Iragarkia
110. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 3a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
427E/2025 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen-inpaktuaren txostena egiten duena "Biometanoaren eta bioongarrien instalazioa Sesman" izeneko proiekturako. Sustatzailea Biometano Sesma SL da.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, goian aipaturiko espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri dio Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.
Azaldutako proiektuaren ezaugarriak direla-eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9.b) taldean sartzen da proiektua (hondakinen balorizaziorako instalazioak); horregatik, legean ezarritakoarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio.
Proiektuaren xedea da instalazio bat eraikitzea eta ustiatzea hondakin ez-arriskutsuen balorizazioa egin dadin digestio anaerobikoaren bidez, energia aprobetxatzeko eta ongarria ekoizteko. Instalazioan, nekazaritzako elikagaien industriako azpiproduktuak eta/edo hondakinak eta abeltzaintzako azpiproduktuak kudeatuko dira, hala nola mindak, simaurrak, oilo-zirina, elikadura-errefusak, landare-hondarrak, etab. (184.500 tona urtean), 40 km-tik beherako erradioan ekoiztutakoak.
Azken produktu hauek sortuko dira: biogasa (urtean 18.781.233 Nm³ ekoizten dira, eta horietatik 10.373.681 Nm³ biometanoa izanen dira, gas-sarera injektatzeko edo likidotu eta andeletan banatzeko), digestatoa (162.490 t digestato gordin; horietatik, 84.972 t merkataritza-likidoa izanen dira urtean, erabiltzen ahalko dena merkataritza-ongarri organiko eta solido gisa, eta 77.518 t, aldiz, konposta egiteko erabiliko dira urtean) eta azpiproduktuak (14.199.960 Kg CO2 urtean, 55 t oinarrizko sufre urtean eta 4.380 t amonio sulfato urtean).
Proiektuak barnean hartzen ditu NA-129 errepideko sarbideak, ur- eta energia-hornidurako zerbitzuak. Proiektuak aurreikusten du, orobat, autokontsumorako instalazio fotovoltaiko bat eraikitzea, 3.016 kW-eko muturreko potentziarekin, Sesmako 11. poligonoko 352. eta 353. lurzatietan, zeinak jarduerari baitagozkio.
Horrez gain, zelai bat proiektatu da instalazioen ipar-mendebaldean digestato solidoa lehortzeko eta konpostatzeko.
Dokumentu teknikoari ingurumen arloko dokumentu bat erantsi zaio, eta horren laburpena ingurumen-inpaktuaren txosten honen I. eranskinean dago.
–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua izapidetzea:
Ekainaren 25eko 21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, kontsultak egin zaizkie ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei. Zehazki, kontsulta egin zaie inguruan dauden ukitutako udalei, Nafarroako Gobernuko hainbat atali, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, talde ekologista batzuei eta M. Torres Diseños Industriales SAU - Nafarroa enpresari, haize-parke bat baitu proiektutik oso hurbil.
Izapide horretan, honako hauen erantzunak jaso dira: Mendabiako Udala, Ehiza Kudeaketarako Atala, Hondakinen Atala, M. Torres Diseños Industriales SAU - Nafarroa, Ebroko Ur Konfederazioaren Ur Jabari Publikoa Kontrolatzeko Zerbitzua eta Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala. Azken horrek emandako erantzunean adierazten du bere ondorioak ingurumen-baimen integratuaren izapide substantiboan sartuko direla, eta, era berean, izapide horren jendaurreko informazioaren emaitza igortzen du.
Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, 2024ko irailaren 26an, sustatzaileari eskatu zitzaion ezen, proiektuaren ingurumen-izapideekin jarraitu ahal izateko eta ingurune naturalean izan ditzakeen eraginak behar bezala baloratzeko, dokumentazio osagarria aurkeztu behar zela, behar bezala jasoko zituena, besteak beste, inguruan kokatzeko beste aukera batzuk, inpaktu sinergiko eta metatu txikiagoak dituztenak beste instalazio eta jarduera batzuekin, eta Natura 2000 Sareko «Estellerriko Erriberako igeltsuak» espazioan eragin txikiagoa dutenak. Errekerimenduari 2024ko azaroaren 28an erantzun zitzaion.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 47. artikuluan ezartzen duenez, ingurumen arloko organoak, eskuragarri dagoen informazioaren arabera eta ingurumen ondorioetarako egiten den ebaluazioaren arabera, modu arrazoituan ebatziko du proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen ala ez. Beraz, bidezkoa da ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitea, eta proposatzen da ingurumen-inpaktuaren txostena egitea.
–Proiektuaren analisi teknikoa, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan harturik:
"Biometanoaren eta bioongarrien instalazioa Sesman (Nafarroa)" izeneko proiektuak 4 aukera aztertzen ditu, "0" aukeraz gain. Aukerak zehaztean, honako irizpide hauek erabili dira, besteak beste: gas-hoditeriatik hurbil egotea, baliabide erabilgarriak gertu izatea, inguruan babes-figurarik ez egotea, sarbidea izatea eta behar adinako azalera okupatzea. Irizpide anitzeko azterketatik 1. aukera hautatu da, instalazioa kokatzen duena Sesmako 11. poligonoko 194., 195., 200., 204., 206., 207., 208., 209., 352. eta 353. katastro-lurzatietan, Los Arcos bidearen eta Ebroko iraganbide nagusiaren artean, zeina NA-129 errepidearen paraleloan baitoa.
