73. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ENDERIZKO KONTZEJUA

Ordenantza, herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Enderizko Kontzejuak, 2023ko abenduaren 19an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2024ko 8. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 11n, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi, eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1190 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin.

Enderitzen, 2024ko martxoaren 8an.–Kontzejuko burua, M.ª Jesús Uriz Villanueva.

ORDENANTZA, ENDERIZKO KONTZEJUAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, Enderizko udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzeko.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herritar guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen. Haien izaeran eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe xedatzen dena Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan.

II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK

5. artikulua. Enderizko Kontzejuari dagozkio herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko ahalmenak, ordenantza honetan azaltzen den eran.

Enderizko Kontzejuak herri-ondasunei buruz hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Enderizko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ez dela lortzen ahal beste bide batzuk baliatuz, hala nola lagapena edo kargen ezarpena, horiexek baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da beti, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen diren edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Enderizko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira, herri-ondasun gisa.

Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.2 artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiko zaio (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATU ETA BERRESKURATZEA

7. artikulua. Enderizko Kontzejua ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen dio edozein pribatizazio saiori, edo herri-ondasunetarako kaltegarri izan daitekeen edozein ekintzari.

8. artikulua. Enderizko Kontzejuak berez berreskuratzen ahalko du, noiznahi, herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik dagokion prozedura abiarazita, ofizioz edo salaketa bidez, interesdunari entzunaldia emanda eta legelariak txostena eginda, non jasoko baitira usurpatu den jabetza frogatzeko behar adina agiri eta froga. Hori guztia eginen da toki administrazioari buruzko foru legedian ezarritako prozedurari jarraikiz.

Halaber, Kontzejuak akzio zibilak sustatuko ditu, horiek beharrezkoak direnean herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Enderizko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura direla eta. Kontzejuak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horiei buruzko erabakia.

10. artikulua. Enderizko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko berariazko onespena beharko du, transakziorik egin nahi izanez gero ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren.

11. artikulua. Enderizko Kontzejuak administrazio-bidea erabiliko du beti, baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak azkentzeko, eta horretarako ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Enderizko Kontzejuak herri-ondasunei buruzko kontratuetan parte hartzen duenean, berak interpretatuko ditu kontratu horiek, eta berak ebatziko ditu, halaber, haiek betetzean sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala betearaziko dira, horrek galarazi gabe kontratisten eskubidea bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Enderizko Kontzejuak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren akzioak sustatzen ez dituenean, posible izanen da auzotarren akzioa,Toki Entitateen Erregelamenduaren 26. artikuluak xedatzen duen eran. Akzio horrek aurrera egiten badu, sorturiko gastuak itzuli beharko dizkio Enderizko Kontzejuak auzotarrei.

14. artikulua. Debekatuta dago ezer eraikitzea herri-lurretan. Ordenantza hau indarrean jarri lehen ziren eraikuntzetan mantentze-lanak egiten ahalko dira, Enderizko Kontzejuak aldez aurretik baimena emanda eta Olaibarko Udalaren behar den obra lizentzia eskuratuta. Enderizko Udalak aztertuko du beharrezkoak diren abeltzaintzako azpiegiturak (uraskak, jateko askak eta abar) paratzeko aukera, edo aldi baterako bestelako instalazio batzuk. Horretarako, adjudikaziodunak aldez aurretik eskatu beharko dio Kontzejuari, eta horrek berariaz onetsi beharko du.

IV. TITULUA.–HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDU MOTAK

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

15. artikulua. Honako aprobetxamendu hauek arautzen ditu ordenantzak:

a) Herri-larreen aprobetxamenduak.

b) Epaitzen aprobetxamenduak.

c) Herri-laborantzen aprobetxamenduak.

d) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

16. artikulua. Betiere, daitekeena da Enderizko lurzatiak biltzeko espedienteak herri-lurrak ukitzea eta, horrenbestez, arestian aipatutako aprobetxamenduak errentan emanen dira baldin eta herri-lur horiek benetan erabilgarri badaude.

17. artikulua. Enderizko Kontzejua ahaleginduko da herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori guztia.

18. artikulua. Oro har, Enderizko herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.

b) Udaleko biztanleen udal erroldan inskribatua egotea gutxienez urtebete lehenagotik.

c) Enderitzen bizitzea urtean bederatzi hilabetez bederen, egiazki eta jarraian.

d) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

e) Azienda alta emanda edukitzea Azienden Erroldaren Erregistroan (Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan), ustiapenaren liburuan agertzea eta Enderizko Kontzejuaren baimena izatea jarduera hori egiteko.

f) Bestelako azienda izanez gero, hala nola erleak, txerriak, hegaztiak edo beste batzuk, Enderizko Kontzejuak kasu bakoitza aztertuko du.

