73. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

LERIN

Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez bete dadin administrari laguntzaile izateko lanpostu bat

Leringo Udaleko alkateak, 2024ko martxoaren 21eko 81 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zuen administrari laguntzailearen lanpostu bat betetzeko oposizio-lehiaketa bidez.

Hona hemen deialdia arautuko duten,

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da administrari laguntzailearen lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea Leringo Udalaren zerbitzura jarduteko.

Era berean, eta 9. oinarrian ezarritakoarekin bat, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea administrari laguntzailearen lanpostua aldi baterako betetzeko, probak gainditu arren lanpostu hutsik lortu ez duten izangaiek osatua.

1.2. Oposizio-lehiaketa honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: indarreko Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia, eta ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua (horren bidez onetsi zen Langileak Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua).

1.3. Izendapenak Leringo Udaleko nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko du izendatua, eta indarra duten xedapenetan ezarrita dauden eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu lanpostuaz jabetzen den egunetik aurrera. Orobat, alta emanen zaio Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.

1.4. Lanpostua D mailakoa da eta haren ordainsaria da Nafarroako administrazio publikoetako langileei maila horretan dagokiena, bai eta plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere.

1.5. Urteko lanaldia izanen da Udalaren bulegoetako gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.

1.6. Bere lanbide mailako eta kategoriako eginkizunak beteko ditu, besteak beste, jendea hartzea, ordenagailuak erabiltzea, testu tratamendua, kudeaketa programak eta, oro har, administrazio-langileek berezkoak dituzten eginkizunen barnean agintzen zaizkion lan guztiak, exekuzio zereginak barne.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Prozeduran onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa. Parte hartzen ahal dute, orobat, Espainiako nazionalitatea dutenen ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatu batzuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, gutxienez ere edukitzea eskola graduatuaren edo lehen mailako lanbide heziketaren titulua edo ofizialki horien baliokidea den beste titulu bat, edo halako tituluak eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, aipatu egunean eduki beharko da homologazioa ziurtatzen duen agiri ofiziala edo, hala behar denean, baliokidetzaren ziurtagiri ofiziala.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea, ez eta diziplinazko kaleratze bidez despeditua ere.

Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek aurkeztu beharko dute zinpeko aitorpena edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik galarazten dienik, kasua bada, funtzio publikoan sartzea.

Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio, langileen zirkulazio askea aplikatzen den eremuko estatu batekoen kasuan, itunaren frogagiria aurkeztu beharko da.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak, bai eta hautapen prozesuak iraun bitartean ere, izendapena egiten den arte. Gerora horietakoren bat ez betetzea nahikoa arrazoi izanen da deirik ez egiteko, harik eta arrazoi hori desagertu arte.

2.2. Lanpostua eskuratzen duten izangaiek betebehar horiek frogatu beharko dituzte deialdi honetako 7. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dituzte, eta mantendu beharko dituzte hautapen-prozesua bitartean, izendapena egin arte.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak 30 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera,Leringo Udalaren Erregistro Orokorrean, bai aurrez aurre (Udaletxeko plaza, 1 jendaurreko ordutegian, 09:00etatik 14:00etara) bai egoitza elektronikoaren bidez edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein bide erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu aurretik, eta izangaiak posta elektronikoz jakinarazi beharko dio Udalari, eskabideak aurkezteko epean, helbide honen bidez: ayuntamiento@lerin.es.

Eskabideak lotuko zaizkio deialdi honen I. eranskinean argitaratutako ereduari.

3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

–Eskatutako tituluaren kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

–Lehiaketaren baremoko irizpideen arabera baloratzen ahal diren merezimendu guztiak frogatzen dituen dokumentazioa.

3.3. Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, alkateak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko. Baztertutakoek erreklamazioak egiten ahal dituzte edo akatsak zuzendu, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun baliodunean.

Izangai bazterturik ez bada, besterik gabe onetsiko da onartuen zerrenda behin betiko gisa.

4.2. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta horiek ebatzita, alkateak ebazpena emanen du, onesteko onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta adierazteko oposizioaldiaren lehenbiziko ariketa egiteko eguna, ordua eta tokia. Orobat, aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu dagokion garaian, Leringo udalaren web-orrian eta iragarki-taulan.

4.3. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Aurkeztutako dokumentazioa edo Udalak bere esku daukana azterturik, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ikusiz gero, interesdunek galduko dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: María Esmeralda Masó Cabezón, Leringo Udaleko alkate-udalburua.

–Ordezkoa: Marcelino Azcoiti Alonso, Leringo Udaleko zinegotzia.

