104. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

63C/2025 EBAZPENA, apirilaren 9koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Agrozumos SA enpresaren Lekunberriko lantokirako hitzarmen kolektiboa erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Aztertu da Agrozumos SA enpresak Lekunberriko lantokirako aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31000162011987), enpresaren eta sindikatuen ordezkaritzek 2024ko abenduaren 18an sinatu zutena eta erregistro honetan 2024ko abenduaren 20an sartu zena.

Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidanak, honako hau,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Agrozumos SAk Lekunberriko lantokirako aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31000162011987).

Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2025eko apirilaren 9an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

AGROZUMOS SA ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA

2024 - 2028

AURKIBIDEA.

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK.

0. artikulua. Alderdi sinatzaileak.

1. artikulua. Lurralde eremua.

2. artikulua. Eremu funtzionala.

3. artikulua. Eremu pertsonala.

4. artikulua. Iraupena.

II. KAPITULUA.–LANAREN ANTOLAKETA.

5. artikulua. Lanaren antolaketa.

III. KAPITULUA.–PLANTILLA ETA KONTRATAZIOA.

6. artikulua. Zentsua.

7. artikulua. Kontratazioa.

8. artikulua. Lanpostu hutsak.

9. artikulua. Aldi baterako kontratazioak eta enplegua.

IV. KAPITULUA.–LANBIDE SAILKAPENA.

10. artikulua. Xedapen orokorra.

11. artikulua. Kategorien definizioa.

12. artikulua. Mugigarritasun funtzionala.

13. artikulua. Mugigarritasun geografikoa.

V. KAPITULUA.–LANEAN HASTEA ETA LANA UZTEA.

14. artikulua. Probaldia.

15. artikulua. Borondatezko uzteak.

VI. KAPITULUA.–LANALDIA, APARTEKO ORDUAK ETA OPORRAK.

16. artikulua. Lanaldia, araubide ekonomikoa eta ordutegia.

17. artikulua. Lan egutegia.

18. artikulua. Aparteko orduak.

19. artikulua. Lanaldia luzatzea.

20. artikulua. Oporrak.

21. artikulua. Seigarren laneguna.

22. artikulua. Astelehenetik iganderako astea.

23. artikulua. Laugarren txanda.

24. artikulua. Orduen poltsa.

VII. KAPITULUA.–BAIMENAK, LIZENTZIAK ETA ESZEDENTZIAK.

25. artikulua. Lizentzia ordainduak.

26. artikulua. Lan-bizitza eta familia bateragarri egitea.

27. artikulua. Eszedentziak.

VIII. KAPITULUA.–ARAUBIDE EKONOMIKOA.

28. artikulua. Ordainsariak.

29. artikulua. Gaueko lanaren plusa.

30. artikulua. Dietak.

31. artikulua. Aparteko haborokinak.

32. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.

33. artikulua. Aseguru poliza.

IX. KAPITULUA.–SEGURTASUNA ETA HIGIENEA.

34. artikulua. Arau orokorra.

35. artikulua. Laneko segurtasuna.

36. artikulua. Lokaletako higienea.

37. artikulua. Osasun azterketa.

38. artikulua. Higiene zerbitzuak.

39. artikulua. Laneko jantziak.

40. artikulua. Botika gela.

41. artikulua. Langileen higienea.

X. KAPITULUA.–FALTAK ETA ZEHAPENAK.

42. artikulua. Faltak.

43. artikulua. Falta arinen sailkapena.

44. artikulua. Falta astunen sailkapena.

45. artikulua. Falta oso astunen sailkapena.

46. artikulua. Zehapenak.

47. artikulua. Zehapenak betetzea.

48. artikulua. Preskripzioa.

49. artikulua. Prozedura.

50. artikulua. Enpresaburuaren lan arloko arau-hausteak.

XI. KAPITULUA.–LANGILEEN ORDEZKARIAK.

51. artikulua. Eskubide sindikalak.

52. artikulua. Sindikatuak.

53. artikulua. Langileen ordezkarien eskumenak.

54. artikulua. Sindikatuen kontrako jarduketak.

55. artikulua. Arau erreferentzia.

XII. KAPITULUA.–PRESTAKUNTZA.

56. artikulua. Etengabeko prestakuntza.

XIII. KAPITULUA.–ERRETIRO PARTZIALA.

57. artikulua. Erretiro partziala.

ERANSKINAK.

I.–Lan gatazkak konpontzea.

II.–Batzorde paritarioa.

III.–Soldata taulak.

IV.–Beste gai batzuk.

V.–Langileen Estatutuaren 37.3 artikulua.

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

0. artikulua. Alderdi sinatzaileak.

Hitzarmen hau aho batez sinatu dute zuzendaritzak eta Enpresa Batzordeak, zeina ELA sindikatuko bederatzi kidek osatzen baitute.

1. artikulua. Lurralde eremua.

Hitzarmen kolektibo hau Agrozumos SA enpresak Lekunberrin (Nafarroa) duen lantokiko langileei aplikatuko zaie bakarrik, 3. artikuluan zehazten den moduan: Eremu pertsonala.

2. artikulua. Eremu funtzionala.

Hitzarmen kolektibo honen aginduen bidez Agrozumos SA enpresako lan harremanak arautzen dira. Enpresa horren jarduera nagusia da zukuak, nektarrak eta fruituen deribatuak prestatzea, EJSN 1032 kodearen arabera.

3. artikulua. Eremu pertsonala.

Hitzarmen kolektibo hau Agrozumos SA enpresan jarduten duten langile guztiei aplikatuko zaie, testuan deskribatzen diren kategorien arabera.

Horretatik kanpo gelditzen dira, berariaz, Agrozumos SA enpresako zuzendaritza eta beren-beregi aipatzen ez diren lan talde guztiak. Hitzarmen honek ez du eraginik izanen haien gainean.

4. artikulua. Iraupena.

Hitzarmen kolektibo honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra, baina, soldatei dagokienez, ondorio ekonomikoak 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerakoak izanen dira, hitzarmen honetan ezarritakoaren arabera. Hitzarmen honen indarraldiak 2028ko abenduaren 31ra arte iraunen du.

Honetan hitzartutako baldintzek multzo zatiezina osatzen dute, eta orokorrean hartu behar dira aintzat.

Hitzarmen hau automatikoki geratu da salatuta sinatu denetik.

Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hitzarmen kolektiboaren aurreraeragina gehienez ere hiru urteko eperako ezartzen da. Kontuan izanik hitzartutako indarraldia 2028ko abenduaren 31ra artekoa dela, aurreraeraginak 2031ko abenduaren 31ra arte iraunen du.

II. KAPITULUA.–LANAREN ANTOLAKETA

5. artikulua. Lanaren antolaketa.

Lana antolatzea Agrozumos SAko zuzendaritzari dagokio, arlo horretako legezko xedapenen arabera.

Lana arrazionalizatu, mekanizatu eta zuzentzeko sistemen barnean etengabeko prestakuntza sartu behar da, langileek hura jasotzeko eta hobetzeko eskubidea baitute.

III. KAPITULUA.–PLANTILLA ETA KONTRATAZIOA

6. artikulua. Zentsua.

Agrozumos SAk langileen zentsu bat prestatuko du urte bakoitzeko urtarrilean eta ekainean. Haietako bakoitzaren lanbide kategoria eta kontratazio modalitatea zehaztuko dira. Zentsu horren kopia bat langileen ordezkariei emanen zaie adierazitako hilabete bakoitzean.

7. artikulua. Kontratazioa.

Agrozumos SAk indarreko araudiak baimentzen dituen kontratazio mota guztiak erabil ditzake. Egiten diren kontratazioak langileen ordezkariei jakinaraziko zaizkie.

8. artikulua. Lanpostu hutsak.

Langile finkoen artean lanpostu hutsik badago, Agrozumos SAn finkoa izan gabe lan egiten dutenekin betetzen saiatuko da lehentasunez, betiere Agrozumos SAren iritziz profil profesional egokia baldin badute.

9. artikulua. Aldi baterako kontratazioak eta enplegua.

Aldi baterako kontratazioaren bolumena enpresaren plantilla osora egokitzeko asmoz, alderdiek adostu dute indarreko edozein kontratazio motarekin aldi baterako gehienez kontratatzen dena ez dela izanen urtean lan egindako orduen %25etik gorakoa. Muga hori kalkulatzeko, ez dira kontuan hartuko oporretan dauden langileak edo lan harremana etena dutenak (aldi baterako ezintasuna, eszedentziak, etab.) ordezteko lan egindako orduak. Muga hori gaindituz gero, enpresak konpromisoa hartzen du, urte bakoitzeko lehendabiziko hiru hilabetean, baldin eta lan kargari eta/edo salmenten bolumenari eusten bazaie, lan egindako orduen soberakina kontratu mugagabe bihurtzeko, lanaldi osokoa edota lanaldi partzialekoa izan.

Enpresak, indarreko araudiarekin bat, aldi baterako laneko enpresen zerbitzuak har ditzake, langileak lagatzeko kasuan kasuko kontratuak izenpetuz.

Salbuespenez, amatasun bajak eta eszedentziak betetzeko, hala egitea erabakitzen bada, enpresak zuzenean egin beharko du, iraupen mugatuko kontratuen bidez.

IV. KAPITULUA.–LANBIDE SAILKAPENA

10. artikulua. Xedapen orokorra.

Agrozumos SA enpresan lan egin eta hitzarmen kolektibo honen eraginpean dauden langileak sailkatuko dira kontuan hartuz beren ezagutzak, esperientzia, autonomia, erantzukizuna eta ekimena.

Sailkapen hori dela bide, Agrozumos SAren beharretarako lanbide egitura egokia lortu nahi da, langile guztiak hobeki integratu daitezen produkzio lanetan eta une oro hobeki egokitu daitezen lanpostu batera, behar duten prestakuntzaren bitartez.

Egitura horri atxikita dagoen langile orok, horren ondorioz, lanbide talde eta ordainsari maila jakin bat izanen du, hitzarmen kolektiboaren III. eranskinean ezarritakoarekin bat.

