104. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

976/2025 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez, agintzen da argitara dadila erabaki hau: Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Web Atariaren erabilerari buruzko erregelamendua onesten duena.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agintzen dut argitara dadila Gobernu Kontseiluak 2025eko maiatzaren 20an hartutako erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Web Atariaren erabilerari buruzko erregelamendua onesten duena.

"ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO WEB ATARIAREN ERABILERARI BURUZKO ERREGELAMENDUA ONESTEN DUENA

I.–Gobernu Kontseiluaren 2014ko abenduaren 16ko erabaki baten bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko webgune korporatiboaren erabilerari buruzko erregelamendua onetsi zen.

Erregelamendu horren 2. artikuluaren bidez, Web Komitea sortu zuen, eta hari esleitzen zaio webgunearekin loturiko erabakiak hartzeko eskumena; hain justu, artikulu horren 3. apartatuan ezartzen da Komite horren osaera.

Komite horren osaera bi aldiz aldatu da. Lehenbiziko aldian, Gobernu Kontseiluaren 2016ko abenduaren 15eko erabaki baten bidez, eta, bigarrena, Gobernu Kontseiluaren 2019ko irailaren 10eko erabaki baten bidez –aipatutako 2014ko erregelamenduaren 2. eta 3. artikuluak aldatzea onetsi zuen–.

II.–39/2015 Legeak –2015eko urriaren 1ekoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak– eta 40/2015 Legeak –2015eko urriaren 1ekoak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoak– testuinguru berri bat sortu dute Administrazio Publikoentzat; hartan, administrazioen ohiko jardunak tramitazio elektronikoaren bidezkoa izan behar du nagusiki, bai bere barne kudeaketako aldaera guztietan, bai herritarrekin harremanetan jartzeko eta baita herritarrek beren artean harremanak izateko ere.

III.–Bi lege horiek xedaturikoa eta hura garatzeko xedapenak betetzeak berekin ekarri du Nafarroako Unibertsitate Publikoak onestea, beste xedapen batzuen artean, Administrazio Elektronikoa arautzen duen Erregelamendua, Gobernu Kontseiluak 2022ko abenduaren 19an onetsia (2023ko 1 zenbakidun NAOan argitaratua, urtarrilaren 2an).

Erregelamendu horrek Unibertsitatearen Araudia aldatu eta egokitu egin du bi lege horien arabera, eta, halaber, bi lege horietan jasotzen diren gainerako kasuak ere arautu ditu. Ordea, webgune korporatiboaren erabilerari dagokionez hau bakarrik ezarri du II. kapituluko 4. artikuluan: "1.–Informazio instituzionalerako eta egoitza elektronikorako sarbide puntua da Nafarroako Unibertsitate Publikoko web ataria." "2.–Haren helbide elektronikoa URL honek identifikaturikoa da: www.unavarra.es" (http://www.unavarra.es)". Ez dio erreferentziarik egiten aipatu dugun 2014ko erregelamenduari, ez Web Komitearen funtzioei ez eta osaerari dagokionez ere.

IV.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko web ataria da komunikazio elektronikorako bitarteko nagusia, eta Unibertsitateak informaziorako eta administrazio elektronikorako duen sistemaren parte da. Hauek osatzen dute atari hori: zerbitzari instituzionalek, Unibertsitateko sare korporatibora konektaturiko ekipoetan instalaturiko web zerbitzariek eta haien bidez argitaratzen diren edukiek.

Erregelamendua garrantzitsua denez, beharrezkoa da erregelamendu berriak erabiltzaileei eta administrariei esparru orokor bat ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoko web atariaren erabilerari buruz. Erregelamendu horrek egokitua egon behar du 2015eko bi lege horietara eta 2022ko Administrazio Elektronikoa arautzen duen Erregelamendura, eta, halaber, doitua egon behar du Unibertsitate honetako organo eta unitateek esleituak dituzten eskumen eta funtzioen arabera ere.

Esandakoagatik, Garapen Digitaleko errektoreordeak proposatu du baliogabetu daitezela aipatu den 2014ko erregelamendu hori eta haren ondorengo Web Komitearen erregulazioa, eta onets dadila web ataria arautzen duen erregelamendu berri bat, Unibertsitateko organo eta unitateen helburu, eskumen eta erantzukizunak ezartzen dituena, bai eta betebeharrak eta erantzukizunak ere Internet bidezko informazioa eta zerbitzuak Unibertsitatearen sare korporatiboaren edo haren mendeko beste sare batzuen bidez eman nahi dituzten pertsona eta unitateentzat.

