73. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

NOAIN ELORTZIBAR

Deialdia, Kontu-hartzailetza Alorrari atxikitako diplomadunaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez bete dadin

2024ko martxoaren 20an Alkatetzak emandako 2024-0132 zenbakidun Ebazpenaren bidez, onetsi ziren honako deialdi honen oinarri arautzaileak: deialdia, oposizio-lehiaketa bidez bete dadin Noain Elortzibarko Udalaren Kontu-hartzailetza Alorrari atxikitako diplomadunaren lanpostu bat. Orobat, agindu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzeko.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Noain Elortzibarren, 2024ko martxoaren 22an.–Alkatea, Sebastián Marco Zaratiegui.

OINARRIAK

1. Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen helburua da oposizio-lehiaketa bidez betetzea Noain Elortzibarko Udalaren zerbitzuko Kontu-hartzailetza Alorrari atxikitako diplomadunaren lanpostu bat, funtzionarioen araubidekoa eta B mailakoa, destinoa Zerbitzu Ekonomikoen Arloan duena, eta lanpostu zenbakia 3.3 duena.

Era berean, eta 12. oinarrian ezarritakoarekin bat, deialdi honen xedea da diplomadunaren lanpostua aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda bat eratzea, probak gainditu bai baina hautapen prozeduran lanposturik lortzen ez duten izangaiekin.

1.2. Izendapenaren ondorioz hautatzen dena Udaleko funtzionario izanen da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartuko da, eta hartan kidetuko.

1.3. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien B mailako ordainsariak ditu lanpostuak, baita plantilla organikoan soldatarako ezarritako ordainsari osagarriak ere.

1.4. Urteko lanaldia izanen da Udalaren bulegoetako gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.

1.5. Bete beharreko eginkizunak deialdian azaldutako kategoriari eta mailari dagozkionak izanen dira. Besteak beste, azalpen gisa, eta ez modu mugatzailean, honako hauek zerrendatzen dira:

a) Udaleko kontu-hartzaileari laguntzea bere kategoriaren barruko zereginetan.

b) Agentzia exekutiboa:

b1) Ekitaldian egin beharreko jarduerak antolatzea eta denbora planifikatzea, kontu-hartzailearekin (diru-biltzaile exekutiboa) koordinatuta.

b2) Agentzia exekutibo aurreratuaren zereginak (zorra bideratzea...).

b3) Premiamenduzko zorra duten zergadunen ondasunak eta eskubideak ikertzeko lanak.

b4) Konkurtso egoeran dagoen zorra ikertzea eta betearaztea.

b5) Derrigorrezko diru-bilketatik eratorritako alegazio eta errekurtsoen ebazpenari buruzko txostenak egitea.

c) Tributuen ikuskapena:

c1) Zerga-ikuskapeneko planak aztertzea eta diseinatzea, kontu-hartzailearekin koordinatuta. (Ikuskatzaile aktuarioa).

c2) Zerga-ikuskapenetik eratorritako alegazio eta errekurtsoen ebazpenari buruzko txostenak egitea.

c3) Bisitak kontu-hartzailearekin batera. (Ikuskatzaile aktuarioa).

c4) Kalkulu aritmetikoak, likidazioak eta ordainagiriak.

d) Udal zergak erantzukizun osoz kudeatzea, udaleko kontu-hartzailearen jarraibideen arabera.

2.–Baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Izatea Espainiako nazionalitatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa, jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuei.

Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Enpresa Zientzietako diplomadun tituluaren edo horren baliokidearen jabe izatea, edo arlo ekonomikoaren, enpresaren, kontabilitatearen edo finantzen graduarena (Gizarte eta Zuzenbide Zientzien Jakintza Arloa); edo Zuzenbideko graduarena; edo Ekonomiako, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako, Enpresa Zientzietako, edo gainditu izana Zientzia Aktuarial eta Finantzarioetako lizentziaren lehenengo hiru ikasmailak, urriaren 10eko 1272/2003 Errege Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat, edo, bestela, titulua lortzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekina, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez da aplikatuko baldin izangaiek beren lanbide kualifikazioaren aitorpena lortu badute, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.

2.2. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek.

3.–Eskaerak, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu. Eskaerak II. eranskineko ereduaren arabera aurkeztuko dira.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek Noain Elortzibarko Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu behar dute eskabidea, edo, bestela, modu telematikoan, Interneten bidez, www.noain.es helbidean, deialdi honen aipuan sartuz.