Lursail bererako bi eskaera badaude, eta lursail horren zatiak adjudikatzeko irizpideak berberak badira, kontuan hartuko da aziendaburuen kopurua. Aprobetxamendua zatitzea baldin badago, zatiketa modu proportzionatuan egiteko aukera aztertuko da; hau da, bakoitzak daukan aziendaburu kopuruaren arabera.

19. artikulua. Zuzenean adjudikatutako lur guztiak erregistratzeko liburua eramanen du Enderizko Kontzejuak, eta hartan sartuko ditu onuradunen izenak, datu pertsonalak, lurraren azalera eta kokapena, bai eta izandako aldaketak ere.

II. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA

20. artikulua. Enderizko Kontzejuaren herri-larreek ustiapen unitate bakarra osatzen dute, eta unitate horren barnean sartzen dira udalerriaren titulartasuneko herri-lur guztiak.

21. artikulua. Herri-lurretako aprobetxamenduez baliatzeko epea 10 urte izanen da, eta 5 urtez luzatzen ahalko da ondoz ondo, Enderizko Kontzejuak aurretik berrikusita.

22. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez eginen da.

Ordenantza honen 17. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak izanen dira herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren onuradun.

23. artikulua. Herri-larreen adjudikazioan, Enderizko Kontzejuak nekazaritza eta gizarte arloko irizpideak erabiliko ditu. Lehentasuna emanen zaie jarduera nagusia abeltzaintza edo nekazaritza duten familia-unitateei eta ekonomikoki apalenak direnei.

24. artikulua. Aurreko artikuluan aipatu bezala, familia-unitateen maila ekonomikoa zehazteko, irizpide objektiboak erabiliko ditu Enderizko Kontzejuak, hala nola: pertsona fisikoen errenta, landa-, azienda- eta industria-kontribuzioen kapital zergapegarria, hiri-kontribuzioaren kapital zergapegarria –norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta–, eta horren gisako beste zeinahi datu.

25. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta debeku dira azpierrentamendua zein lagapena.

Onuradunen artean herri-lurren aprobetxamendua trukatzeko, nahitaez, interesdunek aldez aurretik eskaera egin beharko dute, eta Enderizko Kontzejuaren baimena eskuratu.

Horri dagokionez, Enderizko Kontzejuak iritziko dio ez direla herri-larreak zuzenean aprobetxatzen, baldin eta familia-unitateen titular diren herritarrek beren azienda kentzen badute Nafarroako Gobernuko Azienden Erroldaren Erregistrotik.

26. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak ziurtagiria beharko du, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan eskatzen diren baldintzak (Herri-larreetan bazkatzen diren azienden osasun babesari buruzko Foru Legea), eta bete beharko dira lege horretan nahiz haren erregelamenduetan ezarritako gainerako baldintza guztiak.

27. artikulua. Adjudikatutako herri-lurretan itxiturak egiteko, Enderizko Kontzejuaren baimena beharko da. Itxiturak izan daitezke zurezkoak, taketak burdin hariekin eta landarez osatutakoak. Debeku da itxiturak egitea fabrika-obraz, adreiluz, hormigoi-blokez edo antzekoez, eta behar den txaparekin identifikatuko dira.

28. artikulua. Herri-lurrak jabetza pribatuko lurrekin batera ixten ahalko dira, betiere mugarriekin behar bezala seinalatuta eta herri-lurrak direla adierazten duten txapak paratuta.

29. artikulua. Enderizko Kontzejuak, hiru hilabete aurretik onuradunei jakinarazita, baliorik gabe utz ditzake aprobetxamenduen adjudikazioak, baldin sustatzen badu herri-lur horietan zuhaitzak landatzea edo beste hobekuntza batzuk egitea.

Aditzera ematen da laborantzako lurren aprobetxamendua bertan behera uzteak ez duela ekarriko kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik onuradunarentzat. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.

30. artikulua. Enderizko Kontzejuak azienda moten arteko baliokidetasun hauek ezartzen ditu:

a) Bai behi-aziendako buru helduek bai zaldi-aziendako buru helduek AzLU bateko (1) balioa dute (azienda larriko unitatea).

b) Heldua ez den behi-aziendako edo zaldi-aziendako buru batek, edo zaldi-azienda txikiak (poneyak) 0,7 AzLUko balioa du.

c) Ardi-aziendako edo ahuntz-aziendako buru batek 0,15 AzLUko balio du.

Enderizko Kontzejuak baliokidetasun eta baldintza horiek aldatzen ahalko ditu, ingurumen arloko legedia edo gainerako araudia aplikatu behar izanez gero, edo Nafarroako Gobernuak hala gomendatzen duenean, edo komenigarritzat jotzen bada herri-lurretako larreak eta mendiak egoera onean mantentzeko.