Horregatik guztiagatik, Garapen Digitaleko errektoreordeak proposatuta, honako hau da Gobernu Kontseiluak, bere kideek aldez aurretik eztabaida egin eta gero, 2025eko maiatzaren 20an egindako bileran hartu duen,

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko web atariaren erregelamendua onestea. Aldaketak erabaki honen I. eranskinean ageri dira.

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Erabaki honen berri ematea Garapen Digitaleko errektoreordeari, Informazio eta Komunikazio Zerbitzuko zuzendariari eta Informatika Zerbitzuko zuzendariari.

Laugarrena.–Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38. artikuluan eta Unibertsitatearen Estatutuen 144.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, erabaki honek administrazio bidea agortzen du, eta haren aurka zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, bi hilabeteko epean, erabakia argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen xedapenetan ezarritakoarekin."

Iruñean, 2025eko maiatzaren 20an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN WEB ATARIAREN ERABILERARI BURUZKO ERREGELAMENDUA

1. artikulua. Web atariaren helburuak.

1. Honako hauek dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web atariaren helburuak:

a) Unibertsitateak goi mailako hezkuntzako erakunde publiko gisa duen irudia indartzea.

b) Unibertsitateak egiten dituen irakaskuntzako, ikerketako eta unibertsitate proiekzioko jarduerei buruzko informazio eguneratua ematea.

c) Aplikazio telematikoa duten unibertsitateko zerbitzuetara Internet bidez sartzeko aukera antolatzea eta erraztea; horrela, arindu eginen da unibertsitateko komunitateko eta, oro har, gizarteko erabiltzaileekiko harreman akademikoa eta administratiboa.

d) Edukiak kudeatzeko tresna bat eskaintzea web atariaren mantentze-lanak egin ahal izateko; horrela, eduki berriekin diseinu korporatibora egokitutako interfazea mantenduko da eta indarrean dauden arauen esparruak eskatutako irisgarritasun arauak beteko dira.

e) Ikerketen emaitzak web atariaren bidez bistarazi daitezen sustatzea; horrela, gizartearen eta unibertsitatearen arteko lankidetza sustatuko da, Unibertsitateak ezagutza eta teknologia transferituko baitizkio bere ingurune sozioekonomikoari.

f) Unibertsitatearen irudi eleaniztuna erakustea; izan ere, edukiak hiru hizkuntzatan emanen dira: gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez.

–Euskarari dagokionez, bat etorriz euskara erabiltzeko jarraibideak garatzeko eta Unibertsitatearen euskarrietan aplikatzeko gidaliburuarekin (Gobernu Kontseiluaren 2010eko maiatzaren 14ko erabaki baten bidez onetsia), atarian euskaraz nabigatzeko aukera egonen da, eta, gutxienez, nabigazioaren lehenbiziko bi mailetan egiten ahalko da, bai eta eduki orokorragoko eta iraupen luzeagoko web orrialdeetan ere.

Gainera, bertsio elebiduna bermatuko da ikasleen profilei zuzendutako orrialdeetan.

–Unibertsitatearen nazioartekotzea errazteko, informazioa ingelesez emanen da, hala eskatzen duten erabiltzaile potentzialen beharretara egokitua. Bereziki lehenetsiko da garrantzizko informazio akademiko guztia ingelesez agertzea, ohiko jardunbide egokien arabera.

2. artikulua. Web atariarekin loturiko organo eta unitate eskudunak.

Web ataria Garapen Digitaleko errektoreordearen mende egonen da. Errektoreordeak gauzatuko ditu Unibertsitateko errektoretza-taldeak onetsitako proposamenak eta erabakiak, eta erregelamendua betetzen dela zainduko du.

Era berean, Informazio eta Komunikazio Zerbitzuak eta Informatika Zerbitzuak laguntza emanen diote Garapen Digitaleko errektoreordeari haren eginkizunak betetzen, eta koordinatu eginen dira bai errektoreorde horrekin bai bien artean.

3. artikulua. Web ataria kudeatzeko erantzukizunen banaketa.

