54. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

16/2024 FORU AGINDUA, martxoaren 1ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan haurrak onartzeko prozesua arautzen duena.

Martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuak arautzen du Haur Hezkuntzako lehen zikloa Nafarroako Foru Komunitatean, eta haren 12.1 artikuluan ezartzen denez, Hezkuntza Departamentuak arautuko du ikasleak nola onartu funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeetan, baldintza beretan sartzeko aukera izan dezaten.

Araudi indarduna aplikatzeko, eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak eskolatzearen arloan ezarritako esparruaren barnean, bidezko da onarpen prozedura arautzea funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxe guztietan.

Horregatik, eta Nafarroako Eskola Kontseiluak nahitaezko txostena egin ondoren, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak baliatuta,

AGINTZEN DUT:

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da haurrak onartzeko prozesua arautzea Nafarroako Foru Komunitatean funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Foru agindu hau aplikatzekoa izanen zaie Nafarroako Foru Komunitatean funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetara sartzeko eskaera egiten duten haurrei, bai eta eskolaturik egonda ikastetxe aldaketa eskatzen dutenei aipatu irakaskuntzak amaitu baino lehen.

3. artikulua. Jarraitzeko bermea.

Nafarroako Foru Komunitatean funts publikoak jasotzen dituen Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxe batean matrikulaturik dauden haurrek bermaturik izanen dute ikastetxe horretan jarraitzea, matrikulaturik dauden hizkuntza eredu berean, zikloa amaitu arte, salbu eta foru agindu honen 29. artikuluan xedatutakoarekin bat baja ematen bazaie.

4. artikulua. Jarduketen plangintza.

1. Haur eskolen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak planifikatuko ditu onarpen prozesuan egin beharreko jarduketak, eta horietako bakoitzerako epeak eta datak ezarriko.

2. Horretarako, eta urtero, haur eskolen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak ebazpen bat emanen du funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetako onarpen prozesua abiatzeko. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta, besteak beste, aipatu onarpen prozesuaren barneko jarduketen egutegia bilduko du.

5. artikulua. Hezkuntza Departamentuak unitateak eta hizkuntza eredua baimentzea.

1. Onarpen prozesua abiatu baino lehen, funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetako titular diren toki-erakundeek Hezkuntza Departamentuari igorriko diote dagokion ikasturtean ikastetxe horretarako dagoen aurreikuspena, hots, aurreikusten diren unitate kopurua eta eskainiko diren hizkuntza ereduak, bai eta proposamen horren justifikazioa ere.

2. Bidezkotzat joz gero, Hezkuntza Departamentuak justifikazio zehatzagoa eska diezaieke toki-erakundeei igorritako proposamenari buruz.

3. Hezkuntza Departamentuak aurreikusitako eskaintza hori baimendu beharko du, haur eskolen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak urtero eman beharreko ebazpena eman baino lehen baimendu ere, haren bidez zehaztuko baia funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetako onarpen prozesua.

6. artikulua. Funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetako titular diren toki-erakundeek informazioa ematea.

Funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetako titular diren toki-erakundeek onarpen prozesuari buruzko informazioa eman beharko diete, egoki jotzen duten moduan, ikaspostua eskatzen dutenei.

II. KAPITULUA.–HAURRAK ONARTZEKO PROZESU ARRUNTA

1. ATALA.–HAURRAK ONARTZEKO PROZESU ARRUNTEAN KONTUAN HARTU BEHARREKOAK

7. artikulua. Alderdi orokorrak.

1. Haurrak onartzeko prozesu arruntak eskaerak aurkezteko epe bakarra izanen du.

2. Haurrak onartzeko prozesu arruntaren ondoriozko epeak eta egunak, bai eta dagozkion jarraibideak ere, haur eskolen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak urtero eman beharreko ebazpenean zehaztuko dira; izan ere, horretarako argitaratuko da ebazpena.

8. artikulua. Hautapen batzordea.

1. Funts publikoak jasotzen dituen Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxe bakoitzeko toki-erakunde titularrak hautapen batzorde bat izendatuko du, hiru kidez osatua, gutxienez: kideetako bi toki-erakundeko ordezkariak izanen dira, eta horietako bat arituko da buru; hirugarrena ikastetxeetako ordezkari bat izanen da.

2. Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Baremoa eta izapideak egiteko epeak argitaratzea.

b) Eskatzaile bakoitzari dagokion puntuazioa esleitzea, foru agindu honen 16. artikulutik 26.era bitartekoetan ezarritako baremoaren arabera.

c) Haurrak onartzeko prozesua ebaztea, hots, onartuen eta onartu ez direnen behin-behineko eta behin betiko zerrendak onetsi eta argitaratzea, lortutako puntuazioa adierazita.

d) Aurkezten diren erreklamazioak ebaztea.

e) Plangintza egitea, haurrak unitateka banatuz, haien adina erreferentzia gisa hartuta.

f) Hezkuntza Departamentuari igortzea dagokion plangintza plantillak, behin-behinekoak eta behin betikoak.