31. artikulua.

1. Larreetan txerriak bazkatzeko aukera berariaz aztertuko da. Horretarako, aldez aurretik, jasangarritasunari buruzko txostenak egin beharko dira.

2. Erlauntzak paratzeko baimena Enderizko Kontzejuko Batzarrak onetsi beharko du.

32. artikulua. Tarifak.

Urteko tarifak ezarriko dira azienda mota bakoitza larratzeko, herri-lurrak xede horretarako erabiltzeagatik. Tarifak ezartzeko, Enderizko Kontzejuaren irizpide objektiboak baliatuko dira, eta automatikoki luzatuko dira, Enderizko Kontzejuak kontrakorik erabaki ezean:

Ordenantza honetan ezarritako larratze kuotak aldatzen ahalko dira Enderizko Udalak egoki deritzonean, teknikari eskudun bati kontsulta egin ondoren larreen benetako balioari buruz eta egiten diren azpiegitura edo hobekuntzak amortizatzeko kostuari buruz, halakoak egiten direnean. Kuotak betiere aldatuko dira aldaketa egitea erabaki den urte naturala bukatu baino lehen, tarifa berriak hurrengo urtearen hasieran jar daitezen indarrean.

Abeltzainek ez dute ordaindu beharko baldin eta, osasuneko kutsadura arriskuagatik, larreak aprobetxatzeko eskubidea kentzen bazaie, edo istripuz hildako abere bat ez badute beste batekin ordezten.

Adjudikaziodunen behin betiko zerrenda onetsi eta hilabeteko epean ordainduko dira tarifak.

Azalera baliokidearen ziurtagiria: ordainketa egin ondoren, Enderizko Kontzejuak ziurtagiri pertsonalak emanen dizkie horiek eskatzen dituzten adjudikaziodunei.

III. KAPITULUA.–EPAITZEN APROBETXAMENDUA

33. artikulua. Mendian aski baldin badago, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Enderizko Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 17. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

34. artikulua. Enderizko Kontzejuak urtero ezarriko du, herritarrek eskaera eginda, familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Enderizko Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

35. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ez du zilegi izanen saltzea.

36. artikulua. Adjudikaturiko epaitzetatik kanpora, botatzeko diren zuhaitzak adjudikatuko ditu, urtero, Enderizko Kontzejuak.

37. artikulua. Enderizko Kontzejuak urtero ezarriko du etxerako egurra aprobetxatzeagatik ordaindu beharreko kanona, kontuan harturik epaitzak markatzea, bideak konpontzea eta lanak ekartzen dituen beste gastu batzuk. Gastu horiek betiere behar bezala justifikatuko dira, eta izan beharko dute epaitzei zuzenean egozten ahal zaizkienak. Enderizko Kontzejuak aukeran izanen du kanonik ez ezartzea, mendia garbi egon dadin errazteko eta sustatzeko.

38. artikulua. Zozketa publikoaren bidez adjudikatuko dira epaitzak. Behar adina epaitza ez badago, daudenak zozketatuko dira, eta hurrengo epaitzetan zerrendako gainerako eskatzaileek izanen dute lehentasuna.

39. artikulua. Epaitza biltzeko epea zortzi hilabete da zozketaren egunetik hasita, Kontzejuak berariazko baimena eman ezean.

Onuradunak behartuta daude egurra eraman ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendiko pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, kasu eginen zaie Enderizko Kontzejuak ematen dituen jarraibideei.

Debeku da zaborrak botatzea mendian (plastikoak, latak, etab.). Horiek bildu eta dagozkien zaborrontzietara bota beharko dira.

Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei urtebetez ukatuko zaie aprobetxamendu honen emakida, eta %100eko errekargua izanen dute kanonean, kanonik ezartzen bada.

Adjudikaziodun batek ez badu aprobetxatzen ematen zaion epaitza eta beste bat eskatzen badu hurrengo urtean, berriz ere aurreko urtekoa adjudikatuko zaio, moztu gabeko lotea bada. Aprobetxatzen ez duen bitartean, adjudikaziodunak ezin izanen du etxerako beste epaitzarik eskatu, eta moztu gabeko lote hori zozketatik kanpo geldituko da.

Emakidadunek erantzun beharko dute, baldin eta aprobetxamenduaren ondorioz mendian kalte edo galerarik gertatzen bada, eta ordaina ematera beharturik egonen dira, bai eta dagozkien zehapenak ordaintzera ere, halakorik badago.

IV. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA

40. artikulua. Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Herritarrentzako lehentasunezko adjudikazioko aprobetxamenduak.

b) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidezko adjudikazioa edo Enderizko Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Enderizko Kontzejuak hiru modu horiek baliatuko ditu laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA.–HERRITARRENTZAKO LEHENTASUNEZKO ADJUDIKAZIOKO APROBETXAMENDUAK

41. artikulua.