Lehen epaimahaikidea: Virginia Rodríguez González, Leringo Udaleko administrari-ofiziala.

–Ordezkoa: Cristina Arguiñáriz Lamberto, Larragako Udaleko administrari laguntzailea.

Bigarren epaimahaikidea: María Blanca Zaracaín Pérez, Alloko Udaleko ofizial administraria.

–Ordezkoa: Elisa Gato Puente, Larragako Udaleko administrari laguntzailea.

Hirugarren epaimahaikidea: Ana Cristina Laborda Cano, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.

–Ordezkoa: Eva Salinas Urra, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.

Epaimahaikide idazkaria: Cristina Munárriz Colomo, Leringo Udaleko idazkaria.

–Ordezkoa: Flor Laparte Rodríguez, Andosillako Udaleko idazkaria.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten beharrezkoa izanen da bertan egotea epaimahaiburu edo idazkari lanak egiten dituztenak eta, gutxienez, kideen erdiak.

5.3. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hala adierazi, baldin suertatzen badira abstenitzeko arrazoiak, jarraikiz Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeari.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eska dezake proba baterako edo guztietarako. Aholkulari horien laguntza norberaren espezialitate teknikora mugatuko da.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan gauzatuko da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero.

6.2. Lehiaketaldia.

Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, oposizioaldiaren aurretik izanen da, eta gehienez ere 10 puntu lortzen ahalko dira, baremo honen arabera:

6.2.1. Esperientzia (5 puntu gehienez).

1.–Udaletan emandako zerbitzuak, administrari-ofizialaren edo administrari laguntzailearen lanpostuan: 0,5 puntu urteko.

2.–Ofizial administrari edo administrari laguntzaile lanpostuan emandako zerbitzuak, beste toki-erakunde batzuetan eta tokiko sektore publikoa osatzen duten organismo edo erakundeetan: 0,25 puntu urteko.

3.–Bestelako administrazio publiko batzuetan emandako zerbitzuak, administrari-ofizialaren edo administrari laguntzailearen lanpostuan: 0,15 puntu urteko.

Aurreko apartatuetan aurreikusi merezimenduak frogatuko dira izangaiak zerbitzuak eman zituen administrazio publikoaren ziurtagirien bidez, eta horiek zenbatzeko kontuan hartuko dira egindako zerbitzuak, bai lan araubidean (finkoan edo aldi baterakoan), bai administrazio araubidean (bitarteko gisa edo jabetzapeko lanpostuan), baina aldi berean egin badira apartatu batean baino gehiagotan sailkaturiko zerbitzualdiak, puntuaziorik handiena eskuratzeko balio duten zerbitzuak baizik ez dira zenbatuko denbora tarte horretan.

Urte kopuruak ez badu egiten zenbaki oso bat, dagokion proportzioan kalkulatuko da puntuazioa.

Aurreko apartatuen batura ez da 5 puntu baino handiagoa izanen.

6.2.2. Prestakuntza ikastaroak (5 puntu gehienez ere).

Lanpostuari dagozkion gaiei buruzko prestakuntza, hobekuntza eta espezializazioko ikastaroak, erakunde eta zentro ofizialek emanak edo homologatuak, eta Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Hitzarmenen esparruan egindako etengabeko prestakuntzako ekintzak (prestakuntza informatikoa eta digitala barne); prestakuntza- edo ikastaro-ordu bakoitzeko: 0,025 puntu.

6.2.3. Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan egindako zerbitzuak eta ikastaroak.

6.2.4. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak izangaien zerrenda jarriko du ikusgai web-orrian eta Leringo Udalaren iragarki-taulan, bakoitzak lortutako puntuak zehaztuta.

Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun naturaleko epean, Leringo Udalaren erregistro orokorrean, bertara joanez bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00era, edo Leringo Udalaren egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa erabiliz.

6.3. Oposizioaldia.

Oposizioaldiak bi proba izanen ditu, bi egun bereizitan eginen direnak. Behar bezala iragarriko dira, eta aurreikusten da 2024ko maiatzetik aurrera hastea.

6.3.1. Lehen proba: test motako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, deialdi honen II. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Hiru aukera eskainiko dira galdera bakoitzari erantzuteko, baina bakarra izanen da zuzena. Zuzen erantzundako galdera bakoitzak 1 puntu balioko du, eta erantzun oker bakoitzeko 0,33 puntu kenduko dira.

Ariketan 50 puntu lor daitezke gehienez, eta bazterturik geldituko dira eskatzen den gehieneko puntuazioaren erdia, gutxienez, eskuratzen ez duten izangaiak.