Desgaitasuna duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute probak egiteko, denboran edo baliabideetan, hala eskatu beharko dute eskabidean, eta zehaztu beharko dute, horretarako ezarritako tokian, zer egokitzapen eskatzen duten eta/edo zer moldaketa behar duten denboretan eta/edo baliabideetan. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskabidea aurkeztean, 3.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Tasak.

Ordaindu beharreko zenbatekoa:

–14,78 euro, oro har.

–Doakoa, lanik izan ez eta prestaziorik kobratzen ez dutenendako.

Azterketa egiteko eskubideen tasa ordaintzen ez bada edo, behar denean, frogagiria aurkezten ez bada, izangaia baztertu eginen da. Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera aurkeztu beharra behar den epean eta moduan.

3.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskabidea aurkezteko unean, izangaiek aurkeztu beharko dute dokumentazio eskaneatu hau, kasuaren arabera:

–Nortasun Agiri Nazionalaren kopia.

–Azterketa eskubideagatiko tasa ordaindu izanaren frogagiria. Langabetua izanez gero, dagokion enplegu-bulegoak emandako ziurtagiria erantsi beharko da. Ziurtagiri horretan, langabe gisa izena emandako eguna adieraziko da.

–Deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera, izangaiek lehiaketaldian baloratzeko alegatzen dituzten merezimenduen frogagiriak. Horren ondorioetarako, eskabidearekin batera, aurkezten diren merezimenduak frogatzeko agirien zerrenda zenbakitua aurkeztu beharko da. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

3.–Desgaitasuna izanik, probak egiteko denboretan edota bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek, komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, alkateak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.4. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

–Epaimahaiburua: Sebastián Marco Zaratiegui, Noain Elortzibarko Udaleko alkate udalburua.

–Epaimahaiburu ordezkoa: Francisco Javier Erro Lacunza, Noain Elortzibarko Udaleko lehen alkateordea.

–1. epaimahaikidea: Carlos Revilla Pascual, Noain Elortzibarko Udaleko kontu-hartzailea.

–1. epaimahaikide ordezkoa: Mercedes Arnedo Lana, Galarko Udaleko idazkari kontu-hartzailea.

–2. epaimahaikidea: Mirari Aranguren Irigoyen, NUKFeko (Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa) aholkulari ekonomikoa.

–2. epaimahaikide ordezkoa: Asunción Nieto Zabala, NUKFeko aholkulari juridikoa.

–3. epaimahaikidea: Rosana Ugarte, Corellako Udaleko kontu-hartzailea.

–3. epaimahaikide ordezkoa: Nuria Mateos Crisóstono, Milagroko Udaleko kontu-hartzailea.

–4. epaimahaikidea: Begoña Lausín Serrano, Langileria Batzordearen ordezkaria.

–4. epaimahaikide ordezkoa: Roberto Ojer Aramendía, Langileria Batzordearen ordezkaria.

–Idazkaria: Víctor Manuel Mendívil Zubizarreta, Noain Elortzibarko Udaleko idazkaria.

–Idazkari ordezkoa: Jesús Litago Zardoya, Cortesko Udaleko idazkaria.

5.2. Epaimahaia hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organo horren eraketak eta jarduketek balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

Oposizio-lehiaketa bi fasetan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi, eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.0. Lehiaketaldia eta balorazioa.

6.0.1. Kalifikazio-epaimahaiak baloratuko ditu lehiatzaileek alegatutako eta frogatutako merezimenduak lehiaketaldian, deialdiaren III. eranskineko baremoari jarraikiz.

Aurkezten diren frogagiriek baremoaren aplikaziorako beharrezkoa den informazio guztia jaso beharko dute.

Justifikatu gabeko merezimenduak ez dira baloratuko.

Kalifikazio-epaimahaiak egoki iruditzen zaizkion zehaztapenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko dizkie lehiatzaileei, alegatutako merezimenduak argitze aldera. Eskaera hori posta arruntaren bidez edo interesdunaren helbide elektronikora jakinaraziz egin daiteke, betiere, azkeneko bide horri dagokionez, lehiatzaileak horrela egitea onartu baldin badu berariaz deialdi honetan parte hartzeko eskaeran.

6.0.2. Lehiaketaldiaren balorazioa ez da baztergarria izanen. Gehienez ere 10 puntukoa izanen da.

6.0.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

6.0.4. Egindako zerbitzuen ziurtagiriak eman beharko ditu lan egindako administrazio edo lantoki bakoitzean ziurtapenak egiteko ahalmena duen organoak, eta agiri horietan datu hauek agertu beharko dute nahitaez:

–Bete den lanpostua eta zein administraziotan edo lantokitan aritu den.