Proiektu industriala da, neurri garrantzitsuak dituena nagusiki nekazaritzakoa den eremu batean. Urbanizatutako azalera 53.369 m² da, eta lehorreko laborantzako lurzati ukituen guztizko azalera, aldiz, 213.947,13 m². Instalazio batzuk, hala nola digestore ondokoa, digestato likidoaren tanga edo hidrolisi-tanga, 15 metro garai izan daitezke.
Lur-mugimenduei dagokienez, 409 eta 406,2 koten arteko lur-berdinketak ekarriko du lur-bolumen handia kendu eta zelaitu beharra (zenbait ezponda 6,5 m-ra artekoak izanen dira), baina konpentsazioa ona izanen da, eta indusketako materialaren soberakina, zabortegira eramanen dena, 228 m³ inguru izanen da.
Proiektuak biodibertsitatean dituen inpaktuei dagokienez, nabarmentzat jotzen dira ingurunean instalatuta dauden beste proiektu batzuekiko ondorio sinergikoak. Hasierako ingurumen-dokumentuak aztertzen zituen, bakar-bakarrik, paisaiaren gaineko inpaktu metatuak eta sinergikoak, eta orain faunaren gaineko inpaktu horien ebaluazioarekin osatzen da. Kontuan izan behar da proiektuaren inguruan berriki haize-parke bat instalatu dela, El Oliado, eta haren bi haize-sorgailu kokatu direla mendebaldeko mugatik 300 eta 380 metrora hurrenez hurren. Orobat, iparraldean, 1.000 metro pasatxora, beste haize-parke bat dago, La Lomba, Lodosako udal mugartean.
El Oliado haize-parkearen sustatzaileak (M. Torres, Diseños Industriales) kontsulten izapidean eginiko txostenean adierazten duen bezala, erabiltzen diren produktuak jasotzeko eremuak eta konpostatze zelaiak fauna oportunista erakar dezakete, eta haren ingurune hurbilean basafauna agertuko da, zehazki, ugaztun txikiak, zeinek, bere aldetik, hegazti harrapariak, nekrofagoak eta bestelakoak erakarriko baitituzte. Horrek areagotu eginen du espezie horiek haize-sorgailuekin talka egiteko arriskua. Txosten horretan bertan adierazten denez, litekeena da bioongarriek eta horiek prozesatzeko behar diren materialek eta substantziek usainak isurtzea, eta horrek intsektuak erakarriko ditu, eta horrek, berriz, saguzarrak. Fauna-talde horretako espezie gehienak babestuta daude, eta nabarmen handitzen da instalazio eolikoekin talka egiteko arriskua.
Sustatzaileak 2024ko iraileko errekerimenduari erantzunez aurkeztutako ingurumen-dokumentazio osagarriak ondorioztatzen du proiektuak ez duela inpaktu sinergikorik izanen beste proiektu batzuekin, bereziki inguruko haize-parkeekin, prebentzio-neurrien proposamen berri bat aplikatu ondoren. Inpaktu hori minimizatzeko, sustatzaileak proposatu du ihesak kontrolatzeko zanga eta idoiak iragazgaiztea eta estalki flotagarri baten bidez estaltzea. Gainera, hormigoi iragazgaiztuzko zolataren gainean jarri beharreko konpostatze eremuan, sustatzaileak aurreikusten du, prebentzio- eta zuzenketa-neurri gehigarri gisa, ehun geotestileko olana batekin estaltzea konpostatu beharreko digestato solidoko piloak.
Digestato solidoko piloak ehun geotestilaz estaltzeari buruz proposatutako irtenbideari dagokionez, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak uste du ez dela nahikoa, eta egokiagotzat jotzen du konpostatze lanak egitea estalki azpian eta hormigoizko zokalo batekin, lurreko fauna sar ez dadin. Horrek guztiak ez du galarazten ezen, kontuan hartuta hurbil dauden haize-parkeetako ingurumena zaintzeko planaren emaitza, hain zuzen, El Oliado haize-parkeko eta/edo La Lomba haize-parkeko hegaztien hilkortasuna, biometanizazio-instalazioaren sustatzaileak neurri gehigarri berriak hartu beharko dituela, ebazpen honen baldintzetan jasotzen den bezala.
Faunaren gaineko beste inpaktu batzuk baloratu behar dira, hala nola instalazio guztien perimetroan dagoen bi metroko hesiaren ondoriozkoak, bai eta zaratak, ibilgailuen joan-etorriek, pertsonen presentziak eta abarrek eragindako perturbazioa ere. Horrek eragin dezake, Ehiza Kudeaketarako Atalaren txostenean jasotzen den bezala, basafaunak lurralde konektagarritasuna galtzea, huts-efektua sortzen duelako eta animalien zirkulazio-eremua eteten duelako, bereziki animaliek joan-etorriak egiten dituztenean KBEtik iparraldetik hegoaldera eta KBEtik kanpora, eta mendebaldetik ekialdera, estepako hegaztientzako eremu kritikoen artean.
Lehorreko lurren azalera galdu baita estepako faunarentzako habitat gisa, ingurumen-dokumentuaren adendan sustatzaileak proposatzen du, konpentsazio-neurri gisa, azalera baliokide bat gordetzea (hektarea bateko konpentsazioa egitea instalazioak okupatutako hektarea bakoitzeko), bertan estepako habitata sustatzeko neurriak hartzeko. Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren ustez, proposamenaren kontzepzioa egokia da, baina ez, ordea, tamaina; beraz, ebazpen honetako baldintzetan handitzen da.