11. artikulua. Kategorien definizioa.

Gaur egungo lanbide sailkapena honako hau da:

1. LANBIDE TALDEA.

–0. GRADUA PEOIA: oinarrizko manipulazio lanak modu iraunkorrean egiten dituzten langileak. Halaber, talde horretarako aurreikusitakoaren arabera ordainduko zaie eragiketetan akabera egokia eta zuzena emateko behar adinako gaitasuna lortu ez duten langileei (langilegaiak), kategoria honi lotzen bazaie lehendabiziko lau hilabeteetan, jarraian edo txandaka izan. Ondotik, peoi espezializatuaren kategoriara (1B) edo handiago batera pasako dira.

–A GRADUA: PICKING-EKO PEOIAK: beharrezko tresnak dituztela eta jarraibide zehatzen arabera, funtsean produktu bukatua biltzeko lanak egiten dituzten langileak. Kategoria hau ez zaie aplikatuko ontziratze lineetan aritzen diren langileei.

–B GRADUA: PEOI ESPEZIALIZATUA: prestaketa edo trebakuntza berezirik gabe, funtsean ahalegin fisikoa egitea eskatzen duten eginkizunez arduratzen den langilea da.

–C GRADUA: ESPEZIALISTA: peoi espezializatuaren gaitasunetik gorakoa dakarten praktika, espezialitatea eta arreta eskatu arren, etengabe eginkizun jakin eta zehatzak egiten dituen langilea da, lanbide zehatza ez badauka ere. Gradu honetako lanpostuen artean, jasomakinako gidaria eta lineako alde lehorreko langilea daude (titulazio akademikorik gabe).

2. LANBIDE TALDEA.

–A GRADUA: FABRIKAZIOKO 3. MAILAKO OFIZIALA: lan perfektuetarako eskatzen den espezializazioa izan gabe, bere lanbideko edo ofizioko lanak behar bezain txukun eta zuzen egiten dituen langilea. Berari dagokio zenbait makinaz arduratzea.

Produkzio lineako alde lehorreko langileei eskatuko zaizkie, gradu horretarako, esperientzia eta gutxieneko prestakuntza akademikoa, lanposturako egokia dena (goi mailako teknikaria edo horren baliokidea).

–A GRADUA: ADMINISTRARI LAGUNTZAILEA / NAHASKETAK / BILTEGIA / LABORATEGIA / MANTENTZE-LANAK: oinarrizko eragiketak egiten dituen langilea; oro har, aipatutako arloetako eragiketa funtsezkoenak edo mekanikoak.

–B GRADUA: FABRIKAZIOKO 2. MAILAKO OFIZIALA / ADMINISTRARIA / NAHASKETAK / BILTEGIA / MANTENTZE-LANAK: langile hori, lanbide bat izanik, halako perfekzio eta errendimendu mailarekin aritzen da horretan, non lan orokorrak ez ezik, ahalegin eta arreta berezia eskatzen dutenak ere egiten baititu. Administrarien artean, hizkuntzak jakitea dago sartuta.

–C GRADUA: 2. taldeko B gradukoa izanik, Agrozumos SAn lanean, gehienez ere 6 hilabeteko epea gainditu ondoren beharrezko maila lortzen duen langilea 3. taldeko A gradukoa izatera pasako da.

3. LANBIDE TALDEA.

–A GRADUA: LABORATEGIKO URGAZLEA: unibertsitateko titulazio egokia izanik, analisi fisikoak, kimikoak eta biologikoak, eta laborategiko determinazioak egiten dituen langilea, beharrezkoa izan gabe beti arauak eta zehaztapenak adieraztea, eta, halaber, horren barnean dago gailuak zaintzea, behar diren erreaktiboak prestatzea eta analisi txostenak eta buletinak ematea.

–A GRADUA: OFIZIOKO URGAZLEA: zerbitzu osagarriez eta laguntzakoez arduratzen den enplegatua da. Halako zerbitzuetan, agintzen dizkioten lanak egiten ditu, behar adinako praktikarekin, baina ofizialen perfekzio mailara iritsi gabe.

–A GRADUA: 1. MAILAKO ADMINISTRARI-OFIZIALA: bere ekimenez eta agindutako eginkizunez arduratuz, enpresako arloren bat bere menpe daukan enplegatua.

–B GRADUA: OFIZIOKO / LABORATEGIKO 2. MAILAKO OFIZIALA: lana arduraz eta autonomiaz eginez, edariaren edo ontziratzearen kalitatearen gainean eragina duen enplegatua, edo, hala balegokio, laborategiko espezialista (hala nola, tetrako, nahasketetako edo betetzeko makinako langileak). Kategoria horren barnean, mantentze-lanetako teknikariak daude.

Gradu horretako langileei, betetzeko/ontziratzeko makinaren, mantentze-lanen eta nahasketen arloetan aritzen badira, gutxieneko prestakuntza akademikoa eskatuko zaie, lanposturako egokia (goi mailako teknikaria edo horren baliokidea). Laborategiko bigarren mailako ofizialei ere eskatuko zaie unibertsitateko titulazioa.

–B GRADUA: PROZESU BEREZIKO ARDURADUNA: kasu bakoitzean eskatzen den titulazioa edo beharrezko esperientzia maila edukita, azken produktuaren edukiaren osaeraren gainean eragin zuzenik ez duten lan-taldeen koordinazio eginkizunak betetzen eta bere gain hartzen dituen enplegatua.

–B GRADUA: ADMINISTRAZIOKO TEKNIKARIA: kasu bakoitzean eskatzen den titulazioa edo beharrezko esperientzia maila edukita, enpresaren funtzionamendurako eginkizun konplexuak eta erantzukizun handikoak betetzen eta bere gain hartzen dituen enplegatua.

–C GRADUA: 3 taldeko B gradukoa izanik, Agrozumos SAn lanean, gehienez ere 9 hilabeteko epea gainditu ondoren beharrezko maila lortzen duen langilea 4. taldeko A gradukoa izatera pasako da.

4. LANBIDE TALDEA.

–A GRADUA: ARDURADUNA: antolaketa maila baxuago batean lankide talde batek egiten dituen zeregin homogeneoak integratu eta gainbegiratzeko lanak.

–B GRADUA: LINEAKO BURUA / TXANDAKO BURUA / LABORATEGIKO BURUA: laneko arauak bere ataleko enplegatuei betearazteko lanak egiten dituena, bere ekimena, balio erantsia eta etengabeko hobekuntza erabiliz, Agrozumos SAren plan orokorretan zehaztutako helburuak lortzeko, haiek zehazki bete daitezen begiratuz. Eskatzen den gutxieneko prestakuntza akademikoa egokia izanen da lanposturako, eta, gutxienez, goi mailako teknikariaren titulua izanen da, edo horren baliokidea lineako buruarentzat eta txandako buruarentzat, eta unibertsitateko titulua, berriz, laborategiko buruarentzat.

–C GRADUA: DEPARTAMENTUKO BURUA: 4 taldeko B graduko langilea izanik, Agrozumos SAn lanean, gehienez ere 12 hilabeteko epea prestakuntzan eta egokitzapenean eman eta gainditu ondoren, beharrezko maila lortuta, Agrozumos SArekin berariazko kontratua sinatuko du hitzarmen kolektibo honetatik kanpo.

12. artikulua. Mugigarritasun funtzionala.

Agrozumos SAko zuzendaritzak, teknika, ekoizpen edo antolakuntza mailako beharrizanak kontuan harturik, langileei lanbide talde desberdinaren barruan, lanbide kategoriaren aldaketa ekartzen duten zereginak esleitzen ahalko dizkie, bai aldi baterako bai epemugarik gabe, ordainsaria murriztu gabe.

Artikulu honetan arautzen ez den orotan, men eginen zaio Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina (aurrerantzean, Langileen Estatutua) onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 39. artikuluan gai horri buruz xedatutakoari.

13. artikulua. Mugigarritasun geografikoa.

Agrozumos SAk eta/edo Grupo RIHAk erabakitzen badu beste lantoki bat irekitzea nazioko geografian, Langileen Estatutuaren 40. artikuluan xedatuari jarraituko zaio.

V. KAPITULUA.–LANEAN HASTEA ETA LANA UZTEA

14. artikulua. Probaldia.

Probaldi bat hitzartzen ahalko da, eta idatziz jasoko da sei hilabetekoa izanen dela gehienez teknikari tituludunentzat eta bikoa gehienez gainerako langileentzat.

Probaldian, langileak bere lanbide kategoriari eta lanpostuari dagozkion eskubide eta betebeharrak izanen ditu, plantillakoa balitz bezala eta kontratazio motaren arabera, salbu lan harremana suntsitzearen ondoriozkoak (aldeetako edozeinen eskariz suntsi daiteke lan harremana).

Probaldia iraganda atzera egin gabe, kontratuak bere modalitateak berezko dituen ondorioak sortuko ditu.

15. artikulua. Borondatezko uzteak.

Beren borondatez Agrozumos SAtik alde egin nahi duten langileak behartuak daude enpresari idatziz jakinaraztera, aurreabisurako epe hauek betez:

1. eta 2. lanbide taldeak: 15 egun natural.

3. lanbide taldea: hilabete bat lehenago.

4. lanbide taldea: 45 egun natural.

Aipatu epeetan aurreabisua egiten ez bada, Agrozumos SAk eskubidea izanen du langilearen likidaziotik eguneko lansariaren bikoitza deskontatzeko aurreabisua atzeratzen den egun bakoitzeko.

VI. KAPITULUA.–LANALDIA, APARTEKO ORDUAK ETA OPORRAK

16. artikulua. Lanaldia, laneko araubidea eta ordutegia.

