88. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

39E/2024 EBAZPENA, apirilaren 8koa, Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez dirulaguntzak emateko deialdi bat onesten baita Nafarroako toki erakundeek (udalek eta kontzejuek) obrak egin ditzaten IkasNOVA geletarako guneak birmoldatzeko. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 750206.

Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez ezarri zen, orokorrean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra, eta prozeduraren kontrol eta gardentasun hobean aurrera egiteko beharrari erantzuten dio, publikotasun, lehia eta objektibotasun printzipioen arabera.

Hori baino lehenago, urtarrilaren 25eko 13/1990 Foru Dekretuak berariaz arautu zuen "Eskolaurreko eta Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko ikastetxe publikoak eta Udal Musika Eskolak eta Kontserbatorioak hobetzeko, zabaltzeko eta birmoldatzeko obra proiektuak gauzatzeko Nafarroako udal eta kontzejuentzako dirulaguntzen kontzesioa". Foru dekretu horren xedea laguntzen sistema orekatua eta koordinatua ezartzea izan zen eta, beraz, deialdi bakoitzaren esparrua eratzeko administrazioaren irizpideak eta bideak ezartzea.

2024ko ekitaldirako, deialdiaren jomugatzat hartuko dira IkasNOVA gela bat izateko guneak birmoldatzeko obrak, Haur Hezkuntzako 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntza-DBHko ikastetxe publikoetan.

Toki erakundeek aukera izan dezaten beren titulartasuneko IkasNOVA gelen helburuak duten proiektu egokietarako aurreikusita dauden laguntzak eskuratzeko, nahitaezkoa da ebazpen bat ematea, dirulaguntzen deialdia onetsi eta laguntzak banatzeko oinarriak ezar daitezen.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea dirulaguntzak emateko deialdi bat 2024ko ekitaldian Nafarroako toki erakundeek (udalek eta kontzejuek) beren titulartasunekoak diren ikastetxeetan obrak egin ditzaten IkasNOVA gela bat izateko guneak birmoldatzeko. Deialdia 2024ko gastu aurrekontuko "Obrak udal jabetzako ikastetxeetan" izeneko 410001 41800 7609 325100 partidaren kargura finantzatuko da, gehienez 300.000 eurorekin.

2. Deialdi hau arautuko duten oinarriak onestea. Oinarriok betetzen dute azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14. artikuluan xedatutakoa, eta ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuari, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari, Obren Atalari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari.

4. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

5. Ebazpen honen eta eranskinen aurka, administrazio publiko interesdunak gora jotzeko errekurtsoa jar dezake, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko apirilaren 8an.–Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusia, Begoña Unzué Vela.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, NAFARROAKO TOKI ERAKUNDEEI (UDALEI ETA KONTZEJUEI) DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDI HONETARAKO: 2024AN IKASNOVA GELA BAT IZATEKO GUNEAK BIRMOLDATZEKO OBRAK EGIN DITZATEN HAUR HEZKUNTZAKO 2. ZIKLOAN, LEHEN HEZKUNTZAKO ETA LEHEN HEZKUNTZA-DBH-KO IKASTETXE PUBLIKOETAN

1. Helburua.

Ebazpen honetan jasotzen diren dirulaguntzak Haur Hezkuntzako 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntza-DBHko ikastetxe publikoetan IkasNOVA gela bat izateko guneak birmoldatzeko obrak egin daitezen finantzatzeko erabiliko dira.

IkasNova gela eraldatzeko proiektua oinarritzen da European Schoolneten (EUN) Future Classroom Lab (FCL) delakoan: https://fcl.eun.org/.

2. Onuradunak.

Dirulaguntza hauek eraikin horien titularrak diren toki erakundeek eska ditzakete.

Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatutako egoeraren batean dauden erakundeak.

3. Xedea.

Diruz lagungarriak izanen dira guneak birmoldatzeko obrak, IkasNOVA gelaren helburuetara egokitutako gune bat lortzeko (gune irekia eta gardena izan behar duena gela eta gune komunen artean, malgua, mugikortasun handikoa, ataza esperimentalak, parte-hartzaileak eta digitalizatuak ahalbidetzen dituena), baldin eta horien proiektu pedagogikoa onetsi badu Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuak. Obrak 2024ko ekitaldi ekonomikoaren barruan eginen dira, Haur Hezkuntzako 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntza-DBHko ikastetxeetan.