–Zerbitzu-ematearen iraupena, noiztik noiz arte, zehaztuta zenbat egun diren guztira.

–Izangaiek administrazio publikoetan zerbitzua eman duten bitartean, administrazio egoera bakoitzean egindako aldiak, zein egunetatik zein egunetara izan diren zehaztuta.

6.0.5. Epaimahaiak baremoaren apartatu bakoitzean izangaiei aintzat hartutako merezimenduak baloratuko ditu. Ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak aurretik alegatu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du apartatu bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

6.0.6. Lehiaketaldia bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du parte-hartzaile bakoitzak lortutako puntuazioa www.noain.es webgunean, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek erreklamazioak aurkez ditzaten eta beren eskubidearen arabera komeni zaiena alega dezaten balorazio horri buruz.

6.1. Oposizioa ez da hasiko 2024ko urria baino lehen. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Epaimahaiak argitara emanen du gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin eta deialdi honen 11. oinarrian ezartzen den moduan, hurrengo probarako deia; bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du, eta oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adieraziko du.

Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

Oposizioaldiko ariketa bakoitzaren kalifikazioa amaitutakoan, kalifikazio-epaimahaiak jendaurrean jarriko du www.noain.es webgunean, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, bakoitzaren kalifikazioekin. Horrez gainera, oposizioko hurrengo proba non, zein egunetan eta zein ordutan eginen den adierazten duen oharra argitaratuko du, gutxienez hura hasi baino 48 ordu lehenago.

6.2. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.

Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaiendako eginen dira posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak, eskaeran azaltzen dutenaren arabera.

6.3. Oposizioak proba hauek izanen ditu:

6.3.1. Lehenbiziko proba:

teorikoa; gai-zerrenda osoan dauden gaiei buruz, labur erantzun beharreko galdera sorta bat erantzutea idatziz. Ariketa hau egiteko izangaiek izanen duten denbora epaimahaiak erabakiko du, baina ez da 4 ordutik gorakoa izanen.

Probak egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

Proba honetan, gehienez ere, 45 puntu lor daitezke.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

6.3.2. Bigarren proba:

teoriko-praktikoa izanen da. Kasu teoriko-praktiko bat edo batzuk garatu eta ebatzi beharko dira idatziz. Epaimahaiak proposatuko ditu kasuak, eta lotura izanen dute bai ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren gaiekin bai lanpostuaren berezko eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren ezagutzekin.

Probaren hasieran, epaimahaiak zehaztuko du zenbat denbora utziko zaien izangaiei proba egiteko.

Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, salbu kalkulagailu ez-programagarriak eta mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza.

Proba honi dagokion puntuazioa 45 puntukoa izanen da gehienez ere.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

6.4. Plika sistemaren bidez eginen dira ariketak.

6.5. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak www.noain.es webgunean (deialdiaren fitxan) argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematika bidez.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

7.1. Lehiaketaldia eta oposizioaldia amaitu ondoren, kalifikazio-epaimahaiak argitaratuko ditu oposizioa gainditutakoen zerrenda eta lortutako kalifikazioak, txandaka eta lortutako puntuazioaren hurrenkeraren arabera banatuta. Zerrenda hori, lehiaketaldian lortutako puntuazioarekin batera, helaraziko zaio Noain Elortzibarko Udaleko Alkatetzari, baldintzak egiaztatzeko izapideak egin ditzan. Azken kalifikazioa lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioen batura izanen da.

7.2. Berdinketarik gertatuz gero, bigarren ariketan puntu gehien lortu dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, lehen ariketan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan.

8.–Betekizunak frogatzea.

Alkatetzak 10 egun balioduneko epea irekiko du, probak gainditu dituzten izangaiek behar diren agiriak aurkez ditzaten baldintza hauek betetzen dituztela frogatzeko, ezartzen den bidea erabiliz:

–Deialdiko 2.1.1.c) apartatuan eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Epaimahaiak, espediente osoarekin batera, proposamena igorriko dio Alkatetzari, lehenengo tokian agertzen den gainditutako pertsona izendatzeko.

Izendapen proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita deialdiaren fitxan ere, 11. oinarrian ezarritakoarekin bat.

9.2. Proposatzen den izangaiak dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturaleko epean:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Osasun ziurtagiria, lanpostuan aritzea guztiz eragozten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzen duena.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintzetako bat betetzen dutela frogatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko egintza guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko apartatuan jasotako kasuan, Alkatetzak hutsik geratu den lanpostua beteko du 7. eta 8. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendaren arabera lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

9.5. Deialdi honen xedeko lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa baldin bada eskudantziak betetzeko, Alkatetzak proposatzen den izangaiari eskatuko dio, eta hark aurkeztu beharko du, deialdi honen 9.2 apartatuan ezarritako moduan.