Landarediaren eta intereseko habitaten gaineko inpaktuak ez dira hain garrantzitsuak. Sasi-garbiketak dira nabarmenenak, egin behar baitira ur-hornidurako sareko kanalizazioetan zangak eta laneko kaleak ireki aurretik. Lan horiek ekarriko dute Brachypodium retusum espeziearen larre-azalerak galtzea (ez dago inbentariatuta intereseko edo lehentasunezko habitat gisa), zuhaixka mediterraneoak dituztenak (Thymus vilagaris, Rhamnis Lycioides, Asparagus acutifolius, Limonium sp. eta abar), eta zenbait zuhaitz botatzea Ebroko Iraganbidea errege altxonbideko landaketa linealetan, gutxienez 800 metroko luze den tarte batean.
Sare elektrikora konektatzeko, lurpeko linea elektriko bat eraikiko da, eta "Lodosa-Cárcar" 13,2 kV-eko aireko linearen 467. eta 468. euskarrien artean izanen du lotura. Euskarri berri bat tartekatu beharko da dauden euskarrien artean, eta 40 bat metrora bao lasai bat jarri. Proiektuak adierazten du proiektu independente bat eginen dela linea hori legeztatzeko. Proiektu horretan, baloratuko da zer ingurumen-inpaktu gertatuko den eta zer neurri zuzentzaile hartu eta gauzatuko den.
Natura 2000 Sarearen gaineko ukipenari dagokionez, ingurumen-dokumentuaren eranskinak (2024ko iraila) aztertzen du zer eragin izanen duen intereseko eta lehentasunezko habitatetan, gatz-sakanetan eta estepako faunan eta harkaitzetakoan, eta ondorioztatzen du faunak bakarrik pairatzekoak izanen direla ukipenak, animaliek joan-etorriak egin baitezakete Natura 2000 Sareko gunearen mugetatik biometanizazio-instalazioa dagoen espazio irekietara. Gainerako gako elementuak instalazioaren mugetatik urrun egonda, instalazioak ez du eraginik izanen haietan. Inpaktua ahalik eta txikiena izan dadin, sustatzaileak proposatzen du, lehen esan bezala, azalera bidezko konpentsazioa, estepako habitata sustatzeko. Nafarroako Gobernuarekin adostu beharko da neurria.
Aurreikusita dago sustatzaileak sare elektrikoaren hornidura osatzea autokontsumorako eguzki-plaka fotovoltaikoen instalazio batekin (3.016 kW-eko muturreko potentzia). Instalazioak proiektu independente bat beharko du, eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio propio bat ere bai.
Ebroko Konfederazio Hidrografikoak, ukitutako administrazio publikoei kontsultak egiteko izapidean eginiko txostenean, adierazten du instalazioa kokatuta dagoela ibilgu publikoak ukitzen dituzten eremuetatik kanpo eta ibaiekin uholde-arriskua duten eremuetatik kanpo, eta, beraz, ibilguetako polizia-eremua ukitzen ez denez, ez dela beharrezkoa erakunde horren administrazio-baimena. Gainera, adierazten dute jarduera berez dela positiboa ingurumenerako, uren kutsadura lausoko arriskua saihesten baitu, zeina lotuta baitago simaurrak zuzenean lursailera aplikatzearekin. Hala ere, ohartarazten dute arriskugarria izan daitekeela jardueraren jariatze-urak eta lixibiatuak gaizki kudeatzea eta istripurik gertatzea. Beraz, ezinbestekotzat jotzen dute ingurumen-dokumentuan jasotako prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak betetzea, baita eremuko dinamika hidrologikoa kontrolatzeko eta lurrazaleko eta lurpeko uren kalitatea ziurtatzeko beharrezkoak diren neurriak ere.
Ildo horretan, ingurumen-dokumentazioaren adendak barne hartzen du digestato solidoen kudeaketa plan bat. Proiektuaren baimen substantiboa izapidetzean (proiektuaren ingurumen-baimen integratua), baloratuko da plan hori nahikoa den eta bat datorren ongarritzeari eta hondakinak kudeatzeari buruz indarrean dagoen araudiarekin. Nolanahi ere, egiaztatu da hautatutako lurzati batzuk kokatuta daudela "AC3 Arroitz-Los Arcos-Mendabia-Sesma" izeneko estepako abifauna kontserbatzeko eremu kritikoaren barnean. Beraz, landare naturalei eta faunari ahalik eta kalte txikiena egiteko, kontuan hartu beharko da "Abeltegietako simaurren protokoloa Natura 2000 Sarean eta faunarako eremu kritikoetan" izeneko protokoloa (txosten honen III. eranskina).
Mendabiako Udalak bere txostenean adierazi duenez, arduratuta dago jendeari eragiten dion kiratsarekin eta ugarituko den trafikoarekin, egunero 31 ibilgailu astun gehiago ibiliko baitira (55 guztira). Sustatzaileak, 2024ko iraileko dokumentazio osagarrian, olfatometria-azterketa bat jasotzen du, eta, horren arabera, ez da espero eragin kaltegarririk 6,4 km-ra dagoen Mendabiako herrian. Era berean, trafiko azterketa zehatz bat aurkeztu du lantegirainoko ibilbide posible guztien gainean, eta adierazi duenez, ez dira garrantzitsuak inguruabar horrek hurbileko herrietan dituen ondorioak.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak adierazitakoarekin bat, jakinarazten da inpaktu horiek (baita baliabideen kontsumoarekin, emisio atmosferiko eta akustikoekin, isurketekin eta hondakinen sorrerarekin lotutakoak ere) ebaluatuko direla ingurumen-baimen integratuaren izapidean, zeina egiten ari baita ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua izapidetzearekin batera.