1. Aprobetxamendu modu horren onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek bete beharko dituzte 16. artikuluan ezarritako baldintzak, eta familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerek izan beharko dute lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak, edo familia-unitatearen diru-sarrerek izan beharko dute, guztira, soldata hori halako bat eta erdi baino txikiagoak.

2. Familia-unitatean baldin bada ezintasun fisikorik edo psikikorik duen kiderik, agiri bidez frogatuta, kide horietako bakoitzeko kontuan hartu beharreko diru-sarrera izanen da lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren parekoa.

3. Errenta mailak zehazteko aintzat hartu beharreko irizpideek datu objektiboak izanen dituzte oinarri, hala nola pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak edukitzea errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez, landa-lurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergapegarria, hiri-lurraren gaineko kontribuzioaren kapital zergapegarria –norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta–, jardueretan aritzeari dagokion tokiko zerga-oinarria, eta horren gisako beste zeinahi datu.

42. artikulua.

1. Honako azalera hau ezarri da eredu-lotetzat, modu honetan:

–Lehorreko lurrak: 14 erregu.

–Ureztalurrak: 7 erregu.

2. Zehazteko zenbat lote emanen zaizkien 18. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio eredu-loteari:

a) 3 kide bitarteko familia-unitateentzat, 1 koefizientea; hau da:

–14 erregu lehorreko lurretan edo 7 erregu ureztalurretan.

b) 4 kidetik 6ra bitarteko familia-unitateentzat, 2 koefizientea; hau da:

–28 erregu lehorreko lurretan edo 14 erregu ureztalurretan.

c) 7 kidetik 9ra bitarteko familia unitateentzat, 3 koefizientea, hau da:

–42 erregu lehorreko lurretan edo 21 erregu ureztalurretan.

d) 9 kide baino gehiagoko familia-unitateentzat, 5 koefizientea; hau da:

–70 erregu lehorreko lurretan edo 35 erregu ureztalurretan.

43. artikulua.

1. Enderizko Kontzejuak, kontuan harturik herri-lurren ezaugarriak eta herritarren egoera soziala, proportzionalki apaltzen ahalko ditu 19. eta 20. artikuluetan aipatzen diren faktoreak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aldez aurretik baimena ematen badu eta behar den bezala justifikatuz gero, baina ez handitu, ordea.

2. Enderizko Kontzejuak laborantzako herri-lurren ehuneko berrogeita hamarra erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.

44. artikulua. Aprobetxamendua ez da 8 urtetik beherakoa izanen. Urte anitzeko laboreen kasuan, eta Enderizko Kontzejuak baimendu ondoan, epe hori laborearen balio-bizitzaren arabera luzatzen ahalko da.

45. artikulua. Herri-lurzatien onuradunek honako kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu modu honetan:

–Lehorreko lurrak: 9 euro erreguko eta urteko.

–Ureztalurrak: 15 euro erreguko eta urteko.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, nekazaritzako KPIaren (kontsumoko prezioen indizea) igoera gehituz gehienez ere. Betiere, kanonak izan beharko du, gutxienez, Enderizko Kontzejuak bere gain hartzen dituen kostuak estaltzeko adinakoa.

46. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste era batez ustiatu.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza zenbaiten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan elkartzen badira eta kide guztiek 18. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

47. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, adjudikaziodunak edo bere familia unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honen 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izango dute hartu, non ez duten horretara behartzen sasoien edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek. Alabaina, zuzeneko laborari pertsonalaren izaera ez da galduko soldatapekoak hartzen badira, gerora erasandako eritasun bat edo aldi baterako beste arrazoi bat gertatzeagatik, Enderizko Kontzejuaren iritziz lurra norberak lantzea eragozten duena. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Enderizko Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Enderizko Kontzejuaren iritziz, behin betikoa bada eta herri-lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 26. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

48. artikulua. Ezintasun fisikoagatik edo beste arrazoiren batengatik, titularrak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, dela adjudikatzeko unean, dela aprobetxamenduaren epean zehar, hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez adjudikatuko ditu Enderizko Kontzejuak lurzati horiek, hau da, herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez. Enderizko Kontzejuak adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie lurzatien onuradunei, kanona kendu ondotik..

Enderizko Kontzejuak badu ahalmena ezintasun fisikoa edo beste arrazoiren bat noiz gertatzen den erabakitzeko, eta egoki iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Laborantza apartzerian ematen duten edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaldia bukatu arte.

Lurra kentzeko, aurretik Enderizko Kontzejuak espedientea irekiko du eta interesdunari entzunaldia emanen dio.

Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.

49. artikulua. Enderizko Kontzejuak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honako kasu hauetan iritziko zaio ez dela zuzeneko laborantza pertsonalik egiten:

a) Nekazaritzako makinak edukita, horiek ez erabiltzea adjudikatutako herri-lurrak lantzeko.

b) Landazain Zerbitzuaren edo Herri-lurren Batzordearen aburuz, adjudikatutako lurzatiak pertsonalki lantzen ez direnean, ordenantza honen 24., 25. eta 26. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

c) Honako alderdi hauen gaineko frogagiriak eskatu (adjudikaziodunek berek edo Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak) eta agindu epean aurkezten ez badira: lur-lantzeak egin izana, lehengaiak erosi izana eta produktuak saldu izana.

d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean ez bada aitortzen nekazaritzako etekinik, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Adjudikatutako lurzatiaren %80 bederen ez lantzea.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarren batzuei errentan ematea.

2. ATALA.–HERRITARRENTZAKO ZUZENEKO ADJUDIKAZIOKO APROBETXAMENDUAK

50. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titular diren herritarren artean.

51. artikulua. Enderizko Kontzejuak erabakiko du zuzenean adjudikatzen diren loteen azalera, herritarrentzako lehentasunezko adjudikazioa egin ondoan, eta gelditzen den azaleraren eta eskatzaile kopuruaren arabera eginen da, familia-unitate bakoitzak dituen diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan edo ustiategiak duen tamainaren alderantzizko proportzioan, adjudikaziodunak nekazariak izanez gero.

52. artikulua. Adjudikazioaldia 22. artikuluan ezarritako berbera da.

53. artikulua. Herri-lurzatien onuradunek honako kanon hauek ordainduko dituzte, aprobetxamendu modu honetan:

–Lehorreko lurrak: 16 euro erreguko eta urteko.

–Ureztalurrak: 25 euro erreguko eta urteko.

Zenbateko hori proposaturiko kanonari dagokio eta urtero eguneratuko da, gehienez ere nekazaritzako KPIaren arabera.

54. artikulua. Adjudikaziodunak zuzenean eta pertsonalki eginen du laborantza eta, horretarako, jarraikiko zaie 24, 25, 26 eta 27. artikuluei.

55. artikulua. Enderizko Kontzejuak laborantzako herri-lurrak erreserbatuko ditu onuradun berriei adjudikatzeko, gehienez ere lur horien azaleraren %5.

Toki-erakundeak behin-behinekoz adjudikatzen ahalko ditu aurreko apartatuan aipatzen diren erreserbako lurrak, baina behin-behineko adjudikazio hori indarrik gabe geldituko da baldin aprobetxamendua lehentasuna duen beste onuradun bati ematen bazaio. Behin-behineko adjudikazioetan, baldintza suntsiarazle hori ezarriko da, besteak beste.

56. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurren eskaintza gainditzen badu, behin lehentasuna duten herritarrentzako adjudikazioa egin ondoren, ezetsiko dira diru-sarrera handienak dituzten familia-unitateen titularren eskaerak.

Familia-unitateen errenta mailak zehazteko, jarraikiko zaie ordenantza honen 18.3 artikuluan ezarritako irizpide berei.

3. ATALA.–KONTZEJUAREN ZUZENEKO USTIAPENA EDO ENKANTE PUBLIKOA

57. artikulua. Enderizko Kontzejuak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, baldin badago laborantzako lurrik sobera, enkante publikoan eginen du adjudikazioa, eta hurrengo adjudikazioa noiz egin behar den, bada, ordura arteko epea emanen du.

Kontzejuak ezarriko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa, eta hura izanen da inguruko gisako lurrak errentan emateko prezioaren antzekoa. Zenbateko horiek nekazaritzako KPIaren arabera eguneratuko dira, urtero.

Enkantea egin ondoren laborantzako lurrik gelditzen bada sobera, Enderizko Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA.–ADJUDIKATZEKO PROZEDURA

58. artikulua. Enderizko Kontzejuak horretarako erabakia harturik, 15 egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herri-lurzatien adjudikazioa eska dezaten. Epea hasi aurretik, betiere, ediktua argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Kontzejuaren iragarki-taulan, eskabideak onartzeko epea adierazirik.

59. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko da, edo behar diren frogagiriak, honako hauen gainean:

a) Herriko biztanlea izatea, gutxienez 4 urte lehenagotik, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Egunean izatea kontzeju honekiko zerga betebeharrak.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Herritarrentzako lehentasunezko adjudikazioko aprobetxamenduetarako, eskatzaileek adieraziko dute ea haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.

d) Familia-unitateko kide bakoitzak laborantzako zenbateko azalera duen jabetzan, bai Enderizko Kontzejuan bai beste batzuetan; lehorreko lurrak ala ureztalurrak diren zehaztuko da.

e) Familia-unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal-mugarte honetan, bai beste batzuetan; lehorreko lurrak ala ureztalurrak diren zehaztuko da.

f) Familia-unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko ondasunen zergapeko kapitalak, kenduta norberaren etxebizitzari dagokiona, bai udal-mugarte honetan, bai beste batzuetan, bai eta kide bakoitzak dituen aziendaburuen kopurua eta horien espeziea ere.

g) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, abeltzaintzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentatakoak.

Zinpeko deklarazioa egiaztatzeko, Enderizko Kontzejuak badu ahalmena beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa eskatzeko, errenta mailak egiaztatze aldera, agiri eta datu objektiboetan oinarrituak, 18.3 artikuluan zehazten den bezala.

60. artikulua. Herri-lurren Batzordeak proposaturik, Kontzejuak, osoko bilkuran, onartuen zerrenda onetsiko du adjudikatzeko modu bakoitzean, hots, herritarrentzako lehentasunezko adjudikazioan eta zuzeneko adjudikazioan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

61. artikulua. Aprobetxamendu modu bakoitzeko behin-behineko zerrendak Kontzejuaren iragarki-taulan paratuko dira 15 egun balioduneko epean, eta interesdunei jakinaraziko, egokitzat jotako alegazioak egin daitezen. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa bilakatuko da.

62. artikulua. Alegaziorik eta zuzendu beharreko akatsik izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta onetsiko du modu bakoitzean herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda.

63. artikulua. Ikusita herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia-unitateen titularren behin betiko zerrenda, ordenantza honen 20. artikuluan ezarritako ezaugarriak eta azalerak dituzten loteak adjudikatuko dira.

Laborantzako herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, Kontzejuak laborantzako loteak adjudikatuko dizkie herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren behin betiko zerrendan dauden familia-unitateen titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera izanen dira ordenantza honen 29. artikuluaren araberakoak.

Lurzatien adjudikazioa burututa, jendaurrean paratuko da iragarki-taulan, hamabost egunean, onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurzatien zerrenda. Enderizko Kontzejuak osoko bilkuran onetsiko ditu zerrendak.

64. artikulua. Alegaziorik baldin bada argitaratutako zerrenden aurka, horiek ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

V. KAPITULUA.–HERRI-LURRETAKO BESTE APROBETXAMENDU BATZUK

65. artikulua. Ehizaren aprobetxamendua, herri-lurrak sartuz eratzen diren barrutietan, eginen da dagokion foru araudian ezarritakoari jarraikiz.

66. artikulua. Kasu bakoitzerako Kontzejuak prestatzen duen baldintza-agiriaren arabera eginen dira herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiapena eta herri-lurretan egin nahi den beste zeinahi aprobetxamendu edo hobekuntza. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira hamabost egunez gutxienez, eta Foru Komunitateko Administrazioak onespena eman beharko du.

V. TITULUA.–ADJUDIKATZEKO PROZEDURA

67. artikulua. Aprobetxamendurako eskabideei honako hauen gaineko zinpeko deklarazioa erantsiko zaie:

a) Enderizko biztanle izatea, gutxienez hiru urte lehenagotik, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Egunean izatea kontzeju honekiko zerga betebeharrak, bai eta beste toki-erakunde batzuekikoak ere, eskatzailea haiei loturik badago.

c) Kontzeju honetan zein beste batzuetan, zenbateko lur-azalera edukitzen den jabetzan, eta zein laborantza mota (baratzeak, euntzeak eta abar).

d) Enderizko Kontzejuak beharrezkotzat jotzen duen beste datu oro.

68. artikulua. Enderizko Kontzejuak ezarriko du eskabideak aurkezteko epea, eta hura argitara emanen du, iragarki eta ediktuen bidez, Kontzejuaren iragarki-taulan, Diario de Navarra egunkarian eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

69. artikulua. Interesdunek eskabideak aurkeztuko dituzte Enderizko Kontzejuan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean jasotako bideak baliaturik.

70. artikulua. Eskabideei agiri hauek erantsi beharko zaizkie:

a) NANaren fotokopia edo identitatea frogatzen duen beste agiri baten fotokopia.

b) Olaibarko Udalak emandako errolda-ziurtagiria.

c) Identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena edo hori aurkeztetik salbuetsita egotea frogatzen duen agiria.

e) Azken udal hauteskundeetan bozkatzeko tokiaren txartelen fotokopia.

f) Laborantzako lurren jabetza-agiriaren fotokopia.