A) Oro har, eta Langileen Estatutuaren 34.1 artikuluaren 1. apartatuan xedatutakoari jarraikiz, urtean 1.740 lanordu egin beharko dira benetan 2024tik 2027ra bitarte. 2028. urteko lanaldia 4 orduz murriztuko da, baldin eta ez bada urteko lanaldia lege xedapen baten bidez aldatzen. Hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean Espainiako urteko gehieneko lanaldia aldatzen bada legezko xedapen baten bidez, eta lanaldi hori 1.736 ordutik beherakoa bada, ez da murrizketarik aplikatuko hitzarmenaren indarraldi osoan. Kasu horretan, legez gehienekoa dena izanen da enpresako urteko lanaldia.

B) Laneko araubidea eta ordutegia: asteko lanaldia, oro har, honelakoa izanen da lanaldi jarraituan:

Goizeko orduetan

06:00 - 14:00

Arratsaldeko orduetan

14:00 - 22:00

Gaueko orduetan

22:00 - 06:00

Eta lanaldi zatituan:

Goizeko orduetan

08:00 - 13:30

Arratsaldeko orduetan

14:30 - 17:00

C) Bulegoko langileek eta lanaldi zatituan dihardutenek 30 minutu murrizten ahalko dute jateko denbora, enpresaren barruan janez gero. Kasu horretan, 30 minutu lehenago ateratzen ahalko dira lanetik.

Enpresatik kanpo jaten dutenek 60 minutu izanen dituzte horretarako.

Bi horietako edozein aukera hauta daiteke, eta etorkizunean aldatu. Hautatutakoak hilabete iraunen du gutxienez, eta aurrez jakinaraziko zaie Giza Baliabideei.

D) Txanda zatituan lan egiten duten bulegoko langileek, beren eginkizunek ordutegi zehatzik eskatzen ez badute, sartzeko malgutasuna izanen dute, 07:30etik 8:30era.

Egunero-egunero bete beharko dira eguneko lanordu guztiak.

E) Eguberrietako egun berezietan, zuzendaritza saiatuko da jarduera eteten. Abenduaren 24an, 31n eta urtarrilaren 5ean 17:15etik aurrera lan egin behar bada, seigarren lanaldiaren prezio proportzionala ordainduko da, edo 4. txandaren prezioa, pertsona bakoitzaren txanda aktiboaren arabera.

Urtarrilaren 1ean eta 6an, jarduera ez da hasiko 22:00ak baino lehen. Abenduaren 26an, jarduera ez da hasiko 06:00ak baino lehen.

17. artikulua. Lan egutegia.

Urtarrilean, Agrozumosek lan ordutegia prestatuko du, eta haren ale bat paratu beharko da lantokiko leku batean, ikusteko moduan.

Aldaketak egin behar badira urtean zehar, langileen ordezkariei kontsultatuko zaie.

Urteko ordutegia urte natural bakoitzean onesteak ordu soberakina ekartzen duenean, enpresari dagokio konpentsazioa zehaztea. Enpresak soberakineko egunak finkatuko ditu urtean zehar, ahalik eta lasterren produkzioaren beharren arabera.

18. artikulua. Aparteko orduak.

Oro har, zuzendaritzak eta langileen ordezkariek, enplegua sustatzeko asmoz, erabaki dute ahal duten guztia egitea aparteko orduak murrizteko produkzio arruntean.

Agrozumos SAko zuzendaritzak irizten duenean beharrezkoa dela, langileei proposatuko die aparteko orduak egitea, eta nahitaez egin beharko dira ezinbestekotzat jotzen diren kasuetan, produkzioari eraginda konponketa luzaezina duten matxuretan, edo kalterik ez egiteko lehengaiei edo produktu erdiprestatuei fabrikazio prozesuan.

Aparteko orduetan lan egiteko ekimena Agrozumos SAri dagokio, eta hori askatasunez onartzea, berriz, langileari, aurreko zatian deskribatutako kasuetan izan ezik.

Agrozumos SAko zuzendaritzak, aparteko orduak egin daitezela eskatzeko, irizpidetzat hartuko du arrazionalki eta ekitatez banatu daitezela egin nahi dituzten langile guztien artean, baldin eta ahal baldin bada, lan motarengatik.

Aparteko orduak ordu arruntaren prezioarekin konpentsatuko dira, diruan konpentsatu behar direnean zein atsedenaldian konpentsatu behar direnean.

Ordua ordaintzeko, kontuan hartuko da tauletan jasotzen den orduaren prezioa.

Goizeko 6ak baino lehen eta gaueko 10ak pasa ondoren egiten diren aparteko orduak egiteagatik, gaueko plusaren zati proportzionala jasoko da, dagokion bezala.

Aparteko orduak bulegoetan egiteko, beharrezkoa izanen da zuzendaritzan dagoen maila goragoko nagusiak berariaz baimentzea eta kasu guztietan atsedenaldiarekin konpentsatuko dira.

19. artikulua. Lanaldia luzatzea.

Beste langile batzuen lana abiarazi edo ixteko eginkizuna duten langileek beren lanaldia luzatzen ahalko dute horretarako behar-beharrezkoa den denbora bakarrik.

20. artikulua. Oporrak.

Oporrak 30 egun naturalekoak izanen dira hitzarmen honi lotutako lanbide talde guztientzat. Urte bakoitzeko urtarrilean, Agrozumosko zuzendaritzak eta langileen ordezkaritzak oporren egutegia prestatuko dute.

Oporrak hartzeko, langileak egun erdiak aukeratu ahalko ditu, eta Agrozumos SAko zuzendaritzak beste erdiak hautatuko ditu.

Bi alderdiek konpromisoa hartzen dute oporraldietan produkzio premiak behar bezala beteta gera daitezen.

Oporraldietan, ordainsaria ez da izaten ahalko lanaldi arruntari dagozkion ordainsari guztien batezbestekoa baino txikiagoa. Aintzat hartzeko kontzeptu aldakorrei dagokienez, kalkulu eta ordainketa bakarra eginen da pertsona bakoitzeko, urte bakoitzeko otsailean, aurreko urte naturalari dagozkion zenbatekoak kontuan hartuta.

21. artikulua. Seigarren laneguna.

Produkzioan balizko problemak konpontzeko asmoz, ezartzen da larunbatetan lan egiteko aukera, seigarren lanegun gisa.

Seigarren lanegunean, zerbitzuak egiteko araubidea honelakoa izanen da:

1. Nahitaez bete beharra.

Seigarren laneguna nahitaez egin beharko dute, kasu guztietan, astean goizeko txandan aritu diren langileek.

Nahitaezkoa izanen da, halaber, gehienez ere urtean bi larunbatetan joatea astean arratsaldeko txandan aritu diren langileentzat. Hirugarren arratsaldeko larunbatetik aurrera, seigarren laneguna arratsaldeko txandan egitea borondatezkoa izanen da langileentzat.

Astean gaueko txandan aritu diren langileentzat, seigarren laneguna egitea borondatezkoa izanen da kasu guztietan.

2. Aurreabisua.

Enpresak aste bat lehenago aurreabisua eginen du, matxuren kasuetan izan ezik; halakoetan, ahalik eta lasterren abisatuko du.

3. Ordezkapenak.

Langileek adostu dezakete beste lankide batek ordezkatzea, enpresari aurretik gaztigatuta.

4. Ordainsariak.

Honako hau izanen da seigarren laneguneko ordainsarien araubidea 2024rako:

–Goiz eta arratsaldeko txandak: 2024:

  • 1. lanbide taldeko 0 gradua: 123,72 euro gordin.
  • 1. taldeko gainerakoak: 146,40 euro gordin.
  • 2. lanbide taldea: 158,77 euro gordin.
  • 3. lanbide taldea: 171,15 euro gordin.
  • 4. lanbide taldea: 183,52 euro gordin.

2025., 2026., 2027. eta 2028. urteetan, aurreko urteko estatuko KPI errealaren ehunekoa igoko da. KPIa negatiboa bada, ez da murrizketarik aplikatuko. Baina KPI negatiboaren ehunekoa hurrengo urteko edo urteetako KPI positiboari kenduko zaio.

–Gaueko txanda:

  • Gaueko txandan, gaueko lanaren plusa gehituko zaie aurreko zenbatekoei.

Zenbateko horiek, seigarren laneguna ostiral gaueko txandan egiten dutenek jasoko dituzte.

Ezarritako zenbatekoak ez dira aldatuko hitzarmen honen indarraldia bukatu bitartean. Txanda hori luzatu edo laburtuz gero, zati proportzionala erantsi edo kenduko da.

5. Beste erregulazio batzuk.

Enpresak ahaleginak eginen ditu, inguruabar bereziak gertatu ezean, lanaldia zortzi ordukoa izateko.

22. artikulua. Astelehenetik iganderako astea.

1. Produkzio beharrak eta/edo produkzioaren inbertsio berriak betetzeko, enpresak asteko lanaldi arrunta luza dezake, astelehenetik igandera arte, betiere asteko atsedenaldi beharrezkoak errespetatuz.

2. Txanden araubideak kontratazio berrien gainean izanen du eragina, aldi baterakoak edo mugarik gabekoak izan, baita araubide horretan lan egiteko kontratatu diren langileen gainean ere, aurreko hitzarmen kolektiboen 22. artikuluan xedatuarekin bat.

3. Enpresak aste bat lehenago aurreabisua eginen du araubide hori ezarri baino lehen.

23. artikulua. Laugarren txanda.

Enpresak, produkzioaren eta/edo antolaketaren beharrak kontuan izanik, jarduera etengabearen araubidea ezar dezake asteko 7 egunetan, halako gisan non egun horietan guztietan 24 orduz lan eginen baita.

Honelakoa izanen da araubide hori:

1. Zuzendaritzak Enpresa Batzordeari eginen dio aurreabisua, gutxienez bi aste lehenago, 4 txandako araubidea erabiltzen den bakoitzean.

2. Enpresak eta langileen ordezkariek, adostasunez, zehaztuko dute zein den erabili beharreko sistema. Bestelakorik hitzartzen ez den bitartean, 6+2 sistema aplikatuko da (6 lanegun + 2 atseden egun).