Obrak diruz lagungarriak izaten ahal dira baldin eta, haien proiektu pedagogikoa 2023ko ekitaldian onetsita, 2024ko ekitaldia gauzatu badira. Eskaera horiek baloratzeko, deialdi honen 8. oinarrian ezarritako irizpideak eta puntuazioak erabiliko dira.

Deialdi honen bidez emandako dirulaguntzak 300.000 eurokoak izanen dira gehienez.

Esku-hartzearekin zuzenean lotutako elementu edo lanen kostua izanen da soilik diruz lagungarria. Proiektua eta obren zuzendaritza gauzatzeko aholkularitza teknikoaren ordainsariak diruz lagungarriak dira baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.

Ez da dirulaguntza honen xede izanen ekipamendua erostea, ezta eraikinaren eta bertako instalazioen ohiko mantentze-obrak egitea ere.

Balio erantsiaren gaineko zerga gastu diruz lagungarritzat hartuko da deialdi honen ondorioetarako, udalak ezin badu berreskuratu edo konpentsatu.

4. Dirulaguntzen portzentajea eta gehieneko zenbatekoak.

Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 20.000 eurokoa (BEZa barne) da ikastetxe bakoitzeko.

Dirulaguntzen gehieneko portzentajeak, ikastetxe motaren edo helburu duten jarduketaren forma zehatzaren arabera, honakoak izanen dira:

1. Obrak Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasleek erabiltzen dituzten egoitza edo instalazioetan: diruz lagundutako obraren zenbatekoaren %65 gehienez.

2. Obrak Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek partekatuz erabiltzen dituzten egoitza edo instalazio komunetan: diruz lagundutako obraren zenbatekoaren %80 gehienez.

3. Obrak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek soilik erabiltzen dituzten egoitza edo instalazioetan: diruz lagundutako obraren zenbatekoaren %100 gehienez.

4. Obrak Pirinio aldeko udal ikastetxeetako egoitza edo instalazioetan: diruz lagundutako obraren zenbatekoaren %95 gehienez, edo diruz lagundutako obraren zenbatekoaren %100 gehienez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek soilik erabiltzen dituzten egoitza edo instalazioetako obren kasuan.

5. Ezaugarri soziodemografiko bereziak dituzten herriei arreta ematen dieten ikastetxeetako egoitza edo instalazioetan egiten diren obrak, horietan lerro osoa ez badute, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezartzen dituen otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarria aplikatuz: diruz lagundutako obraren zenbatekoaren %80 gehienez, edo diruz lagundutako obraren zenbatekoaren %100 gehienez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek soilik erabiltzen dituzten egoitza edo instalazioetako obren kasuan.

Dirulaguntzen zenbatekoak 8. oinarriari jarraikiz kalkulatuko dira.

5. Eskaera aurkezteko epea eta tokia.

Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) Tramiteen Katalogoko fitxa erabiliz.

https://www.navarra.es/eu/web/servicios-empleado/tramites/on/-/line/subvenciones-a-entidades-locales-municipios-o-concejos-para-obras-de-remodelacion-de-espacios-en-centros-escolares-de-caracter-publico-para-creacion-de-aulas-ikasnovas-2024-

Tramitazio elektronikoa nahitaezkoa da prozeduraren fase guztietan.

Hala xedatzen baitu 16.8 eta 66.6 artikuluetan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ezta aipatutako fitxa erabiliz telematika bidez aurkezten ez direnak ere.

6. Dokumentazioa.

a) Eskaerak toki erakundeen legezko ordezkariek aurkeztu beharko dituzte; beraz, hezkuntza komunitatearen barnean (ikastetxeetako zuzendariak, irakasleak, gurasoen elkarteak, besteak beste) sustatzen den edozein eskaera ordezkari horien bidez bideratu behar da.

b) Dirulaguntzak eskatzeko aurkezten diren eskabideak Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, agiri hauek erantsita:

b.1. Dirulaguntzaren xedea justifikatzen duen memoria balioetsia edo eskatutako dirulaguntzaren xede diren obren aurrekontua (partidak zehaztuta).