9. artikulua. Haurrak onartzeko prozeduraren barruko jarduketak.

Jarduketa hauek eginen dira funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan haurrak onartzeko prozeduraren barruan:

a) Eskaerak aurkeztu eta jasotzea, baremazioa egitea eta behin-behineko zerrendak argitaratzea.

b) Erreklamazioak ebaztea eta behin betiko zerrendak argitaratzea.

c) Matrikula egitea.

10. artikulua. Eskaerak aurkeztea.

1. Ikastetxeetako erakunde titularrek antolatuko dute onarpen eskaerak bildu eta aurkezteko modua. Erakunde titularraren ikastetxe bat baino gehiago egonez gero, edo ordutegi edo hizkuntza eredu bat baino gehiago izanez gero, eskatzaileek lehentasun ordena adierazi beharko dute.

2. Eskaera bakarra aurkeztuko da haur bakoitzeko, behar bezala betea eta erakunde titular bakoitzak horretarako zehazten duen eredu ofizialaren arabera.

3. Eskaerak aurkezteko epeak eta prozedura haur eskolen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak urtero eman beharreko ebazpenean adieraziko dira, ebazpen horren bidez zehaztuko baita haurrak onartzeko prozesua.

4. Eskaerarekin batera -zeina alderdi guztietan beteko baita-, haurrak onartzeko prozesu arruntean baloraziorako eskatzen diren eta alegatu beharreko dokumentuak ere erantsiko dira, hala nahitaezkoak, nola onarpen irizpideak justifikatzekoak.

5. Inola ere ezin izanen dira baloratu eskaeran alegatu ez diren inguruabarrak.

6. Onarpen eskaera aurkezteak berekin dakar baimena ematea onartutako ikasleen zerrendetan eta itxarote zerrendetan jaso beharreko datu pertsonalak argitaratzeko.

11. artikulua. Haurrak onartzeko lehentasunezko irizpideak eta irizpide osagarria.

1. Haurrak onartzeko prozesu arrunta honako lehentasunezko irizpide hauen arabera eginen da:

a) Anai-arrebaren bat ikastetxe horretan matrikulatuta egotea.

b) Gurasoen edo legezko ordezkarien bizilekua edo lantokia gertu izatea.

c) Familia-unitatearen per capita errenta.

d) Haurrak desgaitasuna izatea, edo haren guraso, legezko ordezkari edo anai-arrebaren batek.

e) Genero indarkeriaren edo terrorismoaren biktima izatea.

f) Gurasoek edo legezko ordezkariek ikastetxe horretan lan egitea.

g) Legez familia ugariko kide izatea.

h) Haurra familia-harrerako egoeran egotea.

i) Familia gurasobakarra izatea.

j) Haurra erditze anizkoitzean jaioa izatea.

2. Haurrak onartzeko lehentasunezko irizpideak egiaztatu eta baloratzeko, men eginen zaio foru agindu honen 16. artikulutik 25.era bitartekoetan xedatutakoari.

3. Haurrak onartzeko irizpide osagarria izanen da gurasoen edo legezko ordezkarien lan-egoera edo egoera akademikoa.

12. artikulua. Puntuazioa.

1. Eskatzen den ikastetxe bakoitzean, baremoa aplikatu ondoren lortutako puntuak batuta erdiesten duten puntuazioaren arabera lehiatuko dira eskatzaileak; puntuazio horrek zehaztuko du onartutakoen zerrendetan eta itxarote zerrendetan duten ordena, ezertan galarazi gabe foru agindu honen hirugarren xedapen gehigarrian xedatutakoa.

2. Kontuan hartuta eskaeran zein ordenatan jarri diren ikastetxeak, zein ikastetxeri eman zaion lehentasun handiena, horretantxe esleituko zaio eskatzaileari ikaspostua, baldin eta ikastetxe horretan onartu badute.

3. Berdinketarik badago, hura hausteko irizpide hauek aplikatuko dira, ordena honetan, behar bezala egiaztaturik:

a) Anai-arrebaren bat ikastetxe horretan matrikulatuta egotea.

b) Gurasoen edo legezko ordezkarien bizilekua edo lantokia hurbil izatearen apartatuan puntuazio handiagoa.

c) Familia-unitatearen per capita errentaren apartatuan puntuazio handiagoa.

d) Haurrak edota haren guraso, legezko ordezkari edo anai-arrebaren batek desgaitasuna izateari buruzko apartatuan puntuazio handiagoa.

e) Genero indarkeriaren edo terrorismoaren biktima izatea.

f) Gurasoek edo legezko ordezkariek ikastetxe horretan lan egitea.

g) Legez familia ugariko edo familia gurasobakarreko kide izatea.

h) Haurra familia-harrerako egoeran egotea.

i) Haurra erditze anizkoitzean jaioa izatea.

