1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
165E/2025 EBAZPENA, maiatzaren 6koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baitira Oltza zendeako udal mugartean ibilgailu motordunak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketak. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Volkswagen Navarra SA da.
Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak azaroaren 23ko 2361/2007 Ebazpenaren bidez emana, eta gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 158E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua.
2024ko abenduaren 20an, titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aldatzeko, zehazki, honako hauek:
–Sailkapena aldatzea "tratamendu fisiko eta kimikoetako lohi"ei (EHZ kodea: 9 02 05*), hondakin arriskutsu izatetik hondakin ez arriskutsu izatera igaro daitezen (EHZ kodea: 19 02 06). Lohi horiek fosfatatze lineako isuriak araztetik datoz (nikela duten urak).
–19 02 06 EHZ kodea duten hondakinetarako baimendutako azken kudeaketako prozesuetan, R01 prozesuari ematea lehentasunik handiena hondakinak kudeatzeko prozesuen artean.
–Pasibatuko isuriak (C isuria) hondakin-uren araztegiraino eramaten ditun ur-linea aldatzea. Aldaketa horren ondorioz, 2 zenbakidun fluxu partzialaren parte bilakatuko da. Orobat, beste ondorio bat izanen da aldatu egin beharko direla C isurirako ezarritako urteko EIA kontroletan neurtutako parametroak, 2 zenbakidun fluxu partzialaren parte izanen baitira.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, aldaketa horiek aztertuta, honako hau ondorioztatu du:
a) Batzordearen 2000/532/EB Erabakiaren eranskinaren 6. atalak hondakin arriskutsuaren izaera ezartzen du substantzia arriskutsuen erreferentzia espezifiko edo orokor baten bidez, substantzia horien kontzentrazioaren arabera (pisuaren ehunekoa), arrisku-ezaugarri jakin batzuetarako. Bestalde, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen I. eranskinean hondakinak arriskutsutzat kalifikatzeko aukera ematen duten ezaugarriak ezartzen dira.
VOLKSWAGEN NAVARRA SAk sailkapena aldatzeko darabilen justifikazioa da AGQren ma-23/405-2 txostenean (2024ko martxoaren 6koa da) adierazitako kuantifikazioa. Izan ere, txosten horretan ondorioztatu da hondakinen ezaugarrien eta balorazioaren gainean egindako azterketaren emaitzak onak direla, eta, hortaz, bidezkoa dela nikeldun uren lerroko tratamendu fisiko eta kimikoetako lohien sailkapena aldatzea, eta hondakin arriskutsu izatetik hondakin ez arriskutsu izatera igarotzea.
b) 19 02 06 EHZ kodea duten hondakinek ezaugarri desberdinak dituztela kontuan hartuta, partez onesten da eskatutako aldaketa.
KTL pintura lerrotik datozen lohien kasuan (B aurretratamendu espezifikoa behar dute), bai jotzen ahal da balorizazio energetikoa (R01) dela horien azken kudeaketarako prozesua. Izan ere, aurkeztutako dokumentazioan azaltzen den bezala, hondakin horrek 15 MJ/kg-ko beheko berotze-ahalmena (PCI) du.
Aitzitik, nikeldun uren lerrotik eta koipea kentzeko garbiketatik datozen lohiek PCI txikia dute. Hortaz, jotzen da hondakina benetan kudeatzeko prozesurik egokiena R12 dela, hots, "Hondakinak trukatzea, R1etik R11ra bitartean zerrendatutako eragitetatik edozein egiteko", eta, zehazki, R1208 ("Hondakinak egokitzea frakzio erregaiak lortzeko"). Horrenbestez, ez da bidezkoa R01 prozesuan sartzea.
c) Bidezkoa da aldaketa onestea, bide ematen baitu instalazioak modu egokian funtziona dezan ingurumenaren aldetik.
Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla uste da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Partez onartzea Oltza zendeako udal mugartean ibilgailu motordunak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketak. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Jardueraren titularra Volkswagen Navarra SA da.
Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen diziplinako neurriak hartuko dira (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Volkswagen Navarra SAri eta Oltza Zendeako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 6an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2506496