Nafarroako ondare arkitektoniko eta arkeologikoari dagokionez, ingurumen-dokumentuak adierazten du ez dagoela a priori zuzeneko inpakturik kultura-intereseko ondasunetan, aztarnategi arkeologikoetan, ondasun historiko-artistikoetan, industria-ondareko elementuetan, ondare etnografikoan eta aztarna arkitektonikoetan. Oinarrizko azterlanean jasotako ondare-ondasun inbentariatua –Oliado VII (09-31-157- 0038)– ukipenik ez jasotzeko behar bezain urrun dago. Hala ere, azaleko prospekzio arkeologikoetan, kontserbatu beharreko elementu etnografiko hurbil bat hauteman zen: Casilla de la Pinilla.
Dokumentazioa ikusita, 2024ko irailaren 26ko errekerimenduaren ondoren aurkeztutako dokumentazio osagarria barne, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak jakinarazten du ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura behar bezala egin dela eta kontsulten emaitza kontuan hartu dela, eta, 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, ondorioztatzen du proiektuak ez duela ondorio kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarri bezala, ez eta ingurumen-baimen substantiboan jasotakoetan ere.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Ez da aurreikusten "Biometanoaren eta bioongarrien instalazioa Sesman" izeneko proiektuak eragin nabarmenik izatea ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritakoaren arabera. Proiektuaren sustatzailea Biometano Sesma SL da.
2. Aurrekoa gorabehera, baimenak berekin dakar baldintza hauek betetzea:
1.–Txosten hau egin da kontuan izan gabe sustatzaileak aplikatu beharreko araudi espezifikoan ezartzen diren baimen guztiak lortzen dituen ala ez, eta, bereziki, instalazioaren ingurumen-baimen integratua, bat etorriz Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren Legearen testu bateginak arautzen duen administrazio-prozedurarekin (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina). Izapide horretan, instalazioaren ingurumen-alderdi garrantzitsuenak ebaluatuko dira: teknika erabilgarri onenen (TEO) aplikazioa, baliabideen kontsumoa, emisio atmosferikoen eta akustikoen arloko ukipenak, isurketak eta hondakinen sorrera.
2.–Zuinketak iraun bitartean, zinta eta marka ikusgarriekin balizatuko dira obrek ukitutako azalera guztiak, barne daudela eremu osagarriak eta pilaketa eremuak. Ez da makinarik edo ibilgailurik ibiliko landaretza naturaleko eremuetan.
3.–Zelaitze lanek ez dute ekarriko proiektatutako altueratik gorako lur erauzketarik edo betelanik (6,5 m). Ezpondarik sortzen bada, etzanak izanen dira, proiektatutako malda baino gutxiagokoak (ahal dela, 2H/1V edo gutxiago), haien goialdeak biribilduak izanen dira, eta lubetetako ezponden gainean gutxienez lur begetalezko 30 cm-ko geruza jarriko da.
4.–Lurra kendu edo hondeatu aitzinetik, obrek eragindako azalera guztietatik landare lurra kenduko da, gutxienez 30 cm-ko sakonerako profil batean (okupazio iraunkorreko edo aldi baterako azalerak). Material hori horretarako hautatutako espazioetan metatuko da, 2 m-tik beherako altuera duten kabailoiak osatuz. Lur mugimenduetako soberakinak ahal bezainbeste aprobetxatzeko ahalegina eginen da, obran berean erabiliz. Obran berean erabiliko ez diren lur soberakinak (proiektuaren arabera, 228 m³) hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu, eta lehentasunezko helburua izanen da inguruko espazio narriatuak lehengoratzea. Lehengoratzeko lanetan erabiliko ez diren lurrak zabortegi baimendu batera lekutuko dira. Jakinarazten da ezen lurren lekualdaketa eskatzen duten operazio guztiek Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Hondakinen Atalaren aldeko txostena beharko dutela.
5.–Ur- eta energia-hornidurako kanalizazioak paratzeko, ahal den guztietan, laneko kaleak eta zangak bideetatik eginen dira, edo laborantza alorretatik birdiseinatuko dira, mugetako landaredia ukitu gabe. Neurri hori bereziki aplikatuko da Ebroko iraganbide nagusiarekin bat datorren tartean. Era berean, Errege Abelbideko zuhaitzak moztea saihestuko da.
6.–Instalazioen ingurunean obrek ukitutako azalera guztiak eta ur- eta energia-hornidurako kanalizazioek ukitutakoak destrinkotu dira, haietatik harriak kenduko dira eta laborantzarako edo, larreei eraginez gero, ereiteko prestatuko dira. Azkenik, malda moderatuko azaleren kasuan (lur-erauzketako ezpondak eta lubetak), hidroereintza eginen da belarren eta zuhaixken hazi autoktonoen nahasketa batekin, egokituta baitaude proiektuaren eremuko lurzoruaren eta klimaren baldintzetara.
7.–Ingurumen-dokumentuak adierazten duen bezala, proiektatutako landaketak Sesmako 11. poligonoko 200., 208. eta 209. lurzatietan eginen dira hautatutako espezieekin (olibondoak, arbendolondoak eta arteak), eta, gainera, honako hauek erabilita: tamariza (Tamarix africana edo Tamarix canariensis), Alepo pinua (Pinus halepensis), karraskadiak (Quercus ilex rotundifolia), abariztiak (Quercus coccifera) eta erromeroa (Rosmarinus officinalis). Landaketak instalazioen perimetroan eginen dira, ekialdean, hegoaldean eta mendebaldean. Landaketa lanak azarotik otsailera eginen dira, obrak egin eta gero, eta instalazioaren bizitza osoan zehar egoera onean irautea bermatzeko zaintza eta ureztapena emanen zaizkie. Gainera, landaketak instalazioen hesiaren kanpoaldean geratzen badira, babestuko dira ganaduak kalterik ez egiteko, hodi babesleak eta zurkaitzak paratuz.