Eraikin mistoen kasuan (bertan haur hezkuntza, lehen hezkuntza eta derrigorrezko bigarren hezkuntza ematen denean), aurrekontu independenteak aurkeztu beharko dira, deskribatutako jarduketa alde baten edo bestearen eremuan dagoen kontuan hartuta.

b.2. Jarduketak eginen diren guneen egungo egoeraren eta eraberrituaren planoa, eraikinaren zein solairutan/tokitan dauden adierazita, baita horien argazki-dokumentazioa ere.

b.3. Ikastetxeko zuzendaritza taldearen txostena. Bertan, birmoldatu beharreko guneen egungo erabilera adieraziko da, eta justifikatuko da, ikastetxearen eskolatze joeraren arabera, birmoldatu beharreko guneak ez direla beharrezkoak ikasgela arrunt, ikasgela espezifiko, banaketa ikasgela edo laguntza ikasgeletarako.

b.4. Udal erabakia honakoetarako:

–Obrak onesteko, diruz laguntzeko eskatu den inbertsioaren zenbateko osoa adierazita.

–Oinarri hauek betetzeari buruzkoa.

b.5. Idazkariaren ziurtagiria, non agertuko baita udalaren edo kontzejuaren konpromisoa, aurrekontuetan behar adinako zuzkidura ekonomikoa egon dadin dirulaguntzaren xedeko obraren kostua ordaintzeko, eskatzen den dirulaguntzaren adjudikaziodun izanez gero. Nahikoa krediturik ez baldin badu, dirulaguntzari uko egiten diola jakinarazi beharko dio Hezkuntza Departamentuari, dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean.

b.6. Adierazpena, honako hauei buruzkoa (I. eranskineko ereduaren arabera):

–Dirulaguntzaren xedeko lokalak irakaskuntza publikoari lotuko zaizkio obra amortizatzeko bide emanen duen epean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluari jarraikiz.

–Deialdi honen xedea finantzatzeko eskatu edo lortu diren beste dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak.

–Toki erakundearen konpromisoa, adierazten duena bere gain hartuko dituela dirulaguntzaren xede diren eskola instalazioen geroko funtzionamendu eta mantentze gastuak.

–Toki erakundearen konpromisoa, adierazten duena bere gain hartuko dituela ikastetxe ukituen berezko erabiltzaileak (irakasleak eta ikasleak) behin-behineko lokaletara lekualdatzeko gastuak, obrek dirauten bitartean, baita, beharrezkoa balitz, horien alokairuaren gastuak ere.

b.7. Obrak egin nahi diren eraikin edo lurren jabetza frogatzen duen agiria edo errentamendu kontratua, obra amortizatzeko aukera ematen duen epearekin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikulua betez.

b.8. Kasua bada, udaleko idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena udalak ezin dituela berreskuratu edo konpentsatu eskatutako dirulaguntzari dagozkion zeharkako zergak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.8 artikuluan xedatutakoaren arabera.

b.9. Erakunde eskatzaileak bere eskaera sendotzeko interesgarritzat jo dezakeen beste edozein dokumentazio, baldin eta oinarri arautzaileetan adierazi diren lehentasun edo irizpideekin lotuta badago.

b.10. IkasNOVA gelaren proiektua (pedagogikoa), ikastetxe bakoitzeko beharrei eta errealitateari egokituta. Dokumentu bakar batean entregatuko dira, pdf formatuan; puntu hauek izan beharko ditu:

1.–Izenburu deskribatzailea.

2.–Ikastetxearen kontestualizazioa eta ikasNOVA gelaren proiektua.

3.–Premien justifikazioa eta hautematea.

4.–Proiektuaren prototipoaren proposamena.

