1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
143E/2025 EBAZPENA, apirilaren 15ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ukatzen baita haize-sorgailuen palak birziklatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratuan eskatutako aldaketa, ezarritako funtzionamendu-baldintzei dagokiena. Instalazioa Cortesko udal mugartean dago eta haren titularra Energyloop SA da.
Egun abian den instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 14ko 426E/2023 Ebazpenaren bidez emana, eta sarturik dago Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 1. eranskineko 5.1 taldean.
2025eko urtarrilaren 13an, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aldatzea, zehazki, ingurumen baimen bateratuaren III. eranskinean, R120399 kudeaketa-prozesuan sortutako hondakinen zerrendan, beste hondakin mota bat sartzeko, 191209 EHZ kodea duena.
Titularrak argudiatu du ezen, haize-sorgailuen palen beira-zuntzaren konposizio kimikoa zementuaren konposatuen antzekoa izanik eta zementua lehengai mineraletan oinarrituta fabrikatzen denez, hondakin hori 191209 EHZ "Mineralak" kodearekin sailka daitekeela (adibidez, harea eta harriak).
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aurkeztutako eskaera aztertu du, eta ondorioztatu ez dela onargarria 191209 EHZ kodea sartzea sortutako hondakinen zerrendan; izan ere, ez dira jatorri mineraleko hondakinak kudeatzen, baizik eta beira-zuntzezko eta erretxinazko konpositeak, metalak eta beste material batzuen proportzio txiki bat (hala nola zura, poliuretanoa, PVCa, itsasgarriak eta gelcoats motako materialak), titularrak aurkeztutako dokumentazioan adierazten duen bezala.
Beraz, esleitutako 191212 EHZ kodea egokiagotzat jotzen da, kontuan hartuta zein den baimendutako kudeaketa-prozesuen lehentasunaren hurrenkera (R05, R03, R4, D09, D05), zeina aldatu baitzen, titularrak eskatuta, instalazioaren ingurumen baimen bateratua emateko espedientean ebazpen proposamena egin aurreko entzunaldiaren izapidean. Gainera, adierazi behar da 191212 EHZ kodea esleitzen zaiela R05 prozesuetatik eratorritako eraikuntza- eta eraispen-hondakinen harrizko hondakinei ere. Material hori kasu honetako hondakinaren antzekoa da, titularraren esanetan.
Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua aldatzea.
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.–Eskatutako aldaketa ukatzea haize-sorgailuen palak birziklatzeko instalazioaren ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu-baldintzei dagokienez. Instalazio horren titularra Energyloop SA da, eta Cortesko udal mugartean dago.
Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrena.–Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Laugarrena.–Ebazpen hau Energyloop SAri jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko apirilaren 15ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.
Iragarkiaren kodea: F2505829