Iragarkia
110. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 3a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
283E/2025 EBAZPENA, maiatzaren 5ekoa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzak eman diezazkien 2025. urtean Nafarroako Foru Komunitatean LGTBI+ pertsonen berdintasun soziala bultzatu eta sustatzeko proiektuak egiten dituzten irabazi asmorik gabeko entitateei edo elkarteei. DDBN identifikazioa: 830444.
Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuak ezartzen duenez, hari dagokio, besteak beste, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko politikak koordinatu eta kudeatzea.
LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legearen xedea da oinarriak, bitartekoak eta neurriak ezarri eta arautzea LGTBI+ pertsonen eskubideen egiazko berdintasun eraginkorra bermatzeko, eta, horretarako, sexu joera, genero adierazpena edota sexu- edo genero-identitatea direla-eta izaten ahal den diskriminazio oro prebenitu, zuzendu eta deuseztatzea, Nafarroako Gobernuak eta toki entitateek eskumena duten esparru publikoetan eta pribatuetan.
Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bitartez, eta LGTBI+ pertsonen herritartasun osoaren garapena lagundu eta bultzatzeko legezko agindua betetze aldera, baliabide ekonomikoak bideratzen ditu LGTBI+ pertsonen elkarteen eta irabazi asmorik gabeko entitateen arloko gizarte ekintzako proiektuetarako, Nafarroako Foru Komunitatean LGTBI+ pertsonen berdintasuna sustatu eta bultzatzeko proiektuak gara ditzaten 2025. urtean.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Deialdi bat eta haren oinarriak onestea, dirulaguntzak emateko 2025. urtean LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialerako proiektuak egiten dituzten irabazi asmorik gabeko entitateei edo elkarteei.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen 1. eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, 60.000 euroko gastua baimentzea 2025eko gastuen Aurrekontuaren "080001 08300 4819 232206 Elkarteentzako dirulaguntza sexu eta genero aniztasunari buruzko proiektuetarako" partidaren kargura.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.
5. Ebazpen honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 5ean.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Patricia Abad Encinas.
1. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Dirulaguntzaren helburua eta xedea.
Deialdi honen bidez, arautu egiten dira Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako Foru Komunitatean LGTBI+ pertsonen berdintasuna lortzeko proiektuak egiten dituzten elkarteei edo irabazi asmorik gabeko entitateei ematen dizkien dirulaguntzak.
Dirulaguntza hauen helburua da aniztasun sexualarekiko eta genero aniztasunarekiko errespetua eta berdintasuna sustatzen duten proiektuak bultzatzea eta, horrela, bermatzea pertsona guztien giza eskubideak, bereizkeriarik gabe.
2. oinarria.–Onuradunak.
Dirulaguntza hauen onuradun izanen dira betekizun hauek betetzen dituzten elkarte eta entitateak:
a) Legez eratua izatea eta dagokion erregistroan inskribaturik egotea.
b) Irabazi asmorik ez edukitzea.
c) Nafarroako Foru Komunitatearen barruan jardutea.
d) Beren estatutuetan berariaz sartzea LGTBI+ pertsonen berdintasuna bizitza sozial, ekonomiko, kultural, laboral edo politikoaren edozein esparrutan sustatzeko xedea.
e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatzen diren debekuetako bat ere ez haustea.
f) Ez jasotzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntza izendunik xede edo proiektu bererako.
Baldintza hauek bete egin beharko dira eskaera aurkezten den unean, eta hala jarraitu beharko dute proiektuaren egikaritza guztian, bukaeran justifikatzen diren arte.
3. oinarria.–Gauzatzeko epea.
Diruz lagundutako proiektuak gauzatzeko epea 2025eko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra artekoa izanen da.
4. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak eta diruz lagungarriak ez direnak.
Diruz lagunduko dira aurreko puntuan adierazitako epean gauzatzen diren proiektuak, barnean dituztenak bizitza sozial, ekonomiko, kultural eta laboralaren eremuetan, besteak beste, LGTBI+ pertsonen aukera berdintasuna –genero ikuspegiarekin ulertua–, parte hartzea eta presentzia sustatzera bideratutako jarduerak, gizartean pertsona horien garapen pertsonal eta sozial osoa lortzeko helburuarekin.
4.1. Proiektu diruz lagungarriak.
Entitate bakoitzak proiektu bakar baterako dirulaguntza eskuratzen ahalko du.