10.–Izendapena, lanpostu hutsaren adjudikazioa eta jabetza hartzea.

10.1. Alkatetzak, ebazpen baten bitartez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia izendatuko du Noain Elortzibarko Udaleko funtzionario, eta lanpostu hutsa esleituko dio.

10.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko dute izendatua, eta izanen ditu Noain Elortzibarko Udaleko funtzionarioentzat indarrean dauden xedapenetan ezarrita dauden eskubide eta betebehar guztiak. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko da, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

Izendatzen denak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaionetik hasita.

Epe horretan eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez duenak galduko ditu Noain Elortzibarko Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak. Hala bada, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.

10.4. Funtzionario bihurtzen den izangaiari, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere deialdiaren 9.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.

11.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, Interneten argitaratuko da proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio orokor guztia ere, hots, https://www.noain.es helbidean, deialdi honi dagokion fitxan.

12.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

12.1. Bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin eta aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen prozesuan parte hartu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin:

1.–Hautapen prozesua gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

2.–Hautapen prozesuko proba guztiak gainditu ez baina probaren bat gainditu duten izangaien zerrenda.

12.2. Alkatearen ebazpen baten bidez onetsiko dira, bai hautapen prozesua gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda, bai hautapen prozesuko probaren bat gainditu duten izangaien zerrenda.

Hautapen prozesua gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrendako hurrenkerak lehentasuna izanen du hautapen prozesuko probaren bat gainditu duten izangaien zerrendaren aldean. Hautapen prozesuan lortutako puntuazio handienak zehaztuko du hurrenkera hori. Era berean, zehazteko zer hurrenkera egonen den hautaproba guztiak gainditu gabe ere hautapen prozesuko probaren bat gainditu duten izangaien zerrendan, kontuan hartuko da gainditutako probetan lortutako puntuazioen baturatik ateratzen den puntuazio handiena.

Berdinketarik dagoenean nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan, 7. oinarrian proben puntuazioari eta zozketari buruz aipatzen direnak, hain zuzen. Goian aipatutako zozketa egin ez bada, hautapen prozesuaren momentu horretan eginen da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

12.3. Izangaiei lanerako deitu eta, bidezkoa denean, haiek kontratatzerakoan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

12.4. Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten ziurtagiriak, kontratua formalizatzen denean ekarri ere, kopiak aurkeztuta.

Exijitutako baldintzak bete beharko dira sarrera prozedurarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.

12.5. Eskatzen diren agiriak aurkezten ez dituzten izangaiek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galduko dituzte sarrera-deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak, galarazi gabe parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela; izan ere, horiek oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.

Zerrenda horretan sartzeko, oposizioaren lehenengo proba gainditu beharko da.

13.–Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:

Udala da datuen tratamenduaren arduraduna, enplegu deialdiak kudeatzeko helburuz eta botere publikoak baliatuz erabiliko diren datu pertsonalei dagokienez.

–Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, hizpide duena Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, eta interesdunak eskabidea aurkeztean emaniko adostasuna.

–Datuak gordeko diren denbora: datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran gordeko dira, eta biltegiraturik edukiko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).

–Datuen hartzaileak: datuak organo judizialei nahiz ordezkari sindikalei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legeria betez, eta Udalaren web-orrian eta iragarki-tauletan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.

–Eskubideak: izangaiek badute datuetara irispidea izateko eskubidea, datu horiek zuzentzeko eskubidea, zuzenak ez badira, eta datuak ezerezteko eskubidea, bai eta beste eskubide batzuk ere. Horretarako, jo beharko dute Noain Elortzibarko Udalaren Erregistro Orokorrera (udal bulegoak edo egoitza elektronikoa).

Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril), edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.

14.–Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Alkatetzari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

–Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

–Epaimahaiak ematen dituen egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1. gaia.–Finantza zuzenbidea: kontzeptua eta edukia. Ogasun Publikoa Espainiako Konstituzioan. Aurrekontu zuzenbidea: kontzeptua eta edukia. Aurrekontuei buruzko Lege Orokorra.

2. gaia.–Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legea: alderdi orokorrak. Nafarroako Ogasun Publikoaren araubidea: eskubideak eta betebeharrak. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak: edukia eta onespena.