4. Aurreko apartatuan aipatutako berdinketa hausteko irizpideak ordena horretan aplikatuko dira ondoz ondo, harik eta berdinketa hautsi arte.

5. Hala ere berdinketa hausten ez bada, irizpide osagarria erabiliko da, hots, gurasoen edo legezko ordezkarien lan-egoera edo egoera akademikoarena.

6. Irizpide osagarria erabilita ere berdinketa mantentzen bada, Hezkuntza Departamentuak eginen duen zozketa publikoaren bidez ebatziko da. Kasu guztietan, aurrez, aipatu zozketaren prozeduraren berri emanen da, eta zozketa non, noiz eta zer ordutan eginen den adieraziko; orobat, haurrak alfabetikoki ordenatzeko irizpideak zein izanen diren zehaztuko da, berdinketak ebatzi behar direnerako. Inguruabar horiek guztiak haur eskolen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak urtero eman beharreko ebazpenean jasoko dira, haren bidez zehaztuko baita haurrak onartzeko prozesua.

13. artikulua. Behin-behineko zerrendak.

1. Hautapen batzordeak foru agindu honetan 16. artikulutik 26.era bitartekoetan xedatutakoaren arabera aplikatuko du dagokion puntuazioa, gurasoek edo legezko ordezkariek eskaeren baremaziorako aurkezten duten dokumentazioaren arabera.

2. Ikaspostuak esleitzeko prozesu arruntaren emaitza, hots, baremoa aplikatu ondoren lortzen den puntuazio ordenaren araberakoa, hautapen batzordeak erabakitzen duen moduan argitaratuko da, honako hauek adierazita: onartuen eta onartu ez direnen behin-behineko zerrenda, bakoitzari dagokion puntuazioa eta eskatzaileek jarraitu behar duten prozedurari buruz behar den informazioa.

3. Onartutako haurren behin-behineko zerrendak, onartu ez direnenak (hots, behin-behineko itxarote zerrendan izanen direnenak) eta, kasua bada, baztertutako haurren zerrendak haur eskolen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak urtero eman beharko duen ebazpenean ezarritako epeen barrenean argitaratuko dira. Argitalpen horretan berariaz adieraziko da zilegi dela behin-behineko zerrenda horien kontra erreklamazioa jartzea, ikastetxeko erakunde titularrari zuzendua, adieraziz zer dela-eta eskatzen den behin-behineko zerrendako puntuazioa berrikustea, edo onarpen prozesuari uko egitea.

4. Ez da inola ere onartuko eskaerak aurkezteko epean aurkeztu ez zen dokumentazio berririk, non ez den aurkezten dagoeneko aurkeztu edo alegatutako dokumentazioak dituen forma akatsak zuzentzeko.

14. artikulua. Haurrak onartzeko eta baztertzeko behin betiko zerrendak eta behin betiko itxarote zerrendak.

1. Erreklamazioak ebatzi ondoren, eta aurkeztutako uko egiteak aplikatu ondoren, halakorik bada, onartutako, baztertutako eta onartu gabeko haurrek osatuko dituzte, hurrenez hurren, onartuen behin betiko zerrendak, baztertuen behin betiko zerrendak eta behin betiko itxarote zerrendak.

2. Zerrenda horiek hautapen batzordeak zehazten duen moduan argitaratuko dira, honako hauek adierazita: bakoitzari dagokion puntuazioa eta eskatzaileek jarraitu beharreko prozedurari buruzko informazioa.

3. Aipatu zerrenda horiek argitaratuko dira haur eskolen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak onarpen prozesua zehazteko urtero eman beharreko ebazpenean ezarritako epeen barrenean.

15. artikulua. Onarpena.

Haur bat ikastetxe batean onartu dela ulertuko da onartutakoen behin betiko zerrendan agertzen denean.

2. ATALA.–HAURRAK ONARTZEKO LEHENTASUNEZKO IRIZPIDEEN ETA IRIZPIDE OSAGARRIAREN EGIAZTAPENA ETA BALORAZIOA

16. artikulua. Anai-arrebaren bat ikastetxe horretan matrikulatuta egotea.

1. Ikastetxean anai-arrebak matrikulatuta egonez gero, horien kopurua edozein izanik ere, 3 puntu emanen zaizkio eskaerari.

2. Hori baloratu ahal izateko, eskatzaileak inguruabar hori adierazi beharko du onarpen eskaeran, eskatutako ikastetxe bakoitzerako.

3. Ikastetxean matrikulatutako anai-arrebatzat joko dira dagoeneko ikastetxe horretan eskolatuta daudenak, baldin eta onartzeko eskatzen den ikasturtean ikastetxe hartan eskolatuta jarraituko badute.