  • Proiektuaren helburu orokorrak (ikastetxearenak) eta berariazko helburuak (ikasNOVA gelaren erabilerarekin lortu nahi dugun ikasgelaren erabilerari buruzkoak).
  • Ebaluazioa. Arrakastaren adierazleak eta proiektua ebaluatzeko sistemak, ikastetxeari zein ikasgelari buruzkoak.
  • Proiektuak Nazio Batuen Erakundearen Garapen Jasangarrirako Helburuen jomugak lortzeko egiten duen ekarpena, bereziki 4. helburuari dagokiona: hezkuntza inklusiboa, ekitatiboa eta kalitatezkoa bermatzea eta bizi osoan ikasteko aukerak sustatzea pertsona guztiendako.
  • Ekintza-planeko proposamenak.
    • Ekintzak: proiektua ezarri aitzinetik, bitartean eta ondotik egin beharreko funtsezko ekintzak.
    • Inplikatutako eragileak: ekintzetan parte hartzen dutenak.
    • Dokumentazioa: prozesua dokumentatzeko sistema.
    • Komunikazioa eta transferentzia: komunikazio-ekintzak prozesu osoan zehar. Geroko transferentzia, proiektua eskalatzeko.

5.–Proiektuak koordinatzaile bat izan beharko du. Hura izanen da lantaldearen koordinazioaren arduraduna, baita Hezkuntza Departamentuarekiko solaskidea ere. Arrazoi justifikatuengatik ordezten ahalko da.

6.–Ikastetxearen plano ofiziala, zeinetan agertuko baita ikasNOVA gelarako guneen proposamena.

7.–Liburutegia izeneko eranskina: nahitaezkoa da soilik ikastetxeko liburutegia ikasNOVA gelan sartzen bada.

8.–Laborategia izeneko eranskina: nahitaezkoa da soilik ikastetxeko laborategietakoren bat IkasNOVA gelan sartu nahi duten Bigarren Hezkuntzako ikastetxeentzat.

Eskaerak adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio. Halaber, eskatutako zuzenketa aurkeztu ondoren zuzena ez bada, ez onartutzat joko da, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

c) Eskaera aurkezteak berekin dakar toki erakundeek deialdi honetan adierazitako oinarri arautzaileak betetzea.

7. Jarduketa diruz lagungarriak.

Teknikoki posible den guztietan, gelak ahalik eta gardentasun handiena izan beharko du ikasleak ikastetxean igarotzeko diren eremu komunetarantz.

Deialdi honen xedetzat hartzen dira IkasNOVA gelaren helburuetara egokitutako gune bat lortzeko guneak birmoldatzeko obrak, baldin eta gela horien proiektu onetsi bada Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuak egindako deialdian. Zehazki, honako obra hauek:

–Baoak (hutsuneak) korridorera irekitzea, eta horietan beirateak jartzea (nahitaezkoa da eremu komunetara ahalik eta gehien irekitzea).

–Lanpostuak instalatzea (Ethernet sare-ahoak eta korronte-hargunea), beharrezkoa balitz.

–Bateratu beharreko guneei dagozkien trenkadak eraistea, gune berria sortzeko.

–Gunea intsonorizatzea.

–IkasNOVA gelarako beharrezkoak diren beste batzuk (igeltserotza-lanak, margotze-lanak...).

8. Proiektu pedagogikoen hautapen eta baremazio irizpideak.

Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuak honela baloratuko ditu aurkeztutako IkasNOVA gelaren proiektuak:

a) Proiektua egokitzea "Jatorria eta oinarriak" atalean deskribatutako ikasNOVA gelaren helburuetara (gehienez 5 puntu).

b) Aldaketak/berritzeak hobetu nahi duen alderdiaren edo arazoaren definizio argia eta zehatza (proiektuaren 2. puntua) (gehienez 10 puntu).

c) Hautemandako premiekin zerikusia duen hobetzeko konponbidea edo proposamena. Ikasleen gaineko eragina, bideragarritasuna eta jasangarritasuna (gehienez 10 puntu).

d) Proiektua zenbateraino den hezkuntza eraberritzeko prozesu bat ikastetxearentzat edo, oro har, hezkuntza komunitatearentzat, eta zenbateraino bilatzen duen Garapen Jasangarrirako Helburuak garatzea (5 puntu gehienez).

e) Ikaskuntza-prozesu aktiboak sustatzea (gehienez 10 puntu).

f) Ekintza plana: ekintzak, tartekatutako eragileak, dokumentazioa, komunikazioa eta transferentzia (gehienez 10 puntu).

g) Ongi zehaztutako ebaluazio-irizpideak, ikastetxearenak zein ikasgelarenak (gehienez 10 puntu).

h) Hezkuntzako Teknologia integratzea (gehienez 10 puntu).