8.–Lanak egin bitartean Espainiako Espezie Mehatxatuen Katalogoan (139/2011 ED) jasotzen den espezieren baten presentzia detektatzen bada, lanek kaltetuko luketena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.
9.–Instalazioen barnean karraskari eta bestelako animalien kontrola beharrezkoa balitz, aurrez behar diren baimenak lortuta egin beharko litzateke, bitarteko mekaniko eta biologikoak erabiliz; izan ere, guztiz debekaturik dago pestizida, intsektizida, errodentizida eta bestelako pozoiak erabiltzea.
10.–Simaurrak eta gainerako hondakinak estalkipean jaso eta biltegiratuko dira, eta minden kasuan, andel estankoetan, proiektuak jasotzen duen bezala. Era berean, konpostajeko digestato solidoko piloak estalkipean geratuko dira (teilapea edo itxitura osoa). Estalkipean itxiturarik ez baldin badago alboetan, hormigoizko zokalo bat jarriko da konpostatze zelaiaren perimetroan. Helburua da espezie oportunistak erakartzeko puntu oro saihestea, beste espezie harrapari batzuk erakartzen baitituzte.
11.–Bi idoietan irteteko sistemak instalatuko dira. Izan ere, bi idoien hormetan, polipropilenozko geotestilezko estalduraren gainetik, sare plastiko bat jarriko da (jarraitua edo tarteetan, azalera osoaren 1/3 gutxienez estaltzen duena), ertzean finkatuta eta hondoan ainguratuta. Idoiaren ertzaren eta itxituraren artean, gutxienez metro bateko espazio bat utzi beharko da, hegaztiek hegan egin ahal izan dezaten esparrutik irteteko. Pertsonak erortzeko aukerari dagokionez, sokak jarriko dira barneko ezpondetan, eta flotazio-sistemak barnealdean.
12.–Idoiak behar adinako edukiera dutela diseinatuko dira, eta neurriak ezarriko dira ezohiko euriteetan urak ez dezan ustekabean gainezka edo ihesik egin, arriskurik egon ez dadin horrek instalazioen hegoaldean dauden sakanei eragiteko, "Estellerriko Erriberako igeltsuak" KBEan.
13.–Estepako abifaunaren alde egiteko, sustatzaileak proposatutako konpentsazio-azalera handitu beharko da, eta, beraz, konpentsazio-azalera, gutxienez, 25 hektarea ingurukoa izanen da landu gabe dauden lehorreko alorretan. Ebazpen hau ematen den egunean, laborantzan edo atsedenaldian egonen dira, urteko eta aldiko erregimenaren arabera. Landarediaren gehiegizko garapena galarazteko, lursailak arinki goldatuko dira 2 edo 3 urtean behin, azaroan, abenduan, urtarrilean edo otsailean. Lurzati horiek eremu lau, garbi eta nagusietan kokatuko dira, inguruko estepako abifauna kontserbatzeko eremu kritikoen barnean. Nolanahi ere, lurzatiak hautatzeko, kontsulta egiten ahalko zaio Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari. Obrak hasi baino lehen, zerbitzu horri aurkeztu beharko zaio azkenean xede horretara bideratutako lurzatien zerrenda, baliozkotu ditzan. Horrez gain, frogatu beharko da lurzati horiek erabiltzeko eskubidea badutela. Urtero, sustatzaileak jarraipen-txosten bat aurkeztuko du, baldintza hori betetzen dela ziurtatzeko.
14.–Digestatoen banaketari dagokionez eta katalogatutako estepako hegaztien populazioei kalterik ez egiteko, "mindak, digestatoa eta/edo simaurrak behar bezala kudeatzeko protokoloa" bete beharko da "AC3 Arroitz-Los Arcos-Mendabia-Sesma" izeneko estepako abifauna kontserbatzeko eremu kritikoan sartuta dauden banaketa planaren lurzatietan (protokoloa txosten honen III. eranskinean dago jasota). Sustatzaileak kontrol-sistema bat ezarri beharko du, frogatzeko moduan egiaztatu ahal izateko eremu horietako nekazaritzako ongarritzea egiten dela estepako abifaunaren ugalketarako aldi kritikotik kanpo.
15.–Instalazioen hegoaldeko itxituraren ondoan, ETRS89 572.752/4.698.516 koordenatu-puntuan dagoen eskorta gorde beharko da.
16.–Instalazioak mugatzen dituen hesian eta idoietan, proiektuaren arabera, ikusten diren xingolak jarriko dira, abifaunak talka egin ez dezan. Bihurdura bakuneko itxitura bat gomendatzen da, oinarrian gutxienez 30 cm lurperatuta, fauna oportunista barrura sar ez dadin, eta itxituraren azken harian elementu zorrotzak saihestuko dira.
17.–Linea elektrikoaren baimena izapidetzean (nahitaezko ingurumen-eraginen ebaluazioa lortu beharko du), abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko da (errege dekretu horren bidez, goi tentsioko linea elektrikoetan abifauna talken eta elektrokuzioen aurka babesteko neurriak ezartzen dira).
18.–Argi kutsadura, argi arrotza eta faunaren gaineko ukipena murrizteko, bete beharko da Kanpo argiteriako instalazioen efizientzia energetikoari buruzko Erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan eta haren jarraibide tekniko osagarrietan (EA-01etik EA-07ra) ezarritakoa, E1 sailkapena duten eremuetan.