3. Sistema hori erabiltzearen ondorioz, ukitutako langileek sor daitekeen ordu gehiagoko lanaldia beste une batean hartu beharko dute.

Langileari dagokio zehaztea noiz hartuko dituen lau txandako araubideak ekartzen duen ordu gehiagoko lanaldiaren egunak.

Nolanahi ere, zehazte horrek eragina izateko, bermatu behar da produkzio prozesua normala izatea eta martxa onean joatea.

Egun bat hartzeko eskaerek gainditzen badute aurreko paragrafoko muga, eskaera lehenago aurkeztu duen langileak izanen du lehentasunezko eskubidea.

4. Enpresak erabakitzen badu laugarren txandako araubidea erabiltzea, hilabeteko epeka, gutxienez, egin beharko du.

5. Langileek, lanean aritzen diren larunbat, igande edo jaiegun bakoitzeko, 100 euroko ordainsari gordina jasoko dute 2024. eta 2025. urteetan. Beraz, hilabeteko epean larunbat, igande eta jaiegunen artean 6 egunetan aritzen badira lanean, 600 euro gordin jasoko dituzte.

Zerbitzuak laugarren txandako araubidean egiten badira, larunbat, igande eta jaiegunen kopuruak, hilabete bateko gehieneko muga gainditzen ez badu, 100 euro gordinekin biderkatuz kalkulatuko da ordainsariaren zenbatekoa.

2026., 2027. eta 2028. urteetan, aipatutako zenbatekoa aurreko urteko Estatuko KPI erreala aplikatzearen emaitza izanen da. KPIa negatiboa bada, ez da murrizketarik aplikatuko. Baina KPI negatiboaren ehunekoa hurrengo urteko edo urteetako KPI positiboari kenduko zaio.

6. Larunbat, igande eta jaiegunetako ordainsari horiek laugarren txandako araubidean aritzen diren langileei aplikatuko zaizkie soilik.

Orobat, adierazitako zenbatekoak aplikatuko dira baldin, langileek eskatuta, eta zuzendaritzak berariaz eta idatziz baimenduta, 5. txandako araubidean aritzen badira.

24. artikulua. Orduen poltsa.

Orduen poltsa bat ezartzen da, urtean 50 ordukoa goitik eta 80 ordukoa behetik izanen dena langile bakoitzeko, une jakin batean lan gehiegi edo gutxiegi dela-eta, lehengaiak galkorrak izateagatik eta garraioen erritmo arruntari lotua egoteagatik produkzioaren premiak direla-eta, edo antzeko inguruabarrak direla-eta produkzio programak betetzean egon daitezkeen desbideratzeak edo gorabeherak apaltzeko.

Aipatu ordu poltsa pertsona bakoitzaren lanaldi indibidualarekiko proportzionala izanen da, osoa ez bada.

Poltsa urtetik urtera kalkulatuko da, baina unean uneko saldo biziak ezin ditu gehieneko muga horiek gainditu.

Edonola ere, poltsa erabiliko da legeak ezarritako gutxieneko atsedenaldiak (egunekoak eta astekoak) errespetatuz.

VII. KAPITULUA.–LIZENTZIAK, BAIMENAK ETA ESZEDENTZIAK

25. artikulua. Lizentzia ordainduak.

Langilea, aurretik abisatu eta agiri bidez justifikatuta lanetik atera daiteke, ordaindua izateko eskubidearekin, arrazoi hauetako bat dela medio eta Langileen Estatutuaren 37.3 artikuluan ezarririko denborarako: Idazketa hori hitzarmen honen V. eranskinean erantsi da.

Hitzarmena indarrean dagoen bitartean Langileen Estatutuaren artikulu hori aldatzen bada, une bakoitzean indarrean dagoen idazketa aplikatuko da.

Aurrekoa gorabehera, Agrozumos SAren hitzarmen honetan orain arte aplikatu den erregulazioa jasotzen da jarraian. Idazketa horrek lehentasuna izanen du Langileen Estatutuan xedatutakoaren gainetik, baina soilik Langileen Estatutuan aurreikusitakoa hobetzen den kasuetan.

A) 15 egun natural, langilea ezkontzeagatik.

B) 3 egun natural, bigarren gradu arteko odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasun arteko ahaideen eritasun larriak izateagatik (ospitaleratzea ekartzen dutenean) edo hiltzeagatik. Lizentzia hori, ospitaleratzearen kasuan, modu diferituan har daiteke, egoera horrek irauten duen bitartean; hartara, hiru egun horietatik, bi lanegunak izanen dira gertaera eragilearen egunaren arabera lanegun bakarra dagokionean.

C) 4 egun natural, aurreko edo ondorengo ahaideen heriotzaren kasuetan.

D) 5 egun natural, ezkontidearen heriotzaren kasuan.

E) Egun natural bat, ohiko bizilekua aldatzeagatik.

F) Behar-beharrezkoa den denbora, publikoa eta pertsonala den eginbehar saihestezin bat betetzeko, boto ematekoa barne.

G) Gehienez ere 24 ordu urtean familia medikuarengana joateko, langilearen lan ordutegian denean, gehienez ere bi orduz egun bakoitzean. Gizarte Segurantzako mediku espezialistarengana joateko, behar adina denbora ematen da.

H) Norberaren aferak.

Lanaldi osoko langileek urteko zortzi orduko baimena izaten ahalko dute norberaren aferetarako. Baimena frakzio proportzionalekoa izanen da, denbora partzialean diharduten edo lanaldi murriztua duten langileen kasuan. Baimen hori ez da berreskuratuko, eta honako baldintza hauek bete beharko dira:

–Aste natural bat lehenago abisatuko da idatziz.

–Ez da aplikatuko larunbat, igande eta jaiegunetan, eta ezin izanen da pilatu zubietarako.

–Zuzendaritzak langileen gehieneko kopuru bat jarriko du departamentuko, funtzionamendua segurtatzeko.

–Zortzi orduak, edo egoki den zatikia, hurrenez hurren, blokean eta behin hartu beharko dira, ezin dira hartu orduka edo zatiki txikiagoetan.

–Zuzendaritzaren eta Batzordearen arteko ohiko bileren jarraipena eginen da.

Artikulu honetako B), C) eta D) letretan jasotako kasuetan, langileak horretarako 400 kilometro baino gehiagoko bidaia egin behar badu, egun natural bat gehiago hartzen ahalko du.

D) eta E) letretako kasuetan ezkontideaz esandakoek izatezko bikotekidearentzat balio dute, aurkezten badute udalerrian urte batean elkarrekin bizi direla dioen Udalaren ziurtagiria.

San Migel eguna: San Migel egunean, Nafarroan elikagaien jardueraren zaindaria baita, Agrozumos SAren hitzarmen kolektiboaren eraginpeko langileek jaieguna izanen dute. Eskersari hori 2003ko urtarriletik dago sartuta tauletan, eta, horrenbestez, ez da bidezkoa hura banakako kontzeptu gisa jasotzea.

26. artikulua. Lan-bizitza eta familia bateragarri egitea.

Enpresako zuzendaritzak hitzez hitz hartzen du bere gain indarreko araudiak langileen laneko eta familiako eginkizunak batera eramateari buruz agintzen duen guztia.

27. artikulua. Eszedentziak.

Eszedentzia borondatezkoa edo nahitaezkoa izaten ahal da.

A.–Nahitaezkoa lanera joatea galarazten duen kargu publikoren baterako izendatu edo hautatua izateagatik emanen da. Lanera itzultzea kargu publikoa utzi eta hurrengo hilaren barruan eskatu beharko da.

B.–Agrozumos SAn gutxienez urtebete baino gehiago eman duen langileak eskubidea du borondatezko eszedentzia izateko, lau hilabeterako gutxienez eta bosterako gehienez, ondoko baldintzak izanik:

a) Eszedentzia eskaera idatziz egin behar da, gutxienez zenbait egun lehenago:

  • 15 egun ,1. eta 2. taldeetako langileei dagokienez.
  • 30 egun, 3. taldeko langileei dagokienez.
  • 45 egun, 4. taldeko langileei dagokienez.

b) Konpromiso formala adieraztea, eszedentziak iraun bitartean, enpresaren jarduera berean ez aritzeko, ez bere kontura ez beste inoren kontura. Baldintza hori bete ezean, lan harremana eteten ahalko da eta eskuratutako eskubidea galdu.

Eszedentzia eskaerak aurkeztu eta hurrengo hamabost eguneko epean ebatziko dira, zerbitzu beharren arabera.

Langile bat eskubide horretaz berriro baliatu ahal izateko, aurreko eszedentzia bukatu eta lau urte igaro beharko dira.

C.–Bestetik, probintzia barneko edo esparru handiagoko sindikatu eginkizunetan aritzen diren langileek ere eska dezakete eszedentzia Agrozumos SAn, beren karguak irauten duen denborarako.

D.–Eszedentzian dagoen langileak Agrozumos SAn hutsik dauden eta bere kategoriakoak edo antzekoak diren lanpostuetan sartu ahal izateko lehentasunezko eskubidea baino ez du. Horretarako, eszedentzia bukatu aurreko hogeita hamar egun naturaletik hirurogeira bitarteko epean itzultzea eskatu beharko du. Bestela, interesdunak lan harremanari uko egiten diola ulertuko da.

VIII. KAPITULUA.–ARAUBIDE EKONOMIKOA

28. artikulua. Ordainsariak.

A) Soldata igoera.

2024: %3,1eko igoera tauletan, oinarrizko soldaten gainean. Eta, gainera, urteko 75 euro gordineko zenbateko lineal bat, 14 pagetan hainbanatuko dena.

2025. urtetik 2028. urtera: Aurreko urteko estatuko KPI errealaren arabera eguneratuko da. Eta, gainera, urteko 125 euro gordineko zenbateko lineal bat, 14 pagetan hainbanatuko dena.

KPIa negatiboa bada, ez da murrizketarik aplikatuko. Baina KPI negatiboaren ehunekoa hurrengo urteko edo urteetako KPI positiboari kenduko zaio.