Diruz lagungarriak diren proiektu guztiak Nafarroako Foru Komunitatean egin behar dira, eta LGTBI+ pertsonen berdintasun soziala sustatzeko xedea izan behar dute.
Jarduerek doakoak eta herritarrentzat irekiak izan behar dute. Salbuespen kasuetan, prezio sinbolikoa edukitzea baimenduko da, baldin eta NABIn justifikatzen bada eta aurrekontuan eta proiektuaren justifikazioan islatzen bada.
Helburu hauek betetzeko jarduera bat edo batzuk izanen dituzte proiektuek:
a) LGTBI+ pertsonen pertzepzio sozialari modu negatiboan eragiten dioten estereotipoak eta aurreiritziak gainditzen laguntzea.
b) LGTBI+ pertsonen eskubideei buruz informatzea eta sentsibilizatzea, kolektibo horrekiko errespetuzko jarrerak eta diskriminaziorik eza sustatuz.
c) LGTBI+ pertsonen artean berdintasunezko harremanak sustatzea.
d) LGTBI+ pertsonen eskubideekin eta aldarrikapenekin loturiko garrantzi bereziko datak ikusgarri egitea.
e) Sareko lanaren alde egitea, jarduteko estrategiak, esperientziak eta esku hartzeko moduak partekatzeko, eta LGTBI+ pertsonei loturiko egoera bereizgarriak gehiago ezagutzen laguntzeko.
f) Historian zehar eta gizartearen esparru guztietan LGTBI+ pertsonek egindako ekarpenak ikusgarri egitea.
g) Beste aldagai batzuekin –besteak beste, adinarekin, dibertsitate funtzionalarekin edo egoera administratiboarekin– izandako intersekzionalitatetik sortzen diren diskriminazio moduen gainean jardutea.
h) LGTBI+ pertsonen parte hartzea sustatzea, bereziki emakumeena, erabakiak hartzeko guneetan.
4.2. Diruz lagungarriak ez diren proiektuak.
a) Dirulaguntzaren baldintza orokorrak betetzen ez dituzten proiektuak.
b) Diseinu, abiarazte eta ebaluazioan genero ikuspegia ez duten proiektuak.
c) Gelan edo eskola ordutegian egiten diren proiektuak, Nafarroako Hezkidetza Planarekin bat.
d) NABIren berezko jarduera edo programak jasotzen dituzten proiektuak.
5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta ez-lagungarriak.
5.1. Gastu diruz lagungarriak:
a) Zuzeneko gastuak:
1. Laguntza edo aholkularitza teknikoa, juridikoa edo jarduerarekin lotutako beste edozein motatakoa. Gastu hori 12.000 euro baino gehiagokoa bada, egiaztatu behar da laguntza teknikoa efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera aukeratu dela (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikulua). Elkarte onuradunak 9. eranskina aurkeztuz justifikatuko du egindako hautaketa. Enpresaren hautapenaren ziurtagiria.
2. Profesionalen edo hizlarien ordainsariak, baita joan-etorrien, dieten eta hizlarien ostatuaren gastuak ere.
3. Diruz lagundutako jardueren publizitatea edo zabalkundea.
4. Proiekturako funtsezkoak diren material inprimatuak argitaratzea, NABIk baimena eman ondoren. Egutegiak argitaratzeko eta inprimatzeko dirulaguntza eskatzen bada, soilik 2026koek jasoko dute dirulaguntza.
5. Diruz lagundutako proiektua garatzeko soilik erabiliko diren lokalak edo ekipamenduak alokatzea (emandako zenbatekoaren % 50eraino).
6. Proiektua gauzatzeko behar den material suntsigarria.
7. Jarduerak egin bitarteko zainketak: haurtzaindegia, ludoteka, adinekoen zainketa (emandako zenbatekoaren % 10eraino).
8. Proiektua gauzatzeko funtsezkoak diren gastu finantzarioak, finantza aholkularitzakoak.
9. Sexu- eta genero-aniztasuna jorratzen duten aisialdi- edo jolas-jardueren gastuak (emandako zenbatekoaren % 30eraino).
b) Zeharkako gastuak:
Proiektuaren zeharkako gastuei egozten ahal zaie, emandako zenbatekoaren edo justifikatutako zenbatekoaren % 10eraino (zenbateko hori emandako zenbatekoa baino txikiagoa bada):
1. Entitatearen lokalaren alokairua, argia, ura, telefonoa, Internet eta proiektua gauzatzeko aldiko administrazio gastuak.