3. gaia.–Zerga-zuzenbidea: kontzeptua eta edukia. Iturriak. Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra: printzipio orokorrak.

4. gaia.–Tributuak: kontzeptua, xedeak eta motak. Harreman juridiko-tributarioa. Zerga-egitatea. Zergapetua ez egotea eta salbuespena. Sortzapena. Preskripzioa. Tributu-arauaren aplikazioa. Interpretazioa, kalifikazioa eta integrazioa. Analogia zerga-zuzenbidean. Simulazioa.

5. gaia.–Zerga-betebeharrak: zerga-betebehar nagusia, konturako ordainketak egitearen zerga-betebeharra, partikularren arteko zerga-betebeharrak, zerga-betebehar osagarriak, zerga-betebehar formalak eta zerga-betebeharrak elkarren laguntzaren esparruan. Zergapekoen eskubideak. Gizarte-lankidetza tributuen kudeaketan. Tributu gaietan eragina duten datuen isilpekotasuna.

6. gaia.–Zergapekoak. Subjektu pasiboak. Zergaduna eta zergadunaren ordezkoa. Oinordekoak. Erantzule solidario eta subsidiarioak. Beste zergapeko batzuk. Tributu ordenan jarduteko ahalmena. Ordezkaritza. Egoitza fiskala. Zentsuaren kudeaketa. Fakturatzeko betebeharra.

7. gaia.–Zerga-betebehar nagusiaren eta konturako ordainketak egiteko betebeharraren kuantifikazio elementuak. Zerga-oinarria: kontzeptua eta zehaztapen edo zenbatespen araubideak. Likidazio oinarria. Balioak egiaztatzea. Karga-tasa. Zerga-kuota. Zerga-zorra.

8. gaia.–Tributuen kudeaketa Nafarroan (I). Kontzeptua eta ezaugarriak. Zergapekoari informazioa eta laguntza ematea. Tributu kontsulta. Identifikazio fiskaleko zenbakia. Froga, jakinarazpenak, ebazteko betebeharra eta ebazteko epea.

9. gaia.–Tributuen kudeaketa Nafarroan (II). Nafarroako zergak kudeatzeko jarduketak eta prozedurak. Abiaraztea. Aitorpenak. Autolikidazioak. Egiaztatze laburtuko jarduketak. Tributuen likidazioak. Entzute tramitea eta alegazioak. Sarrera bidegabeen itzulketa. Autolikidazioen zuzenketa eta tributu jasanarazpena duten egintzak eta atxikipenak eta konturako sarrerak aurkaratzea.

10. gaia.–Tributuen bilketa Nafarroan (I): Jarduketak eta prozedurak. Diru-bilketako organoak. Zorren azkentzea: ordainketa eta azkentzeko beste modu batzuk. Ordaintzera behartuta daudenak. Tributu zorraren bermeak. Geroratzeak eta ordainketa zatikatuak.

11. gaia.–Tributuen bilketa Nafarroan (II): tributuak biltzeko prozedura premiamendu aldian. Premiamendu prozedura. Prozeduraren izaera. Faseak: hasiera, ondasunen eta eskubideen enbargoa, besterentzea eta prozeduraren bukaera. Hirugarrengotza. Erantzuleen eta oinordekoen kontrako prozedurak.

12. gaia.–Tributuen ikuskapena Nafarroan. Organoak. Eginkizunak. Ahalmenak. Betebeharrak. Agiriak aztertzea. Jarduketa motak. Tributuen gaietan eragina duen informazioa eskuratzeko jarduketak. Argibide eta aholkuak emateko jarduketak.

13. gaia.–Tributuak ikuskatzeko prozedura Nafarroan. Egiaztatzeko eta ikertzeko jarduketak. Prozeduraren hasiera eta garapena. Ikuskapen jarduketen epea, tokia eta ordutegia. Ikuskapen prozedurako kautelazko neurrien ezaugarriak eta motak. Prozeduraren bukaera. Ikuskapen jarduketen agiriak.

14. gaia.–Arau-hausteak eta zehapenak Nafarroako Zerga Zuzenbidean: araubide orokorra. Tributu arloko arau-hauste arinak eta astunak. Zerga-arloko arau-hauste arinengatiko zehapenak. Zehapen motak. Zehapenak ezartzeko eskumena duten organoak eta zehapen prozedura. Zehapenen mailaketa. Erantzukizuna azkentzea.

15. gaia.–Ogasun Publikoaren kontrako delituak. Ikuskapen prozedura Nafarroan eta Ogasun Publikoaren kontrako delituak. Ogasun Publikoaren kontrako delituei loturiko likidazioak. Nafarroako tributu arloari eragiten dioten Estatuko laguntzak berreskuratzea.