III. eranskinean 2024ko behin betiko soldata taulak jasotzen dira.

B) Asistentziagatiko osagarria.

Taulako zenbatekoez gain, ordainsari bat ezartzen da hitzarmenak indarra duen bitartean. Zenbatekoa urteko %1,23 izanen da. Soldata taulen balioen gainean aplikatuko da.

Ordainsari horrekin soldata osagarri bat eratzen da, lanera joaten dela saritzeko. Aurreko urtean gutxienez lanaldi arruntaren %95eko asistentzia duten langileek baino ez dute jasoko.

Konputuaren ondorioetarako, benetan lan egindako ordutzat hartuko dira lizentzia ordainduaren ondoriozkoak, estatutukoak edo hitzarmenekoak izan, ordu sindikalak, amatasun/aitatasun bajak eta haurdunaldiko arriskuagatik lan kontratuan egiten den etenaldia, baldin eta, azken kasu horretan, ez badio enpresari inolako kosturik ekartzen.

Zenbatekoa ez da tauletan finkatuko. Ordainsari hori urtero kalkulatuko zaio langile bakoitzari, eta kontuan izanen da aurreko 12 hilabeteetan izandako asistentziaren indizea.

29. artikulua. Gaueko lanaren plusa.

Hitzarmen kolektibo honen 16. artikuluan xedatuaren arabera lanaldia gaueko ordutegian egiten duten langileek gaueko lanaren plusa jasoko dute. 2,78 euro gordinekoa izanen da orduko 2024an.

2025etik 2028ra bitarte, aipatutako zenbatekoa aurreko urteko Estatuko KPI erreala aplikatzearen emaitza izanen da. KPIa negatiboa bada, ez da murrizketarik aplikatuko. Baina KPI negatiboaren ehunekoa hurrengo urteko edo urteetako KPI positiboari kenduko zaio.

Plus horretatik kanpo daude gaueko lanak egiteko berariaz kontratatu diren langileak, edo hala eskatu dutenak.

30. artikulua. Dietak.

Hitzarmen honen eraginpeko edozein langilek, bere ibilgailuarekin joan-etorriren bat egin behar badu Agrozumos SAren aginduz, 0,27 euro jasoko ditu egindako kilometro bakoitzeko, hitzarmena sinatzen denetik aurrera.

Bazkaria

12 euro

Afaria

12 euro

Ostatua eta gosaria

35 euro

Dieta osoa

59 euro

Zenbateko horiek bere horretan utziko dira hitzarmenaren indarraldi guztian; ez dira horrenbestez eguneratuko edo aldatuko, ez goitik ez behetik.

31. artikulua. Aparteko haborokinak.

Agrozumos SAk ondokoak ordainduko ditu:

–Uztaileko aparteko paga, hileko soldata baten parekoa (III. eranskineko taulako soldata). Uztailaren 5a baino lehen ordainduko da.

–Eguberrietako aparteko paga, hileko soldata baten parekoa (III. eranskineko taulako soldata). Abenduaren 22a baino lehen ordainduko da.

Uztaileko aparteko paga urte natural bakoitzeko lehendabiziko seihilekoan lan egindako denboraren arabera sorrarazi eta likidatuko da.

Eguberrietako aparteko paga urte natural bakoitzeko bigarren seihilekoan lan egindako denboraren arabera sorrarazi eta likidatuko da.

32. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.

Hitzarmen hau sinatzen duten alderdiek konpromisoa hartzen dute atal honetan sor daitezkeen gehiegikeriak salatzeko eta baliabide egokiak ezartzeko gehiegizko absentismoaren kausak eta egoerak eragozteko.

–Eritasun arrunta eta lanetik kanpoko istripua.

Aldi baterako ezintasuna gaixotasun arrunt baten edo lanetik kanpoko istripu baten ondoriozkoa bada, kalte-ordain osagarria ordainduko da, langilearen hilabeteko soldataren ondoko portzentajeen arabera:

1. egunetik 3.era bitarte

%0 (edo %50*)

4. egunetik 15.era bitarte

%15

16. egunetik 20.era bitarte

%15 (edo %25*)

21. egunetik 89.era bitarte

%0 (edo %10*)

90. egunetik aurrera

%10 (edo %20*)

Zortzigarren hilabetetik aurrera

%20

Gehieneko epea, guztira

18 hilabete

(*) Izartxoarekin adierazten diren portzentajeak aplikatuko zaizkio langileari baldin aurreko 5 urteko banakako absentismo indizearen batezbestekoa %2tik beherakoa bada.

Prozesu onkologikoen kasuan, 90. egunetik aurrera, osagarria %20koa izanen da, absentismoaren banakako indizea edozein izanik ere.

Langileek orientazio moduan izan dezaten, ondotik zehazten dira aldi baterako ezintasunaren subsidioaren zenbatekoak, hitzarmena sinatzen den egunean indarra duen araudian finkatuak, eta egun horretan hitzarmen honetan zehaztutako osagarriaren eta subsidioaren batuketak zer egiten duen.

ALDIA

OSAGARRIA

SUBSIDIOA

BATURA

1. egunetik 3.era bitarte

%0 (edo %50*)

%0

%0 (edo %50*)

4. egunetik 15.era bitarte

%15

%60

%75

16. egunetik 20.era bitarte

%15 (edo %25*)

%60

%75 (edo %85*)

21. egunetik 89.era bitarte

%0 (edo %10*)

%75

%75 (edo %85*)

90. egunetik aurrera

%10 (edo %20*)

%75

%85 (edo %95*)

Zortzigarren hilabetetik aurrera

%20

%75

%95

(*) Aurreko 5 urtean banakako absentismoaren indizearen batezbestekoa %2tik beherakoa duten langileentzat.

Prozesu onkologikoen kasuan, 90. egunetik aurrera, osagarria %20koa izanen da, absentismoaren banakako indizea edozein izanik ere.

–Gaixotasun profesionala eta laneko istripua.

Agrozumos SAk kalte-ordain osagarri bat ordainduko die laneko istripuarengatik bajan dauden langileei, haien hileko soldataren %100 bete arte (gehienez ere 18 hilabetez). Horri gaueko lanaren kontzeptuan izandako ordainketak erantsiko zaizkie, aurreko 12 hilabeteetako batez bestekoa eginda.

Aldi baterako ezintasunetan, bajan dagoenak ez du sekula jasoko normalean kobratzen duena baino gehiago.

33. artikulua. Aseguru poliza.

Hitzarmen kolektibo honen indarraldian, Agrozumos SAk konpromisoa hartzen du bere hautazko aseguru konpainia bati ordaintzeko poliza bati dagokion prima, ondoko kapitalak oinarri izanik, hitzarmenaren indarraldi osoan aldatuko edo berrikusiko ez direnak:

Lan istripuaren ondoriozko heriotza

40.000 euro

Laneko istripuaren ondoriozko baliaezintasun osoa eta erabatekoa

75.000 euro

Horren onuradunak izanen dira istripuaren egunean Agrozumos SAn altan dauden langile guztiak.

IX. KAPITULUA.–SEGURTASUNA ETA HIGIENEA

34. artikulua. Arau orokorra.

Hitzarmen kolektibo honetan, gai honen garapenak hiru oinarri nagusi izan behar ditu.

A) Agrozumos SA enpresako langileen osasunaren eta segurtasunaren babes egokia bermatuko duen prebentzio politika diseinatzea, atal bakoitzaren egoeratik abiatuta.

B) Langileek beren ordezkarien bidez arriskuen prebentzioan eta ezabaketan eraginkortasunez parte hartuko dutela bermatzea.

C) Agrozumos SAn araudia hobeki aplikatuko dela ziurtatzea.

35. artikulua. Laneko segurtasuna.

Agrozumos SAk eta langileek zehatz bete beharko dituzte laneko segurtasun eta higienearen arloan indarra duten xedapen guztiak.

36. artikulua. Lokaletako higienea.

Lokalek baldintza egokiak izan behar dituzte osasun eta ingurumen aldetik, eta garbi eta higiene onarekin edukitzeko baliabideak izan; langileek Agrozumos SAko zuzendaritzak horri begira ematen dituen arauak bete behar dituzte.

37. artikulua. Osasun azterketa.

Hitzarmen honen eraginpeko langileek urtean behin gutxienez osasun azterketa orokorra, egokia eta behar adinakoa egiteko eskubidea dute. Langileei egin beharreko osasun probak lanaldiaren barnean eginen dira. Osasun azterketa horrek, gutxienez, honako proba hauek izanen ditu: odolaren eta gernuaren analisia, audiometria; halaber, ordenagailuko pantailekin eta eskorgekin aritzen diren langileei kasuan kasuko ikusmen azterketa eginen zaie.

Azterketa borondatezkoa izanen da; nolanahi ere, eskubide hori baliatzen ez badu, hori jasotzen duen idatzizko aitorpen bat sinatuko du langileak.

38. artikulua. Higiene zerbitzuak.

Lantokian edateko ura hartzeko behar beste toki izanen da, bai eta aldagelak, garbigelak, dutxak eta komunak ere, Segurtasunari eta Higieneari buruzko Ordenantza Orokorraren 38. artikulutik 42.era bitarte ezarritakoaren arabera.

39. artikulua. Laneko jantziak.

Agrozumos SAk produkzio langile guztiei ondoko laneko arropa emanen die, lanean ari direla erabil dezaten soilik:

–Produkzioko langileak: mahuka luzeko bi ator, mahuka motzeko bi polo, bi praka, 2 bota pare, txano 1, hotzaren kontrako txaleko 1, jantzi polar 1, lepogaineko 1, behar adina eskularru.

–Laborategiko langileak: 2 kamisola, mahuka motzeko 2 polo, 2 praka, 2 mantal, 2 bota edo zapata pare, txano 1, hotzaren kontrako txaleko 1, jantzi polar 1.

–Biltegiko langileak eta jasomakinako gidariak: produkzioko langileen materialaz gain, hotzaren kontrako beroki bat ere emanen zaie.