Proiektu bat hautatua izateko, beharkizun hauek bete behar dira:

–Hurrengo errubrikan azaltzen diren deialdiko irizpide guztien artean 40 puntu gutxienez lortzea (ezinbestekoa izanen da e) eta h) puntuetako bakoitzean gutxienez 7 puntu erdiestea).

–Hezkuntza Departamentuak ontzat eman behar du ikasNOVA gelarako guneen proposamena eta, horretaz gainera, ikastetxearen matrikularen bilakaeraren aurreikuspena kontuan izanen da. Uste bada ikastetxeak ez duela toki aski, proiektua ez da hautatuko gutxienez eskatutako puntuazioa erdietsi badu ere.

9. Deialdiaren 7. oinarria betetzen duten eskaerak baloratzeko irizpideak.

Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuak onetsi ez dituen proiektu pedagogikoak dituzten eskaerek ez dute inolako dirulaguntzarik jasotzeko eskubiderik izanen.

Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuak onetsitako proiektu pedagogikoak dituzten eskaerek dirulaguntza jasotzeko eskubidea izanen dute. Dirulaguntza jasotzeko eskubidea duen eskaera bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa, 4. oinarrian jasotako gehieneko portzentajeekin eta zenbatekoekin, indize eta datu hauen arabera kalkulatu eta zehaztuko da:

1) Ikastetxeko HLBPI indizea.

Argitaratutako HLBPI indizea ikastetxe bakoitzarentzat haztatzen duen kalkulu gehigarri bat egin da, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasleak onartzeko prozesuko jarraibideak arautzen dituen martxoaren 1eko 16/2024 Ebazpenaren III. eranskineko 1 taulan argitaratutako indizetik abiatuta (https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2024/54/0). Horretarako, kontuan izan da proposamenak aurkezteko epemugan ikastetxeek hizkuntz eredu bakoitzean, A/G eta B/D, duten matrikula kopuru aktiboa. Modu horretan, HLBPI indize haztatu bakarra lortzen da, baita ikastetxe elebidunetarako ere.

Ikastetxeen HLBPI indize haztatuetatik abiatuta, bakoitzari 0 eta 1 arteko koefizientea esleitzen zaio, honela: HLBPI indize haztatu handiena (positiboena) duen ikastetxeari 0ko koefizientea esleitzen zaio, eta HLBPI indize txikiena duen ikastetxeari (negatiboena) 1eko koefizientea. Gainerako ikastetxeetarako koefizientea ezartzen da bakoitzaren aldagaiaren balioaren eta 0 koefizientearekin esleitutako ikastetxearen balioaren arteko diferentziaren arabera, eta laguntza eman zaion ikastetxeen artean aldagaiaren heinaren arabera hainbanatuta.

2) Ikastetxearen matrikula kopuru aktibo osoa, proposamenak aurkezteko epemugan.

Matrikula txikiena duen ikastetxe parte-hartzaileari 0 koefizientea esleitzen zaio, eta matrikula handiena duen ikastetxe parte-hartzaileari 1 koefizientea. Gainerako ikastetxeetarako koefizientea aurreko puntuan deskribatutako moduan ezartzen da.

3) 16 urtetik beherakoen pobrezia erlatiboaren arrisku-tasa (portzentajean), Nafarroako Errealitate Sozialaren Behatokiak 2021ean argitaratutako datuen arabera eta ikastetxeko Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Oinarrizko Eskualdea (Iruñeko ikastetxeen kasuan, auzoko unitatea) erreferentzia hartuta.

Pobrezia erlatiboaren tasa txikiena duen ikastetxe parte-hartzaileari 0 koefizientea esleitzen zaio, eta tasa handiena duen ikastetxe parte-hartzaileari 1 koefizientea. Gainerako ikastetxeetarako koefizientea aurreko puntuetan deskribatutako moduan ezartzen da.