6.3.2. Bigarren proba: praktikoa. Edo administrazio agiri ofizial bat edo batzuk prestatu beharko dira, oposiziogileei emaniko datuak baliatuz, zeinak loturik egonen baitira bete beharreko lanpostuari dagozkion zerbitzuekin; edo bestela, kasu praktiko bat edo batzuk bideratu beharko dira, zeinak loturik egonen baitira bete beharreko lanarekin; edo proba izanen da bi aukera horien konbinazioa, epaimahaiak erabakiko baitu. Betiere, deialdiaren II. eranskineko gaiei buruzkoa izanen da.

Kasu praktiko bakoitzaren planteamendua idatziz edo ahoz edo ordenagailuz egiten ahalko du epaimahaiak. Era berean, agiria eskuz edo ordenagailuz egitea eska dezake epaimahaiak.

Proba honetan baloratuko dira alderdi gramatikalak, agiriaren aurkezpena, eta epaimahaiak emaniko datuak ongi jaso izana.

Bigarren proban gehienez 40 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko 20 puntu erdietsi behar dira gutxienez.

6.3.3. Probak egiteko ez da inolako testurik kontsultatzen ahalko, ez eta hiztegirik edo antzeko beste materialik ere. Mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza soilik erabiltzen ahalko da.

Kalifikazio epaimahaiak ezarriko du bi proba horien gehieneko iraupena, hasi baino lehen.

6.3.4. Plika itxien sistema erabiliko da. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu kalifikazioen zerrenda eta plikak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua, Leringo Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun naturaleko epean, Udalaren erregistro orokorrean, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00ak arte, edo egoitza elektronikoko erregistro elektronikoan.

6.3.5. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala eraman beharko dute edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

7.1. Oposizioaldia eta lehiaketaldia buruturik, eta bi fase horietako bakoitzean eskuraturiko puntuazioak baturik, epaimahaiak web-orrian eta Leringo Udaleko iragarki-taulan ikusgai jarriko du prozedura gainditu dutenen izangaien zerrenda, oposizio-lehiaketan eskuratu dituzten kalifikazioak adierazirik eta puntuazio-ordenaren arabera. Horrekin batera, 9. oinarriko kontrataziorako izangai zerrenda ere emanen du, administrari laguntzailearen lanpostua aldi baterako betetzekoa.

Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, kalifikazio epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik lehen proba teorikoan zeinek eskuratu duen puntuaziorik handiena. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak badirau, kalifikazio-epaimahaiak ebatziko du, berariazko zozketa bakar baten bidez.

7.2. Hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera, alkate udalburuari igorriko zaio, prozedura gainditu duten izangaien zerrenda, puntuazio-ordenan, barne dela 9. oinarriko kontrataziorako izangai zerrenda, hau da, administrari laguntzailearen lanpostua aldi baterako betetzekoa, onets dezan eta izendapen-proposamena egin dezan, puntuaziorik handiena eskuratu duen izangaiaren alde. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7.3. Proposaturiko izangaiak honako agiri hauek ekarri beharko ditu, izendapen proposamena argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean:

a) Osasun ziurtagiri ofiziala, frogatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik lanpostuko eginkizunak betetzea.

b) Zinpeko deklarazioa, erakusten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dutela baztertu inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

c) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

7.4. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten aipatutako epean, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, ez da izendatuko, eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna.

7.5. Aurreko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 apartatuan aipatzen den zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aurreko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautapen prozesua bukatutakoan, eta prozedura gainditu eta puntuaziorik handiena eskuratu duen izangaiak 7.3 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, alkateak toki-erakundeko funtzionario izendatuko du, administrari laguntzailearen lanpostuan jardun dezan.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Izendapena jakinarazi eta hilabeteko epean jabetu beharko du lanpostuaz izendatutako izangaiak. Epe horretan lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, ezinbesteko kasuetan izan ezik, Leringo Udaleko funtzionario bihurtzeko eskubide guztiak galduko ditu, eta aurreko oinarrian zehaztu bezala jokatuko da.

9.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.

9.1. Hautapen prozesuan parte hartu eta lanposturik lortu ez duten izangaiei Leringo Udalean gertatzen diren beharren arabera eginen zaie dei, deialdi honetan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraikiz.

Horretarako, aldi baterako kontrataziorako bi izangai zerrenda eginen dira:

1) Oposizio-lehiaketa gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda, guztira eskuraturiko puntuazioaren ordenan.

