1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
298/2025 EBAZPENA, maiatzaren 8koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, abere lehiaketak antolatuz nekazaritzako produktuak sustatzeko laguntzak emateko deialdia onesten duena 2025erako. DDBN identifikazioa: 831460.
Nafarroako Foru Komunitatean urtean zehar abere lehiaketak egiten dira, tokikoak, eskualdekoak edo erregionalak, hainbat modutara emanak: erakusketa, enkantea, txapelketa, erakustaldia, azoka edo feria. Ekitaldi horien sailkapena haien lurralde-eremuaren arabera ezartzen da, kontuan hartuta antolatzaileek baimena emateko unean aurkezten duten memoria.
Laguntzen eragin ekonomikoak ez direnez aldatzen Batasunak hein batean finantzatu ala estatu kide batek bakarrik finantzatu, kongruentzia eta koherentzia egon behar dira Batzordeak estatuko laguntzak kontrolatzearen alorrean duen politikaren eta nekazaritza politika erkidearen babesean ematen den laguntzaren artean. Laguntzen estatuko araubide horiek ezartzea aurreikusten duten arau juridikoen iraupena, oro har, nekazaritza politika erkidearen babesean emandakoen berbera izan ohi da. Abere lehiaketak antolatuz nekazaritzako produktuak sustatzeko laguntzak bat datoz Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 24.2.a) artikuluan xedatuarekin; izan ere, erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. 2022ko L 327. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 21ekoa.
Bestalde, Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan (13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa). Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren apirilaren 27ko 297/2023 Ebazpenaren bidez, oinarri arautzaileak ezartzen dira 2023-2029 aldian abere lehiaketak antolatuz nekazaritzako produktuak sustatzeko laguntzak emateko. Batzordeak Nafarroako Foru Komunitateko agintariek emandako informazio laburtua jaso zuela adierazi zuen, eta SA.107797 laguntza-zenbakiarekin erregistratu zuen salbuetsitako laguntza-neurriari buruzko jakinarazpena.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita.
Ebazpen honen bidez, Nafarroako Foru Komunitateak abere lehiaketak antolatuz nekazaritzako produktuak sustatzeko laguntzen deialdia onesten du 2025erako.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Abere lehiaketak antolatuz nekazaritzako produktuak sustatzeko laguntzen deialdia onestea 2025erako.
2. 2025. urteari dagokion laguntzaren eskaerak aurkezteko epea hilabeteko epean amaituko da, urteko laguntzaren deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.
3. Deialdi honetan, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren apirilaren 27ko 297/2023 Ebazpenean xedatutakoa aplikatuko da. Ebazpen horren bidez, abere lehiaketak antolatuz nekazaritzako produktuak sustatzeko laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dira, 2023-2029 aldirako.
4. Laguntza ekonomikoaren jasotzaileek enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen dute, bat etorriz Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin.
5. Onuradunak Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren apirilaren 27ko 297/2023 Ebazpenaren hamahirugarren oinarrian ezarritako gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du, esteka honen bidez:
https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idinstancia=2010565
6. Deialdi honen ondoriozko gastuei aurre egiteko, 55.000 gastua baimentzen da, 2025eko gastu-aurrekontuen "Abere feriak eta lehiaketak" izeneko 710004 71300 4609 412200 partidaren kargura.
7. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
8. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).
9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 8an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.
Iragarkiaren kodea: F2506834