16. gaia.–Tributu arloko egintzen berrikuspena administrazio bidean, Nafarroan: Arau komunak. Berrikuspeneko prozedura bereziak. Berraztertzeko errekurtsoa. Erreklamazio ekonomiko-administratiboak. Aparteko berrikuspen errekurtsoa.

17. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Hitzaurrea. Atarikoa. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak.

18. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: udal zergak.

19. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: aurrekontua eta gastu publikoa. Xedapenak.

20. gaia.–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, aurrekontuen eta gastu publikoaren arloan: Aplikazio-eremua. Aurrekontuen espedienteen edukia, printzipioak eta aurrekontuetako kontzeptuak.

21. gaia.–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, aurrekontuen eta gastu publikoaren arloan: aurrekontu orokorraren onespena. Gastuen aurrekontuko kredituak.

22. gaia.–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, aurrekontuen eta gastu publikoaren arloan: gastuen aurrekontuaren exekuzioa. Aurrekontuen likidazioa.

23. gaia.–Pertsonaren kontzeptua. Pertsona motak. Pertsona fisikoak: jaiotza eta iraungipena. Pertsona juridikoak: kontzeptua, izaera eta motak. Pertsona juridikoen eraketa eta iraungipena. Gaitasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna. Nafarroako Foru Zuzenbide Zibila: pertsona juridikoak eta norbanakoen gaitasuna. Ordezkaritza. Espainiako nazionalitatea eskuratu eta galtzea. Nafarroako foru zuzenbide zibila: Nafarroako forudunaren izaera zibila.

24. gaia.–Eskubide errealak: kontzeptua eta motak. Eskubide errealen eta kreditu-eskubideen arteko diferentziak. Jabetza. Jabetza eskuratu eta galtzeko moduak. Jabetza Erregistroa. Hipotekei buruzko printzipioak.

25. gaia.–Edukitza. Gozamena. Zortasuna. Ondasun-erkidegoa. Arau bereziak Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilean: gauzen edukitzaren eta jabetzaren printzipio orokorrak, gozamena, zortasunak, ondasun eta eskubideen erkidegoak.

26. gaia.–Berme-eskubide errealak: kontzeptua eta sailkapena. Hipoteka. Bahia. Higigarrien hipoteka eta eskualdaketarik gabeko bahitura. Antikresia. Berme errealak Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilean.

27. gaia.–Betebeharrak: kontzeptua eta motak. Betebeharren iturriak. Betebeharren froga. Kredituen pilaketa eta hurrenkera. Betebeharrak azkentzea. Denboraren eragina harreman juridikoetan. Betebeharrak oro har Nafarroako foru zuzenbide zibilean.

28. gaia.–Kontratua: kontzeptua eta motak. Kontratuen osagaiak. Kontratuak sortzea, burutzea eta gauzatzea. Kontratuen eraginkortasunik eza. Kontratuen interpretazioa. Kontratuen forma.

29. gaia.–Salerosketa: kontzeptua eta elementuak. Salerosketaren edukia. Errentamendu-kontratua: kontzeptua eta motak. Hiri finken errentamendua. Landa finken errentamendua. Salerosketa eta errentamendua Nafarroako foru zuzenbide zibilean.

30. gaia.–Dohaintza: kontzeptua eta motak. Dohaintzaren osagaiak. Dohaintzaren ondorioak. Dohaintzak errebokatzea eta murriztea. Inter vivos dohaintza Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilean.

31. gaia.–Mortis causa oinordetza: kontzeptua eta motak. Jaraunspena: kontzeptua eta jaraunspena zein egoeratan egon daitekeen. Jaraunspena onartzea. Jaraunslea eta legatu hartzailea. Gehiagotzeko eskubidea. Testamentu bidezko oinordetza: kontzeptua eta testamentu motak. Nahitaezko oinordetza. Testamenturik gabeko oinordetza.

32. gaia.–Oinordetza Nafarroako foru zuzenbide zibilean: oinarrizko printzipioak. Mortis causa dohaintzak. Oinordetza itunak edo kontratuak. Testamentua eta haren formak. Xedatzeko askatasunaren mugak. Fiduziario-komisarioak. Konfiantzazko jaraunsleak. Legezko oinordetza. Jaraunspena eta beste liberalitate batzuk onartzea eta ukatzea.