2) Oposizio-lehiaketa ez gainditu arren, oposizioaldiko lehen proba gainditu duten izangaien zerrenda, guztira eskuraturiko puntuazioaren ordenan. Berdinketarik gertatuz gero, zozketa bidez ebatziko da, horretarako deitutako jendaurreko ekitaldian. Zerrenda horrek aurrekoaren ordezko gisa jardungo du, deien ondorioetarako.

9.2. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da zer dagoen ezarrita desgaitasuna dutenek enplegu publikoa eskuratzeaz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan, zeina onetsi baitzen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez. Leringo Udalari dagokio egiaztatzea bete beharreko zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatzen duten agiriak.

9.3. Lokalizatuak izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), bai eta helbide elektroniko bat ere. Informazio hori une oro eguneratua eduki behar dute.

9.4. Behin betiko zerrenda onetsi eta argitaratu ondoren, puntuazio ordenari zorrotz jarraikiz dei eginen zaie izangaiei. Udaleko Idazkaritzak kudeatuko du zerrenda, eta horretan lotuko zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoari, zeinaren bidez onetsi baitziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak.

Hautatutako izangaiek, beste epe bat jarri ezean, kontratua sinatu beharko dute deia jaso eta 5 eguneko epean, eta lan kontratua prestatzeko behar diren agiriak aurkeztu beharko dituzte (NANa, langabeziako txartela, Gizarte Segurantzako txartela); horrekin batera, zinpeko deklarazioa, horren bidez adierazteko ez direla baztertuak izan administrazio publiko bateko inolako kargu edo lanpostutatik, eta ez daudela eginkizun publikoetan aritzeko desgaituta.

Eskainitako lanpostu batean jarduteari uko egiten diotenek edo eskatutako agiriak ezarritako epean aurkezten ez dituztenek zerrendetan egoteko eskubidea galduko dute, bidezko arrazoiak frogatzen direnean izan ezik; azken horiek Alkatetzaren ebazpen baten bidez hartuko dira aintzat. Ondorio horietarako, bidezko arrazoitzat joko da, besteak beste, deia egiten den unean lanpostu batean aritzea.

Zerrendatik baztertuko dira, orobat, sinaturiko kontratuan agertzen den egunean lanpostuan hasten ez diren izangaiak, lanpostua beren borondatez bertan behera uzten dutenak edo probaldia gainditzen ez dutenak.

9.5. Honako hauek onartuko dira arrazoi justifikatu gisa eskainitako lanpostuan kontratatzeari uko egiteko, eta, beraz, ez dute izangaiaren lehentasun ordena aldatuko aldi baterako kontratazioko izangaien zerrendetan:

a) Aldi baterako ezintasuna.

b) Amatasun edo aitatasun baimena.

c) Hiru urtez azpiko haurra zaintzea, edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.

d) Zaindu behar izatea bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena adina, istripua edo eritasuna dela kausa.

e) Norberaren ezkontza edo parekatutako egoera, jarraikiz uztailaren 3ko 6/2000 Legeari (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Legea), baldin eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera eguna badago hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturaleko epearen barnean.

f) Kontratazioren bat indarrean izatea, izan administrazio-araubidekoa edo lan-araubidekoa.

g) Desgaitasunen bat behar bezala aitortua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren berariazko ezaugarriekin.

Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute –uko egin dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik– agiri bidez eta modu fede-emailean justifikatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean segituko dute.

Baldin epe barnean aurkezten ez bada kontratazio eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa, izangaia dagokion zerrendako azken tokira iraganen da.

Uko egiteko arrazoi justifikatua dagoenean, idatziz adierazi beharko dute berriz prest daudela lanean jarduteko, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

9.6. Izangaiak honako kasuetan geratuko dira deia ekarri duen zerrendatik kanpo:

a) Kontratazio eskaintza onartu eta gero, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoi batengatik.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu eta horren arrazoia baldin bada beste kontratu bat sinatu dela beste entitate publiko edo pribatu batekin. Agiri bidez eta modu fede-emailean frogatu beharko da hori, ukoaren formalizaziotik 7 egun naturaleko epean. Kasu horretan, izangaia dagokion zerrendako azken tokira iraganen da.

c) Lanpostua bertan behera uztea.

d) Probaldia ez gainditzea, kontratuan halakoa ezarri den kasuetan.

e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.

9.7. Deia jasotzen dutenek aurkeztu beharko dute deialdian titulazioari eta bestelakoei buruz eskatutako betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko dokumentazioa.

9.8. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak hautapen prozesutik baztertuko dira, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

10.–Errekurtsoak.