4. Halaber, foru agindu honetan jasotako baremoa aplikatzeko, honako hauek ere anai-arrebatzat hartuko dira:

a) Indarreko legeriaren arabera ezkontza edo bikote egonkorrez osatutako familien seme-alabak, zeinak ez baitute zertan ezkontide bien seme-alabak izan.

b) Legez eratutako tutoretza edo familia-harreraren eraginpeko pertsonak, betiere familia-unitate beraren barruan badaude.

5. Lehentasunezko irizpide hori egiaztatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Familia liburuaren kopia edo zuzenbidean baliozkoa den beste edozein bide, familia lotura frogatzeko balio duena.

b) Tutoretza edo familia-harreraren kasuetan, inguruabar hori egiaztatzen duen ebazpenaren kopia.

c) Ikastetxearen ziurtagiria, alegatutako anai-arreba guztien datu pertsonalak eta matrikulatuta dauden ikasmaila zehazten dituena.

17. artikulua. Gurasoen edo legezko ordezkarien bizilekua edo lantokia gertu izatea.

1. Ikastetxea etxetik hurbil egotea honela baloratuko da:

a) Udal titulartasuneko ikastetxeetan:

–Haurra eta, gutxienez, gurasoetako edo legezko ordezkarietako bat erroldatua egoteagatik eskaeraren xedeko ikastetxea dagoen udalerrian edo eraginpeko eremu geografikoaren barneko udalerri batean (horretarako akordioa ezarria duten udalerrietan): 10 puntu.

–Gurasoetako edo legezko ordezkarietako bat, gutxienez, lanean aritzeagatik eskaeraren xedeko ikastetxea dagoen udalerrian edo eraginpeko eremu geografikoan: 2 puntu.

b) Hezkuntza Departamentuaren titulartasuneko ikastetxeetan:

–Haurra eta, gutxienez, gurasoetako edo legezko ordezkarietako bat erroldatua egoteagatik Nafarroako Foru Komunitateko udalerri batean: 10 puntu.

–Gurasoetako edo legezko ordezkarietako bat, gutxienez, lanean aritzeagatik Nafarroako Foru Komunitateko udalerri batean: 2 puntu.

2. Bizilekua egiaztatzeko kasuan kasuko udalak emandako errolda ziurtagiriaren kopia aurkeztu beharko da; hartan jasota egon beharko du haurra eta guraso edo legezko ordezkarietako bat, gutxienez, udalerri horretan erroldatuta daudela data jakin batean. Data hori zehaztuko da haur eskolen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak onarpen prozedura zehazteko urtero eman beharko duen ebazpenean. Jaio gabeko haurren kasuan, gurasoen edo legezko ordezkarien errolda ziurtagiria.

3. Lantokiaren inguruabarra egiaztatzeko, zaintza eta jagoletza duen guraso edo legezko ordezkariaren lantokia non dagoen adierazten duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.

18. artikulua. Familia-unitatearen per capita errenta.

1. Familia-unitatearen per capita errenta hau izanen da: familia-unitateko kide konputagarri izanik PFEZaren aitorpena egitera beharturik dauden familia-unitateko kide guztien errenta aitorpenean ageri diren likidazio oinarrien batura.

2. Per capita errenta honela kalkulatuko da: familia-unitatearen errenta zati familia-unitateko kide kopurua (dagokion urteko abenduaren 31n).

3. Ondorio praktikoetarako, bada, onarpen prozesurako per capita errenta honela lortuko da: familia-unitatearen urteko errentaren zenbatekoa (dagokion ekitaldikoa) zati familia-unitateko kideen kopurua (aurkeztutako aitorpenean jasotakoak).

4. Familia-unitatearen per capita errenta honela balioetsiko da:

a) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpeneko likidazio oinarria(k) zati aitorpenean agertzen diren familia-unitateko kideen kopurua (aitortzailea, ezkontidea eta, PFEZaren foru araudian ezarri bezala, kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten pertsonak). Emaitza lanbide arteko gutxieneko soldataren erdia edo txikiagoa bada, puntuazio hau emanen da: 3 puntu.

b) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpeneko likidazio oinarria(k) zati aitorpenean agertzen diren familia-unitateko kideen kopurua (aitortzailea, ezkontidea eta, PFEZaren foru araudian ezarrita dagoen bezala, kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten pertsonak). Emaitza lanbide arteko gutxieneko soldataren erdia baino handiagoa eta hiru laurden edo txikiagoa bada, puntuazio hau emanen da: 2 puntu.

c) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpeneko likidazio oinarria(k) zati aitorpenean agertzen diren familia-unitateko kideen kopurua (aitortzailea, ezkontidea eta, PFEZaren foru araudian ezarrita dagoen bezala, kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten pertsonak). Emaitza lanbide arteko gutxieneko soldataren hiru laurden baino handiagoa eta soldata hori bera edo txikiagoa bada, puntuazio hau emanen da: 1 puntu.

d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpeneko likidazio oinarria(k) zati aitorpenean agertzen diren familia-unitateko kideen kopurua (aitortzailea, ezkontidea eta, PFEZaren foru araudian ezarrita dagoen bezala, kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten pertsonak). Emaitza lanbide arteko gutxieneko soldata baino handiagoa bada, puntuazio hau emanen da: 0 puntu.

