73. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Iruñeko Udaleko Osoko Bilkuraren Erregelamendu Organikoa aldatzea. Behin betiko onespena

Iruñeko Udaleko Osoko Bilkurak erabaki hau hartu zuen 2024 martxoaren 7an:

PLE 07-MAR-24 (3/CP).

«Ikusirik administrazio-espedienteari erantsitako 2024ko martxoaren 1eko irisgarritasun-txostena eta 2024ko martxoaren 4ko txosten juridikoa, Ikerketa Batzordearen figura erregelamendu organikoan txertatzeko xedez Osoko Bilkuraren Erregelamendu Organikoaren hasierako aldaketaren erabakia jendaurrean paratuta, eta jendaurrean egondako epean erreklamaziorik, eragozpenik edo oharrik jaso gabe,

ERABAKITZEN DA:

1. Baliozkotzea 2023ko azaroaren 2ko Osoko Bilkurak "PLE 02-NOV-23 (4/CP)" hasiera batean onetsitako erabakia, zeinak Iruñeko Udaleko Osoko Bilkurako Erregelamendu Organikoa aldatzea hasiera batez onetsi baitzuen Ikerketa Batzordearen figura txertatzeko, hura erabaki horren eranskin moduan gehituta.

2. Hasiera batez onetsitako erabakiaren arabera egindako jendaurreko informazioaren tramiteak gordetzea.

3. Behin betiko onestea Iruñeko Udaleko Osoko Bilkurako Erregelamendu Organikoaren aldaketa, Erregelamendu horretan Ikerketa Batzordearen figura txertatzeko, 2023ko azaroaren 2ko Osoko Bilkuraren "PLE 02-NOV-23 (4/CP)" erabakiaren eranskinarekin bat.

4.–Erabaki hori eta Iruñeko Udaleko Osoko Bilkuraren Erregelamendu Organikoaren aldaketaren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, erregelamendu horretan Ikerketa Batzordearen figura txertatzeko 2023ko azaroaren 2ko Osoko Bilkuraren "PLE 02-NOV-23 (4/CP)" erabakiaren eranskinarekin bat.»

Iruñean, 2024ko martxoaren 14an.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.

ALDAKETA IRUÑEKO UDALEKO OSOKO BILKURAREN ERREGELAMENDU ORGANIKOAN

102. artikulua. Motak.

Osoko Bilkurak hainbat batzorde izanen ditu, eta horiek iraunkorrak, ez-iraunkorrak eta ikerketakoak izaten ahalko dira.

VI. KAPITULUA.–IKERKETA-BATZORDEAK

113 bis artikulua. Ikerketa-batzordeak.

Udalbatzaren barruan batzordeak eratzen ahalko dira Alkatetza duenaren eta haren gobernu-taldearen kudeaketaren jarraipenean zein Udalaren eskumenen esparruan arreta berezia merezi duen edozein gai ikertzeko, eta behin ikerketa amaituta deuseztatu eginen dira.

113 ter artikulua. Sorrera.

Ikerketa Batzordeak Osoko Bilkurak sortuko ditu, eta onestean, honek erabakiko du haien xedea onargarria den ala ez. Xede hori onespeneko erabakian bertan zehaztu eta mugatuko da. Batzorde iraunkorretarako ezarritako ordezkaritza bera izanen dute, betiere ordezkariak Alkatetzak izendatuko dituelarik, Udal-talde bakoitzeko bozeramaileek proposatuta.

Alkateak izendatuko du nor izanen den batzordeburua.

113 quater artikulua. Funtzionamendua.

1. Halako batzordeek edonor premia dezakete bertan agertzeko, ikertzen ari den aferarekin harremana duelakoan edo egoki joz gero haren lekukotasuna. Agerraldi hori borondatezkoa izanen da, Udalbatzako kideen kasuan izan ezik. Era berean, kasuan kasuko batzordearen berariazko xederako komeni diren agiri eta txosten guztiak eskatzen ahalko dituzte, eta beste Administrazio Publiko batzuei ikerketan borondatez parte har dezaten eskatzen ahalko diete, eskura dituzten datuak eman ditzaten.

2. Batzordea osatzen dutenek udal-zerbitzuei eskatzen ahalko dizkiete ikerketaren xede diren egitateak argitzeko behar diren aurrekariak eta agiriak. Batzordearen jarduerak pertsonei buruzko datu orokorrak eskatu, erabili edo sortzea badakar, datu horiek sexuaren arabera bereiziko dira.

Halaber, ikerketa batzordeak ematen dituen txostenak, aktak edo bestelako agiriak hizkuntza inklusibo eta ez-sexista erabiliz idatzi beharko dira, genero maskulinoa balio generikoz erabiltzea saihesteko.

3. Batzordearen funtzionamendua honakoa izanen da:

a) Saio bakoitzak bi ordu eta erdi iraunen du gehienez.

b) Agerraldiak honela eginen dira:

–Agertzen den pertsonak 10 minutu arteko txanda izanen du lehen parte-hartzean.