2. Proiektua gauzatzeaz arduratu behar diren langileen nominak. Dirulaguntza honi aplikatutako dedikazioaren erregimena eta ehunekoa adieraziko dira.
5.2. Diruz lagungarriak ez diren gastuak:
a) Entitatearen langileen nominak, 5.1.b apartatuan ezarritakoa salbu.
b) Banku kontuetako interes zordunak.
c) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.
d) Prozedura judizialen gastuak.
e) Aperitiboak, otorduak eta antzekoak.
f) Aurreikusitako jarduerak betetzeaz bestelako helburua duten bidaiak.
g) Onuradunaren beraren publizitateari eta sustapenari loturiko gastuak.
h) Jardueretan parte hartu dutenentzako, elkartekideentzako eta/edo hizlarientzako haborokinak edo opariak, edonolakoak.
i) Ordenagailuak, tabletak, inprimagailuak, gailu mugikorrak, telefonoak, USBak eta beste gailu digital batzuk.
j) Onuradunarekin lotutako pertsonen gastuak. Onuradunarekin lotutako pertsonatzat joko da bertan Zuzendaritza Batzordeko kide gisa sartzen dena.
k) Merkatuko balioa gainditzen duten gastuak.
l) Proiektua aurrera eramateko beharrezkoak ez diren edo deialdi honen xede ez diren jardueren gastuak.
6. oinarria.–Dirulaguntzaren kalkulua eta muga.
6.1. Dirulaguntzaren kalkulua:
Dirulaguntzaren zenbatekoa ehuneko hauen arabera kalkulatuko da:
–Proiektuek eskatutako zenbatekoaren % 100 jasoko dute, baldin eta balorazioan 81-100 puntu lortzen badituzte.
–Proiektuek eskatutako zenbatekoaren % 80 jasoko dute, baldin eta balorazioan 60-80 puntu lortzen badituzte.
Gutxienez 60 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ezetsiko dira.
Proiekturako onartutako aurrekontua entitateak aurkeztutako aurrekontuan diruz lagundu ezin diren gastuak eta zenbatu ezin diren gaindikinak kenduta ateratako emaitza izanen da.
6.2. Emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren muga:
Emandako dirulaguntza gehienez ere 9.000 eurokoa izanen da, proiektuaren kostua handiagoa izan arren.
7. oinarria.–Eskatutako dokumentazioa.
7.1. Nahitaez aurkeztu beharko dira deialdi honetan eranskin gisa sartutako ereduak, zeinak deialdiaren fitxan egonen baitira eskuragarri:
a) 3. eranskina. Eskaera.
b) 4. eranskina. Proiektua. Betetzeko orduan, kontuan hartuko dira deialdiaren 2. eranskinean adierazitako balorazio irizpideak.
c) 5. eranskina. Funtsen aurrerakina (hala badagokio).
d) Elkartearen estatutuak eta dagokion erregistroko inskripzioa. Soilik aurkeztu behar da dirulaguntza eskatzen den lehenbiziko aldia bada edo dokumentazio hori aldatu bada.
7.2. Dirulaguntzaren ordainketa jasotzeko, aukera egonen da banku kontua jakinarazteko (Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehen aldia bada) edo Nafarroako Gobernuaren Atariko "Tramiteak" atalaren bidez eguneratzeko (Kontuak eta ordainketak kontsultatzea).
7.3. Agiriak aurkezteko salbuespenak.
Ez da beharrezkoa izanen agiri horiek aurkeztea, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek betekizun horiek betetzen direla egiaztatzen ahal badute, edo agiriak dagoeneko Administrazioaren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Azken kasu horretan, dokumentazioa noiz eta zein administrazio organori aurkeztu zitzaion adierazi beharko da.
8. oinarria.–Eskaerak aurkeztu eta akatsak zuzentzea.
8.1. Eskaerak aurkeztea:
Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira, Nafarroako Gobernuaren atariko tramiteen webgunean dagoen deialdiaren fitxaren bidez.
Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko erregistro orokor elektronikoan sartzeko esteka bat egonen da. Izapidea egiteko beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala edukitzea.
Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Dokumentazioa dokumentu bereizietan aurkeztuko da, 7. oinarrian zehaztutako eranskinen arabera, eta bakoitza dagokion izenaz identifikatuta egonen da.
8.2. Akatsak zuzentzea:
Aurkeztutako dokumentazioan zerbait falta bada edo akatsen bat badago, elkarteari edo entitateari jakinaraziko zaio, 10 egun balioduneko epean informazioa osatu edo zuzen dezan. Epe horretan informazioa zuzentzen ez badu, haren eskaera bertan behera utziko da, horretarako dagokion ebazpena eman ondoren.
Ez da zuzentzen ahalko "4. eranskina. Proiektua" atalarekin lotutako dokumentazioa. Hala ere, NABIk proiektuaren gaineko azalpenak eskatzen ahalko ditu. Azalpen horiei erantzuteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da.
9. oinarria.–Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.
9.1. NABIren Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.
Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Aurrekontua ez bada aski baldintzak betetzen dituzten eta gutxieneko puntuazioa lortzen duten eskaera guztiei erantzuteko, zenbateko osoa hainbanatuko da, diruz lagundutako proiektu bakoitzari proportzionalki murriztuz, 6. oinarrian adierazitako zenbatekoetan.
9.2. Eskabideak deialdiaren 2. eranskinean aipatutako irizpideen arabera baloratuko dira. Horretarako, NABIko LGTBI+ Berdintasunerako Zuzendariordetzako teknikariek parte hartuko dute instrukzio organoan, eta irizpen loteslea emanen dute. Ebaluazio horretan oinarrituta, instrukzio organoak ebazpen proposamen bat eginen dio NABIko zuzendari kudeatzaileari.
10. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozeduraren jakinarazpenak.
Deialdi honetako komunikazio eta jakinarazpen guztiak telematikoki eginen dira, entitate edo elkarteak bere eskaeran adierazi duen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GEHB) bidez.
Gaitutako helbide elektroniko bakarrean (https://dehu.redsara.es) jakinarazpenak ikusteko, ziurtagiri elektroniko baliodun bat eduki behar da.
11. oinarria.–Dirulaguntza emateko ebazpena.
11.1. Ebazpenaren epea eta jakinarazpena:
NABIko zuzendari kudeatzaileak emanen du emakidaren ebazpena, eta eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 3 hilabeteren barruan jakinaraziko da, gehienez ere. Aipatutako epe hori igarotakoan ez bada ebazpenik ezarri eta jakinarazi, eskaera ezetsitzat joko da, eta errekurtsoa jartzen ahalko da.
Emakidaren ebazpena elektronikoki jakinaraziko zaie entitate interesdunei, eta Nafarroako Gobernuaren Atarian argitaratuko da, deialdi honen fitxan.
11.2. Ebazpenaren edukia:
Ebazpenak barne hartuko ditu jasotako eskabide guztien zerrenda, atzera botatako eskaerak eta horren arrazoia, entitate onuradunen zerrenda, emandako zenbatekoak eta justifikatu beharreko zenbatekoak (bat etorriko da NABIk proiektuaren aurrekontuan onartutako gastuekin).
11/2005 Foru Legearen 15. artikulua eta 5/2018 Foru Legearen 26. artikulua aplikatuz, NABIk Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko ditu emandako dirulaguntzak, alderdi hauek zehaztuta: deialdia, programa eta aplikatutako aurrekontu kreditua, entitate onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua.
38/2003 Legearen 20.8 artikuluari jarraikiz, datu horiek Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiaren webgunean ere argitaratuko dira.
12. oinarria.–Gardentasuna.
Entitate onuradunak behartuta daude gardentasun betebeharrak betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarriak daudenak, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru sarrera guztien ehuneko 20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.
Betebehar hori betetzeko, entitate onuradunek 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa jakinarazi beharko dute, dokumentazioa bidaltzeko gaitu den dirulaguntzaren fitxaren bidez, emakidaren ebazpena jakinarazi denetik hilabeteko epean.
Betebehar hori bete ezean, dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
13. oinarria.–Proiektuak gauzatzeko epea.
13.1. Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoa betez.
13.2. Garatu bitartean, proiektuko ekintzak egokitzen ahalko dira, baldin eta aurkeztutako proiektua nabarmen aldatzen ez bada.
13.3. Oro har, ez dira aldaketak baimentzen, oinarri honetan aurreikusitako kasuetan izan ezik.
14. oinarria.–Dirulaguntzen ordainketa.