4) 16 urtetik beherakoen pobrezia larriaren arrisku-tasa (portzentajean), Nafarroako Errealitate Sozialaren Behatokiak 2021ean argitaratutako datuen arabera eta ikastetxeko Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Oinarrizko Eskualdea (Iruñeko ikastetxeen kasuan, auzoko unitatea) erreferentzia hartuta. Pobrezia larriaren tasa txikiena duen ikastetxe parte-hartzaileari 0 koefizientea esleitzen zaio, eta tasa handiena duen ikastetxe parte-hartzaileari 1 koefizientea. Gainerako ikastetxeetarako koefizientea aurreko puntuetan deskribatutako moduan ezartzen da.

5) Ikastetxea dagoen udalerrian erroldatutako biztanle kopurua, NASTATek 2023rako argitaratutako adierazlearen arabera (https://nastat.navarra.es/es/tablas_powerbi/-/tag/indicadores-poblacion).

Ikastetxe bakoitzerako 0 eta 1 bitarteko koefizientea esleitzen da, taula honetan biztanleria non kokatzen den:

BIZTANLERIA TARTEA

KOEFIZIENTEA [0,1]

< 400

1

[400, 700)

0,9

[700, 1000)

0,8

[1000, 1500)

0,7

[1500, 2000)

0,6

[2000, 3000)

0,5

[3000, 4000)

0,4

[4000, 5000)

0,3

[5000, 7000)

0,25

[7000, 10000)

0,2

[10000, 15000)

0,15

[15000, 100000)

0,1

>100.000

0

Deialdi honen %30 gordetzen da (90.000 euro) Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuak onetsitako proiektu pedagogikoa duten ikastetxeen eskaera guztien artean zati berdinetan banatzeko.

Gainerakoa modu proportzionalean banatuko da, ikastetxe bakoitzak lortutako azken puntuazioaren arabera. Horretarako, deskribatutako aldagai bakoitzaren 0-1 koefizienteak biderkatuko dira honako hauen arabera: deialdi honen zenbatekoaren %20, HLBPI indize haztatuari; %10, ikastetxeko matrikula kopururako; %10, udalerriko biztanle kopuruari; %15, 16 urtetik beherakoen pobrezia erlatiboaren arrisku-tasari eta %15, 16 urtetik beherakoen pobrezia larriaren arrisku-tasari. Atal bakoitzean lortutako puntuen batura ikastetxe bakoitzaren guztizko azken puntuazioa izanen da.

10. Ebaluazio batzordea.

Aurkeztuko diren eskaerak aztertu behar dituen batzordeak kide hauek izanen ditu: Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria, batzordeburu lana eginen duena, Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzua, Obren Ataleko burua, Hezkuntza Departamentuko Obren Ataleko teknikari bat eta Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko administrazio publikoko teknikari bat (arlo juridikokoa).

11. Deialdiaren ebazpena.

Deialdia norgehiagokako araubidearen bidez ebatziko da, 8. oinarriko baremoak erabiliz lortutako puntuazioaren arabera, aurrekontuko dirua agortu arte.

Dirulaguntzak emateko eta eskaerak ezesteko ebazpena Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiak emanen du, aurrez ebaluazio batzordeak proposaturik, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hiru hilabeteko epean. Emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian argitaratuko dira (www.nafarroa.eus), adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

12. Dirulaguntzen ordainketa.

Dirulaguntza hauen ordainketa 2024ko gastu-aurrekontuko "Obrak 0-3 urtekoen udal jabetzako ikastetxeetan" izeneko 410001 41800 7609 325100 partidaren kargura eginen da, obrak bukatu ondoko ordainketa bakarraren bidez.

Ematen diren kopuru horiek guztiak jasotzeko nahitaezkoa izanen da obrak bukatuta egotea eta frogagiriak aurkeztea 2024ko urriaren 18a baino lehen (egun hori barne).