5. Irizpide hori baloratzeko, eskaera aurkeztu den urte naturaleko aurreko bi urteko ekitaldi fiskalari dagokion familia-unitatearen errenta hartuko da kontuan, eta, ondorio horietarako ere, aintzat hartuko da haur eskolen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak urtero onarpen prozesua zehazteko eman beharreko ebazpena argitaratzen den egunean indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldata.

6. Errenta maila justifikatzeko dokumentazioa izanen da familia-unitatearen kide konputagarri guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren fotokopia. Aitorpena egitera behartuta ez badaude, hori frogatzen duen dokumentazio ofiziala aurkeztu beharko da, eta/edo bestelako errentak edo diru-sarrerak jasotzen direla frogatzen duena, edo, azken buruan, horien zinpeko aitorpena eta/edo ikastetxearen titularra den toki-erakundeak familiaren diru-sarrerak zehazteko beharrezkotzat jotzen dituen agiriak.

19. artikulua. Haurrak desgaitasuna izatea, edo haren guraso, legezko ordezkari edo anai-arrebaren batek.

1. Haurrak desgaitasunen bat badu eta desgaitasun hori ofizialki egiaztatuta badago, 2 puntu emanen dira.

2. Ikaspostua eskatzen duen haurraren gurasoek, legezko ordezkariek edo anai-arrebek desgaitasuna badute, 0,5 puntu emanen dira, baldin eta inguruabar hori ofizialki egiaztatzen badute, eta edozein delarik ere desgaitasuna dutenen kopurua.

3. Desgaitasun aitortua aintzat hartua izan dadin %33koa edo hortik gorakoa izan beharko du.

4. Kasu guztietan, balorazioa egiteko, haurraren anai-arrebatzat joko dira foru agindu honen 16.4 artikuluan jasotako kasu berberak.

5. Lehentasunezko irizpide hau baloratzeko, ezinbestekoa izanen da inguruabar hori ziurtagiri edo dokumentu ofizial bidez egiaztatzea.

20. artikulua. Genero indarkeriaren edo terrorismoaren biktima izatea.

1. Genero indarkeriaren edo terrorismoaren biktima izatearen egoera puntu batekin baloratuko da, bi inguruabarrak edo bietako bat gertatzen bada.

2. Lehentasunezko irizpide hori baloratzeko, ezinbestekoa izanen da inguruabar hori ofizialki egiaztatzea.

21. artikulua. Gurasoek edo legezko ordezkariek ikastetxean lan egitea.

1. Gurasoetako edo legezko ordezkarietako batek ikastetxean lan egitea 0,8 puntuz baloratuko da.

2. Irizpide hori baloratzeko, ezinbestekoa izanen da inguruabar hori ofizialki egiaztatzea. Halaber, kontuan hartu beharko da puntuazioa ezin izanen dela metatu bi gurasoek edo legezko ordezkariek ikastetxe berean lan egiten badute.

3. Honako hauek hartuko dira ikastetxean lan egiten duten guraso edo legezko tutoretzat: dagokion ikastetxearekin funtzionario harremanaren bitartez edo besteren konturako lan kontratuaren bidez lotuta daudenak eta haurrak onartzeko eskaerak aurkezteko ohiko epea amaitzen denean ikastetxean zerbitzua ematen ari direnak.

4. Lehentasunezko irizpide hori egiaztatzeko, ikastetxearen ziurtagiria aurkeztu beharko da, langilearen datu pertsonalak eta plantillaren lantokiari dagozkionak zehaztuta.

22. artikulua. Legez familia ugariko kide izatea.

1. Legez familia ugariko kide izatea 0,8 puntuz baloratuko da.

2. Familia ugaritzat joko da indarreko araudiaren arabera halakotzat aitortzen dena.

3. Legez familia ugariko kide izatearen inguruabarra horretarako ezarritako titulu ofizialaren kopia bidez egiaztatuko da.

23. artikulua. Haurra familia-harrerako egoeran egotea.

1. Haurra familia-harrerako egoeran egotea 0,8 puntuz baloratuko da.

2. Ikaspostua eskatzen duen haurraren familia-harrerako egoera aintzat hartuko da baldin eta harrera-egoera hori behar bezala formalizaturik eta ofizialki egiaztaturik badago.

24. artikulua. Familia gurasobakarra izatea.