1. Garapen Digitaleko errektoreordeak erantzukizun hauek izanen ditu:

a) Web atariaren inguruko erabakiak hartzea.

b) Informazio eta Komunikazio Zerbitzuak eta Informatika Zerbitzuak egin beharreko kudeaketak erraztuko dituzten irizpideak ezartzea beren eskumenen esparruan, web atarian egiten diren aldaketa-eskaerei erantzuteko.

c) Unibertsitatearen web atariaren egituran, eduki motan eta beste edozein informaziotan egiten diren aldaketak onestea.

d) Web atariaren egitura eta edukiak gainbegiratzeko eta baliozkotzeko mekanismoak onestea, Unibertsitateko beste unitate batzuekin lankidetzan.

e) Erregelamendu hau onestea, bai eta hura garatzeko xedapenak aldatzeari buruzko proposamenak ere.

f) Web orrialdeak ezaba daitezela onestea, bai ofizioz bai unibertsitateko komunitateko edozein kidek nahiz unibertsitatetik kanpoko hirugarrenek eskatuta, erregelamendu honetako 9. artikuluan ezarritako gutxieneko baldintzak ez betetzeagatik eta horiek ez erabiltzeagatik.

g) Web orrialdeetako aldaketak onestea, bai ofizioz bai unibertsitateko komunitateko edozein kidek nahiz unibertsitatetik kanpoko hirugarrenek eskatuta.

h) Web ataria kudeatu edo erabiltzeko beharrezkotzat jotzen den beste edozein eginkizun.

2. Informazio eta Komunikazio Zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Edukien koordinazio orokorra egitea.

b) Web orrialdeak antolatzeko, diseinatzeko eta editatzeko euskarria ematea.

c) Edukiak kudeatzeko euskarria antolatzea.

d) Webguneen kudeaketaz arduratzen diren langileei prestakuntza ematea eduki-kudeatzailea erabiltzearen inguruan.

e) Web diseinu korporatiboa behar bezala aplikatzen dela zaintzea.

f) Unibertsitatearen irudi korporatiboa behar bezala aplikatzen dela zaintzea.

g) Web ataria aldatzeko proposamenak eta ekintza zuzentzaileen jarraipena eta itxiera erregistratzea.

h) Webgune korporatiboaren edukien irudia eleaniztuna dela zaintzea.

3. Informatika Zerbitzuak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Web atariaren funtzionamendurako beharrezkoak diren zerbitzariak eta tresnak mantentzea (ekoizpena, edizioa eta probak egitea).

b) Inplikatutako sistemen segurtasuna zaintzea.

c) Datu-base korporatiboetatik datorren informazioa webean integratzea.

d) Beharrezkotzat jotzen den informazioa ateratzeko eta aurkezteko osagai pertsonalizatuak garatu eta haiei buruz aholku ematea.

e) Unibertsitatearen web ataritik egiten diren interakzioak erraztea online zerbitzu korporatiboei (ataria, liburutegia, etab.).

f) Webgunea kudeatzeko eta argitalpenak egiteko aholku teknikoak ematea.

g) Eduki-kudeatzaileak erabiltzeko irizpide teknikoak ezartzea.

h) Biltegien eta erabiltzaileen mantentze-lanetan eduki-kudeatzailea kudeatzea eta administratzea.

i) Web atariko aldaketa teknikoak kudeatzea: teknikak aldatzeko proposamenen eragina aztertzea eta haien exekuzioa koordinatzea itxi ere.

j) Unibertsitatearen webguneen zerrenda izatea, horietako bakoitzaren funtzioak eta erantzukizunak biltzen duena.

4. Unibertsitateko zerbitzuak, zentroak, sailak eta beste unitate batzuk arduratuko dira, bai eta Unibertsitate-Gizarte Fundazioa eta web atarira sartzen den beste edozein erakunde instrumental ere, beren webguneetako edukiak kudeatzeaz, eta edukiak egiazkoak direla eta eguneratuta daudela zainduko dute. Nafarroako Unibertsitate Publikoari lotutako beste edozein kolektibok ere ardura hori izanen du baldin eta web zerbitzarian espazio bat eskatzen badu eta Informazio eta Komunikazio Zerbitzuak eta Informatika Zerbitzuak baimena ematen badute. Horiek guztiek, beren langileen artean, webguneko administratzaile bat eta ordezko bat izendatuko dituzte dagozkien web orrialdeen eguneratzea koordinatzeko.

Administratzaileek eta haien ordezkoek –aurreko xedapenaren arabera izendatuko dira– beren unitateen barruan sortutako informazioa jaso eta kudeatu beharko dute, dagokien web orrialdeetan eguneratzeko.

4. artikulua. Ikastegien, sailen, zerbitzuen eta bestelako unitate administratiboen eta Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren web orrialdeak.