Agiri horiek Nafarroako Gobernuko Justifikazio Erregistroan aurkeztu beharko dira, esteka honen bitartez:

https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idinstancia=2003247

Dirulaguntzaren ordainketari ekiteko ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Egin den esku-hartzearen faktura edo fakturak.

b) Obren ziurtagiriak, zuzendaritza fakultatiboak –halakorik badago– eta enpresa adjudikaziodunak sinatuak.

c) Egindako ordainketaren frogagiria.

d) Udal edo kontzejuko idazkariaren ziurtagiria, honako honi buruz:

d.1) Obrak funts berekien bidez finantzatzeari buruz (edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuen bidez); hor, zenbatekoak eta funtsen jatorria jasoko dira, eta nola aplikatu diren, eta hala badagokio, horien bateragarritasunari eta kostua edo baimendutako gehieneko intentsitatea ez gainditzeari buruzko erabakia. (Arts. (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 eta 27.4 artikuluak).

d.2) Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak betetzeari buruz, obra gauzatzeagatik izandako gastu diruz lagungarria 40.000 eurotik gorakoa bada, edo emandako aholkularitza 15.000 eurotik gorakoa bada (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1.ñ eta 28.3 artikuluak).

d.3) Obrak amaitzea. Horren ordez, harrera-akta ere aurkezten ahalko da, honako hauek sinatua: zuzendaritza fakultatiboa, halakorik balego, jabea (udala edo kontzejua) eta enpresa adjudikazioduna.

e) Azken planoak eta argazki-dokumentazioa.

f) Adierazpena honi buruz (II. eranskineko ereduaren arabera):

f.1) Onuradunak azpikontratazioa egin duen edo ez, deialdiaren 12 oinarriaren 1. puntuaren arabera, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluak ezartzen duenarekin bat.

f.2) Publizitate betebeharrak bete izana, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta deialdi honen 12. oinarriko 1. puntuan ezarritakoaren arabera.

f.3) Gardentasun betebeharra betetzea, 11. artikuluan ezarritakoarekin bat, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 22. artikuluan araututako publizitate aktiboari dagokionez; jasoko da Interneteko zer helbidetan argitaratu den emandako dirulaguntzari dagokion dokumentazioa.

13. Onuradunek bete beharrekoak.

13.1. Obrak gauzatzea.

Obren finantzaketaren berri emanen da obretan publizitate kartel bat jarriz. Kartelean finantzaketa publikoa dela adierazi beharko da.

Erakunde onuradunek dirulaguntzaren xede diren obrak osorik egiteko azpikontratazioa egin dezakete hirugarrenekin. Nolanahi ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.

Dirulaguntzaren xedeko inbertsioen gaineko kostu-gehikuntzak toki erakunde onuradunak hartuko ditu bere gain.

Obren azken kostua diruz lagundutako aurrekontua baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa murrizketaren arabera gutxituko da.

Oinarrietan xedatuta ez dagoen guztirako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio eta, onuradunaren betebeharrei dagokienez, haren 9. artikuluan xedatutakoari.

13.2. Gardentasun betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradun diren entitateek, baldin eta gardentasun betebeharra konplitu behar badute Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 2. artikulua aplikatu beharrez, 11. artikuluan ezarritako gardentasun betebeharrak konplitu beharko dituzte, foru lege horren 22. artikuluan araututako publizitate aktiboari dagokionez.

14. Bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Deialdi honetan arautzen diren laguntzen onuradun diren toki erakundeek beste administrazio, erakunde eta organismo (publiko edo pribatu) batzuen dirulaguntzak hartzen ahalko dituzte, edonolakoak eta helburu edo xede berekoak izanik ere, guztira proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute, BEZa barne.

Deialdi honen kargura jasotako ekarpena, beste organismo publiko edo pribatuetatik datozen laguntzei gehituta, inbertsioaren kostu osoa baino handiagoa bada, lehenbizikoa murriztuko da, kostu horrekin bat etorri arte.

15. Ikuskatzeko bisitak.

Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuko teknikariek bidezkotzat jotzen dituzten ikuskapen guztiak egin ditzakete, hala obra horiek egiten ari direnean nola bukatu ondoren. Dirulaguntzen onuradun diren toki erakundeak beharturik daude obretan sartzen uztera eta eskatzen zaizkien obrei buruzko agiriak ematera.