1. Haurra guraso bakarreko familiako kide bada, 0,8 puntu emanen dira.

2. Guraso bakarreko familia duela egiaztatzeko, inguruabar hori jasotzen duen titulu ofizialaren kopia aurkeztu beharko da.

25 artikulua. Erditze anizkoitzean jaioa izatea.

1. Haurra erditze anizkoitzetik sortutakoa bada, 0,8 puntu emanen dira.

2. Inguruabar hori jasotzen duen titulu ofizialaren kopia aurkeztu beharko da hori egiaztatzeko.

26. artikulua. Irizpide osagarria.

1. Lehentasunezko irizpideak baloratuta berdinketarik gertatzen bada, foru agindu honen 12. artikuluko 3. eta 4. apartatuetan ezarritakoa aplikatuko da haiek hausteko, eta hala ere berdinketak badirau, irizpide osagarria erabiliko da, hots, gurasoen edo legezko ordezkarien lan-egoerarena edo egoera akademikoarena.

2. Gurasoen edo legezko ordezkarien lan-egoera edo egoera akademikoa honela baloratuko da:

a) Familia orokorren kasuan:

Puntu bat emanen da bi gurasoak edo legezko ordezkariak honako egoeretako batean badaude: lanean, Gizarte Segurantzan alta emanda, lehentasunezko dedikazioa eskatzen duten ikasketa arautuak egiten (dedikazioak behar bezala justifikatuta egon beharko du) edo ezintasun iraunkor absolutuko edo baliaezintasun handiko egoera aitortuan.

b) Guraso bakarreko familien kasuan edo guraso bakarreko familia izan gabe zaintza eta jagoletza esklusiboa duen gurasoaren kasuan:

Puntu bat emanen da gurasoa honako egoeretako batean badago: lanean, Gizarte Segurantzan alta emanda, lehentasunezko dedikazioa eskatzen duten ikasketa arautuak egiten (dedikazioak behar bezala justifikatuta egon beharko du) edo ezintasun iraunkor absolutuko edo baliaezintasun handiko egoera aitortuan.

3. Ikasketa araututzat hartzen dira titulu akademiko ofizialak eskuratzeari begira egiten direnak: DBH, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, unibertsitateko titulazioak eta abar. Ikasketei lehentasunezko dedikazioa ematen zaiela joko da baldin eta interesduna matrikulatuta badago ikasturte oso bat osatzen duten kreditu edo orduen %80an gutxienez, ikasturtean zehar eta kasuko ikasketa planaren arabera.

4. Gurasoen edo legezko ordezkarien lan-egoera edo egoera akademikoa honela egiaztatuko da:

–Besteren kontura lan eginez gero, Gizarte Segurantzan edo dagokion mutualitatean alta emanda egotearen ziurtagiri ofiziala, eskaerak aurkezteko epea amaitu aurreko 30 egunean emana.

–Norberaren kontura lan eginez gero, mutualitate orokorrean edo Gizarte Segurantzan dagokion araubidean eta ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda dagoela egiaztatzen duen agiri ofiziala, eskaerak aurkezteko epea amaitu aurreko 30 egunean emana.

–Eszedentzian egonez gero hiru urtetik beherako seme-alabak zaintzeko, eszedentziaren jakinarazpena aurkeztu behar da. Lan-egoera aktibotzat hartzeko, idatziz zehaztu beharko da lanera itzuliko dela ikasturtea hasi ondoko hilabete eta erdi baino lehen.

–Ikasten arituz gero, matrikularen, ikasturteko egutegiaren eta ordutegiaren frogagiri ofiziala.

–Kasua bada, gurasoetako edo legezko tutoreetako bati ezintasun iraunkor absolutuagatik edo baliaezintasun handiagatik pentsio bat dagokiela frogatzen duen agiria.

5. Gurasoen edo legezko ordezkarien lan-egoerari edo egoera akademikoari buruzko irizpide osagarria aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, foru agindu honen 12.6 artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

3. ATALA.–HAURRAK ONARTZEKO PROZESU ARRUNTAREN AZKEN JARDUKETAK

27. artikulua. Matrikula egitea.

1. Toki-erakundeak zehaztuko du matrikulak non eta nola egin behar diren; epea, aldiz, haur eskolen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak urtero eman eta argitaratu behar duen ebazpenean ezarriko da.

2. Matrikula egiteko, beharrezkoa da haurrak 16 aste beteak izatea ikasturtea hasten den egunean, edo urtebete, urte batetik beherako haurrendako instalaziorik ez duten ikastetxeen kasuan.

3. Ezarritako epean matrikularik egiten ez bada, edo matrikula eskaerak ez badu eskatzen den dokumentazio guztia biltzen, ikaspostuari uko egiten zaiola joko da, eta beste bati esleituko zaio itxarote zerrendako hurrenkerari jarraikiz.