1. Unibertsitateko ikastegiek, sailek, zerbitzuek eta bestelako unitate administratiboek, bai eta Unibertsitate-Gizarte Fundazioak ere, Unibertsitatearen web atarian aurrez definitutako espazio propioa izanen dute, webgunearen estiloari jarraituz, beren jarduerei eta zerbitzuei buruzko informazioa emateko, bai eta ikasleentzat eta irakasle eta ikertzaileentzat beharrezkoa den jarduera akademikoari buruzko informazioa emateko ere.

2. Unibertsitateko ikastegiek, sailek, zerbitzuek, bestelako unitate administratiboek eta Unibertsitate-Gizarte Fundazioak izanen dute beren web orrialdeetako edukien gaineko ardura, hau da, web orrialdeak mantentzeko, eguneratzeko eta gainbegiratzeko ardura.

Webgunearen gaiari edo dagokion ikastegi, sail, zerbitzu, unitate edo fundazioari buruzko eskumena duten pertsona bakarreko gobernu organo orokorrek zehaztuko dute bakoitzari dagokion web orrialdearen egitura. Horretarako, eta beharrezkoa balute, Informazio eta Komunikazio Zerbitzua izanen dute aholkulari.

3. Teknikoki posible denean, datu-base korporatiboetatik atera daitekeen informazioa (akademikoa, irakasleei buruzkoa, ikerketari buruzkoa, etab.) automatikoki erakutsiko da dagozkion ataletan, konfidentzialtasunarekiko errespetua eta datuen babesa alde batera utzi gabe.

5. artikulua. Ikerketa-institutuen eta ikerketa-taldeen irakasle eta ikertzaileen web orrialde pertsonalak.

1. Irakasleek eta ikertzaileek (I+I) aurrez definitutako espazio pertsonal bat izanen dute Unibertsitatearen web atarian, beren irakaskuntza-, ikerketa- eta kudeaketa-jarduera zabaltzeko. Informazio hori irakaslearen sailaren atariari eta unibertsitateko ikerketa-jarduerarekin lotutako NUPeko atariei lotua egonen da. Irakasle eta ikertzailea izanen da berak bere web orrialde pertsonalean editatutako edukiaren arduradun esklusiboa. Web orrialde horietan ezin izanen da publizitaterik egin, ezta unibertsitateko jardueratik kanpoko informaziorik agertu ere.

2. Ikerketa-institutuek aurrez definitutako espazio propio bat izanen dute Unibertsitatearen web atarian, web-estilo korporatiboari jarraituz. Hartan, aukera izanen dute institutuko kideen eta ikerketen inguruko informazioa zabaltzeko, informazioaren transferentzia egiteko eta egiten dituzten ekitaldien eta jardunaldien berri emateko.

3. Ikerketa-taldeek aurrez definitutako espazio propio bat izaten ahalko dute Unibertsitatearen web atarian, webgune korporatiboaren estiloari jarraituz, beren ikerketak eta eskaintza teknologikoa zabaltzeko.

4. Teknikoki posible denean, datu-base korporatiboetatik atera daitezkeen datuak (akademikoak, irakasleei buruzkoak, ikerketari buruzkoak, etab.) automatikoki erakutsiko dira dagozkien ataletan, hargatik konfidentzialtasunarekiko errespetua eta datuen babesa eragotzi gabe.

6. artikulua. Bestelako web orrialdeak.

NUPen web atariak "NUPeko ekitalditzat" jotzen diren ekitaldiei buruzko informazioa eta albisteak jasotzen ahalko ditu, baita zenbait zerbitzuren mendeko zerbitzu transbertsalen atarienak ere (administrazio elektronikoa, Langilearen ataria, irakaskuntza-birtuala, Unibertsitateko hauteskundeak, besteak beste), edo beste tipologia batzuenak.

Gune horiek denak ezartzeko, Garapen Digitaleko errektoreordeak onespena eman beharko du. Interesdunek Informazio eta Komunikazio Zerbitzuan aurkeztuko dituzte eskabideak, eta ekitaldien, zerbitzu transbertsalen edo webgunean zabaltzen den jardueraren edo gaiaren arduradunek bermatu beharko dituzte.

7. artikulua. Domeinuak.

1. Unibertsitateko ikastegien, sailen, zerbitzuen eta bestelako unitate administratiboen web orrialdeak, bai eta Unibertsitate-Gizarte Fundazioarenak ere, www.unavarra.es domeinu korporatiboan argitaratuko dira.