71. artikulua. Enderizko Udalak, kasua bada, balorazio batzorde bat izendatuko du eskaerak aztertzeko, korporazioko hiru kidek osatuko dutena, bai eta Nafarroako Gobernuko ordezkari batek ere, buru lanetan.

72. artikulua. Eskaeren gaineko ebazpena emateko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik zenbatzen hasita. Balorazio batzordeak erabaki dezake ebazteko epea luzatzea, beste hiru hilabeterako gehienez, uneko inguruabarrak direla medio, eta horren berri eman beharko zaie interesdunei.

73. artikulua. Balorazio batzordeak zozketa eginen du, adjudikaziodunen zerrenda prestatuko du, eta horren onespena proposatuko dio Enderizko Kontzejuari, aintzat harturik ordenantza honen 22. artikuluan ezarritako irizpideak.

74. artikulua. Enderizko Kontzejuak balorazio batzordeak proposaturiko adjudikazioak onetsi, eta adjudikaziodunen zerrenda argitara emanen du Kontzejuaren iragarki-taulan eta ordenantza honen 40. artikuluan aipatzen diren egunkarietan.

75. artikulua. Interesdunek hamabost eguneko epea izanen dute alegazioak aurkezteko, Enderizko Kontzejuari zuzendurik, eginiko adjudikazioei buruz. Alegazioak aurkezteko epea iraganik, aprobetxamendu kontratuak formalizatuko dira.

76. artikulua. Interesdunek hamabost eguneko epea izanen dute aprobetxamendu kontratua sinatzeko, Kontzejuak hala eskatzen dienetik zenbatzen hasita. Kontratua ez bada epe horretan formalizatzen, ulertuko da interesdunak uko egiten diola aprobetxamenduari, eta beste eskatzaile bati eginen zaio adjudikazioa.

77. artikulua. Enderizko Kontzejuak eman gabe utz dezake aprobetxamendua, eskatzailerik bat ere ez dagoenean edo behar den epean eskabiderik aurkeztu ez denean.

78. artikulua. Larreen eta egurraren aprobetxamendua eginen da ekainaren 1etik hurrengo urteko maiatzaren 31ra arte. Epaitzak biltzeko epea zortzi hilabete da zozketaren egunetik hasita, Alkatetzak berariazko baimena eman ezean.

79. artikulua. Enderizko Kontzejuak adjudikazioa errebokatzen ahalko du, honako arrazoi hauek tarteko:

a) Ez betetzea ordenantza honetan ezarritako baldintzaren bat.

b) Familia-unitatea Enderizko udal-mugartetik joatea urtean sei hilabetez baino gehiagoz.

c) Aprobetxamenduaren titularraren heriotza.

d) Herri-ondasunaren desafektazioa.

e) Aprobetxamendua bertan behera uztea justifikaziorik gabe.

80. artikulua. Aprobetxamendu bat errebokatzen bada, hura zerrendako hurrengo eskatzaileari adjudikatuko zaio, zozketan ezarritako ordenari jarraikiz.

81. artikulua. Enderizko Kontzejuak ordenantza hau dela-eta ezartzen dituen zehapenak arau-hausteen garrantziaren arabera mailakatuko dira, hain zuzen, kategoria hauetan:

a) Falta arinak: arau-hauste hauek izaera formalekoak dira, ez diete era larrian eragiten interes orokorrei, eta ez dute sortzen onura ekonomikorik arau-hauslearentzat. Zehapena izaten ahalko da 150 euro bitarteko isun bat.

b) Falta astunak: arau-hauste hauetan prozedura engainagarri edo iruzurrezkoak erabiltzen dira, edo interes orokorrei nabarmen eragiten diete, edo arau-hauslearentzat onura ekonomikoa sortzen dute. Zehapena izaten ahalko da 151 eurotik 1.000 eurora bitarteko isun bat.

c) Falta oso astunak: arau-hauste hauek interes orokorrei asko eragiten diete, haien larritasuna dela-eta, eta onura ekonomikoa sortzen dute arau-hauslearentzat. Zehapena izaten ahalko da 1.001 eurotik 3.000 eurora bitarteko isun bat.

Enderizko Kontzejuaren herri-lurretan eginiko arau-hausteen mailak honela definitzen dira:

–Arau-hauste arinak:

1.–Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

2.–Ubide edo erretenetako eta abarretako irteerak bideetan isurtzea.

3.–Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion beste zeinahi egitate edo ekintza oro, arau-hauste astun edo oso astun gisa sailkaturik ez dagoena.

–Arau-hauste astunak:

1.–Adjudikazio baten epean hiru arau-hauste arin egitea.

2.–Adjudikazioa lortzeko, gezurrezko datuak ematea.

3.–Fede gaiztoz, Enderizko Kontzejuari ez ematea adjudikazio baldintzetan gerora izandako aldaketen berri.