4. Ikastetxeko erakunde titularrak halaxe ezartzen duen udalerrietan, matrikula egiten bada eskatutako aukeretako batean, ulertuko da uko egiten zaiela ikastetxe bereko edo udalerri bereko beste edozein ikastetxetako gainerako aukerei.

5. Matrikula egiteko unean aurkeztu beharreko dokumentazioa zein den zehaztuko da haur eskolen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak onarpen prozedura zehazteko urtero eman beharko duen ebazpenean.

6. Ezin izanen da matrikula egin, aldi berean, Nafarroako Foru Komunitatearen ikastetxe publiko batean baino gehiagotan.

28. artikulua. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak.

1. Hezkuntza Ekitaterako Baliabideen Zentroko (NHEBZ) arreta goiztiarreko lantaldeko profesionalek zehaztuko dute zer irizpide erabiliko diren hezkuntza premia bereziak dituzten haurrei hezkuntza-laguntzako baliabide espezifikoak esleitzeko.

2. Hezkuntza premia bereziak dituzten haurrei hezkuntza-laguntzako baliabide espezifiko bat esleitu bazaie Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroak (NHEBZ) egindako eskaera baten ondorioz, haur horiek ez dira zenbatuko, talde-ratioaren ondorioetarako, matrikulatuta dauden taldean edo matrikulatuko diren taldean.

3. Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroak (NHEBZ) geografikoki antolatuko du haur eskoletara sartzekoak diren eta hezkuntza premia bereziak dituzten haurren banaketa eta kokapena, behin haurrak onartzeko ohiko epea amaituta.

29. artikulua. Bajak.

Inguruabar hauek baja ekarriko dute:

a) Gurasoek edo legezko ordezkariek baja eskatzea.

b) Haurra ikastetxean ez hastea ikasturtea hasi eta 15 egun natural iraganik, non ez dagoen horretarako arrazoi justifikaturik.

c) Behin ikastetxean hasita, ondoz ondoko 15 egun naturalean ikastetxera ez joatea, non ez dagoen horretarako justifikaziorik.

III. KAPITULUA.–HAURRAK OHIKO EPETIK KANPO ONARTZEKO PROZESUA

30. artikulua. Ohiko epetik kanpoko eskaerak eta matrikulak.

1. Itxarote zerrendan dauden haurrak ikastetxean matrikulatzen ahalko dira, puntuazio-ordenari zorrotz jarraituta, ikasposturen bat hutsik geratzen denean; horretarako epe bat egonen da, hain zuzen, haur eskolen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak urtero eman beharreko ebazpenean zehaztuko duena, ebazpen horren bidez zehaztutako baita funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetako onarpen prozesua.

2. Haurrak onartzeko eskaera berriak aurkezten ahalko dira, matrikula egiteko ohiko epea amaitu ondoren eta haur eskolen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak onarpen prozesua zehazteko urtero eman beharreko ebazpenean zehazten duen egunera arte, baldin eta ikasturtea hastean haurrak 16 aste beteak baditu, edo urtebete, adin horretatik beherakoentzako instalaziorik ez dagoen ikastetxeen kasuan.

3. Eskaera horiek kontuan hartuko dira baldin eta ikaspostu hutsik badago onarpen prozesu arruntean sortutako itxarote zerrenda agortu ondoren. Ikaspostua esleituz gero, berehala egin beharko da matrikula, eta haur eskolan hasi.

4. Oro har, ez da eskaerarik onartuko behin igarota haur eskolen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak onarpen prozesua zehazteko urtero eman beharreko ebazpenean zehazten duen eguna. Salbuespenez, epe hori bukatutakoan ere matrikulatzen ahalko dira haurrak, erakunde titularrak kasuan kasuko haur eskolarekin koordinaturik hala erabakitzen duenean, betiere Hezkuntza Departamentuak oniritzia ematen badu. Matrikulazio horiek ez dute eskubiderik emanen hurrengo ikasturtean ikaspostua erreserbatzeko.

31. artikulua. Haurrak onartzeko prozesu berezia.

1. Haurrak onartzeko prozesu berezia abiatzen ahalko da ikastetxe berrietan edo lehendik dauden ikastetxeetan unitate kopurua handitzen denean; halakoetan men eginen zaio, kasu guztietan, Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 27ko 79/2012 Foru Aginduaren 4.6 artikuluan ezarritakoari.

2. Ikastetxe sortu berrien kasuan, horretarako sortutako hautapen batzordeak zehaztuko ditu prozesuko jarduketa bakoitzerako epeak, Hezkuntza Departamentuari jakinarazi ondoren.

Lehen xedapen gehigarria.–Datu pertsonalak babestu eta konfidentzialtasunez tratatu beharra.

1. Haurren eta horien familien datu pertsonalak lortzeko, tratatzeko eta ikastetxe batetik bestera igortzeko, datu pertsonalak babesteari buruz indarrean dagoen legerian xedatutakoa bete beharko da.

