1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
14/2025 FORU AGINDUA, maiatzaren 12koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, aldatzen duena Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren ekainaren 20ko 70/2023 Foru Agindua, zeinaren bidez arautzen baita Nekazaritzako Lurzatien Informazio Geografikoko Sistema (SIGPAC) eta sistema hori Nafarroan kudeatzeko arauak ezartzen baitira.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren ekainaren 20ko 70/2023 Foru Aginduak Nekazaritzako Lurzatien Informazio Geografikoko Sistema (SIGPAC) arautzen du eta sistema hori Nafarroan kudeatzeko arauak ezartzen ditu.
SIGPAC sistemaren gaineko araudia onetsi ondoren, urriaren 8ko 1028/2024 Errege Dekretua onetsi zen, Nekazaritza Politika Erkideari buruzko zenbait errege dekretu aldatzen dituena Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren aldaketara egokitzeko.
Nekazaritzako Lurzatien Informazio Geografikoko Sistema arautzen duen foru agindua zenbait urtez aplikatu ondoren, beharrezkoa da orain alderdi batzuk doitzea eta mekanismo batzuk gehitzea, tramiteak sinplifikatzeko, kudeaketa administratiboa errazteko eta SIGPAC sisteman aldaketa eskaeren tramitazioa arintzeko. Era berean, urriaren 8ko 1028/2024 Errege Dekretuak eragindako aldaketa batzuk ere egin behar dira.
Zehazki, hauek dira helburuak: aldaketak egiteko lehenbiziko epea doitzea, dokumentazioaren atala malgutzea (argazki geoerreferentziak aurkeztu beharrik ez izateko, baina bai gomendagarria), larre esparru batzuetarako abeltzaintza justifikatzeko txosten teknikoa aurkeztu beharrik ez izatea, eta, azkenik, esparru geldietarako aldaketetan, lurzatiak erabil daitezkeela frogatu beharra izatea esparruaren azalera hektarea batekoa edo gehiagokoa denean (orain arte bi hektarea zen gutxieneko azalera), salbu eta titular katastrala denean.
Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
Artikulu bakarra.–Aldatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren ekainaren 20koa 70/2023 Foru Agindua, zeinaren bidez Nekazaritzako Lurzatien Informazio Geografikorako Sistema (SIGPAC) arautzen baita eta sistema hori Nafarroan kudeatzeko arauak ezartzen baitira.
1. Aldatzen da ekainaren 20ko 70/2023 Foru Aginduaren 7. artikulua, SIGPAC aldatzeko epeei buruzkoa, 3. puntuan, eta testu hau izanen du:
"3. Bi epe ezartzen dira eskaerak aurkezteko:
a) Lehenengo epeak bat eginen du abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren 108. artikuluan araututako NPEaren Kudeaketa eta Kontrol Sistema Integratuari atxikitako esku-hartzeen eskaera bakarraren epearekin, aldaketak aurkezteko epea barne, errege dekretu horren 112. artikuluko 1. puntuko bigarren paragrafoari jarraikiz.
Aurrez egiten diren kontrolen, kontrol administratiboen edo monitorizazio bidezko kontrolen ondorioz nekazariak eskaera bakarraren egokitzapen bat eskatu behar badu, abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren 112.2 eta 112.3 artikuluan araututakoaren arabera, beharrezkoa balitz, ofizioz eguneratuko da SIGPACen dagoen informazioa, betiere egiaztatuta badago koherenteak direla SIGPACen dagoen informazioa eta eskaera bakarrean jasotzen den informazioa.
Goiko bi paragrafo horietan ezarritakoaren arabera aurkezten diren eskaerek ondorioak izanen dituzte indarrean den kanpainan eskatzen diren laguntzak emateko.
b) Bigarren epea irailaren 1etik urriaren 30era artekoa izanen da. Epe horretan aurkezten diren eskaerek ondorioak izanen dituzte hurrengo kanpainan eskatzen diren laguntzak emateko".
2. Aldatzen da aurkeztu beharreko dokumentazioari buruzko 8. artikulua, 1. puntuko e) letran, eta testu hau izanen du:
"e) Proposatutako aldaketa justifikatzen duen dokumentazioa, zeina, aldaketa motaren arabera, honako hau izanen baita:
–Kasu guztietan, aldaketarako arrazoiaren azalpen labur bat.
–Aldaketa partzialetan, nahitaezkoa izanen da zedarritze grafiko bat aurkeztea, non argi identifikatuko baita esparruko zein zatitan egin nahi den aldaketa.
–7. eta 8. motako aldaketetan nahitaez aurkeztu beharko da txosten tekniko bat, III. eranskinean adierazitako prozeduraren arabera.
–10. motako aldaketa guztietan, gomendagarria da lurzatien argazki geoerreferentziatuak aurkeztea, zeinetan nekazaritzako jarduera berriz hasi dela baieztatzen ahalko baita.
–10. motako aldaketetan, esparruak 199. intzidentzia badu: esparru geldiak, eta hektarea bat baino gehiagoko azalera badu, lurzatiak erabil daitezkeela frogatu beharko du, salbu eta titular katastrala bada, egiaztatu ahal izateko abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren 11. artikulua betetzen dela. Aurkeztu beharreko dokumentazioa: errentamendu edo apartzeria kontratua, edo jabeak sinatutako dokumentu pribatua, haren aprobetxamendua erabili eta gozatzeko ahalmena emanen diona, edo lurzatia erabiltzeko eskubidea egiaztatzen duen bestelako agiriren bat.
–10. motako aldaketetan, bazkaleku erabilerako esparruetan, 199. intzidentzia: esparru geldiak, edo 211. intzidentzia: jarduerarik gabeko bazkalekuak; kasu horietan, nahitaez aurkeztu behar da txosten teknikoa, IV. eranskinean jasotako prozeduraren araberakoa, salbu eta SIGPACeko erabilera bazkalekua bada (PS) eta bazkalekuak diruz lagungarriak izateko koefizientea %80tik gorakoa.
–Aukeran, aldaketaren xedeko beste edozein frogagiri aurkezten ahalko da, besteak beste honako hauek: argazki geoerreferentziatuak, GPS lepokoen puntuak ageri diren mapa, landako kontrolaren akta baten kopia, eskatutako aldaketa justifikatzen duen txosten teknikoa, profesional eskudunak sinatua, eta abar".
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 12an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.
Iragarkiaren kodea: F2506943