Edozein ordainketa egin baino lehen, gardentasun betebeharrak bete beharko dira.
14.1. Proiektua justifikatu ondorengo ordainketa.
Oro har, dirulaguntza ordainduko da haren xede den proiektua bukatu eta justifikazio agiriak aurkeztu ondoren, 15. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.
14.2. Ordainketa aurreratua.
Salbuespen gisa, ekintza sozialeko programak izanik, entitateek aukera izanen dute emandako zenbatekoaren % 100eko aurrerakina eskatzeko, baldin eta egiaztatzen badute ez dutela proiektua egiteko baliabide nahikorik. Entitateak, aurrerakinaren eskaerarekin batera (5. eranskina), proiektua finantzatzeko baliabide nahikorik ez duela egiaztatzen duen txosten bat aurkeztu beharko du.
Edozein ordainketa egin baino lehen, gardentasun betebeharrak bete beharko dira.
15. oinarria.–Dirulaguntza justifikatzea.
Entitate onuradunek diruz lagundutako proiektu osoa justifikatu beharko dute. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2025eko azaroaren 5erako:
a) 6. eranskina. Memoria. Horrekin batera, egindako jarduerak eta sortutako produktuak frogatzen dituzten dokumentuak eta hedapenaren ebidentziak aurkeztu beharko dituzte.
b) 7. eranskina. Gastuen eredua (kalkulu orriaren formatuan). Egindako ordainketak eta gastuak justifikatzen dituen zerrenda, eta jarduerak finantzatu dituzten beste diru sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda. Barne hartuko dira diruz lagundutako jarduera guztiak eta horien kostua, egindako gastu guztiak banakatuta, eta bat etorri beharko dute aurkeztutako fakturekin.
Gastuak fakturen eta ordainketa agirien bidez egiaztatuko dira. Faktura elektronikoak eta frogagiri baliokideak onartuko dira, baldin eta zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak betetzen badituzte.
c) 8. eranskina. Beste dirulaguntza batzuei buruzko aitorpena.
d) 9. eranskina. Enpresaren hautapenaren ziurtagiria. Baldin eta aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatiko gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, frogatu beharko da efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu dela enpresa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
e) Egindako jarduerak eta horiek egitetik edo zabaltzetik etorritako produktu oro frogatzeko agiriak. Proiektuaren jarduera, dokumentu eta hedabide guztietan Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta NABIren sinbolo grafikoa txertatu direla egiaztatu beharko da, "Subvenciona/Diruz laguntzen du" testua erabiliz, urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuak, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituenak, ezarritako ezaugarri teknikoei jarraikiz. Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta NABIren ikur grafikoa deskargatzeko eskuragarri egonen dira deialdiaren fitxan.
Baldin eta ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea dagoeneko argitaratu den inprimatutako materialean. Alabaina, hedapen telematikoetan txertatu beharko da, emakidaren ebazpena jakinarazten denetik.
15.1. Baldin eta zuzentzeko moduko akatsak hautematen badira onuradunak aurkeztutako justifikazioan, 10 egun balioduneko epean zuzentzeko eskatuko zaio entitateari.
15.2. Proiektuaren behin betiko kostua dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartutakoa baino txikiagoa bada, edo NABIk justifikatu eta onartutako zenbatekoa justifikatu beharreko zenbatekoa baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzionalki gutxituko da, proiektua baloratzean ezarritako ehuneko bera aplikatuz NABIk justifikatu eta onartutako zenbatekoari.
15.3. Egindako gastutzat joko da, oro har, justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena. Ez da eskatuko finantza eta zerga gastuak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordaintzerik, likidatzeko borondatezko aldia irekita ez egoteagatik ordaindu ezin direnean.
15.4. Baldin eta, dirulaguntzaz gain, funts propioak edo bestelako dirulaguntza nahiz baliabideak erabiltzen badira jarduerak finantzatzeko, justifikatu egin beharko dira halako funtsen zenbatekoa, jatorria eta dirulaguntzaren xede diren jardueretan izan duten aplikazioa.
16. oinarria.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bera duten beste batzuekin, beste administrazio publiko batzuenekin eta beste entitate pribatu edo publiko batzuk edo partikularrek emandakoekin.