2. Foru agindu honetan xedatutakoa aplikatuz lortutako informazio guztia bertan aurreikusitako helburuetarako baino ezin izanen da erabili, eta isilpekotasun eta konfidentzialtasun betebeharraren eraginpean egonen dira haurrak onartzeko eta matrikulatzeko prozesuan betetzen duten eginkizunagatik informazio hori eskuratzeko aukera duten pertsona guztiak.

Bigarren xedapen gehigarria.–Haurraren guraso-ahala dutenen arteko desadostasunak.

1. Haurraren guraso-ahala duten pertsonen artean desadostasunak sortzen diren kasu guztietan, ebazpen judizialetan xedatutakoari jarraikiko zaio, edo, kasua bada, pertsona horiek onartutako bitartekariak hezkuntza gaietan guraso-ahala baliatzeari buruz hartutako erabakian ezarritakoari.

2. Ebazpen judizialik –edo, hala badagokio, bitartekariaren akordiorik edo ebazpenik– aurkeztu ez bada, edo emandako ebazpenetik ez bada ondorioztatzen nori dagokion erabakia, harik eta hura aurkezten den edo hori argitzen den arte honako irizpide hauek aplikatuko dira:

a) Nafarroako hezkuntza sisteman lehen aldiz sartzen diren haurrak onartzean, honako alderdi hauek hartu beharko dira kontuan, betiere ikaspostu hutsik egonez gero:

–Desadostasuna haurra eskolatzeko udalerriari buruzkoa baldin bada, eta gurasoak edo legezko ordezkariak ez badira udalerri berean bizi, haurraren zaintza esleiturik duen gurasoa edo legezko ordezkaria bizi den udalerria lehenetsiko da haurra eskolatzeko, edo haurra norekin bizi ohi den, haren udalerria. Zaintza partekatua bada edo haurra bi gurasoekin berdin bizi bada, lehentasuna emanen zaio, lehenik eta behin, haurrak anai-arrebak dituen ikastetxeari, eta, halakorik ezean, gurasoetako edo legezko ordezkarietako edozeinen bizilekutik hurbilen dagoen ikastetxeari.

–Desadostasuna haurra eskolatzeko ikastetxeari buruzkoa bada, udalerri berean, haurrak anai-arrebak dituen ikastetxea lehenetsiko da, eta, halakorik ezean, zaintza esleiturik duen guraso edo legezko ordezkariak hautatutako ikastetxea, edo haurra norekin bizi ohi den, hark hautatutakoa. Zaintza partekatua bada edo haurra bi gurasoekin berdin bizi bada, lehentasuna emanen zaio, lehenik eta behin, haurrak anai-arrebak dituen ikastetxeari, eta, halakorik ezean, gurasoetako edo legezko ordezkarietako edozeinen bizilekutik hurbilen dagoen ikastetxeari.

b) Ikastetxez aldatu nahi izanez gero, lehentasuna emanen zaio haurra dagoeneko eskolatutako dagoen ikastetxean jarraitzeari, salbu eta aldaketa hori haurraren zaintza esleituta duen gurasoaren edo legezko ordezkariaren bizileku aldaketaren ondorio bada, edo haurra norekin bizi ohi den, haren bizileku aldaketaren ondorio. Zaintza partekatua bada edo haurra bi gurasoekin berdin bizi bada, lehentasuna emanen zaio haurra eskolatuta dagoen ikastetxean jarraitzeari, harik eta dagokion ebazpen judiziala edo bitartekariaren akordioa edo ebazpena aurkezten den arte.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Urte berean jaiotako anai-arreben eskaerak.

Urte berean jaiotako anai-arreben eskaerarik egonez gero, haurretako bat onartzeak berekin ekarriko du gainerakoak ere onartzea.

Laugarren xedapen gehigarria.–Dokumentazioa artxibatzea eta gordetzea.

1. Funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetako erakunde titularrek onarpen prozesuari dagokion dokumentazio guztia artxibatu eta gorde beharko dute, haurrak ikastetxea uzten duenetik bost urte igaro arte gutxienez ere.

2. Dokumentazio hori Hezkuntza Administrazioaren eskura egonen da, egoki iritzitako egiaztapenak eta ikuskapenak egiteko.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetako erakunde titularren arteko hitzarmenak.

Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetako erakunde titularrek zilegi izanen dute hitzarmenak egitea, beren titulartasuneko lehen zikloko ikastetxeetan onarpen prozesu bateratu bat garatzeko, elkarrekin. Halakoetan, hautapen batzorde bakarra edo batzuk eratzen ahalko dira, eta hitzarmenean zehaztuko da, besteak beste, batzorde horien eta onarpen prozesuan jarraitu beharreko jarduketak, foru agindu honetan ezarritakoa oinarri hartuta, betiere.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indargabetu egin dira foru agindu honetan ezarritakoaren aurkako maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2024ko martxoaren 1ean, Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2403800