–Nahasketetako langileak: produkzioko langileen materialaz gain, kotoizko 2 kamiseta eta jantzi iragazgaitz 1.

–Mantentze-lanetako langileak: produkzioko langileen materialaz gain, hotzaren kontrako beroki bat ere emanen zaie.

–Administrazioko langileak: mantal 1, hotzaren kontrako txaleko 1, txano 1, segurtasun zapaten pare 1.

–Jantziak norberak erabiltzeko izanen dira, eta hotzerako txalekoak eta berokiak higatuta edo hautsita daudela egiaztatzen denean berrituko dira. Jantzi berriak ematean hartuko dira erabilitakoak.

Lanerako arropa horien kontserbazioa eta garbiketa langileen kontura izanen dira.

40. artikulua. Botika gela.

Agrozumos SA arduratuko da aldez aurretik instalatutako botika gela edo osasun gela hornitzeaz eta mantentzeaz, segurtasun eta higiene arloan indarra duten xedapenei jarraikiz.

41. artikulua. Langileen higienea.

Jangaiak prestatzeko eta erabiltzeko lanetan zuzenean esku hartzen duten langileek zorrotz beteko dituzte higiene eta osasun neurri guztiak.

Agrozumos SAk premia duten langileei elikadura produktuen manipulatzaile txartela edo ziurtagiria lortzeko behar dituzten bitarteko guztiak emanen dizkie.

Era berean, enpresak behar diren arauak ezarriko ditu zuzeneko kontakturik izan ez arren fabrikazio lanak egiten diren lokaletan sartu behar duten pertsonentzat.

Halaber, kontuan izanen da langileen higiene neurrien gainean indarra duen araudian ezarritakoa bete behar dela.

X. KAPITULUA.–FALTAK ETA ZEHAPENAK

42. artikulua. Faltak.

Faltatzat hartuko dira era guztietako ekintzak edo ez-egiteak baldin berekin badakarte indarra duten legezko xedapenetan, hitzarmen honetan eta Agrozumos SAko zuzendaritzak ezarritako betebeharrak urratzea edo ez ezagutzea.

Garrantziaren arabera, faltak honela sailkatu dira: arinak, astunak eta oso astunak. Hurrengo artikuluetan jasotzen den zerrenda ez da zehatz-zehatza, eta orientazio moduan egiten da.

43. artikulua. Falta arinen sailkapena.

Falta arina da:

1.–Hilabeteko epean lanera behin, bitan edo hirutan berandu iristea, bidezko arrazoirik gabe.

2.–Lanerako ezintasun iragankorreko baja edo lanera ez agertzearen bidezko arrazoiak bi egun balioduneko epean ez jakinaraztea, hori egiterik ez dela izan frogatu ezean.

3.–Lanetik denbora gutxirako alde egitea, bidezko arrazoirik gabe.

4.–Norberaren garbitasun edo txukuntasun eza noizbehinka.

5.–Egun batez lanera ez agertzea, bidezko arrazoirik gabe.

6.–Noizean behin horditurik egotea edo sorgorkariak erabiltzea.

7.–Errespetu falta nagusiei edo lankideei, hura astuntzat edo oso astuntzat hartzen ez denean.

8.–Nagusiei men ez egitea, hura astuntzat edo oso astuntzat hartzen ez denean.

9.–Agrozumos SAk prestatu edo banatutako produktuen lapurreta edo kontsumo txikiak egitea.

44. artikulua. Falta astunen sailkapena.

Falta astunak dira:

1.–Hogeita hamar egun naturaleko epean lautik zortzira bitarteko berandutzeak izatea.

2.–Lanera bi egunez ez agertzea 30 egun naturaleko epean, bidezko arrazoirik izan gabe.

3.–Lan orduetan bestelako jarduerak egitea, lanarekin ikustekorik ez dutenak.

4.–Beste langile bat lanera agertu dela simulatzea, haren sinadura, fitxa edo kontrol txartela erabiliz.

5.–Zuhurtziarik eza, istripua izateko arriskua ekartzen badie langileari edo haren lankideei edo arriskutsua bada instalazioetarako edo salgaietarako. Gertaera berak falta oso astuntzat har daitezke sortutako arriskua munta handikoa bada.

6.–Lanaldian norberaren lanak egitea, baita Agrozumos SAren lanabesak norberarentzat erabiltzea ere, lanalditik kanpo izan arren, horretarako baimenik izan gabe.

7.–Langileak ikusitako egintzak edo faltak ezkutatzea, horrek kalte larriak sortzen baditu, eta instalazioetan ikusten den edozein arazo garrantzitsuren berri buruari berehala ez ematea.

8.–Agrozumos SAri kalte egiten dioten akatsak eta hutsegiteak maltzurki ezkutatzea.

9.–Errespetu falta nagusiei edo lankideei, hura arintzat edo oso astuntzat hartzen ez denean.

10.–Nagusiei men ez egitea, hura arintzat edo oso astuntzat hartzen ez denean.

11.–Falta arinen errepika.

12.–Nahitaezko osasun azterketak ez egitea.

13.–Agrozumos SAk prestatutako edo banatutako produktuak edo haren jabetzakoak lapurtu edo kontsumitzea.

45. artikulua. Falta oso astunen sailkapena.

Falta oso astunak honako hauek dira:

1.–Behin eta berriz lanera berandu iristea edo ez joatea, bidezko arrazoirik gabe.

a) Horrelakotzat hartuko da lanera zortzitan baino gehiagotan berandu iristea, bidezko arrazoirik gabe, hogeita hamar egun naturaleko epean, eta hamasei aldiz baino gehiagotan, bidezko arrazoirik gabe, 180 egun naturaleko epean.

b) Lanera ez joateagatik egindako falten kasuan, horrelakotzat hartuko da lanera hiru egunez ez agertzea hiru hilabeteko epean, bidezko arrazoirik gabe.

2.–Agindutako kudeaketetan iruzur egitea, eta Agrozumos SAri, lankideei edo beste edozein pertsonari ebastea edo lapurtzea lantokiaren barnean edo beste edozein lekutan lanean ari dela.

3.–Agrozumos SAren lanabes, makineria, aparatu, instalazio, eraikin, altzari edo agiriak desagerrarazi, ezdeus bihurtu edo hondatzea.

4.–Agrozumos SAren edo langileen isilpeko eskutitzen edo agirien sekretua haustea.

5.–Agrozumos SAkoa ez den norbaiti nahitaez isilpean eduki beharreko datuak ezagutaraztea.

6.–Nagusi, mendeko edo lankideak jotzea edo iraintzea, norberaren defentsarako ez bada.

7.–Istripu larriak sorraraztea, zabarkeria edo zuhurtziagabekeria desenkusaezinagatik.

8.–Lankideekin liskarrak maiz sortzea, arrazoirik gabe.

9.–Segurtasun eta higieneagatik debekatuta dagoen tokietan erretzea. Debeku hori argi azaldu beharko da halako tokietan, kartelen, banderen edo beste edozein sistema egokiren bidez.

10.–Kontratuko onustea haustea, eta laneko konfiantza-abusua.

11.–Ohiko edota itundutako errendimendua luzaroan eta nahita gutxitzea.

12.–Falta astunak errepikatzea.

13.–Agrozumosek prestatutako edo banatutako produktuak edo haren jabetzakoak lapurtzea, kantitate handiak direnean.

46. artikulua. Zehapenak.

Egindako faltaren arabera, zehapen hauek ezarriko dira:

1.–Falta arinengatik:

–Hitzezko kargu-hartzea.

–Idatzizko kargu-hartzea.

–Enplegu-soldaten etenaldia, egun batetik hamarrera bitarte.

2.–Falta astunengatik:

–Hurrengo oporraldiko txanda hautatzeko eskubidea galtzea.

–Enplegu eta soldatarik gabe uztea, hamaika egunetik hogeita hamarrera bitarte.

–Goragoko kategoria batera igotzeko desgaitzea hiru urterako gehienez.

3.–Falta oso astunengatik:

–Enplegu eta soldata gabe uztea hilabete batetik sei hilabetera bitarte.

–Goragoko kategoria batera igotzeko desgaitzea bost urterako gehienez.

–Hurrengo oporraldiko txanda hautatzeko eskubidea galtzea.

–Kaleratzea.

47. artikulua. Zehapenak betetzea.

Zehapen guztiak ematen diren unetik beretik izanen dira betearaztekoak, baina Agrozumos SAk badauka horien betearazpena diferitzea hiru hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten zehapena jasotzen duenak jurisdikzio eskudunean erreklamazioak egiteko duen eskubidea.

Langileak zehapena aurkaratuz gero, irmo bilakatu eta hilabete bat atzeratzen ahalko du betearazpena.

48. artikulua. Preskripzioa.

Langileei dagokienez, falta arinak hamar egunen buruan preskribatuko dira, astunak hogei egunen buruan, eta oso astunak hirurogeiren buruan, Agrozumos Sak faltaren berri izaten duen egunetik hasita, eta, nolanahi ere, falta egin eta sei hilabeteren buruan.

49. artikulua. Prozedura.

1.–Agrozumos SAko zuzendaritzari edo haren ordezkariari dagokio zehapenak ezartzeko ahalmena.

2.–Agrozumos SAk langileen legezko ordezkariei eta ordezkari sindikalari, hala denean, jakinaraziko dizkie falta astunen eta oso astunen ondorioz langileei ezartzen zaizkien zehapenak.

3.–Faltak arinak direnean ez da espedienterik izapidetu beharko. Falta astunen edo oso astunen ondorioz ere ez da espedienterik instruitu beharko. Nolanahi ere, horiek idatziz jakinaraziko dira, eta idazkian zehatz azalduko da zer egitatek sortu duen falta eta nolako zehapena ezarriko den, non ez den hitzezko kargu-hartzea.

