko dela, eta ez zaiela haien identitatearen berri emanen ez adierazitako egitateek hizpide dituzten pertsonei, ez hirugarrenei.
2. Interesdunek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 15.etik 22.era bitarteko artikuluetan aipatzen diren eskubideak baliatzen ahalko dituzte.
3. Adierazpenean azaldutako egitateek hizpide duten pertsonak aurka egiteko eskubidea erabiltzen badu, ulertuko da ezen, kontrako frogarik ezean, haren datu pertsonalen tratamendua legitimatzen duten ezinbesteko arrazoi legitimoak daudela.
Xedapen indargabetzaile bakarra.
Erregelamendu honek indargabetu egiten du Nafarroako Unibertsitate Publikoaren salaketa kanalaren erregulazioa, zeina honako hauetan biltzen baita: Gobernu Kontseiluaren 2021eko abenduaren 16ko erabaki bat, Iruzurraren aurkako Neurrien Plana onetsi zuena, eta 2021eko abenduaren 23ko 2701/2021 Ebazpena, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, aipatu erabakia garatzeko eman zena.
Azken xedapenetan lehena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Iruzurraren aurkako Neurrien Planeko "DETEKZIOA" apartatua aldatzea.
1. Gobernu Kontseiluak 2021eko abenduaren 16an hartutako erabaki baten bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Iruzurraren aurkako Neurrien Plana onetsi zen, eta orain planaren apartatu bat aldatu behar da. Hain zuzen, "DETEKZIOA" izeneko apartatuaren C) paragrafoa aldatuko da, eta honela idatzita geldituko da:
"C.–Jakinarazpen-mekanismo egoki eta argiak ezartzea. Horien artean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Barneko Informazio Sistema nabarmentzen da, zeina Gobernu Kontseiluak onetsitako erregelamenduaren bidez arautzen baita.
2. Halaber, indargabeturik geldituko dira "DETEKZIOA" apartatuaren 3., 4. eta 5. paragrafoak; izan ere, paragrafo horiek salaketen kanalari buruzkoak dira, baina kanala dagoeneko ezabatu egin da.
Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.
Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra erregelamendu honek.
Iragarkiaren kodea: F2507553
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