Entitate onuradunak diruz lagundutako proiektuaren esparruan garatzen diren jarduerak finantzatzera bideratutako beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabide batzuk eskatu edo lortu dituela jakinarazi beharko dio organo emaileari. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, emakida egiaztatzen duen dokumentazioa erantsita, eta jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen betiere.
Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ezin da izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide bateragarriekin baturik, diruz lagundutako proiektuaren kostua baino handiagoa.
17. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak.
17.1. Diruz lagundutako proiektua adierazitako epeetan gauzatzea eta deialdiaren helburua betetzea.
17.2. Diruz lagundutako proiektuaren kudeaketan eta garapenean aldaketarik egonez gero, NABIri jakinaraztea, eta berariaz onartzeko eskatzea.
17.3. Betekizunak eta baldintzak betetzen direla eta diruz lagundutako proiektua egin dela justifikatzea, bai eta egindako gastuak ere.
17.4. NABIk emandako dirulaguntzekin lotuta egiten dituen egiaztapeneko eta kontrol tekniko eta ekonomikoko jarduera guztiak ahalbidetzea, eta eskatzen duen informazioa eta dokumentazioa ematea.
17.5. Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lorturiko beste laguntza, dirulaguntza, diru sarrera edo baliabideak. Jakinarazpenean honako informazio hau eman behar da: zenbat diru lortu den, diruz lagundutako jarduerak noiz egin diren eta zein diren beren kontzeptuak, ongi zehazturik. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen, kasu guztietan.
17.6. Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, egiaztapen eta kontrol eskumenak behar bezala betetzen direla bermatzeko.
17.7. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen- eta kontrol-lanen xede diren bitartean.
17.8. Diruz lagundutako jardueren publizitate eta hedapen guztietan, bai eta agiri guztietan ere (emakidaren ebazpena jakinarazi denetik aurrera), Nafarroako Gobernuak parte hartu duela eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntza eman duela azaldu beharko da.
17.9. Agiri, publizitate, irudi edo material guztiek hizkera ez-sexista erabili behar dute, irudi diskriminatzaile oro eta estereotipo sexistak saihestu, eta berdintasunari, presentzia orekatuari, aniztasunari, erantzunkidetasunari eta genero rolen eta identitateen pluraltasunari lotutako balioak sustatu behar dituzte.
17.10. Proiektuko ekintza guztiak doakoak eta irekiak izanen dira, eta zabalkunde egokia emanen zaie. Jarduera bat ez da diruz lagunduko baldin eta gauzatu aurretik zabaldu ez bada hainbat komunikazio kanalen bidez (sare sozialak, kartelak, etab.). Salbuespen moduan, eta NABIri jakinarazpen arrazoitua egin ondotik, jarduerek prezio sinbolikoa izaten ahalko dute. Zenbateko horiek diru sarrera gisa islatu beharko dira proiektuaren aurrekontuan eta proiektuaren azken justifikazioan.
17.11. Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean, onuradunek dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki erregistratuta, deialdi honetako 12. oinarrian ezarritakoarekin bat. Informazio betebehar hori urratuz gero, onuradunari ez zaio dirulaguntza ordainduko eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.
17.12. Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeari begira, dirulaguntzaren eskarian (3. eranskina) NABIri baimena eman beharko zaio hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, dirulaguntza ematea ebazten duen proposamena egiten den unean. Kontsulta hori baimentzen ez bada, egunean egotea egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira, dirulaguntzaren fitxaren bidez.
18. oinarria.–Dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea eta dirulaguntza itzultzea.
Deialdi honen oinarriak edo GFL urratuz gero, jasotako zenbatekoak osorik edo partzialki itzuli beharko dira, atzerapen interesak barne, ordainketaren egunetik itzulketa egin behar dela adierazten den datara arte, araudi aplikagarriaren arabera, legezko beste zehapen batzuk jartzen ahalko diren arren.
–Erabateko ez-betetzea: proiektuko jarduera bat ere egiten ez bada. Kasu honetan:
–Entitateak aurrerakinen bat jaso badu: aurreratutako zenbatekoaren % 100 itzuli beharko du.
–Entitateak ez badu aurrerakinik jaso: dagokion zenbatekoa kobratzeko eskubidea galduko du.
–Ez-betetze partziala: jarduera batzuk egikaritzen ez badira, entitateak dirulaguntzaren zati proportzionala itzuli beharko du, edo, bestela, dagokion zenbatekoa kobratzeko eskubidea galduko duela adieraziko da, kasuaren arabera.
Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak GFLren 35.6 artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.
19. oinarria.–Arau hausteak eta zehapenak.
Arau hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarririkoa aplikatuko da.
20. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
21. oinarria.–Aplikatu beharreko araudia.
Oinarri arautzaile hauetan aurrez ikusirik ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedaturikoa eta aplikatu beharreko gainerako arauak aplikatuko dira.
22. oinarria.–Ereduen zerrenda.
Oinarri arautzaile hauetan aipatutako eranskinak eskuragarri daude "LGTBI+ pertsonen berdintasun soziala sustatu eta bultzatzeko proiektuak garatzeko dirulaguntza" izeneko deialdiaren fitxan, tramiteen katalogoan. Eskaera izapidetzeko eta, ondoren, dirulaguntza justifikatzeko, fitxa hau erabiliko da.
2. ERANSKINA.–BALORAZIO IRIZPIDEAK
Proiektuari loturiko irizpideak: 70 punturaino.
BALORAZIO IRIZPIDEAK | BALORATU BEHARREKO ALDERDIAK | PUNTU | PUNTU |
Proiektuaren eduki teknikoa | Proiektuaren justifikazioa eta testuingurua. Deskribatzea zein beharrizanetan eragin nahi den | 5 | 30 |
Proiektuaren helburuak zehaztea (lortzeko modukoak eta koherenteak) | 5 | ||
Ekintzak deskribatzea (helburuei eta xedeko hartzaileei lotuta) | 5 | ||
Biztanle hartzaileen profila | 3 | ||
Gauzatzeko egutegia | 3 | ||
Proiektua garatzeko lurralde eremua | 4 | ||
Ebaluazio sistema, adierazle neurgarriak barne | 5 | ||
Proiektuaren kudeaketa | Proiektuan baliabide propioak erabiltzea (giza baliabideak eta bitarteko materialak) | 2 | 10 |
Aurrekontua, jardueraz jarduera xehakatuta. Aurreikusitako aurrekontuaren egokitzapena aurkeztutako proiektuarekiko | 4 | ||
Sareko lana. Beste elkarte eta entitate sozial batzuekiko lankidetza, proiektua garatzeko | 4 | ||
Sexu- eta genero-aniztasuna txertatzea | Hizkuntza inklusiboa eta ez-sexista erabiltzea idazketan | 4 | 15 |
LGTBI+ pertsonen egoera aintzat hartzea abiapuntuko analisian | 4 | ||
Irisgarritasun unibertsala bermatzeko aurreikusitako neurriak | 3 | ||
Proiektuan intersekzionalitatea sartzea (bai abiapuntuko analisian bai jardueretan) | 4 | ||
Espero den emaitza | Proiektuaren komunikazioa eta hedapena ziurtatzeko aurreikusitako neurriak | 4 | 10 |
Eragin eremua (inpaktua) | 3 | ||
Jardueretan parte hartzearen ehunekoaren aurreikuspena | 3 | ||
Berrikuntza | Presentzia sare sozialetan | 3 | 5 |
Proiektua originala eta sormenezkoa izatea | 2 |
Elkarte/entitate eskatzaileari dagozkion irizpideak: 30 puntu.
BALORAZIO IRIZPIDEAK | BALORATU BEHARREKO ALDERDIAK | PUNTU | PUNTU |
LGTBI+ pertsonen elkarteak | LGTBI+ pertsonen eskubideen defentsa izatea helburu bakarra | 5 | 5 |
Esperientzia | Azken 3 urteetan antzeko jarduera eta proiektuak egitea | 10 | 10 |
Gazteen (14 urtetik 30era bitartekoak) parte hartzea sustatzea | Gazteentzako jarduera espezifikoak egitea | 2 | 5 |
Elkarteko gazteei buruzko adierazpena | 3 | ||
Sustatzea 60 urtetik gorako pertsonek parte hartzea | Nagusientzako jarduera espezifikoak egitea | 2 | 5 |
Elkarteko nagusiei buruzko adierazpena | 3 | ||
LBT emakumeen parte hartzea sustatzea | LBT emakumeentzako jarduera espezifikoak egitea | 2 | 5 |
Elkarteko LBT emakumeei buruzko adierazpena | 3 |
Iragarkiaren kodea: F2506494
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