16. Deialdi honen oinarri arautzaileetan ezartzen dena ez betetzea.

Datuen faltsukeria frogatuak, datuak ezkutatzeak edo dirulaguntzaren helburua aldatzeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan ezarri diren zehapenak ekar ditzake.

Formazko alderdiak ez betetzeak ekar dezake dirulaguntzaren zati bat itzuli behar izatea. Funtsezko alderdiak ez betetzeak, berriz, ekar dezake dirulaguntza osorik itzuli behar izatea, hori guztia Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatuta dagoenaren arabera.

Nafarroako toki erakundeei ordaindutako dirulaguntzak itzuli behar direnean, itzuli beharreko kopurua banaketa kontuan kargatzen ahalko da.

I. ERANSKINA.–ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA (ESKABIDEARI ERANTSI)

................................................................................................................................................... jaunak/andreak, NAN/IFZ ...................................... duenak, .............................................. denez, eta .............................................................ko Udaleko edo Kontzejuko (Nafarroa) ordezkaria den aldetik (ezabatu behar ez dena).

..................................................................................................................................... ikastetxean IkasNOVA gela bat jartzeko guneak birmoldatzeko obrak egiteari dagokionez,

BERE ERANTZUKIZUNPEAN HONAKO HAU ADIERAZTEN DU:

a) Dirulaguntzaren xedeko lokalak irakaskuntza publikoari lotuko zaizkio obra amortizatzeko bide emanen duen epean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluari jarraikiz.

b) Toki erakundeak konpromisoa hartzen du bere gain hartzeko dirulaguntzaren xede diren eskola instalazioen geroko funtzionamendu eta mantentze gastuak, dagokion neurrian.

c) Toki erakundeak konpromisoa hartzen du ikastetxe ukituen berezko erabiltzaileak (irakasle eta ikasleak) behin-behineko lokaletara lekualdatzeko gastuak bere gain hartzeko, obrek dirauten bitartean, baita, beharrezkoa balitz, horien alokairuaren gastuak ere.

d) Toki erakundeak eskatu edo lortu dituela deialdi honen xedea finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk. BAI EZ

Baiezkoan, aipatu behar da zer erakunderi eskatu edo zer erakundetatik lortu diren deialdi honen xedea finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideak, baita haien zenbatekoa ere.

Eskaera aurkezteak berekin dakar toki erakundeek deialdi honetan adierazitako oinarri arautzaileak betetzea.

.......................................(e)n, 2024ko....................... aren........ (e)(a)n

ESKATZAILEAREN SINADURA

OBREN ATALA-HEZKUNTZA DEPARTAMENTUA.

II. ERANSKINA.–ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA, DIRULAGUNTZA ORDAINDUA IZATEKO AURKEZTEKOA

................................................................................................................................................... jaunak/andreak, NAN/IFZ ...................................... duenak, .............................................. denez, eta .............................................................ko Udaleko edo Kontzejuko (Nafarroa) ordezkaria den aldetik (ezabatu behar ez dena).

..................................................................................................................................... ikastetxean IkasNOVA gela bat jartzeko guneak birmoldatzeko obrak egiteari dagokionez,

BERE ERANTZUKIZUNPEAN HONAKO HAU ADIERAZTEN DU:

a) Onuradunaren azpikontratazioari dagokionez, bete egin dela deialdiaren 12. oinarriko 1. puntuan ezarritakoa, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoa bete beharrez.

b) Publizitate betebeharrak bete direla, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta deialdi honen 12. oinarriaren 1. puntuan ezarritakoaren arabera.

c) Gardentasun betebeharra bete dela, 11. artikuluan ezarritakoaren arabera publizitate aktiboari dagokionez, zeina arautu baita Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 22. artikuluan. Interneteko helbide honetan argitaratu dela emandako dirulaguntzari dagokion dokumentazioa:

..............................(e)n, 2024ko..................... aren........(e)(a)n

ESKATZAILEAREN SINADURA

OBREN ATALA-HEZKUNTZA DEPARTAMENTUA.

Iragarkiaren kodea: F2405802