Gertaerak argitzearren, Agrozumos SAk erabakitzen badu zehapenak ezartzeko espedientea irekitzea, interesdunak eskubidea izanen du deskargu-orria aurkezteko eta proposatzen dituen eta instruktorearen ustez bidezkoak diren frogak gauzatzeko, eginbideak hasten direnetik hilabeteko epean gehienez.

4.–Falta astun edo oso astun baten ondoriozko zehapena ezartzen zaienean karguetan dauden langileen legezko ordezkariei edo agintaldia bukatu zitzaienetik urtebete pasatua ez dutenei, espediente bat ireki beharko da, arau hauei jarraikiz:

a) Agrozumos SAk espedientea ireki dela komunikatuko dio langileari eta, horrekin batera, espedientean azaltzen diren gertaerak biltzen dituen kargu-orriaren berri emanen dio.

b) Agrozumos SAk idazkari bat eta insktruktore bat izendatuko ditu, eta horien izenak espedientea irekitzeko idazkian berean azalduko dira.

c) Instruktoreak idazki hori interesdunari igorriko dio, bost eguneko epean alegazioak egin ditzan eta bidezkoak iruditzen zaizkion frogak aurkez ditzan.

c) Espediente irekitzea bukaturik, Agrozumos SAk ondokoak jakinaraziko dizkio langileari, idatziz: ezarritako zehapena, zein egunetatik hasita izanen dituen ondorioak eta zehapenaren oinarri diren gertaerak.

50. artikulua. Enpresaburuaren lan arloko arau-hausteak.

Aplikatu beharko da xedatuta dagoena Lan-arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuan eta indarrean dauden gainerako lege xedapenetan.

XI. KAPITULUA.–LANGILEEN ORDEZKARIAK

51. artikulua. Eskubide sindikalak.

Agrozumos SAk errespetatu eginen du langile guztiek libreki sindikatzeko duten eskubidea, onartuko du sindikatu batean afiliatuta dauden langileek bilerak egin eta kuotak kobratu ditzaketela lanorduetatik kanpo eta Agrozumos SAren ohiko jardueran etenik egin gabe sindikatuko informazioa banatu dezaketela; era berean, ezin izanen du ez afiliatzeko edo afiliazioa uzteko baldintza jarri langile batek bere lanpostuari eusteko, edo afiliazioagatik edo sindikatuko jardueragatik beste modu batez kalte egin langileari. Sindikatuek informazioa bidaliko dute Agrozumos SAra, banatu dadin, betiere lanorduetatik kanpo eta produkzio prozesua eten gabe. Lantokian iragarki ohol bat izanen da, behar bezala ezarritako sindikatuek mezuak jar ditzaten; dena dela, horien kopia Agrozumos SAko zuzendaritzari edo zentroko titularrari igorri behar diote lehenik.

52. artikulua. Sindikatuak.

Agrozumos SAn titulartasun pertsonalaren bidez ordezkatua izateko eskubidea dutela alegatzen duten sindikatuek behar bezala egiaztatu beharko dute enpresaren aurrean; horren ondoren, enpresak onartuko du ordezkari sindikalak sindikatua ordezkatzeko ahalmena duela, legezko ondorioetarako.

Ordezkari sindikal batek izanen du sindikatua ordezkatzeko ahalmena, plantillan 200 langile baino gehiago daudenean eta sindikatuek 35 langile baino gehiago badituzte afiliatuta.

Ordezkari sindikalak Agrozumos SAko jarduneko langilea izan behar du, eta ordezkatzen duen zentral edo sindikatuaren estatutuen arabera izendatu beharko da.

Sindikatuko ordezkariaren eginkizunak izanen dira indarreko araudi orokorrean, batik bat Sindikatu Askatasunaren Lege Organikoan, esleitzen zaizkionak.

53. artikulua. Langileen ordezkarien eskumenak.

Agrozumos SAko langileen ordezkariek eskumen hauek izanen dituzte:

–Hiru hilean behin bederen ondokoen gainean emanen zaien informazioa jasotzea: Agrozumos SAren sektore ekonomikoaren eboluzio orokorra, entitatearen produkzioaren eta salmenten egoera, Agrozumos SAren produkzio programa eta enpleguak izan dezakeen eboluzioa, eta enpresaburuek kontratu berriak egiteko dituzten aurreikuspenak, zenbat eta zein mota eta modalitatetakoak izanen diren zehaztuz eta, berdin, azpikontratazio asmoei dagokienez, lanaldi partzialeko kontratuak barne, baita zein ordu osagarri egin dituzten lanaldi partzialean kontratatutako langileek eta azpikontrataziorik egon den ere.

–Langileen Estatutuaren 8. artikuluaren 3. apartatuaren a) paragrafoan aipatzen diren kontratuen oinarrizko kopia jasotzea, eta horien luzapen eta amaierak jakitea, hori gertatu eta hamar eguneko epean.

–Balantzea, emaitzen kontua, memoria eta bazkideei ematen zaizkien gainerako agiriak ezagutzea, horien baldintza berberetan.

–Txostena egitea, Agrozumos SAk ondoko arlo hauetan hartzen dituen erabakiak gauzatu aurretik:

a) Plantillen berregituratzeak eta enpresan izaten diren uzte erabatekoak edo partzialak, behin betikoak edo aldi batekoak.

b) Lanaldi murrizketak, eta instalazioen lekualdaketa erabatekoak edo partzialak.

c) Agrozumos SAren lanbide heziketako planak.

d) Lanaren antolaketako eta kontroleko sistemak ezarri edo berrikustea.

e) Denborak aztertzea, prima edo pizgarrien sistemak ezartzea eta lanpostuen balorazioa egitea.

–Txostena egitea, Agrozumos SAren "status" juridikoaren bat-egiteak, xurgapenak edo aldaketak enplegu kopuruan eragina baldin badu.

–Erabiltzen diren lan kontratu idatziko ereduak ezagutzea, bai eta lan harremana zehaztearen inguruko agirienak ere.

–Falta oso astunengatik jartzen diren zehapen guztien berri izatea.

–Hiru hilean behin bederen honako hauei buruzko estatistikak jasotzea: absentismo indizea eta horren arrazoiak, lan istripuak eta laneko eritasunak eta horien ondorioak, istripu-tasak, laneko ingurumen arloko aldian aldiko azterketak edo azterketa bereziak, eta erabiltzen diren prebentzio baliabideak.

Honako lana egitea:

A) Lan, Gizarte Segurantza eta enplegu arloetan indarra duten arauak eta enpresako gainerako itun, baldintza eta ohiturak betetzen diren begiratzea, eta enpresaburuaren eta erakunde edo epaitegi eskudunen aurrean bidezkoak diren legezko ekintzak gauzatzea, hala behar denean.

B) Lanean segurtasun eta higiene baldintzak betetzen diren begiratzea eta kontrolatzea, Langileen Estatutuko 19. artikuluan horren inguruan ezarritako berezitasunak kontuan hartuta.

C) Zuzendaritzarekin lankidetzan aritzea, produktibitatea mantentzen eta handitzen laguntzeko neurriak bete ahal izateko.

Hemen aitortutako eskumenen ondorioz langileen ordezkariek egin beharreko txostenak hamabost eguneko epean prestatu behar dira.

54. artikulua. Sindikatuen kontrako jarduketak.

Aldeetako batek uste badu sindikatuen kontrakoak diren jarduketak egin direla, legeetan ezarritakoari jarraituko zaio.

55. artikulua. Arau erreferentzia.

Aurreko artikuluetan berariaz bildu ez den orotan, ekintza sindikalaren arloko aldeek Langileen Estatutuan eta Askatasun Sindikalaren abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoan xedatutakoa bete beharko dute.

XII. KAPITULUA.–PRESTAKUNTZA

56. artikulua. Etengabeko prestakuntza.

Agrozumos SAko zuzendaritzak langileen ordezkarien aurrean konpromisoa hartzen du plantillako langileen etengabeko prestakuntza sustatzeko. Bi aldeek Agrozumos SAko langileen etengabeko eguneratzea sustatu nahi dute, lehen mailako garrantzi estrategikoa duelako horrek enpresetan, teknologiaren eta antolamenduaren aldaketa handien garai hauetan.

XIII. KAPITULUA.–ERRETIRO PARTZIALA

57. artikulua. Erretiro partziala.

Horretarako legezko baldintzak betetzen dituzten langileek erretiro partziala har dezakete, betiere enpresaren eta erretiro partziala hartu nahi duen langilearen artean adostasunik badago.

Adostasuna erretiro partzialari, lanaldiaren portzentajeari eta haren banaketari dagokie.

I. ERANSKINA.–LAN GATAZKEN KONPONKETA

Agrozumos SAren hitzarmen hau sinatu duten alderdiek erabaki dute hitzarmen hau interpretatzean sortzen diren desadostasun eta gatazka guztiak, bai taldekoak bai banakakoak, Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren esku jartzea, bitartekotza eta adiskidetze faseetan, eta aipatu auzitegiaren arbitraje prozeduraren esanetara borondatez jartzeko ahaleginak eginen dituztelako konpromisoa agertzea.

Klausula hau, beraz, alderdiak Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiari lotzeko berariazko adierazpena da, eraginkortasun orokorra du eta, horren ondorioz, itunak enpresaburuak, ordezkari sindikalak eta langileak behartzen ditu beren desadostasunak epaiketara jo aitzin aipatu auzitegiaren bitartekotza eta adiskidetze prozeduretan azaltzera. Hori horrela, ez da nahitaezkoa gatazka bakoitzerako atxikimendu espresa eta banakakoa egitea, borondatezko onarpena eskatzen duen arbitraje prozeduran izan ezik, zeina bultzatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu baitute lan hitzarmen honen sinatzaileek.

II. ERANSKINA.–BATZORDE PARITARIOA

Hitzarmeneko batzorde paritarioa eratzen da, zeina langileen eta enpresaren hiruna ordezkarik osatuko baitute.