33. gaia.–Merkataritzako kontabilitatea. Kontabilitate formala: nahitaezko liburuak. Liburuek bete beharrekoak. Frogatzeko eraginkortasuna. Liburuak erakutsi eta haien berri ematea. Kontabilitate materiala: Urteko kontuak. Egiaztatzea, auditoretza eta kontu gordailua.

34. gaia.–Merkataritza enpresa. Banakako enpresaburua: gaitasuna eta debekuak. Proba, enpresaburuaren izaera eskuratzea eta galtzea. Ezkondutako pertsonak merkataritzan aritzea. Atzerriko enpresaburura. Merkataritzako Erregistroa.

35. gaia.–Merkataritza sozietateak: kontzeptua eta sailkapena. Merkataritza sozietateak eratzeko baldintzak. Sozietate irregularra. Sozietateen nazionalitatea. Sozietate kolektiboak eta komanditarioak. Erantzukizun mugatuko sozietatea: haren araubide juridikoari buruzko alderdi nagusiak.

36. gaia.–Sozietate anonimoa: kontzeptua eta ezaugarriak. Fundazioa. Eskritura soziala eta estatutuak. Akzioak eta obligazioak. Sozietate anonimoaren organoak.

37. gaia.–Merkataritza sozietateak desegitea. Likidazioa eta banaketa. Merkataritza-sozietateen eraldaketa, bat-egitea eta bereizketa.

38. gaia.–Konkurtsoa: aurrekontu subjektiboa eta objektiboa. Konkurtso deklarazioaren autoa. Ondorioak hartzekodunengan, kredituetan eta kontratuetan. Masa aktiboa, masa pasiboa eta masaren kontrako kredituak zenbatestea. Hitzarmena: edukia eta ondorioak. Likidazio fasea irekitzearen ondorioak. Konkurtsoa amaitzeko arrazoiak.

39. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: ezaugarriak eta egitura. Koroa. Gorte Nagusiak. Gobernua. Botere judiziala. Konstituzio Auzitegia. Oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak.

40. gaia.–Estatuaren lurralde antolaketa Konstituzioan. Espainiako 1978ko Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarria. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.

41. gaia.–Administrazio zuzenbidearen iturburuak. Konstituzioa. Legea. Lege maila duten Gobernuaren xedapenak: lege dekretuak eta legegintzako dekretuak. Erregelamendua: kontzeptua, ezaugarriak eta motak. Erregelamenduen mugak. Legez kontrako erregelamenduak.

42. gaia.–Administrazio publikoaren kontzeptua. Estatuko antolaketa administratibo zentrala eta periferikoa. Administrazio organoen sorrera eta eskumenak. Entitate publikoen motak. Zerbitzu publikoak kudeatzeko modua. Legezkotasunaren printzipioa. Administrazioaren autotutoretza. Administrazio elektronikoa.

43. gaia.–Administrazio egintza. Kontzeptua eta ezaugarriak. Administrazio egintzen sailkapenak. Administrazio egintzaren elementuak: subjektua, objektua, helburua eta forma. Administrazio egintzen arrazoibidea. Isiltasun administratiboa.

44. gaia.–Administrazio egintzen eraginkortasuna. Jakinarazpena eta argitalpena. Administrazio egintzen betearazpena. Administrazio egintzen baliotasuna eta baliogabetasuna. Administrazio egintzen ofiziozko berrikuspena.

45. gaia.–Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea: kontratazio publikoaren printzipioak. Aplikazio-eremua. Adjudikazio botereak. Kontratistak: ahalmena eta kaudimena. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. Adjudikazio prozedurak. Kontratuak esleitzea. Exekuzio printzipioak. Kontratu publikoen baliogabetasuna.

46. gaia.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ondare-erantzukizuna: araubide indarduna. Kalte-ordaina bidezkoa izan dadin bete beharreko baldintzak. Agintarien eta funtzionarioen erantzukizuna. Erreklamazio epeak eta prozedura.

47. gaia.–Administrazio prozedura. Interesdunak. Herritarren eskubideak administrazio prozeduran. Administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzeko eskubidea eta betebeharra. Administrazio errekurtsoak: kontzeptua eta motak.

48. gaia.–Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa: izaera, hedadura eta mugak. Administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren organoak. Alderdiak, administrazioarekiko auzien prozesuan: ahalmena, legitimazioa eta defentsa. Administrazioarekiko auzien prozesuko alderdi nagusiak. Epaia. Epaien kontrako errekurtsoak.

49. gaia.–7/1985 Foru Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. Hitzaurrea. Xedapen orokorrak. Udalerria. Probintzia. Beste toki-erakunde batzuk. Toki-erakundeei buruzko xedapen orokorrak. Ondasunak, jarduera eta zerbitzuak, eta kontratazioa.