–Ondoren, talde bakoitzak 10 minutu izanen ditu agertutako pertsonari galderak egiteko (galdera-erantzunen txanda).

–Ondoren, talde guztiek 5 minutuko galdera-erantzunetarako txanda izaten ahalko dute agertu denari galderak egiteko.

–Nahi izanez gero, agerraldia amaitzeko, agertutako pertsonak 5 minutuko parte hartzeko txanda baliatu ahal izanen du.

c) Agerraldiak ez diren bilkuretako gai-zerrendako puntuetan, talde bakoitzak hitza hartzeko 2 txanda izanen ditu, gehienez ere 5 minutu eta 2 minutukoak, hurrenez hurren.

4. Saioak ez dira publikoak izanen bertaratzen direnen eskubidea babesteko, baina Batzordearen irizpena onesteko Osoko Bilkurako eztabaida eta irizpena bera publikoak izanen dira.

Ikerketa Batzordeko idazkariak bilkura bakoitzaren akta eginen du eta hitzez hitz eta osorik jasoko ditu saioen nondik norakoak. Horretarako, Akten Departamentuko transkripzio zerbitzua erabiliko da.

5. Nolanahi ere, bertaratzen direnen oinarrizko eskubideak bermatuko dira, bai intimitateari, bai ohoreari, norberaren irudiari, sekretu profesionalari, kontzientzia-klausulari, errudun ez aitortzeko eskubideari edo beren buruaren aurka ez deklaratzeko eskubideari eta beren ideologia, erlijio edo sinesmenei buruz ez deklaratzeko eskubideari dagokienez.

6. Batzordea eratzeko eta haren helburua azaltzeko lehenengo saio bat eginen da, eta astebeteko epea irekiko da agerraldiak eta/edo dokumentazioa eskatzeko eskaerak aurkezteko. Batzordeburuak bost egun balioduneko epea izanen du eskatutako agerraldiak eta dokumentazioa biltzeko. Salbuespen gisa, Udalaz kanpoko pertsonak direnean, 7 egun baliodunekoa izaten ahalko da. Epe hori iraganik, batzordea osatzen duten kideei baieztatu diren agerraldien berri emanen zaie eta eskatutako agiri guztiak entregatuko dira. Gehienez ere hamabost eguneko epean egin beharko da hurrengo bilkurarako deia. Ondorengo bilkuretarako deia gehienez ere hamar eguneko epean egin beharko da, bidezko arrazoirik izan ezean. Batzordeburuak bilkurak amaitzea proposatuko du Ikerketa Batzordea irizpena egiteko gai dela uste duenean. Irizpen hori batzordearen gehiengo soilak berretsi beharko du.

7. Agerraldirako deia egin eta agertzea borondatezkoa izanik bertaratzea ontzat ematen dutenei deitutako batzordearen bilkura baino hamar egun lehenago dei egin beharko zaie. Aurrez, agerraldirako eskaeraren berri ematen zaien unean, batzordearen xedearen berri emanen zaie, eta baita haiek berariaz agertu behar izatearena ere. Horrez gain, batzordeak esku artean dituen agiri guztien berri emanen die, haien agerraldia prestatzeko interesgarriak izan litezkeelakoan. Era berean, jakinaraziko zaie ez dutela beharrekotzat jotzen ez dituzten galderei erantzun beharrik.

8. Artikulu hauetan jasota ez dagoen orotan, batzorde informatiboei buruz araututakoari eginen zaio men.

113 quinquies artikulua. Amaiera.

1. Ikerketa Batzordea irizpena egiteko gai dela uste duenean Batzordeburuak bilkurak amaitzea proposatuko du eta Batzordeak gehiengo soilez berretsi beharko du erabaki hori.

2. Batzordeak bozketa bidez hartuko ditu erabakiak, gehiengo soilez, batzordeburuak edo kideen herenak proposatuta batzorde honen lanak amaitzeko unea ere barne.

3. Lan horien amaieran, Ikerketa Batzordeari bidaliko zaizkio Udal-talde bakoitzak atera dituen ondorioak.

Ikerketa Batzordeak talde txostengile bat izendatuko du, Udal-taldeetako kideek osatua, irizpen proposamen bat egin eta Batzordeari aurkezteko.

Irizpen-proposamena egin ondoren, Ikerketa Batzordeari igorriko zaio, eztabaidatu, zuzenketak aurkeztu eta onespena emateko.

Ikerketa Batzordeak irizpena onetsi ondoren, halakorik izanez gero aurkeztu diren boto partikularrekin batera, Osoko Bilkurara bidaliko dira eztabaidatu eta onesteko.

113 sexies artikulua. Ordezkaritza eta osaera orekatua.

Batzordea osatzeko garaian, gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua kontuan hartuko da, Berdintasunaren Udal Ordenantzan jasotako moduan.

Iragarkiaren kodea: L2405489