19.–Ingurumena zaintzeko plan bat aurkeztuko da jardueraren funtzionamendu-faserako, basafauna instalazioetara ez erakartzeko neurriei dagokienez.
20.–Egiaztatzen bada ezen, sustatzaileak hartutako neurriak gorabehera, biometanoaren eta bioongarrien instalazioaren jarduerak laguntzen duela inguruko haize-parkeetako abifaunaren eta kiropteroen talken ondoriozko heriotza-tasa maila onartezinetara eramaten, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak behar adina neurri ezartzen ahalko ditu inpaktu hori saihesteko, barne dagoela biometanoaren eta bioongarrien instalazioko jarduera gelditzea, eta ezin izanen da kalte-ordainik eskatu horregatik.
21.–Handitutako instalazioa abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak txosten bat aurkeztu beharko du (memoria eta dokumentazio grafikoa), egiaztatzeko ingurumen-inpaktuaren txosten honetan jaso diren eta obretan gauzatu behar diren neurri guztiak betetzen direla, hala nola aurreikusitako landaketak eta haien egoera, hesiaren ezaugarriak, konpostatze zelaia estaltzeko egitura edo idoietako inpaktuak kontrolatzeko neurriak. Jarduera hasi eta urtebete igaro ondoren, dokumentazio idatzia eta grafikoa aurkeztuko da, erakusteko nola ezarri diren sustatzaileak proposatutako neurriak eta ea eraginkorrak diren digestato solidoen konpostatze sistemaren kasurako.
22.–Obrak hasi aurretik, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena eduki beharko da, administrazio-baimena lortu baino lehen. Nolanahi ere, instalazio osagarriek, hondakindegiek edo bestelako okupazioek ez dute eraginik izanen Casilla de La Pinilla elementu etnografikoaren gainean, zeina 200 metrora baitago proiektuaren lurzatien hegoaldeko mugatik. Obrek dirauten bitartean aztarna arkeologikoren bat agertuz gero, aurkikuntza berehala jakinaraziko zaio zerbitzu horretako Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, bat etorriz Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan ezarritakoarekin.
23.–Proiektuaren bizitza erabilgarria bukatu ondoren, instalazio guztiak deseginen dira, eta okupatutako lurrak jatorrizko egoerara itzuliko dira.
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau igortzea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Sesmako Udalari, Basozaintzari (9. barrutia, "Lizarra Hegoa") eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 20an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–INGURUMEN-DOKUMENTUAREN LABURPENA
"Biometanoaren eta bioongarrien instalazioa Sesman (Nafarroa)" izeneko proiektuarekin, ingurumen-dokumentu bat aurkeztu da, 4 aukera aztertzen dituena, "0" aukeraz gain. Ingurumen-dokumentuan jasotako irizpide anitzeko azterketatik 1. aukera hautatu da.
Ingurumen-dokumentuak ingurune fisikoaren eta biologikoaren inbentarioa egiten du. Ingurune biologikoari dagokionez, eta, zehazki, faunaren kasuan, inbentarioa ingurumen-dokumentuaren adendan osatzen da datu gehiagorekin, zeinak bildu baitira El Oliado haize-parkearen ingurumen-inpaktuaren azterketan egindako abifaunaren inbentarioetatik. Ingurumen-inpaktuaren azterketak ondorioztatzen duenez, proiektuak nagusiki ukitutako fauna espezieak dira nekazaritzako inguruneei lotuta daudenak. Alabaina, horietako bat ere ez dago galzoriko espezie gisa katalogatuta azaroaren 27ko 563/1995 Foru Dekretuaren arabera, zeinaren bidez basafaunako ornodunen zenbait espezie eta azpiespezie Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan sartu baitziren. Baten bat, ordea, egoera kalteberan dago, baina probabilitate gutxi dago eremuan agertzeko.
Eraikuntzako eta funtzionamenduko faseko inpaktuak identifikatuta daude, eta adierazten denez, intentsitate ertainekoak eta ondorio iraunkorrekoak dira lurzoruan eta azaleko zein lurpeko uretan eginen direnak, zarataren sorrera (aldi baterakoa), usainak eta paisaian egiten direnak. Ingurumen-dokumentuaren arabera, proiektuak ez du aldaketarik ekarriko Natura 2000 Sareko "Estellerriko Erriberako igeltsuak" espazioan, zeina 100 metrotik behera baitago proiektuaren lurzatien mugatik. Ingurune sozioekonomikoaren gaineko inpaktu guztiak positibotzat eta iraunkortzat jotzen dira.
Ingurumen-dokumentuan jasotako azterketa arkeologikotik ondorioztatzen denez, "Biometanoaren eta bioongarrien instalazioa Sesman" izeneko proiektuak ez du a priori inpakturik. Hala ere, azaleko prospekzio arkeologikoetan, babestu beharreko elementu etnografiko bat hauteman zen: Casilla de la Pinilla.
Instalazioak prebentzio-neurriak hartuko ditu emisio atmosferikoen eta usainen inpaktua murrizteko, hala nola putzuak eta konpostatze piloak estaltzea. Proiektuak neurriak jasotzen ditu, halaber, lurzoruak eta lurrazaleko eta lurpeko urak ez kutsatzeko. Gainera, konpentsazio-neurri gisa, proposatzen da lugorriak kudeatzea estepako faunari laguntzeko, 1:1 azalera-erlazioan.