50. gaia.–7/1985 Foru Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. Toki-erakundeen zerbitzurako langileak. Toki ogasunak. Toki administrazioaren arloan, administrazio publikoen arteko lankidetzarako erakundeak.

51. gaia.–7/1985 Foru Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. Biztanleria handiko udalerriak antolatzeko araubidea. Zenbait arlotako arau-hauste eta zehapenen tipifikazioa toki-erakundeetan. Xedapenak.

52. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: Hitzaurrea. Xedapen orokorrak. Toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa.

53. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: administrazioen arteko harremanak. Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea.

54. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: Toki-erakundeen ondasunak. Jarduerak, zerbitzuak eta obrak.

55. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: Kontratazioa. Nafarroako toki-erakundeen zerbitzuko langileak.

56. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: Toki ogasunak. Prozedura eta araubide juridikoa. Nafarroako toki-erakundeen jarduketen inpugnazioa eta kontrola. Eskualdeak. Xedapenak.

57. gaia.–1463/2007 Errege Dekretua, Aurrekontu egonkortasunari buruzko legea garatzeko araudia onesten duena, toki-erakundeei aplikatzeko. Toki-erakundeei aplika dakiekeen aurrekontu egonkortasunaren helburua instrumentatzea, zehaztea eta betetzea.

58. gaia.–2/2012 Lege Organikoa, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzkoa. Aplikazio-eremua. Printzipio orokorrak. Aurrekontu-egonkortasuna eta finantza-jasangarritasuna.

59. gaia.–2/2012 Lege Organikoa, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzkoa. Prebentzio, zuzenketa eta zigor neurriak. Gardentasuna. Aurrekontuen kudeaketa. Xedapenak.

60. gaia.–Ekonomia- eta finantza-planak. Kausak. Diagnostikoa eta aurreikuspena. Neurriak. Ondorioak.

61. gaia.–Defizita kontabilitate nazionalean, toki-erakundeetara egokituta. Toki-korporazioak izeneko azpisektorea sailkatzeko irizpideak. Doikuntzak, finantzarioa ez den aurrekontu-saldoaren eta kontabilitate nazionaleko defizitaren edo superabitaren artean.

62. gaia.–Defizita kontabilitate nazionalean, toki-erakundeetara egokituta. Enpresaren Kontabilitate Plan Orokorraren edo haren egokitzapenetakoren baten mende dauden unitateen defizita zehaztea.

63. gaia.–Toki-erakundeen gastu-araua. Toki-korporazioetarako gastu-araua zehazteko irizpideak, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiaren arabera.

64. gaia.–Administrazio publikoen hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epea. Finantzaketa-araubideetako baliabideak kalkulatzeko metodologia eta horiek atxikitzeko baldintzak eta prozedura; biak ere Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan.

65. gaia.–HAP/2015/2012 Agindua, Informazioa emateko betebeharrei buruzkoa, toki-erakundeei dagokienean. Xedapen orokorrak. Betebeharreko subjektuak eta prozedura. Aldizkako betebeharrak eta aldizkakoak ez direnak. Informazioa emateko betebeharrak, toki-korporazioen esparruan. Ez-betetzeen publikotasuna eta ondorioak.

66. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua. Langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Administrazio egoerak. Funtzionarioen eskubideak, betebeharrak eta bateraezintasunak. Ordainsariak. Diziplina araubidea.

II. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

Deialdian parte hartzeko eskabide eredua (PDFa).

III. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA

Lehiatzaileek alegatutako eta frogatutako merezimenduak baloratuko ditu kalifikazio-epaimahaiak lehiaketaldian, izangaien esperientzian oinarritutako baremo honi jarraikiz:

1. Administrazio publikoetan deialdi honetan eskatutako titulazioren bat eskatzen zaien lanpostuetan egindako zerbitzu-urte bakoitzeko, non aritu diren premiamendu-bidean zergak ikuskatzeko edo zerga-bilketako eginkizunetan edo kontu-hartzailetzako eginkizunetan: 2,5 puntu urteko.

2. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

3. Aldi berean egindako zerbitzuak ez dira bi aldiz baloratuko.

4. Zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egindako zerbitzuak, eta "jardunean" administrazio egoeraren barruko legezko edozein kasutan egindakoak, konputatuko dira lehiakideak egoera horietan hastean zeukan lanpostuan egindako zerbitzuak balira bezala.

Iragarkiaren kodea: L2404891