1.–Batzorde paritarioaren eginkizunak:

a) Haren esku jartzen diren gatazka indibidual eta kolektiboetan bitartekari, arbitraje eta adiskidetze-lana egitea.

b) Akordio guztien interpretazio lanak egitea.

c) Akordio guztien jarraipen lanak egitea.

d) Langileen Estatutuak edo beste arau batzuek ezartzen dizkiotenak.

2.–Batzorde paritarioak denen intereseko arloetan hartzen dituen akordioak oinarrizko hitzarmen honen partetzat joko dira eta horiek ere betebeharrekoak izanen dira. Akordio horiek lan arloko agintaritzari igorriko zaizkio, erregistra ditzan.

3.–Funtzionamendu araudia:

a) Bilerak.–Batzorde paritarioa bilduko da esku hartzeko eskatzen zaionean.

b) Deialdiak.–Batzorde paritarioa biltzeko deia alderdi sinatzaileetako edozeinek eginen du, eta horretarako aski izanen da idatzizko komunikazio bat, eguneko gai zerrenda azalduko duena.

Batzorde paritarioa bilduko da gaiaren garrantziaren arabera komeni den epearen barnean, baina deialdia egin eta hamabost eguneko epean gehienez.

Epe horretan batzordea biltzen ez bada, batzorde paritarioaren esku-hartzea amaitu dela ulertuko da eta interesdunak bidezko iruditzen zaizkion ekintzetara jotzen ahalko du.

Batzordea bildurik, erabakiak hartuko ditu gai-zerrendako gaien inguruan, bilkuran bidezko akordioak hartuz. Egokitzat hartzen bada, bilkura bertan behera geldi edo eten daiteke eta hurrengo hiru egun naturaleko epean jarraituko du. Epe horretan gai-zerrendako gai guztiak jorratu ez badira eta haien gainean erabakirik hartu ez bada, ulertuko da batzorde paritarioaren esku-hartzea amaitu dela, eta interesdunak bidezko jotzen dituen ekintzetara jotzen ahalko du.

c) Quoruma. Aholkulariak.–Batzordearen eraketa baliozkotzat joko da ordezkaritza bakoitzaren bi kide bertaratzen direnean.

Alderdiak bileretara joaten ahal dira bina aholkulari eramanda, gehienez.

d) Akordioen balioa.–Batzordeak akordioak adosteko, edonola ere bi ordezkaritzetako bakoitzaren bi kideren aldeko botoa beharko da.

Bilera bakoitzaren akta eginen da eta bertaratzen diren kide guztiek sinatuko dute.

e) Helbidea.–Batzorde paritarioak enpresaren lokaletan izanen du jakinarazpen eta deialdietarako helbidea, Lekunberriko (Nafarroa) industrialdearen 17.ean.

III. ERANSKINA.–2024KO SOLDATA TAULAK

(Behin betikoa)

HILABETEKO
SOLDATA

URTEKO
SOLDATA
(1)

1. TALDEA

0. gradua: Langilegaia

1.248,10

17.473,40

A gradua: Picking-eko peoia

1.288,06

18.032,84

B gradua: Peoi espezializatua

1.464,14

20.497,96

C gradua: Espezialista

1.541,47

21.580,58

2. TALDEA

A gradua: Fabrikazioko 3. mailako ofiziala

Administrari laguntzailea / nahasketak / biltegia

Laborategia / mantentze-lanak

1.686,12

23.605,68

B gradua: Fabrikazioko 2. mailako ofiziala, / administraria / nahasketak

Biltegia / mantentze-lanak

1.834,12

25.677,68

C gradua: Fabrikazioko 1. mailako ofiziala

1.877,87

26.290,18

3. TALDEA

A gradua: Lanbideko urgazlea

Laborategiko urgazlea

1. mailako administrari-ofiziala

1.982,11

27.749,54

B gradua: Ofizioko / laborategiko 2. mailako ofiziala

Administrazioko teknikaria

Prozesu berezien arduraduna

2.170,51

30.387,14

C gradua: Ofizioko 1. mailako ofiziala

2.227,68

31.187,52

4. TALDEA

A gradua: Arduraduna

2.392,51

33.495,14

B gradua: Lineako burua

Txanda burua

Laborategiko burua

2.584,24

36.179,36

C gradua: Departamentuko burua

2.851,65

39.923,10

(1) Urteko soldata hilabetekoa bider 14 da.

IV. ERANSKINA.–BESTE GAI BATZUK

1.–Hitzarmena ez aplikatzea.

Hitzarmen hau aplikatzeari uzteko, Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio. Kontsultaldian ezin bada akordiorik lortu, ezta gero ere, Hitzarmenaren Batzordean, nahitaezko arbitraje baten bidez konponduko da gaia. Zuzendaritzak eta Enpresa Batzordeak adostasunez izendatuko dute arbitroa. Izendapena ezin bada adostu, izendapena egiteko zozketa eginen da, Enpresa Batzordeak eta zuzendaritzak proposatutakoen artean. Horren ordez, alderdiek erabaki dezakete izendapena geroratzea, hirugarren baten bidez.

2.–Hitzarmen berria negoziatzea.

Nafarroako lan gatazkak auzibidetik kanpo konpontzeko prozedurei buruzko lanbidearteko akordioaren 4. artikuluko 3.1.a) atalean aurreikusitakoarekin bat, alderdiek konpromisoa hartzen dute Nafarroako Lan Auzitegiaren bitartekotza prozeduraren menpe jartzeko hitzarmen berria negoziatzean sorten diren desadostasunak, ez aurrera ez atzera gelditzea ekartzen badute. Bitartekotza prozedura adostasunik gabe bukatzen bada, alderdiek, hala ituntzen badute, badaukate desadostasunak epaitegi horren arbitrajearen menpe jartzea.

3.–Lan txanden aurreikuspena.

Enpresak gutxienez lau asteko lan txanden aurreikuspena emanen du ohikotasunez, eta aurreikuspen handiagoa erakutsiko du, gutxienez Aste Santutik abuztuaren amaierara bitarteko aldirako aurreikusitako laneko araubideari dagokionez.

V. ERANSKINA.–LANGILEEN ESTATUTUAREN 37.3 ARTIKULUA

Hitzarmen honen 25. artikuluan ezarritakoari jarraituz, Langileen Estatutuaren 37.3 artikulua eransten da.

3. Honako egoera hauetan, langileak baimena izanen du denbora batez lanera ez agertzeko, ordaindua izateko eskubidea galdu gabe, betiere aldez aurretik abisatu eta justifikatzen badu:

a) Hamabost egun natural, ezkontzeagatik edo izatezko bikotea erregistratzeagatik.

b) Ezkontideak, izatezko bikotekideak edo odol edo ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaideek (izatezko bikotekidearen odol bidezko ahaideak barne) edo langilearekin etxe berean bizi den eta haren zaintza behar duen beste edozein pertsonak istripu edo eritasun larria baldin badute, ospitaleratu behar badituzte edo ospitaleratzerik ez baina etxean atseden hartzea eskatzen duen ebakuntza kirurgikoa baldin badute: bost egun.

b bis) Ezkontidea, izatezko bikotekidea edo odol edo ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaideak hiltzeagatik, bi egun. Arrazoi horrengatik langileak bidaia egin behar badu, epea bi egunez luzatuko da.

c) Ohiko bizilekua aldatzeagatik: egun bat.

d) Behar-beharrezkoa den denbora, publikoa eta pertsonala den eginbehar saihestezin bat betetzeko, boto ematekoa barne. Legez edo hitzarmen bidez ezarritako arau batean denbora jakin bat finkatua badago, arau horretan absentziaren iraupenari eta horren konpentsazio ekonomikoari buruz xedatuta dagoenari jarraituko zaio. Goian aipatu den eginbehar hori betetzeagatik hiru hilabeteko tartean lanorduetako ehuneko hogei baino gehiagoan ezin izan bada dagokion lana egin, enpresak langilea 46.1 artikuluan araututako eszedentzia egoerara pasatzen ahal du. Langile batek kalte-ordaina kobratzen badu eginbeharren bat betetzeagatik edo karguren batean jardun beharragatik, diru kopuru hori bera deskontatuko zaio enpresak ordaintzen dion soldatatik.

e) Eginkizun sindikaletan edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko; lege edo hitzarmen bidez ezarritako baldintzetan.

f) Jaio aurreko azterketak egiteko eta erditzea prestatzeko tekniketan trebatzeko, adopzioaren, harreraren edo adoptatzeko egiten den zaintzaren kasuetan, informazio eta prestakuntza saioetara joateko eta egokitasun deklarazioaren aurreko txosten psikologiko eta sozialak egiteko, behar-beharrezkoa den denbora, betiere lanorduetan egin behar badira.

g) Lau egun, gehienez, ezinezkoa baldin bada lantokira iristea edo hara ailegatzeko behar diren zirkulazio-bideetatik pasatzea, agintaritza eskudunek joan-etorrietarako ezarritako gomendio, muga edo debekuen ondorioz, edo arrisku larriko eta berehalako egoera bat gertatzen bada, barne daudela hondamendi edo fenomeno meteorologiko kaltegarri baten ondoriozkoak. Lau egunak igaro ondoren, baimena luzatuko da hura ekarri zuten inguruabarrak desagertu arte, ezertan galarazi gabe enpresak lan kontratua eteteko edo lanaldia murrizteko aukera, ezinbesteko kasuetan, 47.6 artikuluan aurreikusitako baldintzetan. Lanaren izaera bateragarria baldin bada urrutiko lanarekin, eta komunikazio-sareen egoerak horretarako bide ematen badu, enpresak martxan jartzen ahalko du, eta begiratuko du betetzen direla Urrutiko Lanari buruzko uztailaren 9ko 10/2021 Legean jasotako gainerako betebehar formal eta materialak, eta, bereziki, bitarteko, ekipamendu eta tresna egokien hornidura.

g) [sic] Behar den denbora, organoen edo ehunen dohaintzarako prestaketa lanak egiteko, betiere hori lanaldiaren barnean egin behar bada.

Iragarkiaren kodea: F2505449