Ingurumen-integrazioko neurriak sartzen dira: ereintzak eta olibondoen, arbendolondoen edo arteen landaketak jardueraren iparraldean, Sesmako 11. poligonoko 200., 208. eta 209. lurzatietan, bai eta lurzatiaren gainerako perimetroan ere, ekialdean, hegoaldean eta mendebaldean.

II. ERANSKINA.–PROIEKTUAK UKITUTAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEI ETA PERTSONEI EGINDAKO KONTSULTA-IZAPIDEAREN LABURPENA
Abenduaren 5eko 21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz, kontsultak egin zitzaizkien ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei.
Kontsultak egin zaizkie honako hauei: Lodosako, Mendabiako, Sesmako eta Alcanadreko (Errioxa) udalei, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, Ehiza Atalari, Hondakinen Atalari, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atalari, Herri-lurren Atalari (Abelbideak) eta Azpiegitura Energetikoen Atalari, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Iruñeko Ekologistak Martxan erakundeari, Gurelur-Ingurune naturala babesteko Nafarroako Funtsari, Lurra lurraren defentsaren aldeko elkarteari, Nafarroako Ehiza Federazioari, Sustrai Erakuntza Fundazioari, Ekologistak Martxan Erribera-Landazuriari eta M. Torres Diseños Industriales SAUri.
Behin proposamenak aurkezteko epea bukatuta, honako hauek jaso dira:
1. Mendabiako Udalak eskatu du, udalerri horri eragin diezaioketen inpaktu garrantzitsuenei dagokienez, informazioa honela osatzeko:
–Trafikoak eragindako inpaktua, aurreikusten diren erregistroak 55 ibilgailukoak baitira eguneko gutxienez; eta ibilgailu astunen ibilbideari buruzko xehetasun grafikoak, zehazki, nola eginen duten instalazio industrialetik kasuan kasuko errepide-sareko bideraino.
–Zarataren inpaktua. Zarataren gaineko azterketa hobetzea eta justifikatzea atalaseak betetzen direla (aurreikusita daude 1367/2007 Errege Dekretuan), zarata-fokuak, maila eta neurri zuzentzaileak adierazita, bete beharrez zarataren arloko araudian eskatutakoa (B1 taula, III. eranskina, 1367/2007 Errege Dekretua).
–Usainen inpaktua. Mendabiako Udalak eskatu du inpaktu horren azterketa zehatza egin dadila: atmosferarako emisioak, teknika erabilgarri onenen deskribapena, instalazio industrialaren usain-immisioaren eredu teorikoa.
2. Ehiza Kudeaketarako Atala. Atal honek adierazi du ezen, Sesmako NA-10.163 tokiko ehiza-barrutiaren gaineko ukipenari dagokionez, proiektua kokatuta dagoela barrutiaren ehiza erreserbetatik, babeslekuetatik edo ehiza-barrutiko erabilera berezietatik kanpo. Ehiza-espezieez bezainbatean, eremua eperraren D kategoriakoa da. Kalitate txikikoa da espeziearentzat. Kokatuta dago untxien kalteak jasateko arriskua duten eremuetatik kanpo eta ehiza larriko uxalekuetatik kanpo. Adierazi dute proiektua oso hurbil dagoela eperraren kalitate hobeko eremu batetik, "Estellerriko Erriberako Igeltsuak" kontserbazio bereziko eremuaren aldean. Hala, ondorioztatu dutenez, proposatutako proiektuak eragin negatiboa izan dezake ehizarako intereseko espezieetan, bereziki eperretan.
3. Hondakinen Atala. Jakinarazi da Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planak ez duela baldintza gehigarririk ezartzen aurreikusitako jarduerarako (biometanizazioko eta bioongarrietako instalazioa), ez eta aurreikusitako konpostatze eragiketetarako ere.
4. M. Torres Diseños Industriales SAU - Nafarroa enpresak, 2024ko uztaileko txostenean, ondorioztatu du ingurumen-dokumentuak, inpaktuen azterketan, ez duela kontuan hartu EL Oliado haize-parkea 300 metrora dagoela, ezta La Lombada haize-parkea ere, Lodosatik gertuago dagoena, eta, hortaz, ez direla ebaluatu substantzia usaintsuek eta kutsagarriek haize-parkeko mantentze-lanetako langileen gaineko eraginak, ezta bibrazioak eta zaratak ere.
2024ko abuztuko beste txosten batean, berriz adierazten du ingurumen-inpaktuaren azterketak ez duela El Oliado haize-parkea kontuan hartu, eta, orobat adierazten du instalazioak ez duela biderik ematen arazoak ematen dituzten haize-sorgailuekin jarduteko protokoloa betetzeko, zeina jasota baitago Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 2023ko urtarrilaren 19ko 45E/2023 Ebazpenean (haren bidez, El Oliado haize-parkearen eta haren ebakuazio-azpiegituren proiektuaren gaineko ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena egiten da).
Hondakinen kudeaketari dagokionez, uste dute litekeena dela karraskari txikiak erakartzea, zeinek, aldi berean, hegazti harrapariak erakarriko baitituzte, eta horrek haize-parkeko haize-sorgailuekin talka egiteko arriskua dakar.
Gainera, adierazten dute litekeena dela bioongarriek eta haiek prozesatzeko behar diren materialek eta substantziek isurtzen dituzten usainek intsektuak erakartzea, eta, bestalde, instalazio berriko idoiek saguzarrak sustatzea inguruan, eta, bereziki, Ebroren ertzetan, eta horrek El Oliado haize-parkeko haize-sorgailuekin talka egiteko arriskua dakarrela. Hori guztia, kontuan hartuta faunaren talde horren gaineko inpaktuen larritasuna. Izan ere, espezie guztiak daude babestuta, heren bat mehatxatuta eta ugaltze-tasa txikia da: umatze bat eme eta urte bakoitzeko.