2. Ez da baimenduko Unibertsitateak kudeatzen ez dituen beste web domeinu batzuk erabiltzea, baldin eta domeinu horien ostatatzea unibertsitatearen baliabideekin egiten dela ezkutatzen badute. Garapen Digitaleko errektoreordeak salbuespen gisa baimentzen ahalko du Unibertsitateak kudeatzen ez dituen beste web domeinu batzuk erabiltzea.

8. artikulua. Web espazio berriak garatzea eta ezartzea.

1. Garapen Digitaleko errektoreordeak onetsiko du Unibertsitatearen web atarian gune berriak garatu eta ezartzea.

2. Informazio eta Komunikazio Zerbitzuak eta Informatika Zerbitzuak webgune berrien zuzendaritza kolegiatua eginen dute. Horretarako, gune berri horietako edukiak sortzen dituzten unitateen parte-hartzea eta inplikazioa izanen dute.

3. Informazio eta Komunikazio Zerbitzuak edukiak antolatzeko, diseinatzeko, kudeatzeko eta editatzeko euskarria eskainiko dio Unibertsitateko komunitateari, eta, horrez gain, erabiltzaileei prestakuntza emanen die eduki-kudeatzaile korporatiboa erabiltzeari buruz.

4. Informatika Zerbitzuak web atarian edukiak sortzeko euskarri teknologikoa eskainiko dio Unibertsitateko komunitateari, eta horrek eduki-kudeatzaile korporatiboa erabiltzea dakar.

5. Atariaren barruan web orrialdeak sortzeko prozesua honela eginen da:

a) Eskaera. Web espazio berriak sortzeko eskaerak Informazio eta Komunikazio Zerbitzura zuzenduko dira. Eskaera horiek Garapen Digitaleko errektoreordeak onetsiko ditu, eta dagozkion arduradun akademiko edo administratiboek arrazoitu eta bermatu beharko dituzte.

Eskabidean, edukien administratzaile bat eta ordezko bat izendatu beharko dira.

b) Edukien egitura definitzea. Eskabidea onartu ondoren, edukien egituraketa egin beharko da. Egituraren proposamena web espazio berria eskatzen duen unitateak eginen du, eta erregelamendu honetako 4.2 artikuluan ezarritako organoek onetsi beharko dute. Egitura hori Informazio eta Komunikazio Zerbitzuak eta Informatika Zerbitzuak aztertu beharko dute aldez aurretik.

Esleitutako espazioak eskura dauden baliabideetara egokitu beharko dira, eta irudi korporatiboa erabiltzeko erregelamendua bete beharko dute. Edonola ere, NUPen marka korporatiboa izanen dute, bai eta www.unavarra.es esteka ere. Eskatzaileak web espazio berriaren edukia aurkeztu beharko du, eta haren kudeaketa eta eguneratzea bermatuko du.

c) Webguneko arkitekturara egokitzea. Informazio eta Komunikazio Zerbitzuak egitura aztertuko du, eta, beharrezkoa bada, kudeatzailearen ezaugarrietara egokituko du eta atariaren gainerako edukien barruan kokapen bat erabakiko du. Egitura Informatika Zerbitzuak onartuko du.

d) Tokia sortzea. Informatika Zerbitzuak tokia sortuko du eduki-kudeatzailearen barnean, eta webgune horretako administratzaileari edo administratzaileei alta emanen die eduki-kudeatzailearen erabiltzaile berri gisa.

e) Prestakuntza. Informazio eta Komunikazio Zerbitzuak erabiltzaileei laguntza emanen die eduki-kudeatzailea maneiatzeko prestakuntzan.

f) Edukiak kargatzea. Prestakuntzaren ondoren, epe bat egonen da erabiltzaileek edukiak kargatu ditzaten. Informazio eta Komunikazio Zerbitzuak eta Informatika Zerbitzuak gainbegiratuko dute prozesu hori.

g) Berrikustea eta argitaratzea. Edukiak kargatu eta gero, web orrialdea eskatu duten organo edo unitateek berrikusiko dituzte edukiok, eta, ondoren, argitara emanen dira baimena dutenean.

9. artikulua. Web atarian argitaratutako eduki guztiek bete behar dituzten gutxieneko baldintzak.