10.1. Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita, aurretiaz organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo, bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

10.2. Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Lerinen, 2024ko martxoaren 21ean.–Alkatea, María Esmeralda Masó Cabezón.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

Eskabidearen eredua

Izen-deiturak: ........................................................................................................................, adinez nagusia; NAN zenbakia: ............................................; jaioteguna: .....................................................; jaioterria: .......................................................................................... (....................................................); helbidea: ..........................................................................., zenbakia: ..........; herria: ..................................; posta-kodea: ..............................; telefonoa: ............................; jakinarazpenetarako helbide elektronikoa: .................................................................................................

AZALTZEN DUT:

Betetzen ditut honako honetan eskatutako baldintza guztiak: deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko administrari laguntzailearen funtzionario-araubideko lanpostu bat, Leringo Udalekoa.

Eskabide honekin batera, aurkezten ditu lehiaketaldian baloratzeko alegatzen ditudan merezimenduen frogagiriak, bai eta 3. oinarriko gainerako agiriak ere.

Horiek horrela,

Eskatzen dut onar nazatela honako honetan: deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat, funtzionarioen araubidekoa, Leringo Udalekoa.

.......................................................(e)n, 2024ko ........................................aren ...............(e)(a)n

II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

1. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua. Nafarroako toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa. I. kapitulua. Udalerriak. II. kapitulua. Beste toki-erakunde batzuk. III. kapitulua. Nafarroako toki-korporazioetako kideak. III. titulua. Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea. IV. titulua. Toki-erakundeen ondasunak; V. titulua. Jarduerak, zerbitzuak eta obrak; IX. titulua. Prozedura eta araubide juridikoa. Nafarroako toki-erakundeen jarduketak aurkaratzea eta kontrolatzea. Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).

2. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: I. titulua. Prozeduran interesdun direnak. II. titulua. Administrazio publikoen jarduera. III. titulua. Administrazio egintzak. IV. titulua. Administrazio prozedura erkideari buruzko xedapenak. V. titulua. Egintzak bide administratiboan berrikustea.

3. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: Atariko titulua: III. kapitulua. Zehatzeko ahalaren printzipioak. IV. kapitulua. Administrazio publikoen ondare-erantzukizuna. V. kapitulua. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.

4. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: I. titulua. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. II. titulua. Udal zergak. III. titulua. Aurrekontua eta gastu publikoa ( V. eta VI. Kapituluak kenduta).

5. gaia.–Biztanleen udal errolda: Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 15., 16. eta 17. artikuluak. 1690/1986 Errege Dekretua, uztailaren 11koa, zeinaren bidez onesten baita Toki Erakundeetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua. II. titulua. Biztanleria eta errolda.

6. gaia.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzkoa. Atariko titulua: 3. kapitulua: Katastroak. I. titulua: IV. kapitulua. Lur-ondasunen Erregistroko oinarrizko datuak aldatzeko prozedurak.

7. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, onesten duena Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina: II. titulua: III. kapitulua. Udalen hirigintzako plangintza. V. titulua: I. kapitulua, 1. atala, Hirigintzako lizentziak.

8. gaia.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituena. I. titulua: V. Kapitulua, Jarduera sailkaturako lizentzia behar duten instalazioak eta jarduerak.

9. gaia.–Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina (salbu II. tituluko XI. kapitulua eta V. eta VI. tituluak).

10. gaia.–5/2018 Foru Legea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa. I. titulua. Xedapen orokorrak.

11. gaia.–Sistema eragilea: funtsezko kontzeptuak. Windows 10. Mahaigaina eta bere elementuak; atazen administratzailea; Windows arakatzailea; kontrol-panela; gailuak eta inprimagailuak; hasierako menua; tresna-barra; laguntza eta euskarri teknikoa; sarean lan egitea; erabiltzaile kontuak.

12. gaia.–Testu-tratamenduko programak: oinarrizko kontzeptuak. Microsoft Word 2010: lan esparrua; idatzi eta editatzea; testu formatua; orrialdea diseinatu eta konposatzea; estiloak; txantiloiak; tresnak; taulak; artxiboak administratzea; korrespondentzia konbinatzea; eremuekin lan egitea; lan ingurunea pertsonalizatzea; inprimatzea.

13. gaia.–Kalkulu orriak: oinarrizko kontzeptuak. Microsoft Excel 2010: oinarrizko kontzeptuak; laneko liburuak; orriak; gelaxkak; gelaxkak eta komandoak hautatzea; datuak sartzea; formulak eta loturak sortzea; funtzioak erabiltzea; kalkulu-orri bat editatzea; formatuak; grafikoak; taula dinamikoak; inprimatzea.

Oharra: onartze dataren egunean indarrean den legediaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Iragarkiaren kodea: L2404827