4.–Lanak egitea ordenantza honek baimentzen ez dituen sasoietan, larreen eta/edo basoen ustiapenaren kaltetan.

5.–Harriak edo bestelako gaiak botatzea bideetan, altxonbideetan edo herri-lurretan, Enderizko Kontzejuaren baimenik gabe.

6.–Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

–Arau-hauste oso astunak:

1.–Herri-lurrak erabiltzea haien adjudikazioa izan gabe.

2.–Zuhaitzak moztu edo botatzea, behar den baimena izan gabe.

3.–Ordenantza honetan jasotzen ez den beste edozein arau-hauste interpretatu, tipifikatu eta zehatuko du Tokiko Gobernu Batzarrak, Hirigintza eta Landa Batzordeak proposaturik.

82. artikulua. Zehapenak ezarriko dira Enderizko Kontzejuaren ebazpen baten bidez, horretarako espedientea instruitu ondoren. Zehapen prozedura izanen da uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoaren araberakoa (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

83. artikulua. Enderizko Kontzejuak zehapenen arloan emaniko ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako modu eta epeetan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

84. artikulua. Zehapenak berehala betearaziko dira, eta interesdunak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko du bi hilabeteko epean, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.

85. artikulua. Behar diren zehapenez gain, Enderizko Kontzejuak, orobat, emaniko aprobetxamenduak errebokatzen ahalko ditu, ordenantza honetan ezarritako moduan.

86. artikulua. Ez badira betetzen ordenantza honetan ezarritako betebeharrak, Enderizko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari eskatzen ahalko dio dena delako ondasuna desafektatutako herri-ondasun gisa deklara dezala, bat etorriz abenduaren 18ko 17/1984 Foru Legearekin (Nafarroako Auzokide Erkidegoei buruzkoa).

87. artikulua. Aprobetxamenduak trukatzea.

Onuradunen arteko aprobetxamendu-trukeak egiteko, aldez aurretik baterako eskaera egin eta adostasuna agertu beharko dute trukeak ukitutako interesdunek, eta Kontzejuak baimena eman beharko du.

88. artikulua. Adjudikaziodunen gainerako betebeharrak.

Herri-lurzatien adjudikaziodunek, besteak beste, honako betebehar hauek izanen dituzte:

Aprobetxamendurako betebehar orokorrak:

–Ez lantzea ezponda, ertz, altxonbide, bide eta erroitzetako lurrak.

–Ez botatzea harririk edo beste gairik bide, altxonbide edo herri-lurretan.

–Azienden idoietatik urik ez hartzea, eta ez erabiltzea tratamendu fitosanitarioak egiteko makineriarik horretarako.

–Dauden zuhaitzak ez moztea, behar den gobernu-organoak baimena eman ezean.

–Ez landatzea labore iraunkorrik (fruta-arbolak, zainzuriak...), Enderizko Kontzejuaren baimena eman ezean.

–Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, horretarako erabiltzea.

–Ureztapen eskubidearen kanon finkoaren kostu osoa ordaintzea; horretarako, urte bakoitzaren abenduaren 31 baino lehen ordainduko zaio kontzeju honi. Urte osoak ez direnean, kontratuan jasotako hilabeteei dagokien zati proportzionala ordainduko da.

–Ez isurtzea bideetara ubide edo erretenetako eta abarretako irteerak.

–Ez erretzea herri-lurzatietako uztondoak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.

Ordenantza honetan ezarrita ez dagoen orotarako, honako hauek aplikatuko dira era osagarrian: 17/1984 Foru Legea, abenduaren 18koa, Nafarroako Auzokide Erkidegoei buruzkoa; 1/1997 Foru Legea, otsailaren 17koa, Nafarroako Toki Araubideari buruzkoa, eta aplikagarri diren gainerako legeak.

Bigarrena.

Ordenantza hau indarrean jarriko da Enderizko Kontzejuak behin betiko onetsi, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, eta indarrean segituko du aldatzen ez den edo espresuki indargabetzen ez den bitartean, prozedura bera baliaturik.

Hirugarrena.

Kontzejuak aztertu eginen du herri-lurretan erlauntzak paratzeko aukera, horretarako eskaerarik egiten bada. Oinarrizko tarifa bat ezarriko da, eta hura urtez urte aldatzen ahalko da, osoko bilkuran hala erabakirik.

Erlauntzak: 1,15 euro bakoitzeko. Baldin horien titularrak badira gizarte segurantzako nekazaritzako norbere konturako langileentzako sistema berezian alta emanda daudenak: 0,58 euro bakoitzeko.

Laugarrena.

Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak onetsiko ditu toki-erakundeak; aldez aurretik, 15 egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Udalak ebatziko ditu.

Iragarkiaren kodea: L2404138