1. Web atarian argitaratzen diren edukiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Legezkotasuna eta oinarrizko eskubideak errespetatzea, eta, bereziki, ohorerako, norberaren eta familiaren intimitaterako, norberaren irudirako eta gazteen eta haurren babeserako eskubideak.

b) Ez izatea eduki suntsitzaile, arrazista, xenofobo edo lizunik, ezta terrorismoaren apologia egiten duenik edo Unibertsitateak desegokitzat jotzen duen beste edozein edukirik.

c) Web ataria ez erabiltzea Unibertsitateaz kanpoko helburu komertzialetarako, ez eta interes partikularretarako ere.

d) Jabego intelektualaren, konfidentzialtasunaren eta datu pertsonalen babesaren inguruko eskubideak errespetatzea, arau esparruari jarraikiz.

Bereziki, editatzen diren web orrialdeetan egile eskubideak edo jabego intelektualeko eskubideak dituzten softwareak edo edukiak erabiltzen direnean, titularraren berariazko baimena beharko da. Erabilera askeko baliabideak badira, hori adierazi beharko da, bai eta egilea nor den ere.

e) Erregelamendu honetan ezarritako argitaratzeko prozedurara eta izapideetara egokitzea.

2. Baldintza horietako edozein ez betetzeak berekin ekartzen ahal du web orrialdea ezabatzea, bai eta behar diren erantzukizunak eskatzea, dagokion espedientea izapidetu ondoren, edo legez bidezkoak diren ekintzak gauzatzea ere.

10. artikulua. Araudia.

Araudiaren inguruko informazio guztia Unibertsitatearen webgunean baino ez da egonen, hain zuzen ere, araudien biltegian (https://www.unavarra.es/conocerlauniversidad/araudia?languageId=100001).

Unibertsitateko zerbitzu bakoitza arduratuko da bere eskumeneko gaiak arautzen dituen araudia eguneratuta edukitzeaz biltegian, araudiak han argitaratzen baitira. Ondorio horietarako, Unibertsitateko zerbitzu bakoitzak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Proposatzea argitaratutako arauak ezabatzea, baldin eta arau horiek jada aplikagarriak ez badira, bai zaharkituta geratu direlako, bai iragankortasun edo aplikazio erregimenik jasotzen ez duten ondorengo arauek indargabetu dituztelako.

b) Proposatzea jadanik onetsia dagoen baina argitara eman ez den araudi oro biltegian sartzea.

c) Testu kontsolidatuak egitea indarrean dagoen araudia eskuratzen laguntzeko.

Testu kontsolidatu baten xedapenak Gobernu Kontseiluaren edo bestelako organo baten zer erabakiren bidez onetsi diren, erabaki horiek denak agertu beharko dira testu kontsolidatuan.

Biltegian araudia txertatzeko edo ezabatzeko proposamenek, eta baita testu finkatuak sartzeko proposamenek ere, idazkari nagusiaren oniritzia izan beharko dute; izan ere, Zerbitzu Juridikoaren edo Idazkaritza Teknikoaren bidez, idazkari nagusiak kudeatuko du horiek sartu edo ezabatzea.

Era berean, dagokion araudiaren biltegian egitura-aldaketak egitea proposatuko du Zerbitzu Juridikoak, betiere arlo bakoitzean eskumena duten zerbitzuekin koordinatuta. Informazio eta Komunikazio Zerbitzuak edo, bestela, Informatika Zerbitzuak gauzatuko ditu aldaketa horiek.

Ezin izanen da, inola ere, araudiari buruzko edukirik beste web orri batzuetara igo edo bertan ostatatu. Beste webgune batzuetan, biltegirako esteka edo birbideratzea besterik ez dira egoten ahalko.

Hizkuntza Plangintzarako Atalaren bidez kudeatuko dira euskarazko araudiaren biltegia eta bertan euskarazko araudia eta testu finkatuak sartzea edo ezabatzea, bai eta euskarazko biltegiaren egitura aldatzea ere.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Erregelamendu hau indarrean sartzen denean, honako xedapen hauek indargabeturik geldituko dira:

–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgune korporatiboaren erabilera arautzen duen Erregelamendua, Gobernu Kontseiluaren 2014ko abenduaren 16ko erabaki baten bidez onetsia.

–Gobernu Kontseiluaren 2016ko abenduaren 15eko erabaki bat, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Web Komiteko kideen aldaketa.

–Gobernu Kontseiluaren 2019ko irailaren 10eko erabaki bat, zeinaren bidez onetsi baitzen aipatutako 2014ko erregelamenduaren 2. eta 3. artikuluak aldatzea.

–Erregelamendu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra erregelamendu honek.

Iragarkiaren kodea: F2507308