Hala, eskatzen da hobeki aztertu dadila biometanoa eta bioongarriak sortzeko instalazio berriak El Oliado eta La Lomba haize-parkeen ustiapenekin duen interakzioa, eta instalazioa kokatu dadila bi haize-parkeetatik behar bezain urrun dagoen ingurune batean, gutxienez 1.000 metrora, fauna hegalaria erakartzen ahal duen puntua behar adina aldentzeko haize-parke haietatik.
5. Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala. Erantzunean, jendaurreko informazioaren izapidean jasotako alegazioak igortzen ditu (ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren izapidetzearen parte ez diren alegazio-txostenak), zeinak baimen substantiboa izapidetzeko espedientean ebatzi beharko baitira. Atal horrek adierazten du espedienteari ingurumen-baimenaren izapidea egiten ari zaiola, eta kontsultaren egunean ez dagoela egina eskatutako txostena, proiektua azterketa-fasean baitago.
6. Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren Ur Jabari Publikoa Kontrolatzeko Zerbitzua. Zerbitzu honek, 2025eko otsailaren 27ko txostenean, jakinarazten du instalazioa kokatuta dagoela ibilgu publikoak ukitzen dituzten eremuetatik kanpo eta ibaiekin uholde-arriskua duten eremuetatik kanpo. Uste dute proiektuak, simaurrak eta mindak tratatzen baititu, uren kutsadura lausoko arriskua saihesten duela, zeina lotuta baitago simaurrak zuzenean lursailera aplikatzearekin. Hala ere, ohartarazten dute badagoela ingurune hidrikoa kutsatzeko arriskua, baldin eta modu desegokian kudeatzen badira jardueraren jariatzeak eta lixibiatuak edo ezbeharren bat gertatzen bada. Horregatik, ezinbestekotzat jotzen dute bermatzea ingurune hidrikoan degradazioa eragin dezaketen baliabideak eta hondakinak biltegiratzen dituzten instalazioko eremuak iragazgaiztuko direla. Bestalde, positiboki baloratu dituzte aurreikusitako inpaktuen prebentziorako neurriak eta egoera anomaloen aurrean jarduteko proiektuko plana.
Biometanizazio-instalazioko ur-hornidurari dagokionez, ura Jurramendiko Mankomunitatearen saretik datorrenez, jakinarazi dute proiektuaren sustatzaileak erakunde horretara jo beharko duela, erakunde horretako uren erregistroan inskribatutako ura erabiltzeko eskubidearen titularra baita.
Gogorarazten dute debekatuta dagoela jabari publiko hidraulikoa kutsatu edo honda dezakeen edozein jarduera egitea, eta edozein isurketa egiteko aldez aurreko administrazio-baimena eduki behar dela, zeina izapidetu behar baita Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduan ezarritakoari jarraituz.
III. ERANSKINA.–MINDAK, DIGESTATOA ETA/EDO SIMAURRAK KUDEATZEKO PROTOKOLOA
Jarduera bateko minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa planak ukitzen badu estepako hegazti katalogatuak edo bestelako espezie mehatxatuak daudela egiaztatua dagoen lurzatiren bat (esaterako, ibaien ibilguak edo Natura 2000 sarean edo estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko eremu kritikoetan sartutako guneak), bermatu beharko da faunaren kontserbazioari mesede egiten dion nekazaritza jarduera mantentzen dela eta lehorreko laboreen txandaketa egiten dela, eta ingurumen baldintza hauek bete beharko dira:
–Oro har, intereseko flora eta faunaren habitat eta espezieak ukitzen dituzten erabilerek eta jarduketek haien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bete beharko dituzte.
–Ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere, lehorreko zereal alorretan martxoaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, ugaltze garaian estepako hegaztien babesa bermatzearren.
–Lugorrietan ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere. Gainera, estepako hegaztien bizi-zikloa osatzeko lugorriek duten garrantzia ikusirik, saihestu behar da simaurren planaren ondorioz laborantza areagotzea eta lehendik zegoen lugorri-sistema eraldatzea.
–Debeku da presio baxuko aspertsiozko ureztapen lokalizatuko banaketa sistema (fertirrigazioa). Onartzen da tutu esekiak dituzten zisternen bidezko banaketa kokatua espazio horietan, lehenago aipatutako oharrekin: dosifikazioak errespetatu egin beharko du estepako hegaztiak babesteko egutegia, eta bermatu egin beharko du intereseko habitatei kalte egiten ahal dieten istiltzeak edo jariatzeak ez sortzea.
–Ur ibilguen eta hezeguneen gaineko kutsadura saihestuko da, urte sasoi bateko ibilguak izan edo etengabeak. Erreka-zuloak eta haien adarrak ur-ibilgutzat hartuko dira, batez ere inguruan habitat naturalak dituztenak (gatzagak, larreak, landare higrofiloak edo mehatxatutako flora taxoiak), habitat horiek Natura 2000 Sarearen barnean sartuak egon ala ez. Nolanahi ere, ezin izanen da hustubideetara edo drainatzeetara bideratutako azaleko ur jariatzerik egin. Ez da baimenduko mindak, digestatoa eta/edo simaur likidoa erabiltzea ur masa iraunkorretatik 50 metroko distantziatik behera, izan ibilgu nagusiak edo bigarren mailako sarea.
Iragarkiaren kodea: F2507560
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
